Testuinguru global ezegonkorrari aurre egiteko, burujabetzaren beharra defendatu du Igor Arroyo koordinatzaile orokorrak.
Gaur Bilbon egindako agerraldian Igor Arroyo koordinatzaile orokorrak eta Maider Jauregi komunikazio arduradunak Maiatzaren Leheneko mobilizazioen berri eman dute. LABek manifestazio propioak egingo ditu Bilbo, Donostia, Gasteiz, IruƱea eta Tuteran; iaz bezala, Baionako manifestazio intersindikalean ere bloke propioa izango du.
Arroyok testuingu globalari egin dio erreferentzia: āNazioarteko testuingurua geroz eta korapilatsuagoa da. Kapitalaren logika planeta nahiz herritarren bizitza kolokan jartzen ari da, krisi ekologikoak, militarismoak, behartutako migrazio prozesu erraldoiek, indarkeria matxistak edota prekaritatearen hedapenak adierazten dutenez. Testuinguru honetan, are eta garrantzitsuagoa da Euskal Herriak ahalik eta burujabetza handiena izatea, bizitza erdigunean jarriko duen eredu sozioekonomikoa eraikitzekoā.
Azken urteotako borroka sozial eta sindikalak goraipatu ditu: āhoriei esker, agenda politikoan euskal langileontzat garrantzitsuak diren gaiak kokatu dira, hala nola, osasun sistema, zaintza, etxebizitza, pentsioak edota gutxieneko soldataā. Halere, eztabaida hauek faltsuan ixteko arriskuaz ohartarazi du: āPradalesek formak aldatu ditu, baina funtsean ez dugu aldaketa handirik ikusten: EAJ-PSEk egindako zerga erreformak elite ekonomikoaren pribilegioei eusten die eta, osasun mahaian, osasun sistemaren pribatizazioari eusteko asmoa erakusten ari da Jaurlaritzaā.
Hau dela eta, lantokietan, kalean nahiz instituzioetan burujabetzaren eta eraldaketa sozialaren alde presio egitearen beharraz mintzatu da Arroyo; hiru lehentasun aipatu ditu: zerbitzu publikoak garatzea, industria politika berria abian jartzea eta herritar guztiei gutxieneko diru-sarrerak bermatzea.
Zerbitzu publikoei dagokionez, hamarkadetako politika pribatizatzaileak albo batera uzteko beharra defendatu du LABeko koordinatzaile orokorrak: āSindikatuok urteak daramatzagu salatzen osasun sistemaren pribatizazioa, eskola publikoaren azpigarapena, zaintza eskubidearen urraketa edota etxebizitzen gaineko espekulazioa. Politika publikoen sakoneko aldaketa beharrezkoa da, herritar guztiei osasuna, hezkuntza, zaintza eta etxebizitza bermatzeko. Euskal Herrian badago horretarako ahalmena: enpresariek eta errenta altuek dagozkien zergak ordaindu behar dituzte, herri honek behar dituen zerbitzu publikoak finantzatzekoā.
Industria politikari dagokionez, hiru irizpidetan oinarritutako trantsizioaren alde egiten du LABek: planifikazioa, esku hartze publikoa (baita enpresen jabetzan ere) eta langileen parte hartzea. Ildo honetan, armagintzaren aldeko diskurtso enpresarial eta instituzionalak kritikatu ditu Arroyok: āEuskal Herriko susperraldi industriala ezin da armagintzan oinarritu, militarismoak bizitzaren suntsipena, larrialdi ekologikoaren azkartzea eta murrizketa sozialak dakartzalako. Aitzitik, Euskal Herriak lidergoa hartu behar du trantsizio ekosozialean, hortik etorriko da euskal industriaren etorkizunaā.
Hirugarrenik, gutxieneko soldata eta pentsioari egin dio erreferentzia Arroyok: āHerritar guztiei oinarrizko diru-sarrera duinak bermatzeko eta aldagai desberdinen araberako arrakalak murrizteko bi neurri egiturazkoak dira. Euskal Herrian gutxieneko soldata eta pentsio propioak ezartzea ezinbestekoa da, hemen bizitzeko diru-sarrera handiagoak behar direlako. Baina gainera, autogobernuaren ikuspegitik garrantzia handiko helburuak dira. Bertako herritarrei oinarrizko bizi baldintzak bermatzeko gai ez dena autogobernu mugatua daā.
Jakina denez, gutxieneko soldata eta pentsio propioak finkatzeko ekimenak abian dira. Pentsiodunen mugimendua herri ekimen legegile arrakastatsua burutu du eta gehiengo sindikalak gutxieneko soldataren eskumena Hego Euskal Herrirako ekartzeko herri ekimena abiatzear du.
Gutxieneko soldata finkatuko lukeen lanbidearteko akordioari dagokionez, berriz, Confebask eta CENek uko egin diote lanbidearteko akordio bat negoziatzeari. Arroyok onartezintzat jo du CEN eta Confebasken jarrera: āAlde batetik, babes instituzionala jasotzen dute, diru publikoa jasotzen dute, onura fiskalak jasotzen dituzte, ordezkaritza instituzionala bereganatzen dute. Baina beste alde batetik, muzin egiten diote fede onez negoziatzeko betebeharrari, bai gutxieneko soldatari dagokionez, bai etxeko langileen hitzarmenari dagokionez, baita blokeatuta dauden dozenaka hitzarmenei dagokionez ere. Jendartearen eta instituzio publikoen baliabideez baliatu bai, baina dagokion betebeharrari muzin egitea, bizkarroi bat bezala jokatzea daā.
Confebasken ezezkoaren aurrean esku hartzea eskatu dio Arroyok Jaurlaritzari: āConfebaskek onura ugari jasotzen ditu instituzio publikoengandik. Bada, hauxe eskatzen diogu Jaurlaritza, EAJ eta PSEri: baldintzatu dezatela Confebaski ematen dioten babesa. Esan diezaiotela, argi eta garbi, negoziazio mahaian eseri ezean Confebaski babes politiko, instituzional eta materiala kenduko diotelaā.
Azken asteko mobilizazioetan egin bezala, Maiatzaren Lehenean ere mezu argia helaraziko LABek hala Patronalari nola instituzioei: āizan akordio interprofesional baten bidez, izan lege bidez, ez dugu etsiko gutxieneko soldata propio eta duina ezarri arte. Goizago ala beranduago, negoziazio mahaia eratzeari Confebaskek ezarritako betoa gainditu egingo duguā.
Mobilizazioak
Bilbo, 12:30ean Zabalburutik.
Donostia, 12:00etan Easo plazatik.
Gasteiz, 12:00etan Bilbo plazatik.
IruƱea, 12:00etan Gazteluko plazatik.
Tutera, 12:30ean Foruen plazatik.
Baiona, 11:00etan tren geltokitik.
Maule, 11:00etan Kurutze Xurian.


























