2026-11-05
HomeZerbitzu PublikoakZerbitzu SoziokomunitarioaLan baldintzak hobetzeko eskatu dute Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako langileek

Lan baldintzak hobetzeko eskatu dute Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako langileek

PAGNA-Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Langileen Batzordea eta San Jose Zentroko langileak zentroaren atarian bildu dira, langileekiko eta Batzordearekiko errespetu-falten aurka protesta egiteko eta lan baldintzak hobetzeko eskatzeko.

Hauxe da langileek igorritako oharra:

"San Jose Zentroa Nafarroako Gobernuaren zentro bat da (PAGNA), Gobernu berak kudeatzen duena. Egoitza gisa funtzionatzen du, eta desgaitasun intelektuala duten pertsona helduei arreta integrala ematera bideratua dago, zehazki, larriki kaltetuak izanik, tratamendu espezializatuak eta errehabilitazio jarraitua behar dutenei, haien narriadura ahal den neurrian saihesteko". Nafarroako Gobernuaren webgunean jasota dagoen San Jose Zentroaren definizio horrek kalitatezko zerbitzua eskaintzen duen zentro bat deskribatzen du. Bada, zentrora azken zuzendaritza iritsi zenetik, murriztu egin da egoiliarren arretaren kalitatea, kudeaketa txarragatik eta jarduera eta erabaki arbitrarioengatik.

Langileen lan-baldintzak prekarizatu dira lanaldi-aldaketekin, plazen amortizazioekin, funtzioak zehazteko anbiguotasunarekin, lanpostuari ez dagozkion lanak agintzearekin eta lan-kargak handitzearekin. Ordezkapenetarako kontratazio-zerrendak agortuta daude, eta horrek berekin dakar langileak ez ordezkatzea eta/edo baimenak ez ematea, langileen eskubideak urratuz.

Zuzendaritzaren estilo autoritarioaren ondorioz, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak esku hartu du zentroan. Institutu horren txostenean. honako arazo larri hauek jaso dira: arrisku psikosozialak izateko esposizio handia, lanaren antolaketaren ondorioz; estresa eta gatazkak eragiten dituzten komunikazio-mekanismo desegokiak; hitzezko mehatxuak, zuzenak edo zeharkakoak, eta nabarmenki autoritarioa den aginte-estiloa, adostu gabeko neurriak aplikatzen baitira. Horren guztiaren ondorioz, etengabe arrisku larrian dauden langileen lan- osasuna eta zerbitzuaren prestazioa kaltetzen ari dira.

San Jose Zentroan, aspaldi hasi ziren erasoak, eta jazotako gertakari larrien kopurua ikusita, Prebentzio Zerbitzuak ikerketa bat abiatu zuen, eta, Lan Ikuskaritzan salaketak jarri ondoren, zenbait txosten egin ziren. Alabaina, txosten horietan jasotako eta planteatutako prebentzio- eta zuzenketa-neurriak ez dira aplikatzen ari. Zentroko arduradunen betebeharra da langilearen osasuna zaintzea eta segurtasun eta osasuneko lan-baldintza egokiak zaintzeko beharrezko neurriak hartzea.

PAGNAko Langileen Batzordeak uste du deskribatutako guztiaren azken erantzukizuna gerentziarena dela, eta hala jakinarazi dio askotan. Hala ere, PAGNAko gerentziak egungo zuzendaria babestu eta karguan mantentzen du, kexa ugari jaso arren. Zuzendariak, bere aldetik, ez du batere aldatu bere jarrera, adostu gabeko erabakiak hartzen jarraitzen baitu, despota baten moduan.

Hori dela eta, PAGNAko Langileen Batzordetik salatu nahi dugu erakunde horretako gerentziak ez duela inolako erantzunik eman eta ez duela inolako interesik erakutsi Agentziako langileek batzorde honen bidez aurkeztu dituzten informazio-eskaeren, iradokizunen, kexen eta erreklamazioen aurrean; neurri handi batean, lan-baldintzen narriadura dakarten erabaki arbitrarioek eragin dituzte eskaera horiek, baina, hala ere, ez da ez azalpenik, ez konponbiderik ematen.

Beraz, PAGNAko gerentziari eskatzen diogu ez ikusiarena egiteari utzi diezaiola eta Langileen Batzordearen eskaerei erantzun diezaiela, plantillaren lan-baldintzak eta ematen dugun zerbitzua hobetzeko.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek ontzat jo du CAFek amiantoaren eraginpean langileak jartzeagatik egindako arau-hauste oso larria berresten duen ebazpena, eta enpresari erantzukizunak eskatu dizkio

Sindikatuak azpimarratu du gertakariak salatzeko eta langileen osasuna defendatzeko egindako lana, eta CAFri exijitu dio kaltetutako langileekin dituen erantzukizun guztiak bere gain har ditzala.

Bost langile hil dira lan istripuz azken 24 ordutan Euskal Herrian

Atzo, azaroak 3, bi heriotza gertatu ziren, Larrabetzun bata eta Laudion bestea, lehen ikerketen arabera biak istripu ez traumatikoak. Gaur, berriz, Nafarroa hegoaldean, Pitillasen, hiru langile hil dira gaur purina-gune itxi batean itota. Hala, 67 dira dagoeneko 2026an istripuz hildako langileak.

Calzadako maizterrek Farley funts putrearekin negoziazio kolektiboa abiatu nahi dute, eta Balmasedako Udalaren babesa eskatzen dute

Gaur, Farley funts putreari aurre egiten ari diren La Calzadako maizterrek hitza hartu dute Balmasedako udalbatzaren osoko bilkuran. Bi eskaera argi helarazi dituzte: Balmaseda behingoz tentsio handiko eremu gisa izendatzea, eta Farleyk negoziazio kolektiboa onar dezan eta alokairu-kontratu guztiak berritu ditzan lortzeko babesa ematea.