Eskuartean Biztanleria Aktiboaren Inkestaren datuak izanik lehen gogoeta honakoa da: ez du gaur egungo errealitatea inolaz ere islatzen, urteko lehen hiruhilekoan eginiko inkestak baitira gaur publiko eginikoak. Hau da, lehen hiruhilekotik alarma egoerako bi aste soilik hartu ditu aintzat. Beraz, gaurko datuak tentuz irakurri beharrekoak dira.
LABetik behin baino gehiagotan salatu dugu 2008ko krisiaren ondorioz harturiko erabakiek utzi dituzten ondorioak. Gobernuetatik eratorritako neurriek kapital handien interesak defendatu zituzten langileen bizkar, eta horrelakoa izan da hurrengo urteetan sortu den lan merkatua Euskal Herrian: behin behinekotasun tasa altuak, prekaritatea hedatuta, jendartearen baitako arrakalak izugarri zabalduta (emakume eta gizonen artekoa, soldata altuenak eta apalenak dituztenen artekoa…) eta horren guztiaren ondorioz pobrezia hedatu zaigu Euskal Herrian.
Lan merkatu honekin egin behar diogu orain aurre egoera berria uzten ari den egoerari. Astez aste langabezia igotzen ari da eta baita ABEEEtan dagoen langileen kopurua ere. Ekonomia ezkutuan lan egiten duten pertsonek gero eta zailtasun handiagoak dituzte euren bizitza aurrera ateratzeko, errealitatea gero eta gordinagoa ari zaigu bihurtzen.
Biztanleria Aktiboaren Inkesta (BAI) behatuz Hego Euskal Herrian lehen hiruhilekoan aurrekoarekin alderatuta 6.700 lagun gutxiago daudela okupatuta ikus dezakegu. Langabetu kopuruari dagokionez, 6.400 langabetu gehiago ditugu aipatu denbora tartean.
BAIk behin-behinekotasunaren argazki argigarri bat ekarri digu gaurkoan ere, izan ere, enplegua galtzen lehenak behin-behineko kontratadun langileak izan badira ere, behinbehinekotasun tasa izugarriekin jarraitu dugu urteko lehen hiruhilekoan: %23,5ak du behin-behineko kontratua Hego Euskal Herrian. Emakumezkoen kasuan tasa hau %26,5era igotzen da.
Datu hauek hilabeteka behatzea ezinezko zaigunez, Gizarte Segurantzako afiliazio datuetan oinarritu gara martxoko azken bi asteetako amildegiaren dimentsiora hurbildu ahal izateko. Izan ere, Otsaila bukaerako datuak martxo bukaerakoekin alderatuz gero, ikusten dugu 28.302 pertsona gutxiago dagoela altan Gizarte Segurantzan, %2,8 gutxiago.
Bestetik, datu hauei ABEEtan dauden langile kopurua gehitu behar zaie, behinbehineko langabezia egoeran daudenak. Martxo bukaerako datuetatik asko igo da langile kopurua, izan ere, 250.734 pertsona daude Hego Euskal Herrian.
Datu hauek argi erakusten dute krisi honi aurre egiteko martxan jarri diren neurri hauekin jarraituz gero enpleguaren galera izugarria izango dela eta horrek, aurreko krisian bezala, prekarietate eta pobrezia egoerak zabaltzea azkartuko duela. Pertsonen beharrizanak lehen lerroan kokatuko dituen eredu baten eraikuntza da honi aurre egiteko modu bakarra. Euskal
Espainiako Gobernu Ordezkaritzak debekatu egin ditu LAB sindikatuak Maiatzaren Lehenerako Nafarroan zituen lau auto karabana. Mobilizazio horiek Iruñerrian, Estellerrian, Tafallaldean eta Sakanan egitekoak ziren, COVID-19 pandemiaren inguruko kudeaketa instituzionala salatu eta bizitzaren sostengarritasuna erdigunean kokatuko duen eredu ekonomiko eta sozial berria aldarrikatzeko. LABek helegitea jarri dio debekuari.
Aipatutako auto karabanek sindikatuaren lan osasunaren arloak zehaztutako protokolo zorrotzaren arabera zeuden antolatuak: gehienez 20 ibilgailu, gidari bat ibilgailu bakoitzeko, materialaren jasotze eta itzulera segurua, eta abar. Era berean, alarma egoerak ezarritako baldintzak aintzat hartuz antolatu dira karabanak: lan egiteko kalera ateratzea legezkoa da eta jarduera sindikala lantzat hartzen da.
Alabaina, Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkaritzak lau auto karabanak debekatu ditu, modu erabat arbitrarioan, abusuzkoan eta antidemokratikoan. Apirilaren 30ean milaka lagun bere autoekin lantokira joan eta kasu askotan 8 orduz beharrezkoak diren segurtasun neurririk gabe lanean egongo diren bitartean, Maiatzaren Lehenean 20 autok segurtasun neurriak betez karabana bat egin dezaten debekatzea ulertezina da. Botere-abusu argi bat da, lanean segurtasun eta osasun neurriak ez betetzeagatik lantokirik batere zigortu ez den bitartean, segurtasun neurriak betetzen dituen jarduera bat debekatzen baita. Eta, alarma egoeran egonda ere, indarrean jarraitzen duten eskubide demokratikoen aurka egindako eraso larria da.
Aipatutako hauek ez dira debekatutako ekitaldi bakarrak: ezagutzera eman duten bezala, CGT, ESK, Solidari eta STEILAS sindikatuek egun berean Iruñeko Errekoleten plazan antolatutako ekitaldi sinbolikoa ere debekatu du Gobernu Ordezkaritzak. Kasu horretan, sei lagun baino gutxiago elkartzea debekatu dute, nahiz eta beste jarduera batzuetarako eskatzen diren segurtasun neurri guztiak bete.
Era berean, gogoratu behar da pasa den astean Huerta de Peraltako langileek deitutako elkarretaratze bat debekatu zuela Gobernu Ordezkaritzak, aipatutako agintekeria berberarekin: lantokiaren barruan lan egin bai, baina lantokiaren sarreran protesta egin ez, nahiz eta segurtasun-neurriak bete.
Debeku hauek guztiak onartezinak dira eta ez dute zerikusirik osasun irizpideekin. Covid-19ari aurre egiteko aitzakian, zentralismoa, autoritarismoa eta kontrol soziala inposatzen ari dela nabarmena da.
Auzitegien aurrean helegitea jarri dugu, auto karabanen debekua bertan behera gera dadin eskatuz. Era berean, Nafarroako eragile sozial, sindikal eta politikoekin mintzatuko gara, gertakari larri hauen neurriko erantzun bat adosteko asmoz.
Apirilaren 28aren etorrerarekin, Laneko Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Eguna dela eta, hainbat eta hainbat mobilizazio egin ditugu Hego Euskal Herriko lantokietan, euskal gehiengo sindikalak deituta (irudi galeria). Koronabirusaren krisiak eta ezarri diguten salbuespen egoerak baldintzatuta etorri da Salaketa Eguna, "Lan osasuna bermatu, bizitza defendatu" leloarekin. Aurten Euskal Herrian hil egin diren 29 langileak izan ditugu gogoan, eta, horiekin batera, Zaldibarren desagertuta jarraitzen duten Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran. Hain zuzen ere, Zaldibarreko zabortegiaren aurrean egn dugu eguneko mobilizazio nagusietako bat.
LABeko Lan Osasuneko arduradun Lurdes Erasok hartu du hitza Zaldibarren, bertako zabortegiaren atarian, non Alberto Sololuzek eta Joaquin Beltranek desagertuta jarraitzen duten otsailaren 6az geroztik. Erasok azaldu du lan osasunak okerrera egiten jarraitzen duela, azken asteotako gertaerak lekuko. Izan ere, Euskal Herrian, gutxienez, 29 langile hil egin dira aurten; bi langile desagertuta daude Zaldibarren; eta koronabirusak jota lau langile zendu dira. Honek argi uzten du, LABeko ordezkariaren hitzetan, patronalak eta erakundeek interes ekonomikoak lehenesten dituztela langileen osasunaren gainetik. Lan gaixotasunek ere nabarmen gora egin dutela adierazi du.
Lurdes Erasoren arabera, "langileak abandonatuta sentitzen gara. Langileak bakarrik utzi gaituzte". Egungo pandemia egoeran langileak gaixotzera bidali dituztela lanera salatu du, babesik gabe; oinarrizkoak diren jardueretako langileen kasua, adibide.
Egoerak erakutsi du zerbitzu publikoak indartzeko garaia dela, LABeko kidearen esanetan; pribatizazioekin amaitzeko garaia dela, alegia: "Pandemia amaitu egingo da, baina sindikatuok borrokan jarraituko dugu beste eredu bat eraikitzeko, non bizitza erdigunean egon behar duen. Borrokatuko dugu erakundeak bide horretan jartzeko".
Gaur, 2020ko apirilaren 27an, LAB sindikatuak errekerimendu bat erregistratu du Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuan, modu presentzialean berma dezan Volkswagenek azpikontrataturik dituen enpresetan, bai eta haren enpresa hornitzaileetan ere, COVID-19ren aurkako segurtasun-neurriak aplikatzen ari direla.
Azpikontrataturiko enpresak eta VW Nafarroaren hornitzaileak ahaztuak dira berriro ere, eta, horregatik, LABek langile guztien segurtasuna zaintzeko eskatu dio Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuari.
Kontuan hartu behar da langile horiek beren eskubideak defendatzeko dituzten zailtasun gehigarriak, azpikontratazioak dakarren prekaritatearen ondorioz. LABek beti defendatu izan du langile horiek subrogatu egin behar direla prekaritate horrekin amaitzeko neurri gisa, baina hori gauzatu arte, behin eta berriz eskatu dugu, eta eskatzen jarraituko dugu, azpikontratetako eta hornitzaileetako langile guztien osasuna berma dezala Volkswagenek. Ezin baitugu ahaztu langile horien osasuna ere VW Nafarroaren erantzukizuna dela.
Apirilaren 28an Laneko Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Eguna da, urtero legez. COVID19aren krisiak eta ezarri diguten salbuespen egoerak baldintzatuta izango da aurtengoan. Salaketa Eguna egingo dugu, "Lan osasuna bermatu, bizitza defendtu" leloarekin, euskal gehiengo sindikala osatzen dugun sindikatuok batuta.
Azken hilabeteek irakasgai argia utzi digute, berriz ere. Gobernuentzat eta kapitalarentzat gure bizitzak duen balioa agerian geratu da. Beharrezko denean kapitalaren mesedetan gure bizitzak arriskuan jartzeko prest dira, eta gertatzen ari da:
– Hala gertatu zen Zaldibarren zabortegiak bi langile lurperatu zituenean.
– Berdin COVID-19arekin lanean kutsatu eta hil diren langileekin, lanean kutsatu direnekin edo kutsatu diren langileen senideekin.
– Arrazoi bera dago Hego Euskal Herrian aurten lan istripuan eta gaixotasun profesionalen ondorioz hildako langile guztien atzean.
Gure lan osasuna bermatzeko baliabide nahikorik gabe lan egitera behartzen gaituzte egunero, kapitalaren interesak lehenesten dituzte, langileon osasunaren gainetik.
Bizitza eta kapitalaren artean aukeratzeko momentua iristean, ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru Etxalde eta CGT (Nafarroa) sindikatuok argi dugu, lehenbizi bizitza, eta ondoren beste guztia. Osasunik gabe, bizitzeko eskubidea bermatu gabe, ez dago beste ezer. Heriotza dakarren lanak ez du lana izaterik merezi. Are gehiago, soilik osasuna bermatuta duen gizarte batek izango du aukera jarduera ekonomiko arrunta izateko.
Krisi honetan langile guztion osasuna arriskuan jarri dute. Funtsezko zerbitzuetan ari diren osasunlangileena, zaintza esparruko langileena, garbitzaileena, garraioan dabiltzanena, elikadura saltzaileena, farmazietako langileena, gasolindegietakoena, … arriskuan jarri dute, babes-neurririk gabe lan egiteak bizitza arriskuan jartzea baitakar. Zenbat pertsona gaixotu edota hil dira egoera honetan lan egiteagatik, langile horiekin bizitzeagatik edo langile horiek artatuta? Arriskuan jarri dituzte ere, funtsezkoak ez diren sektoreetako langileak, prebentzio neurri egokirik gabe lan egitera behartu dituztenean, bestelako mugimendu guztiak erabat debekatuta zeuden bitartean. Langileon bizitza kalean erabat kontrolatuta egon da, baina lanean gure bizitza arriskuan zenean ez da ikuskaririk etorri, bakarrik utzi gaituzte eta hala aritu behar izan dugu lana geldiarazten oinarrizko segurtasun neurriak ematen ez zirenean.
Koronabirusaren krisia igaroko da noizbait, eta orduan gizarte moduan lehentasun berriak ezarri beharko ditugu. Sindikatuok bizitza jarriko dugu erdigunean. Eta, orduan ere, instituzioentzat bizitzak lehentasun izan daitezen mobilizatu beharko dugu, besteak beste, lanean gure bizitzak behar bezala zaindu daitezen Ikuskaritzarako behar besteko baliabide izan dadin.
APIRILAK 28: SALAKETA EGUNA Zer egin?
Oinarrizko zerbitzuetan babes neurri egokirik eta nahikorik gabe ari garenok, gainerako eremuetan osasunaren bermerako planik edota neurri egokirik gabe ari garenok, mobiliza gaitezen, gure lan osasunaren kontrako praktikak salatzeko, segurtasun neurri guztiak hartuta:
LANTOKIETAN
– Mobilizazioak sustatuz: elkarretaratzea, isilunea, eserialdia… distantzia ziurtatuta bilduz, eta kartela eskuan hartuta, lan zentroen aurrean mobilizatzera dei egiten dizuegu. Argazkiak atera eta zabaldu #BizitzaDefendatu traola erabilita.
– Bideoekin: kartelak eskuan, grabatu bideo laburrak lan osasunarekin lotutako zuen aldarrikapen eta salaketak egiteko, eta zabaldu #BizitzaDefendatu traola erabilita.
ETXEAN
– Argazki eta bideoekin: grabatu bideo labur zuen osasuna bermatzeko egin nahi duzuen salaketa edo aldarrikapena adieraziz, eta zabaldu sare sozialetan #BizitzaDefendatu traola erabilita.
– Xingola beltzak leiho eta balkoietan. Zintzilikatu balkoi edo leihotik xingola beltz bat, lanagatik hil edo gaixotu direnekin elkartasuna adierazteko eta egoera hauek salatzeko.
Alarma egoera ezarri zenetik, langileon osasuna ez zegoela neurri politikoen erdigunean salatu dugu behin eta berriro, instituzioak ez dabiltzala egoerak eskatzen duen erantzukizunez erantzuten. Oinarrizko Zerbitzuak alboratu dituzte eta, ondorioz, bertan lanean dabiltzan langileak, produkzioa eta multinazional handien kapitala babestuz. Horren adibide argia da azken egunotan Arantza Tapia kontseilaria produkzioa berriro martxan jarri izana eta beraiek sortu duten aktibitatea berriro martxan jartzeko Gidaren arrakasta goraipatuz entzun dugula behin eta berriro, porrot hutsa izan denean. Honen inguruan aritu da Industria Federazioko idazkari Eulate Zilonizaurrekoetxea.
LAB sindikatuak COVIK19-aren aurkako 160 ekintza Plan jaso ditu, Bizkaia, Araba eta Gipuzkoan industria eta eraikuntzako 5.200 enpresa inguru daudenean. Hori zen Eusko Jaurlaritzaren Gidan aktibitatea berriro martxan jartzeko jasotzen zuen neurrietariko bat. Horietatik %11-k jaso du gure teknikarien onarpena, Jaurlaritzak bere Gidan zerrendatzen zituen ezaugarriak soilik kontutan izanda. Beste %20 batek zuzenketa edo hobekuntzaren bat behar du, eta hori enpresetan jakinarazten ari gara. Gainerakoak onartezinak dira, bai guztiz ez nahikoak direlako (%34) edota kasu asko eta askotan Gobernu Espainolaren edota Jaurlaritzaren Gidako neurriak bere horretan kopiatu dituztelako (%35). Hau da, aholku orokorrak dira lan zentro bakoitzeko behar eta errealitatera egokitu gabekoak. Beraz ez dute ezertarako balio. Hau da, begiratu ditugun Planen %69-a oso orokorrak eta ez nahikoak dira; garbiketa eta desinfekzio neurri zehatzik gabe, EPIen erabilera zehaztu gabe, norbanakoentzako neurriekin, baina enpresari eragiten dioten neurri kolektiborik gabekoak, lanaren antolaketan erabakirik hartu gabe.
Eusko Jaurlaritzak aurkeztu zuen Gida porrot izugarria da. Utzikeria horren aurrean, langileen ekarpen eta eskaerek, eta enpresaz enpresa egiten ari den lan sindikal eta borrokak, beharrezko prebentzio eta segurtasun neurriak erdiestea ekarri dute toki askotan, baina zoritxarrez ez da horrela enpresa guztietan. LAB sindikatuarentzako ez da egon Eusko Jaurlaritzaren Gida zintzorik, beste behin era marketing eta publizitate saio bat izanda, Covid19-aren kudeaketan erakusten ari diren ezgaitasunaren aurrean aurpegi zuriketa ahalegin berri bat.
Enpresetan hartu diren eta hartzen ari diren neurriak ez dira Gida horren ondorio izan, datuak argi adierazten dute hori, baizik eta langileek enpresetan eragiteko izan duten gaitasunaren ondorio. Konpromiso eta borroka horren ondorioz, nahiz eta enpresa askotan planik ez egon, Covid19-aren aurkako neurriak hartzen ari dira, baina batez ere enpresa handietan. Arazo handia dago, ordea, enpresa ertain eta txikietan, ez baitute ez Planik ezta neurririk ere ez (edota guztiz ez nahikoak dira).
Berriro ere, onartezina da Eusko Jaurlaritzaren ardura falta, patronalaren eskutik, datu errealak ezkutatu dituzte; baina, gainera, gezurra goraipatu dute, enpresetan oso ondo dabiltzala Planei esker eta beraien Gida oso arrakastatsua izan dela diote. Administrazioko zenbat teknikarik egin diote jarraipena edo begiratu dute langileen laneko egoera zein den? Zenbat txosten edo azterketa daude eginda?
Arazoa are eta larriagoa da ordezkaritza sindikalik ez dagoen enpresetan, langileak guztiz abandonatuta daude. Datu bezala, Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako enpresen %65ean ez dagoela ordezkaritza sindikalik esan behar da, eta gehien-gehienak enpresa txikiak direla. Astebete baino gehiago da, Eusko Jaurlaritzak kontaktu bat eskatu ziguna ordezkaritzarik gabeko enpresetan Planak negoziatzeko. Baina, ez da eskaera bakar bat ere egon gerora Eusko Jaurlaritzatik, eta Komisio bat bera ere ez da sortu. Hau da, ordezkaritzarik gabeko enpresa batek ere ez du Prebentzio Plana negoziatzeko eskaerarik egin. Zer gertatzen ari da ordezkaritzarik ez dagoen eta Covid19-aren aurkako Planik ez daukaten enpresa horietan guztietan?
Azken asteotan, neurri ezberdinak bete ez izanagatik, hainbat salaketa jarri ditugu; beraien konpetentzia ez dela jaso dugu erantzunetan eta, oraindik ere, asko eta askotan erantzunaren zain gaude. 4 erantzun soilik jaso ditugu eta horietatik hirutan ez dira gaia aztertzera sartu. Oinarrizko ez diren aktibitateak berriro ere martxan daude, baina nola da posible oraindik aktibitatea martxan egon zitekeen edo ez erantzun gabe egotea?
Patronalaren mesedetan ari dira jokatzen berriro. Salaketak jartzeko mekanismoek ez dute erantzuten, berandu dabiltza eta ditugunetan, enpresetan gertatzen dena bertatik bertara ikusi gabe idatzitako ebazpenak izan dira. Ez da inspektore baten arazoa, erabaki politikoa da. Zenbat ofiziozko jarduketa egon dira alarma egoera ezarri zenetik? Behin eta berriro esan dugu Lan Ikuskaritza zein Osalanen langile gehiago behar direla; bestela langileak lan zentrotan dauden bitartean, inspektoreek telefono bidezko harremana besterik ez dutelako. Osalanek salaketak jaso, baina arazoak konpondu gabe jarraitzen du. Noren aurrean eta zertarako egin behar ditugu salaketak hau bada ondorioa? Instituzioak beste alde batera begira daude arazo larri honen aurrean. Guk, bestalde, lan zentroetan borrokan jarraituko dugu.
Honengatik guztiagatik:
1. Eusko Jaurlaritzari langileen osasun egoeraren jarraipena egiteko beharrezko neurriak har ditzala exijitzen diogu, baita datu horiek guztiak publiko egin ditzala ere. Covid19-aren aurkako zenbat Plan daude Bizkaia, Araba eta Gipuzkoan? Zenbat inspektore daude aktiboan herrialde bakoitzean? Gure kaleak kolore guztietako poliziaz beteta ikusten ditugun egun hauetan, ez ditugu ez inspekzioko ez Osalan-eko ezta Gobernuaren funtzionariorik langileen osasuna berma dadin enpresetan ikuskatzeak egiten.
2. Argi esan dezatela, zein neurri eta zein zigor egongo diren Covid-19aren aurkako Plan duinak eta osatuak ez dituzten enpresetarako. Baita, egunak lanean ibilita ere, oraindik Planik ez dukaten enpresetarako ere?
3. “Faltsua de osasuna versus ekonomia eztabaida, biak bermatzea posible da” Arantza Tapiak esana; “ ez Ikuskaritzak ezta Osalanek ere, ez dute momentu honetara arte salaketarik jaso” Maria Jesus San Josek esana edota “gurasooi arduraz jokatzeko” larunbat honetan bertan Nekane Murgak esanak, edo ezgaitasun eta ikusmira politiko eza edota egiak desitxuratzea dakarte. Bizi dugun egoera honetan, bata zein bestea, oso larriak dira eta dimisioa aurkezteko arrazoia.
Arantza Tapiak ondo daki, eztabaida beti egon dela, eta erreala eta beharrezkoa dela. Inbertsio gutxiago AHT-ko lanetarako eta gehiago zahar egoitza eta ospitaletara; baina orain eztabaida inoiz baino beharrezkoa da. Eta Nekane Murgari, ozen esan nahi diogu, etxe zein lan zentroetan daukagun ardura indibidual zein kolektiboa eredugarria izaten ari dela; zoritxarrez ez dago maila berean Gobernuak hartzen dituen erabakiak eta lehentasunak. Patronal handien eskutik daudela argi ikusten da.
Finean, Eusko Jaurlaritzak aukera ezin hobea galdu du Prebentzio Plan duinak bermatzeko ez ohiko neurriak ezartzeko; enpresak kontrolatu beharra zeukan, baina, argi dago, ez duela nahi.
Gaur, apirilak 26, Ikusgarritasun Lesbikoaren Egunean, lesbianak jendartean eta, batez ere, lantokietan ikusgarri izatea aldarrikatzen dugu LABetik. Lesbianek ezkutatutak eta eklipsatuak ikusi izan ditugu gure buruak eguneroko bizitzan eta jendartean, beste kolektibo batzuen aurrean, ikusezin egin gaituztelako.
Lesbianek lan-eremuan bizi dugun egoera ez da inoiz erraza izan. Enplegua lortzen dugunean, hau feminizatua da eta, beraz, lan-prekarietate handiagokoa. Ikusgarri egitea erabakitzen dugunok, askotan, arbuioa, diskriminazioa, sexu-jazarpena edota kaleratzeak jasaten ditugu. Sistema kapitalista, patriarkal eta heteronormatiboak zeharkatzen duen mundu batean libre bizitzea zaila da, eta askorentzat ezinezkoa.
Gaur egun, krisi-egoera honetan, pairatzen genuen diskriminazio-egoera larriagotzen duen egoera honetan, argi utzi nahi dugu lan-merkatutik kanporatuak izan ez garenak funtsezko zerbitzuetan ari garela lanean; lanean eta gure osasuna babesteko benetako neurririk ez dugula salatuz; jasaten dugun diskriminazio ekonomikoa salatuz; eta lan munduan eta jendartean bizi dugun existentzia eza salatuz. Osasun-langileak gara, etxeko langileak, garbitzaileak, egoitzetako langileak, supermerkatuetako kutxazainak, lesbianak gara eta, beraz, leku guztietan gaude.
Gaur sistema kapitalista heteropatriarkala da krisian dagoena, errentagarriak ez garela esaten zaigun sistema bera. Gaur ere bada eguna osasun-krisia deiturikoaren kontura elite politiko-ekonomikoek lesbianak are gehiago zapaldu, prekarizatu eta txirotzea onartuko ez duguna. Beraz, lesbianon ikusgarritasunaren borrokan eta gure desio, gorputzak eta identitateak lanean eta esparru guztietan askatasunez eta duintasunez bizi ahal izateko aldarrian berresten gara, zein aldaketa sozial eta ekonomiko erradikalaren aldeko borrokan ere.
Gasteizko Caser Zahar egoitzako langile bat hil zen atzo, koronabirusaren ondorioz. Lan heriotza hau salatzeko elkarretaratzera deitu dugu euskal gehiengo sindikaletik gaur eguerdirako, Gasteizko helduen egoitza guztien aurrean. Dagoeneko lau langile hil egin dira koronabirusak jota. Aurten, gutxienez 29 langilek galdu dute bizia lanean eta beste bik, Albertok eta Joaquinek, desagertuta jarraitzen dute Zaldibarreko zabortegian.
LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk Maiatzaren Lehenean egingo ditugun ekimenen berri eman du, sindikatuak luzatuko dituen aldarriekin batera. Osasungintzako hainbat langilek lagunduta egin du agerraldia, oinarrizko zerbitzuetan lehen lerroan ari direnen lana aitortzeko. Testuinguru berezian gauzatuko dugu aurten Maiatzaren Lehena, ezingo gara modu normalizatu batean mobilizatu, baina gure aldarriak oso presente izango dira, "Bizitza erdigunera, nuestro trabajo transforma el mundo" leloarekin. Auto karabanak, streaming bidezko jarduerak eta balkoietako protestak egingo ditugu, besteak beste.
"Ez gara txaloetara mugatzen, gure konpromisoa sendoa da. Lan egiten jarraituko dugu langileen osasuna, bizitza eta lan baldintza duinak bermatzeko". Garbiñe Aranbururen hitzak dira hauek, Maiatzaren Lehenerako antolatutako ekimenen berri emateko egindako agerraldian esandakoak.
Hain zuzen ere, adierazi du aurtengo Maiatzaren Lehena oso egoera berezian datorrela, koronabirusaren krisia dela eta: "Ezingo gara mobilizatu modu normalizatu batean, baina langile klasearen harrotasuna nabarmenduko dugu, klase sentimendua, gure lana mundua eraldatzea baita".
Garbiñe Aranbururen hitzetan, "krisi honetan agerian geratzen ari da klase borroka inoiz baino biziago dagoela. Koronabirusak denon osasunean eragiten du, baina azken urteetako austeritate politikek ez digute denoi berdin eragin. Ez da gauza bera konfinamendua lorategia duen etxe batean igarotzea edo leihorik gabeko pisu batean. Ez da gauza bera lanpostua galdu duenarentzat edo prekarietate egoeran dagoenarentzat. Batzuentzat hilabete bukaerara iristea da kezka; beste batzuentzat kontsumizera edo oporretara noiz irtengo diren ala ez jakitea".
Pandemiari aurre egiteko hartutako neurriek ere ez digute berdin eragiten: "Patronalaren neurrira egindako konfinamendu bat ari gara bizitzen. Ez da egia ezarri nahi duten dikotomia. Dikotomia osasuna eta gehiengo sozialaren bizitza eta gutxiengo baten interesen artean dago. Langile klasea babestu, kapitalaren interesen aurrean. Berriro ere agerian geratu da kapitala eta bizitzaren arteko gatazka".
Gehiegi itxaron zen oinarrizkoa ez den jarduera oro eteteko eta presa gehiegi dago aktibitatera itzultzeko: "Pertsonen osasuna eta beharrak lehentasun dituen itzulera nahi dugu, kapitalaren interesen gainetik".
Eta bai, normaltasun berri bat nahi dugu: "Ez dugu nahi kapitalismoa oinarri duen normaltasunera itzuli, non ezinezkoa den bizitza duin bat garatzea eta non planeta suntsitzen den. Horregatik, Maiatzaren Lehenean bizitza erdigunean jarriko duen eredu bat nahi dugula aldarrikatuko dugu".
Eredu alternatibo horrek oinarri hauek izan behar ditu: zerbitzu publiko indartsu bat, osasun eta zaintza sistema publikoarekin; enpleguaren bermea eta babes sozialerako sistema duin bat; produkzio eta kontsumo ereduaren aldaketa; bidezko politika fiskal bat; eta eredu berriaren erabakia Euskal Herrian bertan hartzea.
Aurreikusitako ekimenak Maiatzaren Lehenean oso presente izango ditugu aldarri hauek guztiak. Auto karabana bat egingo dugu, streaming bidezko jarduerak eta balkoietako protestak, besteak beste. Azken honetarako, gehiengo sindikaletik atzo aurkeztutako ikur bateratua zintzilikatuko dugu etxeetan.
Hauxe da Maiatzaren Lehenerako egitaraua:
-10:30. Mobilizazio ibiltaria. Auto-karabanak -11:30. Streaming bidezko emisioaren hasiera. Dokumentalak, mahai ingurua… -12:30. Ekitaldi nagusia. LABen mezua. -Arratsaldea bitarte luzatuko da emisioa, egun osoko egitaraua osatuz.