Manifestazioa egin dugu Ernai gazte antolakundearekin batera, Iruñean, gazte langileek bizi duten prekarietatea salatzeko eta krisia kapitalak ordain dezala eskatzeko. Manifestazioa autobus geltoki zaharretik atera da, eta Sarasate pasealekuan bukatu, Parlamentuaren aurrean. Bertan, LABeko ordezkari Imanol Karrerak hartu du hitza, eta antolatzeko eta borrokatzeko deia berretsi du: “Antolatu egin behar gara. Aurrean dugun aukera aprobetxatu behar dugu, aldaketa historiko baten aurrean baikaude. Aukera dugu beste eredu politiko, ekonomiko eta sozial bat eraikitzeko”.
Garbiñe Aranburu: “Ez dugu indarrean dagoen sistema hau elikatzen jarraitzeko akordiorik bultzatuko”
LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburu Euskal Telebistako “Egun on Euskadi” saioan izan da, aktualitatezko gaiei buruz aritzeko; hala nola, Enplegu Erregulazio Espedienteak, Osakidetzan deitutako mobilizazioak, eskola itzulera, patronalaren asmoak eta Gasteizko Gobernu berria izan ditu hizpide, besteak beste. Azken gai horri dagokionez, Garbiñe Aranburuk argi utzi du LAB akordioen alde dagoela, baina inolaz ere egungo sistema elikatzen jarraitzeko: “Bestelako eredu berri baterako urratsak ematea beharrezkoa da, trantsizio bat egitea. Bada, akordioen beharraz etengabe ari den Gobernu bat dugu, baina praktikan aldebakartasunez jokatzen du; Hezkuntza arloan dugu adibide garbiena”.
Reiner e Hijos SL-ren aurka salaketa aurkeztu dugu lan ikuskaritzan ABEEEn zehar emandako irregulartasunengatik
Covid-19ko pandemia iristean, Itziarreko Reiner e Hijos SL enpresak ezinbesteko arrazoiengatik eskatu zuen ABEEE, eta jarraian, espainiar estatuko alarma egoera amaitzean produkzio arrazoiengatik justifikatutakoa. Prozesu guztian zehar langileei informazio oso urria eman zien.
Gogoratu behar dugu ABEEEak aplikatzerako orduan administrazioaren aldetik onura batzuk eskaini zaizkiela, baina baldintza batzuk ere, eta enpresak baldintza hauek ez dituela bete uste dugu. Hain zuzen ere, ABEEEak aplikatzen ziren bitartean kanpo kontratazioak (subkontratak) egitea debekatua dagoen arren, Reiner e Hijos SL k beste enpresa bat kontratatu zuen bere plantillako langileek egiten zituzten funtzio berdinak betetzeko, azken hauek euren kontratua etenda zuten bitartean.
LAB sindikatutik ezin dugu onartu langileon eskubideak ez errespetatzea eta euren lanpostura ez itzultzea, are gutxiago enpresek onura ekonomikoak jasotzen dituzten bitartean eta ABEEEn dauden langileon soldatak SEPEk ordaintzen dituen bitartean.
EAEko ospitale guztietan egindako elkarretaratzeen jarraipen zabalak argi erakusten du osasun publikoaren arazo larriak konpontzeko premia
Joan den astean Lehen Arretako zentroetan gertatu zen bezala, Osakidetzako ospitaleetako langileek haserre eta gogaituta daudela adierazi dute gaur, jasaten duten lan-gainkarga sistematikoagatik, egunerokotasunean pairatzen duten giza baliabide eta baliabide material faltagatik eta pandemian jasandako muturreko lan baldintzengatik. LAB, SATSE, ELA, SME, CCOO, UGT eta ESK sindikatuok deitutako kontzentrazioen jarraipen zabalak argi uzten du presazko eta sakonerako irtenbideak behar direla.
Berriro ere, azpimarratu nahi dugu urrunetik datozen egiturazko arazoen aurrean gaudela, denboran zehar larriagotu egin direnak. Baina Osasun Sailak ez du sakoneko arazo horiei heltzeko borondaterik izan. Zalantzarik gabe, egungo osasun-krisiak egoera larriagotu du, baina azken urteetako murrizketa-politikak eta osasun-sistemaren pixkanakako ahultzea izan dira koronabirusari emandako erantzuna benetan oztopatu dutenak eta, egunerokoan ere, langileek beren lana muturreko baldintzetan egin behar izatea eragin dutenak: osasun publikoan inbertsio eza, behin-behinekotasun tasa handiak, lan-gainkarga sistematikoa, giza baliabide eta baliabide materialen gabezia, lan-baldintzen murrizketa, zerbitzuen pribatizazioa, etab…
Hori gutxi balitz, pandemiaren unerik latzenetan, langileek muturreko egoera bizi izan dute: babes neurrien falta kezkagarria, kutsadura tasa haundiak eragin dituena; lan-karga onartezinak; estres fisiko eta emozionala; oinarrizko lan-eskubideak mugatzea edo ezabatzea, hala nola atsedenaldiak eta oporrak; etab… Gaur egun, langileek ez dute atsedena hartzeko denbora nahikorik izan eta neke akumulatua daukate. Egoera horretan, ohiko baliabide eskaxekin eta ezinbestekoa den errefortzurik gabe, eguneroko lanari eta berragerraldien ondoriozko lanari aurre egin behar diete.
Azken egunotan, Osasun Sailak asmo oneko adierazpenak eta 4 urtera begirako balizko neurriak iragarri ditu. LAB, SATSE, ELA, SME, CCOO, UGT eta ESK sindikatuok Saileko arduradunei ohartarazi nahi diego Osakidetzak berehalako irtenbideak behar dituela, eta horiek ezin direla denboran atzeratu. Premiazkoa da hitzetatik ekintzetara pasatzea, propaganda-adierazpenetatik egiturazko konponbideetara. Ildo horretan, berehalako urratsak eman behar dira. Horrela ez bada, mobilizazioak areagotuko ditugu.
Azkenik, langileei eta herritarrei gogorarazi nahi diegu datorren larunbatean, urriak 3an, manifestazioa deitu dugula Bilbon, Jesusen Bihotzetik abiatuko dena, goizeko 12etan. Bertan parte hartzeko deia egiten dugu. Gure osasun-sistema eta guztion osasuna daude jokoan.
Irakaskuntzako langile bat hil da Oñatin lan istripuan
Oñatiko Zuazola-Larraña BHIko langile bat hil da gaur. Zendu den irakasleak kotxe istripua izan du eskolara bidean. 2020an Euskal Herrian emandako 48. lan istripu hilgarria izan da.
Emakume bat hil da gidatzen zuen autoaren eta kamioi baten arteko talkaren ondorioz. Gaur goizeko 7:55 baino lehen gertatu da istripua, Oñati parean (Gipuzkoa). Kamioiaren gidaria Arrasateko erietxera eraman dute. Hartara, aurten 48 dira hildako langileak eta Joaquin Beltranek desagertua jarraitzen du Zaldibarreko zabortegian.
LAB sindikatutik gure elkartasuna eta babesa helarazi nahi diegu hildakoaren senide eta lankideei. Gaur gertatutakoa ez da berria, urtero errepikatzen baitira istripuak in itinere. Argi dago, administrazio publikoen arduradunek ez dutela langileekiko duten utzikeria gainditu eta langileon baldintzak duintzeko neurririk hartu nahi. Non daude administrazioko arduradunak heriotza berri hau salatzeko? Zein argudio behar dute egoera eta eredu hau geldiarazteko? Langileon bizitza ez da nahikoa?
Argi daukagu lan istripuak ez direla zoriak edo kasualitateak sortuak, ematen diren lan harremanen, prekarizazioaren, lan arautegiaren eta behin behinekotasunaren emaitza dira. Aurten dena berezia izan da, konfinatuak egon gara eta, hala ere, dagoeneko, pasa den urtearekin alderatuta, lan istripu hilgarri gehiago daude. Izan ere, 2019. urtean 46 izan ziren, eta aurten, urtea bukatu gabe, 48 dira hildakoak eta 1 desagertutakoa. Bistan da ez dutela neurririk jartzen osasuna eta bizitza galdu ez ditzagun.
LAB sindikatutik argi dugu, bizitza eta lan duinak behar ditugula. Lanetik onik eta bizirik bueltatzeko eskubidea dugu, eta jendarte osoarena den izurrite honekin bukatzeko bide bakarra borroka eta antolakuntza dira. Lan harremanen eta joku arauen aldaketa batetik etorriko da aldaketa, eredu berri bat gauzatu behar dugu, langileon bizitza eta osasuna lehenetsiko duen eredu bat.
Urriaren 6rako grebara deitu ditugu Gipuzkoako helduen egoitzetako langileak
Bada garaia Gipuzkoako helduen egoitzetako langileek euren funtsezko eginkizuna aitortuko duen hitzarmen bat izan dezaten, emandako lanari egokitutako arauketa eta konpentsazioen bidez. Hala, grebara deitu dugu Gipuzkoako Aldundiaren aurrean egindako agerraldian, Foru erakundearen eta patronalen pasibotasunak eta desadostasunak bultzatuta.
Egungo egoerak, berriz ere, arrazoia ematen digu, eta adinekoentzako arreta-eredu berri bat sortzeko beharra berresten digu, ereduaren erdigunean gure adinekoak jar daitezen, eta ez enpresa kudeatzaileen negozioa. Alegia, Gipuzkoako Foru Aldundiaren onespenarekin aberasten diren enpresak; izan ere, adinekoen egoitzak zerbitzu publikoa dira, eta gipuzkoar guztiek finantzatzen dituzte zergen bitartez.
Are gehiago, gure adinekoentzako arreta kalitatezkoa izan dadin, arreta ematen dieten langileek lan-baldintza duinak eta kalitatezkoak izan behar dituzte, eta horiek gabe arreta ezin da gauzatu.
Pandemiarekin, emakumezko langileen lan-prekarietatea ikusgarriago bihurtu da, eta, hala ere, ez diote kanoiaren oinean egoteari utzi, eta beti erakutsi duten bezala egiten jarraituko dute, emakumeei axola baitzaie gure adinekoak.
LAB sindikatuak beti salatu du langile falta, lan-erritmo gehiegizkoak, arrisku psikosozial eta ergonomikoen eraginpean etengabe egotea, etab.
Bada garaia egungo zaintza-eredua sakon jorratzeko, eta, horretarako, haien kudeaketa publikoaren aldeko apustu garbia egiteko. Hala ere, aldi baterako eta berehala, txaloak gertaera zehatz bihurtzeko garaia da, zaintzaren funtsezko funtzioa aitortuz, langileen lan-baldintzak eta zerbitzuaren kalitatea hobetuz.
Elkartasuna USB sindikatuarekin eta Italian hezkuntza sektorean borrokan dauden langile guztiekin
LABek babesa adierazi die Italiako USB sindikatuari eta Italiako hezkuntzaren sektorean borrokan ari diren langileei. LAB bezala Munduko Federazio Sindikaleko kide den USB sindikatuak honako aldarrikapenekin greba orokorra deitu du irailaren 24rako eta irailaren 25erako: ikasgeletara segurtasunez itzultzea, osasun-neurriak bermatuko dituzten espazioak egokitzea eta irakaskuntzako langileek beren lana lehen egunetik osasunerako inolako arriskurik gabe egin ahal izatea.
Gaurko eta biharko deitutako greba Italian egingo diren mobilizazioetan lehen urratsa izango da. USBk manifestazioa deitu du gaur ministerioaren aurrean eta hainbat manifestazio bihar herrialdeko hainbat hiritan.
Euskal Herrian irakaskuntzako milaka irakasle, ikasle eta sektoreko langileen beste kolektibo batzuk antzeko eskaerekin kalera atera ziren greba egunean. Langileen % 70ek babestu zuten sektorean ordezkaritza sindikala duten sindikatuek deitutako greba, baina Euskal Autonomia Erkidegoko gobernuak uko egin dio sindikatuekin baliabide gehiago negoziatzeari.
Hori dela eta, irakaskuntza sektoreko sindikatuek mobilizazio egun batera deitu dituzte langileak, ikasgeletara modu seguruan itzultzeko, lanbidean modu seguruan jarduteko bermeak eskatzeko eta hori guztia sindikatuekin negoziatuta egin dadin eskatzeko. Mobilizazio eguna urriaren 2an izango da Euskal Herriko hainbat hiritan.
LABek, Euskal Herriko klase sindikatua den aldetik, elkartasuna adierazten die USBko kideei eta Italian borrokan ari diren pertsona guztiei, borroka hau ere gure borroka baita. Une honetan mugimendu sindikal indartsuak behar dira, mobilizatu eta borrokatzeko gaitasuna duten langile mugimenduak alegia. Soilik ongi antolatutako langile klase bat bakarrik izango da bere helburuak lortzeko gai, eta, horregatik, gaurko eta biharko greba eguna Italiako langile klasearen erakustaldi masiboa izatea espero dugu.
Eskola jantokietako sindikatuok Nafarroako Gobernuari eta sektoreko enpresei eskatu diegu neurriak har ditzatela lanpostuen galera arintzeko
Nafarroako eskola jantokietako hainbat langilek, sektorean ordezkatuta dauden lau sindikatuen deiari erantzunez -LAB, UGT, ELA eta CCOO, ordezkaritzaren arabera ordenatuak-, gaur Iruñean elkarretaratzea egin dute, Hezkuntza Departamentuaren aitzinean, eskoletan eskolaldi jarraitua ezartzearen ondorioz lanpostu asko galdu direlako protesta egiteko, eta Nafarroako Gobernuari zein sektoreko enpresei eskatzeko neurriak har ditzatela lanpostuen galera hori ahal den neurrian arintzeko, oso sektore feminizatuan eta prekarizatua baita.
Ikasturte honetan, eskola jantokietan pandemiaren ondorioz ezarri diren osasun-segurtasuneko neurrien ondorio latzak jasaten ari gara. Eskolalaldi jarraitua ezartzeko moduak umeen kopurua nabarmen jaistea eta jantokiaren iraupena murriztea ekarri du, eta horrek lanpostuak galtzea eta langileen ordutegia murriztea ekarri du.
Era berean, Covid-aren aurkako prebentzio-neurri horien ondorioz, nabarmen igo dira jantokiko prezioak, eta familiek bizi duten egoera kontuan hartuta, ume kopurua jaitsi egin da berriz, nahiz eta horrek bateragarritasunerako zailtasun handiak ekarri. Gainera, informazioa emateko modua dela-eta, familiek beldurra eta zalantzak izan dituzte seme-alabak ikastetxean eta jantokian sartzeko.
Eskola jantokietako matrikulazioa beste ikasturteetakoa baino %40 txikiagoa izaten ari da, eta horrela jarraituz gero, emakume askok ez dakite ziur haien lan etorkizuna nolakoa izango den. Hori dela eta, Hezkuntza Departamentuari eskatzen diogu neurriak har ditzala egoera horri buelta emateko eta sektore horretan lanpostu galera handiak eta sortuko diren baldintzak saihesteko.
Hori dela eta, Nafarroako Gobernuari eta sektoreko enpresei eskatzen diegu neurriak har ditzatela lanpostu galera hori ahal den neurrian arintzeko, sektore hori berez prekarioa baita, partziala eta oso feminizatua. Familientzako laguntzak eman behar dituzte jantokiko kuotaren igoerari aurre egin ahal izateko; eta familiekiko komunikazioa indartu behar dute, jantokietan seme-alaben segurtasuna mantenduz eta bermatuz, eta sektoreko langileen profesionaltasunari balioa emanez.

