2026-07-07
Blog Page 595

Zaldibarren gertatutako istripua sakon iker dadila exijitu dugu, baita erantzukizunak argitu daitezela eskatu ere

Aste bereziki gogorra izaten ari da lan munduan. Bi langile hil dira 24 orduko epean Bizkaian, eta, Zaldibarren, bertako zabortegian izandako luiziaren ondorioz, beste bi langile desagertuta daude. Bitartean, prekarietateak heriotza dakarrela saltzeko, euskal gehiengo sindikaletik mobilizazioa egin dugu Bilbon, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean.

LAB sindikatuak, atzo, otsailak 6, Zaldibarren gertatu zen istripu larriaren harira, adierazi nahi du:

-Gure elkartasuna eta sostengua adierazi nahi diegu desagertu diren langileen senideei, lagunei eta ahaideei.
-Eskatzen dugu ikerketa sakona egin dadila, edonolako erantzukizunak argitu eta arduradunak seinalatu daitezela.
-Eskatzen dugu zabortegiaren baimenak ikertu behar direla.
-Salatzen dugu, Administrazioak jakin arren amiantoa zabortegian zegoela, ez dela dagokion prebentzio neurririk bideratu material kantzerigeno honen hondakinak kentzeko zereginetan ziharduten langileak haren arriskupean egon ez zitezen, haien osasuna eta bizitza arriskuan jarriz.
-Material kantzerigeno honen zuntzen arriskupean berez jardun den pertsona oro identifikatu behar da, arriskupean egon diren langileen zerrendan sar daitezen eta etorkizunean kontrol medikua egin dadin.

Honengatik guztiarengatik eta Eusko Jaurlaritzaren hainbat Sailek ardura izan dezaketelakoan, berresten gara lan harremanen eredua aldatzeko premian, non langileen segurtasuna eta osasuna ipiniko den eliteen interes ekonomiko eta politikoen aurretik.

 

 

 

Bakarrik aktibazio eta borrokaren bitartez lortuko da hitzarmen duin bat Arabako Metalgintzan

0

Arabako Metalgintzako Mahai Negoziatzailea bildu da. Berriro ere, SEAk ez die erantzun sektoreko arazo nagusiei. Argi geratzen da negoziazio mahaitik ez dela berez akordioa iritsiko. Izan ere, soilik aktibazio eta borrokaren bidez lortuko dituzte lan baldintza duinak Arabako Metalgintzako langileek.

Sei hilabetetako etenaldiaren ondoren, Arabako Metaleko negoziazioak urtarrilean berrartu ziren eta gaur, otsailak 6, beste bilera bat egon da. Bertan, SEAk berretsi du gai nagusietan ez dagoela aurrerapenik, soilik 2018ko soldatei egindako ñabardura txiki bat kenduta. Bere negoziatzeko borondate falta ustez aurreikusita dauden lege aldaketen atzean ezkutatu nahi dute, baina jarrera argia da: arazo nagusiei izkin egin.

Horren adibide argiena da enpresa handiek erabat baztertzen dutela azpikontratetako langileen subrogazioa eta ez dituztela mugatu nahi kontratazioaren iruzurra eta aldibatekotasuna. Beraz, LABen ustez, enpresari handien jarrera nagusitu da patronalean, sektore honetako prekarietatea bere horretan mantendu nahi baitute.

Honela gauzak, mahai negoziatzailetik berez akordio duin bat etorriko ez dela ikusita, LABek tresna eta mekanismo guztiak jarriko ditu aktibazio eta borrokari begira, Arabako Metalgintzan hitzarmen duin bat lortzeko.
 

 

 

EAEko Hezkuntza Departamentuko eta EHUko kontratetako garbitzaileek mobilizazioekin jarraitzen dute

0

EAEko Hezkuntzako eta EHUko garbiketako azpikontratetako langileak Lakuaren aurrean mobilizatu dira soldaten ekiparazioa eskatzeko, “lan berdina, soldata berdina” lelopean. "Barrutik eta iristear geudenean, sarbideak ixtea erabaki dute, pasabidea eragozteko. Gure hitzarmenaren alde borrokatuko dugu, eta, horregatik, mobilizazio egutegi bat diseinatu dugu, greba deialdiarekin amaituko dena, enpresek negoziazioari seriotasunez ekiten ez badiote", jakinarazi dute.


 

 

 

Lanuzteak eta mobilizazioak Laminaciones Arregui enpresan, enpleguaren defentsan

0

Celsa Atlantic-Laminaciones Arregui enpresako zuzendaritzak, Eusko Jaurlaritzaren Lan Zuzendaritzaren eta Lan Delegaritzaren bitartekaritza izan arren, bukatutzat eman ditu plantilla murrizteko kaleratzeen aurrean alternatibak bilatzeko negoziazioak. Honen aurrean, plantillak lanuzteei eta mobilizazioei ekin die enpleguaren defentsan, Arabako lantegien etorkizuna bermatu dezaten exijitzeko.

Negoziazio prozesuan, enpresak hasieran planteatu zituen kaleratzeen aurrean neurri alternatiboak bultzatzeko konpromisoa hartu zuen. Hala ere, Enpresa Batzordeak zalantzan jartzen du zuzendaritzaren benetako borondatea, neurri horien jakinarazpena gehiegi luzatu delako; proposatutako lekuz aldaketetara atxikituko liratekeen langileentzat bermeak ez direlako eskaintzen; bi langileren borondatezko lekuz aldatzea ukatu egin delako ulertzeinak diren arrazoiengatik; eta, adinean nagusi direnen kasuan, ez zaielako oraindik inolako planteamendu zehatzik jakinarazi. Honi guztiari gehitu behar zaio 52.d artikulua berriro aplikatu daitekeenaren mehatxua beste hiru langile kaleratzeko bidean, gaixo egoteagatik.

Zuzendaritzak uko egin dio enpleguaren suntsitzea saihesteko formulak bilatzeko aukerari. Hortaz, edozein momentutan langileak kaleratu ditzake.

Testuingu honetan, Laminaciones Arreguiko langileek lanuzte partzialei ekin diete otsailaren 6an, enpleguaren defentsan eta benetako industria plan baten alde. Mobilizazio hauek batzarrean berretsi ditu plantillak, eta datorren ostirala arte luzatuko dira. Horrenbestez, exijitzen dugu enplegua mantentzeko formulen negoziazioa, eta, aldi berean, Arabako lantegien aldeko benetako apustu bat. Izan ere, etengabeko murrizketekin itxiera programatu bat etor daiteke epe ertainean.

Enpresa Bztordeak dei egiten dio zuzendaritzari 2012. urtean izandako antzeko egoera saihestu dezan. Orduan, enpresak kaleratze kolektiboak jasotzen zituen ERE bat planteatu zuen, azkenean baliogabetuta gelditu zena, eta lan gatazka oso gogor bat ekarri zuena. Langileek zazpi urtez lan handia egin eta gero, enpresak kaleratzeei heldu nahi die berriro, Gasteiz eta Urbinako lantegietarako etorkizun garbirik proposatu gabe.

Lanuzteak, otsailaren 6 eta 7:

-Goizeko eta erdibitutako txandak: 8:00etatik 10:00etara.
-Arratsaldeko txanda: 18:30etik 20:30era.
-Gaueko txanda: 4:00etatik 6:00etara.

Lanuzteak, otsailaren 10, 11, 12, 13 eta 14:

-Goizeko eta erdibitutako txandak: 9:00etatik 10:00etara.
-Arratsaldeko txanda: 18:30etik 19:30era.
-Gaueko txanda: 5:00etatik 6:00etara.

 

 

 

Armagintza sektoreko enpresekin kolaborazioa eteteko exijitu diogu EHUri

0

Bilboko Ingeniaritza Eskolak ikasle eta graduatuentzako jardunaldi bat antolatu du San Mames estadioan. Jardunaldian ikasleek aukera izan dute enpresak ezagutzeko eta haiekin lehenengo kontaktu bat izateko. Bada, enpresen artean armagintzan aritzen direnak badaude ere. Hala, elkarretaratzea egin dugu Euskal Herriko Unibertsitateak armagintzarekin dauzkan kolaborazioak salatzeko, "UPV/EHU moztu kolaborazioa" plataformak deituta. Plataforma honen baitan dago LAB, hainbat eragilerekin batera.
 

 

 

Erantzukizunak eskatu dizkiogu Nekane Murgari, Santiago ospitaleko iruzurra dela eta

0

Elkarretaratzea egin dugu Gasteizko Legebiltzarraren aurrean, Osasun sailburu Nekane Murgaren agerraldiaren harira. Hain zuzen ere, Murgak Gasteizko Santiago ospitaleko sukaldearen kudeaketari buruzko galderei erantzun behar izan die Legebiltzarrean.

Iazko azaroaren 20an, fiskaltzara eraman genuen Gasteizko Santiagoko ospitaleko sukaldean atzemandako kontabilitate desoreka baten salaketa, sindikatuak ezagutzera emandako kudeaketa txarraren atzean delitu penalik egon ote zitekeen zehazteko.

Gaur, Nekane Murga osasun sailburuak agerraldia egin du Legebiltzarrean, Gasteizko Santiago ospitaleko sukaldearen kudeaketari buruzko galdera guztiei erantzuteko. LABek 200.000 eurotako zuloa atzeman zuen.

Hala, Murgak agerraldia egin bitartean, elkarretaratzea egin dugu Parlamentuaren aurrean, 10:30ean, kudeaketa ezin txarragoko kasu argi honen gaineko erantzukizunak eskatzeko.
 

 

 

Greba Orokorrean izandako polizia gehiegikeriak salatu ditugu Basaurin

0

Hainbat eragilek agerraldia egin dugu Basaurin, urtarrilaren 30eko Greba Orokorrean izandako polizia jazarpena salatzeko eta, bereziki, Basauriko bi ekintzaileen aurka Ertzaintzak izandako jarrera publiko egiteko.

Hauxe da agerraldian irakurritako oharra:

Salatu egin nahi dugu pasa den urtarrilaren 30ean, poliziak izan zuen hertsapen-jokabidea eta erabili zuen indarkeria, oinarrizko eskubideak mugatuz, hala nola grebarako askatasuna, manifestaziorako askatasuna, adierazpen-askatasuna eta abar.

Eta zehazki aipatu nahi dugu Ertzaintzak hilaren 30ean Basaurin egindako polizia-abusua. Egun horretan, uniformedun bi agentek pertsona bati eraso egin zioten fisikoki inolako aitzikiarik gabe eta konflikturik gabeko espazio batean, eta, beste alde batetik, kalez jantzitako lau agente bizilagun baten atariko atean goizaldeko 4:30ean zain zeuden, etxetik atera eta hura miatzeko, autoa birritan miatzeko. Eta bere lonjara 09:24an sartzea gure iritziz,legez kanpo, ustez lehergailuak konfiskatzeko, egun batzuk lehenago Astondoan erositako petardo batzuk bakarrik aurkituz, erabat legalki.

Ez zaigu kasualitatea iruditzen gertatutakoa, bi pertsona horiek gure herriko ekintzaile sozial ezagunak baitira. Eta ikusten dugu polizia-jardun horren helburua ez dela inolako deliturik saihestea, baizik eta pertsona horiek beren jarduketetan mugatzea, eta horiek ez dira inolaz ere delituzkoak.

Zilegitzat jotzen dugu langileen borroka, emakumeena, gazteena, langabeena, pentsiodunena eta existitzen diren beste hainbeste borrokatzea, horiek gabe ez genukeelako sozialki aurrera egiteko aukerarik izango. Beraz, hemendik kolektibo sozial eta sindikal ezberdinek poliziaren gehiegikeria horiek salatzen ditugu, eta berriro gerta ez daitezen exijitzen dugu.

 

 

 

Arabako helduen egoitzetako langileak Aldundiaren aurrean mobilizatu dira berriro

Arabako helduen egoitza pribatuetako langileek elkarretaratzea egin dute Gasteizen, Aldundiaren aurrean. Mobilizazioaren bitartez, probintzia-hitzarmen duin bat aldarrikatu dute, lan-baldintzak hobetuko dituena eta, aldi berean, baldintza horiek erabiltzaileengan eragina izango dutena. Urtebete daramate hilean bitan kontzentratzen, eta kalean jarraituko dute hori aldatzen ez den bitartean.
 

 

 

Salatu dugu Nafarroako Gobernuak ez duela aurten D ereduan aurrematrikulazioa sustatzeko inolako kanpainarik egin

0

Aste hau euskara hezkuntza sisteman sustatzen jarraitzeko ahaleginean oso garrantzitsua da, aurrematrikulazio epea ireki baita ostirala bitartean. LABek kezka handiz hartu du aurten Nafarroako Gobernuak D ereduan aurrematrikulatzeko kanpainarik egin ez izana, ez Hezkuntza Departamentuaren bidez, ezta Euskarabidearen bidez ere.

LAB Euskarabideko arduradunekin harremanetan jarri da irizpide berri honen inguruko azalpenak eskatzeko. Hezkuntzaren arloa berez ez dela euren eskumena eta arlo horretan euskararen sustapena egitea edo ez Hezkuntza Departamentua bera arduratzen hasi dela esan digute. Erakunde horrek dioenez, Hezkuntza Departamentuak matrikulazioaren inguruan ezer ez duela egingo erabaki omen du, gaiak nahasmena eragiten duela eta testuinguru horretan A eredua ere sustatu beharko litzatekeela iritzita.

Aurten arte Euskarabideak Nafarroako Udalekin batera elkarlana egin izan du D ereduaren matrikulazio kanpaina aktiboa izateko. Ostiralean bukatzen den aurtengo aurrematrikulazio kanpainan ez da, ordea, horrelakorik izango.

LABen aburuz, erabaki honek agerian utzi du Euskarabideak eta Hezkuntza Departamentuak euskararen egoera normalizatzeko zeregin garrantzitsu horretan agertzen duten pasibitatea eta onartezina iruditzen zaigu gutxitua dagoen Nafarroako hizkuntza ofizial hau babesteko eta sustatzeko dagoen estrategiarik eza, kontrako jarrera ez esatearren.

Euskara sustatzeko ahalegin erraldoi eta kolektiboan Hezkuntza sektore estrategikoa da eta ulertezina da berau indartzeko propio sortutako erakunde ofizial bakarrak, Euskarabideak, arlo horretan bere eskumen eta ardurei horren modu arinean uko egitea. Arduragabekeria galanta iruditzen zaigu zeregin hori PSNren kontrolpean dagoen Hezkuntza Departamentuaren eskuetan uztea adostu izana eta aurrematrikulazio kanpainan D ereduan matrikulazioak bultzatzeko ezer egin ez dela ikustean tamaina horretako jarrera pasiboa izatea.

Mundu guztia anima dezagun haurrak D ereduan matrikulatzera
LAB sindikatuari garrantzitsua iruditzen zaio jendarteak, eta batez ere euskararenganako sentiberatasun eta adeitasun minimo bat duten sektoreek, egoeraren berri izatea. Euskararen normalizazioa hitzetatik ekintzetara igarotzeko aktibo nagusiak gu geu gara, Nafarroako jendartea, egungo erakundeek ezer gutxi egingo baitute hori horrela izan dadin. Beraz, euren haurrak D ereduan matrikulatu ala ez zalantzatan dabiltzan guztiak euskararen aldeko hautua egitera animatu nahi ditugu, horrek euren seme-alabei hezkuntza zabal eta aberasgarria eskaintzeaz gain, mundu berria ere irekiko dielako. Atzerriko hizkuntza ikasteaz gain, Nafarroako bi hizkuntzak menperatzea bermatzen duen eredu bakarra baita D eredua. Seme-alabak euskarazko ereduetan eskolaratzea denon artean bultzatu beharra dugun hizkuntzari bermea emateko dugun tresna nagusienetakoa da.