2026-09-16
HomeZerbitzu PublikoakOsasungintzaOsakidetzako azpikontratetako garbiketa, anbulantzia eta jantoki zein kafetegietako langileak ostegunean mobilizatuko dira

Osakidetzako azpikontratetako garbiketa, anbulantzia eta jantoki zein kafetegietako langileak ostegunean mobilizatuko dira

LAB, ELA, CCOO, UGT eta ESK sindikatuok deituta, Osakidetzak azpikontratatutako garbiketa, anbulantzia eta jantoki zein kafetegietako langileek ere bat egingo dute urriaren 3an Bilbon egingo den manifestazioarekin, osasungintza publikoko langileek asteotan bultzatutako “Honaino heldu gara” dinamika mobilizatzailearen baitan.

Sindikatuon oharra:

OSAKIDETZAKO AZPIKONTRATAK HONAINO HELDU GARA!
Garbiketa, anbulantzia, sukade eta kafetegietako langileak ere,
osasun langileak gara

ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek, Osakidetzaren azpikontratatutako garbiketa, anbulantzia eta jantoki zein kafetegi sektoreetako langileen ordezkari gisa, Osakidetzako langileekin batera manifestazio bat deitzea erabaki dugu urriaren 3an.

Denbora daramagu gure osasun-sistemak pairatzen duen erabateko prekarietatearen egiturazko egoera salatzen, bai Osakidetzan, bai azpikontratetan ere. Lan-gainkarga, baliabide-falta, behin-behinekotasuna, kontratazioen partzialtasuna eta segurtasun-neurrien falta gure osasun-sistemaren egiturazko arazo bat da. Gaur egun, birusaren bigarren olatu hasiberri baten aurrean gaude, eta egoera horrek are larriagoa egiten du baliabide faltaren arazoa.

Egoera are larriagoa da zerbitzu jakin batzuk interes pribatuen esku jartzen direnean, hala gertatzen da garbiketa, anbulantzia eta Osakidetzako sukalde eta kafetegien kasuan. Osasun-sistemaren zati bat negozio-objektu bihurtzeak esan nahi du horiek kudeatzen dituzten enpresak kezkatuago egotea euren etekinak optimizatzen enplegu eta zerbitzu segurua bermatzen baino. Osakidetzako langileen esparruan, baliabide falta egitate bat bada, arazoa larriagotu egiten da gure sektoreetan. Pandemiak iraun bitartean, segurtasun-neurrien faltak, langileen, erabiltzaileen eta gure familien osasuna arriskuan jartzea eragin du.

Pandemia honek agerian utzi du pertsonen osasuna ezin dela negozioaren xede izan, ezta interes pribatuen mende egon ere. Halaber, agerian utzi du zeintzuk garen oinarrizko zerbitzuak ematen ditugunak, oso egoera gogorrean lehen lerroan egon garenak. Gure lana funtsezkoa bada, zerbitzu publikoa ematen badugu, gure enpleguek ere hala izan behar dutela aldarrikatzen dugu; horregatik, azpikontratatutako zerbitzuak sistema publikora itzultzea eskatzen dugu, enplegu eta langile guztien lan-baldintzak bermatuko dituen zerbitzuen publifikazioa eskatzen dugu.

Horregatik guztiagatik, Osasun Publikoa, Unibertsala, kalitatezkoa eta modu seguruan zein lan-baldintza duinekin eskainia aldarrikatzeko, Osakidetzako azpikontratatetako garbiketa, anbulantzia eta jantoki zein kafetegietako langileok elkarretaratzeak burutuko ditugu EAEko hiru lurraldeetan datorren ostegunean, urriaren 1ean, eta urriaren 3ko manifestazioan parte hartu dugula iragarri. Azkenik, herritar guztiei dei egin nahi diegu protestan masiboki parte hartzera.

Urriaren 1eko kontzentrazioak 11: 00etan egingo dira ospitale hauetan:

Bizkaia: Gurutzeta Ospitalea
Gipuzkoa: Donostia Ospitalea
Araba: Txagorritxu Ospitalea

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Santurtziko Ander gaztearen kasuan dauden ardura zuzen eta politiko guztiak argitu ditzatela exijitzen diegu udalari eta Segurtasun Sailari, justizia egin eta gertakari larri hauek...

Gaur publiko egin den bideoak agerian utzi du Santurtziko Ander gaztearekin era oso bortitz eta desegokian jardun zuten udaltzainek gertatutakoa ezkutatu dutela eta haien arduradunek babestu egi

Etxebizitza eskubidearen aldeko manifestazioa deitu dugu LAB sindikatuak eta Testako maizterrek

Etxabakoitz, Buztintxuri, Artika, Sanduzelai eta Arrotxapeko bizilagunek, LABen babesarekin, manifestazioa iragarri dute Iruñean urriaren 17rako. Mobilizazioaren helburua da salatzea Testak ez dituela berritu BOE...

Hauteskunde sindikaletan patronalei eta gobernuei erantzun irmoa emateko deia egin die LABek euskal langileei

Gutxieneko soldata, enpleguaren defentsa eta zerbitzu publikoak indartzea, ikasturte honetarako hiru lehentasun nagusiak. Kapitalari mugak jartzea eta birbanaketa politiken alde egitea da faxismoari eta olatu erreakzionarioari ateak ixteko biderik onena, LABen arabera.