2026-01-29
Blog Page 527

Osakidetzaren arduragabekeria larria salatu nahi dugu, langileek test-probarik egin gabe jarraitzen dutelako

0

LAB sindikatuak salatu nahi du osasun alerta egoera zail honetan Osakidetzako zuzendaritza adierazten ari den jarrera arduragabea, hasteko, oraindik ez dizkielako testak egin bere langileei, oso arrisku handiko sektorea izanik. Arduragabekeria bikoitza da, alde batetik, Osakidetzako langileen osasun ez dutelako babesten, eta bestetik, Osakidetzako langileok erabiltzaileak kutsatzen egon gaitezkeelako. Hau oso serio eta larria da eta EAEko Auzitegi Nagusiak atera berri duen autoak berak horretara behartzen du Osakidetza, testak langile guztioi egitera eta gehiago itxaron gabe.

Komunikabideetan egindako agerraldi propagandistikoen atzean, oso bestelako errealitatea daukagu Osakidetzako egunerokoan. Kaosa, desinformazioa, gardentasun falta, ziurtasun falta, beldurra, antsietatea… Hori da Osakidetzako langileon eguneroko ogia. Gaur egun, ez langileok ez sindikatuok ere ez dugu jaso plantillari egin nahi zaizkion test horien inguruko inolako informaziorik, eta anabasa da nagusi: ez dakigu noiz, non, nola, zein test mota egingo diren. Bizkaiko ospitale batzuetan hasi dira test mota bat egiten; beste leku batzuetan beste mota bat erabiltzen ari da eta beste leku askotan ez dira egiten ari. LABek galdetu du honen gaineko plangintza non dagoen eta Osakidetzako Zerbitzu Zentraletan ez dakite. Onartezina. Txaloak baino, testak eta babes ekipoak nahi ditugu. Ez dugu heroi izan nahi, lana segurtasunez egiten duten langile publikoak baizik.

Osakidetzako zuzendaritzei leporatzen diegu behin eta berriro urratzen ari direla langileok zein langileon ordezkariok informazioa jasotzeko daukagun eskubidea. Gauden egoera larrian, are garrantzitsuagoa da benetako informazio gardena eta eguneratua izatea eta zoritxarrez, inprobisazio eta gardentasun falta dira nagusi. Osakidetzak egingo dituen eta egiten dituen jarduerei buruzko informazioa prentsatik jasotzen dugu Osakidetzatik bertatik baino gehiago.

Salatu nahi dugu Osakidetzako zuzendaritzek argi utzi dutela bere lidergo eza, inoiz baino beharrezkoago zenean. Langileok eta sindikatuok ez gara fio Osakidetzarekin, eta hori larria da. Konfiantza falta horrek langileon beldurra, antsietatea handitzen du, ez dakigulako noiz ari garen seguru lan egiten. Osakidetzak erabakiak modu inprobisatuan hartzen dituela dirudi, sindikatuon eskaerei entzungor. Soilik gai batek prentsara salto egiten duenean hartzen dira neurriak. Kasurik deigarriena, orain dela gutxi ikusi dugu: kutsatuta dauden Osakidetzako langileak lanera bueltatzea soilik proba negatiboa izan ondoren ezarri berri dute, mediku baten salaketa komunikabideetan agertu eta gero.

Gainera, Osakidetzako zuzendaritzak maltzurkeriaz jokatzen du, batzuetan argudiatzen dutelako Madriletik datorrena bete egin behar dutela, baina nahi dutenean, euren protokolo eta arau propioak ateratzen dituzte, orokorrak edo ESI bakoitzean.

Salatu nahi dugu Osakidetzako zuzendaritzak egoera hau aprobetxatu duela lanesku merkea lortzeko, ikasleak eta barruko mediku egoiliarrak lanean ipintzen, lehen lerroan, baina bekario prezioan, praktiketan egongo balira bezala. Hau ere aldatu behar izan dute, jasotako kritika eta presioengatik.

Osakidetzako zuzendaritzei leporatu nahi diegu Norbere Babeserako Ekipoen deskontrola eta honek suposatu duena langileon osasun fisiko zein mentalean, eta erabiltzaileen artean eragin dituen kutsatzeengatik. Irizpide komunik gabe, ESI bakoitzak bere modura jokatu du: leku guztietan material nahikorik edo egokirik gabe. Urrunago joan barik, hor daukagu maskara akasdunak banatu izana, langileon osasuna arriskuan jarriz berriro ere.

Salatu nahi dugu funtsezkoa izan behar zuen zerbitzu baten funtzionamendua: lan-osasuneko zerbitzuak. Zerbitzu hauek, ESI gehienetan eznahikoak izan dira, pertsonal faltarekin eta autonomiarik gabe. Langileon osasuna babesteko baino, Osakidetzak markatutako irizpideak eta protokoloak babesten aritu dira, eguneroko kaosa eta ardura falta zuritu nahian.

Azkenik, ezin dugu ahaztu Osakidetzako zuzendaritzen aldetik jaso dugun komunikazio eta informazio falta. Langileen lan-baldintza, eskubideak eta osasuna bera zalantzan jartzen dituzten neurriak hartu dira langile horien ordezkarioi inolako informaziorik eman gabe, gure galderei erantzun gabe, adibidez, propagandaz haratago, kontziliazio neurriak nola gauzatuko diren. Osasungintza pribatuarekiko kudeaketari buruz hitz bat bera ere ez dugu jaso, erresidentzietan egiten ari diren interbentzioen inguruan ezta… Tristea eta kezkagarria bada ere, informazio gehiago jaso dugu komunikabideetatik Osakidetzako zuzendaritzatik bertatik baino.

Hau guztia kontuan hartuta LABek Osakidetzako zuzendaritzei jarrera aldatzea exijitzen die. Langile guztiontzat test egokiak eta babes ekipo nahikoak nahi ditugu. Informazio gardena eta azkarra eta komunikazioa nahi dugu. Langile guztiekiko ardura eta enpatia nahi dugu. Errespetua eta lana balioztatzea nahi dugu. Horiek dira zuzendaritzen aldetik entzun nahi ditugun txaloak. LABek eskubide horien alde jarraituko du borrokan, orain arte bezala, lan zentroetan, epaitegietan eta beharrezkoa den lekuan. Ez gara isilduko.
 

 

 

Endika Perez: “Kapitala eta bizitzaren arteko gatazkaren isla gordina bizitzen ari gara”

0

Konfinamenduak eragindako egoera soziala aztertu eta horren inguruko gogoetak partekatzeko agerraldia egin du LABeko Ekintza Sozialeko idazkari Endika Perezek. "Arazoa ez da berria, aldatu dena testuingurua da. Koronabirusak aurretik zegoen krisi anizkoitza azkartu dezake, baina larrialdi klimatikoa, zaintza eta ekonomia krisia eta krisi soziala lehenagotik bizi ditugu", berretsi du.


Konfinamendua kapitalaren neurrira egindako itxialdia da. Langile eta herri sektoreak babesgabe utzi eta gogor sufritzen ari garen itxialdia da. Konfinamendua igarotzeko baldintzak, gaibera, ez dira berdinak guztientzako. Guztiok ez ditugu oinarrizko bizi baldintza duinak ziurtatuta.

Dikotomia faltsua eraiki dute. Gatazka gehiengo sozialaren osasuna eta ekonomia, eta gutxi batzuen irabazien artean dago. Kapitala eta bizitzaren arteko gatazkaren isla gordina bizitzen ari gara.

Orain arte bezala, krisi honek ere emakume aurpegia du. Emakumeak gogorrago jo du zalantzarik gabe osasun krisiaren ondorioek. Zaintza lanak emakumeon bizkar egonik kasu askotan jasanezinak egiten ari zaizkigu konfinamendu garaiok. Gainera egoera benetan salagarriak ikusten ari gara, garbiketako langile, supermerkatuetako kutxazain edo helduen egoitzetan. Honi guztiari gehitu behar zaio indarkeria matxista ez dela desagertu eta etxealdiak kasu askotan hainbat emakume haien erasotzaileekin 24 orduz egotera behartu dituela.

Alternatiba badago
Trantsizio ekosozialistaren beharra daukagu. Pertsona, komunitate eta planetaren zerbitzura egongo den jendarte antolaketa berria behar dugu.

Aurreko krisialdietatik irakaspenak atera behar ditugu. Krisi testuinguru honetan elkarlanean eta auzolanean piztu diren herri ekimen anitzek, zaintza sareen adibidea esaterako Urtarrilaren 30ean erakutsi bezala, gurean aldaketa sozialaren nahia eta indarra badagoela berretsi egiten du.

Gure buruak gobernatzeko boterea behar dugu aldaketak eragiteko. Burujabetza behar dugu orain eta hemen aldaketa soziala gauzatu ahal izateko, soberaniaren aldeko borroka da krisi honi aurre egiteko tresnak eskura jartzeko bidea.

Ez dira utopiak. Utopia bakarra egungoa mantentzea bideragarria dela uste izatea da. Baliatu dezagun egoera hau trantsizio ekosozialistari bide emateko.

 

 

 

Zortzi langile hil dira gutxienez Euskal Herrian alarma egoera hasi zenetik

Gaur, apirilak 21ean, laneko heriotza baten berri izan dugu. Igandean, Gestamp taldeko Europa Iparraldeko dibisioko prebentzio zerbitzuen arduradunak, laneko bileran zegoela, bihotzekoa izan zuen eta bertan hil zen. Lan-istripu ez traumatikoa Matriceria Deusto lantegian izan zen, Zamudion.

Honekin, gutxienez 27 langile hil dira Euskal Herrian lanean urtea hasi denetik eta beste bi langilek, Alberto eta Joaquinek, desagertuta jarraitzen dute Zaldibarreko Zabortegian otsailaren 6tik.

Bizi dugun pandemia egoera honetan, egungo presioa eta tentsio egoerak areagotzen dira, istripu hilgarriak gora doaz eta lan-baldintzak okerrera. Horren erakusgarri alarma egoera ezarri zenetik Euskal Herrian hildako langileen zerrenda luzea, gutxienez 8, azken langile hau kontatuta. Horreela pasa den astean langile bat hil zen Arrigorriagako Talleres Berasateguin eta beste bat Pasaiako portuan. Apirilaren 11an, Lesakako Arcelor Mittaleko beste langile bat. 7an, nekazaritzako langile bat Behe Nafarroako Oregarren. Apirilaren 4an, IMQko osasungintza langile bat. Martxoaren 23an, Asfaltiako beste bat AP-8an eta martxoaren 18an Galdakaoko ospitaleko erizain bat.

Lehenik eta behin, LAB sindikatutik gure elkartasuna eta babesa helarazi nahi diegu senide, gertuko eta lankideei.

Azken hau bezalako lan istripu ez traumatikoak ere lan-istripuak dira. Ez dira kasualitatez laneko orduetan izaten, zorte txarragatik edo enpresariek dioten moduan, lanarekin zerikusirik ez dutela.

Lan-baldintzak, presioa eta estresa dira bihotzeko istripuak sortarazten dituzten faktore garrantzitsuenetakoa, eta laneko istripuen arrazoi nagusienetakoa bilakatu dira.

Azken istripu honen eta laneko istripu guztien atzean langile klasearen lan- eta bizibaldintzak daude. Lan-baldintza txarrak, hala nola gehigizko erritmoak, presioak, autoritarismoa etab., estresa sortzen dutenak eta honen ondorioz, langileei patología ezberdinak sortarazten dizkietenak eta batzutan, heriotza ere bai.

Lan duina eta bizitza duina izateko eskubidea dugu, lanetik etxera osasunez eta bizirik itzultzeko eskubidea dugu. Argi dagoena da hau edo beste edozen lan-istripu ez direla gertakari isolatuak, langileen osasuna eta bizitzaren aurretik enpresarien irabaziak lehenesten dituen eredu produktibo baten isla baizik.

LABen argi dugu mobilizazioa eta borroka direla lan-istripuen gaitz indibidual familiar eta sozial honekin amaitzeko ditugun arma bakarra, norabide aldaketa behar dugulako,
eredu aldaketa bat, langile-klasearen osasuna eta bizitza izango dituena elementu nagusi moduan.

Horregatik, LABetik dei egiten diegu langile guztiei lan-baldintza duinen alde borrokan egitera.
 

 

 

Osasun-bermerik gabe lanera itzultzeari planto egiteko deia egiten diegu irakasleei

0
Azken egunotan irakasleak eskoletara joatera behartzen dutelako berriak heltzen ari zaizkigu. Badaude zuzendaritza taldeek klaustro presentzialak egiteko deitu dituzten langileak, edota beren borondatez eskolara joatea erabaki duten irakasleak ere. LABetik salatu nahi dugu horrelako erabakiak osasun publikoaren aurkakoak direla, eta langile guztiei dei egiten diegu zenbaitek erakusten ez duten arduraz jokatzeko: ezinbestekoa denean soilik eskolara joatea, eta beti osasun-neurri guztiak beteta; eta, horiek betetzen ez badira planto egitea, eta beharrezkoa balitz ikuskaritzan zein epaitegietan salatzea ere.

COVID-19aren ondorioz burutzen ditugun ekintzetan ez dago soilik bakoitzaren osasuna kolokan, gure herrietako haur zein nagusien bizia ere dago jokoan. Horregatik, hezkuntza zentroetan lan-osasunerako eta segurtasunerako neurriak betetzen ez diren kasuetan langileei planto egiteko deia egiten die LAB sindikatuak, eta bide penaletara joko duela iragarri ere. 

Etxean gelditzea, zaintza-lanak burutzea eta elkar babestea inoiz baino beharrezkoagoak dira ataka honetatik onik aterako bagara.

LABek azpimarratu nahi du lan presentziala burutu ahal izateko justifikatua egon behar dela ezinezkoa dela etxetik egin. Kasu horretan, beti ere beharreko prebentzio neurriak bete behar dira. Langile guztion eskubidea da beharrezkoak diren osasun-neurri guztiak betez lan egitea. Astakeria hutsa da ondoren zerrendatzen diren puntuak bermatu gabe lanera itzultzea:

1. Distantziak: Eskolara sartzea beharrezkoa bada, langileen artean 2 metroko distantzia bermatu daitekeela exijitu behar dugu.

2. Norbere Babeserako Ekipamenduak (maskarak, eskularruak, gel desinfektantea): Eusko Jaurlaritzaren betebeharra da material hau langileei bermatzea. Ez dugu onartuko langile bakoitzak farmazian erostea izatea aterabidea.

3. Tenperatura: Eskolako sarreran bertaratzen diren langileei tenperatura hartzea exijituko dugu.

4. Frogak: eskolara bertaratzea egunetan luzatuko den neurria izango bada, langileei test-ak burutzea exijituko dugu.

5. Materialaren partekatzea: Ordenagailuak, dokumentuak, materiala orokorrean… langileek partekatu beharko ez dutela exijitzen dugu.

6. Garbitzaileekin koordinazioa eta haien osasunerako bermea: garbitzaileek aurreko puntuetan adierazitako neurriak betetzen direla egiaztatuta, haiekin koordinatuz, erabiltzen den material zein ikutzen den guztia garbitu eta desinfektatua izango dela exijituko dutu.

Aipatutako 6 puntuak betetzen direla bermatzea ezingo da inoiz izan irakasle, hezitzaile, sukaldari edota garbitzaileen ardura. Hauek lanera gerturatzeko gutxieneko baldintzak dira. Horiek betetzen ez badira, edo eskolara bertaratzeko arrazoia justifikatua ez bada (telelanaren bidez burutu ezin bada), eskolako atean planto egingo dugu gure arteko segurtasun neurriak hartuta. Langileok ezin dugu osasuna jokoan jarri Lakuako gobernuaren inprobisazio eta lan egitera behartzeko presioen ondorioz.

Planto dinamikarekin batera, beharrezko neurriak hartu ditzaten, lan ikuskaritzara joko dugu eta alarma egoeran langileak lanera bidaltzeagatik lan osasunerako eta segurtasunerako neurriak hausten diren kasuetan ardura penalak eskatzeko prozedurak abiatuko ditu LABek.
 

 

 

Koronabirusa eta sistemaren krisiaren aurrean, bizitza duinaren aldarria berretsi dugu Eskubide Sozialen Kartatik


Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartako eragileok eraldaketa sozialerako 10 baldintza bultzatuko ditugu hurrengo asteetan, konfinamenduaren gainetik. Kanpaina abian da, eta azken Greba Orokorraren ildotik jarraituko du: koronabirusetik irteeran, bizitzak kapitalismoa gailenduko du.  


 

Asteasuko Siemens Gamesako greba mugagabea amaitu da, oso akordio ona lortuta

0

Asteasuko Siemens Gamesako erreleboetako langileen asanbladak martxoaren 9an hasitako greba mugagabeari amaiera ematea erabaki du, taldearen eskaera nagusiak jasotzen dituen akordio handi bat lortu ostean. Kolektibo hori, lantokiko ugariena, multinazionalaren erabakietan kaltetuena izan zen hainbat urtez, eta LAB sindikatuaren lidergoarekin, gehiengo osoa duena enpresa-batzordean (9 ordezkarietatik 7), borroka bat bultzatu zuen bere lanaren aitortza lortzeko, gainerako langileekin berdintze aldera.

Adostutako akordioak soldata-igoera linealak jasotzen ditu, %9,7ko batez besteko igoerarekin, eta %12,5eko igoerarekin soldata baxuagoak jasotzen zituztenentzat. Horrek zer dakarren argiago jakiteko, soldata baxuagoak jasotzen zituen langileak KPI + 1.650 eurotako baino igoera handiagoa izango du aurten.

Gainera, akordioaren arabera, balioa handitzen duten txanda-plusak berrikusiko dira, eta hilean bi txandatan dauden langileek 60 euro kobratuko dituzte, gaur egun ezer kobratzen ez dutenean; 3 txandatan dauden langileek, berriz, 120 euro, gaur egun 40 jasotzen dituztenean; eta 5 txandatan dauden langileek, 600 euro, egun 350 jasotzen dituztenean. Gaueko lanaren plusa ere %25 igo da.

Datorren urtetik aurrera lanaldia 8 orduz murriztea ere jasotzen du akordioak.

Borroka hasi genuenetik, duela hilabete eta erdi, lehenik eta behin, enpresaren mehatxuei aurre egin behar izan diegu, enpresak langileak zatitzeko ahaleginei, beste langile batzuek eskubideak galtzearen truke dirua eskainiz, edozein mobilizazio eragotzi digun osasun-larrialdiko egoera deklaratzeari… baina langileek erakutsitako batasuna, tinkotasuna eta borroka funtsezkoak izan dira akordio hau lortzeko. Akordioak ez du inor atzean uzten, eta aurrerapauso garrantzitsua da langileak parekatzeko. Borrokak merezi du.
 

 

 

LAB Gertu

0

LAB Gertu >>>
LANGILEONGANDIK HURBIL
Orain inoiz baino gehiago
Ahora, más que nunca

 

BIZILAN.EUS
Informatu eta aktibatu zure eskubideen alde.
Infórmate y actívate por tus derechos.

Helegiteak jarri ditugu Nafarroako Administrazioak kontrataturiko enpresen aldi baterako enplegu erregulazio espedienteen aurka

0
LAB sindikatua kontratu publikoak dituzten enpresen ezinbesteko ABEEEen aurkako helegiteak aurkezten hasi da, Nafarroako Administrazioari horiek ezesteko eskatuz. Enpresa horiek eskualdeko eskola-jantokietako, eskola-garraioko, garbiketetako eta kirolkudeaketako zerbitzuetakoak dira. Lehen bi sektoreek Hezkuntza Sailari eragiten diote, eta Kirol Kudeaketa eta Garbiketak Sailak hainbat administraziori..

Sektore horietako enpresa batzuek dagoeneko kendu dituzte ABEEEak [ERTE gaztelaniaz], Enpresa Batzordeen bidez eskatu dugun bezala, baina beste enpresa batzuek, gure eskaerari muzin eginez, aldi baterako enplegu erregulazio espedienteekin aurrera jarraitzea erabaki dute.

Ez da harritzekoa; izan ere, behin baino gehiagotan eskatu izan diogu Nafarroako Gobernuari horri buruzko instrukzio argia emateko eta Administrazioak kontratatutako enpresetako ABEEE guztiak baztertzeko, baina ez dio kasurik egin gure eskaerari, eta, gainera, ABEEE horietako batzuk onartu ditu lehen auzialdian, enpresa bakoitzari irizpide propioen arabera jarduten utziz.

Martxoaren 25eko 2/2020 Foru Lege Dekretuak kontratuaren etendura automatikoa eta, hala badagokio, kalte-ordaina jasotzeko eskubidea ezartzen ditu; beraz, enpresa horrek ezin du enplegua aldi baterako erregulatzeko espedienterik eskatu, kontratua etenda duelako eta soldata-gastuak kalte ordain gisa ordainduko direlako.

Nafarroako Gobernuak bere gain hartu behar du egoera hori; izan ere, horren inguruko argitasun gutxi eragiten ari dena da enpresak zer egin aukeratzen ari direla, eta batzuk langile guztiak ABEEEra bidaltzen ari dira. Sektore horiek prekarietatea dute ezaugarri: lanaldi partzial oso txikiak dituzten lanak dira, eta langile gehienak emakumeak dira.

Kasu horietan, Gobernuak plantilla horien egoera babestu beharko luke, ez luke onartu behar enplegu-erregulazioko espediente horiek, eta langile horien guztien soldatak eta kotizazioak bere gain hartu beharko lituzke. Bere esku dago hilean 300 edo 400 €ko soldatak dituzten langileak langabeziara % 70 kobratzera joaten ez uztea.

Horregatik hartu du LAB sindikatuak Administrazioak kontratatutako enpresen ABEEEn aurkako helegitea jartzeko erabakia. Kontratu nahiko prekarioak dituzte, egoera hori ere ordaindu behar izateko.
 

 

 

Kultur sortzaileek apirilaren 21 eta 22an deitutako Greba Digitalaren aurrean gure atxikimendua eta babesa helarazten dugu

0

Euskal Herriko hainbat kultur sortzailek proposatutako deialdiarekin bat egiten dugu. LAB sindikatuak ez du euskal kulturgintzarik gabeko Euskal Herririk imajinatzen. Ezta nahi ere. Langile sortzaileen lana ezinbestekotzat dugu jendarte askeago bat eraikitzeko bidean. Defendatzen dugun bizitza duinaren parte da kultura.

Euskal Herri luze-zabalean sakabanatutako aktore, bertsolari, dantzari, idazle, komikilari, musikari… kultur sortzaile orori gure babes osoa publikoki adierazi nahi diogu. Baita, sortzaileen lana jendarteratzea posible egiten duten antzoki langile, liburuzain edota orokorrean kulturguneetako lana ogibide duten langile guztiei.

Ekimenak agertutako helburuei jarraiki, hemen LABen konpromisoak:

1.- Gogoeta eta eztabaida soziala eragitea
Prest gaude eragile aktibo izateko, gure kultur ondasunak merezi duen balioa izan dezan eta langileen baldintzak duintzeko.

2.- Premiazko neurriak hartu behar direla exijitzea
Prest gaude erakunde publikoei kultur langileekin batera presioa egiteko, hartu beharreko premiazko neurrien inguruan hausnartu eta interpelazio zuzena egiteko.

3.- Euskal kulturgintzaren ekosistema osatzen dugun guztion elkargunea izango den mahai/bilera/topaketa antolatzeko lanean hastea

Prest gaude antolakuntza prozesu horretan bidelagun izateko, bai eta sortzen den horretan eragile aktibo bat izateko, sindikatuaren jakintza kolektiboa langile sortzaileen esku jarriz.

Euskal Herrian baditugu eskumenak gure kultura babestu eta zaintzeko. Borondate politikoa falta da. Arazoa ez da COVID-19arekin sortu krisia, arazoa sistema da, kultura mespretxatzen, gutxiesten duen sistema. Beharrezkoa da kapitalaren aurretik bizitzak jartzea, eta horrek, ezinbestean, kulturari dagokion balioa eta tokia ematen hastea eskatzen du.

Beraz, hartu beharreko erabakiak bi norabidekoak izan behar direla uste dugu:

-Batetik, epe labur-ertainera begirakoak, alarma egoerak eragindako kalteak aintzat hartuko dituztenak, sortzaileen gutxieneko soldata bermatzeko modukoak.

-Bestetik, epe luzera begirakoak, ezinbestean aldaketa estrukturalak ekarri behar dituztenak, kultura egin eta kontsumitzeko orduan.

LAB sindikatua greba digitalarekin bat.