2025-12-21
Blog Page 58

Euskal instituzioek armagintza sektorearen aldeko industria politikei ematen dieten babesa salatu du LABek

Sindikatuak protesta ekintza egin du Bilbon, SPRIren egoitzaren aurrean, Palestinarekin elkartasunez eta industria genozidioaren kontura egiten ari den negozioa salatzeko. Era berean, kezka erakutsi du armagintzan inbertitzea, ustez, merkatu aukera bikaina dela dioen argudioaren aurrean.

Europar Batasuna eta elite ekonomiko eta politikoak Europa berrarmatzeaz ari direnean, argi izan behar dugu ez dela aberastasuna berbanatzeko politika fiskala bultzatzen; aldiz, mugak militarizatzen jarraitzea eta armagintza industriako enpresei diru gehiago bideratzea nahi dute, politika sozialak murriztuz, zerbitzu publikoak ahulduz eta mundu mailako langile-klasearen prekarizazioan sakonduz.

Berrarmatze-politika hauek bake- eta elkarrizketa-kulturaren aurrean lehenesteak, ustezko defentsa eta segurtasunaren izenean, gerrak eta gatazkak areagotzea dakar, Palestina gordintasun osoz jasaten ari den moduan. Espoliazio, genozidio eta suntsiketa politika kolonialista hauek Gazan 50.000 pertsona hiltzea ekarri dute, 1,9 milioi pertsona indarrez lekualdatzea eta Gazako lurraldea guztiz suntsitzea.

Guzti horrengatik, LAB sindikatutik euskal eta europar politikek Gazako genozidioarekin eta Palestinako biztanleria bere lurraldetik kanporatzeko dauden asmoekin duten konplizitatea salatu nahi dugu. Premiazkoa da Israel behartzea su-eten bat aldarrikatzera eta horretarako sionismo genozidarekin dauden akordio eta lotura guztiak apurtu behar dira. Era berean nazioarteko komunitateari exijitu behar zaio konponbide integralerako beharrezko mekanismoak martxan jar ditzala, Palestinaren autodeterminazioa eta preso eta errefuxiatuen etxera bueltatzea bermatzeko.

Beharrezkoa eta premiazkoa da paradigma aldaketa integrala, baita euskal industria politikan ere, Europan indarrean dagoen belizismoaren aurrean. Funtsezkoa da ReArm Europe programa baztertzea eta Euskal Herritik, bake- eta elkarrizketa-kulturak bultzatzea gatazka politikoen konponbiderako mekanismo moduan.

EAEko hezkuntza publikoko irakasleek gaur Donostia hartu dute

Greba zikloaren 7. grebak jarraipen zabala izaten jarraitzen du

Atzokoan Bilbo, Donostia eta Gasteizko kaleak bete zituzten hezkuntza publikoko irakasleek. Manifestazioetan 12.000 irakasle baino gehiagok parte hartu zuen inoiz baino ozenago eskatuz beraien egunerokoan beharrezkoak diren baliabideak. Gaurkoan beretsu gertatu da Donostian egindako manifestazio bateratuan.

Sindikatuek garbi daukate ez dagoela benetako negoziaziorik. Hezkuntza Sailak badaki zein eduki jarri behar dituen gatazka gainditzeko, bere jarrera ordea, negoziazioa etetea izan da greban dauden bitartean. Irakasleek argi utzi dute zein den beraien asmoa eta helburu horrekin borrokan tinko jarraituko dute benetako negoziazioa gauzatu arte.

LAB, STEILAS, ELA eta CCOO sindikatuek aste honetan deitutako grebek jarraipen zabala izan dute; izan ere, grebara deitutakoen %75ak babestu du greba. Grebaren ziklo honetan “Lan baldintzak hobetu, hemen eta orain erabakita!” lelopean deitutako mobilizazioan milaka langile ari dira elkartzen eta behin eta berriz salatu dute Hezkuntza Sailaren jarrera: hezkuntzako irakasleen lan- baldintzak okertzen ari dira, Hezkuntza Sailak erabakiak aldebakarrez hartzen ditu eta negoziazioak eduki esanguratsu gabe etengabe luzatzen ditu.

Argi dago grebak direla Jaurlaritza mugiarazten dutenak. Sindikatuok benetako negoziazio erreala burutu nahi dute, hitz eta asmo politetatik harago. Edukia, zehaztapena eta konkrezioa behar du balizko akordioak.

Zazpigarren greba egun honetan ere, irakasleok oso mezu argiak helarazi dizkiote Hezkuntza Sailari:

– 15 urte direla hitzarmena eguneratu gabe; eta aski dela.

– Lan zamak arintzea, plantillak gazteberritzeko plan egokia ezartzea, enplegu publikoa kontsolidatu eta bermatzea, eros ahalmena berreskuratzea, lan osasuna zein euskara eta hezkidetza bermatzeko neurriak proposatzeko garaia dela.

– Ez badago aldarrikapen hauekiko erantzunik grebetan jarraitzeko indarrekin daudela.

Beraz, Hezkuntza Sailari eduki, zehaztapen eta konkrezioak dituzten mahaiak deitzeko exijitzen diote. Hezkuntza publikoa indartzeko ezinbestekoa da inbertsioa handitzea eta lan baldintzak hobetzea eta eskola publikoa baliabideez hornitzea.

Aste honetako grebei jarraipena emanez, datorren astean beste greba deialdi bi egin dituzte, apirilaren 1 eta 2rako, hezkuntza publikoko irakasleek kaleak betetzen jarrai ditzaten sektoreko aldarrikapenak exijituz.

Jarraipen ia erabatekoa Enviser Gasteizko Udalaren lorezaintzako kontratako greba mugagabearen lehen egunean

Gaur goizean hasi da Enviserreko enpresa-batzorde osoak (LAB, ELA eta ESKk osatua) deitutako greba mugagabea. Enviserrek Gasteizko Udalaren kontratak parkeak eta lorategiak eta hiriko eraztun berdea mantentzen ditu.

Guztira, 90 langile daude grebara deituta. Grebaren jarraipena %90 ingurukoa izan da, eta enpresan bi aste eta erdiko antzinatasuna duten langileak eta enpresako arduradunak baino ez dira lanean hasi. Jarduera erabat geldituta dago.

Haien lan-baldintzak oso prekarioak dira, LGSra ozta-ozta iristen diren soldatekin eta lanaldi amaigabeekin. Enviserreko langileek lan bera egiten duten udal-langileek baino 10.000 € gutxiago kobratzen dute eta 100 ordu gehiago egiten dituzte urtean.

Egoera hori udal-gobernuek sustatutako azpikontratazio-sistemaren ondorioa da, AEBetako inbertsio-funts bat, enpresaren jabea, aberasten baitu, langileen erabateko prekaritatearen kontura.

Azken hilabeteetan, enpresa-batzordea, beti langileen batzarrak lagunduta, hitzarmen propio baten negoziazioa aktibatzen saiatu da, enpresako zuzendaritzarekin dituen lan-baldintzak modu esanguratsuan arautu eta hobetzeko. Zuzendaritzak uko egin dio horri, eta astelehen honetan bilera bat egin zen, ordubete eskasekoa. Bertan, enpresa-batzordeari greba erretiratzeko eskatu zion, bileren egutegi bat adostearen truke, mahai gainean lan-hobekuntzako edukirik jarri gabe. Bi urte ingururen ostean, benetako adarjotzea, langileen bidezko aldarrikapenei erantzunik eman gabe.

Duela bi aste, Espazio Publiko eta Auzoetako Saileko zinegotzi delegatu Beatriz Artolazabalek konpromisoa hartu zuen Enviser kontrataren eta langileen artean bitartekari lanak egiteko, enpresa-batzordeko kideek Espazio Publikoko batzordean hitza hartu ondoren. Gaur, bi aste geroago, langileek elkarretaratzea egin dute Batzordearen beste bilera bat egiten ari zen bitartean, Gobernuaren eta zinegotzi delegatuaren gelditasunaren aurrean.

LAB, ELA eta ESK sindikatuok, gainera, salatu nahi dugu gaur goizean enpresaren kanpoaldean egindako elkarretaratzean Udaltzaingoak izan duen jarrera onartezina, lan-baldintza duinak aldarrikatzen zituztenei fisikoki eraso egin dietelako. Udaltzaingoa grebalariei eraso egitera bidaltzea bada Udalak gatazkari ematen dion irtenbidea, hain jokabidea larria erabiltzen duten erantzuleak seinalatzea beste erremediorik ez dugu izango.

Atzo arratsaldean egindako batzar jendetsu batean, langileek mobilizazio egutegi zabal bat adostu zuten, enpresaren eta Udalaren aurrean beraien lan-egoera onartezina irudikatzeko, azken hori baita egungo egoeraren erantzule nagusia, eta ez dira geldituko lan-baldintzak nabarmen hobetuko dituen hitzarmen propio bat lortu arte.

EAEko hezkuntza publikoko irakasleek gaur Bilbo, Donostia eta Gasteizko kaleak hartu dituzte

Greba zikloaren seigarren grebak jarraipen zabala izaten jarraitzen du.

Atzokoan Bilboko kaleak mukuru bete zituzten hezkuntza publikoko irakasleek. Manifestazioaren hasierako txalo zaparradek eta bukaerako hitz txandaren indarrak erakusten dute irakasleen kolektiboa inoiz baino argiago eta ozenago eskatzen ari dela beraien egunerokoan beharrezkoak diren aldarrikapenak.

Hezkuntza Sailaren jarrera ordea, grebetan aldarrikatutako eduki gehigarriak mahai gainean ipintzea eta zehaztea eskatu zaionean negoziazioa etetea izan da. Sindikatuek garbi daukate eszenifikazio eta itxurakeria baten aurrean daudela. Hezkuntza Sailak badaki, argi eta garbi, zein eduki jarri behar dituen mahai gainean gatazka gainditzeko.

Ulertezina da Hezkuntza Sailak irakasleon lan-baldintzak ez hobetzea, hezkuntza publikoko kalitateak hobera egin dezan. Baina irakasleek argi utzi dute zein den asmoa eta helburu horrekin borrokan tinko jarraituko dute benetako negoziazioa egin arte.

LAB, STEILAS, ELA eta CCOO sindikatuok deitutako grebak jarraipen zabala izan du Bilbo, Donostia eta Gasteizen egindako manifestazioetan ikusi den moduan. Izan ere, deitutakoen %75ak babestu du. Hala ere, salatzekoa da beste behin ere Eusko Jaurlaritzak ezarritako gehiegizko zerbitzu minimoak direla eta ehundaka langileri greba eskubidea ukatu zaiela.

Grebaren ziklo honetan “Lan baldintzak hobetu, hemen eta orain erabakita!” lelopean deitutako mobilizazioan milaka langileari dira elkartzen, 10.000 irakasletik gora, hain zuzen ere. Milaka langilek salatu dute EAEn Hezkuntza Sailaren jarrera: Hezkuntzako langileon lan-baldintzak okertzen ari dira, Hezkuntza Sailak erabakiak aldebakarrez hartzen ditu eta negoziazioak eduki esanguratsu gabe etengabe luzatzen ditu.

Aurretik burututako grebek eta mobilizazioek mahai negoziatzaileak deitzera eta pauso gutxi batzuk ematera behartu dute Hezkuntza Saila. Argi dago grebak direla Jaurlaritza mugiarazten dutenak. Sindikatuok benetako negoziazio erreala burutu nahi dute, hitz eta asmo politetatik harago. Edukia, zehaztapena eta konkrezioa behar du balizko akordioak. Beste behin ere, herenegun Hezkuntza Sailaren asmoa negoziaketak irudikatzea izan zen.

Seigarren greba egun honetan ere, irakasleok oso mezu argiak helarazi dizkiote Hezkuntza Sailari:

– 15 urte direla hitzarmena eguneratu gabe; eta aski dela.

– Lan zamak arintzea, plantilak gazteberritzeko plan egokia ezartzea, enplegu publikoa kontsolidatu eta bermatzea, erosahalmena berreskuratzea, lan osasuna zein euskara eta hezkidetza bermatzeko neurriak proposatzeko garaia dela.

– Ez badago aldarrikapen hauekiko erantzunik grebetan jarraitzeko indarrekin daudela.

Beraz, Hezkuntza sailari eduki, zehaztapen eta konkrezioak dituzten mahaiak deitzeko exijitzen diote. Hezkuntza publikoa indartzeko ezinbestekoa da inbertsioa handitzea eta lan baldintzak hobetzea eta eskola publikoa baliabideez hornitzea.

Gaurko egunari jarraipena emanez, bihar Donsotiako kaleak hezkuntza publikoko irakaslez betetzeko deia egin dute sindikatuek.

LABek salatzen du Guardianeko langileak ez direla inoiz lehentasuna izan Eusko Jaurlaritzarentzat

Mikel Jauregui Eusko Jaurlaritzako Industria sailburuak, astearte honetan Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldian, zenbait baieztapen egin ditu eta agerian utzi du Guardian enpresako langileak eta haien lanpostuak ez direla inoiz lehentasuna izan Eusko Jaurlaritzarentzat.

Guardian enpresaren itxiera jakinarazi zen egunetik bertatik, LABetik adierazi genuen ez genuela enpresaren itxiera onartzen, eta are gutxiago multinazionalak bere erabakia hartzeko argudiatzen dituen arrazoiak. Ez dago arrazoi tekniko edo produktiborik, eta are gutxiago ekonomikoak, saihestezina denik; aitzitik, kalkulatutako estrategia bat da, lantegia ixtera eta 171 lanpostuak suntsitzera daramana.

Zoritxarrez, Eusko Jaurlaritzak entzungor egitea erabaki zuen, eta Guardian enpresari labea hozteko prozesua aurrera eramatea ahalbidetu zaio, benetako negoziazio-biderik ireki gabe, langileekin kontatu gabe eta inbertitzaileak edo jarduera industrialari jarraipena emango lioketen proiektuak bilatzeko aukerarik aztertu gabe, lan-kontratuak suntsitzeko EEE-a iritsi aurretik.

Astearte honetan, Legebiltzarrean egindako agerraldian, Mikel Jauregui sailburuak adierazi zuen datorren astean kontaktuak izango dituela balizko inbertitzaileekin, eta Eusko Jaurlaritza prest dagoela operazioan ekonomikoki parte hartzeko, betiere bermatzen bada proiektu industriala sendoa izango dela etorkizunean, errotuta egongo dela eta kalitatezko enplegua sortuko duela, baina behin eta berriz ezkutatzen dutena da hori guztia gertatzeko Guardianeko 171 langileak kaleratu egin behar direla.

LABetik galdetzen dugu: zergatik kaleratu behar dira langileak pausoak emateko? Zergatik ez orain jardun eta kaleratuak izango diren langileei alternatibak eskaini? Multinazionalak ezarritako ibilbide-orria besterik gabe onartu beharrean, erakundeek benetako negoziazio-esparru batean lan egin beharko lukete, non langileek ere ahotsa izango duten eta egungo arazoari erantzuteko benetako konponbideak bilatuko diren.

LABetik, Eusko Jaurlaritzak eta instituzioek horrelako egoeretan benetan esku hartzeko duten gaitasunari buruzko hausnarketa egitea eskatzen dugu. Ezin dira multinazionalen erabakien aurrean ikusle hutsak izan. Interes guztiak ordezkatuta egongo diren negoziazio-esparruak ireki behar dira, eta gure lurraldeko enplegua eta industria-sarea defendatzeko modu aktiboan lan egin behar da.

Ez dugu onartzen Guardianen lantegiaren eta 171 familien etorkizuna soilik zenbakietan pentsatzen duen multinazional baten esku geratzea. Konpromisoa, erantzukizuna eta ekintza eskatzen ditugu. Itxaroteko garaia amaitu da; ekiteko unea da.

[IRITZIA]: Erreforma fiskalari, bai. Blokeoari eta iruzurrari, ez

Jarraian duzue Gorka Vidal sindikatuko ekonomilariak fiskalitatearen inguruan idatzitako iritzi-artikulua.

Erreforma fiskalik ez zela izango agerikoa zen EAJ eta PSE “errebisio fiskalaz mintzatzen hasi zirenean.

Ez da errebisio fiskala izan, blokeo fiskala izan da, aldaketa beharra giltzarrapoz itxi dutelako. Pribilegiatuen pribilegioak mantentzea erabaki dute. Argigarria izan da horretan Joseba Diaz de Antxustegi jeltzalea, Vocento taldeari emandako elkarrizketan. Adostu dituzten neurriak irakurtzean Confebask “lasai” egon daitekeela pozik adierazi du.

Zuzena da Antxustegi, eta zuzen dabil gainera. EAEn bizi garen langileoi gutxieneko soldata propioa ezartzeko eztabaida eta aukera lapurtu nahi digun patronalak lasai egoteko arrazoiak soberan ditu. Enpresa askok irabazi historikoak izanda ere, dituzten pribilegio fiskalak mantenduko dituzte eta haien ekarpena ez da handituko.

Horixe da EAJren eredua, eta ikasle fina du PSE, baita, antza, Podemos ere. Zerga politikaren bidez diru gehiago bildu eta zerbitzu publikoetan inbertitu baino, nahiago izan dute enpresariei mesede egiteko sistema injustua betikotu. 2007tik hona kapital errentek jasandako presio fiskala murriztu da, eta PFEZ duala da horren erakusgarri. Lortutako errenta berdinagatik, kapital errentak direnean, lan errenten bidez jasotakoetan baino gutxiago tributatzen da ogasunean. Aipatu dezagun, 2023ko datuekin, PFEZren pisua gure zerga sisteman %38,68koa dela eta PFEZren ekarpen nagusia lan errentek egiten dutela (%91,75). Pribilegioen sistema.

Blokeo fiskal honek baditu Confebaskentzat bestelako lasaigarriak. PFEZren pisutik oso urrun, %9,79arekin dago Sozietateen gaineko Zerga (2007an %16,04koa zen). Bai, gaur egun, ogasunek biltzen duten diru kopuru osotik %10 baino gutxiago da enpresariek haien irabaziengatik ordaintzen dutena. Lehiakortasuna eta absentismoa ditu Tamara Yagueren elkarteak kezka iturri nagusi eta EAJk eta PSEk Madrilgo zerga sistemari konpetentzia egiteko erabakia hartu dute, nork kapital errentei gutxiago kobratuko eta zeinek lortuko enpresarien ekarpenean abstentzio legal handiagoa.

EAJren zuzendaritza berrian egongo den jelkide gaztearen hitzei jarraituz, zerga sistemaren helburua, dirua biltzea beharrean, “jendearen poltsikoetan uztea” omen da. Jendeaz ari denean, gero eta ziurrago gaude enpresari eta lagunez ari dela.

Diru bilketa gutxitu eta dirua poltsikoetan dogma neoliberal horrek dituen emaitzak ezagunak zaizkigu. 2007tik hona hartutako erabaki guztiek PFEZ ekitatearen eta progresibitatearen printzipioak ahultzen eta zerga-sistemaren barruan duten birbanaketa-funtzioa txikitzen lagundu dute, eta Sozietate Zergak egindako aldaketek ez dute lortu enpresa-jarduera suspertzea, ezta enpresa-sarea indartzea ere. “Dirua poltsikoan” diote, osasungintza publikoa eraisteko eta pribatizatzeko asmoari eutsita, berau ordaindu beharko dugulako. “Dirua poltsikoetan”, baina garatu nahi duten industria politika sustengatzeko, gehiago zorpetzeko baimen eske Madrilera.

Dedukzioetan diru sarrera apalagoak ditugun langile eta herri sektoreok zuzenean biziko ditugun aldaketatxoen joko tranpatia darabilte jeltzaleek, horrekin iruzurra erosiko diogulakoan. Esku batekin emandako apurrek beste eskuan duten artazia ezkutatzen dute: zerbitzu publikoak indartzeari uko egitea; sektore produktiboan eman beharreko eraldaketa ekosoziala justua eta langileon aldekoa izan dadin galaraztea; etxebizitza politikan merkatuan maizterren alde esku hartu baino errentariei mesede egitea; eta, zaintza krisi betean, egungo eredua irauliko duen sistema publiko-komunitarioari bide emateko aukerari bizkarra ematea. Ez dugu amua irensten.

Gu ere, Diaz Antxustegi bezala, zuzenak eta zehatzak izaten saiatuko gara. Errebisio hau orain artekoa egiten jarraitzea da, politika neoliberal klasikoa. Eta, argiki, “poltsikoetan diru gehiago” diskurtsoaren atzean ezkutatzen dena da gizarte prestazio, zerbitzu publiko eta erronka estrategikoei aurre egiteko diru gutxiago izango dela.

EAEko hezkuntza publikoko irakasleei grebekin jarraitzea baino ez zaie geratzen

Greba zikloko bosgarren grebak %75eko jarraipena izan du.

Atzo arratsaldean burututako mahai negoziatzailearen aurretik Hezkuntza Sailak aurreakordio proposamena bidali zien sindikatuei. Aurreakordio honek sektoreko beharrei erantzuteko edukirik ez zekarren. Grebetan aldarrikatutako eduki gehigarriak mahai gainean ipintzea eskatu zioten sindikatuek. Zoritxarrez, ez da horrela izan.

Sindikatuek garbi daukate eszenifikazio eta itxurakeria baten aurrean daudela. Hezkuntza Sailak badaki, argi eta garbi, zein eduki jarri behar dituen mahai gainean piztuta dagoen gatazka bideratzeko. Eduki eta zehaztapenak txertatzeko exijitu zaienean, ez dela posible esan zaie.

Atzokoa salatu nahi dute, Hezkuntza Saila fede txarrez aritu dela pentsatzen baitute. Hezkuntza publikoko irakasleon lan-baldintzak hobetuta, hezkuntza publikoko kalitateak hobera egingo duela argi utzi dute eta helburu horrekin borrokan tinko jarraituko dute.

LAB, STEILAS, ELA eta CCOO sindikatuok deitutako grebak jarraipen zabala izan du, urtarrila eta otsailean egindako beste lau greba egunen antzera. Izan ere, deitutakoen %75ek babestu du. Hala ere, salatzekoa da Eusko Jaurlaritzak ezarritako gehiegizko zerbitzu minimoak direla eta ehundaka langileri greba eskubidea ukatu zaiela.

Grebaren arrakastaren adibide garbia da Bilbon batu garen jendetza. “Lan baldintzak hobetu, hemen eta orain erabakita!” lelopean deitutako mobilizazioan milaka langile elkartu gara. Milaka langilek salatu dute EAEn Hezkuntza Sailaren jarrera: Hezkuntzako langileon lan-baldintzak okertzen ari dira, Hezkuntza Sailak erabakiak aldebakarrez hartzen ditu eta negoziazioak eduki esanguratsu gabe etengabe luzatzen ditu.

Aurretik burututako grebek eta mobilizazioek mahai negoziatzaileak deitzera eta pauso gutxi batzuk ematera behartu dute Hezkuntza Saila. Argi dago grebak direla Jaurlaritza mugiarazten dutenak. Sindikatuek benetako negoziazio erreala burutu nahi dute, hitz eta asmo politetatik harago. Edukia, zehaztapena eta konkrezioa behar du balizko akordioak. Beste behin ere, atzo, Hezkuntza Sailaren asmoa negoziaketak irudikatzea izan zen.

Bosgarren greba egun honetan ere, irakasleok oso mezu argiak helarazi dizkiote Hezkuntza Sailari:

– 15 urte direla hitzarmena eguneratu gabe; eta aski dela.

– Lan zamak arintzea, plantillak gazteberritzeko plan egokia ezartzea, enplegu publikoa kontsolidatu eta bermatzea, eros ahalmena berreskuratzea, lan osasuna zein euskara eta hezkidetza bermatzeko neurriak proposatzeko garaia dela.

– Ez badago aldarrikapen hauekiko erantzunik grebetan jarraitzeko indarrekin gaudela.

Beraz, Hezkuntza Sailari eduki, zehaztapen eta konkrezioak dituzten mahaiak deitzeko exijitzen diote. Hezkuntza publikoa indartzeko ezinbestekoa da inbertsioa handitzea eta lan baldintzak hobetzea eta eskola publikoa baliabideez hornitzea.

Gaurko egunari jarraipena emanez, bihar eta etzi ere greba egunak dituzte EAEko hezkuntza publikoko irakasleek.

Errepresio sindikalaren aurrean, ez dugu ekintza sindikalean atzerapausorik egingo

Gaur LABeko bi kide epaitu dituzte Donostian, 2022an, adinekoen egoitzetako hitzarmenaren testuinguruan, errepide bat mozteagatik. LABek, bi kide horiei bere elkartasuna helarazteaz gain, poliziak jarritako salaketa gaitzetsi nahi du. Langileon lan eta bizi baldintzak hobetzeko LABen ekintza sindikala kriminalizatu nahi izan dute beste behin.

Pribatizatutako zaintza zerbitzuetako langileok aspalditik gure lan eta bizi eskubideen defentsan borrokarako prest gaudela aldarrikatu dugu. Borroka horietan, bide ezberdinak jorratu ditugu, guztiak ere gure lan baldintzen hobekuntza ekarriko dutela konbentzituta. Asko izan dira borroka sindikalaren bitartez lortutako garaipenak, baina askotan nekeza egiten zaigu aurrerapausoak lortzea. Izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak etengabe egin die entzungor adinduen egoitzetako langileen behar eta aldarrikapenei, ez du gure lan publikoa aitortzen eta enpresa pribatuen esku uzten ditu gure lan baldintzak. Patronalek negozioa egiten jarraitzen dute gure lan indarrarekin, adinekoen zaintza duinari ez diote erreparatzen.

LABetik Gipuzkoako Aldundiak zaintza zerbitzuak pribatizatzeko duen estrategia salatu nahi dugu. Adinekoen egoitzetako langileok lan publikoa egiten dugula aldarrikatzen dugu, eta horren alde borrokatzen jarraituko dugu. Pribatizazioari eta instituzioen eta patronalen arteko negozioari ekintza sindikalaren bitartez erantzungo diegu, nahiz eta gure borroka kriminalizatu nahi duten.

Gaur borroka sindikala jazarri dute, gure bi kide epaituz. Errepresio sindikalaren aurrean, baina, ez dugu atzerapausorik egingo ekintza sindikalean. Zaintza zerbitzuen pribatizazioak miseriara kondenatzen gaitu, eta ez dugu tresna errepresiborik onartuko gure lan eta bizi baldintzen hobekuntzaren bidean.

Hezkuntza Sailaren jarreraren aurrean, greba eta mobilizazioa indartzeko garaia da

Azken momentuko mahai negoziatzaile batera deitu arren, Hezkuntza Sailak ez du bermerik eman hezkuntza sistema hobetuko luketen baliabideak jasotzeko. Horrenbestez, lanean jarraitzea dagokigu, ekarpenak eginez eta kaleak astinduz.

Ordu txikietara arteko negoziazioak izan dira bart Lakuan, Hezkuntza Sailak azken momenutan grebak bertan behera uzteko intentzioz proposamen bat aurkeztu ondotik. Negoziazioetan, baina, azkenean ez da akordiorik egon, Hezkuntza Sailak ez baitu eduki nahikorik ezta bermerik jarri mahai gainean.

LABek Hezkuntza Sailaren jarrera salatu nahi du, grebaren bezperan arte proposamenik egin gabe eta modu desegokian negoziazioa luzatzen, beste behin, hezkuntza sistema hobetuko luketen neurrien gainetik greba eragozteko asmoa helburu izanda. Aurrez denbora soberan izan du bilerak deitu, eduki errealak mahai gainean jarri eta adostasunetara iristeko, baina epeak eta orduak luzatzea erabaki du, eta jarrera hori desegokia da ezein negoziaziotan, eta, kasu honetan, errespetu gutxikoa hezkuntza komunitatearekiko. Jarrera horren erakusle da bere azken proposamena atzo eguerdian helarazi izana sindikatuoi, aurrez hori aztertzeko inolako aukerarik eman gabe.

Atzo ere LABek, negoziazio prozesu osoan egin duen moduan, beretzat estrategikoak diren eta hezkuntzaren kalitatean zein lan zametan eragin zuzena duten figura eta baliabide gehigarrien beharra mahaigaineratu du etengabe. Hala, Hezkuntza Sailaren proposamena zehaztasunetara eramaten saiatu gara uneoro. LABek, greba zikloaren aldarrikapenez gain, aholkulari, orientatzaile eta zuzendaritza taldeentzako ordu-kreditu gehigarrietan aurrerapenak lortu arren, Jaurlaritzak ez zuen bermerik jarri nahi izan hain beharrezkoak diren hezkidetza edo euskara koordinatzaileeen figurak txertatzeko. Baliabide horiek, baina, oinarrizkoak dira hezkuntza sistema publikoa hobetzeko eta ardatz izateko. LABentzat lortuko den akordioak eragin zuzena izan behar du bai irakasleen lan baldintzetan eta baita hezkuntza sistemaren kalitatean ere. Horrekin batera, beste gai batzuk ere itxi gabe geratu ziren, soldata edo lan zamenak adibidez.

Gauzak horrela, lanean jarraitu beharra dago, ekarpenak eginez eta, berriz mahai negoziatzaileak deitu arte, kaleak astinduz. Inoiz baino indar gehiagorekin, ikastetxeak hustu eta kaleak txiki uzteko garaia da. Euskal eskola publiko komunitarioa iruten jarraituko dugu!