LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk berretsi du Eusko Jaurlaritzaren neurriak patronalaren mesedetan direla, inoiz ez langileak babesteko, Gasteizko Gobernuak atzo aurkeztutako delako berpizte planari buruz galdetuta. Hain zuzen ere, Industria arloan gertatzen ari diren itxiera eta kaleratzei buruz aritu da Radio Vitorian egin dioten elkarrizketan. “Eredu bera jarraitzen dute kasu guztiek. Diru publiko izugarria jaso duten enpresak dira, eta diru publiko hori enplegu prekarioa sortzeko eta akziodunen poltsikoak betetzeko baliatu dute. Enpresa horiek guztiek, Gestamp, Tubacex, Gamesa edo aeronautikako sektorekoek, kasu, milioi askoko irabaziak izan dituzte eta dibidenduak banatu dituzte. Orain, lehen arazoekin, kaleratzea libre izateko aukera ematen duten lan erreformak baliatuz, ez dute inongo lotsarik langileak kalean uzteko, lan harremanak prekarizatzeko edo soldatak jaisteko”, adierazi du.
Datorren astean sindikatu guztiokin izango den bileran, aurrez aurreko ikasturte seguru eta adostuak behar dituen neurri zein baliabideak jartzeko exijituko diogu EAEko Hezkuntza Sailari
Hezkuntza Sailari galdegiten diogu egoerak eskatzen dituen planifikazio integral eta irizpide komunak zein beharrezko baliabide gehigarriak negoziatzeko prest agertu dadila eta langileon ordezkariak mahai gainean jarri ditugun eskaerei erantzungo dioten planteamenduekin agertu dadila.
LAB, ELA, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuon oharra:
Sindikatuok pasa den ikasturteko maiatza hasieratik ari gara ikasturte honetarako beharrezkoak diren baliabide gehigarriak adosteko negoziazio bideak irekitzeko galdegiten Hezkuntza Sailari. Pasa den ikasturtea, aurrez aurreko ikasturte seguru eta adostu baten aldeko mobilizazioekin amaitu genuen eta hau greba egun bat barneratu duen mobilizazio dinamika batekin hasi dugu.
Irailaren 23an, EAEko hezkuntzan Irailak 15ean gauzatutako grebaren balorazioa egitearekin batera, hezkuntzako sindikatuok Hezkuntza Sailaren berririk gabe jarraitzen genuela adierazi genuen, eta ondorioz Urriak 2rako manifestazioen berri eman. Astelehen honetan, Irailak 28an, aurkezpenetarako kortesiazko bilerez aparte, Jaurlaritzaren aldetik negoziatzeko bilera deialdirik gabe jarraitzen genuela ere salatu dugu. Honekin batera, Hezkuntza sailaren aldetik pausorik ematen ez zenez, sindikatuok geuk, behingoz gurekin eseri eta Irailaren 30erako negoziatzeko bilera baterako deialdia luzatu geniola adierazi genuen.
Honi gehitu behar zaio azken egunotan Hezkuntza Sailak aldebakarreko erabakiak hartzen jarraitu duela, besteak beste, sukalde eta garbiketako sektoreetan langileen ordezkariekin negoziatu gabeko kontratazio prekarioak eginik. Sektore hauetan berriro ere inprobisazioak gidaturik, eraginkortasun oso mugatua izango duten zein planifikazio zehatz bati erantzuten ez dioten errefortzurako kontratazioak egin dituzte, langile hauen prekarizazioan sakontzen duten lau hilabeterako kontratuekin.
Ikasturtea hasi denetik hezkuntza komunitatea osatzen dugunok modu desberdinetan ari gara gure kezka, haserrea, eta Hezkuntza Sailaren arduragabekeria zein aldebakartasuna salatzen. Zentzu honetan, irailaren 15eko greban kaleak betetzeaz gain, ugariak izan dira ikastetxe zein kolektibo desberdinen arazoak azaleratzeko abian jarri diren ekimenak; elkarretaratzeak, adierazpen publikoak, tuperradak, kaleko jantoki inprobisatuak, edota zuzendaritza taldeetako dimisoak, besteak beste. Ekimen eta mobilizazio hauen aurrean, oso modu partzialean eta mugatuan bada ere, Hezkuntza Saila erantzun mugatu batzuk ematera behartua izan da.
Bilera deialdi bat lortzeko ere ezinbestekoak izan dira gauzatzen ari garen mobilizazio zein ekimen desberdinak. Horrela, atzo arratsaldean, eta sindikatuok geuk Hezkuntza Sailari bilera deialdia luzatu geniola publiko egin ondoren, Hezkuntza sailak sindikatu guztiok egongo garen alde anitzeko negoziazio bilera baterako data proposamenak helarazi zizkigun.
Sindikatuok bilera horretara joango garela adierazteaz gain, gaurko kontzentrazio honen bitartez zein Urriak 2an hiru hiriburutan gauzatuko ditugun manifestazioen bitartez, Hezkuntza Sailari galdegiten diogu egoerak eskatzen dituen planifikazio integral eta irizpide komunak zein beharrezko baliabide gehigarriak negoziatzeko prest agertu dadila eta langileon ordezkariak mahai gainean jarri ditugun eskaerei erantzungo dioten planteamenduekin agertu dadila. Asmoetatik ekintzetara pasatzeko garaia da, urgentea baita neurri eraginkorrak eta hauek abian jartzeko beharrezko baliabideak ikastetxeetan lehenbailehen egotea.
Mobilizazioekin hasi gara, Arabako helduen egoitza pribatuetan deitutako greben atarian
LAB, ELA, UGT eta CCOO sindikatuok hiru eguneko greba deialdia egin dugu Arabako helduen egoitza pribatuetan, hitzarmenaren alde, urriaren 7rako eta azaroaren 11 eta 25erako. Gaur mobilizazioa egin dugu Gasteizen, greba egun horien atarian.
Sindikatuon ohar bateratua:
Sektoreko langileek greba-deialdira deituak dira, Arabako erresidentzietan beharrezkoa den hitzarmen probintzial bat negoziatu ahal izateko; izan ere, oraindik patronala eratu gabe dago.
ELA, LAB, UGT eta CCOO sindikatuek Arabako adinekoen erresidentzia pribatuetan hiru eguneko greba deialdia iragarri zuten pasaden ostiralean, urriaren 7an eta azaroaren 11n eta 25ean. Urria eta azaroa bitartean deitutako hiru greba egunei beste mobilizazio batzuk gehitu behar zaizkie. Kanpaina hau gaur irailaren 30ean hasiko da, Aldundiaren aurrean egingo den elkarretaratze batekin. Pentsiodunen mugimenduak, senideen elkarteek eta Gasteizko mugimendu feministak greba-deialdien alde egiten dute.
Adinekoen egoitzen sektorea nagusiki feminizatuta dagoen sektorea da, eta Covid-19ren pandemiak erakutsi duen bezala, funtsezko zeregina da gizartearentzat, gainerako zaintza-lanak bezala, baina nekatu egin gara kontzentrazioak egiteaz, adinekoen arreta funtsezko zerbitzua dela salatzeko, eta, beraz, sektoreko lan-baldintzak ez dira utzi behar etekinak lortzeko helburu bakarra duten enpresen esku. Aldundiak, azken finean berak ematen baitu egoitza-zerbitzua kasu gehienetan, ezin ditu alde batera utzi ez emandako zerbitzuaren kalitatea, ez langileek pairatzen dituzten baldintzak.
Urriaren 4ean Kanakiak auto-determinazio eskubidea gauzatuko du
Igande honetan, urriaren 4ean, Kanakiako herriak auto-determinazio eskubidea gauzatzeko erreferendum bat ospatuko du. Erreferendum hau Noumeako akordioetan adostutako erreferendumetatik bigarrena izango da. Frantziak eta Kanakiak sinaturiko akordio hauen arabera, Kanakiako herriak bi urtez behin erreferenduma deitzeko eskubidea du.
Eta zergatik da hain garrantzitsua Euskal Herriarentzat gure herritik 17.300 kilometrotara egingo den erreferenduma? Bada, erantzuna oso erraza da, auto-determinazio erreferendum honek XXI. mendean eta Europako Batasuneko Estatu baten baitan “normaltasun demokratiko” osoz auto-determinazioa gauzatu daitekeela erakusten duelako, eta, beraz, Kanakian bezala, gainontzeko herrietan ere antzeko egoerak eman litezke baldin eta horretarako borondate politikorik balego noski.
Askok esango dute, Kanakia Frantziak Pazifikoan daukan kolonia bat dela, eta, beraz, deskolonizatzeko eskubide osoa ere baduela. Ziurrenik ere ez dira faltako, egoerak berdinak eta konparagarriak ez direla, eta, beraz, Kanakian erreferenduma egitea logikoa dela, baino Euskal Herrian edo Katalunian adibidez ez.
Kanakia edo Caledonia Berria 1853tik dago Frantziako Estatuaren menpe, eta hamarkada luzez bertako biztanleak erabateko apartheid egoera bat pairatu behar izan zuten. XX. Mendeko 60. hamarkadan Kanakiako bertako biztanlegoa gehiegoa zen eta, ondorioz, Frantziako agintariek migrazio masibo bat bultzatu zuten, Nikel-aren esplotazioak egoera ekonomiko on bat bermatzen ziela aprobetxatuz. 1969 eta 1976 bitartean Kanakiara 20.000 frantziar iritsi ziren. 70. hamarkadan Pazifikoko hainbat herrialdeen deskolonizazio testuinguruan, Kanakiako mugimendu independentista sortzen da, eta 1984ean FLNKS Kanakia sozialistaren aldeko askapen mugimendua, hain zuzen ere.
Urtetako gatazkaren ondoren, 1988an Matignon-eko bake akordioak sinatu ziren, eta bertan 10 urtetako trantsiziorako estatutu bat adostu zen, honen ondoren auto-determinazio erreferendum bat egingo zelarik. 1998-an Noumeako akordioak sinatu zituzten Kanakiak eta Frantziako Estatuak eta bertan hiru erreferendum egiteko aukera adostu zen, ezezkoa ateraz gero bi urtez errepikatu zitekeena. 2018Ko azaroak 4ean egin zen lehenengo erreferenduma eta ezezkoa gailendu zen. Orain 2020an bigarren aukera izango dute.
Urte luzez LAB sindikatuak harreman estua izan du Kanakiako mugimendu independentistarekin, eta, batez ere, USTKE sindikatuarekin. Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen plataformaren bitartez, gaur egun arte Kanakiako askatasunaren alde lan handia egin da, eta bi errealitateak hurbiltzeko ahalegin handia egin da.
Gure herriaren askatasunaren alde borrokatzen dugun bi herri gara. Herri bezala zapaltzen gaituen Estatu berdina daukagu (Frantziako Estatua), nahiz eta gure kasuan ez den zapaltzen gaituen estatu bakarra, eta bi herriok auto-determinazio eskubidea gauzatuz eredu politiko eta soziala eraldatu nahi dugu. Ez gara Estatu independente soil bat izatearekin konformatzen, baino, aldi berean, argi dugu eraldaketa soziala lortzeko burujabetza politikoa behar dugula eta hori soilik Estatu independiente bat izaten lor dezakegula. Bi herrialdeen errealitatea uste duguna baino hurbilago dago, eta Kanakian gertatzen denak gurean ere eragina izan dezake, Kanakiak auto-determinazio lorgarria dela erakutsiko digulako berriro ere. Beraz, Kanakian egingarria bada, Euskal Herrian zergatik ez? Guk behintzat borrokan jarraituko dugu, eta urriaren 4ean bihotza kanakiar herriarekin izango dugu. Kanakiak eta Euskal Herriak independentziari bai!
Lan heriotzen atzean prekarietatea dagoela salatu dugu Sondikan
Kantabrian ostiralean hildako langilea gogoan, eta prekarietatearen ondorioz etenik ez duten lan heriotzak salatzeko, euskal gehiengo sindikaletik elkarretaratzea egin dugu Sondikan, Berreteaga industria gunearen sarreran. Hain zuzen ere, joan den ostiralean ere irakasle bat zendu zen Oñatin, eta jada 49 dira gutxienezaurten lan istripuen eraginez zendutako pertsonak. Hala salatu dugu gaur zein atzo egindako elkarretaratzeetan.
Arabako ardogintza sektorean benetako negoziazioa eta bidezko hitzarmen duina eskatzeko mobilizatu gara
Arabako Ardogintza sektoreko hitzarmenak sinatu gabe jarraitzen du, 22 hilabeteko negoziazioen ostean. Gaur, langileen lan baldintza duinen defentsan mobilizatu gara. Kotxe-karabana egin dugu Bastidatik hasi, eta Eskuernaga, Samaniego, Biasteri, Zieko, Lapuebla de Labarkatik pasatu eta Oionen bukatuz.
Aurreko hitzarmena 3 urterako sinatu zen, 2016, 2017 eta 2018 eta %2, %2 eta %2,25eko soldata igoerak jasotzen zituen hurrenez hurren eta hala ere, hilean 1.000 euro inguru kobratzen duten langileak daude.
Hitzarmen berriaren negoziazioari dagokionez, 2018ko abenduan hasi zen eta 22 hilabete eta dozena bat bilera egin ostean, Arabako ardogintza sektoreko hitzarmenak sinatu gabe jarraitzen du.
Alarma egoeraren aurreko azken bileran, martxoaren 4an, nahikoa hurbildu ginen, gai sozialen inguruko puntu pare bat adostea eta urteroko igoera portzentaiak zehaztea baino ez zen falta. Baina pandemia etorri zen eta negoziazioak geratu egin ziren.
Uztailaren 15ean egin zen orain arte egin den mahai negoziatzailearen azken bilera. Honakoa proposatu genuen bertan: ordura arte adostuta zeuden alderdi sozialak onartutzat eman eta 2019ko igoera sinatzea, irailean berriro batzartu eta 2020 eta 2021eko igoerak lotzeko konpromisoarekin. SEAk proposamena jaso eta uztailaren 29an bilerarako deia egin zigun, erantzun baten esperoan.
Ez zen bilerarik egin. Bezperan, uztailaren 28an, SEAk negoziazio mahaia bertan behera utzi zuen azken bileran egin genuen proposamena onartezina zela gaineratuz eta irailean batzartzea proposatu zigun, datarik zehaztu gabe. Gaur gaurkoz oraindik ez gaituzte bilerara deitu.
Ados gaude covid-ak ziurgabetasuna sortu duela, baina ez enpresariei soilik. Sektoreko langileek gehiegizkoak ziren ABEEEetara lotuta egon gara, eta gehienetan ez dira euren baldintzak hobetu. Hala ere, iraila iritsi eta upategi guztiak %100ean ari dira lanean, mahatsa koste prezioan erosiz, ardoaren salmenta prezioak gora egiten jarraitzen duten bitartean.
Ez dugu 2019ko soldata igoera lotzeari ezezkoa ematea. Iaz ez zen pandemiarik egon, ardoa saldu egin zen eta irabaziak enpresarien poltsikoetan daude.
Mobilizazioak egitera behartzen gaituzte eta honek horrela jarraitzen badu, gogortu egingo ditugu.
Lan-baldintzak hobetzea posible da, eta ardogintza sektoreko hitzarmena berritzea upategien borondate faltaren arazoa baino ez da.
Garbiñe Aranburu: “Egungo sistema berreraiki behar dela planteatzen digute, baina hori prekarietateaz hitz egitea da”
LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburu Onda Vasca irratian elkarrizketatu dute, “Euskadi Hoy” saioan. Bizi dugun krisi ekonomiko eta soziala hizpide izan du: “2008ko krisian gertatutakoa eta austeritate politikek ekarritakoa oso presente dugu, baina Jaurlaritzak eta patronalak errezeta berdinak erabiliko dituzte”.
EAEko Hezkuntza Sailak garbitzaileak are prekarioagoak egiten ditu
Eusko Jaurlaritza ikasturte honetan egiten ari den ikastetxeetako garbitzaileen kontratazioaren prekarietatea eta covid-19ari aurre egiteko aplikatu beharreko prebentzio-neurri ez nahikoak salatzen ditu LAB sindikatuak. Covid-errefortzuak egiteko jardun osoko kontratuak egin beharrean 4 orduko kontratazioak egin ditu. Hau da, oso feminizatu eta prekarioa izan ohi den langile-kolektibo honen lan-baldintzak okertu ditu, nahiz eta kontratu hauek covid-19aren aurkako neurri osagarri moduan saldu nahi izan dituen Hezkuntza Sailak.
Behin eta berriz azaldu dugunez, pandemiak sortu duen egoeraren aurrean, kalitatezko aurrez aurreko hezkuntza itzulera segurua bermatzeko baliabide material gehigarriak eta pertsonal gehiago kontratatzea ezinbestekoa da. Horri erantzunez, Jokin Bildarratzek gidatzen duen Hezkuntza Sailak 4 ordutako errefortzu-kontratuak egin dituela jakin dugu, ikasturtero lan-metaketengatik egiten diren laguntza-kontratuei gehituko zaizkienak. Kontratazio hauek, ordea, ohi bezala bederatzi hilabeteko iraupena izan ordez, ikastetxea zabalik mantendu bitartean soilik iraungo dute, eta covid-19agatik ikastetxea itxiko balitz bertan behera geratuko lirateke. Horren atzetik balizko eskola-itxiera izatearen eszenatoki batean kontrataturiko jendea ez izateko asmoa legoke; hau da, oso prekarizaturiko langile-kolektibo horren lan-baldintzak duintzea baino, irizpide ekonomizistek gidatu dute kontratazio berri hori. Langile hauek funtsezkoak bilakatu ziren eskolak itxi zirenean eta ikasturte hasieran ere bitartekorik gabe martxan hasi dira, ratio gehiegirekin, eta langileen profesionaltasuna zein zerbitzua aurrera ateratzeko nahiei esker aurrera eramanda. Orain ere, lau ordutako kontratazio horiek ez diote ikastetxez ikastetxe egin behar zen premien azterketari erantzuten, eta leku askotan eznahikoak izan daitezke.
Bestalde, hartu diren prebentzio-neurriak sindikatuekin adostu gabe argitaratu dituzte, funtzioak eta lan-zama handitu egin dira eta, besteak beste, ez dira jasotzen langile hauen aldageletarako neurririk, atsedenak hartzeko tarterik, lana amaitzerakoan dutxa hartzeko eskubidea, zein laneko arropetan izan behar diren neurriak. Gainera, ez da ezartzen ikastetxe guztietan egon behar den balizko gaixoak isolatzeko covid gela garbitzeko neurri espezifikorik, ezta langileen babesteko ekipamendu berezirik.
Ziurgabetasun egoera honen aurrean, oso mezu argia helarazi nahi diogu Jaurlaritzari: ikastetxe bakoitzeko beharrei egokituko zaien kontratazioa eskatzen du egoerak, eta ez gehien bat emakumeek osatzen duten langile-kolektiboaren prekarietatean sakontzen duena. Frogaturik geratu denez, garbiketa funtsezko zerbitzua da covid- 19ari aurre egiteko orduan, eta kontratazioak egiteko irizpidea ezin da izan dirua aurreztea, langile, ikasle eta, oro har, gizartearen osasuna jokoan dago-eta.
Osakidetzako azpikontratetako garbiketa, anbulantzia eta jantoki zein kafetegietako langileak ostegunean mobilizatuko dira
LAB, ELA, CCOO, UGT eta ESK sindikatuok deituta, Osakidetzak azpikontratatutako garbiketa, anbulantzia eta jantoki zein kafetegietako langileek ere bat egingo dute urriaren 3an Bilbon egingo den manifestazioarekin, osasungintza publikoko langileek asteotan bultzatutako “Honaino heldu gara” dinamika mobilizatzailearen baitan.
Sindikatuon oharra:
OSAKIDETZAKO AZPIKONTRATAK HONAINO HELDU GARA!
Garbiketa, anbulantzia, sukade eta kafetegietako langileak ere,
osasun langileak gara
ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek, Osakidetzaren azpikontratatutako garbiketa, anbulantzia eta jantoki zein kafetegi sektoreetako langileen ordezkari gisa, Osakidetzako langileekin batera manifestazio bat deitzea erabaki dugu urriaren 3an.
Denbora daramagu gure osasun-sistemak pairatzen duen erabateko prekarietatearen egiturazko egoera salatzen, bai Osakidetzan, bai azpikontratetan ere. Lan-gainkarga, baliabide-falta, behin-behinekotasuna, kontratazioen partzialtasuna eta segurtasun-neurrien falta gure osasun-sistemaren egiturazko arazo bat da. Gaur egun, birusaren bigarren olatu hasiberri baten aurrean gaude, eta egoera horrek are larriagoa egiten du baliabide faltaren arazoa.
Egoera are larriagoa da zerbitzu jakin batzuk interes pribatuen esku jartzen direnean, hala gertatzen da garbiketa, anbulantzia eta Osakidetzako sukalde eta kafetegien kasuan. Osasun-sistemaren zati bat negozio-objektu bihurtzeak esan nahi du horiek kudeatzen dituzten enpresak kezkatuago egotea euren etekinak optimizatzen enplegu eta zerbitzu segurua bermatzen baino. Osakidetzako langileen esparruan, baliabide falta egitate bat bada, arazoa larriagotu egiten da gure sektoreetan. Pandemiak iraun bitartean, segurtasun-neurrien faltak, langileen, erabiltzaileen eta gure familien osasuna arriskuan jartzea eragin du.
Pandemia honek agerian utzi du pertsonen osasuna ezin dela negozioaren xede izan, ezta interes pribatuen mende egon ere. Halaber, agerian utzi du zeintzuk garen oinarrizko zerbitzuak ematen ditugunak, oso egoera gogorrean lehen lerroan egon garenak. Gure lana funtsezkoa bada, zerbitzu publikoa ematen badugu, gure enpleguek ere hala izan behar dutela aldarrikatzen dugu; horregatik, azpikontratatutako zerbitzuak sistema publikora itzultzea eskatzen dugu, enplegu eta langile guztien lan-baldintzak bermatuko dituen zerbitzuen publifikazioa eskatzen dugu.
Horregatik guztiagatik, Osasun Publikoa, Unibertsala, kalitatezkoa eta modu seguruan zein lan-baldintza duinekin eskainia aldarrikatzeko, Osakidetzako azpikontratatetako garbiketa, anbulantzia eta jantoki zein kafetegietako langileok elkarretaratzeak burutuko ditugu EAEko hiru lurraldeetan datorren ostegunean, urriaren 1ean, eta urriaren 3ko manifestazioan parte hartu dugula iragarri. Azkenik, herritar guztiei dei egin nahi diegu protestan masiboki parte hartzera.
Urriaren 1eko kontzentrazioak 11: 00etan egingo dira ospitale hauetan:
Bizkaia: Gurutzeta Ospitalea
Gipuzkoa: Donostia Ospitalea
Araba: Txagorritxu Ospitalea

