Oñatin, R. M. Zuazola Larraña BHI institutuan aurrean gogoratu dugu lan-istripuan hildako irakaslea, baita lan-istripuak salatu ere. Doluminak eta gure babes osoa Zuazola Larrañako hezkuntza komunitateari. Lanean jarraituko dugu halakorik errepika ez dadin.
Langabezia datuak: enplegu orokorraren errekuperazioa, gazteen enpleguaren galerak jarraitzen duen bitartean
Irailaren amaieran, 182.903 langabe zeuden Hego Euskal Herrian, eta % 55,4 emakumeak ziren. Enplegu Zerbitzu Publikoak argitaratutako datuek langabeziaren zifrak arindu egin direla erakusten dute, eta oro har, gizonezkoen eta emakumeen alde egin dute. Aitzitik, gazteen egoerak okerrera egiten jarraitzen du, eta 1.240 gazte gehiagok (25 urtetik beherakoak) langabeziaren zerrenda ofizialak loditu dituzte.
Aurreko urtearekin alderatuz gero, argi eta garbi ikusten da osasun-krisia lan-eremuan ere eragiten ari dela. Hain zuzen ere, urte arteko datuei erreparatuta, langabezia % 27 igo da, hau da, 38.832 pertsona gehiago daude langabezian iazko iraileko datuekin alderatuta. Baina bereziki kezkagarria da gazteen enplegu galera, gazteen langabezia % 75 igo baita.
Lan-panoramika osatzeko, ez dugu ahaztu behar iraila ixtean 30.478 pertsona zeudela oraindik Enplegua Aldi Baterako Erregulatzeko Txosten (EABET) baten eraginpean.
Alde positiboari dagokionez, pandemian zehar aldi baterako enplegu-erregulazioan egon diren pertsonen % 85 jada atera dira egoera horretatik. Hala ere, berragerpenak errepikatu eta pandemiaren garapena luzatu ahala, enpresa askoren erresistentzia-gaitasuna ahultzen hasten da eta AEBETak enplegua iraungitzeko espedienteei eta kaleratze masiboen hazkunde kezkagarriari bide ematen ari dira.
Egoera horretan, eta datorren urterako aurrekontuak egiteko prozesu betean, gobernu eta administrazio publikoei dei egiten diegu gogorarazteko gaur egun enplegua defendatzeko politikarik onena sektore publikoa indartzea dela, gizarte-babesarekin eta ongizatearekin lotutako prestazio eta zerbitzuekin zuhurkerian ibili beharrean.
Epe labur eta ertainera, administrazioen eta haien gobernu-ekintzaren kezka birusari aurre egitea eta birusaren hedapena prebenitzea izan behar da. Horrela bakarrik ekidin ahal izango dugu gaixoberritzeak giza bizitzaren galera onartezin bihurtzea eta jarduera ekonomikoa eta enplegua gehiago suntsitzea.
Beraz, gastu publikoaren lehentasunak zentzuz berrantolatzeko, osasun- eta hezkuntza-sistema publikoak indartu behar dira nahitaez, bai eta zainketen eta gizarte-zerbitzuen sarea indartu ere.
Zaintzarako euskal sistema publiko, unibertsala, doakoa, kudeaketa zuzenekoa eta kalitatezkoa eskatzen dugu
Adinekoen nazioarteko egunean eta Bizkaia eta Arabako diputatu nagusiek azken egunetako osoko bilkura orokorretan gizarte-zerbitzuen egoerari eta zaintzaren funtsezko funtzioari buruz egindako adierazpenak kezkaz ikusten du LAB sindikatuak.
Berriz diogu pandemia test argigarri bat izan dela, gizarte-zerbitzuen ereduaren, erantzukizun publikoko zaintza ereduaren eta kudeaketa pribatuaren ahultasuna eta egokitasun-falta argitzeko. Gogora dezagun COVID-19aren ondorioz hildakoen %40 adinekoen egoitza-zentroen erabiltzaileak zirela. Foru sare publikoaren erabiltzaileak ziren.
Egungo zaintza-eredua zalantzan jartzen da gizartean eta sindikatuan, senideen elkarteek eta langileek etengabe salatzen baitute. Izan ere, Euskal Herriko Mugimendu feministak, azken bi urteotako martxoaren 8etan greba feminista deitu zuen, bizitza erdigunean jartzea aldarrikatuz, hau da, zaintza dimentsio guztietan aitortzea eta bizitza (guztiona) posible izan dadin duten garrantzia eta beharra aitortzeko.
Hala ere, Arabako diputatu nagusia harro zegoen egoitza-zentroetan birusaren hedapenari eusteko ekintzez eta adineko pertsonen zaintza-sisteman aldaketa sakona egiteko asmoaz, pertsona horiek etxean ahalik eta denbora gehien egon daitezen sustatuz, Etxean Bai planaren barruan.
Plan horren xehetasunak eta garapena ezagutu barik esan dezakegu etxean bertan zaintzearen aldeko apustu garbia egin zuen, eta, horretarako, laguntza pertsonaleko prestazio ekonomikoa handitu nahi du, mendekotasun handia dutenentzako Lanbidearteko Gutxieneko Soldatarekin parekatu arte, prestazio hori sustatuz kontratatzaileentzako zerga-desgragabazioaren bidez.
– Horrek esan nahi du egungo zaintza-ereduaren alde egitea, hau da, modu pribatuan kudeatzen baitu erantzukizun publikoa izan beharko zena. Hau da, zaintza beharrak dituzten pertsonak kontratatzaile bihurtuz, eta horiek merkatuan modu indibidualean konpontzera behartuz. Horren bidez, zaintza behar duten pertsonak alderdi kontratatzaile bihurtzen dira, eta merkatura joatera behartuta daude euren zaintza beharren asetzea kontratatzeko.
– Zaintzaileen lan-baldintzek okerrera egingo dute horrela. Izan ere, mendekotasun handia duen pertsona bat zaintzeko funtsezkoak diren zaintza lanak 950 euroren truke egin beharko dituzte. Hau guztia, Arabako Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuan zein hirugarren adineko egoitzetan lan-baldintza duinak bermatzen ez direnean eta hitzarmen kolektiborik ez duten langile hauek grebak iragarri dituztenean.
– Erantzukizun publikoari neurri handiagoan uko egitea dakar honek. Guztiz desagertzen da zerbitzuaren kalitatearen eta ematen den baldintzen inguruko kontrola.
Bizkaiko diputatu nagusiaren arabera, erronka nagusia etxeko zaintza-lanak indartzea zen erronka nagusia eta bigarren mailan leudeke egoitzak, eredu gizatiarrago baten alde apustu eginez. Era berean, “pertsonak zaindu eta babesteko” dagoen eskari sozial eta sindikala berrinterpretatuz, profesional soziosanitarioen prestakuntza bultzatzeko apustua egiten zuen, hay enpresen ustezko kontraprestazio batekin, gehiago kobratzearekin, lotuz.
– Honek ekartzen duena da eredu pribatua, distantziara emandakoa eta etxean emandako zaintza informaletan oinarritua, Bizkaiko Etxez-etxeko Laguntza Zerbitzua suntsitzearen kontura. Azken honetan, ez dira langileen lanaldiak bermatzen, eta 7 urte daramatzate hitzarmen kolektiboa berritu gabe eta laneko hobekuntzarik gabe.
– Gainera, prestakuntza nahikoa duten langileen ibilbide profesionala aitortu gabe jarraitzea ere badakar. Langile hauei lan-baldintza prekarioak inposatzen zaizkie irabazi enpresarialak handitzeko.
Zaintza eredu pribatuaren alde egiten da argi eta garbi. Honetan, arretaren kalitatea guztiz feminizatua dagoen sektore baten lan-baldintza prekarioetan oinarritzen da, lan- osasunik ez dago, arretarako ratioak ez nahikoak dira eta langileen lanaren ez da aitortzen.
Gaur egun zaintza duindu eta egunean indarrean dagoen eredua, emakume askoren zapalkuntzan oinarritua, zalantzan jartzeko aukera dago. Baita ere bizitza behingoz erdigunean kokatzeko eta zaintza gai politikoa dela ulertzeko (eta ondorioz, jendarte osoari dagokiona konpontzea). Baina egoera honen aurrean EAJk entzungorrarena egin du. Ez du nagusien egoitzak indartzearen alde egin, eredua ikuspegi gizatiarrago baterantz eguneratuz, langileen, senideen eta nagusien euren eskariak kontuan hartuz. Gainera, zaintza lanak esparru pribatuan mantentzearen alde egin du, familia barruan, berriro ere ahazutz emakumeak izan garela lan hauek egin neharko ditugunak. Berriro ere modu prekarizatu, ikusezin eta pribatizatuan.
Berriro ere, LAB sindikatutik dei egiten diegu eragile sozial eta sindikal guztiei diagnostikoa partekatzeko eta jarduera-ildo bat adosteko mobilizazio- eta konfrontazio parametroetan. Zaintza-sistema publiko, unibertsal, doako, zuzeneko eta kalitatezko bat lortu arte.
SEPEk jardun partzialetako langileei aplikatutako murrizketa itzuli behar du, guk aurkeztutako salaketari arrazoia emanez
SEPE langile prekarizatuenak zigortzen ari zela salatu genuen maiatzean. Langile hauek, miseriazko jardunak izateagatik enplegu bat baino gehiago izatera derrigortuak daude, eta normalean emakumeak eta oinarrizko lanetan dabiltzanak dira. Pandemian, gutxienez kontratu bat ABEEEra joan zaie eta ondorioz, langabezia prestazioa eskatu behar izan dute. SEPEk ordea, murrizketa bikoitza aplikatu zien, zegokiena baino askoz gutxiago jasoz.
LABetik salaketa hau zabaldu genuen, SEPEko zuzendaritza interpelatu genuen, mobilizazioak egin genituen… Uztailean, Hego Euskal Herriko 4 hiriburuetan ehundaka salaketa sartu genituen, eta jadanik, prest genituen beste hainbeste demanda.
Gaur ordea, atzoko errege dekretuak sartutako aldaketa gure garaipentzat har dezakegu. Izan ere, arrazoi genuela aitortu eta langile hauek jasandako modua jaso du.
Hala ere, ofizioz konpontzeko gure eskaera ez dela jaso salatu behar dugu. Milaka langile daudelako egoera honetan, milaka langile miseriazko jardun eta soldatekin lehen lerroan egon direnak lanean, administrazio publikoak egindako hanka-sartzea jasan behar izan dutenak eta akatsa konpontzeko erantzukizuna euren bizkarren gain hartu beharko dutenak.
Langileak bete beharko du SEPEk argitaratzen duen eredua eta langileak berak erregistratu beharko du elektronikoki. Hau da, administrazioaren akats bat langileek konpondu beharko dute erraza eta irisgarria ez den modu batean gainera, elektronikoki.
Ez diezagutela lapurtu. Zabaldu mezua zure ingurukoei, langile bakoitzak jaso dezala dagokiona. LAB sindikatuko egoitzak irekiak izango dituzue eskaera hauek errazteko.
“Garbiketa, anbulantzia, sukalde eta kafetegietako langileak ere osasun langileak gara”
Osakidetzako azpikontratetako garbiketa, anbulantzia eta jantoki zein kafetegietako langileek protesta eguna dute gaur, “honaino heldu gara” dinamika mobilizatzailearen baitan. Larunbaterako Bilbon deitutako mobilizazioarekin ere egin dute bat, kalitateko osasun publikoaren eta langileen eskubideen alde!
Aurrez aurreko benetako negoziazioa eskatzen diegu Haurreskolak Partzuergoa eta EAEko Hezkuntza Sailari
Haurreskolak Partzuergoan ordezkaritza dugun LAB, STEILAS eta ELA sindikatuok mahai negoziatzailea berandu baino lehen deitzea eskatu genion gerenteari eta Hezkuntza Sailari irailaren 22an. Horri erantzunez, gaurko bilera telematiko baten deialdia jaso genuen, gure eskaerak kontuan hartzen ez zituena eta negoziatzeko borondate falta agerian uzten duena. Hori dela eta, ez konektatzea, Partzuergoaren Eibarreko egoitza aurrean kontzentratzea eta ostiraleko manifestazioetan gure aldarriak eramatea erabaki dugu.
Covid-19ren osasun-krisia hasi zenetik, Haurreskolak Partzuergoan ordezkaritza dugun LAB, STEILAS eta ELA sindikatuok ahalegin asko egin ditugu egoera honi aurre egiteko, itzulera adostua negoziatzeko, beharreko bitarteko material zein giza baliabideak eskatuz. Hala ere, Haurreskolak Partzuergoko gerentziak ez die biderik eman egindako eskaerei.
Haurreskolak Partzuergoan ere inprobisazioa nagusi izan da Hezkuntza Sailak egindako pandemiaren kudeaketan. Ekainean, presaka eta korrika, haurreskolak aurrez aurreko hezkuntza zerbitzua ematera itzuli ginen; orduan, arlo pedagogikoa zein prebentziokoa jasotzen dituen kontingentzia-plana argitaratu zuen Partzuergoak ordezkaritza dugun sindikatuekin adostu gabe.
Ikasturte-hasieraren inguruan Partzuergoarekin negoziatzeko eskaera hainbat aldiz egin eta gero, uztaila hasieran eta amaieran sindikatuekin eseritzera behartu genuen enpresa, baina ez ginen adostasunetara iritsi. Haurreskolak Partzuergoko gerentea den Zorione Etxezarragak argi adierazi zigun iraileko agertokia “normaltasunarena” izango zela, eta horren baitan pertsonalean edo materialean inbertsio gehigarririk gabe hasiko ginela ere. Eta horrela izan da.
Ikasturtea hasi eta iragarri bezala, Hezkuntza Sailak ez du baliabide gehigarri bakar bat ere jarri: ez kontingentzia-plana erantzuteko baliabide pertsonalik, ez haurreskola bakoitzaren egoera ekonomiko latzari erantzuteko bitarteko ekonomikorik. Kontratupeko hezitzaile asko egunero desplazatzen ari dira euren haurreskolatik beste batera inolako irizpiderik gabe, kontratazio berria blokeatuta dagoelako, osasun-irizpideak kontuan hartu gabe eta pedagogikoki beti defenditu dugun ikasturteko oinarria den haurren egokitzapen aldia kolokan jarriz; hau guztia, matrikulazio gutxiago daukagula aitzakia hartua.
Beraz, Haurreskolak Partzuergoari, lan-baldintza seguruak eta kalitateko zerbitzua bermatzeko, haurreskolaz haurreskola eta Eibarreko egoitzan dauden beharren azterketa egitea eta horri aurre egiteko behar bezalako langile eta baliabideez hornitzea eskatu genion:
• Kontingentzia Planak behar bezala bete ahal izateko lan-baldintza egokiak: behar besteko prestakuntza, Covid arduradunak haurrik gabeko denbora izatea, talde txiki eta itxiak bermatzeko hezitzaileen kontratazio berriak.
• Irizpide pedagogikoak kontuan hartuko dituen behar bezalako Hezkuntza Zerbitzua eskaintzea. Egun batetik bestera antolakuntza-aldaketak egitera behartu gabe hezitzaile faltagatik.
• NBEak eta haurreskoletako funtzionamendurako beharrezkoa den aparteko hornikuntza ekonomikoa egitea.
• Hezitzaileen egonkortasuna bermatzea.
• Kontingentzia Planetik eta aukera berdintasuna bermatzeko asmoarekin, 2. agertokitik ezarrita dagoen aforoaren muga kentzea.
• Hezkuntza Saileko ordezkaria Haurreskolak Partzuergoko mahai negoziatzaile guztietara etortzea.
Gure harridurarako, ikasturteko lehenengo mahai negoziatzailearen deialdia jaso dugu urriaren 1erako, modu telematikoan egiteko asmoarekin eta honako gai orden honekin: 2020ko hezitzaileen lanpostuen zerrenda eta baremazio deialdia. Gai-ordena ikusita, hiru sindikatuok espreski eskatu diogu Partzuergoari urriaren 1eko bileran goiko puntuetan agertzen diren inguruko aurrez aurreko negoziazioa. Honi ere ezezko erantzuna jaso dugu.
Gauzak horrela, agiria sinatzen dugun sindikatuok, eskatutako gai-ordena jasoko duen aurrez aurreko mahai negoziatzailera deituak izan ez garenez, gaurko deituta zegoen bilera telematikora ez gara konektatuko eta dei egiten diegu Haurreskolak Partzuergoko langileei ostiralean burutuko diren manifestazioetan gainontzeko hezkuntzako langileekin batera parte hartzera, ikasturte segurua eta adostua aldarrikatzen jarraituko dugulako
Halaber, Bildarratz Hezkuntza Sailburuak sindikatuekin hitz egiteko agertutako asmo adierazpenetatik haratago, zehaztasun eta baliabide-aurreikuspen eta bermeak nahi ditugu. Horrez gain, espero dugu Haur hezkuntzako lehenengo zikloak (0-3) hezkuntza-sistema osoan duen garrantzia ulertzeko eta, behingoz, Haurreskolak Partzuergoaren doakotasuna eta Hezkuntza Sailean integratzeko urratsak emateko gai izatea.

