2026-09-28
HomeIrakaskuntzaGizarte ekimeneko ikastetxeakHilabeteko grebara deitu dugu EAEko Gizarte Ekimeneko Ikastetxeetan

Hilabeteko grebara deitu dugu EAEko Gizarte Ekimeneko Ikastetxeetan

LAB, ELA, STEILAS eta CCOO sindikatuok, langileen eskaerek erantzunik izan ezean, jarraikotasuna izan dezakeen hilabeteko grebara deitzen dugu datorren azaroak 7tik abenduak 5era bitarte. Patronal zein hezkuntza sailaren arduragabekeria eta inmobilismoak greba dinamika indartu beste biderik ez digu utzi, azken greba egunetik 5 hilabete igaro diren arren, ez patronalaren ez eta hezkuntza sailaren aldetik ere inolako mugimendurik ez baita egon.

Hauxe da sindikatuon ohar bateratua, gaur Bilbon egindako agerraldiaren harira:

Sektore honetako langileok 10 urte daramatzagu Lan Hitzarmena berritu gabe. 2017Ko Azaroan, KE eta AICE-IZEA patronalen jarrera hertsiak mahaitik altxatu beste biderik utzi ez zigutenetik, mobilizazio ugari gauzatu ditugu, hainbat elkarretaratze, eta manifestazio, hainbat kanpaina eta ekintza, eta, besteak beste, langileen babes zabala izan duten 27 greba egun 2 ikasturtetan sakabanaturik. Gure mobilizazio egutegiak langileen aldarrikapenei erantzungo dieten proposamenak landu eta ekartzeko beta eman du, eta sindikatuok adostasunak erdiesteko jarrera eta asmo garbia azaldu eta saiakerak egin ditugu etengabe. Deitzen gaituzten bilera guztietara joaten gara, geuk deitzen ditugunetara deituak ez etorri arren, akordioak lortzeko giltzarriak non dauden zehaztasun osoz adierazi dugu, negoziazio saiakeretan zintzotasunez aritu gara, gure eskaerak erabat neurtuak dira, eta malgutasuna erakusten ari gara gure planteamenduetan.

Tamalez ordea, langileen eskaerei erantzun eta gatazkari irtenbidea emateko ardura zuzena eta aukera dutenak, sektoreko patronalak, ez dira dagokien arduraz jokatzen ari. Eta Hezkuntza saila, hezkuntza sistemaren arduradun den heinean, ere ez.

Patronalak behin eta berriro adierazi arren negoziatzeko borondate duela, borondate hori ez da bere proposamenetan ageri, ez eta izaten ari den jokaeretan ere. Besteak beste, aldebiko bileretan langileen eskaerei gehiago gerturatzen zaizkien planteamenduak egitera iritsi bada ere, ondoren atzera bota ditu; ustez diskretoak izaten ari ziren elkarrizketak publiko egin ditu hausturak eta nahasmena sortu eta mobilizazioa desaktibatzeko asmoz, edukiz hutsalak eta errepikakorrak izan diren negoziatzaileak deituriko mahaiak deitu ditu etabar luze bat.

Hezkuntza sailaren rola berriz, bere burua zuritzearena izaten ari da, gatazka bideratzeko eskuhartzeren bat izaten ari delako itxura egitea, baina gatazkaren irtenbidean benetan inplikatu gabe. Honen adierazgarri, sindikatuokin izandako aldebiko bilerak geure eskariz izan direla ia beti, gatazka oso aurreratua egon denean soilik eta hezkuntza sailak erabakitako edukietara mugatuak; baita sindikatuok, patronalei eta hezkuntza sailari LHKan egindako bi bilera deialdien aurrean biak ekiditeko moduak bilatu dituela ere. (lehenengoan patronalaren ez agertzeko erabakiaren atzean ezkutatuz eta bigarrengoan gure bilera kontraprogramatu eta eduki gabeko bilera batera deituz sindikatuok aurreko egunerako). Gatazka hau bideratzeko “Enplegua mantendu eta irakasle-plantilak zaharberritze aldera” luzatutako proposamen-akordioak hutsune nabariak ditu eta ez du langileen birkokapena inondik inora bermatzen.

Testuinguru honetan, patronalaren eta hezkuntza sailaren aldetik mugimenduak eta proposamenetan aurrerapusoak ikusi baditugu greba eta mobilizazio dinamika indartu dugun heinean izan da soilik. Patronalak grebaren “mehatxupean” negoziatzeko erreserbak adierazi ditu, baina oraingo honetan ere, pasa den ikasturteko azken greba egunetik ( maiatzak 9) 5 hilabete igaro dira, eta ikasturtea hasi denetik ez dute inolako aurrerapauso eta mugimendurik egin.

Patronalaren aldetik inolako berririk ez daukagu. Ekainak 13an izan genuen mahai negoziatzaile deiturikoetan azkena, bertan maiatzeko greba egunen aurretik ezaguna zen proposamenarekiko inolako aurrerapausorik ez zuen aurkeztu patronalak, eta horrela darrai egoerak, uztailean zehar beste mahai negoziatzaile bat deituko zuela esan arren patronalak.

Hezkuntza sailak Iraila hasieran, eta eragin errealik gabeko beste propaganda ekintza soil batean, publikoki adierazi du ikasturte honetarako itunpeko sarerako aurreikusten duten gastu aurreikuspenak gatazka bideratzen laguntzea espero duela. Sindikatuok galdetu behar izan diogu Hezkuntza sailari honen inguruan, ez baita gurekiko inolako kontakturik egin sailaren aldetik; eta behin galdetuta, propaganda hutsa izan dela berretsi dugu, ez baitago inolako diru sarrera gehigarririk aurreikusita.

Hau guztia horrela izanik, beste behin ere greba dinamika indartu beste biderik ez digute uzten. Beraz, LAB, ELA, STEILAS eta CCOO sindikatuok, langileen eskaerek erantzunik izan ezean, datorren Azaroak 7 eta Abenduak 5 bitarte jarraikotasuna izan dezakeen hilabeteko greba barneratzen duen mobilizazio egutegia abian jartzea adostu dugu.

Familien ardura ulertuz, sindikatuok beraiekin biltzeko prestutasuna adierazi nahi dugu, eta aldi berean adostasunetara iristeko gure borondate eta aldartea berretsi.

Horrela, beste behin ere, patronalei eta hezkuntza sailari bakoitzari dagozkion ardurak bere gain hartu eta gatazka bideratzeko neurriak har ditzatela galdegiten diegu, langileen eskaerei erantzun egoki bat emango dioten planteamendu eta proposamenak eginez.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Udalhitzeko negoziazioari atea itxi diote EAJk eta PSEk, EHBilduk negoziatzen jarraitzeko borondatea agertu duen bitartean

Urriaren 8ra bitarteko epea daukate edukiak ekarri eta langileen ordezkariekin adosteko. Bestela, udal sektore osoak grebara joko du.

Greba mugagabean dauden ITASUAko langileei babesa erakusteko manifestazio jendetsua Bergaran

Dagoeneko 77 egun daramatzate greban Zarauzko eta Bergarako Ibilgailuen Azterketa Teknikoaren (IAT/ITV) zerbitzuko beharginek, eta enpresa mugiarazi eta negoziazioaren blokeoa eten arte borrokan segitzeko...

LABek eta ELAk bilera eskatu diogu Pradales lehendakariari, 1.500 euroko gutxieneko soldataren alde patronalari aurre egin diezaion eskatzeko

Gutxieneko soldata Hego Euskal Herrian erabakitzearen aldeko 145.000 sinadura jaso eta greba orokor arrakastatsu bat egin ondoren, LABen eta ELAren iritziz Eusko Jaurlaritzak ezinbestean gizartearen nahiari bide eman beharko lioke eta Imanol Pradales lehendakariak lidergo argia erakutsi beharko luke patronalaren zein PSE-EEren eta EAJren betoa gainditzeko.