2026-01-30
Blog Page 536

Lakua eta administrazio orokorraren zenbait eraikin isolatzea premiazko ikusten dugu

Herri eta eskualdekako zaintza batzorde eta auzolanak antolatzen ari diren bitartean datorkigunari aurre egiteko, Lan-Harremanetarako zuzendariak leporatu digu Eusko Jaurlaritzako sindikatuoi oporretan joan nahi izatea zerbitzu minimoetan lan egitea aldarrikatzearren.

Azaldu diogu hizkuntza ofizial bietan: Lakuako lantokia birusaren erdigunean kokatzen dela ARABAko hiriburuan alegia, eta bertan, Araba-Bizkai-Gipuzkoa-Lapurdi-Nafarroa-Burgos-Cantabrian bizi garen langileok joanetorrian gabiltzala, EAE mailan mugitzen diren eta bertara izapidetzak egitera doazen herritarrekin batera.

Iruditzen zaigu, bereziki arriskua duten langileen osasuna zaintzeaz gain, Administrazio Orokorraren langileok birusaren eroaleak izan gaitezkeen heinean, zerbitzu minimoetan utzi behar direla Jaurlaritzaren lantokiak, langileen gehiengoak zaintza arduretan lan egin ahal izan dezagun.

Dagoeneko positibo bat baino gehiago izan da langileon artean.
 

 

 

Gipuzkoako metalgintzarako gure aldarrikapenak finkatu ditugu langileekin batera

0
Datorren asteartean, martxoaren 17an, Gipuzkoako metaleko lan hitzarmenaren negoziazioari hasiera emango zaio. LAB sindikatuak bere plataforma aldarrikatzailea onartu zuen atzo, ordezkarien batzarrean. Plataforma hau partaidetza-prozesu zabal baten emaitza da; izan ere, sektorean ditugun 500 ordezkari baino gehiagoz gain, ehunka langilerekin partekatu ditugu gure proposamenak eta, era berean, haien aldarrikapenak helarazi dizkigute.

Parte-hartze hain zabal hori sektoreko enpresatan egin ditugun 40 bilera baino gehiagori esker lortu ahal izan da, eta horrek 47 ekarpen utzi dizkio plataformari eta inkesta bat ere banatu da enpresetan. Orain arte, 400 ale baino gehiago jaso ditugu. Era berean, emakume langileek beren ekarpena egin diote plataformari ikuspegi feministatik, metala bezalako hain sektore maskulinizatuan.

Langileek argi utzi dute metalaren hitzarmena beharrezkoa dela, eduki duina izango duena. Soldata-igoera duinak bermatzea, 9 urtez hitzarmenik gabe egon ondoren galdutako erosteko ahalmenari eutsiz, lanaldia murriztea, subrogazioa, behin- behinekotasuna mugatzea, ABLEen aurkako borroka, aukera-berdintasuna eta soldata-arrakalaren eta lan-osasunaren aurkako borroka izango dira gure aldarrikapen nagusietako batzuk. Hala ere, plataformak alderdi berriak eta egungoak ere jasotzen ditu, hala nola deskonexio digitalerako eskubidea, amiantorik gabeko industria bat, dibertsitate funtzionala duten pertsonak laneratzeko neurriak, garraio publikoaren eta kolektiboaren erabilera errazteko mugikortasun planak eta abar.

ADEGIk eduki duina izango duen proposamenik ez badu aurkezten, LAB borrokarako prest dago.

 

 

 

Koronabirusaren hedapenaren aurrean, Euskal Herrian gutxieneko zerbitzuak ezartzeko unea dela iritzi dugu

0


Agerraldia egin dugu Bilbon, koronabirusaren hedapenaren aurrean sindikatuaren gogoeta, erabakiak eta eskariak aurkezteko. LABeko idazkari nagusi ondoko Igor Arroyok eta Ekintza Sindikala eta Negoziazio Kolektiboko idazkari Xabier Ugartemendiak Euskal Herria gutxieneko zerbitzuetan jartzeko unea dela nabarmendu dute: "Epealdi batez, oinarrizko zerbitzuak mantendu (osasuna, elikadura, garbiketa, energia eta ura, helduen zaintza, garraio publikoa) eta bestelako ekonomia jarduera guziak eten beharko lirateke". Zentzu honetan, sindikatuak dagoeneko bere eginbeharrak eta lehentasunak berrantolatu dituela jakinarazi dute: Hauteskunde Sindikalak bertan behera uzteko akordioa; premiazkoak ez diren lan arloko epaiketak atzeratzeko eskaria; martxoaren 26rako aurreikusitako LABen Biltzar Nagusi artekoa atzeratzea; eta sindikatuan prebentzioa eta kontziliazioa bermatzeko neurriak, besteak beste.  


"Sistema bera da gaixo dagoena". Halaxe nabarmendu dute Igor Arroyok eta Xabier Ugartemendiak, Bilbon egindako agerraldian. Ez ohikoa den egoera baten aurrean gaude, emergentzia sozial egoeran, eta koronabirusaren krisiak sistemaren hutsuneak agerian utzi dituela adierazi dute: "Premiazkoa da koronabirusaren hedapena eragoztea, noski, baina premiazkoa da, halaber, bizitza erdigunean jarriko duen eredu berria eraikitzen hastea".

LAB sindikatuarentzat osasuna lehentasuna da, eta behar beste baliabide hartu behar dira krisi sanitarioari aurre egiteko eta kolektibo ahulenak babesteko: "Osasun zerbitzu pribatua botere publikoen zerbitzura jarri behar da. Behin behinean bada ere, gainezka dagoen zerbitzu publikoak duen aterabidea da".

Koronabirusaren krisiak zaintza krisiaren gordintasuna agerian utzi duela berretsi dute, eta Euskal Herrian gutxieneko zerbitzuak ezartzeko unea dela azpimarratu dute.

Era berean, langileen osasuna eta eskubideak babesteko neurriak eskatu dituzte; orain arte egin ez dutena egin dezatela, alegia: "Osalanek eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak irizpide zehatzak finkatu eta horien aplikazioaren jarraipena egin beharko lukete; aldiz, prebentzio neurrien zehaztapenaren ardura enpresen menpe dauden Prebentzio Zerbitzuengan delegatu du. Gauzak horrela, ez dago bermatzerik enpresek behar bezala jokatuko dutenik".  

Lan osasuna eta lan eskubideak babesteko neurriak
Enpresei zuzendutako eskaera eta exijentzien artean, lan osasunari dagokionez, langile guztientzat berehalako informazioa eta formazioa eskatu dugu, baita enpresak protokoloa ezartzea ere.

Era berean, ez dugula Erregulazio Espedienteak eta aldi baterako EEEak onartuko nabarmendu dugu: "Ez dugu onartuko Aldi Baterako EEEen kostua eta kaltea langileon bizkar erortzerik, EAEko eskola jangeletako langileekin egin duten moduan".

Zaintzari dagokionez, Madrilgo Gobernuak komentatu du laguntza bat sortzeko aukera legokeela egoera hauei erantzuteko. Honen azterketa espezifikoa egingo du LABek eta, bitartean, ezinbesteko betebeharragatik baimen ordaindu bezala kudeatu behar da zaintzagatiko baimena.

Administrazioari zuzendutako eskaeren artean, Estatuak Gizarte Segurantzaren kostu guztiak bere gain hartu behar dituela eskatu dugu; Estatua eta Eusko Jaurlaritza zein Nafarroako Gobernua, berriz, osasun sisteman izango duen gain kostu guztia. Diru funts publiko bat sortzea eskatu dugu, batez ere enpresa txiki eta ertainei laguntzeko.

Gure eginbeharrak eta lehentasunak antolatu
Eremu sindikalean ere eginbeharrak eta lehentasunak berrantolatu behar direla uste dugu, eta horretan jarri dugu indarra. Une hauetan, gure sindikatuaren lehentasuna langileen osasuna, zaintza eta lan eskubideak defendatzean datza eta horren mesedetan kokatuko ditugu geure baliabide guztiak.

 

 

 

Kolektibitateen enpresen eta Eusko Jaurlaritzaren kudeaketa kaskarra salatu nahi dugu, eskola-jantokietan, ospitaleetan eta gainerako lantokietan jarduera uzteari dagokionez

0
Sektore honen prekarietatea jasan behar izateaz gain (kontratu partzialak, soldata irrigarriak, soldata- arrakala handia …), enpresek EREak aurkeztea ere jasan behar dugu, eta Eusko Jaurlaritzak eskuak garbitzea erabateko agintea patronalari utziz.


 

 

 

Hezkuntzako eta EHUko garbiketako langileek salatu dute ez enpresek ez euskal administrazio publikoak ez dietela babes ekipamendurik eman grebatik bueltan

0

Astearte arratsaldean, Eusko Jaurlaritzako Lan Sailak agindu baten bidez %100eko gutxieneko zerbitzuak ezarri zituen ikastetxeetako eta EHUko garbiketa zerbitzuan, modu horretan, deitutako greba ondorio praktikorik gabe utziz. Hain erabaki berezia hartzeko erabilitako arrazoia osasun publikoko irizpideetan oinarritu dago, koronabirus izurritearen aurrean arrisku egoeran gaudela iritzita. Gaur, EAEko ikastetxe guztien itxiera agindu du.

Horrelako egoeretan, argi geratu da egiten dugun lanaren garrantzia. Gure lana funtsezkoa da garbitasun- eta higiene-baldintza egokiei eusteko prebentzio-neurri gisa.

Eusko Jaurlaritzak funtzionarioei etxetik lan egitea aholkatzen zien bitartean, garbitzaileei grebatik lanera itzultzera behartu zituen. Langile guztiak beren lanpostuetara joan ziren atzo. Erantzukizunagatik egin zuten, pairatzen ari garen egoerak behartuta.

Hala ere, salatu nahi dugu ez enpresek, ez EHUk, ez Hezkuntza Sailak ez dutela inolako kezkarik agertu langile horien laneko segurtasun eta osasun baldintzengatik. %100eko gutxieneko zerbitzuak agintzen dira, lanzentroak itxi egiten dira eta grebalariak beren lanpostuetara itzultzen dira, osasunerako arrisku erreal eta eraginkorreko inguruabarrak daudelako, baina garbitzaileei ez zaie inolako indikaziorik ematen ezta babes-neurririk oinarrizkoena ere ematen. Ez dizkiete ez ez nitrilozko eskularruak, ez desinfektatzaile kloratua ezta maskarilarik eman. Ez dute prestakuntza espezifikorik jaso. Ez diete protokolorik azaldu edo Osakidetzak gomendatutako argibideak eman.

Hau da, beste behin ere, gure sektorearen errealitatea. Gure sorbalden ardura da prebentzio-neurriak hartzea, baina ez dute prebentzio-neurririk hartzen guretzat. Gure lanak garrantzia dauka, baina gure osasunak ez.

Hemendik, egoera horri buruzko salaketa publiko bat egin nahi dugu, eta enpresei eta Eusko Jaurlaritzari interpelazioa egiten diegu garbiketako langileen osasuna ere bermatzeko prebentzioneurriak har ditzaten.
 

 

 

Laminaciones Arreguiko langileek enplegua aldarrikatu dute Gasteizko epaitegien aurrean

0

Celsa Atlantic-Laminaciones Arreguiko langileek kontzentrazioa egin dute Gasteizko Justizia Jauregiaren aurrean kaleratutakoak berronartzea exijitu eta etorkizunerako bermeak aldarrikatzeko.

Laminaciones Arreguiko langile gehienek egin dute bat gaur kaleratutakoen berronartzea eta Arabako lantegien etorkizunaren alde deitutako lanuztearekin. Honekin batera, kontzentrazioa egin dute Gasteizko Justizia Jauregiaren aurrean, datozen egunotan kaleratutako langileek demanda judizialak eta kontziliazio papeletak aurkeztuko dituztelako euren berronartzea exijituz.

Mobilizazio honekin, langileek enpresaren jarrera salatu nahi izan dute, otsailean 8 langile kaleratu zituelako. Hauxe da, hain zuzen ere, kaleratze kolektiboagatik prozedura aurkezteko muga eta ziurrenik, beste jipoi judizial bat ekiditeko helburuarekin egin du enpresak.

Jukutria hau egin duten arren, argi utzi behar dugu langile hauek beste birritan kaleratuak izan zirela, modu aktiboan hartu zutela parte 2012ko greba mugagabean eta horren ondorioz, bapatean kaleratuak izan zirela eta ELA eta LAB sindikatuetako afiliatuak direla. Gainera, hauetariko batzuk bajan zeuden kaleratuak izan zirenean.

Ondorio argi batera garamatza honek: inposizioen bidea hartu du berriro enpresak, jazarpenarena, euren murrizketa eta kaleratzeen aurrean amorerik eman ez zuten Gasteiz eta Urbinako langile batzuen zigorrarena.

Honen aurrean, langileak errebelatu egin dira eta tinko erantzun dute, Gasteizko epaitegietan ere mobilizatuz. Izan ere, esparru guztietan aldarrikatuko dugu kaleratuek berriro lanean bueltatu behar dutela, enpleguari eutsi behar zaiola eta etorkizunerako bermeak behar dituztela Arabako lantegiek.
 

 

 

Koronabirusaren aurkako neurriak hartu dituzte Nafarroako Foru Administrazioan

Nafarroako Gobernuak neurri sorta bat prestatu du Nafarroako Foru Administrazioan ezartzeko, COVID-19 birusaren ondoriozko egoerari aurre egiteko asmoz. Neurri horiek unean uneko egoeraren arabera ezarriko dira.

Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak emandako foru agindu baten bidez, neurri sorta bat onartu da COVID-19 birusaren ondoriozko egoerari aurre egiteko. Gobernuak sindikatuei jakinarazitako neurrietako batzuk berehala aplikatuko dira; esate baterako, fitxaketa ordenagailuaren bidez egitea eta ez hatz-markaren bidez, edo premiazkoak diren kontratazioak baizik ez egitea. NAPIko eta Segurtasun Eskolako ikastaroak ere atzeratu dira, online egiten direnak izan ezik.

Administrazioan sartzeko probei dagokienez (hala oposizio bidezkoak, nola kontratazio zerrendak osatzekoak), kasuak banan-banan aztertuko dira. Atzeratzen ez badira, prebentzio neurri bereziak ezarriko dira (izangaiei multzoka deitzea, gela gehiago jartzea, mahaien eta pertsonen arteko distantzia handitzea eta abar).

Langileak isolatzeko erabakia hartzen bada, Gobernuak esan du lansarien %100 kobratuko dela. Ikastetxeak ixten badira, erraztasunak emanen dira Nafarroako Foru Administrazioan lan egiten duten gurasoek lanaldia malguagoa izan dezaten edo baimenak har ditzaten.

Planean aurreikusten den beste neurri bat da telelana ezartzea etxetik lan egin dezaketen langile guztientzat. Neurri hau mailaz maila ezarriko da, beharren arabera.

 

 

 

“Premiazkoa da Alberto eta Joaquin aurkitzea; premiazkoa da herritarren osasuna bermatzea”

Euskal gehiengo sindikaletik babesa erakutsi diegu Zaldibar Argitu plataformak martxoaren 12rako deitutako mobilizazio eta lanuzteei. Eguerdian, zabortegiaren inguruko herrietan egindako manifestazioetan izan gara. LABeko Exekutiboko kide Edurne Larrañagaren hitzetan, "ezinbestekoa da krisi hau eragin dutenen erantzukizuna mahai gainean egotea. Honek ezin du dimisiorik gabe amaitiu".

LABeko ordezkaritza bat Eibarren deitutako manifestazioan izan da, idazkari nagusi ondoko Igor Arroyo eta Exekutiboko kide Edurne Larrañaga eta Endika Perez buru.

Edurne Larrañagaren esanetan, "premiazkoa da Alberto eta Joaquin aurkitzea; premiazkoa da herritarren osasuna bermatzeko neurri eraginkorrak hartzea; premiazkoa da Zaldibarreko zabortegian lanean ari diren langileen eskubideak bermatzea".

LABeko Exekutiboko kidearen arabera, "eredu sozioekonomikoaren inguruko gogoeta bat zabaldu behar dugu. Zaldibarren gertatu denak bizitza arriskuan jartzen du, eta guk bizitzaren alde, eredu sozioekonomiko berri baten alde, aurrera egin behar dugu”.
 

 

 

Diru publikoz sostengatutako Gizarte Ekimeneko zenbait ikastetxetako EEEk salatzen ditugu

Koronabirusaren krisiaren kudeaketa dela, Eusko Jaurlaritzak izan duen inprobisazioa eta aurreikuspen faltaz gainera; orain, egoera aprobetxatuz, Gizarte Ekimeneko ikastetxe batzuetan egin nahi den diru publikoaren kudeaketa okerra ere salatzen du LABek.

Koronabirusa dela eta, Hezkuntza Sailak aginduta, Gasteizko ikastetxeetan haur eskoletatik hasi eta EHUra arteko eskola-orduak bertan behera geratu dira. Egoera honen aurrean, Gizarte Ekimeneko Ikastetxe batzuetan, ikuspuntu pedagogikoaren aurretik eta ikuspuntu ekonomizista lehenetsiz, Emplegu Erregulazio Espedienteak (EEE) egin nahi dituzte 0-3ko zikloan.

Eskola-orduak bertan behera geratu badira ere, ikastetxeak, ordea, ez dira itxi eta langileak lanera joan behar dira zeregin pedagogikoak egitera: eskolako proiektuak landu, formakuntza-saioak, materialen prestaketa…

Baina ikastetxe batzuetan, 15 eguneko ordu lektiboen etenaldi hau EEEak egiteko aprobetxatu nahi dutela salatu nahi dugu. Gizarte Ekimeneko Ikastetxeetan 0-3ko zikloa diru publikoarekin sostengatuta dago eta langileek prekarietatea jasan behar izateaz gain (lanaldi partzialak, soldata baxuak eta soldata-arrakala handia), orain enpresek EEEak egin nahi dizkiete langile hauek oraindik eta egoera babesgabe eta larriagoan utziz.

Hori dela eta, LAB sindikatuak Eusko Jaurlaritzari koronabirusaren gaiarekin arduraz jarduteko eta eraginkorrak diren neurriak hartzeko eskatzeaz gainera, langileekiko sentsibilitatez eta erantzunkizunez aritzeko eskatzen dio. Eta erantzunkizun horretatik Hezkuntza Departamentuari Erregulazio Espedienteak ez onartzea exijitzen diogu.