2024-07-27
HomeZerbitzu PublikoakIrakaskuntzaIkastetxeen garbiketa zerbitzua indartzeak pribatizazioa ekarriko du Nafarroan

Ikastetxeen garbiketa zerbitzua indartzeak pribatizazioa ekarriko du Nafarroan

Koronabirusaren garai hauetan, ikasturte berria ahalik eta berme eta segurtasun handienaz hasteko helburuz, Nafarroako Hezkuntza Departamentuak aurreratu zuen, besteak beste, garbiketa zerbitzuak indartuko dituela. Ez zuen esan, ordea, eginkizun hori enpresa pribatu bati esleituko dionik, ezta garbiketa zerbitzuak pribatizatzeko beste pauso bat emango duenik ere.

Joan den ostiralean, abuztuaren 21ean, Hezkuntza kontseilariak iragarri zuen berak zuzentzen duen Departamentuak 47 milioi euro bideratuko dituela langile gehiago kontratatzeko. Zehazki, irakasleak eta ikastetxeetako garbiketa zerbitzuetako errefortzuko langileak aipatu zituen. Itxura batean positiboa ematen duen erabaki horrek badu bere alde iluna ere: Administrazioak Nafarroako hainbat institututan eskaintzen duen garbiketa zerbitzua pribatizatzea ekarriko du errefortzu horrek.

Gaur egun, zenbait institututako garbiketa nafar Gobernuko langileek egiten dute oraindik ere. Zuzendari batzuei esker jakin ahal dugunez, ikastetxe horietako zuzendaritza taldeek Ausolan enpresaren deia jaso dute berriki, Gobernuak ohiz kanpoko garbiketa zerbitzua eskaintzeko aurrekontua eskatu diela azalduz. Hau da, orain arte Administrazioko enplegatu publikoek osatzen zituzten garbiketa zerbitzuetan enpresa pribatu bateko langileak sartuko dira errefortzu modura; Gobernuak, Gimeno kontseilaria buru duelarik, enpresa pribatu batiesleitu dio orain arte enplegatu publikoen esku zegoen eginkizun bat. Benetan zail egiten da egoera honen berri izan eta UPNren garai gogor eta ilunenekin ez gogoratzea. Eta orain, ezkertiarra omen den kontseilari batek zuzentzen duen Hezkuntza Departamentuak egin nahi du pribatizazio argia den mugimendu hau.

Ez dugu ulertzen pribatizazio honen zergatia; izan ere, Covid-19a dela eta, gaur egun legez sor litezke egiturazko plazak eta langile propioekin bete. Azken hilabeteotan ikusi dugu aparteko beharrengatik aparteko langileak kontratatu dituela Administrazioak, lehendik lanpostu hutsik ez zegoen lekuetan, Covid arrazoietan oinarrituta. Zehazki, aukera hori Koronabirusari aurre egiteko premiazko neurriei buruzko 6/2020 Foru Legeko 6.1. artikuluan arautzen da, eta honako hau ezartzen du: “Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendetan dauden pertsonei deitzen ahalko zaie administrazio araubidean kontratatzeko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen edozein kontratazio esparrutan. Ahal dela, indarrean dauden kontratazio zerrendetako izangaien ordena errespetatuko da”. Nafarroako Administrazio Publikoetan langileak administrazio araubidean kontratatzeko arauak ezartzen dituen 68/2009 Foru Dekretuak, 3.1 artikuluaren bitartez, ahalbidetzen du “berezi” modura definitzen duen kontratazio moldea.

Argitik ilunerako ibilbidea
Lehenengo berria institutu batetik jaso genuen, baina segidan informazio bera ematen ziguten beste zenbait dei iritsi zitzaizkigun. LABen, esan beharrik ez da, harriturik jaso genituen albisteak, eta informazioa igortzerakoan baten bat okertu egin ote zen pentsatu genuen. Nolanahi ere, lehenbailehen egiaztatu ala gezurtatu behar genuela iritzita, Hezkuntza Departamentuko Aldi Baterako Langileak Kudeatzeko Zerbitzuko Zuzendariarekin jarri ginen harremanetan. Gure galdera zuzena izan zen: garbiketa zerbitzuak indartzeko kontratazioak zerbitzu orokorretako langileen zerrendatik eginen ote zirenentz. Erantzunak gure kezka areagotu baino ez zuen egin. Zerbitzuko zuzendariak esan zigun ez zekiela deus, eta jotzeko Egoitzen eta Ikastetxeen Mantentze-Lanetarako Atalera, hor ari baitziren kudeatzen ikastetxeen garbiketa lanak indartzeko afera.

Ahaleginak eta bi egin ditugun arren, ezin izan dugu oraindik atal horren buruarekin hitz egin. Iluntasun horrek gure susmo txarrak berretsi egin ditu eta Egoitzen eta Ikastetxeen Mantentze-Lanetarako Atalburuarekin mintzatu nahian jarraitu dugu, kudeaketa honen zergatia argitzeko eta noren erabakia izan den jakiteko. Oraindik ere, tamalez, horretan dihardugu.

LABek beti defendatu du, eta defendatuko du, Administrazioaren zentroetan garbiketa zerbitzua langile publikoek egin behar dutela, eta zerbitzu hori indartu beharra dagoenean, kasu honetan bezala, lanpostu publikoen zerrendetara jo behar dela; izan ere, nahikoa jende bai baitago zerbitzu orokorretako langileen ordezkapenak egin eta sor litezkeen behar guztiak asetzeko.

Zain dezagun enplegu publikoa. Pribatizaziorik ez!

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

LAB sindikatuak Guggenheim Urdaibai proiektua bertan behera uzteko eskatzen die Eusko Jaurlaritzari eta Bizkaiko Foru Aldundiari, beste behin eta behingoz

Politika publikoen bultzadak balio behar du eskualderako etorkizun ekosozial justua bermatzeko, eta bertan bizi eta lan egiten duten langileentzat lan baldintza, bizi baldintza eta zerbitzu publiko duinak bermatzeko.

Eusko Jaurlaritzak onartutako langile publikoentzako soldataren igoerak erosahalmenaren galera eta Madrilekiko menpekotasuna dakar, beste behin ere

LABek Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak langile publikoentzat (*) onartu berri duen %2ko soldata igoera salatzen du. Ikasturte honetan hiru greba eta hainbat mobilizazio egin ditugu soldata eta enplegua hemen erabakitzeko, bertan negoziatu eta adosteko. Hauek dira Jaurlaritzak agindutako azken neurriaren aurka azaltzen ditugun argudioak:

Prekaritateak dakarren lan segurtasun ezak hil egiten du

Gipuzkoako Kale Garbiketa sektoreko alderdi sindikal guztiak, ELA sindikatua izan ezik, pasa den uztailarean 10ean, Iruñean, gaueko txandan bere lana egiten zuen bitartean, lan istripuan hildako FCC-ko (Iruñerriko Mankomunitateko azpikontrata) langilearen familia, lagun eta lankideei elkartasuna eta babesa helarazteko, gaur uztailak 24, elkarretaratzea egin dugu Gipuzkoako FCC-ko egoitza nagusiaren parean, Hernaniko Zubiondo poligonoan.