2026-05-14
Blog Page 504

Sindikatuek, alderdi politikoek eta eragile sozialek elkarretaratzeak deitu ditugu larunbaterako, “Bateragune auziko” erabakiari erantzuteko

Hainbat eragilek adierazpen bateratu bat sinatu dugu larunbatean, 12:00etan, herri guztietan antolatuko diren mobilizazioekin bat egiteko, “Bateragune auzia” delakoagatik zigortutakoak berriro epaitzeko hartutako erabakiaren kontra. Erabakiaren larritasunak hausnarketa bateratua eta kolektiboa eragin du EAEko, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko sindikatu, alderdi politiko eta eragile sozialen artean, eta honako adierazpen bateratua ekarri du:

Espainiako Auzitegi Gorenak “Bateragune auzia” delakoagatik zigortutakoak berriro epaitzeko hartutako erabakiak kezka handia eragin du, oinarrizko eskubide demokratikoen aurkako erasoa dela ulertzen den heinean.

Horren larritasunak hausnarketa bateratua eta kolektiboa eragin du EAEko, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko alderdi politiko, sindikatu eta eragile sozialen artean. Hori horrela izanik, behean sinatzen dugunok hartu dugun erabakiaren berri eman nahi dugu, erabaki judizial horri erantzun irmo eta zeharkakoa eman ahal izateko.

Hori dela eta, Euskal Herriko eta Nafarroako herritarrei jakinarazten diegu elkarretaratzeak deituko ditugula larunbat honetarako, abenduaren 19rako, herri guztietan, eguerdiko 12:00etan, “Demokrazia” lelopean.

Era berean, dei egiten diegu herrialdeko herri, gizarte eta kultur eragile guztiei deialdi honekin bat egin dezaten eta, era berean, gonbidapen hau gizarte osoari zabal diezaioten.

Presoen eskubideen aldeko aldarrikapenak kale eta lantokietara eramango ditugu

Datozen egunotako mobilizazioetan parte hartzeko deia egin dugu sindikatutik. Ostiralean, abenduak 18, Sareren IZAN BIDEA ekimenaren barruan, 12:00etan izango diren mobilizazioetan parte hartuko du LABek Bilbon (Plaza Eliptikoa), Donostian (Alderdi Eder), Iruñean (Espainiako Gobernu ordezkaritza) eta Altsasun (Udaletxe aurrean), beste sindikatu askorekin batera. Era berean, Sarek Euskal Herrian zehar deitutako mobilizazioetan parte hartzeko deia ere egiten du LABek. Bestalde, mobilizazio propioak deituko ditu LABek, “Etxean eta bizirik nahi ditugu” lemarekin.

Gero eta zabalduago da euskal presoen eskubideen aldeko jarrera euskal jendartean. Horrela, salbuespeneko espetxe politika bertan behera utzi behar dela eskatu genuen sindikatu guztiok pasa den ostiralean Bilbon, Etxerat-ek antolatutako agerraldian. Espetxean dauden presoek jasaten duten urruntzeari amaiera emateko premia eta, oro har, espetxe politikan oraindik indarrean dagoen salbuespen egoera gainditu beharraren premia azpimarratu genituen. Honen inguruan, aldarrikapenok kalean egotea garrantzitsu ikusten du LABek, presoak etxeratze bidean jartzeko bidearen barruan.

LAB modu aktiboan mobilizatu da presoen eskubideen alde, eta orain, aktibazio soziala mantendu eta zabaltzearen garrantzia azpimarratu nahi du. Langileak kalera atera behar gara presoen eskubideen eta hauen euskal herriratzearen alde, espetxe-politika aldatzea helburu. Horrela, datozen egunotarako antolatuta dauden ekimen eta mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten dugu.

Gipuzkoako eraikin eta lokalen garbikuntzako langileek bi greba egun egingo dituzte, urtarrilaren 21 eta 22an

Gipuzkoako eraikin eta lokalen garbikuntzako hitzarmenak 5.000 langile ditu, eta horietatik %80 emakumeak dira, eta kontratu partzialak dituzte. “Garbikuntzako pandemia prekarietatea da, berriro ere emakume aurpegia duen prekarietatea”, halaxe adierazi dugu LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok grebak aurkezteko agerraldian.

Sindikatuon ohar bateratua:

SOLDATA ARRAKALARIK EZ! GARBIKUNTZAKO PANDEMIA: PREKARIETATEA

Gipuzkoako eraikin eta lokalen garbikuntzako hitzarmenak 5.000 langile ditu. 5.000 langile; horietatik % 80 emakumeak dira, eta kontratu partzialak dituzte. Guk garbi daukagu, garbikuntzako pandemia prekarietatea da. Berriro ere emakume aurpegia duen prekarietatea.

Pandemiak iraun duen bitartean, 5.000 langile horiek lantegiak, egoitzak, osasun-klinika pribatuak, supermerkatuak, garraio publikoa… garbitzen aritu dira, gizarteak pandemia horretatik ahalik eta modu seguruenean biziraun zezan.

Ondo dakizuenez, pandemiak iraun bitartean ez da garbiketa-jarduera gelditu, indartu baizik. Zergatik? Agintariek funtsezkotzat jo gaituztelako, funtsezkotzat, gizarteak eta ekonomiak beren jarduera modu seguruan jarraitu ahal izateko.

Baina, nola da posible funtsezko zerbitzu batek % 28ko soldata-arrakala izatea? Kale-garbikuntzako gizonek guk baino 5.000 euro gehiago kobratzea? Hori da egungo sistemaren koherentzia-maila.

Gure pandemia ez da COVID-19ra mugatzen, hau da, gure pandemia nagusia perakrietatea da, eta horretarako ez dago borroka ez den beste txertorik. Emakume aurpegia duen prekarietateak, sistema depredadore bateko estamentu matxista eta kapitalistek bultzatuta, pandemian zehar (zerbitzu publikoak argalduz) bizitzak jokoan ondoren, ez du nahikoa, eta orain, langile klasearen bizi-baldintzen eta, bereziki, garbitzaileen baldintzen aurka doa.

Baina sistema hori ez da erakunde abstraktua, hezur-haragizko agenteak ditu, botere publikoa eta ekonomikoa dutenak eta beren pribilegioak babesteko elkar hartuta jarduten dutenak. Esplotazioan oinarritutako azpikontratazioaren alde egiten duten politikariak eta enpresak. Soldata-arrakalarekin amaitu behar dela esanez publizitate-kanpainak egiten dituztenak, edo martxoaren 8an desberdintasunarekin amaitu behar dela esaten dutenak, soldata-arrakala hori bera sustatu eta ematea ahalbidetzen dutenak dira.

Aipatu dugunez, garbikuntzak ez du bere jarduera eten konfinamendu-garaian, eta gu, gure beldur eta segurtasunik ezarekin, gure lanpostuetara joan gara. Gure lanpostuetara norbera babesteko ekipamendurik gabe joan gara, inolako babesik gabe. Lantegiak, egoitzak, supermerkatuak… EPIrik gabe garbitzen aritu gara, baina gu gure lanpostuetara joan gara.

Eta zer dio patronalak guzti honen aurrean?

Patronalak soldata arrakala aitortu gabe jarraitzen du, garbitasun feminizatuari balioa kentzen dio, baina ez hori bakarrik, beste urte batzuetan adina irabazi ez dutela izan eta 2020rako % 0ko igoera proposatu digute.

%0 sektorearen jarduera gelditu ez denean? Ez al gara ba gara funtsezko sektorea gizarte honentzat? % 28ko soldata-arrakala dugunean? 2019rako %0 eskaini zigunean akordio bat lortu gabe urtebete igaro izanagatik?

Baina hori ez da guztia, patronalak jarrerak hurbiltzeko proposamen ekonomiko errealak egiteko eskatu die sindikatuei. % 0ko planteamendua egitea patronalarentzat jarrerak hurbiltzea da? Hori onartezina da, botere-abusu argia.

Ez hori bakarrik, 2020ko irabaziei buruz galdetzean, patronalak esan du oso garai gogorra izan dela eta diru asko inbertitu behar izan dutela norbera babesteko ekipamenduetan. Benetan ausartzen da hori esatera? Nora bideratu dituzte NBEak? Patronalaren bulegoetara? Izan ere, langileek, askotan, lan-ikuskaritzaren bidez erreklamatu behar izan dituzte NBE horiek, 200 garbiketarako erabilgarriak diren maskarak ematen direlako. Gaur egun, langileek erosi behar izaten dituzte maskarak gehienetan, enpresek ez dituztelako behar adina hornitzen. Benetan ausartzen al da patronala norbera babesteko ekipamenduen gastuari leporatzera, soldata ez igotzeko?

Jarrera hori probokatzailea eta onartezina iruditzen zaigu. Nazkatuta gaude. Nazkatuta gu mespretxatzeaz, ez haintzat hartzeaz. Garai latz hauetan gizarte hau sostengatu duen lubakietako bat gara. Ez dugu txalorik nahi, lan-baldintza duinak nahi ditugu, gure lanpostuetara seguru joan nahi dugu, errespetatuak izan nahi dugu eta soldata-arrakalarekin amaitu nahi dugu!

Hala ere, badakigu borroka egitea baino ez digutela uzten, borrokatzea, gure lan-baldintzak hobetu eta sektorearen prekarizazioarekin amaitzeko. Kaleak hartzeko unea da, beste behin erakusteko gure lan-baldintzak ez doazela lotuta enpresen onurekin. Funtsezko sektorea gara, eta horregatik merezi ditugu lan-baldintza duinak!

Horregatik guztiagatik, urtarrilaren 21ean eta 22an bi greba egun egingo ditugu. Bi greba egun, patronalari eskatzeko, unea dela hitzetatik ekintzetara pasatzeko, unea dela soldata-arrakalarekin amaitzeko eta negoziazio honi merezi dugun seriotasunez heltzeko!

Salatu dugu AsociaciĂłn Navarra Sin Fronteras enpresako zuzendaritzak xantaia egiten diela Gazolazko EREaren negoziazioan langileei eta Batzordeari

Iragan azaroan, Nafarroako Gobernuak AsociaciĂłn Navarra Sin Fronteras enpresari jakinarazi zion Gazolazko ARE adingabeen harrera zentroa ixteko erabakia, eta, jarraian, enpresako zuzendaritzak Batzordeari jakinarazi zion zuzenean kontratatutako 17 langileak kaleratzeko EEE Enplegu Erregulazio Espedientearen kontsultaldiaren hasiera. LAB sindikatuak hasieratik defendatu du zentroa birmoldatzeko edo, bertzenaz, langile guztiak birkokatzeko aukera. Enpresak, ordea, xantaia erabili du kaleratze gehienak egin ahal izateko.

LABek Sin Fronteras enpresaren egoera ekonomikoa eta giza baliabideen beharrak aztertu ditu, eta egiaztatu du egoera ekonomiko oso onbideratua duela eta erreserba handiak dituela -bi milioi eta erdi euro- galera ekonomikoei aurre egiteko, enpresaren bideragarritasuna arriskuan jarri gabe.

Sin Fronterasek, negoziazioaren hasieratik, kaleratzeekin tematu da. LABek, bertzalde, defendatu du ARE de Gazolaz birmolda daitekeela, edo, hala ez balitz, bere langileak bertze zerbitzuetan birkoka daitezkeela, Sin Fronteraseko langileen beharrei aurre egiteko.

Hala ere, Sin Fronterasek uko egin dio horri, eta uko egin dio kaleraturik amaitu zezaketen pertsonei etorkizunean kontratazioak egiteko bermeak emateari, nahi eta horrek 0 euroko gastua zuen beretako. Zuzendaritzak prestakuntza batzuk baino ez ditu eskaini, lan-elkarrizketetarako baimenak eta kaleratzeagatiko kalte-ordainaren zenbatekoa 3 egun gehiagokoa izatea. Eta EEEren negoziazioaren azken egunean, joan den abenduaren 9an, azken orduko neurria aurkeztu zuen: langile bakar baten birkokatzea, antzinatasun handiena duen pertsonarena. Horrela, gure eskaera bati erantzun zion, baina bertze eskaera guztietatik bananduta.

Neurri hori onuragarria da Sin Fronterasendako, kalte-ordaina aurrezten duelako eta, horrela, ematen duten arretaren kalitatea hobetzen delako, gainerako talde teknikoaren lan-karga murrizteaz gain. Baina Sin Fronteras enpresak lasai atera zezakeen EEEtik langile hori. Hala ere, truke-txanpon gisa eskaintzen du birkokatze, xantaia egiten digu gainontzeko kaleratzeen EEE sinatzearen truke, LAB sindikatuak kaleratzeak sinatzea arautzat ez duela jakinarazi zitzaion arren; guk ez dugu oinarrizko zerbitzuak edo enplegu-zerbitzuak suntsitzen lagunduko, ez dugu langileen eskubideen aurkako jardunbide egokitzat joko.

Enpresak nahi dituen hobekuntzak egin ditzake -23 egun, birkokatze bat…- nahiz eta EEEn akordiorik ez egon; borondate-kontua da. Alde horretatik, Sin Fronterasen xantaia onartzea erabat kaltegarria litzateke etorkizunerako, ez bakarrik enpresa honetan, baizik eta Esku-hartze Sozialeko gainonteko enpresetan ere. Izan ere, zenbat zerbitzu daude Gazolaz bezalako larrialdiko lizitazioan? Ezin dugu onartu langileen gainetik zapaltzaile gisa pasatzea.

Erran genuen bezala, LAB plantillaren eskura dago, bidegabekeria hori eragozteko ekintza guztiak mahai gainean jartzeko. Horretarako, ekintza sindikala da tresnarik onena, enpresak bete dezan bete zezakeela erran ziguna. Kaleratzeak enpresaren erantzukizuna dira, ez Batzordearena, ez LABena. Aktibazioaren eta mobilizazioaren bidez, enpresak hobekuntzak ezartzea lor dezakegu, nahiz eta EEEn akordiorik ez egon.

Zaintza lanak aitortzea eskatzeko mobilizazioak egin ditugu Bilbon eta Algortan

Zaintza eredu berriaren beharra aldarrikatu du LABek gaur, Bilbon eta Getxon egindako mobilizazioetan. Zaintza publikoa, unibertsala, doakoa eta kalitatezkoa aldarrikatu dugu, eta lan baldintza onekin langileentzat.

Pandemiak agerian utzi ditu zainketen eta gizarte-zerbitzuen egungo ereduaren ahultasun sakonak. Egungo zaintza-eredua gero eta gehiago zalantzan jartzen ari da, zaintza benetan funtsezkoa den zerbitzutzat hartzen den bitartean.

Hala eta guztiz ere, erakundeek egungo eredua defendatzen jarraitzen dute. Eredu horren ezaugarriak dira langile gutxiegi izatea, gehiegizko lan-kargak eragiten dituena, eta lan-arrisku ergonomiko eta psikosozialekiko esposizio handia. Egoitzak arautzen dituen Dekretuak, 2019ko abuztuan onartuak, ez du egungo ratioa hobetzen.

Gainera, pandemiak eta zentroetan hartu beharreko neurriek lan-karga handiagoa sortzen dute. Horrez gain, erabiltzaileek ez dute behar duten asistentzia-kalitatea jasotzen, eta zerbitzua garestia da.

LABek zaintza eredu berri baten beharra aldarrikatzen jarraituko du, publikazioan, unibertsaltasunean, doakotasunean eta kalitatean oinarrituta.

Ikatza eraman diogu Bildarratzi Sabin Etxera

LABek protesta egin du Bilbon, Olentzero eta Mari Domingiren laguntzarekin, Jokin Bildarratz Hezkuntza Sailburua desagertuta dagoela salatzeko. Hain zuzen ere, Hezkuntza Sailburuak azaoaren 10ean eskola jangeletako langileen ordezkariekin izan behar zuen bilera bertan behera utzi zuen, eta hitza eman zien hitzordu berri bat adostuko zuela eurekin. Baina, momentuz, ez da bilerarako datarik zehaztu.

Eskola jangeletako langileek euren haserrea adierazi dute, sailburuak ez duelako bere hitza bete. Are gehiago, ordutik “desagertuta” dagoela salatu dute.

Arabako helduen egoitza pribatuetako langileek greba egingo dute abenduaren 23an, sektore duin baten defentsan

“Kalera aterako gara berriro, eta enpresei eta Aldundiari eskatuko diegu behingoz beren erantzukizuna beren gain hartzeko. Baina abisatzen dugu, mobilizazioak ez dira geldituko, areagotu egingo ditugu 2021era begira. Egoitzetako langileok, baldintza duinak eta kalitatezkoak dituen sektore bat lortu arte ez gara geldituko”, adierazi dute hedabideen aurrean.

LAB, ELA, UGT eta CCOO sindikatuon ohar bateratua:

Urtean 1.792 ordu lan egiten ditugu eta hilean 1.000 euro baino gutxiago kobratzen dugu. Enpresek ez dituzte urteko egutegiak betetzen eta azken orduko txanda-aldaketak izaten ditugu. Batzuetan txandak bikoizten ditugu, eta ez dira errespetatzen legez ezarritako atseden-ordutegiak.

Ez dugu makinekin lan egiten, gertuko arreta behar duten pertsonak zaintzen lan egiten dugu. Ia ez dugu as rik haiek garbitu eta jaten emateko. Aukeratu behar dugu: elkarrizketa edo garbiketa egin, ezin ditugu bi gauzak batera egin.

Horrek guz ak zama siko, emozional eta psikologiko handia jasatera garamatza, denbora luzez daramaguna. Pandemia hasi dene k ikusi dugu nola egoilarrek 5 urte igaro balira bezala zahartu direla. Beste batzuk bakardadean joan dira, laguntzarik gabe. Zama hori langileok ezin dugu gehiago jasan.

2 urte daramatzagu kalera ateratzen, hitzarmen probintzial baten alde borrokatzen, gure lan-baldintzak duinduko dituena eta egoitza pribatuetako erabiltzaileen zaintza hobetuko duena. Duela gutxi urriaren 7ko eta azaroaren 11ko eta 25eko grebetan egin dugun bezala.

Enpresei eskatzen diegu patronala osa dezatela, negoziatu ahal izateko. Baina Emilio Sola ahaldun nagusia eta Patxi Anton Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeko gerentea ere galdegiten ditugu, erantzukizuna beren gain har dezaten.

Aldundia egoitza pribatuen nantzatzailea da, haiek dira egoitzen sektorean sortu den negozioaren arduradunak, eta batzuk aberastu egiten dira, langileak hilabete amaierara iristen ez diren bitartean eta egoiliarrak arretarik gabe geratzen diren bitartean.

Gaur, abenduaren 23an berriro grebara aterako garela iragarri nahi dugu. Kalera aterako gara berriro, eta enpresei eta Aldundiari eskatuko diegu behingoz beren erantzukizuna beren gain hartzeko. Baina abisatzen dugu, mobilizazioak ez dira geldituko, areagotu egingo ditugu 2021era begira. Egoitzetako langileok, baldintza duinak eta kalitatezkoak dituen sektore bat lortu arte ez gara geldituko!!!

Sindikatuok deitutako Haurreskolak Partzuergoko bigarren greba deialdiak are eta jarraipen handiagoa izan du

Abenduaren 10ean egin zuten bezala, Haurreskolak Partzuergoko langileek bat egin dute LAB, STEILAS eta ELA sindikatuok egin dugun greba deialdiarekin; izan ere, aurrekoaren jarraipena gainditu da eta %75 izan da EAEko haurreskoletan. Gaurkoan ehundaka langile atera dira Gasteiz, Bilbon eta Eibarren deitu ditugun elkarretaratze eta manifestazioetara, gaur bertan Haurreskolak Partzuergoko Zuzendaritza batzordea Lakuan biltzen den bitartean. Mahai negoziatzailea hilaren 22rako deitu dute, eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza saileko ordezkariak bertaratuko omen dira. Paradoxikoki, gai-ordenean kudeaketako langileen aurreakordioa besterik ez dute txertatu. Aurreakordio hau orain dela ia urtebete sinatu zen eta, oraindik, ez dute bete.

Gauzak horrela, Haurreskolak Partzuergoan indarrean dugun Lan Hitzarmena eta akordioak ez direla betetzen ari salatzen jarraitzen dugu. Hezitzaile eta kudeaketako langileen lan-baldintzak okertu eta zerbitzuaren kalitatea kolokan jartzen ari direnez, hilaren 22rako iragarritako bileraren gai-ordenari aldarrikatzen ari garen puntu hauek gehitzea eskatu dugu. Gaur gaurkoz, ez dugu erantzunik jaso:

–  Ordezkapenak betetzea, hezitzaileak haurreskola batetik bestera derrigorrezko desplazamenduekin eta aparteko orduen erabilera txarrarekin bukatzea.

–  Sinatuta dauden akordioetatik abiatuko den lan-hitzarmen berriaren negoziazioa abiatzea, irakaskuntzako kolektibo guztietan hezkuntza saila egiten ari den bezala.

–  Irakaskuntza publikoan Osakidetzak egiten duen Norbera Babesteko Ekipamenduen horniketan Haurreskolak Partzuergoa gehitzea.

–  Haurreskolak Partzuergoaren integrazioa Hezkuntza sailean.

–  Doakotasunerako urratsak ematea.

–  Aurrekontua handitzea.

Zorione Etxezarraga gerenteak EAEko Legebiltzarreko hezkuntza batzordean duen aurrekontuarekin ez zaiola heltzen esan eta gero, abenduaren 10eko grebaren testuinguruan hezitzaile, familia eta hainbat udaletatik gure aldarrikapenak jasotzen zituzten gutunak eta presioa jaso ostean, Jokin Bildarratzek, Hezkuntza Sailburua eta Haurreskolak Partzuergoko lehendakaria denak, hainbat adierazpen egin ditu Legebiltzarrean. Besteak beste, aurrekontua 2,5 milioi â‚¬ handituko duela adierazi zuen. Diru-partida hau zertarako erabiliko den jakin nahi dugu. Langileen eskubideak ez urratzeko erabiliko da? Doakotasunean aurrerapausuak emateko? Zerbitzuaren kalitatea bermatzeko? Edo, azken ikasturteetako kudeaketa eskasak eragindako zuloa estaltzeko erabiliko dute?

Haurreskolak Partzuergoak bizi duen egoeraz jabetuta, Legebiltzarrak honako hau eskatu zion pasa den astelehenean Eusko Jaurlaritzari: Haur Hezkuntzako lehen zikloko hezkuntza-eskaintza sustatzen jarraitzeaz gain, Haurreskolak Partzuergoko matrikulari hobariak emateko ezarritako sisteman sakontzea ere eskatu zion. Covid-19aren pandemiaren ondorioz baldintza ekonomikoak nabarmen aldatu zaizkien familien salbuespenezko egoera ere kontuan hartuko da: ordaindu behar dituzten kuotak bizi duten egoera berrira moldatuko dira. Alde sozialarentzat nahikoa ez bada ere, aurrerapauso bat da. Ikusteke dago noizko eta nola zehazten diren neurri hauek guztiak.

Bukatzeko, gogorarazi nahi dugu 0-3 hezkuntza-zikloaren garrantziaren aitortza aldarrikatzeaz gain, jaiotzatik hezkuntza-eskubidea aldarrikatzen dugula eta, horregatik, Haurreskolak Partzuergoaren erabateko doakotasuna eta sarbide unibertsala bermatzea eskatzen dugu LAB, STEILAS eta ELA sindikatuok.

Haurreskolak Partzuergoko langileak, familiak eta udalak zerbitzu publiko honen garapenerako aldarrikapenekin bat egitera animatzen ditugu.

Kalitatezko osasungintza publikoaren alde irten gara berriro kalera

Auto karabanak egin ditugu goizean goizetik EAEko hiriburuetan, Osakidetzari benetako negoziazioazioa eskatu eta osasungintza publikoaren alde. Hain zuzen ere, Osakidetzak sindikatuon aldarrikapenei erantzuteko eta osasun-sistema publikoaren egiturazko arazo larriei irtenbidea emateko erakutsi duen borondate eza ikusita, mobilizazio-dinamika bat jarri dugu abian.

LAB, SATSE, ELA, CCOO, UGT ETA ESK sindikatuon oharra:

LAB, SATSE, ELA, CCOO, UGT eta ESK sindikatuok urteak daramatzagu gure osasun-sistema publikoak dituen egiturazko gabeziak salatzen, baita Osakidetzaren eta Osasun Sailaren negoziatzeko borondaterik eza ere; izan ere, Osasuneko Mahai Sektoriala edukirik gabeko esparrua bihurtu da, bertan ez da ezer negoziatzen, Osakidetzak bere intereserako erabiltzen duelarik.

Osakidetza noraezean dabil lan-harremanetan, eta horren ondorioz, lan-baldintzei, enpleguari eta lan-prekarietateari buruzko edo langileen segurtasuna eta osasuna babesteari buruzko alde bakarreko erabakiak judizializatzen ari gara, besteak beste. Mobilizazioak bultzatu ditugu ere Osakidetzaren inposaketen eta konponbiderik ezaren aurrean. Denbora asko daramagu informazioa eta entzunak izateko zain, gure negoziazio kolektiborako eskubidea errespetatu gabe. Administrazio Publikoko enpresarik handienean ez dago alde sozialaren aintzatespenik.

Testuinguru horretan, azken hamarkadako murrizketa-politikek osasun-sistema ahuldu dute eta, zalantzarik gabe, horrek baldintzatu egin du egungo osasun-krisiari emandako erantzuna. Martxotik aurrera pairatzen ari garen pandemiak langileak eta osasun-sistema publikoa bera gainkargatu du eta agerian utzi ditu urrutitik datozen egiturazko gabeziak. Azken urteetan, Osasun Sailak ez du izan horiek konpontzeko inolako borondaterik.  

Bost hilabete baino gehiago Mahai Sektoriala bildu gabe egon ondoren, azaroaren 26an eta abenduaren 10ean izandako bileretan egiaztatu dugu, Osakidetzak ez duela borondaterik gure osasun publikoak pairatzen dituen egiturazko arazo larriak behingoz aztertzeko eta konpontzeko. Gabezia horiek urrutitik datoz, eta pandemiak areagotu egin ditu. Are gehiago, COVIDaren lehen olatutik 8 hilabete igaro direnean, Osakidetzak argi eta garbi planteatu du pandemiari aurre egiteko duen plan bakarra dela langileak estutzen jarraitzea.

Bizi dugun egoera larria ikusita, premiazko bilera bat eskatu diogu Osasun Sailburuari. Izan ere, Osakidetzako zuzendaritzak berak bideratu gaitu Sailburuarengana, gure aldarrikapen batzuk bere eskumenekoak ez direla argudiatuz.

Era berean, eta aurreko astean iragarri genuen bezala, bihar, hiru hiriburuak zeharkatuko dituen kotxe karabana batekin hasiko den mobilizazio dinamika jarri dugu martxan. Mobilizazioak abenduko asteazkenetan eta urtarrileko ostegunetan izango dira, eta urtarrilaren 28an greba deituko dugu. 

Osasun Sailburuari eskatzen diogu hitzetatik ekintzetara pasatzeko eta borondate oneko adierazpenetatik harago, martxan jar ditzala Osakidetzak behar dituen premiazko konponbide sakonak.