2024-04-20
HomeIndustriaMetalgintzaMatriceria Deusto eta GTS enpresetako langileek greba mugagabea egingo dute, enpleguaren defentsan

Matriceria Deusto eta GTS enpresetako langileek greba mugagabea egingo dute, enpleguaren defentsan

GESTAMP taldeak Matriceria Deusto eta GTS enpresak itxi eta 230 langile kaleratzeko asmoa adierazi zuen asteartean. Bada, egoera honen aurrean, bi enpresa-batzordeetako ordezkariek greba mugagabea iragarri dute urriaren 9tik aurrera. Hala jakinarazi dute Bilbon egindako agerraldian.

Matriceria Deusto eta GTS-eko enpresa batzordeen oharra, Bilbon egindako agerraldiaren harira:

Matriceria Deusto eta GTSko enpresa-batzordeetako kideak gara eta 230 langile ordezkatzen ditugu.

Pasa den asteartean, irailaren 29an, zuzendaritzak bilera batera deitu gintuen, Bizkaiko trokelgintza unitatea osatzen duten beste 5 lantegietako ordezkariekin, bakoitzaren egoera zein zen azaltzeko.

Bilera horretan, zuzendaritzak adierazi zuen autogintzan bizi den krisia eta azken 3 urteotako emaitzak kontuan hartuta, jarduera eten egingo zuela berehala Gestamp-ek Zamudion dituen lantegietan.

Zaila egin zitzaigun langileon ordezkarioi albistea sinistea eta gure harridura erakutsi genuen horrelako erabaki neurrigabe baten aurrean. Eta badago zerbait larriagoa, komunikazio horren ondoren, gainontzeko lantegietako bilerak bertan behera geratu zirela automatikoki.

Erabaki horren berri jasotzen dugunean, Matriceria Deustok eskariak ditu 2021eko apirila edo maiatzera arte, baina enpresa-batzordeak asteak daramatza salatzen Matriceria Deustori esleitutako lan-kargak Gestamp taldeko beste lantegi batzutara desbideratzen ari zirela, eta baita Bartzelona eta Alemaniako trokelgintzako lantegietara ere, taldekoak ez direnak. 

GTS AIE ingenieritzari dagokionez, bertako langileak telelanean gaude pandemia hasi zenetik, atsedenik gabe lanean, enpresak lanak lantegi desberdinetan banatzeko, trokelgintzei, Matriceria Deusto barne, lan karga handiagoa emango lieteken proiektu berriak eskainiz.

Zuzendaritzak hartutako erabakia ezin daiteke inola justifikatu, eta guztiz neurrigabea da. Ez da egia 2017an galerak egon zirenak Matriceria Deuston, eta are onartezinagoa da GTS AIEri galerak esleitzea irabazi asmorik gabeko enpresa bat denean, hala ere, emaitzak oso onak dituena.

Aipatzekoa da Gestamp taldeak emaitza global ikusgarriak izan dituela 2018 eta 209an, 219 eta 253 milioi eurotako irabaziekin, eta horretan bere ekarpena egin du trokelgintzaren mesedetan egiten dugun lanak.

Azken urteotan gure lantegietan gertatzen ari dena negozioaren kudeaketa txarra eta zalantzazkoak izan daitezkeen estrategien ondorio dira. Zuzendaritzak azaltzen ez duena da non dagoen langileok egitasmo handien urteotan sortu dugun aberastasuna.
Guzti horrengatik, ez dugu gure lantegien itxiera eta 230 langileren kaleratzea onartzen, 

Gogoratu behar da 2014/2015ean plan industrial bat adostu zela langileen ordezkariokin. 2022ra artekoa da eta lantegi bi hauen etorkizuna bermatzea zen bere helburua. Enpresak sinatu egin zuen plana eta orain ez du betetzen. Gestamp-en hitzak ez du ezer balio.

Eskari bat zuzentzen diogu Eusko Jaurlaritzari, eta zehazki, Industria Sailari, utz diezaiola propaganda huts eta merkea egiteari, industria zein garrantzitsua den esanez eta benetako politika industriala egin dezala Euskal Herriarentzat eta zehazki, autogintza sektorearentzat. Agerikoa da zuen propagandaren porrota eta errealitatea da gaur, bi enpresa gehiago ditugula ateak itxi eta langileak kaleratu nahi dituztenen zerrendan. Urkullu jauna eta Tapia anderea, zein da zuen alternatiba langile guzti hauentzat? Ziur al zaudete alternatiba dela honen antzeko enpresak diruz laguntzen jarraitzea aberasten jarrai dezaten? 

Eusko Jaurlaritzari exijitzen diogu argi eta garbi itxiera hauen kontra ager dadila. Ez da anbiguoa izateko garaia, edo alde bien arteko akordioak aipatzekoa. Guk akordio bat genuen Gestamp-ekin, eta honek ez du bete. Politika industriala ere exijitzen dugu autogintza sektorentzat.

Instituzio publikoei ere dei egin nahi diegu. Miloika euro bideratu dituzte Gestamp-era, eta hauen helburua Euskal Herriko industria-ehuna babestea izan beharko litzateke eta ez horrela suntsitzea. Instituzio publiko hauek inoiz ez lukete onartu beharko diru publikoz finantzatutako enpresa pribatuak langileentzat hain dramatikoak diren erabakiak hartzerik. Urkullu lehendakariak publikoki esan duen moduan: “ez da zilegi diru publikoa jaso eta kaleratzeak iragartzea”. Borrokan egingo dugu horrela izan dadin!.

Aipatu hausnarketak eta gertatutakoak langileekin konpartitu ditugu eta asanbladako erabakiz, greba mugagabea egingo dugu Matriceria Deusto eta GTSn urriaren 9tik aurrera. Konpromiso argi dugu 230 lanpostuak eta enpresen bideragarritasuna defendatzeko, egoera edozein dela ere. Eragile sozial, politiko eta instituzionalak interpelatzera goaz eta hainbat ekimen aldarrikatzaile egingo dugu greba honetan zehar.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek ez du sinatu EAEko anbulantzietako aurreakordioa, hilabete luzetako borrokan planteatutako gutxieneko hobekuntzak ez baititu jasotzen

Anbulantzietako langileentzat Osakidetzako lankideekiko homologazioa eta soldataz haragoko bestelako hobekuntzak alde batera utzi dituzte azken asteetan LABi bizkar emanda aritu diren ELA, CCOO eta UGTk. LABek ez du sinatu aurreakordioa.

Patronalaren eta instituzioen utzikeriak dirauen bitartean prekaritateak hiltzen jarraitzen duela salatu dugu Gasteizen

Iragan asteburuan bi Euskal langileren heriotzen berri izan dugu, garraiolari bat Lleidan eta langile autonomo batena, Gasteizen. Gure elkartasuna eta besarkada beroena hurbilekoei.

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak iragarritako Herri Ekimen Legegileari babesa adierazi dio LABek, gutxieneko pentsioak 1080 eurotara premiaz osagarritu daitezen

Atzo, apirilak 19, milaka euskal pentsiodun atera ziren kalera. Gasteizen egindako mobilizazioan, 1080 eurotako gutxieneko pentsioa behingoz berma dadin 170 udaletan baino gehiagotan aurkeztutako mozioak izan zituzten hizpide, baita horren segida izango den lantzen dabiltzan Legez besteko Proposamena ere. LABek mugimenduaren aldarriekin bat egiten du eta ekimen berri hau babesten duela adierazi du.