2024-04-19
HomeZerbitzu PublikoakZerbitzu SoziokomunitarioaElizondoko zahar etxearen egoerak berriz ere erakutsi du prekaritatea dela zerbitzu publikoen...

Elizondoko zahar etxearen egoerak berriz ere erakutsi du prekaritatea dela zerbitzu publikoen pribatizazioaren ondorio bakarra

Duela hilabete batzuk salatu genuen arras larria izan zela zahar etxearen pribatizazioarekin akitzeko, hau da, IDEAk -edo bertze edozein enpresa pribatuk- zahar etxea kudeatzeari uzteko egon zen aukera ukatu izana. Zahar etxearen patronatua osatzen zuten bederatzi kideetatik zazpik eman zuten botoa eta EH Bilduko udaleko ordezkaritza izan zen publifikazioaren alde bozkatu zuen bakarra. Horrekin garbi gelditzen da ez langileek eta ezta erabiltzaileok ere ez dugula inongo babesik izanen patronatuaren aldetik.

Zahar etxeek ematen duten zerbitzuak gizartearen oinarrizko behar bat betetzen du. Horren kudeaketa esku pribatuetan utziz gero, etekin ekonomikoa baino ez da bilatzen; eta hori guztiz onartezina da. Are gehiago lan baldintzen prekarizazioaren bitartez eta zerbitzua kaskartuz egiten denean, horren ondorioz erabiltzaileek jasotzen duten zerbitzua eta badituzten baldintzak nabarmen okerragoak baitira.

Erran bezala, egoera hau duela hilabete batzuk salatu genuen eta horrek suposatzen ahal zituen arriskuak mahai gainean paratu genituen. Bada, arrisku horiek dagoeneko errealitate bihurtzen ari dira.

Gure sektorean, Nafarroan, azkeneko urte luzeetan lortu den pausu garrantzitsuenetako bat eman da 2019 honetan: Plaza kontzertatuak dituzten zahar etxeetan, hau da, Nafarroako Gobernuak plaza horien zati bat ordaintzen duenean, herrialde mailako antolakuntza eta langileen gutxieneko baldintzak bermatzeko neurri batzuk zehaztu dira. Bada, gure zahar etxea den Francisco Joaquin Iriarte kudeatzen duen IDEA enpresa pribatuak, alde bakartasunez eta Udalari inongo berririk eman gabe, plaza horietara ez aurkeztea erabaki zuen. Plaza kontzertaturik eduki ezean, ez dago aipaturiko gutxieneko baldintza horiek bete beharrik eta erabiltzaile batzuentzako karga ekonomikoa handiagoa da. Egoera horren berri izan genuenerako, beranduegi zen.

Jarrera horren gibelean dauden arrazoiak bi dira; langileen baldintzak duindu nahi ez izatea eta legedi orokorretik at funtzionatu nahi izatea, argi utzita langileak eta erabiltzaileak bortz axola zaizkiela eta, beraiendako, dirua dela garrantzia duen elementu bakarra.

Beharrezkoa ikusi dugu honen berri modu publikoan ematea, alde batetik babesik gabe gaudela sentitzen dugulako eta bertzetik garrantzitsua iruditzen zaigulako Baztango herritarrek jakitea zein egoeratan dauden bertako oinarrizko zerbitzu bat eta bertan lan egiten duten langileak. Egoera onartezin hau konpontzeko eman beharreko lehendabiziko pausua, baina ez bakarra, zahar etxearen kudeaketa berriz publikoa izatea da. Interes pribatuak egoten segitzen duen bitartean zerbitzua eta baldintzak txarrak izanen baitira.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek ez du sinatu EAEko anbulantzietako aurreakordioa, hilabete luzetako borrokan planteatutako gutxieneko hobekuntzak ez baititu jasotzen

Anbulantzietako langileentzat Osakidetzako lankideekiko homologazioa eta soldataz haragoko bestelako hobekuntzak alde batera utzi dituzte azken asteetan LABi bizkar emanda aritu diren ELA, CCOO eta UGTk. LABek ez du sinatu aurreakordioa.

Patronalaren eta instituzioen utzikeriak dirauen bitartean prekaritateak hiltzen jarraitzen duela salatu dugu Gasteizen

Iragan asteburuan bi Euskal langileren heriotzen berri izan dugu, garraiolari bat Lleidan eta langile autonomo batena, Gasteizen. Gure elkartasuna eta besarkada beroena hurbilekoei.

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak iragarritako Herri Ekimen Legegileari babesa adierazi dio LABek, gutxieneko pentsioak 1080 eurotara premiaz osagarritu daitezen

Atzo, apirilak 19, milaka euskal pentsiodun atera ziren kalera. Gasteizen egindako mobilizazioan, 1080 eurotako gutxieneko pentsioa behingoz berma dadin 170 udaletan baino gehiagotan aurkeztutako mozioak izan zituzten hizpide, baita horren segida izango den lantzen dabiltzan Legez besteko Proposamena ere. LABek mugimenduaren aldarriekin bat egiten du eta ekimen berri hau babesten duela adierazi du.