2026-01-31
HomeZerbitzu PublikoakOsasungintzaBeste salaketa bat eraman dugu Fiskaltzaren aurrera; Arabako ESIko kudeaketa ekonomikoan irregulartasunak...

Beste salaketa bat eraman dugu Fiskaltzaren aurrera; Arabako ESIko kudeaketa ekonomikoan irregulartasunak egoteagatik, kasu honetan

LAB sindikatuak beste salaketa bat jarri du EAEko Fiskaltza Nagusian; kasu honetan, Arabako ESIko kudeaketa ekonomikoan irregulartasunak egoteagatik. Jakin izan dugunez, Gasteizko Santiago ospitalean diru publikoaren kargura hornitzen ari dira kontratatutako enpresa pribatu batek hornitu beharko lituzkeen produktuak. LABeko ordezkariek xehetasunak emateko agerraldia egin dute gaur, Gasteizen.

Fiskaltzara itzuli gara. Duela urtebete lan-eskaintza publikoan oinarrizkoenak ziren printzipio demokratikoak urratzen ari zirelako jo genuen bertara, eta oraingo honetan Osakidetzako kudeaketa ekonomikoaren inguruan gabezia berberak antzeman ditugulako. LABen ekintza sindikalak erabateko lehentasuna du Osakidetzako arlo guztietan demokratizazioa lortzea.

Hasieratik LABek agerian utzi zuen gure beldurrik handiena hau zela: plaza publikoak diskrezionalki banatzeko bezero-sare bat badago, ez dago inolako arrazoibiderik funtzionatzeko modu hori kanpoko enpresekiko harreman ekonomikoetan ez errepikatzeko.

Euskadiko Fiskaltza Nagusiari agerikoak diren kontabilitate-desorekak jakinarazi dizkiogu. Ustelkeria ekonomikoaren balizko kasu baten aurrean gaude, zeinaren protagonistak Arabako ESIan dauden eta pribatizatutako zerbitzuekin harremana duten. Jakin ahal izan dugunez, Santiagoko Ospitalean diru publikoaren kargura hornitzen ari dira kontratatutako enpresa pribatu batek hornitu beharko lituzkeen produktuak. Jarduera hori arautzen duen plegua 3.000.000 eurokoa da, eta desfasea hauteman dugu suntsikorren horniduran; ez dugu baztertzen beste atal batzuetan desfase gehiago egotea.

Sukaldean aritzen diren langileek pazienteen dietetan jartzen duten olioa milimetrotan neurtu behar duten bitartean, guk ilegaltzat jotzen ditugun azaldu ezineko gastuetan xahutzen dira milaka euro. Erantzule egiten ditugu hornidura hori arautzen zuen plegua ezagutu eta gutxienez 2016. urtetik aurrera kontu publikoetara egozten diren gastuak ezagutu arren, pleguetan inolako zuzenketarik egin ez eta kasuan kasuko zerbitzuaren gastu esplikaezinetan ere inolako zuzenketarik egin ez dituztenak. Gainera, Fiskaltzari eskatzen diogu iker dezala kudeaketa txar horrek inplikatutako pertsonaren bat legez kanpo aberastea ekarri ote duen.

Kasu honengatiko erantzukizunak argitzea eskatzen dugu, eta Arabako ESIko zuzendari ekonomiko finantzarioa kargutik kentzea. Gainera, ez dugu baztertzen iruzurrezko kudeaketa mota hau Arabako ESIko edo Osakidetzako beste zerbitzu batzuetan ere ematen ari izatea; horregatik, langileei dei egiten diegu LABi jakinaraz diezazkioten susmagarriak diruditen egoera horiek guztiak, sindikatuak beharrezko jarraipena egiteko. Urteak daramatzagu edozein hobekuntza eskaeraren aurrean "ez dago dirurik" dogma entzuten, bai langileriarentzat, bai gizarteari ematen diogun zerbitzuaren hobekuntza eskaeren aurrean. Osakidetzan jarduten duten enpresa pribatuek, berriz, inolako kontrol ekonomikorik gabe egiten dute lan, eta inolako kontrol ekonomikorik gabe esaten dugu, antzeman duguna oso agerikoa baita: kontabilitateko desorekak hilero errepikatzen dira 2016ko urtarrila baino lehenagotik, eta erraz identifika daitezke.

Fiskaltzari helarazi dizkiogu gure azterketa ekonomikoa eta gastu horiek kontratatutako enpresa pribatuaren kontura izan beharko liratekeela jasotzen duten pleguak. Datu horiek Arabako ESIko Zuzendaritzari jakinarazi zaizkio aste honetan bertan, azalpen bat bilatzeko azken aukera gisa. Bilera horretan ez dugu azalpen argirik jaso eta une honetatik aurrera Fiskaltza izango da iruzurraren nondik norakoa zehaztuko duena.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Estaños Matiena enpresak langile baten heriotza eragin du, hainbat salaketa jasota bazituen ere

Ostiral arratsalde honetan laneko heriotz berri baten berri izan du LABek. Zumaiako Estaños Matiena enpresan. H.O.L. 32 urteko langileak pieza handi baten kolpea jaso...

Espainiako Gobernu Ordezkaritzaren aurrean mobilizatu da LAB, milaka herritar etxegabetze arriskuan jarrita Madrilen “ezkutu soziala” bertan behera utzi dutela salatzeko 

Langileon aldeko politikak, Madrilek inposatu beharrean, Euskal Herrian hartzearen beharra aldarrikatu du LABek Bilbon; hala nola, etxegabetzeak geldiarazteko neurriak, pentsio justu eta duinak bermatzea...

LABek adierazten du Udalen sektorerako Udalhitz hitzarmeneko negoziazio mahaia deitu gabe eta blokeatuta dagoela azaroaren 7az geroztik

Udalhitzen blokeoa gainditzeko otsailean hasiko den mobilizazio dinamika bati ekingo dio LABek Urte bat igaro da EUDELen zuzendaritzak sektoreko sindikatuoi dei egin zigunetik eta mahai...