2026-01-31
Blog Page 556

Argi ikusten dugu soilik ekintza sindikala eta mobilizazioaren bitartez lortuko dugula sektore publikoaren behin-behinekotasun ikaragarriarekin amaitzea

Azken egun hauetan Europako Epaitegi Nagusiak bitarteko langileek kalte ordaina jasotzeko eskubidearen kontra ebatzi du. Sententziaren arabera, bitarteko langileen izendapena behin behinekoa dela aldez aurretik ezaguna da. Izendapena bertan behera gelditzen denean epaitegiak ez du inolako iruzurrik aurreikusten; ondorioz, kalte ordaina ez ordaintzea legezkoa ikusten du.

Gogoratu behar dugu, hilabete batzuk badirela epaitegi berdinetik gai honen harira norabide berdinean ebazpen bat iritsi zitzaigula. Kasu horretan Europako abokatu nagusiak bitarteko langileen finkotasunari buruz bere iritzia eman zuen, orduan ere bitarteko langileen interesen aurka. Argi dago beraz, Europako epaitegietatik ez direla soluziobide magikoak etorriko eta ekintza sindikala eta mobilizazioa indartu beharko dugula bitarteko langileen finkotasunean aurrera pausoak emateko.

Egia da euskal administrazioetan behin-behinekotasunaren erabilera gehiegizkoa dela. Etengabe ari gara behin-behinekotasun tasa ikaragarriak salatzen eta geroz eta ahots gehiago egoera jasanezina dela esaten ari dira. Sektore publikoan dagoen kontratazio eredua errotik aldatu behar da, gaur egun milaka langile prekarietatean murgilduta daude eta. Gobernua ordean eroso dago egoera honetan. Urrutira joan gabe, Europako Epaitegiaren azken ebazpen hau txalotu egin du, bertan adierazten diren argudioak bere eginez. Badirudi behin-behinekotasunaren afera beraiekin ez doala, kanpoko faktore batzuk bultzatutako egoera baten aurrean gaudela. Behin eta berriro aipatzen ari gara; Eusko Jaurlaritzak behin-behinekotasunean oinarritutako zerbitzu publikoak nahi ditu, nahi edo behar duenean zerbitzu hauek pribatizatzeko.

Honengatik guztiarengatik esaten dugu biderik eraginkorrena ekintza sindikala eta mobilizazioarena dela. Lanpostuak eta pertsonak kontsolidatzen dituen lege propio bat beharrezkoa da euskal administrazioetan daukagun egoerari aurre egiteko. Utzi diezaiogun Madril edo Bruselara begiratzeari eta itxaropenak epaitegietan uzteari; jarri gaitezen behingoz euskal erakundeei begira. Euskal Herrian badago gaitasun legegile nahikorik administrazioetan prekarietatearekin bukatzeko.

Mobilizazioak eman digu lortu dugun guztia, aukera daukagu denok batera kaleak betetzeko. Urtarrilaren 30ean Greba Orokorra.
 

 

 

Lan baldintzak hobetzeko eskatu dute Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako langileek

PAGNA-Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Langileen Batzordea eta San Jose Zentroko langileak zentroaren atarian bildu dira, langileekiko eta Batzordearekiko errespetu-falten aurka protesta egiteko eta lan baldintzak hobetzeko eskatzeko.

Hauxe da langileek igorritako oharra:

"San Jose Zentroa Nafarroako Gobernuaren zentro bat da (PAGNA), Gobernu berak kudeatzen duena. Egoitza gisa funtzionatzen du, eta desgaitasun intelektuala duten pertsona helduei arreta integrala ematera bideratua dago, zehazki, larriki kaltetuak izanik, tratamendu espezializatuak eta errehabilitazio jarraitua behar dutenei, haien narriadura ahal den neurrian saihesteko". Nafarroako Gobernuaren webgunean jasota dagoen San Jose Zentroaren definizio horrek kalitatezko zerbitzua eskaintzen duen zentro bat deskribatzen du. Bada, zentrora azken zuzendaritza iritsi zenetik, murriztu egin da egoiliarren arretaren kalitatea, kudeaketa txarragatik eta jarduera eta erabaki arbitrarioengatik.

Langileen lan-baldintzak prekarizatu dira lanaldi-aldaketekin, plazen amortizazioekin, funtzioak zehazteko anbiguotasunarekin, lanpostuari ez dagozkion lanak agintzearekin eta lan-kargak handitzearekin. Ordezkapenetarako kontratazio-zerrendak agortuta daude, eta horrek berekin dakar langileak ez ordezkatzea eta/edo baimenak ez ematea, langileen eskubideak urratuz.

Zuzendaritzaren estilo autoritarioaren ondorioz, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak esku hartu du zentroan. Institutu horren txostenean. honako arazo larri hauek jaso dira: arrisku psikosozialak izateko esposizio handia, lanaren antolaketaren ondorioz; estresa eta gatazkak eragiten dituzten komunikazio-mekanismo desegokiak; hitzezko mehatxuak, zuzenak edo zeharkakoak, eta nabarmenki autoritarioa den aginte-estiloa, adostu gabeko neurriak aplikatzen baitira. Horren guztiaren ondorioz, etengabe arrisku larrian dauden langileen lan- osasuna eta zerbitzuaren prestazioa kaltetzen ari dira.

San Jose Zentroan, aspaldi hasi ziren erasoak, eta jazotako gertakari larrien kopurua ikusita, Prebentzio Zerbitzuak ikerketa bat abiatu zuen, eta, Lan Ikuskaritzan salaketak jarri ondoren, zenbait txosten egin ziren. Alabaina, txosten horietan jasotako eta planteatutako prebentzio- eta zuzenketa-neurriak ez dira aplikatzen ari. Zentroko arduradunen betebeharra da langilearen osasuna zaintzea eta segurtasun eta osasuneko lan-baldintza egokiak zaintzeko beharrezko neurriak hartzea.

PAGNAko Langileen Batzordeak uste du deskribatutako guztiaren azken erantzukizuna gerentziarena dela, eta hala jakinarazi dio askotan. Hala ere, PAGNAko gerentziak egungo zuzendaria babestu eta karguan mantentzen du, kexa ugari jaso arren. Zuzendariak, bere aldetik, ez du batere aldatu bere jarrera, adostu gabeko erabakiak hartzen jarraitzen baitu, despota baten moduan.

Hori dela eta, PAGNAko Langileen Batzordetik salatu nahi dugu erakunde horretako gerentziak ez duela inolako erantzunik eman eta ez duela inolako interesik erakutsi Agentziako langileek batzorde honen bidez aurkeztu dituzten informazio-eskaeren, iradokizunen, kexen eta erreklamazioen aurrean; neurri handi batean, lan-baldintzen narriadura dakarten erabaki arbitrarioek eragin dituzte eskaera horiek, baina, hala ere, ez da ez azalpenik, ez konponbiderik ematen.

Beraz, PAGNAko gerentziari eskatzen diogu ez ikusiarena egiteari utzi diezaiola eta Langileen Batzordearen eskaerei erantzun diezaiela, plantillaren lan-baldintzak eta ematen dugun zerbitzua hobetzeko.
 

 

 

Bizkaiko Metalgintzako langileen aurkako errepresioak bere horretan jarraitzen duela salatu dugu Durangoko epaitegien aurrean

0

Nahiz eta Bizkaiko Metalgintzako hitzarmena Gabonak baino lehen sinatu, langileekiko errepresioak bere horretan dirau. Gaur goizean, Metalgintzako langile batek epailearen aurrera joan behar izan du deklaratzera, Durangoko epaitegietara. Gaurkoarekin, 3 dira salatuak izan diren langileak beraien eskubideak defendatzeagatik. Honez gain, hainbat izan dira isunak jaso dituzten langileak Metalgintzako hitzarmenaren alde borroka egiteagatik.

Bizkaiko Metalgintzako langileek ohar batean adierazi bezala, "gure babes osoa eman nahi diogu gaur deklaratu duen langileari. Gainera, patronalari gogoarazi nahi diogu errepresioak ez gaituela metaleko langileak eta orokorrean langile klasea geldituko, ezta isilaraziko ere".
 

 

 

24 orduko lanuztea eta elkarretaratzea egin dituzte Arcelor Olaberrian, lantegian gertatutako lan heriotza salatzeko

Egun iluna izan zen atzokoa, bi langilek galdu baitzuten bizia Euskal Herrian; batek Olaberriako Arcelorren eta besteak Sunbillan, biak zamalanak egiten ari zirela. Arcelor Olaberriako enpresa-batzordeak 24 orduko lanuztera deitu du gaurko, eta elkarretaratzea egin dute eguerdian, enpresa atarian.

 

 

 

Greba Orokorrerako deia luzatu dugu, lan istripuen etengabeko gorakadak eta odolusteak ere erantzun irmo bat eskatzen dutelako

0


Administrazio publikoek emandako azken datu ofizialek adierazten dute lan ezbeharren kopuruak gora egin duela iazko urtearekin alderatuta. EAEn (azaroa bitarteko datuak) %2,3 igo da eta Nafarroan (iraila bitarteko datuak) %19,8. Azpikontratazio maila handia, behin-behinekotasuna eta lan baldintzen prekarietatea dira egoera hori eragiten duten faktore nagusiak. Halaxe jaso dugu euskal gehiengo sindikalak egindako txostenean, eta halaxe jakinarazi dugu 2019ko lan istripuen balantzea egiteko Donostian eta Iruñean egindako agerraldietan. 

Iruñeko agerraldia.


LABeko Lan Osasun arloko arduradun Lurdes Erasok eta sindikatuko Nafarroako bozeramaile Imanol Karrerak hartu dute hitza Donostian eta Iruñean egindako agerraldietan, hurrenez hurren. 2019ko lan istripuen txostena aurkeztu dugu, baina 2020. urtean odolusteak bere horretan jarraitzen duela ahaztu gabe. Hain zuzen ere, atzo bertan bi langile hil egin ziren, bat Olaberriako Arcelorren eta bestea Sunbillan, biak zamalanak egiten ari zirela. Urtarrilean, gutxienez, zortzi langilek galdu dute bizia dagoeneko.

Datuek eta errealitateak erakusten dute, lan osasun arloan ere, arrazoiak soberan ditugula urtarrilaren 30ean Greba Orokorra egiteko. Grebara atxikitzeko deia luzatu dugu agerraldietan, Greba Orokorreko aldarrikapen taula betez gero, enpleguaren kalitatea eta lan baldintzak zeharo hobetuko liratekeelako, prekarietatearekin amaitzeko bidean. Eta prekarietateak ekartzen ditu lan istripuak. "EAEko eta Nafarroako erakundeei eskatu behar diegu ardurak euren gain har ditzaten, baita bide horretan aurrera egiteko beharrezkoak diren neurriak ere", azpimarratu dugu.

Bilbo.

Bestalde, agerraldiez harago, lan istripuen etengabeko gorakada salatzeko, euskal gehiengo sindikaletik pankartak zintzilikatu ditugu Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan.

Iruñea.

Iaz bizia galdu zuten 46 langileak izan ditugu gogoan, eta erakundeei eta patronalari galdetu diegu zenbat hildako gehiago behar dituzten behingoz zerbait egin dezaten.

Donostia.

Hain zuzen ere, iaz, 16 langile hil egin ziren Bizkaian; 15, Nafarroan; 9, Gipuzkoan; eta 6, Araban.

Gasteiz.
 

 

 

FORVASAko langileek grebekin jarraituko dute

0

FORVASA, Forjas Unidas Vascas-eko langileek, urtarrilaren 10, 14 eta 16an hiru greba egun egin ondoren, asanblada bat egin dute enpresan bertan. Enpresaren zuzendaritzak asteartean jakinarazi zien FORVASArentzat hartzekodunen lehiaketa eskatzeko asmoa zuela enpresaren egoera ekonomikoaren aurrean.

FORVASAko langileek grebak egin zituzten enpresari gardentasuna eta bideragarritasun plan bat aurkeztea eskatzeko, eta atzeratutako soldatak ordaintzea ere bai. Enpresak, hilabetetan zehar, uko egin dio informazioa emateko duen erantzukizunari, enpresaren egoerak okerrera egiten zuen bitartean. FORVASAko langileek ez dute ulertzen nola azken urteotan, 2019ko azken hilabeteak arte, lan-kargak eta fakturazioak gora egin duten enpresa batean, egungo insolbentzia egoeran egon ahal izatea, lan-kargen aldetiko arazorik ez dagoela ikusita.

Atzo egindako asanbladan, langileek erabaki dute konpromisoa hartzea FORVASAren bideragarritasunaren eta euren enpleguen defentsan. Horregatik, erabaki dute greba egingo dutela gaur, osteguna, urtarrilaren 23an, eta bihar, ostirala urtarrilaren 24ean. Urtarrilaren 30erako deitutako Greba Orokorrarekin ere bat egingo dute langileek. Otsailean astean egun bateko greba egingo dute, ostegunero, euren etorkizuneko enplegua eta zor dizkieten nominen ordainketa bermatuta ikusi arte.

LABetik, gardentasuna exijitzen diogu enpresaren zuzendaritzari. Enpresaren zuzendaritzari jakinarazi nahi diogu enplegua eta lan-baldintzen defentsa izango direla topo egingo dugun puntu bakarra.

Amaitzeko, FORVASAko langileek euren etorkizunaren defentsan erakutsitako determinazioa zoriondo nahi dugu.

 

 

 

Salatu egiten dugu 2020ko LGSa ezartzearekoan CEOEren betoa onartu izana eta Europako Karta Soziala ez betetzea

Atzo Madrilen ikusi genuen eztabaida soziala iruzurra da eta LGSa Europako Karta Sozialaren irizpideak bete gabe jarraitzen duen zenbateko batean kokatzen du. Azken honen arabera, LGSak 1.200 eurotakoa izan beharko luke, mugimendu sindikal, sozial eta pentsionistenak aldarrikatzen duen moduan.

Atzo Madrilen egindako eta ordubete baino piska bat gehiago luzatu zen bilera batean, CCOO eta UGT sindikatuek, CEOErekin batera, erabaki dute 2020rako LGSa igotzea hileroko 50 eurotan, hortaz, 950 eurotan geratuko da. Espainiako gobernuaren akordioak ikusita funtsezko igoeraren inguruan zeuden expektatiba apurrak frustratzen dira horrela.

Finkatutako zenbatekoak suposatzen du Europako Karta Soziala bete gabe jarraitzea, LGSaren zenbatekoa batazbesteko soldaten %60an kokatzen duena. Hau, Euskal Herrian, bat dator hileko 1.200 euroen aldarrikapenerekin. Azken kopuru honetara iristea, landu ere ez da egin bileran, modu progresiboan berau lortzea PSOE eta PODEMOSek osatutako Espainiako gobernu- akordioen parte izan arren. CEOEk ez du onartu negoziazioan txertatzea.

Madrilen egindako akordioak, gainera, suposatzen du sinatzaileak ez datozela bat eurek 2018ko uztailean sinatu zuten akordioarekin (Enplegua eta Negoziazio Kolektiborako IV Akordioa). Azken honetan aipatzen zen hitzarmenaren araberako gutxieneko soldata bat 1.000 eurotakoa 14 pagetan, 2020an lortu beharrekoa.

Nabarmena da, patronalaren betoa otzantasunez onartzen duen elkarrizketa soziala, Europako Karta Soziala betetzea exijitzeko gai ez dena, iruzurra dela eta hortaz, ezin da honengandik espero lan- zein pentsio-erreformen derogazioa ekarriko duen neurririk.

Berriro geratu da agerian ez direla garaiak elkarrizketa sozialetako mahai hauetatik atera daitekeena itxaroteko. Hauek, langile zein pentsionisten bizi-baldintzak lehentasun moduan ez dituen sistema zilegiztatzeko tresna bihurtu dira.

Horregatik, urtarrilaren 30eko greba orokorra inoiz baino beharrezkoagoa da mobilizazio sozialaren bidez soilik egin daitekeelako posible pentsionisten mugimenduaren eta euskal gehiengo sindikal eta sozialaren aldarrikapenak eskuratzea.

 

 

 

Gaurko atxiloketekin, bizikidetza demokratikoan oinarritutako etorkizuna eraikitzeko prest dagoen herria erasotu egin dute

0

LAB sindikatuak gaur atxilotu dituzten Antton Lopez Ruiz, Oihana San Vicente, Oihana Garmendia eta Haimar Altunari eta euren gertukoei elkartasuna adierazi nahi die. Bizikidetza demokratikoan oinarritutako etorkizuna eraikitzeko prest dagoen herria erasotu egin dute atxiloketa hauekin. Herri honetako gehiengo sozialaren nahien kontrako erasoa da.

Presoen afera konpondu beharra dagoela defendatzen du euskal jendartearen gehiengoak. Hala, gehiengoaren nahiaren kontra egin dute berriro, presoen auzia erabiltzen jarraitzen baitute gerra estrategia elikatzeko. Gatazkaren konponbidean urratsak ematea oztopatu nahi dute halako atxiloketa eta maniobrekin, baina ez dute lortuko.

LAB sindikatuak atxiloketak salatzeko antolatutako mobilizazioekin egiten du bat, eta egingo diren deialdietan parte hartzeko deia luzatzen diogu euskal langilegoari. Horrela, Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak Lizartzakoan parte hartuko du, 19:00etan.
 

 

 

Araba ESIko Gerenteak Greba Orokorraren aurka egindako errepresioa salatu dugu

0

Gaur, urtarrilak 22, LAB, ELA eta ESK sindikatuok elkarretaratze batera deitu duguTxagorritxuko ate nagusian, lan, pentsio eta bizitza duin baten alde eta urtarrilaren 30ean deitutako Greba Orokorrari babesa adierazteko.

Kontzentrazio deialdia beti bezala egin da, aldez aurretik Arabako ESIko zuzendaritzari jakinaraziz. Ezustekoa izan da Ertzaintzaren patruila bat ospitaleko kontzentraziora hurbildu denean eta identifikazio bat egin duenean.

Bertaratutako polizia-agenteak baieztatu digunez, zuzendaritzak berak eskatuta bertaratu dira.

Sindikatuok ez dugu greba orokorra boikotatzea bilatzen duen koakzioarik edo maniobrarik onartuko.