2026-01-28
Blog Page 507

Ikastetxeen garbiketa zerbitzua indartzeak pribatizazioa ekarriko du Nafarroan

Koronabirusaren garai hauetan, ikasturte berria ahalik eta berme eta segurtasun handienaz hasteko helburuz, Nafarroako Hezkuntza Departamentuak aurreratu zuen, besteak beste, garbiketa zerbitzuak indartuko dituela. Ez zuen esan, ordea, eginkizun hori enpresa pribatu bati esleituko dionik, ezta garbiketa zerbitzuak pribatizatzeko beste pauso bat emango duenik ere.

Joan den ostiralean, abuztuaren 21ean, Hezkuntza kontseilariak iragarri zuen berak zuzentzen duen Departamentuak 47 milioi euro bideratuko dituela langile gehiago kontratatzeko. Zehazki, irakasleak eta ikastetxeetako garbiketa zerbitzuetako errefortzuko langileak aipatu zituen. Itxura batean positiboa ematen duen erabaki horrek badu bere alde iluna ere: Administrazioak Nafarroako hainbat institututan eskaintzen duen garbiketa zerbitzua pribatizatzea ekarriko du errefortzu horrek.

Gaur egun, zenbait institututako garbiketa nafar Gobernuko langileek egiten dute oraindik ere. Zuzendari batzuei esker jakin ahal dugunez, ikastetxe horietako zuzendaritza taldeek Ausolan enpresaren deia jaso dute berriki, Gobernuak ohiz kanpoko garbiketa zerbitzua eskaintzeko aurrekontua eskatu diela azalduz. Hau da, orain arte Administrazioko enplegatu publikoek osatzen zituzten garbiketa zerbitzuetan enpresa pribatu bateko langileak sartuko dira errefortzu modura; Gobernuak, Gimeno kontseilaria buru duelarik, enpresa pribatu batiesleitu dio orain arte enplegatu publikoen esku zegoen eginkizun bat. Benetan zail egiten da egoera honen berri izan eta UPNren garai gogor eta ilunenekin ez gogoratzea. Eta orain, ezkertiarra omen den kontseilari batek zuzentzen duen Hezkuntza Departamentuak egin nahi du pribatizazio argia den mugimendu hau.

Ez dugu ulertzen pribatizazio honen zergatia; izan ere, Covid-19a dela eta, gaur egun legez sor litezke egiturazko plazak eta langile propioekin bete. Azken hilabeteotan ikusi dugu aparteko beharrengatik aparteko langileak kontratatu dituela Administrazioak, lehendik lanpostu hutsik ez zegoen lekuetan, Covid arrazoietan oinarrituta. Zehazki, aukera hori Koronabirusari aurre egiteko premiazko neurriei buruzko 6/2020 Foru Legeko 6.1. artikuluan arautzen da, eta honako hau ezartzen du: “Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendetan dauden pertsonei deitzen ahalko zaie administrazio araubidean kontratatzeko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen edozein kontratazio esparrutan. Ahal dela, indarrean dauden kontratazio zerrendetako izangaien ordena errespetatuko da”. Nafarroako Administrazio Publikoetan langileak administrazio araubidean kontratatzeko arauak ezartzen dituen 68/2009 Foru Dekretuak, 3.1 artikuluaren bitartez, ahalbidetzen du “berezi” modura definitzen duen kontratazio moldea.

Argitik ilunerako ibilbidea
Lehenengo berria institutu batetik jaso genuen, baina segidan informazio bera ematen ziguten beste zenbait dei iritsi zitzaizkigun. LABen, esan beharrik ez da, harriturik jaso genituen albisteak, eta informazioa igortzerakoan baten bat okertu egin ote zen pentsatu genuen. Nolanahi ere, lehenbailehen egiaztatu ala gezurtatu behar genuela iritzita, Hezkuntza Departamentuko Aldi Baterako Langileak Kudeatzeko Zerbitzuko Zuzendariarekin jarri ginen harremanetan. Gure galdera zuzena izan zen: garbiketa zerbitzuak indartzeko kontratazioak zerbitzu orokorretako langileen zerrendatik eginen ote zirenentz. Erantzunak gure kezka areagotu baino ez zuen egin. Zerbitzuko zuzendariak esan zigun ez zekiela deus, eta jotzeko Egoitzen eta Ikastetxeen Mantentze-Lanetarako Atalera, hor ari baitziren kudeatzen ikastetxeen garbiketa lanak indartzeko afera.

Ahaleginak eta bi egin ditugun arren, ezin izan dugu oraindik atal horren buruarekin hitz egin. Iluntasun horrek gure susmo txarrak berretsi egin ditu eta Egoitzen eta Ikastetxeen Mantentze-Lanetarako Atalburuarekin mintzatu nahian jarraitu dugu, kudeaketa honen zergatia argitzeko eta noren erabakia izan den jakiteko. Oraindik ere, tamalez, horretan dihardugu.

LABek beti defendatu du, eta defendatuko du, Administrazioaren zentroetan garbiketa zerbitzua langile publikoek egin behar dutela, eta zerbitzu hori indartu beharra dagoenean, kasu honetan bezala, lanpostu publikoen zerrendetara jo behar dela; izan ere, nahikoa jende bai baitago zerbitzu orokorretako langileen ordezkapenak egin eta sor litezkeen behar guztiak asetzeko.

Zain dezagun enplegu publikoa. Pribatizaziorik ez!

Ikasturte osorako itzulera hitzartu, seguru eta aurrez aurreko baten alde mobilizatuko gara bihar Iruñean

0

LAB Irakaskuntza, Hezkuntza-Komunitateko Foroko kide izaki, duela gutxi bildu da gainerako eragileekin (sindikatuak, ikasleen elkarteak eta gurasoen plataformak), ikasgeletara itzultzeari buruzko xehetasunak jorratzeko. Bihar, ikasturtearen hasieraren atarian, elkarretaratzea egingo dugu eragileok, 19:00etan, Nafarroako jauregiaren aurrean.

LABek honako hau adierazi nahi du:

-Oraindik ere ziurgabetasun eta desinformazio handia dago hezkuntza-komunitateko eremu guztietan; familiek, irakasleek, irakasle ez diren langileek eta ikasleek ez dute behar adinako informaziorik.

-Hezkuntza Departamentuak gure kezka areagotu egin du, kontingentzia-planaren ezarpenari buruzko alderdiak argitu beharrean. Izan ere, jakin dugu irakasleen kopurua indartzeko iragarri zituzten 666 kontratazioak gaur egun 173 bakante izatera murriztu direla, gaurko datuen arabera.

-Jantoki eta garbiketa zerbitzuak indartzeko iragarri zuten 200 pertsonen kontratazioa ere baieztatzekoa dago orandik orain. Are gehiago, arlo horietan murrizketak izan direlako salaketak iristen ari zaizkigu forora.

-Ez dute argitzen nola ezarriko diren kontingentzia-planak, ezta ikastetxeek zer baliabide izango dituzten ere.

Beraz, honako hauek eskatzen ditugu:

-Benetako negoziazioa hastea hezkuntza-komunitate osoarekin, orain arte bazter utzitako alderdi pedagogikoak, funtzionalak eta emozionalak kontuan hartu eta errefortzuei zentzua emango dien plan integral bat osatze aldera.

-Irakasleen eta irakasle ez diren langileen kontratazioen datuei buruzko azalpenak ematea.

-Sortuko diren premia errealei erantzungo dieten kontratazioen kopurua egiazki handitzea, bai irakasleei dagokiena eta baita irakasle ez diren langileei dagokiena ere: garraioa, garbiketa, jantokiak…

-Ratioak jaistea eta azpiegitura-zerbitzuaren espazioei buruzko txostena argitara ematea.

-Kontingentzia-protokolo espezifikoak diseinatzea irakasle ez diren langileentzat.

-Izan ditzala ikastetxe bakoitzak osasun-langileak eta lan-osasuneko figura bat.

-Ezar daitezela kontziliazio-neurriak eta aurreikuspenak, etorriko zaizkigun berrogeialdiei behar bezala erantzuteko.

-Familia eta lana bateragarri egiteko beharrezkoak diren zerbitzu osagarri guztiak bermatzea, hala nola goiztiarren gela, espazioak zentro bakoitzaren beharretara egokituz.

-Unibertsitate-eremua kontingentzia-protokolo guztietan sartzea.

-Pertsona zaurgarri guztiak modu berezian aintzat hartuak izan daitezela, ikasleak eta langileak, ikastetxeetara itzultzean haien segurtasuna bermatuz.

Aurkeztu dizkiguten erabakiak berandu iritsi dira eta ez dira nahikoak; beraz, datorren asterako ondorengo ekintzak iragartzen ditugu:

-Sinadura bilketa masiboa eta kartelak ikastetxeetan.

-Kanpaina bat sare sozialetan.

-Hezkuntza Komunitate osoaren kontzentrazioa irailaren 2an,
-Nafarroako Jauregiaren aurrean.

Ikasturte osorako itzulera hitzartu, seguru eta aurrez aurrekoa. Osasuna bermatu eskoletan!

Bihar hasiko dira deklarazioak Osakidetzaren iruzurrezko EPE prozesu judizialaren barruan

0

Bihar, irailaren 1ean, 24 lekukoren deklarazio-hartzea hasiko da. LAB sindikatuak ekainaren 1ean eskatu zuen haien agerraldia, eta kasuaren ardura duen epaileak egokitzat jo zuen.

Pozik gaude kasu hau aurrera doalako. Kasu honek berdintasun, merezimendu eta enplegu publikora iristeko gaitasun-printzipioak urratzen dituela adierazten duten zantzu ugari ditu eta uneoro Osakidetzako zuzendaritza horren jakitun zen.

LABeko ordezkari batek deklaratuko du bihar, 17: 00etan, justiziaren aurrera eraman zituzten 19 kategoriatan ohar sinesgaitzen ebidentziak zabaldu zituen txosten estatistikoaren berri emateko. Salaketa hark prozesu bat ireki zuen, eta une honetan instrukzio-fasean dago.

Langileen osasun egoerari buruzko azterketa berri bat eskatzen dugu Osasunbidean

0

Nafarroako Osasun Departamentuari LABetik eskatzen diogu utz ditzala alde batera bere zalantzak eta eman diezaiola lehentasuna Osasunbideko langileen osasuna zaintzeari, hauen egoera islatzen duen ekaineko argazkia eguneratuz.

Ekainean, seroprebalentzia-azterketa bat egin zitzaien langileei, haien egoera immunologikoa eta Covid-arekin izan zuten kontaktua zehazteko. SEPROSANA testaren bidez, antigorputzak garatu zituzten pertsonak identifikatu ziren (kasu honetan, osasun profesionalak). Langile horiek, beraz, immunizatuak omen zeuden Covid arrisku-eremuetan lan egin ahal izateko. Azterketa hori oso apustu interesgarria izan zen, baina ez da iraganeko egoera baten argazki finko gisa geratu behar; are gutxiago atera ziren emaitzak ikusita.

Lehenengo analisi hura Elisa teknikaren bidez egin zen, eta SARS CoV 2 birusaren aurkako antigorputzak detektatzea zuen helburu. 11.758 profesionalek parte hartu zuten, borondatez, hau da, izena eman zutenen % 95 inguruk, eta Nafarroako osasun langileen % 75ek, gutxi gorabehera.

Bestalde, ekainaren erdialdera arte, Osasunbidean 572 langilek eman zuten positibo PCR test batean. SEPROSANA testaren arabera, ordea, hilabete horretan antigorputzak zituzten profesionalen kopurua 841 zen. Horrek esan nahi du langileen % 32k koronabirusa gainditu zuela diagnostikatu gabe. Abuztuaren 24an, PCR batean positibo eman zuten osasun arloko langileen kopurua 648 zen, ekainean baino % 11 gehiago. Antigorputzen azterketa berririk egin ez denez, ez dakigu zein diren gaur egungo balioak.

SEPROSANA azterketan jasotako datuen arabera, guztira 269 osasun langile (horietatik 157 Osasunbidekoak) ez ziren ohartu gaixotasuna pasatu zutenik.
Aipatutako azterketako datuak taldez talde aztertuta, nabarmentzekoa da oinarrizko osasun laguntzako langileen artean erregistratutako positibo kopuru handia, laguntza espezializatuko langileen kopurua baino askoz ere handiagoa baita. Halaber, Iruñerrian eragina handiagoa izan da beste eskualde guztietan baino. Burutzetan ari diren langileen artean agertu diren intzidentzia-datuak ere oso esanguratsuak dira, eta agerian uzten dute aurreikuspen eskasa izan zutela eta Covid bidezko infekzioaren arriskua gutxietsi zutela.

Udan bildutako emaitza horiek a priori gainerako herritarrek baino birusarekiko esposizio handiagoa izan duen biztanleriaren zati baten lagina dira. Lagin hori bilduz, gainera, osasun etxeetako profesionalen kezkei eta eskakizunei erantzun nahi zitzaien. Hori horrela izanik, LABen uste dugu azterketa horrek udazkenean jarraipena izan beharko lukeela, eta hori defendatu behar dugu. Administrazioak zenbait zalantza eta zailtasun planteatu ditu probak egiteari dagokionez, baina LABetik Osasun Departamentuari eskatzen diogu berriz ere planifika dezala langileen seroprebalentziaren azterketa bat, diagnostiko zehatza ziurtatzeko eta, horrela, lortzen diren diagnostikoak eraginkortasunez erabiltzeko.

Krisi honen hasieratik, LABek babes-bitarteko egokiak eskatu ditu osasun arloko eta arlo soziosanitarioko profesionalentzat, bai eta plantilla horiek osatzen dituzten langileen osasun egoerari buruzko diagnostiko egoki bat ere. Baina bide horretan, zailtasun ugari aurkitu ditugu, bai Lan Arriskuen Prebentziorako Zerbitzuaren jarreragatik -babesari buruzko diskurtsoa askotan aldatu du-, bai antolaketa-prozesu askoren gabeziengatik.

Hala ere, ezin gara besoak gurutzatuta geratu. Ezin ditugu onartu zenbait sektoreren adierazpenak, pandemia horrenbeste hedatu izanaren erantzukizunaren zati bat osasun arloko profesionalei egozten dietenak, babes-ekipamendua ustez gaizki erabiltzeagatik, eremu komunetan izandako deskuiduengatik, norberaren etxe barruko transmisioengatik, eta abarrengatik. Horrekin lortu nahi duten gauza bakarra da birusaren hedapena eragozteko orduan izan diren antolaketa-gabeziak ezkutatzea.

Horregatik guztiagatik, LABetik Indurain andreak zuzentzen duen departamentuari eskatzen diogu langileen osasuna eta lan-baldintzak zaindu ditzala, sortuko diren birusaren agerraldi berriei aurre egiteko.

0-3 zikloak egiturazko aldaketak behar ditu Nafarroan

Eskolak egun gutxiren buruan irekiko badira ere, 0-3 zikloak ahanzturan jarraitzen du, bazter utzita. Eskola askok behar handiak dituzte aspalditik, eta, egungo egoera ikusita, beharrak are handiagoak izanen dira. Horiek guztiak gainditzeko, zikloak egiturazko aldaketak behar ditu.

Iritsi da eskolak irekitzeko momentua eta berriro ere 0-3 zikloko langileok ahaztuta eta babesik gabe sentitzen gara.

Orain arte, lana modu egoki eta duinean egiteko estu eta larri ibili dira eskola asko. Gaur egun, baina, askoz okerrago daude Covid-aren eta haren aurkako borrokak ezartzen dituen segurtasun neurrien eraginez.

Alde batetik, haurren eta hezitzaileen beharrak eta zikloaren ezaugarriak kontuan izan gabe diseinatutako protokolo bat betetzea eskatzen zaigu, guztiz eskasa den protokolo bat, baina horretarako ez digute inongo baliabiderik eskaintzen: ratioak eta espazioak berdin mantendu dira, noiz eta distantziak kontrolatu eta jende pilaketak ekidin behar diren momentu honetan; ez da langile berririk kontratatu, ez hezitzailerik, ez garbitzailerik, nahiz eta garbiketa lanak sakontasun handiagoz eta maizago egitea komeni dela suposatzen den.

Bestalde, Haur Hezkuntzako bigarren ziklora iritsi diren laguntzak (eskasak izanik ere) gurean ez ditugu ikusi. Horregatik guztiagatik, berriz ere guztiz alboratuta sentitu gara, zokoratuta.

LABek aspaldi esana du egiturazko aldaketak behar direla 0-3 zikloan kalitatezko arreta eta hezkuntza bermatu ahal izateko, are gehiago egun bizi dugun egoera honetan. Hori dela eta, LABetik aldaketa horiek inoiz baino beharrezkoagoak direla aldarrikatzen dugu; heziketa eta hezkuntza guztion ahotan dauden honetan, ezin da bazter batera utzi prozesu garrantzitsu horretan ezinbestekoa den lehen pausoa, 0-3 zikloa.

Arabako nagusien egoitza eta eguneko zentroetan ez da ari betetzen Eusko Jaurlaritzaren normalitate berriranzko trantsiziorako Planaren agindua

LABek salatu egiten du ez dela ari betetzen normalitate berriranzko trantsiziorako Planaren ordena. Honetan neurri espezifikoak jasotzen ziren osasun zentro, zerbitzu eta establezimenduekiko.

“Zentroaren titularrek COVID 19rako kontingentzia planak izan behar dituzte, egoiliar, langile eta euren harremanen arteko balizko kasuen identifikazio goiztiarrari begirakoak” edo “PCF frogak egingo zaizkie baimen eta oporretatik itzultzen diren langileei eta baita lanean bueltatzen diren langileei ere, gehienez 72 ordu lehenago”.

Zentro gehienek ez dute horrelako identifikazio planik, ez baitute horretarako beharrezko bitartekorik, gehienak zentro txikiak baitira.

Era berean, PCRak nola egin behar diren araututa ez egoteak informazio eta antolaketa faltak oso egoera larriak sortzen ditu langile eta egoiliarren artean.

Honen erakusgarri, lanera berriro hasi aurretik, gehienez 72 ordu, PCRa egiteko derrigortasuna. Derrigorrezko neurri honek ezin die langileei kalterik ekarri eta hortaz, ezin du suposatu oporraldia 3 egun lehenago amaitzea, ezta enpresen aldebakarreko erabakiz laneko egutegia aldatzeak. Guk ere konpartitzen dugu langileek aipatu testa egin beharra dutela lanera berriro astean, baina emaitzen zain pasatzen duten denbora lanaldi efektibotzat jo beharko litzateke, eta ondorioz, ordaindutakoa izan beharko luke.

Aurreikusgarria zen egoera baten aurrean aurreikuspenik izan gabe jokatu du administrazioak. Gainera, pandemiaren hasieratik ez da ia langileen babeserako mekanismorik ezarri eta etengabe ari dira irizpideak aldatzen. Guzti honek ez ditu lan-baldintzak hobetzen, eta etengabeko arriskuen aurrean jar ditzake langile eta erabiltzaileak.

Dei egiten diogu administrazioari eta sektoreko patronalari langile eta egoiliarren osasuna jar ditzan irakurketa ekonomizisten gainetik, egoera hobetzen laguntzen ez dutenak, ez dezagun ahaztu, pertsonez hitz egiten ari garenean. LAB prest dago lankidetzarako eta ahalik eta modu efektibo eta logikoenean, aurkituko ditugun arazoak konpontzen saiatzeko, baina inola ere ez ditugu langile edo egoiliarren eskubide murrizketak babestuko.

Haurreskolak Partzuergoko gerentearen dimisioa eskatzen dugu

0

Matrikulazioan izandako gorabeherak aintzat hartuta, Haurreskolak Partzuergoak datorren ikasturterako langileen birkokapena-deialdia normaltasunez egin du, bizi dugun pandemiak eragindako egoera bereziriari bizkarra emanda. Izena eman duten umeen arabera banatu ditu berriz ere lanpostuak, kontingentzia-plan batek eskatuko lituzkeen errefortzu-beharrei muzin eginez. Berriz ere, irizpide ekonomizistak erabili ditu, pedagogikoak edo osasunekoak kontuan hartu gabe.

2019-2020 ikasturte bukaeran LABek haurren eta langileon osasuna eta segurtasuna bermatzea eta horretarako beharrezkoak diren baliabideak eta inbertsioa ziurtatzea exijitu zuen. Besteak beste, honako eskaerak egin genituen:

• Geletako ratioak gutxitu: Alde batetik, arlo prebentiboa zein pedagogikoa jasotzen dituen eta indarrean dagoen kontingentzia-planak lan-zama handia dakarrelako, eta bestalde, osasun-arduradunek hainbesteetan errepikatu duten sozializaziorako, haurreskoletan talde txiki eta iraunkorrak antolatzeko baliabide gehiago behar direlako.

• Hezitzaileek dugun prestakuntzarako denbora handitzea: gure Lan Hitzarmenak horretarako bidea zabaltzen du, eta kontingentzia-planak eskatzen dituen hainbat betebehar haurrik gabeko lan orduetan egin beharko ditugulako.

• Hiru lurraldeetan dauden haurreskolen tipologiaren azterketa egitea (gela kopurua, solairu edota eraikin desberdinak, hutsik egongo diren gelak, kanpoaldea…) eta horren arabera baliabide pertsonalak ezartzea. Haurreskola bakoitzeko koordinatzaile eta kontingentzia- planaren arduradunaren iritzia eta eskaerak haintzat hartzea eta, eraikin publikoak behar izanez gero, Udalekin elkarlana sustatzea.

Uztailean Haurreskolak Partzuergoko gerenteak aurreratu zigun moduan, betiko normaltasunean eta ratioetan oinarrituko da eskola-itzulera, inolako baliabide pertsonal, material eta ekonomiko gehiagorik gabe, kontingentzia-plana haintzat hartu gabe, osasun agintariek adierazitako irizpideak kontuan hartu gabe eta gainontzeko ikasturteetako aurrekontu berdinarekin.

Bestalde, pandemia egoeraren garapenaren araberako hiru eszenatokitako bigarrenean, %60ko aforoaren murrizpenari dagokionean, LABek haur guztien hezkuntza-eskubidea bermatzea exijitzen du, beste alternatiba batzuk eskainiz.

Beraz, LABek Haurreskolak Partzuergoko gerentea den Zorione Etxezarragari dimisioa aurkeztea eskatzen dio, bere menpe gauden haur eta langileon osasuna eta segurtasuna kolokan jartzen jarraitzen duelako eta zerbitzu publiko hau indartzeko eta salbuespeneko egoera honi aurre egiteko, haurreskoletan inbertsioa handitzea baino gastoa murrizten saiatzen ari delako.

Horrez gain, LABek Hezkuntza Sailak 0-3 urte bitarteko ikasleen haur-hezkuntzako lehengo zikloarekiko duen utzikeria salatu nahi du berriz ere.

Gauzak horrela, irailaren 4an Haurreskolak Partzuergoan ikasturtea berme guztiekin hasteko behar den inbertsioa egiteko deia egiten diogu Eusko Jaurlaritzari, bestela mobilizatzeko bidea eta arlo judiziala jorratzeko prest agertzen gara.  

Alestisen planteatzen den EEEaren kontra gaude

0

Alestis Aerospace S.Iren asmoak salatu nahi ditugu. Izan ere, Espainiako estatuan dituen lantegi guztientzako itxiera EEE bat aurkeztu nahi du. 1.377 langile ari dira 10 lantegitan lanean, EAE, Andaluzia eta Madrilen.

TIR 1 lehen mailako hornitzailea, hegazkingintzako azpikontrata da Alestis, eta sektoreko enpresa errefentzialentzat egiten du lan, hala nola AIRBUS, EMBRAER edo BOEING. Enpresa, ACITURRI talde enpresarialaren esku dago, akzioen %75,95 baitu eta SEPI Espainiako industria arloko erakunde publikoak du gainontzeko %24,05a.

Sindikatuen uztailaren 25ean jasotako komunikazio batean, aste beteko epean, negoziazio mahaia osatzeko deia egin dio alde sozialari, beranduenik irailaren 7rako.

Egun arrazoi produktiboengatiko ABEEE egoeran dago enpresa, hamabost egunekoa eta txandakakoa lau hilabetez zehar, ekainaren 1etik irailaren 30era bitartean. 1.050 langileri eragiten dio, Gasteiz, Getafe, Cadiz edo Sevillako lantegietan dauden 1.377 langileen %60ari.

Enpresaren fede txarra eta jarduera salatzen ditugu. Ez du ABEEEa amaitzea itxaron eta langileak enplegu erregulazio egoeran edo oporretan daudela baliatuta, ABEEEa amaitzean kontratuen amaitze kolektiboko EEEaren hasiera iragarri du.

EEEa, emango diren zehaztapenen faltan, Gasteizko lantegiko 178 langileri eragiten die.

Nabarmendu nahi dugu enpresa honen jabetzaren zati bat estatuarena dena, SEPIaren bidez, eta administrazioak erantzunkizun zuzena duela sektore estrategiko hau eta sortzen dituen lanpostu zuzen eta zeharkakoak eusten. Hortaz, estatu mailako ente honen inplikazioa exijitzen dugu sektorearen etorkizunean eta honi lotuta dauden lanpostuetan.

Exijientzia bera helarazten diogu Jaurlaritzari ere, industria-politika arloan dituen eskuduntzak baliatzeko hegazkingintzaren alde, balio erantsi altua duen sektorea, inbertsio handiak egiten dituena I+G+B arloan eta EAEko produkzio industrialaren %5a eta BPGren %1,4 sortzen dituena, zuzeneko 5.000 lanpostu eta zeharkako 20.000 sortzen dituena eta estatu mailako hegazkingintzaren %12 EAEn suposatzen duena. Sektore honek diru-laguntzak handiak jaso ditu instituzioetatik.

Enpresak EEEaren negoziazioaren estatu mailaren planteamendua inposatzea ere salatu nahi dugu. 13 kidetako mahaia osatu dute, ez dituena kontuan lantegi bakoitzeko berezitasunak, kasu honetan Gasteizkoak, ezta lantegi bakoitzeko langileen ordezkaritza. Horrela, estatu mailan negoziatzen dena inposatzen da eta tarte gutxierekin eta babesik gabe geratzen dira langile horiek

Aurretik aipatutako arrazoiengatik gaude EEE honen kontra. Lantegi ezberdinetako enplegua eta etorkizuna bermatzea eskatzen dugu eta gure lan-baldintzen inguruko negoziazioak hemen negoziatu eta erabaki ditzagula guztiok. Hemen lan egiten badugu eta hemen bizi bagara, hemen erabaki behar dugu.

Gure enplegua eta etorkizunaren alde, Alestiseko EEEari ez,
hemen lan egin, hemen erabaki

Covid errefortzuko profesionalen aurkako tratu txarrak eta abusuak Osasunbidean

0

Langileak gutxiesten jarraitzen dute. Oraingoan, arazoa lanorduak dira, nahiz eta LABek eta Langileen Batzordeak kontratazioaren arloko kexak aurkeztu dituzten.

Nafarroako Ospitaleguneko Zainketen Zuzendaritza langileen eskubideak urratzen ari da, aprobetxatuta irizpide garbien falta dagoela eta kontratazioaren arloan indarrean dagoen legeria ez duela ezagutzen. Gainera, Profesionalen Zuzendaritzaren eta Gerentziaren onespenarekin ari dira; izan ere, horiek egoera baliatzen ari dira plantillaren oinarrizko eskubideak ezabatzeko, kontratazioaren kudeaketan eraginkortasun falta dela medio.

Zainketen Zuzendaritza langileak behartzen ari da, alarma egoeran gerta zitezkeen premiak asetzeko guardian eman zituzten orduak berreskuratzera.

Gaur egun, ez dute arazorik produktibitateak ordaintzeko jarduera eta kolektibo jakin batzuei –langile faltagatik-, baina profesional askok irailean kobratu gabe lan egitea nahi dute, indarreko legeria urratzen ari diren arduradun batzuek derrigortuta (zenbait langilek udan itzuli behar izan dituzte alarma egoeran emandako orduak).

Kontua da unitate batzuk egutegiak egokitzen ari direla, eta langileak ordu horiek itzulitzera behartuta daudela. Langile batzuek hiru egutegi aldaketa jasan dituzte dagoeneko aurten. Nafarroako Osasun Zerbitzuaren antolaketa negargarria izan da; profesional askok “lan-karga faltagatik” beren etxeetan egon behar izan duten bitartean, beste askok, Covid instalazioetan edo Oinarrizko Osasun Laguntzan, besteak beste, ez dute behar besteko baliabiderik izan behar adinako bermearekin etenik gabeko aktibitate latzari erantzuteko. Antolaketa kaxkar hori ez dute zertan langileek ordaindu.

Abusu horren aurrean, garrantzitsua da alderdi legal batzuk gogoratzea:

– 2020ko ekainaren 21ean amaitu zen martxoaren 14ko 463/2020 Dekretuak araututako alarma-egoera, eta sei aldiz luzatu zen, honako egunotako saioetan: 2020ko martxoaren 25ean, apirilaren 9an, apirilaren 22an, maiatzaren 6an, maiatzaren 20an eta ekainaren 3an.

– Martxoaren 29ko 10/2020 Errege Lege Dekretua, ordaindutako baimen berreskuragarria arautzen duena, martxoaren 30etik apirilaren 8ra bitarte lanik egin gabeko orduak berreskuratzeko eman zen, egun horretan lanean jarraitzen zuten enpresetako langile horiek konfinatzeko. Errege Dekretu hori ez zaie aplikatuko “funtsezko zerbitzuetan” lan egiten duten langileei. 10/2020 Errege Dekretua, beraz, ez zaie aplikatuko orduak itzultzera behartzen ari diren Osasunbideko langileei.

– Urriaren 20ko 11/1992 Legearen 25.4 artikuluak ezartzen duenez, ezarritako lanaldiaren iraupenetik gora egiten den lanordu bakoitzaren ordez, atseden-denboragatiko konpentsazio ekonomikoa eman ahal izango da, honela:
     – Laneguneko ordu bakoitzeko: ordubete eta berrogeita bost minutu.
     – Igande edo jaiegunetako ordu bakoitzeko: bi ordu.

– Osagarriak ordaintzea. Covid pazienteak artatu dituzten langile guztiek jasoko dute, alde batetik, txanda-osagarria (hiru hilabeteko baldintza aplikatu beharrik gabe), betiere txanda-aldaketak izan badituzte; eta, bestetik, arrisku-osagarriaren %2. Ez dago alderik langile finkoen, lanpostu hutsa duten edo ez duten behin-behineko langileen edo Covidengatik kontratatutakoen artean; Ospitaleguneko Zuzendaritzak ordu horiek ordaindu ditu unitate-burutzek emandako zerrendak aintzat hartuta.

LABek Santos Induráin Kontseilariari eta Carlos Artundo zuzendari nagusiari gogorarazi nahi die beharrezkoa dela plantillak egindako lana balioestea, are gehiago kontuan hartuta Covid-19aren balizko gorakada, osasun-langileen eskasia eta krisi honen ondorioz nozitzen ari diren nekea. Argi utzi nahi dugu haiek direla krisiaren kudeaketaren arduradun nagusiak; ez langileak, ezta herritarrak ere.

LAB sindikatuak, beraz, salatzen ditu Coviden krisia artatu duten osasun-arloko langileen lan-baldintzak. Langile horiei, gainera, gaur egun oinarrizko eskubideak kentzen ari zaizkie, aldi horretan langileen kudeaketa negargarria egin delako. Era berean, inplikatuta dauden profesional guztiak praktika horiek salatzera animatzen ditugu.