2026-10-28
HomeEkintza SindikalaLABek askatasun sindikala eskatzen du TUVISAn

LABek askatasun sindikala eskatzen du TUVISAn

Mobilizazioa egingo du ostiralean, apirilaren 11n, Gasteizen, TUVISAren aurrean (Agirrelanda, 2), goizeko 10:30ean.

Joan den martxoan, Gasteizko Lan Arloko 3. Epaitegiak LAB sindikatuaren aldeko epai irmoa eman zuen, eta onartu zuen enpresak legez kanpo jokatu zuela, LABen atal sindikala ukatuta eta gure kide bat ordezkari sindikal izatetik kenduta. Epaia argia da: eskubide urraketa dago eta eta TUVISA horregatik kondenatu zuten.

Baina epaia onartu, erantzukizunez jokatu eta bere jarrera errepresiboari amaiera eman beharrean, TUVISAk errekurtsoa jartzea erabaki du. Erabaki honek agerian uzten du enpresako zuzendaritzak erabat mespretxatzen dituela langileen eskubide laboral eta sindikalak. Gatazka luzatu nahi dute, langileen eskubideak defendatzen dituztenak ahuldu eta askatasun sindikala zigorrik gabe urratzen jarraitu.

LABek azpimarratu nahi du ez dela ari edozein multinazional pribaturi buruz, Gasteizko Udalaren menpeko enpresa bati buruz baizik. Beraz, horretarako baimena, babesa eta abala ematen jarraitzen duen bitartean, politika antisindikalaren erantzule zuzena da. LABentzat jarrera hau oso larria eta onartezina da. Noiz arte jarraituko du Udalak onartzen TUVISAn langileen eskubideak zapaltzea?

LABek argi dauka: epaitegietan, enpresan eta kaleetan borrokan jarraituko du. Isiltzen saiatu dira, baztertzen saiatu dira, bere atal sindikala ikusezin bihurtzen saiatu dira… baina ez dute lortu eta ez dute lortuko. Aurrera egiteko arrazoiak eta duintasuna soberan ditu.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Ernaik eta LABek etxebizitza eta soldata duinen aldeko borrokara batzeko deia egin diote euskal gazteriari

Gazteen prekarizazioaren datuak argiak dira: 25 urte baino gutxiagoko langileen ia erdiak ez dira iristen 1.600 euroko soldatara, eta adin tarte horretako gazteek diru sarreren %78 bideratzen dute alokairura. Aldaketarako aukerak daudela sinetsita, azaroaren 11n lantokiak hustu eta kaleak betetzeko deia egin dute Ernaik eta LABek.

Frantses Kanonaren aurka herri harresia osatzera dei egiten dugu

Eskuin muturreko Canon Français edo Frantses Kanona taldeak antolatutako otordua egitekoa da Miarritzeko Irati aretoan azaroaren 28an. Bada, hainbat eragilerekin batera, hitzordu horri aurka egin eta herri harresia sortzeko deia luzatzen diegu langileei LAB sindikatutik.

Euskara, baliabideak, segregazioa eta digitalizazioa dira hezkuntza arloko lehentasunak LABentzat

Sindikatuak gaur Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean egindako agerraldian adierazi duenez, PISA txostena erreferentziatzat hartzen ez duen arren, datuak kezkagarriak dira. Emaitzetan eragina izan duten faktoreen artean lau dira premiaz jorratu beharrekoak: euskararen ezagutza eta erabilera indartzea, ikastetxeetako baliabideak bermatzea, segregazioari aurre egitea eta digitalizazio-eredua berrikustea.