2026-02-01
Blog Page 557

Arreta-ratio egokiak aldarrikatu ditugu helduen egoitzetarako, kalitatezko zerbitzua bermatu ahal izateko

Elkarretaratzea egin dugu Eusko Jaurlaritzaren Bilboko egoitzaren aurrean, adinekoen egoitzetan ratio egokiak aldarrikatuz. Jaurlaritzaren dekretuaren balorazioa egin dugu, zaintza duina aldarrikatzearekin batera. Era berean, urtarrilaren 30eko Greba Orokorrera deitu dugu.

Sistema kapitalista heteropatriarkalak bigarren maila batean uzten ditu emakumeok egiten ditugun jarduerak. Horregatik, gaur egun oraindik ere alde nabarmena dago lan bati edo besteari ematen zaion balioan, lan hori egiten duena gizona edo emakumea den kontuan hartuta, eta lan horiei bestelako aintzatespen soziala emateaz gain. Hori da zainketen kasua.

Zaintzaile gisa dugun enplegua ez dago ez baloratuta ez aitortuta, ezta antzeko lan maskulinizatuen pareko ordainsaririk ere, eta, horregatik, gure lan-baldintzak eta lan-kargak jasanezinak dira.

Garbitzea, janaria prestatzea, zaintzea, elikatzea … dira gutxien ezagutzen diren lanak, baina, aldi berean, pertsonen biziraupenerako eta ongizaterako beharrezkoenak. Bizitzaren iraunkortasunerako funtsezko eta egiturazko lanak dira, merkantilizatu direnak eta gaizki ordaindutako eta baldintza txarretan dauden enplegu bihurtu direnak, bigarren mailakotzat eta osagarritzat jotzen direlako. Lan horiek ikusezin bihurtu, pribatizatu, prekarizatu eta feminizatu egin dira, duten balio sozial guztia kenduz eta ugalketa sozialerako ezinbestekoak direla alde batera utzita.

Adinekoentzako egoitza-zentroak mendekotasuna duten pertsonentzako baliabide bat dira, eta prestazio batzuk jasotzeko eskubidea dute, eguneroko bizitzako oinarrizko jarduerei aurre egiteko dituzten mugak direla-eta. Profesionalen kopuruak eta erabiltzaileei emandako denborak erabiltzaileen eta langileen eskubideekiko betetze-maila zehazten dute.

Hirugarren adinekoen egoitza-zentroetako narriadura-egoera kezkagarria da, bai lanari bai laguntzari dagokienez. Arretaren kalitate eskasa emakume langileen lan-baldintza eskasei dagokie. Erakunde publikoek zaintza-eredu asistentzialista eta pribatu baten alde egin dute, eta zeregin horiek guztiak, beste behin ere, emakumeei egokitu zaizkie, funtsezko behar hori enpresa garrantzitsuentzako negozio bikaina bihurtuz. Hori diru publikoaren kontura, emakume langileen baldintza kaskarren kontura eta zerbitzuen kalitate txarraren kontura.

LAB sindikatua aspalditik ari da egiturazko egoera hori salatzen, eta agerian uzten du ezartzen zaigun soldata-arrakala ez dela kasualitatea, zaintza-lanen gaineko gizarte-erantzukizunik eza eta haien banaketa bidegabea, etxeko langileen lan-eskubiderik eza, lanaren sexu-banaketa, gizarte-zerbitzuetako murrizketak, zaintzera "behartzen" gaituztenak, emakumeok enpleguan dugun baldintzarik okerrena. Mugimendu feministarekin batera bi greba feminista deitu ditugu. Gogorarazi behar da, halaber, 14.000 sinadura baino gehiago bildu ditugula, gizarte-zerbitzu guztiak behar bezala arautu behar direla bermatzen dutenak. Bertan, arreta-ratio nahikoak jaso behar dira, bai kopuruari dagokionez, bai kategoriei dagokienez, bai aurrez aurre, zerbitzuen antolaketa erabiltzaileen premietara eta langileen lan-eskubideetara egokitua izan dadin bermatuz, eta lan-osasunaren sustapena bermatuz.

Ildo horretan, Eusko Legebiltzarrak 2016an Eusko Jaurlaritzari eskatu zion eguneratu zitzala gizarte-prestazioak eta -zerbitzuak arautzen dituzten dekretuak, non ratioak eta langileei datxezkien beste gai batzuk arautzen baitira. Eta eskatu zuen idazketa horretan erabiltzaileen ordezkarien eta lan-kontratuko langileen parte-hartze teknikoa izatea, bai eta kalitatezko zerbitzu publikoak eta langileentzako lan-baldintza duinak bermatzea ere.

Hala ere, Eusko Jaurlaritzak hirugarren adinekoentzako egoitza-zentroetarako dekretu bat onartu zuen duela bost hilabete, langileen eta erabiltzaileen parte-hartzerik gabe. aurkeztu ziren alegazioak ere ez zituen kontuan hartu. Dekretuan ezarritako arreta-ratioek ez dakarte langile-gehikuntzarik, eta ez dute ezartzen aurrez aurreko ratio bat, kategorien araberakoa eta erabiltzaileen benetako profilak kontuan hartzen dituena. Enplegu eta Gizarte politiketako Sailaren txosten juridikoak berak ohartarazten zuen ezarritako ratioak ezartzeko justifikaziorik eta objektibaziorik eza.

Ezarritako arreta-ratio horiek eragotzi egiten dute erabiltzaileen eta langileen eskubideak betetzea, eta lan-erritmo eta lan-karga handiengatik lan-arrisku larriak izatera kondenatzen dituzte.

Hirugarren adinekoen egoitza-zentroak gatazka-eremu bizia eta iraunkorra dira zerbitzua jasotzen eta ematen dutenen eta kudeatzen dutenen eta titular direnen artean. Eusko Legebiltzarrak berak berriro eskatu dio Eusko Jaurlaritzari dekretua alda dezala arreta egokia emateko, eta, besteak beste, arreta ratio egokiak ezar ditzala.

LAB sindikatutik Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu berma ditzala erabiltzaileek pertsonengan zentratutako esku-hartze bat jasotzeko dituzten eskubideak eta berma ditzala langileen eskubideak lan-baldintza ezin hobeetan, inolako lan-arriskurik eta prekarietate-faktorerik gabe. Hori guztia, kalitatezko zerbitzu integrala bermatzeko oinarri gisa.

Era berean, eta hirugarren adinekoentzako egoitza-zentroetan dagoen gatazka iraunkorraren ondorioz agertzen diren adierazpen eta bistaratze ugari kontuan hartuta, LAB sindikatuak beharrezkotzat jotzen du langileen eta erabiltzaileen artean indarrak batzea, interpelazio eta mobilizazio bateratuko dinamika batean bat eginez eta lankidetza-esparru bat sortuz, dinamiken eta borroken multzoa indartzeko.

Bide horretan, Gipuzkoako eta Bizkaiko senideen elkarteekin bilerak egin ditugu, eta dinamika honetan parte hartzeko interesa eta prestutasuna agertu digute. Hurrengo asteetan gogoeta bera egingo dugu sektorean ordezkaritza duten sindikatuekin.

Emakume langile eta erabiltzaile gisa borrokatzeko dugun gaitasunetik bakarrik lortuko ditugu kalitatezko zerbitzuak eta lan-baldintzak, osasunerako eskubidea bermatzen dutenak eta edozein prekarietate-faktoretik salbuetsita daudenak.

Urtarrilaren 30ean kalera aterako gara zigortu nahi gaituzten prekarietatearen aurka borrokatzeko, eta bultzada berri bat emango diegu emakume langileen egoera irauliko duten aldarrikapenei.

 

 

 

Garraiolari bat hil da Olaberriako Arcelor enpresan zamalanak egiten ari zenean, 2013. urtean lantegi berean izandako istripu hilgarriaren oso antzeko egoeran

Gaur, asteazkena, lan istripuz hildako langile berri baten heriotza salatu behar dugu. Olaberriako Arcelor enpresan gertatu da. LAB sindikatutik, lehenik eta behin, elkartasuna adierazi nahi diegu hildakoen senide, lagun, lankide eta gertuko guztiei. Modu berean gogor salatu nahi dugu heriotz berri honekin, Hego Euskal Herrian, 2020. urtea hasi berri den honetan, hildako zazpigarren langilea dela.

Lehen datuen arabera, hildako garraiolaria zamalanak egiten ari zen eta ibilgailua gainera etorri zaio, eta beste kamioi baten kontra zanpatu du. Garraiolaria berehala zendu da. Antzekotasun handiko beste istripu bat gertatu zen lantegi berean, Olaberrian, 2013an. Beste garraiolari bat hil zen orduan.

Hau guztia dela eta, LAB sindikatutik mobilizatzera dei egiten dugu, guztien artean, langile zein jendartean, sarraski hau geldiarazi dezagun. Non daude Gasteizko Gobernuko arduradunak heriotz hauek salatzeko? Zein aldaketa eta zein pauso emateko prest daude egoera eta eredu kriminal hau geldiarazteko.

Ondorengo orduetan erantzun zabal eta anitza artikulatzen saiatuko gara, jendarte zein enpresa eremu ezberdinetan.

 

 

 

Hego Euskal Herriko Hezkuntza Publikoko gehiengo sindikalak bat egin du urtarrilaren 30eko Greba Orokorraren deialdiarekin

0

Urtarrilaren 30erako Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta eginiko greba orokorraren deialdia dela eta, EAEko Hezkuntza Publikoan ia %90eko ordezkaritzaz gehiengo sindikala osatzen dugun LAB, STEILAS eta ELA sindikatuok ere bat egiten dugu lan, pentsio eta bizitza duinaren aldeko aldarriarekin. Bere aldetik, Nafarroako Hezkuntza Publikoko irakasle batzordean ere LAB, STEILAS eta ELAren aldeko bozka eta AFAPNAren abstentzioarekin aurrera atera da grebarako atxikipena.

Hego Euskal Herriko hezkuntza sistemako sektore guztietako langileei (irakasle, hezitzaile, sukaldari zein garbitzaileei) grebara batu, beraren arrazoien difusioan aktiboak izan eta greba-dinamika zein honen inguruko mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten diegu. Batetik, pentsioena denon afera delako, oraingo pentsiodunena nahiz etorkizunekoena. Bestetik, ondo dakigun bezala, lan baldintza duinen aldeko borroka zein kalitatezko zerbitzu publikoena eta bereziki hezkuntza publikoaren garapena ezinbesteko erronka dugulako, eta, azkenik, eskubide sozialak bermatu behar direlako.

Horregatik, grebari gure atxikimendua emanez, azken urteetako erreformak eta murrizketak atzean utzi eta soldata zein pentsio duinak, kalitatezko enplegua eta eskubide sozialak hemen erabakitzea exijitzen dugu.
 

 

 

Ontzat jo dugu Nafarroako Parlamentuak konpromisoa hartu izana gizarte zerbitzuen ratioak hobetzeko eta aurrekontuetan Esku-Hartze Sozialeko hitzarmenerako diru partida bat gordetzeko

Nafarroako Parlamentuaren aurrean mobilizatu gara, bertan eztabaida zegoen bitartean. Bada, sindikatuak azken urte eta hilabeteetan egin duen ekimen nekaezinaren ondorioz, gaur goizean mozio bat onartu dute, zerbitzu sozialen etoirkizunerako berebiziko garrantzia duten bi gai barnebiltzen dituena.

Lehenengo gaiak "ratioen dekretu" berriaren zirriborroa gizarte eragileekin negoziatzeko eskatu dio Nafarroako Gobernuari. 1991ko dekretu deseguneratua. Lau urte baino gehiago daramatzagu dekretu hori aldatzeko eskatzen. Gaur egun, desgaitasunari, adingabeei, familiari, hirugarren adinekoei eta gizarte-bazterkeriari aurre egiteko gizarte-zerbitzuetako plantillek gehiegizko lan-kargak dituzte, eta horrek haien osasuna kaltetzen du. Errealitate soziala izugarri aldatu da 30 urtean, eta gizarte zerbitzuek gaur egungo beharrei ematen dieten erantzuna eguneratu egin beharko litzateke.

Legebiltzarraren konpromisoa lortu ondoren, LAB sindikatuak Nafarroako Gobernuari eskatzen dio deitzeko, dekretu berria negoziatu ahal izan dezagun. Beharrezkoa da agendan jartzea, egutegia egitea eta lan egitea gizarte zerbitzuetan langile eskasia historia izan dadin. Gizarte-zerbitzuak eta horien kalitatea prekarietatean, langile-gabezian eta langileen osasun-galeran oinarritu ez daitezen.

Mozioan jorratutako gaietako bigarrenean, Parlamentuak Nafarroako Gobernuari eskatzen dio esku-hartze sozialeko sektoreko hitzarmenaren negoziazioan inplika dadila, baita 2020ko aurrekontuetan hori bermatu dezala ere, inplementatu ahal izateko.

Parlamentuko eztabaida baino lehen LABek talde guztiei eskatu zien jatorrizko mozioari bi zuzenketa egitea. Bi zuzenketok sartu zituzten, eta gaur onartu dituzte. Horien bidez Gobernua premiatzen da kontratuak edo itunak ekonomikoki egunera ditzan eta, halaber, baldintza-agiri berriek nahitaez bete beharrekoak jaso ditzaten.

Saioaren ondoren, pozez esan dezakegu gure bi proposamenak Na+, EH Bildu, Podemos eta I-E alderdien babesei esker onartu direla; bestalde, nahiz eta publikoki aldeko iritzia agertu, kezkaz ikusten dugu nola gaur PSN eta Geroa Bai abstenitu diren. Espero dugu Nafarroako Gobernuak gaurko akordioa aintzakotzat hartzea eta bere gain hartzea gaur egun lortu den parlamentu-agintaldi berria.
 

 

 

Ez lanean, ez inon, eraso sexistarik ez!

LABen Pikete feministak mobilizazioa egin du gaur Bilboko Azkuna Zentroan, Lanalden-eko langile batek bertan jasandako eraso sexistaren aurrean. Azkuna Zentroari eta Lanalden enpresari erantzukizunak har ditzatela eskatzen diegu, gertatutakoaren larritasuna onar dezatela eta berehalako neurriak har ditzatela, langile horiek behar duten babesgabetasunaren aurrean.

Abuztuaren 15ean, Lanalden enpresako langile batek sexu-erasoa jasan zuen Bilboko Azkuna Zentroko bere lanpostuan.

Erasoa eraikineko teilatuan gertatu zen. Erakusketa batera bidali zuten langilea, nahiz eta, bere lanpostuan, zeregin horretarako kontratatuta ez egon. Bakarrik zegoela aprobetxatuz, gizon bat oldartu zitzaion, eta emakume langilea erasotu zuen. Ondoren, emakumeak salaketa jarri zuen.

Hurrengo egunean langilea, berriro baldintza berdinetan, lanpostu berberera bidali zuten, inolako segurtasun neurririk hartu gabe, enpresa gisa zegokien erantzukizuna ukatuz, emakume horren ondorio psikologikoak eta segurtasun neurriak kontuan izan gabe.

LABetik salatu egin nahi dugu Azkuna Zentroak ez zuela gertatutakoaren berri eman, eta, beraz, azarora arte Lanalden-eko enpresa-batzordeak ez zuela bere lankideetako batek jasan zuen erasoaren berri izan, hau da, informazioa jasotzeko eta sindikatu-eginkizunak betetzeko eskubidea ukatuz.

Horren ondorioz, abuztuan erasoa gertatu zenetik, batzordeak gertatutakoaren berri izan eta neurriak hartzeko eskatu arte, lanpostu horretan zeuden langileak baldintza berberetan mantentzen jarraitu dute, inolako babesik gabe. Azkuna Zentroari eta Lanalden enpresari erantzukizunak har ditzatela eskatzen diegu, gertatutakoaren larritasuna onar dezatela eta berehalako neurriak har ditzatela, langile horiek behar duten babesgabetasunaren aurrean.

Salatu nahi dugu, halaber, Azkuna Zentroan sexu-eraso bat gertatu den arren, azken horrek ez diela langileei jakinarazten sexu-jazarpenen edo sexu-arrazoiengatiko jazarpenen aurkako protokoloari buruz, horrela, erasorik izanez gero, tresna eraginkorrez hornitzeko.

Ez da emakume batek bere lanpostuan sexu-eraso bat jasaten duen lehen aldia, baina gaur egun oraindik ez dugu beharrezko mekanismorik indarkeria matxista den gaitz horrek lan-munduan lekurik izan ez dezan.

Horregatik, LABek exijitzen du enpresak behartzea sexu-jazarpenaren eta sexuaren araberako jazarpenaren prebentzioan lan egiteko. Baita lantokiak indarkeria matxistarik eta diskriminaziorik gabeko gune bihur daitezen, langileen parte sozialarekin adostutako jarduera-protokoloak egiteko ere.

Guk borroka kolektibo honetan jarraituko dugu, saretuta, beste emakume batzuekin batera. Dei egiten diogu pikete feministari eraso honen aurrean estrategia bezala, horrela autodefentsa feminista aldarrikatuz erantzun zilegi bezala. Aurrean izango gaituzue, antolatuta, espazioak okupatuz eta enpresa eta erakundeek ezkutatu nahi dutena publikoki salatuz, lantokiak emakumeentzako gune seguruak eta erasorik gabekoak izan arte.

 

 

 

170 greba batzorde sortu dira eta 1.200 enpresak baino gehiagok eman diote atxikimendua Greba Orokorrari

0

LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk eta sindikatuko Komunikazio arduradun Maider Jauregik agerraldia egin dute urtarrilaren 30eko Greba Orokorrari begira egiten ari garen lanketaren harira. Hain zuzen ere, parte hartzea eta jasotako atxikimendu kopurua handia eta anitza izaten ari dela azaldu dugu. “Langile klasearen batasuna berrosatzen ari da”, nabarmendu du Garbiñe Aranburuk.

“Gero eta gehiago gara borrokaren balioan sinesten dugunak”. Halaxe adierazi du Garbiñe Aranburuk, urtarrilaren 30eko Greba Orokorrak jasotako babesa dela eta. 170 greba batzorde sortu dira, beste greba deialdietan baino gehiago, eta 1.200 enpresak baino gehiagok eman diote atxikimendua grebari (esanguratsuenak, hemen). Zerrenda luzea da; arlo publiko zein pribatu, hezkuntza, garraioa, industria, sektore feminizatuak… arlo desberdinetako enpresak daude atxikimenduen artean.

Garbiñe Aranbururen hitzetan, “bederatzi egun falta dira grebarako, eta baldintzak daude are eta jende gehiago batzeko oraindik”. LABeko idazkari nagusiak gogora ekarri du greba ez datorrela egun batetik bestera, “mobilizazio sozial indartsu baten ondoren dator, bizitza duinagoa posible egingo duen ereduaren defentsan egindakoa. Kolektibotasunean, langileen batasunean sinesten dugu. Balio honetan egin dugu bat”.

Greba Orokorra indargabetzeko saiakerak ere salatu ditu, patronala eta hainbat alderdi politiko eta sindikaturen aldetik, “kapitalaren interesak defendatzen dituztenen aldetik”. Hauek erakutsitako “urduritasuna eta ezinegona” bide egokian gaudenaren seinale direla berretsi du.

 

 

 

Esku hartze sozialeko hitzarmenerako aurrekontu duinak aldarrikatu ditugu Nafarroako Parlamentuaren aurrean

Ehun pertsona baino gehiago elkartu gara Nafarroako Parlamentuaren aitzinean eskatzeko zerbitzu soziokomunitarioko langile ratioak arautzen dituen dekretua hobetu dezatela eta Nafarroako 2020ko aurrekontuetan Esku-Hartze Sozialerako diru partida justua bidera dezatela.

Elkarretaratzean irakurritako testua:

Gaur, Nafarroako Parlamentuan, gure ustez funtsezkoak diren bi gai biltzen dituen mozioa aztertzen ari dira.

Lehenengo gaia, 1991ko ratioen dekretuaren aldaketa, profesionalen eta erabiltzaileen arteko kopurua arautzen duena.

Bigarrena, erakundeen inplikazioa eta konpromisoa Nafarroako esku-hartze sozialeko lehen hitzarmenarekin.

LABen aitzindariak gara bi aldarrikapenetan. Gure ahalegin guztia egiten ari gara, haiei irtenbidea emateak nabarmen hobetuko bailuke ematen diren zerbitzu publikoen kalitatea, enpleguaren kalitatea eta langileen osasuna.

Langilerik ezak sektorearentzat dituen arazoez jabeturik, 11.258 sinadura bildu ditugu 2016ko otsailean ratioen dekretua aldatzeko. Nafarroako Gobernuak hura aldatzeko konpromisoa hartu zuen, baina barruko kontu batean geratu zen, gizarte-eragileak kontuan hartu gabe.

Orduz geroztik, hainbat ekimen eta mobilizazio egin ditugu Gobernuari eguneratzeko eskatzeko. Ezgaitasuna, adin txikikoak, familia, hirugarren adina eta gizarte-bazterkeria artatzeko gizarte-zerbitzuetako plantillek gehiegizko lan-kargak dituzte, eta horrek gure osasuna kaltetzen du.

Gaur egun zirriborro bat dago, eta zirriborroa negoziatzeko eskatzen dugu, ahalik eta azkarren indarrean egon dadin.

Gure eskaera argia da: gure osasuna kaltetzen ez duten ratio duinak!

Gizartean esku hartzeko hitzarmenari dagokionez, hiru urte daramatzagu sindikatuekin, patronalarekin eta Administrazioarekin harremanak antolatzen. Joan den urteko apirilean negoziazio-mahaia irekitzea lortu genuen, baina, hala ere, ezinbestekotzat jotzen dugu Nafarroako Gobernuak aurrekontuko kontu-sailak biltzea hitzarmenaren hobekuntzei aurre egiteko.

Mila eta bat ekimen garatu ditugu Nafarroan prekarietatearekin amaitzeko esku-hartze sozialaren sektorean. Ez da bidezkoa lan araudirik ez izatea eta sektorean soldatak gutxitzea. Ezin da gizarte-zerbitzu pribatizaturik mantendu plantillen prekarietatearen bidez, horrela ez dago kalitatezko zerbitzurik!

Gure eskaera argia da: aurrekontu duinak esku-hartze sozialeko hitzarmenerako!

Inork ez digu ezer oparituko, lortzen ditugun hobekuntzak gure ahalegin eta borrokaren emaitza izango dira. Gobernuak eta ugazabek ez dute amore emango gure bultzadagatik eta behin eta berriz saiatzeagatik ez bada.

Guk badakigu zer nahi dugun eta zer kalte egiten digun. Gure lantokietan antolatzeko, hauteskunde sindikalak egiteko, afiliatzeko eta lan, pentsio eta bizitza duin baten alde borrokatzeko tresna da sindikatua. Urtarrilaren 30ean kaleak beteko ditugu.

Denok batera, lortuko dugu!

 

 

 

Osakidetzako Arabako ESIko zuzendaritzak nahiago du ustelkeria salatzen duena beldurtu, azalpenak eman baino

0

Urtarrilaren 16an, ohi bezala, LABeko kideak Gasteizko Santiago Apostol Ospitaleko sukaldean, sindikatu honek aurkitutako kontabilitate-irregulartasuna salatzeko kartelak jartzen ari zen. Asteak daramatzagu segurtasun-buruak kartel horiek erretiratzek erabiltzen duen bizkortasuna ikusten, gehienez 20 minutu egoten baitira jarrita. Urtarrilaren 16an segurtasun-buru hau kartelak gure aurrean kentzen hasi zen, guk jarri ahala. Probokazio egoera berria sortu zen, gure salaketa lan sindikala egiteari uztea bilatzen zuena, zigor-kaltea suposatu dezakeen eta negargarria den kudeaketa baten salaketa hain zuzen ere. Horregatik dago LABen salaketa, kartel horietan ez ezik, Arabako fiskaltzaren eskuetan ere.

Pertsonal-zuzendaria gu grabatzeko prest agertu zen ere, kartelak itsasten ari ginela, ohituta gaituen jarrera harro eta prepotentean. Ez zituen animoak baretu muturreko tentsio-egoera batean, baizik eta gure sindikatu-lana oztopatzen parte hartu. Nahiago genuke Araba ESIko zuzendaritzak 200.000 euroren desagerpenak suposatzen duen kasu larriaren aurrean azalpenak emango balitu, ustelkeria salatzen duten sindikalistak beldurtzeko erabiltzen duen jarrera berarekin.

Suntsikorren horniduran zegoen irregulartasuna, gastu bikoitzarekin. Egoera hau, LABek fiskaltzara jo eta hurrengo egunean zuzendu zen. Kontabilitate bikoitza 2016ko urtarriletik 2019ko azaroaren 20ra arte egon da gutxienez (LABek egindako salaketaren eguna) eta zulo ekonomikoa gutxienez 200.000 eurotakoa da.

Zuzendaritza ekonomikoak erantzukizuna bere gain hartu gabe jarraitzen du, eta Arabako ESIko gerentziak ere.

Orain arte, Arabako ESIaren estrategia isiltasuna izan da, LABek salaketa egin zuenetik, ez da zuzendaritzarekin inolako azalpenik edo elkarrizketarik izan. Urtarrilaren 16an zuzendu zigun hitza lehen aldiz, probokazioaren bidez gure ekintza sibdikala oztopatzen ari zen segurtasun-burua defendatuz.

LABentzat lehentasunezkoa da baliabide publikoak txukun kudeatzea, eta Santiagoko sukaldean gertatutakoa argitu arte, ez dago gure lana eragotz dezakeen segurtasun-bururik ezta zuzendaritzarik.
 

 

 

Azpikontratatutako garbitzailearen aldeko epaia, Derioko enpresa bateko sexu-jazarpen kasu batean

2019ko irailean, Derioko enpresa batean azpikontratatutako garbiketa-langile baten sexu- jazarpen kasu bat salatu zuen LABek. Gertakariak 2016. urtearen amaieran hasi ziren, enpresako arduradun nagusienetako bat garbiketa-langilearengana jotzen hasi zenean, kafea eskatzeko. Une horretan hasi zen lehen aldiz harremanetan berarekin sexu-abusu jarraituko egoera bat, gaur egun arte luzatu dena.

Enpresako goi-kargudunak mezuak idatzi zizkion behin eta berriz whatsapp bidez, lan- ordutegitik kanpo eta sexu-garrantzi nabarmenarekin. Behin eta berriz deitzen zuen, batzuetan bost aldiz jarraian eta gaueko ordu txikietan. Behatu eta zerbitzuak ematean kontrolatzen zuen, eta bulegora sartzeko iradokitzen zion. Leku isolatu eta izkutukoetan topo egin zuen, eta tren-geltokiraino ere jarraitu zion, bere lanpostua postua uzten zuenean.

Denbora honetan guztian langileak ez zuen egoera salatu, errepresaliak jasateko beldurragatik. Enpresa horrek betetzen zuen bere lanaldiaren zatirik handiena, ordu gehien lan egiten zuen zentroa zen. Garbiketa-enpresaren eta bezeroaren beraren ondorio kaltegarrien beldur zen, jazarlea oso kargu garrantzitsua baitzen. Hilabete askoan jasan du etsaia eta umiliagarria zitzaion egoera bat, eta gaixotu egin da azkenean. Gaur egun, antsietate handiko gertakari errepikatuak ditu.

Emakume langile honen ausardia balioan jarri nahi dugu. Lan ingurunean emakumeen aurkako diskriminazio eta indarkeria egoerak egunero ematen dira, baina esaten ez den eta salatzen ez den zerbait da. Salatzailearen osotasuna zaintzeko baliabide instituzionalik ez izateaz gain, eta egungo justizia patriarkalak sortzen duen mesfidantzaz gain, beste elementu batzuk ere badaude, hala nola beldurra eta enplegua galtzeko ezkutuko mehatxua.

Salatzera ausartzea ez da erraza, horregatik azpimarratu nahi ditugu langilearen duintasuna eta kemena. Era berean, LAB sindikatutik iragartzen dugu lan-ingurunean indarkeria matxista bide juridikotik borrokatuko dugula, baina baita ekintza sindikal antolatuaren bidez ere, elkartasunerako eta elkar zaintzeko mekanismoak aktibatuko ditugula, are indartsuagoak izateko, eta tinko erantzungo dugula emakumeen aurka egin nahi den indarkeria-zantzu txikienaren aurrean.

Jakitera eman nahi dugu epaia langilearen aldekoa izan zela eta sexu-arrazoiengatiko jazarpena aitortzen dela, salaketan 2016tik jasotako elkarrizketen frogak aitortuz. Epai horren bidez, kaleratzea deuseztatu eta kalte-ordaina emango zaio. Epai hau oso modu positiboan hartu dugu, uste dugulako badela garaia, esparru juridikotik, emakumeen aurkako eguneroko lan-eremuan gertatzen diren eraso horiek goraipatzeko. Era berean, kasu horiek salatzearen garrantzia azpimarratu nahi dugu. Bestalde, azpimarratu behar da langile horrek salaketa jartzeko eta sindikatuari horren berri emateko urratsa eman zuela ausardiaz.

Azkenik, albiste honen berri eman nahi dugu, horrelako egoeretan dauden beste emakume langile batzuek jakin dezaten LABen erabateko zilegitasuna eta babesa dutela.