2026-08-19
Blog Page 606

Hego Euskal Herrian enplegua bere horretan mantentzen da prekarietatean sakontzeari esker

Iazko azken hiruhilabetekoan zehar Hego Euskal Herrian emandako enpleguaren sorrera garbia hutsaren hurrena izan da. Hori ondorioztatzen da gutxienez gaur INEk argitara emandako Biztanleria Aktiboaren Inkestatik (BAI). Edozein kasutan, bilakaera oso ezberdina izan da lurraldeen arabera. Zehazki, Nafarroan 2.700 enplegu inguru suntsitu ziren urria eta azaroaren artean. Bien bitartean, EAEn 3.300 enplegu sortu dira aurreko hiruhilabetekoarekin alderatuta.

Zalantzarik gabe, lan-merkatua geldotzen ari da. Izan ere, urteari erreparatuta BAIk 2018ko azken hiruhilabetekoan baino 5.600 lanpostu gehiago zenbatu ditu Hego Euskal Herrian, honek suposatzen du aurreko urtean sortutako enpleguaren herena baino gutxiago eta urteko kopururik okerrena suspertzea hasi zenetik.

Laugarren hiruhilabeteko emaitzak are negatiboagoak dira enpleguaren kalitatearen ikuspegitik aztertzen baditugu. Urteko azken hiru hilabeteetan lanaldi partzialeko 19.200 lanpostu sortu ziren, baina era berean lanaldi osoko 18.600 lanpostu suntsitu ziren.

Enpleguaren egonkortasunari dagokionez, 9.700ean egin zuen gora aldi baterako kontratua zuen soldatapekoen kopuruak, baina mugagabeko 10.800 enplegu suntsitu ziren. Honek %24,6an kokatzen du aldi-baterakotasun tasa. Europar Batasunean estatu bakarra dago aldi-baterakotasun altuagoa duena, Espainiako estatua (%26,1).

Kontratazio prekarioa gehiegi erabiltzen da, orokortua dago eta justifikatu gabea, sektore pribatuan zein publikoan. Eta bere ondorioak argiak dira, laneko ezegonkortasuna eta soldata apalak, eta honek asko zailtzen du bizi-proiektu bat garatzea.

Hortaz, nabarmena da enpleguaren sorrera ez datorrela beti kalitatezko enpleguak lagunduta. Ikusten ari garen moduan, lan harremanak gero eta laburragoak dira eta laneko errotazioa inoizkorik altuena da. Gaur egun, iraupen zehatza duten aldi-baterako 10 kontratutatik ia 4k irauten dute astebete baino gutxiago.

Gainera, bada denbora aldi baterako kontratuak ondoren enplegu egonkorrago bat eskuratzeko bide bezala funtzionatzeari utzi zionetik. Europako Batzordearen arabera, Espainiako estatuan aldi-baterako enplegua duten langileen %10 baino pixkat gehiago pasatzen da mugagabeko enplegura urtebeteko epean. Aldi baterako enplegua mugagabe bihurtzeko trantsizio tasa apalena da Europar Batasunean, Maltakoaren ondoren soilik.

Horregatik guztiagatik, jendarte guztia orokorrean eta zehazki langileria gonbidatu nahi dugu ostegun honetarako deituta dagoen greba orokorrean parte hartzera. Borroka eguna izango da, prekarietatearen kontra eta pentsio duinen, kalitatezko enpleguaren eta bidezko soldaten alde.
 

 

 

Erandioko Udalaren aurka jarritako salaketa auzitegiek berretsi dute

Erandioko udal agintariek Brigadako zenbait lanpostu, beharrezkoak diren prozedurak bete barik nahierara eman dituztela salatu zuen LAB sindikatuak joan den ekainean. Orain argitaratu den epaia (2020/6, 2020-01-13koa) Brigadako izendapen batzuen harira etorri da. Uztailean berraztertze errekurtsoak aurkeztu genituen izendapenak bertan behera utzi eta prozedura behar bezala egiteko eskatuz. Udalaren ezezko erantzunaren aurrean, kontentziosora jo genuen eta orain epaia atera da. Orain, beraz, kontentziosoak oso-osorik onetsi du LAB sindikatuak Erandioko Udalaren kontra jarritako salaketa.

Errekurtsoa Udalean aurkeztu eta ezetsi egin ziguten, izendapena presazko kontu bat zela eta horrela egitea bidezkoa zela argudiatuz. EAJren eskuetan dagoen Erandioko udalak ahaztu egiten du administrazioan prozedura jakin batzuk bete behar direla lanpostuak betetzeko eta ez daudela ez enpresa pribatuan, ez euren txokoan.

Orain, Bilboko Kontentziosoko 5. Epaitegiak argi bezain gordin esan die Erandioko udal agintariei utzikeriaz jokatu dutela eta prebarikazioaren mugan dabiltzala, zentzu horretan LABek aurkeztutako errekurtsoari arrazoia emanez.

LAB sindikatuak gogor salatu nahi du EAJren jokabidea: lanpostuak hornitzeko bete beharreko printzipioak ez betetzea, lagunkeriaz jokatzea, langileak nahierara saritzean ala baztertzean oinarritutako jokabidea, hain zuzen ere.

Horrelako jokabidearen aurrean, Erandioko Udaleko LABeko atal sindikalak salatu egin nahi du Erandioko Udalean lagunkeriaz jokatu dutela eta hutsik dauden lanpostuak behar den moduan betetzeko eskatzen du.

Lanpostuak hornitzeko prozedurak berdintasun, merezimendu eta gaitasun printzipioei jarraituz egitea exijitzen dugu eta barne promozioa entxufismoa eta lagunkeria baztertuta egitea exijitzen dugu.
 

 

 

“Hemen badago herri bat, mugaz bi aldeetara, pentsio duinen alde borrokatzen ari dena”

"Pentsio duinak. Hemen erabaki" leloarekin, Irun eta Hendaiatik abiatu ditugun bi zutabeek Santiago zubian egin dute bat, Gipuzkoa eta Lapurdi arteko mugan. Hala, Espainia zein Frantziako gobernuek pentsioen aurka sustatutako politikak salatu eta euskal pentsio sistema publiko bat aldarrikatu dugu Euskal Herri osorako.

"Gaurko ekimenarekin irudikatu nahi izan dugu, mugen gainetik, hemen badagoela herri bat, hemen bagaudela langile batzuk euskal pentsio sistema publiko baten alde borrokatzen. Bi estatuen parte gara eta bi estatuetatik Europatik ezartzen dituzten politika neoliberalak inposatzen zaizkigu, hainbat lan erreforma ezarrita, guztiekin prekarizazioa areagotuz".

LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranbururen hitzak dira horiek, Gipuzkoa eta Lapurdi arteko Santiago zubian egindakoak. Hain zuzen ere, zubian bertan batu dira Irundik eta Hendaiatik abiatu ditugun bi zutabeak, "Pentsio duinak. Hemen erabaki" leloarekin.

Garbiñe Arabururen hitzetan, antzekotasunak daude Espainia eta Frantziako gobernuak pentsioen aurka eramaten ari diren politiketan, eta horixe salatu dugu bereziki gaurko mobilizazioan. "Honen aurrean, Ipar zein Hego Euskal Herrian borrokatzen ari gara, pentsio sistema propio bat aldarrikatzeko; gutxieneko pentsio bat bermatu nahi dugu, eros-ahalmena bermatuko duen pentsio igoera bat nahi dugu, jubilazio adina aurreratu nahi dugu… Azken finean, bestelako eredu bat eraiki nahi dugu", adierazi du.

Hala, Garbiñe Aranburuk urtarrilaren 30eko Greba Orokorrerako deia luzatu du, baita Ipar Euskal Herrian bihar izango den mobilizazio egun berriari babesa erakutsi ere. Greba Orokorrarekin langileen batasuna irudikatuko dugula nabarmendu du LABeko idazkari nagusiak, lan, pentsio eta bizitza duinen alde, Ipar zein Hego Euskal Herrian. "Hemen badago herri bat, mugaz bi aldeetara, pentsio duinen alde borrokatzen ari dena", azpimarratu du.
 

 

 

Eusko Jaurlaritzak bere kabuz eta inongo negoziazio prozesurik gabe ezarri nahi du erabat ez nahikoa den guraso bakarrentzako baimenaren luzapena

Ohikoa den bezala, Eusko Jaurlaritzaren komunikazio ataritik jakin dugu langile publikooi zuzenean eragingo digun neurri baten berri. Kasu honetan gurasotasun baimenaren inguruko luzapenaren berria izan da, guraso bakarrak direnen kasurako hain zuzen ere.

Gaur egun indarrean dagoen dekretua onartu zenean LABek hainbat proposamen eginzituen gurasotasun baimen hori modu eraginkor batean politika feministak aurrera eramateko baliagarria izan zezan. Gobernuak orduan ez zuen bat bera ere onartu eta propaganda instituzional hutsa egiteko erabili zuen neurri honen inguruan zebilen guztia. Aurkeztutako proposamen horien artean, gurasotasun baimena guraso bakarren kasuan bikoitza izatea eskatzen genuen, familia eredu guztiek eskubide berdinak izan ditzaten. LABek Mahai Orokorrean gai hau erdigunean jarri zuen baina gobernuak ez zeukan benetako negoziaziorik abiatzeko asmorik.

Gaurko iragarpena ikusita, gobernuak berdintasun gaiekin zerikusia daukaten neurriekin propaganda egten jarraitzen duela agerikoa da. Mahai Orokorrean gauden sindikatuekin ez du inolako negoziaziorik abiatu, zoritzarrez azkenaldian behin eta berriz egiten duen bezala.

Gainera, planteatzen duen 6 asteko luzapen horrekin ez da gure ustez familia ereduen artean egun dagoen diskriminazioarekin bukatuko. Erabat salagarriak dira neurria justifikatzeko erabiltzen dituen argudioak, berdintasun politikak zuzenean jaiotze tasarekin lotuz eta eskubideak mesede bezala erabiliz. Kontziliazio neurriak korresponsabilitatearen ikuspegitik pentsatuak izan behar dira eta zaintza lanak zerbitzu publikoetatik bermatu, bestela ez dira politika onargarriak.

Ez da kasualitatea ordea gaur gobernuak iragarpen hau egin behar izatea. Geroz eta presio gehiago dago mugimendu feministaren eskutik aldarrikatzen diren neurriak politika publikoetan eragina izan dezaten. Nola ez, Eusko Jaurlaritza oso urduri dago hurrengo ostegunerako urtarrilak 30 deituta dagoen Greba Orokorrak izan dezakeen arrakasta dela eta. Gaurko iragarpena ikusita, langileok grebarako hamaika arrazoi ditugula garbi dago, baita politika feminista eraginkorrak aldarrikatzeko ere.

Urtarrilaren 30ean denok grebara.
 

 

 

Artatzako kanpinean izandako lan istripuaren harira, lan heriotzen gorakada kezkagarria salatu nahi dugu

LAB sindikatuak bere elkartasuna eta babesa erakutsi nahi die Artatzan gaur hildako langilearen familiari eta gertukoei, eta Urederra Kanpineko bere lankideei. Urtea hasi zenetik, bederatzi langile hil dira jada Euskal Herrian. Iaz 15 lagunek galdu zuten bizia Nafarroan, horietako bi altueratik erorita.

Ia lan istripu guztiak saihestu daitezke, eta, altueran gertatzen direnean, guzti-guztiak ekidin daitezke oinarrizko segurtasun neurriak hartuz gero.

Hildako langileak 55 urte zituen eta mantenu lanak egiten ari zen Urederra Kanpinean, garabi kamioi batekin. Oraindik ezagutzen ez diren arrazoiengatik, lanean ari zen saskia hamar bat metroetatik erori da.

Atari irekian egiten diren lan hauek prekarietatea handiarekin egin ohi dira. Hori ez da berria, zoritxarrez. Presak, lan erritmoak, segurtasunik gabeko makineria eskasa, batzuetan zaharkitua… halako arrazoiek prekarietatea handitzen dute, eta, ondorioz, gertakari lazgarriak etortzen dira.

LAB sindikatuak berriro salatu nahi du ez nahikoak direla aplikatzen diren prebentzio politikak eta hauen gainean egiten den jarraipena. Zenbakiak mahai gainean daude; krisi garaitik gora egiten ari dira lan istripuak, etengabe.

Jakin badakigu langileen osasunak ez dituela kezkatzen patronala eta erakundeak, euren etekina besterik ez baitute kontutan hartzen, prekarietatearen aurrean beste alde batera begiratuz eta hainbeste istripu, elbarritasun eta pobrezia eragiten duen esplotazioa ukatuz.

Instituzioek ez dituzte enpresak presionatzen segurtasun planak gauzatu, zuzendu edo egoki aplikatu ditzaten. Ez dute zaintzen ere enpresa nagusia eta azpikontraten arteko prebentzio koordinazioa, eta, eginez gero, dirua biltzeko helburuarekin da.

LAB sindikatuak urteak eman ditu Lan Ikuskaritzako eskuduntzak Nafarrora pasa daitezen eskatzen eta Osasun Publikoko Nafarroako Institutuarentzat eskuduntza gehiago exijitzen, beti ere prebentzioa eta jarraipena ziurtatzeko eta, beharrezkoa denean, zigorrak jar ditzaten lan istripuen odolustearekin eta prekarietate fokoekin amaitzeko. Esan beharra dago prekarietate foko hauek ez direla bakarrik eraikuntza eta mantenu zerbitzuetan ematen, gainontzeko sektoreetan ere oso hedatua baitago prekarietatea, lan istripuen estatistiken gorakada iraingarria lekuko.

 

 

 

Hego eta Ipar Euskal Herriko borrokak batuko ditugu bihar Irungo Santiago Zubian, “Pentsio duinak hemen erabaki” leloarekin

Hego eta Ipar Euskal Herriko borrokak lotuz, mugaren alde bietan egiten ari den greba eta borrokak batuko ditu LAB sindikatuak Santiago zubian, bihar. Batez ere pentsio duinen aldeko borrokan jarriko dugu arreta, "Pentsio duinak hemen erabaki" leloarekin. Hala, giza katea egingo dugu, bi zutaberekin. Lehena, Irunen Gizarte Segurantzaren bulegotik abiatuko da eta bigarrena, Hendaian herriko etxearen aurretik. Biak 11:00etan abiatuko dira, eta 11:30ak aldera batuko dira.
 

 

 

Garbiñe Aranburu: “Ostegunekoa greba egun bat baino askoz gehiago da”

Urtarrilaren 30aren atarian gaude. Hain zuzen ere, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deitutako Greba Orokorra izango da ostegunean, eta LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk hitza hartu du Kartak berak Bilbon egindako agerraldian, grebaren azken zehaztapenen berri emateko. “Urtarrilaren 30ekoa indar erakustaldi oso garrantzitsu bat izango da, eta urtarrilaren 31tik aurrera borrokan jarraituko dugu lan, pentsio eta bizitza duinen alde, eraldaketa soziala eta aldaketa politikoa ekarriko dituen prozesu baten alde”, adierazi du.

“Lan, pentsio eta bizi duinak. Burujabetza aldaketa sozialerako” leloarekin, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak Greba Orokorrera deitu du ostegunerako. Deitzaileok agerraldia egin dugu Bilbon, grebaren bezperetan.

Garbiñe Aranbururen hitzetan, “Greba Orokorrera deitu genuen egunetik, lan askoko asteak izan dira, eta jakin badakigu osteguna mobilizazio egun oso garrantzitsua izango dela, herri honetako historian jasota geratuko den eguna. Greba Orokorra arrakasta izateko garrantzitsuena langileek grebara jotzeko arrazoiak ondo ulertu dituztela da. Ulertu dute orain beharrezko indarra dugula arrazoi horiek guztiak balioan jartzeko”.

LABeko idazkari nagusiaren hitzetan, "ostegunekoa greba egun bat baino askoz gehiago izango da. Hain zuzen ere, azken urtean baldintzak sortu ditugu grebarako jauzia emateko, mobilizazio sozial maila handi batekin. Greba Orokorrean borroka hauek guztiek bat egingo dute. Langile klasearen batasunaren isla izango da osteguneko Greba Orokorra".

Garbiñe Aranburuk berretsi du ez dela neurri edo eraso konkretu bati erantzuteko greba, ofentsibara jotzeko greba baizik: “Urtarrilaren 30a gure indarra ikustarazteko eguna izango da, bultzada hartzeko eta borrokan jarraitzeko eguna”.

LABeko idazkari nagusiaren esanetan, “indarra dugu greba egiteko arrazoiak balioan jartzeko, eta proposamenak baditugu. Gasteiz eta Iruñeko Gobernuei zuzendu gatzaizkiei, baita Confebask eta CEN patronalei. Hauek guztiak Elkarrizketa Sozialaren defendatzaile sutsuak dira, baina, hori bai, edukirik gabeko Elkarrizketa Sozial bat defendatzen dute; denbora pasatzeko Elkarrizketa Sozial bat; patronalaren politikak legitimatzeko Elkarrizketa Soziala, non sindikatu batzuek uko egiten dioten borrokari”.

Madrilen hori bera gertatu da. Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata igotzeko akordioa CEOEren garaipen bat izan da, “CCOO eta UGT sindikatuek argazkian egoteari eman baitiote lehentasuna, patrionalarekin sinatutako akordioari berari uko eginez. Lanbide Arteko Gutxieneko Soltada 2020. urtean 1.000 eurokoa izateari uko egin diote, guk proposatutako 1.200 eurotik urrun”.

Patronalei gure proposamenak helarazi dizkiegula azaldu du Garbiñe Aranburuk: gutxieneko soldata negoziatu ahal izateko, 35 orduko gehienezko lanaldia eta 20 orduko gutxienekoa gauzatzeko, azpikontratetan subrogazio eskubidea aldarrikatzeko eta soldata arrakalarekin bukatzeko. “Isiltasuna besterik ez dugu jaso haien aldetik”, deitoratu du.

Iñigo Urkullu lehendakariari dagokionez, Euskal Herriko gehiengo sindikal eta sozialarekin biltzeko asmorik ere ez duela izan salatu du: “Ez du gurekin bildu nahi patronalaren lehendakaria bihurtu delako. Lehendakari honek ez gaitu ordezkatzen, langileen aurka aritzen baita”.

Garbiñe Aranburuk adierazitakoaren arabera, “Greba Orokorraren aurka azaldu diren patronalari, erakundeei, alderdi politikoei eta sindikatuei esan nahi diegu, argi eta garbi, borrokak aurrera jarraitzen duela. Oso oker daude pentsatzen badute urtarrilaren 30ekoarekin dena amaitzen dela eta ekaitzaren ostean barealdia datorrela. Urtarrilaren 30ekoa indar erakustaldi oso garrantzitsu bat izango da, eta urtarrilaren 31tik aurrera borrokan jarraituko dugu lan, pentsio eta bizitza duinen alde, eraldaketa soziala eta aldaketa politikoa ekarriko dituen prozesu baten alde”.

LABeko idazkari nagusiaren hitzetan, “ilusio gehiagorekin, indar gehiagorekin, gogo gehiagorekin jarraituko dugu borroka sektorial hauei guztiei bultzada berri bat emateko eta indarrak batzen jarraituko dugu, langile klasearen batasunaren aldekoa baita gure apustua, instituzioek eta patronalak gure aldarriak aitor dezaten behartu arte”.

Ehundik gora mobilizazio
Agerraldian ostegunean izango diren mobilizazioen berri ere eman dugu. Eguerdian mobilizazio nagusiak izango dira hiriburu eta zenbait eskualdetan. Arratsaldean, berriz, herrietan egingo ditugu protestak. Hemen, zerrenda.

 

 

 

Eusko Jaurlaritzak milaka langile greba eskubiderik gabe utzi ditu

0

Eusko Jaurlaritzak urtarrilaren 30ean deitutako Greba Orokorreko gutxieneko zerbitzuak jakinarazi ditu. Jaurlaritzak grebaren arrakasta ezkutuan uzteko milaka langileri gehiegizko gutxieneko zerbitzuak ezarri dizkie, modu honetan berriz ere gehien sufritzen ari direnen aurka kokatu da.

Urtarrilaren 30erako deituta dagoen lan, pentsio eta bizitza duina aldarrikatzeko greba orokorra dela eta, bermatu beharreko zerbitzuei buruzko agindua jakinarazi du Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Gaietarako sailak. Agindu horrek langileon greba eskubidea guztiz urratzen du gehiegizko zerbitzuak ezarriz. Grebaren deitzaileok erabat arbuiatzen dugu dekretu hau eta agindua bertan behera uzteko exijitzen diogu Jaurlaritzari.

Eusko Jaurlaritzak argi utzi zuen publikoki langileen aldeko Greba Orokorrean parte hartuko ez zuela. Erosoago daude patronalarekin eta estatuko gobernuarekin lerrokatuta, gure herrian ditugun miseriazko pentsioak, lan prekarietatea eta pobreziaren aurrean ostrukarena egiten.

Publikoki esan zuten grebarekin bat ez zetozela, baina ez dute nahi izan ezta greba deitzera eraman gaituzten arrazoiei buruz Euskal Herriko gehiengo sindikalarekin biltzea. Oraingoan beste pauso bat eman dute. Eusko Jaurlaritzak ukatu egin nahi digu pentsiodunoi, langileoi, gazteoi edo emakumeoi, langile klaseari orohar, gure aldarrikapenak kalean defendatu ahal izatea eta, horregatik, greba ahuldu nahian gehiegizko gutxieneko zerbitzuak ezarri dituzte.

Bereziki lotsagarria iruditzen zaigu emakumeen greba eskubidearen aurka hartu duten jokabidea, gutxieneko zerbitzuak bereziki altuak dira zaintza esparruetan, osasun arloan edo hezkuntzan.

Milaka enpresetan asanbladak egiten ari dira eta milaka dira jada grebarekin bat egitea erabaki duten langileak, adibidez CAFen. Eusko Jaurlaritzak zerbitzu minimoen bitartez argazki hau ezkutuan mantendu nahi du, baina ez du lortuko. Gehiegikeriak gehiegikeria langileok gure indarra erakutsiko dugu beste eragile batzuekin batera lan, pentsio eta bizitza duin batzuen alde. Urtarrilaren 30ean bizitza erdigunean kokatzen duten politiken alde kaleak lepo beteko ditugu.
 

 

 

Bizkaiko kiroldegi eta kirol-zelaietako langileek akordioa babestu dute lan-zentroetan egindako bozketetan

0

LAB sindikatuak Bizkaiko Kiroldegi eta Kirol Zelaien Hitzarmenaren apustu irmoa egin du negoziazio prozesu osoan zehar. Horregatik mantendu da tinko borroka honetan. Langileok egindako borrokari esker, patronala mugitzea lortu zen eta horrek aurreko osteguneko mahai negoziatzailean proposamen hobe bat egitera eraman zuen. LABek, langileon tresna dela eta azken hitza langileoi dagokiela ulertuta, proposamena bozketara eramatea adostu zuen.

Bozketa hauek, ikaragarrizko jarraipenarekin, langileon iritzi nagusia jasotzeko balio izan dutenaren zalantzarik ez dugu. 562 langilek hartu dute parte eta %71,35ak egin du proposamenaren alde. Orain, berriro ere, sindikatuoi dagokigu langileon mandatuari segi eta saiakera berri bat egitea. Bestetik, patronalari ere erantzukizuna eskatzeko ordua dela uste dugu, azken ahalegina egin eta hitzarmenaren sinadura behingoz errazteko.

LAB sindikatua ez dago etsitzeko prest, ezta gutxiago ere. Honaino borrokak ekarri gaituen bezala, borrokak eramango gaituela helmugara ziur gaude. Horregatik, egoera honen aurrean, ahalegin berri bat egiteko deia luzatu nahi diegu alde guztiei.

Urtarrilaren 29an, negoziazio mahaia deituko dugu, bozketa hauek balioan jarri eta alde guztiak erantzukizunezko ariketa bat egin dezagun. Akordioa posiblea dela uste dugu, alderdikeriak utzi eta langileontzat onena denaren alde egiten badugu.

Guk hitzarmena lortu arte borrokan jarraituko dugu.