2026-11-05
HomeIndustriaMetalgintzaHilda zegoen hitzarmena berreskuratu dugu Bizkaiko Metalgintzan, eduki historikoekin

Hilda zegoen hitzarmena berreskuratu dugu Bizkaiko Metalgintzan, eduki historikoekin

Sindikatuok Bizkaiko Metalgintzako Hitzarmena sinatu dugu gaur, borrokatutako edukiei dagokienez, azaroaren 26an erdietsitako aurreakordioaren segida gisa. Hain zuzen ere, edukiak berretsi ditugu gaurko sinadurarekin, eta datozen egunetan eguneratze juridikoa eta hitzarmeneko hizkuntz sexistaren zuzentzea etorriko dira akordioa biribiltzeko.

Hilda zegoen hitzarmen bat berreskuratu dugu, baita eduki historikoz bete ere. Negoziazioaren filosofiak ezartzen duen moduan, hasierako plataforman negoziatzeko abiapuntua planteatu genuen. Oinarri bat zen hura negoziaziorako eta gaur sinatu ditugun edukiak eskuratzeko. Aurreko hitzarmenarekin alderatuz, aldea ikaragarri handia da, eta garaipen hauek, egungo ogia izatea ez ezik, etorkizunerako ogia ere badira, berpiztu eta edukiz hornitutako hitzarmenak ateak irekitzen baititu lorpen gehiago eskuratzeko borrokaren bitartez.

Soldaten kasuan, 2012. urtetik galdutako eros-ahalmena berrreskuratuko dute langileek. Adibide moduan, esan beharra dugu 2003ko soldatak jasotzen dituzten langileak daudela oraindik. Taula horietan 13.403 eurokoa da gutxieneko soldata. Bada, 5.012 euro gehiago jasoko dituzte orain. INELSA enpresako langileen kasua da, besteak beste.

Subrogazioari dagokionez, lehen aldia da subrogazioaren bermea aurreikusten dela hitzarmenean; mantendu laneko azpikontratetako langileentzat, kasu honetan. Langile hauek euren lanpostua ziurtatua izango dute, orain arte ez bezala, eta hori lorpen handia da kontutan hartuta, enpresa hitzarmenetan, subrogazioa ezin dela negoziatu.

Era berean, behin behinekotasuna eta ABLE bidezko kontratazioa mugatu egin dira, lehen aldiz; lan osasun arloan, prebentziorako delegatuak ahaldunduko dituzte; berdintasun mailan, industria sektoreko lehen hitzarmena izango da berdintasunerako bidean hainbat neurri esanguratsu jasoko dituena; eta, beste neurri batzuen artean, ultraaktibitate mugagabea eta lan erreformarekiko blindajea jasotzen da hitzarmenean.

LAB sindikatutik gogoan izan nahi ditugu hau guztia lortzeko borrokan izan diren langileak, eta jakin dezaten bidelagun izango gaituztela etorkizuneko borroketan ere.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek ontzat jo du CAFek amiantoaren eraginpean langileak jartzeagatik egindako arau-hauste oso larria berresten duen ebazpena, eta enpresari erantzukizunak eskatu dizkio

Sindikatuak azpimarratu du gertakariak salatzeko eta langileen osasuna defendatzeko egindako lana, eta CAFri exijitu dio kaltetutako langileekin dituen erantzukizun guztiak bere gain har ditzala.

Bost langile hil dira lan istripuz azken 24 ordutan Euskal Herrian

Atzo, azaroak 3, bi heriotza gertatu ziren, Larrabetzun bata eta Laudion bestea, lehen ikerketen arabera biak istripu ez traumatikoak. Gaur, berriz, Nafarroa hegoaldean, Pitillasen, hiru langile hil dira gaur purina-gune itxi batean itota. Hala, 67 dira dagoeneko 2026an istripuz hildako langileak.

Calzadako maizterrek Farley funts putrearekin negoziazio kolektiboa abiatu nahi dute, eta Balmasedako Udalaren babesa eskatzen dute

Gaur, Farley funts putreari aurre egiten ari diren La Calzadako maizterrek hitza hartu dute Balmasedako udalbatzaren osoko bilkuran. Bi eskaera argi helarazi dituzte: Balmaseda behingoz tentsio handiko eremu gisa izendatzea, eta Farleyk negoziazio kolektiboa onar dezan eta alokairu-kontratu guztiak berritu ditzan lortzeko babesa ematea.