2026-01-30
Blog Page 534

Osakidetzako hainbat ospitale eta zentrotan dagoen egoera larria salatu nahi dugu norbera babesteko ekipamendurik ez dagoelako

0
LAB sindikatutik, Osakidetzako ospitale eta zentro batzuetan une honetan bizitzen ari den egoera publiko egin nahi dugu, batez ere Bizkaia eta Araba lurraldeetan, egoera oso aldakorra bada ere.

Informazio falta izugarria da gure zentroetan. Zuzendaritzak argudiatzen du protokoloak intranetean zintzilik daudela, eta langile bakoitzak bere gain hartu behar duela protokoloa irakurtzeko ardura, lanpostura joan baino lehen. Baina protokoloak egunetik egunera aldatzen ari dira, lehenago ez bada, eta nahasmena izugarria da. Bestalde, protokolo horien arduradun den Osasun Publikoaren eginkizuna salatu nahi dugu; izan ere, protokolo horiek egunetik egunera babes txikiagoa ezartzen dute eta langileentzako babes txikiagoko NBEak erabiltzen dituzte. Nola ulertzen da hau? Azalpen bakarra da hau egiten ari direla babes ekipamenduen falta kezkagarria estaltzeko.

Gure ustez, zerbitzu bakoitzeko arduradunek berek eman beharko liekete beren lantaldeei, txanda bakoitza hasi baino lehen, protokoloetan gertatutako aldaketen berri, eta ez da nahasmen gehiago sortu behar, gainera, langileak zigorrekin mehatxatuz babesik gabe lan egiteari uko eginez gero, gertatzen ari den bezala.

Bestalde, norbera babesteko ekipamenduen banaketa kategoria guztientzat bidezkoa izatea eta kudeaketa arduratsua eskatzen dugu, irizpide bakartzat esposizio-maila hartuta. Anbulantzia batean medikuak eta zelariak kasu positibo batekin nola iristen ziren ikusi dugu, eta lehenengoak bakarrik zeuden behar bezala babestuta.

Bestalde, zuzendaritzek hasieratik eskaini diegun lankidetzan aritzeko eskatzen digute, egoera delikatua dela ulertuta, baina babesik gabe dauden langileek jasaten dituzten egoeren berri eman nahi diegunean, bitxia bada ere, desagertzen dira, ez digute harrera egiten eta ez dute kontuan hartzen helarazten diegun informazioa.

Ezin dugu onartu alarma-egoera horren aurrean osasun-zentroetan alarma gehiago sortzea.

Informazio faltak eta NBE egokien faltak arriskuan jartzen dute Osakidetzako langileen osasuna, baita euskal herritar guztiena ere. Ezin dugu onartu, norbera babesteko ekipamendurik eta informazio nahikorik ez dagoelako, Osakidetzako langileak izatea birusaren transmisore nagusiak. Osakidetzako eta Saileko zuzendaritzak esan beharko digute non dauden beharrezkoak diren NBE horiek, zergatik ez dagoen irizpide homogeneorik ESI guztietan eta ospitale batzuetan materialak daudela eta beste batzuetan ez. Azaldu egin beharko digute zergatik herritarrentzako isolamendu-neurriak areagotzen diren, eta gero, ospitaleetan, baieztatutako paziente positiboak lekualdatzen ari diren babes-material egokirik gabe. Azaldu beharko digute zergatik protokoloek gero eta gutxiago babesten gaituzten.

Atzo bertan Bizkaiko ospitale bateko zelari batek zioen bezala: "Ez dugu heroi izan nahi. Langileak gara, eta gure lana parametro objektiboen arabera egin nahi dugu, ez unean uneko ekonomia, inguruabar eta interesetara egokitzen diren aldagaien arabera ".
 

 

 

Produkzioa langileen osasunaren gainetik jartzen ari direla salatu dugu

0

Norbaitek azaldu beharko liguke auto baten produkzioa edo horrelako aktibitateak zergatik diren gure osasuna baino garrantzitsuagoak batzuentzako. Espainia zein Frantziako Gobernuek, baita Nafar zein Gasteizko Gobernuek berme gehiago eskaintzen diote produkzioa mantentzeari, langileon osasuna bermatzeari baino.

Berriro ere langile klasea da irakasgaiak ematen ari dena; lan zentroak gelditzen ari gara. Volkswagen, Aernova, Mercedes edota CAF-ek produkzioa eten dute. Milaka dira dagoeneko etxean berrogeialdia zintzo betetzen ari direnak, ez beraiek ezta ingurukoak ere ez kutsatzeko ariketa soziala eginda.

Hala ere, baditugu TUBACEX edota SIDENOR bezalako kasuak. Enpresak produkzioa du helburu, eta Jaurlaritzaren eta Lan Ikuskaritzaren babes osoarekin; langileak “salduta” utzi dituzte. Koronabirusaren izurritea, kutsatze maila eta erraztasuna, eta datu larri guztiak mahai gainean edukita ere; produzitzen jarraitzeko agindua dute langileek. Langileen plantoak indargabetu eta lanera itzultzeko agindua jaso dute.

Ehunka langile dauden lan zentro batean NORK eta NOLA berma ditzake beharrezko diren prebentzio neurri guztiak? Eusko Jaurlaritzaren eta Osalanen aholkuak lotsagarriak dira, ez dute prebentzioa helburu, produkzioa mantentzea besterik ez dute bermatzen.

– Zeintzuk dira sarrera / irteeretan beharrezko neurriak? Zenbatero eta nork garbitu eta desinfektatu behar ditu gune komunak (aldagelak, komunak…)? Nork eta zenbatero desinfektatu behar ditu lan tresna eta makina komunak? Nola bermatuko da langileen artean uneoro 1,5m distantzia errespetatuko dela?

– Eta, txarrenean jarrita, langile bat lan zentroan gaixotuz gero hilko balitz, noren erantzukizuna izango da? Zer esango dute Tapiak eta Confebaskek, ezin dela frogatu non gaixotu den?

Ez da txorakerietarako unea! Ez da etekin ekonomikoen eta kapitalaren mesedetan jarduteko unea! Ez da onargarria jendarte osoa konfinatua dagoenean, kapitalari eta enpresei nahieran ibiltzen uztea! Martxoaren 7an Arantxa Tapiak esan zuen “enpresak ixtea larregi zela, ez dagoela arriskurik”; Utzi Confebasken esanetara aritzeari Arantxa! Alarma egoeran gaude! Jendarte osoaren osasuna jarri behar dugu erdigunean; langileon unea da!

LABetik Eusko Jaurlaritza eta Nafar Gobernuei, berehala, oinarrizko ez diren jardun ekonomiko guztiak eteteko eskatzen diogu. LABetik langileen Osasuna erdigunean izango duen politika egiteko unea dela aldarrikatzen dugu.

Bukatzeko, gure elkartasuna eta harrotasuna plantoa egin duzuen eta egiten ari zareten langile guztioi. Gobernuburuak ez daukaten koherentzia, zuek demostratzen ari zaretelako. Gure bizitzek hutsaren hurrena balio dutela esan digutenean, zutitu eta aski da esan duzuelako! Eutsi!
 

 

 

Enpresa guztietan Prebentzio Zerbitzuek Laneko Arriskuen Prebentziorako NOPLI-k emandako gomendio guzti-guztiak bete ditzatela exijituko du Nafarroan

0

Covid-19ko pandemia egoera honetan, lantokietan langileen osasuna defendatzea lehentasunezkoa da LAB sindikatuarentzat. Hartara, sindikatuaren uste irmoa da enpresek ziurtatu behar dutela langileak koronavirusaren aurrean babestuta daudela.

Joan den ostiralean (martxoak 13) Manu Aierdi Garapen Ekonomikorako kontseilariarekin izandako bileran, LAB sindikatuak lan osasunaren arloko jarraibide zehatzak exijitu zituen, lantokian berehala ezartzeko. NOPLIk (Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua) erantzun positiboa eman dio LABen eskakizun horri eta martxoaren 17an argitaratu zituen neurriok. Ondorioz, enpresa guztietan eskatuko dugu "prebentzio-zerbitzuek" bete ditzatela NOPLI-k emandako gomendio guzti-guztiak. Ez dugu onartuko erantzukizun hori langileena izatea, eta, beraz, neurri horiek praktikan betetzean eta horien ondorioetan irmo izateko eskatzen diogu NOPLI-ri, hark Lan Ikuskaritzari ez-betetzeengatik ezar daitezkeen zehapenak ikuskatzeko eta betearazteko eska diezaion.

Prebentzio-zerbitzuek langile guztiak informatu behar dituzte, esposizio-arriskua ebaluatu behar dute eta lanpostu bakoitzerako prebentzio-neurri egokiak ezarri behar dituzte. Eta langileek segurtasun-neurri egokiak bermatuta ez badituzte, eta osasuna arriskuan jartzen ari baira, lana geldiarazteko prozedurari ekingo diogu.

Herritarrak bakartzeko eta konfinatzeko neurri zorrotzak hartzen diren bitartean (eguneko 24 orduetan etxean egoten), gure osasuna babesteko eta Covid-19ren hedapena geldiarazteko neurri eraginkorrago gisa, milaka pertsona lanera bidaltzeak ez du inolako zentzurik, eta onartezina da, haien eta gainerakoen osasuna arriskuan jartzen baitu. Lehenik eta behin, gure osasuna. Eta hori bermatzen ez bada, ezin da lan egin.
 

 

 

Euskal gehiengo sindikaletik exijitzen diegu Jaurlaritzari eta Osakidetzari arduraz joka dezatela eta langile guztien segurtasuna eta babesa berma ditzatela

Orain inoiz baino gehiago osasuna interes ekonomikoen gainetik jartzeko momentua da. Ez dugu onartuko krisi honen kudeaketa langileen bizkar gainera erortzea. Gehiengo sindikikalak dei egiten dugu langileoi, herritarroi, gaur, hilak 19, 20:00etako txalo zaparradetan balkoitik parte hartzera, lan postuan hil den erizainaren heriotza salatzeko.

Gaur jakin dugu, Osakidetzako 52 urteko erizain bat hil dela ospitalean koronaviruagatik. Urte hasieratik Hego Euskal Herrian 17 langilek bizia galdu dute lanean eta beste bi langilek 41 egun desagertuak jarraitzen dute.

Lehenik eta behin gure elkartasun eta babes oso haren senide, lagun eta lankide guztiei. Covid 19 pandemia egoera honetan lan zentroetan langileen osasuna bermatzea lehentasuna izan behar da. Gaur egun, Galdakao ospitalean babes neurri indibidualizatuak ez dira nahikoak azpimarratu nahi dugu. Jaurlaritzari eta Osakidetzari exijitzen diegu arduraz jokatzea eta Osakidetzako langile guztien segurtasun eta babesa bermatzeko beharrezkoak diren baliabide tekniko eta giza baliabideak martxan jartzea, eta horretarako plan bat artikulatu dezatela.
 

 

 

Koronabirusa dela eta, Osakidetzako erizain baten heriotzaren aurrean, langileen segurtasuna eta osasuna babesteko eskatzen dugu

0
Cornabirusaren ondorioz Osakidetzako erizain bat hil delako berri tristearen aurrean, LAB, SATSE, ELA, SME, CCOO, UGT, ESK, SAE eta UTESE sindikatuok zorigaiztoko gertaera honengatik gure tristura sakona adierazi nahi dugu eta gure doluminak helarazi familiari, hurbilekoei eta lankideei. Elkartasuna adierazteko eta Osakidetzari berehalako neurriak har ditzala eskatzeko, datozen bi egunetan krespoi beltz bat eramateko eta leihoetatik trapu beltzak zintzilikatzeko eskatzen diegu langileei. Halaber, dei egiten diegu langileei bihar, ostirala, 12etan, jarduera eten eta 5 minutuko isilunea egin dezaten hildako lankidearengatik.

Krisi hau hasi zenetik, behin eta berriz esan dugu laneko segurtasunak eta osasunak bateragarriak izan behar dutela lanarekin eta baita herritarrei funtsezko zerbitzu baten eskaintzarekin. Osakidetzaren ardura da hori bermatzea, baita koronabirusaren izurritearekin ere. Eta Osakidetza da, halaber, langileei prestakuntza eta informazio nahikoa eman behar diena.

Horregatik, eta zalantzarik gabe, hildako pertsonaren lan-jardueraren ondorioz gertatu izan den zorigaiztoko gertaera honen aurrean, berriro esan adierazi nahi dugu ezinbestekoa dela Osakidetzak norbera babesteko ekipamenduen eta plantillaren segurtasuna eta osasuna babesteko beharrezkoak izan daitezkeen gainerako materialen hornidura bermatzea.

Hori horrela izan dadin ahalbidetuko duen plan batu arikulatu behar dute Eusko Jaurlaritzak eta Osakidetzak berak. Ezin dugu hornidurarik gabeko eszenatoki bat onartu. Hori dela eta, plan bat egon behar du behar diren materialen disponibilidadea bermatzeko.

Plantillaren segurtasuna eta osasuna bermatu behar dira, une honetan hain beharrezkoa den osasun-arreta ere eman daitekeela bermatzeko. Eusko Jaurlaritzari eta Osakidetzari berehala jarduteko exijitzen diegu. Ahalegin guztiak nahitaez funtzionatzen jarraitu behar duten funtsezko zerbitzuetan segurtasuna bermatzera bideratu behar dira.

 

 

 

“Patronalaren neurrira egindako konfinamenduari aurre eginez, oinarrizkoa ez den produkzio oro geratu egin behar da”

0

LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk agerraldia egin du, Streaming bitartez, egoerak hala behartuta, egungo larrialdi egoerari buruzko balorazioa egiteko. “Salbuespen egoera bat bizitzen ari gara, baina ez gara osasun publikoko krisi huts bat pairatzen ari, indarrean dagoen sistema ekonomikoa da gaixo dagoena”, nabarmendu du. Berretsi du sindikatuak hasieratik luzatutako mezua: “Lehentasuna birusaren hedapena gelditzea da. Horretarako berriro diogu: premiazkoa da edozein jarduera ekonomikoa gelditzea, herritarrentzat oinarrizko zerbitzua ez bada”.

“Enpresek jarduera gelditu badute sindikatuon eta langileon presioarengatik izan da. Borroka beste biderik ez zaigu gelditzen. Patronalaren neurrira egindako konfinamenduari aurre eginez, oinarrizkoa ez den produkzio oro geratu egin behar da”.

Garbiñe Aranbururen hitzak dira horiek, Streaming bitartez egindako agerraldian esandakoak. "Enpresetan gure osasuna bermatzen ez bada, planto egingo dugu gure esku dauden tresna juridiko guztiekin, baita ekintza sozialaren bitartez ere, langileen osasuna bermatu ahal izateko", adierazi du. Zentzu honetan, galdera bat luzatu du: “Non dago enpresen ardura soziala? Enpresa handien interesak defendatzen dituzten CEOE, Confebask, CEN patronalek ez dute inongo ardurarik hartzen, eta, gainera, krisia langileek eta kutxa publikoak ordain dezatela nahi dute”.LABeko idazkari nagusiaren esanetan, "Gasteizko eta Iruñeko gobenuek aldaketak planteatu beharko lituzkete politika fiskalean krisia ere patronalaren bizkar gainean eror dadin. Gehien duenak gehiago ordain dezala”.

Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezek atzo adostutako neurriak motz geratzen direla esan du: "Jarduera ekonomikoa mantentzen du, ERTEak aurkezteko erraztasunak ematen zaizkie enpresei inongo kosturik gabe, enplegua ez dela suntsituko ez da bermatzen eta ez daude ordaindutako baimenik zaintzarako”.

Garbiñe Aranburuk argi utzi du: "2008ko krisiaren ondorioak langileek ordaindu zituzten. Ez dugu gauza bera berriro gertatzen utziko. Enplegu, pentsio eta bizitza duinen aldeko Greba Orokor batetik gatoz, ofentsibara planteatutakoa. Hori da bidea: eredu ekonomiko eta sozial baten aldeko borroka indartzea".

Sistema gaixo
Krisiak sistema gaixo dagoela agerian utzi duela berretsi du: "Eredu honek gabeziak ditu egungo larrialdi egoeran: zaintza krisia; murrizketak zerbitzu publikoetan; lan eta prekarizazio soziala bultzatzen dituen ekonomia globalizatua; lan harremanen eta sozialen indibidualizazioaren apustua egiten duen eredu neoliberala".

“Gerran gaude”, esan du Macronek. Bada, Pedro Sanchezen Gobernuak Alarma Egoera baliatzen ari da nazio batasuna indartzeko, kapitalaren zerbitzura.

Garbiñe Aranbururen hitzetan, “Polizia eta Ejerzitoa atera dituzte kalera gure mugimenduak mugatu eta zaintzeko. Bitartean, enpresa askok bere ekoizpena mantentzen dute inongo erreparorik gabe. Guk egindako salaketen aurrean, Osalan, INSL eta Lan Ikuskaritza bezalako erakundeak ez dira gai jarduera eteteko".

Gainera, gogoratu du krisi honetan ez gaudela denak egoera berean: "Emakume askok lanean jarraitu behar dute euren lana badelako oinarrizkoa”.

Salaketak salaketa, orain lehentasuna pertsonen osasuna bermatzea dela azpimarratu du: "Ezin dugu ahaztu 2020. urtea odolustea ari dela izaten langileontzat, 16 langile hildakoekin. Zabor eta lur azpian jarraitzen duten Alberto eta Joaquin gogoan ditugu”.

 

 

 

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartatik bizitzak erdigunean jartzeko neurriak eskatu dizkiegu erakundeei Koronabirusaren eta sistemaren krisiari aurre egiteko


Koronabirusak sortutako krisiaren aurrean, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartatik langile klasearen eta gehiengo sozialaren aldeko neurriak hartzea eskatu diegu erakundeei. Larrialdi egoera horren aurrean, salbuespenezko egoera horri aurre egiteko neurriak hartu behar direla baieztatu dugu Karta osatzen dugun eragileok, baina zaintzak eta bizitzak erdigunean kokatuko dituen sistema bat eraikitzen hasteko unea iritsi dela ahaztu gabe.  


Kartak argi dauka "Koronabirusaren krisiak agerian utzi duela egungo gizarte ereduak aldaketa sakonak behar dituela". Azpimarratu du langile klasearen osasuna eta, oro har, herritarrena dela jokoan dagoena, eta kezka agertu du "osasun-krisiaren testuingurua aprobetxatuz epe motzean elite ekonomiko eta politikoen eraso berria" bihur litekeenaren aurrean. Karta prest agertu da egoerari aurre egiteko neurriak hartzeko, baina, era berean, azpimarratu dute sistema berri bat eraikitzen hasi behar dela, zaintzak eta bizitzak guztiaren erdigunean jarriko dituen sistema berri bat, hain zuzen ere.

Horretarako, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak proposamen zehatz batzuk aurkeztu ditu, helburu argi batzuekin: zerbitzu publikoak garatzea; egoera prekarioenean dauden kolektiboak babestea; oinarrizko eskubideak bermatzea, hala nola etxebizitza, elikadura osasuntsua, ura edo energia izateko eskubidea; zaintza-lanak garatzea; indarkeria matxistaren aurka borrokatzea; enplegua defendatzea eta bermatzea; neurriak hartzea langile klaseak krisiaren ondorioak ordain ez ditzan…

Salatu dutenez, Espainiako eta Frantziako gobernuak Koronabirusaren pandemiak sortutako alarma baliatzen ari dira estatuaren birzentralizazioa areagotzeko. Egoera horren aurrean, azpimarratu dute inoiz baino beharrezkoagoa dela subiranotasun politikoa eta materiala aldarrikatzea, eta, horregatik, gaineratu dute, bizitzari eusten dioten tresna publiko eta komunitarioek herritarren kontrolpean egon behar dutela, erabakitzeko eskubidea bermatuz. "Eredu berri baten inguruan indarrak batu eta artikulatzeko unea da", azpimarratu dute.
 

 

 

Nafarroako Gobernuaren neurriek ez dute gehiengo soziala babesten, kapitala eta enpresak baizik

0

Nafarroako Gobernuak iragarritako neurri ekonomiko eta babes sozialekoen balorazio negatiboa egiten du LAB sindikatuak bere definizio faltagatik eta erabat eskasak direlako. Gainera, Nafarroako Gobernuak ez du aldez aurretik sindikatuekin partekatu neurri horiek, Manu Aierdi Garapen Ekonomikorako kontseilariak joan den ostiraleko bileran (martxoaren 13an) hitzeman zuen bezala.

Gobernuak berak María Txibite presidentearen bitartez iragarri duen bezala, neurri horiek hiru ildo nagusitan egituratzen dira: 100 milioi euroko funts bat sortzea, behar izanez gero handitu ahal izango dena; kreditu-emakida 30 milioira arte handitzeko lerro espezifikoak ezartzea; enpresei 40 milioira arte abalak ematea; eta, azkenik, larrialdi horri aurre egiteko giza baliabide publiko eta aurrekontu-baliabide guztiak mobilizatzea.

Hau da, oso argi geratzen da zeintzuk diren lehentasunak eta neurri ekonomikoak kapitalari eta enpresei dagokienez, baina ez "eskubide sozialei" dagokienez, inolako zehaztasunik gabe giza baliabide publikoei, osasunari, hezkuntzari, gizarte-politikei, enpleguari, familiei, enpresei, ETEei, autonomoei, lana eta familia bateratzeari, gizarte-babesari eta koronabirusak eragindako beste gastu batzuei buruzko aipamen generikoez harago.

Aierdi kontseilariarekin enpleguaren arloan partekatu ditugun neurrietako bat bera ere ez du aintzat hartu Nafarroako Gobernuak. Ez da aipatzen funtsezkoa ez den jarduera oro geldiaraztea, ez eta ordaindutako lizentzia orokor bat ezartzea ere, langileen osasuna eta gure seme-alaben eta adinekoen zaintza bermatzeko. Era berean, ez dago ezer patronalari gure soldaten %100 osatzeko edo enplegua suntsitzea saihesteko eskatzeari buruz.

Aierdi sailburuarekin gizarte-arloan partekatu ditugun neurrietako bakar batek ere, tituluez harago, ez dakigu zer neurri zehatz hartuko diren zerbitzu publikoak garatzeko, kolektibo ahulenak babesteko, etxebizitzarako, elikadurarako, uretarako eta energiarako oinarrizko eskubideak bermatzeko, hala nola gainerako askatasun eta eskubide zibil eta politikoak.

Nafarroako langileok ez dugu onartuko krisi eta gizarte-larrialdi honen faktura guk ordaintzea. 2008an egin genuen. Orain ardura hori hartzea tokatzen zaie gehien dutenei, kapital errenta handiei eta patronalari. Eta, horretarako, Nafarroako Gobernuari eskatzen diogu zerga-erreforma bat egin dezala non kapital-errentei eta enpresei zerga bat ezarriko zaien.

Egun hauetan guztietan errepikatu dugun arren, badirudi Txibite presidenteak ez duela ezer ulertu; izan ere, gorritu gabe esan digu "lanean jarraitu behar da, Nafarroako ekonomiak ez du gelditu behar". Adierazpen horiek egungo Nafarroako Gobernuaren izaera kapitalista islatzen dute. Inork ez du ulertzen, biztanleria isolatzeko eta konfinatzeko neurri zorrotzak hartzen diren bitartean, gure osasuna bermatzeko eta Covid-19ren hedapena saihesteko, milaka pertsonak lan egin behar izatea beren osasuna eta gainerakoena arriskuan jarriz, eta konfinamenduak eta jasaten ari garen alarma-egoerak dakarren ariketa zorrotzaren ondorioak kareletik botaz. Konfinamenduaz eta ekonomiaren garapen normalaz hitz egitea bateraezina da.

Txibite anderea guztion osasuna erdigunean jartzeko unea da, eta ez kapitala eta betikoak zaintzekoa. Ez da kosta ahala kosta lanean jarraitu behar Nafarroako ekonomia geldi ez dadin. Hori ez da lehentasuna. Lehenik eta behin, gure osasuna, gure bizitzak irabaz ditzaten!
 

 

 

Jaurlaritzaren menpeko langile prekarizatuenekiko jarrera diskriminatzailea salatzen dugu

Sukalde eta garbiketa langileek euskara ikasteko zuten liberazioa bertan behera utzi eta lanera bueltatzera behartu ditu, kontrataturiko ordezkariak kalean utzita.

Azken egunotan, eta koronabirusagatik dekretatutako osasun-larrialdiko egoeraren aurrean, Lakuako gobernutik, beste langileei bezala, sukaldari eta garbitzaileen kolektiboari eragiten dizkioten erabakiak hartzen ari dira.

Horien artean, euskara ikasteko liberatutako langileei (irakasle funtzionario zein lan-kontratudunei, hezitzaileei, zerbitzuetako langileei, administrazio orokorrekoei…) zuzendutako "aurrez aurreko prestakuntza-jarduerak eteteko" erabakia hartu da. Irakasle zein hezitzaileen kasuan on-line egiteko aukera martxan jarri duten arren, sukaldari eta garbitzaileon kasuan ez da horrela izan.

IVAP-eko klase presentzialak eten eta on-line egiteko aukera martxan jarri ez dituela-eta, Hezkuntza Sailak langile horiek beren lanpostura bidali ditu, inolako alternatibarik eskaini gabe eta euskalduntze-prozesuari kalte eginez. Horretaz gainera, liberazioak betetzen ari ziren ordezko langileei telefonoz jakinarazten die beren kontratua bertan behera utzi dutela, babesgabetasun eta zalantza egoeran utziz, idatziz ezer jakinarazi gabe.

Nahasmena izan da nagusi, gainera. Hilaren 13an, ostiralean, Lakuak -berriz telefonoz- erantzun zuen akats bat egon zela eta ez zirela moztuko indarrean zeuden kontratuak; baina ordezkapen-kontratu berririk ez egiteko erabakia hartzen zutela gaineratu zuen.

Zoritxarrez, astelehenean, hilaren 16an, Jaurlaritzak ebazpen bat argitaratu zuen, erabat diskriminatzailea. Horren arabera, liberazio-egoeran mantentzen zituen irakasleak eta lan-kontratudun dozenteak; gure kolektiboarentzat eta administrazio orokorreko langileentzat, aldiz, liberazio-etenaldia ebatzi zuen, eta, beraz, ordezko horien kontratuak mozten zituen.

Momentuak eskatzen duen eta langile gisa eskatzen zaigun erantzukizunetik, Hezkuntzako sailburu Cristina Uriarteren argudioei kasu eginez, honako hau eskatzen jarraituko dugu:

– Garbiketako eta sukaldeko langileek ere euskaraz ikas dezaten liberatuta jarraitzea, etxetik prestakuntza jasotzen, bitarteko telematikoak edo bestelako baliabide egokiak erabiliz.

– Euskara ikasteko liberazioagatiko ordezkapen-kontratuak ez moztea. Ondorioz, indarrean dauden kontratu guztiak mantenduko dira, eta kaleratze masiboak saihestuko dira (gurean 30 kaleratze)