2026-05-04
Blog Page 544

Lan heriotzen odolusteak ez duela etenik salatu dugu Beasainen eta Santurtzin

Konfinatuta dagoen Italiako Zirkuko langile bat hil zen asteartean, Beasainen. Lan heriotza salatzeko, Beasainen bertan mobilizatu gara goizean, gehiengo sindikalak deituta. Asteazkenean, ordea, beste langile bat hil zen Bilboko Portuan. Bertako enpresa batzordeek elkarretaratzera deitu dute eguerdirako; estiba, Bilboko Portuko Agintaritza, amarradoreak eta barruko trafikoan ibiltzen diren langileek, alegia. Portuko sarreran izan da elkarretaratzea, Santurtzin. Aurten jada 33 langile hil dira, gutxienez; 3, aste honetan bertan.



 

 

 

Arcelor Mittaleko ABEEE salatuko dugu auzitegietan

0

Enpresak ABEEEren negoziazio mahaiaren beste bilera batera deitu bezperan, LABek iragarri nahi du ABEEE auzitegietara eramango duela, Lan Ministerioari oposizio txostena aurkeztu ondoren. LABek ez du ABEEE berri honen beharrik ikusten. Enpresak ez du inoiz egiaztatu COVID-19ak enpresaren egoeran izan duen eragina. Eta hori ez du LABek bakarrik esaten, sindikatu guztiok salatu dugu jendaurrean.

Komeni da gogoratzea azken urteetan enpresak lortutako irabazi handiak, hedapen politika mundu mailako enpresen erosketarekin, Ilva italiarra eta Essar Steel indiar enpresa kasu. Arcelor Mittal estatuko enpresa bakarra da ABEEE bat aplikatzen 11 urtez jarraian, gaur egun indargabetuta dagoen legedia bati esker. ABEEE iruzurrez erabili du, enpleguaren erdia baino gehiago suntsituz Euskal Herrian eta 4.000 lanpostu baino gehiago estatu osoan.

Duela gutxi, enpresak publikoki onartu behar izan du ezin dela ABEEE aplikatu Euskal Herriko zenbait lantokitan, normaltasunez lanean ari direlako, baina ABEEEn lantoki zein langile guztiak sartzen dituzte.

Beraz, arrazoi asko daude ABEEE berri honi ezetz esateko. Ez dezagun ahaztu baldintza okerragoak ekarriko dituela langileentzat. Eta horiei guztiei beste bat gehitu behar zaie, negoziaziorako fede txarra. Enpresak negoziazioa amaitutzat eman eta ABEEE aldebakarrez aplikatuko zuela iragarri ondoren, Asturiaseko komunikabideen bidez ezagutu dugu ABEEEren ustezko negoziazioa eta haren eduki zehatzak, negoziazio-batzordea alde batera utzita. Enpresaren jarduteko modu hori ez da berria, baina, hala ere, oso larria da. Enpresak estatu-esparrua erabiltzen du indar-korrelazioa aldatzeko eta euskal langileei ziurgabetasun eta prekarizazio handiagoa eragiten dieten erabakiak inposatzeko. Euskal lantokiak trukerako txanponak dira beti, eta euskal langileak dira sakrifikatuak. Enpresak “legezkotasun barniza” eman nahi dio fartsa horri, orain ABEEEren negoziazio-mahaira deituz, itxuraz beste esparru batzuetan negoziatu eta hartutako erabaki bat formalki jasotzeko.

LABek ez du gure eskubideak baztertzen eta urratzen dituen fartsa hori legitimatuko. Euskal lantokientzat esparru propioa behar dugu. Euskal langileen eskubideak defendatuko ditugu. Gure lantokien etorkizuna defendatuko dugu.
 

 

 

Exijitzen dugu Bizkaibuseko kabinetan eskuz ez ordaintzea

0

LABek eskaria erregistratu du Bizkaiko Foru Aldundian Bizkaibuseko kabinak berriro zabaldu behar dituztenean. Sindikatuak eskatu du “modu prebentiboan eskuz ordaintzea bertan behera uztea”, ohikoa izaten ari den bezala, momentuz, autobusa ordaintzerakoan.

Aipatutako eskaria beharrezkoa da, COVID-19aren kutsaketa eta hedapena eragozteko modurik onena arriskua ahalik eta gehien gutxitzea delako eta kobraketa kreditu txartelaren bidez egin baitaiteke.

Txartel bidez ordaintzeko datafonoak jartzea, 2013 eta 2014an Bizkaibusen egondako gatazkan zehar sindikatuek eskatutako zerbait da, eta ordutik hona Aldundiak ez ditu Bizkaibuseko kabinetan ez hau eta ez beste hainbat hobekuntza martxan jarri. Gaur egun, asko dira zerbitzu hau ez duten kabinak, hortaz, berriz martxan jartzen direnerako datafonoak izatea exijitzen dugu.

Langile eta erabiltzaileek ez dituzte Aldundiaren geldotasunaren ondorioak ordaindu behar. LABek uste du kabinak berriro zabaldu behar direla, baina segurtasun neurri guztiekin, eskuz egindako ordainketek birusaren hedapen eta kutsaketan lagundu baitezakete.

Zertarako balio du maskara edo eskularruak erabiltzeak, birusa kabinetan geratzen diren txanponetan baldin badago? Zertarako balio du maskarak erabiltzera behartzeak gero eskuz ordain badezakegu, birusa izan dezaketen txanpon eta bileteak gure boltsikoetan sartuz?

LABek espero du, autobusetan eskuz ordaindu ezin daitekeen modu berean, bere eskaria onartua izatea. Horrela ez bada, eskuz ordaintzeagatik egon daitezkeen kutsatzeak diruz ordaintzea ahalbidetu dutenen erantzukizuna izango dira.
 

 

 

SEPEk langile prekarizatuenak zigortzen dituela salatu dugu Bilbon

SEPE (Servicio Público de Empleo Estatal) langile prekarizatuenak, hau da, jardun partziala izateagatik kontratu bat baino gehiago dituztenak, zigortzen ari dela salatu nahi dugu. Hori dela eta, elkarretaratzea egin dugu Bilbon SEPEk duen egoitzaren aurrean, “Diskriminaziorik ez. SEPEk lapurtu egiten digu” lemarekin.

Aurreko astean salatu genuen SEPE langile prekarizatuenak zigortzen ari dela. Gaur, SEPEn sartutako salaketa egin dugu publiko:

Lotsagarria da berriro ere langile zaurgarrienak, babestu ordez, zigortzea. Lotsagarria da SEPE langile zaurgarrienen langabezia prestazioaren kalkuluan “erratzea”.

Zigor hau kasu konkretu batean ematen da: jardun partziala izategatik, kontratu bat baino gehiago dutenen kasuan.

Egoera hauek ez dira kasualitatea. Langile hauek, soldata duin batera hurbiltzeko, derrigortuak daude lan kontratu bat baino gehiago izatera. Langile hauek, alarma egoera honetan, kontratuetako bat ERTE bidez suspenditua izan dute, baina beste kontratua mantendu dute, oinarrizko lanak gauzatzen dituztelako.

Langile hauen gehiengoa, beraz, emakumea da, derrigorrezko jardun partzialetan dagoena, miseriazko soldataren truke kontratu bat baino gehiago izatera derrigortua eta alarma egoeran kontratu bat oinarrizko lanak gauzatzeagatik mantendu duena da.

Berriro diogu, hau ez da kasualitatea. Patriarkatua da. Langile hauei egunero txalo egin zaie, baina langile hauek ez dira txaloetaz bizi.

Gaur hemen egoera salatzearekin batera, SEPEri "akats” hau berehala konpontzeko eskatu diogu, sartu dugun idatzia aintzat hartuz. Aukera bakarra emango diogu. Ekaineko ordainketan langile hauen prestazioak zuzendu ez badira, salaketa indibidualen bideari ekingo diogu.

Hala, jardun partzialetan lan-kontratu bat baino gehiago dituen langileei, kontratu bat langabezian eta bestea mantendu duen kasuetan, ekaineko ordainketan egoera aldatu ezean, LAB sindikatura hurbiltzeko deia egiten diegu.
 

 

 

Salatzen dugu Ambuiberica beren bizitza gugatik jokoan jarri duten langileak kaleratzen ari dela

0
Ez gara isilduko. Gure lankideen alde borrokatuko gara, eta zerbitzu publiko bat azpikontratatzearen ondorioak zeintzuk diren kontatuko dugu: Euskal Herriaren osasuna saltzea HTG taldeko enpresa zikinen poltsikoak betetzeko.

Ambuibericak, berriro ere, bere langileak kaleratu ditu eta diruaz aparte ez zaiola ezer axola erakutsi du. Enpresa abokatu-bulego batek kudeatzen du, eta honen helburua ahalik eta errentagarritasun handiena lortzea da, pazienteen eta langileen gainetik, LABek behin eta berriz salatu duen bezala. Bizi dugun osasun-larrialdi egoeran ere, Ambuibericak eta haren zuzendariek ez dute zerikusirik beren langileen sakrifizioarekin; izan ere, langile horiek ondo aritu dira lanean, eta beren osasuna arriskuan jarri dute, askotan nahikoa ez diren babes-bitartekoekin. Hala ere, hauek kaleratu eta merkeagoak diren beste langile batzuekin ordezkatzeko asmoa dute, kromoak izango balira bezala.

Langile hauek praktiketan kontratatu ziren, nahiz eta egiturazko lanpostuak betetzen egon. Hala, Ambuiberica eta HTG taldea langileen nominaren % 40raino lotsarik gabe lapurtzen aritzea ahalbidetuz.Horrela, hilabetez hilabete, gu zaintzen gaituztenen diruarekin geratu dira, gainerako lankideen lan berbera egin arren. Enpresak, hala ere, Eusko Jaurlaritzaren partida ekonomiko bera kobratzen jarraitu du. Jaurlaritzak ondo baino hobeto ezagutzen du egoera hori, baina nahiago izan du beste alde batera begiratu, Confebasken beldur. HTG talde osoaren ohiko praktika da, eta hil amaieran nomina ordaintzen dizuna salatzeak sortzen duen beldurraz baliatzen da. Langileek nahiago dute isilik egon eta beren kontratua berrituko dutela uste izatea, baina errentagarri izateari uzten diotenean, zakarki kaleratuko dituzte.
 

 

 

Lan erreforma osoki derogatzea ekarri duen akordioa betetzeko borrokatuko dugu

Lan erreformaren derogazioa geltoki garrantzitsua izanik ere, LABen azken helburua euskal langile guztiei lan duina bermatuko dien lan harremanetarako esparru propioa dela gogorarazi nahi du. Euskal Herriko langileon lan baldintzen, pentsioen edo zerbitzu publikoen inguruko erabakiak Euskal Herrian bertan har daitezen, burujabetza osoa aldarrikatzen dugu.

PSOE, Podemos eta EH Bildu alderdiek lan erreforma osoki derogatzeko akordioa egin zuten Espainiako Kongresuan. Gertakari garrantzitsu honen aurrean, LAB sindikatuak zera adierazi nahi du:

• Lan Erreformaren derogazioa euskal langileon lan baldintzak okertzeko tresna nagusietako bat izan da azken zortzi urteetan. 2012an gehiengo sindikalak Greba Orokorra deitu zuen haren kontra eta gerora Estatu osoko sindikalgintza batu zen Greba horretara. Geroztik asko borrokatu gara lan erreforma Euskal Herriko hitzarmenetan ahalik eta eragin txikiena izan dezan. Urtarrilaren 30ean lan, pentsio eta bizitza duinaren alde egindako Greba Orokorraren aldarrikapen taularen puntuetako bat ere bazen lan erreformaren derogazioa.

• Euskal langileok 2012ko lan erreforma derogatzearen alde borrokatu dugu, eta atzo Madrilen lortutako akordioak langileentzat hainbeste galera ekarri zuen akordioa bertan behera osoki uzteak langile klasearen garaipen bat dela esaten dugu. Bizi dugun lan prekarietatearekin amaitzeko hartu beharreko erabaki bat da, euskal langilegoa eskertzen duena.
Akordio honek agerian uzten du Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua (LHBSEE) eratzeak lehentasunezko premia bat dela, eta burujabetza osoa lortzea beharrezkoa dela, Euskal Herrian bertoko egoera sozio laboralei bertoko tresna eta ikuspuntuarekin aurre egin ahal izateko, inongo injerentziarik gabe.

• Akordio honek erakusten du Euskal Herrian badagoela bere indarra Madrilen euskal langileen alde erabiltzen duen alderdi bat, langileok eta sindikatuok aldarrikatzen ditugun beharrak kontutan hartzen dituena. Aldiz, EAJk Confebasken interesak defendatzeko, AHT aurrera eramateko eta bere interes propioak asetzeko baino ez du Madrileko akordioak erabiltzen.

• LABek atzoko akordioa, hau da lan erreforma osoki derogatzea, betetzeko borrokatuko du, jakin badakigulako Estatu eta Euskal Herriko patronalak, botere ekonomikoak eta eskuineko alderdiek presioa egingo dutela akordio hau zapuzteko, atzo gertatu moduan PSOEren aklarazioa behartuz. Estatuko Gobernua eta hau osatzen duten PSOE eta Unidas Podemos-ek dira akordioa gauzatu behar dutenak, eta LABetik exijitzen diegu adostutakoa betetzea eta lan erreforma osoki bertan behera uztea.

Horrekin batera Zapateroren Gobernuak 2010ean onartutako negoziazio kolektiboaren erreformaren derogazioa ere aldarrikatzen eta borrokatzen jarraituko du, honek bidea ireki baitzuen estatuko lan hitzarmenek Hego Euskal Herrikoen aurretik lehentasuna izateko aukerari.

• Erakunde autonomiko, foral eta lokalak COVID19ak sortutako ondorioei baliabide gehiago izateko aukerak ere aurrera pauso bat dela uste dugu, egoera hau gaizkien pairatzen ari direnei laguntzeko bide ematen duena.

• EAE eta Nafarroako autonomia elkarteen zorpetze mailak beraien egoera finantzieroen arabera ezartzeak, hainbestetan aldarrikatu dugun esparru propioaren bidean doan neurri bat da, bertatik hartutakoa eta bertako egoeran oinarritutakoa, eta ez Estatuaren egoeraren araberakoa.
 

 

 

Bilboko Portuan aurten gertatzen den bigarren lan istripu hilgarria izan da arratsaldean, urteko 33. lan heriotza Euskal Herrian

Aurten gutxienez 33 langile hil dira lanean Euskal Herrian eta Zaldibarren bi langilek desagertuak jarraitzen dute, duela 104 egun geroztik. Bada, azken lan heriotzaren berri gaur arratsaldean izan dugu, Bilboko Portuan, 38 urteko Vulcanizados Retuertoko langile bati pieza handi bat gainean erori eta bertan zendu eta gero.

Lehenik eta behin, LAB sindikatutik gure elkartasuna eta babesa adierazi nahi diegu hildako langilearen familia eta gertukoei. Aurten bi langile bizitza galdu dute Bilboko Portuan. Otsailean 60 urteko langile bat zendu zen Zamakona ontziolan. Odolusteak ez du etenik, egoera jasaezina bihurtu da langile klasearentzat.

Laneko biolentzia arazo larria da, arazo estrukturala, inposatzen diguten politika neoliberalaren ondorio zuzena. Lan istripuak patronalak lan egiteko orduan ezartzen dizkigun baldintza eta lan egiteko moduen emaitza dira, prekarietateak gaixotzen eta hiltzen gaitu.

Egoera honek baditu erantzuleak eta erantzule nagusia patronala da. Gaur egun gure gaixotasuna eta heriotza merke ateratzen zaio, eta hau horrela izaten den bitartean gauzak ez dira aldatuko. Administrazio publikoen jarrera salagarria da, bere pasibitateak konplize bilakatzen du. Jaurlaritzari galdetzen diogu zein aldaketa eta zein pauso emateko prest dagoen sarraski honekin amaitzeko.

LAB sindikatutik argi dugu. Bizi eta lan duinak behar ditugu, lanetik onik eta bizirik bueltatzeko eskubidea dugu. Badakigu norbanakoena, familiena eta gizarte osoarena den gaitz honekin bukatzeko bide bakarra borroka eta antolakuntza direla, lan harremanen eta joko arauen aldaketatik etorriko dela aldaketa. Eredu berri bat gauzatu behar dugu, langileon bizitza eta osasuna lehenetsiko dituena.

LAB sindikatutik lanean eta borrokan jarraituko dugu langileon eskubide, segurtasun eta osasunaren alde. Dei egiten dugu hurrengo orduetan antolatu daitezkeen salatze mobilizazioetan parte hartzera.
 

 

 

25. Isiltasunaren Martxa Uruguain

0

Gaurko egunarekin, maiatzaren 20an, Uruguain Isiltasun Martxaren 25. urteurrena betetzen da, eta horregatik LAB sindikatutik gure elkartasun eta babes guztia Uruguain egia, memoria eta justizia aldarrikatzen duten eragile guztiei bidaltzen diegu, bereziki “Madres y Familiares de Uruguayos Detenidos Desaparecidos” taldeari eta PIT-CNT zentral sindikaleko kide guztiei.

Isiltasunaren Martxa urtero 1995etik hona, Maiatzaren 20an egiten den manifestazio publiko bat da. Bereziki Montevideon egiten da, baina baita ere Uruguai barrualdeko hirietan eta Uruguai-ko mugetatik kanpo ere. Aukeratutako datak Frente Amplioko senatari Zelmar Michelini eta Partido Nacionaleko Héctor Gutierrez diputatuaren eta Rosario Barredo eta William Whitelaw-en heriotzak omentzen ditu.

Madres y Familiares de Uruguayos Detenidos Desaparecidos taldeak giza eskubideen defentsan lan egiten duten beste eragileekin batera antolatzen den martxa bat da, eta bere helburua gizarte zibila mobilizatzea da, mobilizazioaren bitartez Plan Condorraren testuinguruan Uruguai-n eta Hego Amerika osoan egon ziren desagerpen eta erailketa guztiak argitzeko beharrezkoa den presio soziala sortzea da.

Euskal Herrian ongi baino hobeto dakigu egia eta justizian oinarrituko den memoria baten aldeko borroka zer den. 1936Ko altxamendu faxistaren ondorioz Euskal Herrian eraildako 23.000 pertsonek, errekonozimendua, egia, justizia eta erreparazioa borrokatzen dihardute oraindik-orain. Azken 50. urtetako gatazka armatuak ere zama handia utzi du Euskal Herria bezalako herri txiki batentzat. Herri bezala gaur egun daukagun erronka handienetako bat garaile eta galtzaile terminoetan idatzita ez dagoen kontakizun eta memoria idaztea da; pertsona guztientzat justizia, erreparazioa, eta ez errepikatzeko bermeak bilatuko dituen memoria bat hain zuzen ere.
 

 

 

Lakuako Hezkuntza Sailaren inprobisazioaren aurrean, sindikatuok ikasturte amaiera seguru, adostu eta kalitatezko baterako proposamena helarazi diogu

0

Ikasturte amaierarako plangintza orokorra, langileon ordezkariekin negoziatu eta adostu arte, alde bakarrez hartutako erabakiak geldiaraztea galdegiten diogu LAB, ELA, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuok Gasteizko Gobernuko Hezkuntza Sailari.

Azken asteotan Hezkuntza Sailak ikasturte amaierara begira gure eskoletarako egin dituen planteamenduak eta horien gaineko ondorengo aldaketak, bizi dugun pandemia larriak eskatzen dituen osasunerako berme-irizpideak lehenetsi gabe, ikuspegi pedagogikoak kontuan izan barik eta beharrezko adostasunik gabe gauzatu ditu Hezkuntza Sailak azken asteotan.

Etengabe aldatu dituen erabaki horiek gainera, hezkuntzako langileon ordezkariokin partekatu, negoziatu eta adostu gabekoak izaten jarraitu dute. Hau da, ikasturte amaierara begira, hartu beharreko osasun-neurriak zein neurri akademikoak nagusiki aurrera eraman behar dituzten pertsonen ahotsa entzun gabe hartu dituzte.

Bestalde, 2019/2020 ikasturte amaierarako Hezkuntza Sailak egindako azken planteamenduak ere, hasieran egindakoak bezalaxe, osasunerako berme eta irizpide pedagogikoak modu egokian uztartzen ez dituen planteamendu bat izaten jarraitzen du.

Aipatutako guztiari gehitzen zaizkio, atzo bertan, maiatzak 19, hezkuntza Sailak hezkuntza publikoko langileen itzulera presentzialerako atera zuen jarraibidea (telematikoki lanean diharduten etapa guztietako langileei ekaineko lehenengo astetik aurrera eskolara presentzialki itzultzeko aginduz) zein itunpeko ikastetxe eta ikastoletako patronalek egin dituzten plangintza propioen inguruko jakinarazpenak.

Hau guztia dela eta, Hezkuntza Sailaren azken planteamenduari ikusten dizkiogun gabezia eta hutsuneen aurrean, zein Sailaren etengabeko erabaki aldaketak sortzen ari diren ziurgabetasun eta egoera kaotiko honen aurrean, sindikatuok 2019/2020 ikasturte amaiera seguru, adostu eta kalitatezko baten aldeko proposamena bat helarazi diogu Hezkuntza Sailari.

Proposamenaren ardatz nagusiak hauek dira:

● Osasun protokolo eta gainerako dokumentazioan jasotako prozedurak zein edukiek dituzten gabeziak osatzea sindikatuokin negoziazio bidez.

●Hezkuntza Sailak ikastetxe guztientzat irizpide berdina finkatzea aurrez aurreko ikasketei ekiteko (zein etapetan, zein ikastalderentzat), horrela ikastetxe desberdinetako ikasleen arteko arrakalarik sortu edo areagotzea ekidinez

● Ikasturte honetan aurrez aurreko ikasketara itzulera EBAU azterketa prestatzeko beharra duten 2. Batxilergoko ikasleengana soilik zein arrakala digitalaren ondorioz konfinamenduaren ondorio kaltegarriak modu gehigarri batean jasan dituzten ikasleen errefortzurako soilik mugatzea. (ikus proposamen osoa).

Ikasturte amaierako plangintza zein eskoletara aurrez aurre itzultzeko baldintzak, osasuna bermatzeko protokolo eta prozedurak zein neurri zehatzak langileon ordezkariokin negoziatzeko eta adosteko prozedura abian jartzeko eskatzen diogu Sindikatuok Hezkuntza Sailari. Era berean, negoziaketa prozesu horiek gauzatu arte eta sindikatuok gaur bidalitako proposamenean jasotako eskaerak betetzen ez diren bitartean, ikasturte amaierara begirako aldebakarreko erabakiak bertan behera utz ditzala, hezkuntza publikoko langileak eskolara presentzialki itzultzeko maiatzak 19ko jarraibidea barne.

Hezkuntza Sailaren jokaera arduragabearen ondorioz, datorren astelehenetik aurrera ikastetxeren batean osasuna bermatu gabe aurrez aurreko ikasketak abian jarriko balira, sindikatuok gure esku dauden tresna guztiak abian jarriko ditugu langile eta ikasle horien osasuna babesteko.