2026-08-02
HomeEkintza SindikalaGutxieneko soldata eta pentsio propioak aldarrikatuko ditu LABek Maiatzaren Lehenean

Gutxieneko soldata eta pentsio propioak aldarrikatuko ditu LABek Maiatzaren Lehenean

Testuinguru global ezegonkorrari aurre egiteko, burujabetzaren beharra defendatu du Igor Arroyo koordinatzaile orokorrak.

Gaur Bilbon egindako agerraldian Igor Arroyo koordinatzaile orokorrak eta Maider Jauregi komunikazio arduradunak Maiatzaren Leheneko mobilizazioen berri eman dute. LABek manifestazio propioak egingo ditu Bilbo, Donostia, Gasteiz, Iruñea eta Tuteran; iaz bezala, Baionako manifestazio intersindikalean ere bloke propioa izango du.

Arroyok testuingu globalari egin dio erreferentzia: “Nazioarteko testuingurua geroz eta korapilatsuagoa da. Kapitalaren logika planeta nahiz herritarren bizitza kolokan jartzen ari da, krisi ekologikoak, militarismoak, behartutako migrazio prozesu erraldoiek, indarkeria matxistak edota prekaritatearen hedapenak adierazten dutenez. Testuinguru honetan, are eta garrantzitsuagoa da Euskal Herriak ahalik eta burujabetza handiena izatea, bizitza erdigunean jarriko duen eredu sozioekonomikoa eraikitzeko”.

Azken urteotako borroka sozial eta sindikalak goraipatu ditu: “horiei esker, agenda politikoan euskal langileontzat garrantzitsuak diren gaiak kokatu dira, hala nola, osasun sistema, zaintza, etxebizitza, pentsioak edota gutxieneko soldata”. Halere, eztabaida hauek faltsuan ixteko arriskuaz ohartarazi du: “Pradalesek formak aldatu ditu, baina funtsean ez dugu aldaketa handirik ikusten: EAJ-PSEk egindako zerga erreformak elite ekonomikoaren pribilegioei eusten die eta, osasun mahaian, osasun sistemaren pribatizazioari eusteko asmoa erakusten ari da Jaurlaritza”.

Hau dela eta, lantokietan, kalean nahiz instituzioetan burujabetzaren eta eraldaketa sozialaren alde presio egitearen beharraz mintzatu da Arroyo; hiru lehentasun aipatu ditu: zerbitzu publikoak garatzea, industria politika berria abian jartzea eta herritar guztiei gutxieneko diru-sarrerak bermatzea.

Zerbitzu publikoei dagokionez, hamarkadetako politika pribatizatzaileak albo batera uzteko beharra defendatu du LABeko koordinatzaile orokorrak: “Sindikatuok urteak daramatzagu salatzen osasun sistemaren pribatizazioa, eskola publikoaren azpigarapena, zaintza eskubidearen urraketa edota etxebizitzen gaineko espekulazioa. Politika publikoen sakoneko aldaketa beharrezkoa da, herritar guztiei osasuna, hezkuntza, zaintza eta etxebizitza bermatzeko. Euskal Herrian badago horretarako ahalmena: enpresariek eta errenta altuek dagozkien zergak ordaindu behar dituzte, herri honek behar dituen zerbitzu publikoak finantzatzeko”.

Industria politikari dagokionez, hiru irizpidetan oinarritutako trantsizioaren alde egiten du LABek: planifikazioa, esku hartze publikoa (baita enpresen jabetzan ere) eta langileen parte hartzea. Ildo honetan, armagintzaren aldeko diskurtso enpresarial eta instituzionalak kritikatu ditu Arroyok: “Euskal Herriko susperraldi industriala ezin da armagintzan oinarritu, militarismoak bizitzaren suntsipena, larrialdi ekologikoaren azkartzea eta murrizketa sozialak dakartzalako. Aitzitik, Euskal Herriak lidergoa hartu behar du trantsizio ekosozialean, hortik etorriko da euskal industriaren etorkizuna”.

Hirugarrenik, gutxieneko soldata eta pentsioari egin dio erreferentzia Arroyok: “Herritar guztiei oinarrizko diru-sarrera duinak bermatzeko eta aldagai desberdinen araberako arrakalak murrizteko bi neurri egiturazkoak dira. Euskal Herrian gutxieneko soldata eta pentsio propioak ezartzea ezinbestekoa da, hemen bizitzeko diru-sarrera handiagoak behar direlako. Baina gainera, autogobernuaren ikuspegitik garrantzia handiko helburuak dira. Bertako herritarrei oinarrizko bizi baldintzak bermatzeko gai ez dena autogobernu mugatua da”.

Jakina denez, gutxieneko soldata eta pentsio propioak finkatzeko ekimenak abian dira. Pentsiodunen mugimendua herri ekimen legegile arrakastatsua burutu du eta gehiengo sindikalak gutxieneko soldataren eskumena Hego Euskal Herrirako ekartzeko herri ekimena abiatzear du.

Gutxieneko soldata finkatuko lukeen lanbidearteko akordioari dagokionez, berriz, Confebask eta CENek uko egin diote lanbidearteko akordio bat negoziatzeari. Arroyok onartezintzat jo du CEN eta Confebasken jarrera: “Alde batetik, babes instituzionala jasotzen dute, diru publikoa jasotzen dute, onura fiskalak jasotzen dituzte, ordezkaritza instituzionala bereganatzen dute. Baina beste alde batetik, muzin egiten diote fede onez negoziatzeko betebeharrari, bai gutxieneko soldatari dagokionez, bai etxeko langileen hitzarmenari dagokionez, baita blokeatuta dauden dozenaka hitzarmenei dagokionez ere. Jendartearen eta instituzio publikoen baliabideez baliatu bai, baina dagokion betebeharrari muzin egitea, bizkarroi bat bezala jokatzea da”.

Confebasken ezezkoaren aurrean esku hartzea eskatu dio Arroyok Jaurlaritzari: “Confebaskek onura ugari jasotzen ditu instituzio publikoengandik. Bada, hauxe eskatzen diogu Jaurlaritza, EAJ eta PSEri: baldintzatu dezatela Confebaski ematen dioten babesa. Esan diezaiotela, argi eta garbi, negoziazio mahaian eseri ezean Confebaski babes politiko, instituzional eta materiala kenduko diotela”.

Azken asteko mobilizazioetan egin bezala, Maiatzaren Lehenean ere mezu argia helaraziko LABek hala Patronalari nola instituzioei: “izan akordio interprofesional baten bidez, izan lege bidez, ez dugu etsiko gutxieneko soldata propio eta duina ezarri arte. Goizago ala beranduago, negoziazio mahaia eratzeari Confebaskek ezarritako betoa gainditu egingo dugu”.

Mobilizazioak

Bilbo, 12:30ean Zabalburutik.

Donostia, 12:00etan Easo plazatik.

Gasteiz, 12:00etan Bilbo plazatik.

Iruñea, 12:00etan Gazteluko plazatik.

Tutera, 12:30ean Foruen plazatik.

Baiona, 11:00etan tren geltokitik.

Maule, 11:00etan Kurutze Xurian.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Helegiteak aurkeztu dizkiegu 1.200 milioitik gorako kostu estimatua duten anbulantzien makro-esleipenei, eta pribatizazioaren aldeko apustua salatzen dugu

Sindikatuak errekurtso berezi bat jarri du Osasun Sailaren pleguen aurka, Oinarrizko Bizi Euskarriko eta Garraio Programatu eta Hitzartuko zerbitzuei dagokienez. Bestalde, salatu du Alberto MartĂ­nez sailburuak Osasun Planaren ildoak alde batera uzten dituela, gizartearen eskaerari entzungor egiten diola eta beste autonomia-erkidego batzuetan osasun-zerbitzuen kudeaketa publikoa berreskuratzeko izandako esperientzia arrakastatsuak ere baztertzen dituela, lan-arloko ez-betetzeengatik ezagunak diren enpresa piratak saritzen jarraitzeko.

Patronalak Bizkaiko Arrain Kontserben eta Gazituen hitzarmenerako proposamen bat aurkeztu du, eta LABek langileen erabakipean jarriko du

Proposamenean jasotzen diren aurrerapenak urte eta erdi baino gehiagoko negoziazioaren emaitza dira, eta, batez ere, langileen egindako borrokaren eta greben ondorio dira.

Hezkuntza Sailak udal haur eskolei finantzaketa kentzeko aldebakarrez hartutako erabakiaren aurrean, bertako langileak babesten dituen akordioa lortu du LABek

Andoaingo, Usurbilgo, Oiartzungo, Ordiziako, Aretxabaletako eta Gaubeako langileek bertako haur hezitzaile izaten jarraitzeko akordioa sinatu du LABek; ez da kaleratzerik egingo, eta karrerako funtzionarioek tokiko administrazioan haien izaerari eutsiko diote jubilatu bitarte.