2026-04-12
Blog Page 601

Portugalete eta Santurtzin mobilizatu dira Bizkaiko kirolguneetako langileak

0

Bizkaiko kirolguneetako langileek Portugalete eta Santurtzira eraman dituzte gaur euren aldarriak, sektorean deitutako bigarren greba egunean. Hain zuzen ere, azaroaren 10a arte, bi astez izango dira greban, hitzarmenaren defentsan.

 

 

 

Erabateko jarraipena izan du Tubacex-eko langileek egindako grebak

0

24 orduko greba egin dute Tubacex-en, Amurrio eta Laudioko hiru lantokietan, enpresa batzordeak deituta. Bi langile hil dira uztailetik, makina batzuei herdoila darie, mantentze lanetan langile gutxiago daude, behinekotasun izugarria da… istripuak kasualitate ez direla salatu dute langileek, eta euren haserrea erakutsi dute, zuzendaritzak entzungor egiten baitiei segurtasuna hobetzeko eskaerei.

 

 

 

Aurreakordioa sinatu dugu Gipuzkoako Grafikagintzan, langileen eskubideetan hobekuntzak eta izaera sozialeko neurriak adostu eta gero

0

Sektorean 8 egun greban egon ondoren, eta azaroaren 4tik aurrera astebeteko beste greba bat hasi bezperan, sinatu dugu. Oso positiboki baloratzen dugu lortutakoa; izan ere, KPIren gainetik soldata igoerak adosteaz gain, aurreakordio horrek eskubide sozial ugari jasotzen ditu. Gainera, aurreakordioa urrats erabakigarria da negoziazio kolektiboaren estatalizazioaren aurkako borrokan.

Sektorean 8 egun greban egon ondoren, eta azaroaren 4tik aurrera astebeteko beste greba bat hasi bezperan, gaur, urriak 29, LABek, gehiengo sindikalak, eta sektoreko patronalak aurreakordioa lortu dugu Arte Grafikoen hitzarmenaren negoziazio mahaian.

Aurreakordioak sindikatuen eskaera nagusiak jasotzen ditu:

– Soldata-igoerak KPIaren gainetik indarraldiko urte bakoitzerako:
2019:% 1,8 (KPI +0,6), 2020: KPI +0,6 eta 2021: KPI + 0,75.
– Hitzarmeneko bi kategoria baxuenak kentzea (1.16 eta 1.21 puntuak), eta 1.200 euroko gutxieneko soldata garbia ezartzea, lan-sarrera duinduz.
– Blindaje-klausula Estatuko hitzarmenaren aurrean. Adegik sinatzen duen lehen aldia, paperaren hitzarmenean duela gutxi baztertu zuena.
– Aldi baterako laneko enpresa (ABLE) baten bidez lan egindako denbora antzinatasunerako zenbatuko da.
– Oporrak ez dira galtzen, aldi baterako ezintasunarekin bat badatoz ere. Legez ezarritako 18 hilabeteko gehieneko epea ezabatzen da.
– Lehen mailako ahaideen ezkontzagatiko edo heriotzagatiko lizentziaren kasuan, lehenengo lanegunetik aurrera hasiko da lizentzia.
– Edoskitze-denbora metatzeko eskubidea
– Guraso bakarreko familien kasuan, %50 gehitu dira mediku-kontsultetara joateko orduak.
– Larrialdietako ospitaleratzeak (Box) lizentzia gisa onartzen dira.
– Gaixotasun larria ospitaleratzearekin parekatzen da.
– Euskara sustatzeko eta normalizatzeko mahai sektoriala sortu da.
– Enpresa bakoitzean batzorde bat eratuko da sexu-jazarpenaren aurkako protokolo bat egiteko.

LAB sindikatuak oso positiboki baloratzen du lortutakoa; izan ere, KPIren gainetik soldata igoerak adosteaz gain, aurreakordio horrek eskubide sozial ugari jasotzen ditu, patronalari behin eta berriz eskatu zitzaizkion moduan. Azpimarratzekoa da hitzarmeneko bi kategoria baxuenak kendu egin direla, eta sartzeko gutxieneko soldata 1.200 € garbien gainetik ezarri dela. Prekarietatearen aurkako borrokan oso urrats garrantzitsua iruditzen zaigu. Era berean, eta inor atzean utzi gabe, arreta berezia jarri nahi izan dugu kolektibo ahulenetan, hala nola ABLEko langileetan, guraso bakarreko familietan eta, bereziki, edoskitzearen pilaketa, sexu-jazarpenaren aurkako borroka eta kategoria baxuenak desagerraraztea bezalako neurriak dituzten emakumeetan, gehienak emakumeek betetzen baitituzte. Gainera, aurreakordioa urrats erabakigarria da negoziazio kolektiboaren estatalizazioaren aurkako borrokan.

Aurreakordio horrek ez du atzerapausorik jasotzen eskubideetan, aurrerapenak baino ez. LABek argi du langileek erakutsitako borrokak eta erabakiak bakarrik egin duela posible aurreakordio hau. Oso negoziazio gogorra izan da. Adegik KPIren soldata igoera besterik ez zuen eskaintzen, eta ez zegoen izaera sozialeko neurririk. Sektoreko langileek 8 greba egun egin behar izan dituzte eta beste 5 greba egunekin mehatxatu dute akordio hau lortzeko. Baina, azkenean, arrazoia nagusitu da. LABek behin eta berriz defendatu du sektorearen egoerak ez zuela justifikatzen patronalaren proposamen miserablea, eta proposamen honekin agerian geratu da zuzen geundela, bazegoela marjina proposamen hobe baterako.

LAB sindikatuak proposamen hori eramango du sektoreko langileek onar dezaten, eta bertan behera utziko ditu datorren asterako aurreikusita zeuden grebak, lantegietan batzarrak egiteko helburuarekin. Horren alde eginez gero, azaroaren 11n sinatuko genuke akordioa.

 

 

 

Grebak eta mobilizazioak iragarri dituzte Bizkaiko Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko langileek

Azaroaren 5ean eta 28an greba egunak egingo dituzte, eta azaroaren 4an eta 27an lanuzte partzialak. Era berean, azaroaren 23an manifestazioa egingo dute Bilbon. Hau guztia LAB, ELA, UGT eta USO sindikatuok deituta, zerbitzu gehiago eta hobea eta enplegu gehiago eta hobea aldarrikatzeko.

Hauxe da gaur Bilbon egindako agerraldian irakurritako oharra:

Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua egunero ematen dugunok, eguneroko bizitzako oinarrizko jarduerak garatzeko zailtasunak dituzten pertsonei laguntza emozionala eta fisikoa emanez, mobilizazio-dinamika bati ekin genion duela bi urte baino gehiago. Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuaren defentsa egin eta negoziazio kolektiboaren bidez langileen lan-hobekuntzak aldarrikatu ditugu urte hauetan.

Etxez Etxeko Laguntza titulartasun publikoko zerbitzua da, zehazki udal-titulartasunekoa. Udalek erabaki dute, hain zuzen, kudeaketa pribatizatzea, lehiaketa publikoen bidez, funtsezko zerbitzu hori kaudimen sozial urria duten enpresen esku utziz.

Lehiaketa publiko horietan ezartzen da orduko prezioa, gutxieneko preziorik ezarri gabe. Hor ezartzen dira eman beharreko orduak, gutxieneko ordu batzuk bermatu gabe, eta ondorioz, langile bakoitzak duen lanaldia bermatu gabe. Ez da ezartzen behin-behineko langileen eta teknikarien subrogazioa, eta hor ezartzen dira, azken batean, zerbitzua zein baldintzatan emango den. Zerbitzu publiko horretako langileek egindako lana ez aitortzeak udalek egindako baldintza-agirietan isla du.

Horregatik, Bizkaiko hainbat udaletan mozioak aurkeztu genituen sektoreak eta langileek pairatzen dituzten egiturazko arazoei irtenbidea emateko. Horietan, besteak beste, honako hau eskatzen zen:

– Kontratupeko orduak bermatzea
– Langile guztientzako subrogazioa sartzea
– Neurri egokiak laneko osasunaren arloan. Izan ere, jatorri psikosozialeko lan-arrisku handiko jarduera da eta langileek – ia guztiak emakumeak eta adin ertainekoak – gaitz muskulueskeletiko nahiko larriak pairatzen dituzte.
– Langileek parte hartuko duten kontrol-mekanismoak ezartzea.
– Orduko prezio nahikoa beste lan hobekuntza batzuk bermatzeko beste izatea, 7 urtetik gorako soldata izozketa pairatzen baitugu jada.

Hainbat udalerritan onartu zituzten mozioak; udalerri esanguratsuenak, Bilbo, Barakaldo, Santurtzi, Portugalete eta Mungia izan ziren. Gaur-gaurkoz, mozioetan jasotako konpromisoak ez dira bete.

Enpresek lan-kosturik beren gain hartzea ezinezkoa zela adierazten zutenez eta udalek baldintza-agirietan ezarritako orduko prezioa nahikoa zela argudiatzen zutenez, negoziazio-mahaia desblokeatzeko asmoz, Eusko Jaurlaritzari bitartekaritza bat eskatu genion. Gogoratu beharra dago Jaurlaritza dela gizarte-zerbitzuak arautzen dituen erakundea, Gizarte Zerbitzuen Legearen babesean. Mahaiean EUDELek, enpresa kudeatzaileek eta langileok egon beharko ginateke eserita, sektoreko alde guztiok.

Hainbat bilera eta gero, Eusko Jaurlaritzak proposamen lauso bat plazaratu zuen, bere erantzukizuna ahultzen zuen edukietan. Udalerriei eta enpresei egokitutako proposamena zen, ez baitzituen emakume langileek pairatzen dituzten arazoen funtsezko alderdiak aintzat hartzen: lan-osasunaren arloan ezer egokirik ez zuen aurreikusten, ez lan-poltsak, ez soldatak zehazten, besteak beste.

Hala ere, patronalak atzera bota zuen Jaurlaritzaren proposamena, eta bere eskaintza 0 izan zen arlo ekonomikoan. Bitartekaritza amaitutzat jo zen; izan ere, patronalek erakutsi zuten ez daudela negoziatzeko prest. Jarrera arduragabea eta onartezina erakutsi zuten. EUDEL, bere aldetik, lehenengo bilerara baino ez zuen joan, eta aditzera eman zuen ez dagokion kanpoko gatazka bat dela, eta, jakina, interesatzen ez zaiona.

Hori da, eta ez besterik, oinarrizko etxez etxeko laguntza-zerbitzuaren jabeek duten konpromisoa, hutsala. Hori da, eta ez besterik, feminizatutako eta prekarietate-faktore handiak dituen langile-sektoreekin duten konpromisoa, bat ere ez.

Salatu nahi dugu, osoko bilkuran onartutako mozioak ez direla bete, gatazka pizteaz gain eta etxez etxeko laguntzaren sektoreko emakume langileei bizkarra emateaz gain, herritar guztiei bizkarra ematea dakarrela horrek.

Joan den ikasturtean 27 eguneko grebaren ondoren eta EUDELekin, Emakunderekin, alderdi politikoekin, udalekin, patronalekin, Eusko Jaurlaritzarekin eta abarrekin izandako elkarrizketen ostean, emakume langileok ez dugula errespeturik izan haiengandik. Mobilizazioa, greba eta borroka beste biderik ez digute uzten gure eskubideen, gure hitzarmenaren, gure osasunaren eta Bizkaiko etxez etxeko laguntza zerbitzuaren defentsan. Gatazka areagotzera bultzatzen gaituzte.

Gaur, azarorako greben eta mobilizazioen berri eman nahi dugu:

• GREBA EGUNAK: azaroaren 5ean eta 28an.
• LANUZTE PARTZIALAK: azaroaren 4an eta 27an, 07: 00etatik 11: 00etara. Jardunaldi guztietan mobilizazioak egingo dira, eta horiek zehazten joango dira.
• MOBILIZAZIOA Bilbon azaroaren 23an.

 

 

 

Ez gara joan, gaur ere, Osakidetzaren sektore-mahaiko bilerara

0
Hirugarren aldia da ez garela LAB, ELA eta CCOO sindikatuok bilerara joaten eta Osakidetza da horren erantzule bakarra, bera baita unilateralki zuzentzen duena Mahai Sektorialaren funtzionamendua.

Behin ikusita borondaterik eta gardentasunik eza mantentzen dela, Osakidetzako gehiengo sindikala, gaur ere, ez da joan Mahai Sektorialaren bilerara. Gogoratu behar da, joan den urriaren 8an, arrazoi berberengatik, Mahaiko bileratik ere alde egin genuela eta ez ginela joan pasa den ostiralerako deitutako bilerara.

Azpimarratu nahi dugu Osakidetza bera dela honen erantzule bakarra, bera bait da Mahai Sektorialaren funtzionamiendua zuzentzen duena eta ez duena gure ordezkaritza errespetatzen. Egoera honek ez dauka zerikusirik sindikatuon arteko tentsioekin, Osakidetzak adierazi duen bezala bere erantzukizuna alboratu nahian.

Berriro ere esan nahi dugu Osakidetzak edukiz hustu duela Sektore Mahaia, 2017ko Enplegu Akordioaren jarraipen-batzordearen alde (SMEk, SATSEk eta UGTk osatua); eta horrela negoziazio-mahai paralelo bat sortu duela. Osakidetzak, bere jarrera horrekin, negoziazio kolektiborako eta askatasun sindikalerako eskubideak baldintza baten menpe jarri ditu: bere akordioak sinatzearen menpe; daukagun ordezkaritza kontuan hartu gabe eta Sektore Mahaiaren balioa gutxietsiz. Alde horretatik argi eta garbi esan behar da Sektore Mahaia dela negoziazio kolektiborako legezko eta zilegizko esparrua.

Gaurko egunean, aurreko bi bileretan gertatu zen bezala, gai-zerrendan jasotako puntuak aldez aurretik negoziatuta, itxita eta jarraipen-batzordean sinatuta zeuden, eta gero Mahaira eraman dira betebehar formal bat betetzearren, baina ez fede onez negoziatuak izateko. Ez gara Mahai Sektorialera itzuliko proposamen itxiak eta beste batzuekin sinatuak eramaten jarraitzen duten bitartean.

Hiru sindikatuok Osakidetzaren jarrera salatu nahi dugu, eta Mahai Sektorialaren negoziazio-ahalmena itzultzeko eskatzen dugu. Premiazkoa da lan-baldintzak arautzen dituen akordio berri bat (aurrekoa 2009an agortu zen), eta bai EPE bai garapen profesionaleko eredu berri bat, besteak beste, jorratzea eta negoziatzea. Eta hori guztia berdintasunezko eta fede oneko negoziazio garden baten bidez.

 

 

 

Patronalak eta Hezkuntza Sailak dagokien arduraz jokatzen badute, adostasunak erdiestea posible izango da EAEko Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako gatazkan

Atzo, LAB, ELA, STEILAS eta CCOO sindikatuok LHKko bileran gizarte ekimeneko ikastetxeetako gatazka bideratzeko ad hoc proposatu dugun elkarrizketa prozedura onartu zuten patronalek eta Hezkuntza sailak.

Atzo, LHKan izan genuen bileran ez zen bitartekaritza prozedura bat abian jartzerik onartu. Pasa den astean aurreratu genuen bezala, LAB, ELA, STEILAS eta CCOO sindikatuok gatazka konkretu honek dituen berezitasunak kontuan izanik, eta PRECOko akordioak beroni irtenbide erreal bat emateko prozedura egokirik jasotzen ez duen heinean, elkarrizketa prozedura propio baterako proposamena eraman genuen atzoko bilerara, eta funtsean onartua izan da, bai patronal, bai hezkuntza sailaren aldetik.

Gatazka konkretu hau bideratzeko adostutako elkarrizketa prozedura propio honetan:

• Gatazkari irtenbide egokia emateko ardura eta aukera duten alderdi guztien parte hartzea bermatzen da, hala nola, sektoreko patronal eta sindikatuena zein Hezkuntza sailarena.

• Adostasunak bideratzeko asmoz, ekarpenak egiteko aukera izango duen LHKko teknikari batek hartuko du parte “bideratzaile” moduan (bideratzaile moduan hartuko du parte, prozesu guztian zehar ekarpenak egiteko aukera izango duelarik, baina bitartekari batek ez bezala, ez du alderdiek onartu edo ezeztatu beharko duten idatzizko proposamen itxi bat aurkeztuko).

• Elkarrizketa prozedurak aurrera egiteko greba dinamika bertan behera uztea ez da baldintza izango.

• Jada deituta dagoen greba hasi aurretiazko bilera egutegi bat ezarriko da, aztertuko diren gaiak aldez aurretik ezarriz. Bilerak LHKko egoitzan izango dira, lehenengoa gaur bertan. Sindikatuok, greba hasi aurretik adostasunak bultzatzeko helburuarekin, greba aurretiazko data zehatzak eta data bakoitzean aztertu beharreko gaiak itxi nahi izan ditugun arren, patronalek biharko utzi nahi izan dute.

Behin prozedura ezarrita, Patronalei eta Hezkuntza sailari dagokie mahai gainean jartzea adostasunetara eraman gaitzaketen eduki eta planteamenduak. Dagokien arduraz jokatzen badute, eta langileen eskaerei erantzungo dieten eduki eta planteamenduak lantzeko eta bultzatzeko prest badaude, adostasunak erdiestea eta gatazka bideratzea posible izango da; bestela, beste behin ere grebekin jarraitu beste biderik ez digute utziko.
 

 

 

Grebara deitu dugu Gipuzkoako helduen egoitzetan, azaroaren 28rako

Gipuzkoako Foru Aldundia helduen egoitzetako langileak herrialdeko hitzarmenik gabe jarraitzea onesten ari da. Hiru urte igaro dira negoziazio mahaia osatu zenetik eta egoerak berdin jarraitzen du, negoziazioa guztiz blokeatuta baitago. Gaur, elkarretaratzea egin dugu Gizarte Politikako Departamentuaren aurrean, eta, bertan, azaroaren 28rako grebara deitu dugula jakinarazi dugu.

 

 

 

Aldaketarako grina adierazi du Argentinako herriak

0

Argentinan atzo hauteskunde presidentzialak burutu ziren eta Alberto Fernandez eta Cristina Fernandezen aliantzaren ondorioz sorturiko Frente de Todos hautagaitzak bozen %48arekin hauteskundeak irabazi zituen, bozen %40a lortu zuen eskuineko hautagai eta lehendakari zen Mauricio Macri gaindituz. LABetik Argentinako herri osoa zoriondu nahi dugu, zeren, nahiz eta hauteskundeak Fernandez & Fernandez aliantzak irabazi, atzokoa bere duintasun guztiarekin Mauricio Macri neo-liberal eta eskuindarraren gobernu negargarriaren kontra errebelatu baitzen. Argentinako herri osoaren garaipen bat izan zen.

Atzokoa, inolako zalantzarik gabe, herri osoaren garaipena bat izan zen. Abortu eskubidearen eta gizartearen eremu guztietan parekidetasun erreal baten alde borrokan dagoen mugimendu feministaren garaipen bat izan zen. Argentinako gobernuaren langileen eskubideen kontrako politika neo-liberalen aurka etengabeko mobilizazio batean egon den mugimendu sindikalaren garaipena ere izan zen, eta noski ostegunero-ostegunero egia, justizia, erreparazioa eta berriro ez errepikatzeko bermeak eta giza eskubide nahiz eskubide politiko, sozial eta askatasunen alde egiten diren mobilizazio guztiak babesten dituzten Plaza de Mayo-ko Amen garaipen bat ere izan zen.

Horregatik, Argentinako herria zoriontzea eta hemen inor ez dela errenditzen gogoratzea besterik ez zaigu gelditzen. Atzo ez zen ezer bukatu, dena berritik hasi egin zen. Lan zentroetan, instituzioetan eta batez ere kalean borrokan eta lanean jarraitzea gelditzen da, atzoko hauteskundeetan Argentinako herriak adierazitako aldaketarako grina errealitate bihur dadin.
 

 

 

Tubacex-eko langileek 24 orduko grebara deitu dute biharko, segurtasunaren defentsan

0
T.T.I-Aceralavaren Enpresa Batzordekideek (Tubacex Taldea), LAB, ELA, STAT, CC.OO eta Independenteez osatua, 24 ordutako greba deitu dute urriaren 29rako, Amurrioko eta Laudioko hiru lantokietan. Deialdi honen arrazoi nagusia segurtasunean, mantentze lanetan eta ekoizpen instalazioetan hobekuntzak aldarrikatzea da.

Hauxe da langileek igorritako oharra: