2026-07-27
Blog Page 489

Maiatzaren Lehenean mobilizazioa indartzeko apustua berretsi dugu Nafarroan, aldaketa helburu

Duela astebete Espainiako Poliziak egin zituen atxiloketak zirela-eta egin ezin izan zuen prentsaurrekoa eman du gaur LABek Iruñean, eta bertan Imanol Karrera bozeramaileak azaldu du aurtengo Maiatzaren Lehenean mobilizatzeko apustu irmoa egin duela sindikatuak. Hala, “Aldaketa da aukera. Por un cambio de rumbo. Zaintza, lana, bizitza, herria!” lelopean, Iruñean ez ezik, Altsasun, Azkoienen, Elizondon, Lizarra, tafallan eta Tuteran eginen ditu mobilizazioak LABek.

“Maiatzaren Lehena aldarrikapenerako eta klase harrotasuna erakusteko eguna dugu, norabide aldaketa  jomuga izateko”, adierazi du Karrerak bere mintzaldiaren hasieran. “Sistema honi ezin baitzaio eutsi, ez sozialki, ez ekologikoki. Aldaketak saihestezinak dira. Eta, beraz, jokoan dagoena, eztabaidagai dagoena, aldaketa horiek zein norabidetan egin behar diren da, eta horretara bideratu behar dira politika publikoak”.

Karreraren hitzetan, Nafarroako enpresaburuek argi baino argiago dute hori guztia, eta beren pribilegioak eta boterea erabiltzen ari dira beraien eskakizun guztiak nola edo hala ezartzeko. “Irabaziak jendearen gainetik, kodizia premiaren gainetik eta aberastasuna osasunaren gainetik. Horixe da patronalaren bide orria. Eta Nafarroako Gobernuak dena eman die; edo, hobe esanda, ez die ezer eskatu. CEN patronalak enpleguarekiko izan duen konpromisorik eza horrek dagoeneko enplegu suntsiketa ekarri du Nafarroan. Fiskalitateari dagokionez, gehien dutenek gehiago ordaintzeari ateak itxi diote, berdina egin dute ABEEEak osatzearekin. Eta Garbiketako grebarekin ikusi den moduan, eta enplegu planarekin eginen duten bezala, CCOO eta UGT sindikatuak gauzen logika horretara saldu egin dira”.

“Elite ekonomikoek eta politikoek beti irabazten duten logika horretaz nekatuta eta nazkatuta daude langileak”, erran du Karrerak. “Eta, horregatik, LABek norabide aldaketa defendatzen du: trantsizio ekosozialista eta feministaren bidean, garapen paradigma berri bat, demokratikoagoa. Hartara dator aurtengo Maiatzaren Leheneko leloa: Aldaketa da aukera”.

Bistan denez, norabide-aldaketa, trantsizioa, edo eredu ekonomiko eta sozial berri bat eraikitzea mundu mailako erronka bat da. Baina Karrerak sindikatuaren izenean azaldu duenez, argi izan behar da alternatiba hori herrialde bakoitzetik bultzatu behar dela. “Euskal Herrian, norabide aldaketa hori ezkerretik gidatu behar da, langileen parte-hartzearekin eta herri burujabetza prozesuan sakonduz.Bigarren urtez jarraian, pandemia egoera batean etorriko da Maiatzaren Lehena, eta koronabirusaren ondorioak ez dira osasun-krisi batera mugatu, lan-baldintzak eta bizi-baldintzak ere zeharo okertu ditu. Pasa den urtean, patronalak hala eskatuta, funtsezkoa ez zen jarduera ekonomikoa langileon osasunaren gainetik ezarri zutenak Maiatzaren Lehenaren indarra eta aldarrikapenak mugatzen saiatu ziren. Gogoratzekoa da LAB sindikatuak Nafarroa Garaian antolatu zituen ibilgailu karabana guztiak debekatu zituztela. Hala ere, oztopo eta debeku guztien gainetik, furgonetatan jarritako bozgorailu batzuekin langileon herri eta auzoetara eraman genituen gure aldarrikapenak. Gainera, CGT, ESK, Solidari eta Steilas sindikatuen elkartasunari esker, agerralditxo bat egin ahal izan genuen kalean. Aurten, baina, berriz ere kaleak hartuko ditugu, eta eskualdeka mobilizatuko gara.

NAFARROA GARAIKO MOBILIZAZIOAK                                                         

Apirilak 28

Doneztebe

18:30ean, Herriko ostatuan, Hokokedokumentalaren proiekzioa.

Apirilak 29

Bera

18:00etan, kultur etxean, “Zaintza lanak aitortu eta duindu. Lan hitzarmena orain!” hitzaldia Berako, Lesakako eta Elizondoko zahar etxeetako langileen eta Gaztelu Garralda LABeko sektoreko Nafarroako arduradunaren eskutik.

Apirilak 30

Lesaka

19:00etan, Arranon, “Gazteen prekaritatea eskualdea, aliantzak eta borrokak” hitzaldia, LABeko eta Ernaiko kideen eskutik.

Maiatzak 1

Altsasu

Manifestazioa 18:00etan, Netto-tik.

Aurizberri

Ernai eta Sorturekin batera, elkarretaratzea 12:30ean, Urrobi industrialdeko bidegurutzean.

Azkoien

Elkarretaratzea 10:00etan, Udaletxe plazan, eta auto karabana 10:30ean, Tuteraraino.

Elizondo

Manifestazioa 12:00etan, Herriko plazatik.

Iruñea

Manifestazioa 12:00etan, Gazteluko plazatik. // Gainera, LABek parte hartuko du 17:30ean Baluarte plazatik abiatuko den eragile sozialen manifestazioan.

Lizarra

Zutabea 11:30ean, Garcia Orcoyen ospitaletik, eta manifestazioa 12:30ean, Santiago plazatik.

Tafalla

Manifestazioa 12:00etan, Nafarroako plazatik.

Tutera

Manifestazioa 12:30ean, Foruen plazatik.

Eusko Jaurlaritzaren aurrean mobilizatu gara, langileon osasunaren defentsan

Lan Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Egunaren bezperan mobilizatu gara Gasteizen, euskal gehiengo sindikalak deituta, sistema honek gaixotu eta hiltzen gaituela salatzeko. Lakuan egin dugu protesta, Eusko Jaurlaritza interpelatzeko.

Hego Euskal Herriko gainontzeko hiriburuetan apirilaren 28aren etorrerarekin irtengo gara kalera, urtero legez: Bilbon, 11:30ean, Bizkaiko Aldunditik abiatuta; Donostian, 11:30ean, Lan Ikuskaritzatik; eta Iruñean, 11:30ean, CEN patronaletik.

Gazteontzako lan eskubideen gida berritu dugu, egungo egoera sozioekonomikora egokituta

LAB sindikatuak eta Ernai Gazte Antolakundeak gazteontzako lan eskubideen gida osatu dugu. 2014an atera genuen lehen aldiz elkarlanean gida, eta oraingoan egungo egoera sozioekonomikora egokitu eta zuzendu egin dugu.

Pandemiak gazteon egoera drastikoki okertu du. Esaterako, 16.196 gazte langabe daude egun Hego Euskal Herrian. Gainera, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan emantzipatzeko bataz-besteko adina 30 urtekoa da. Ikasturte hau bereziki zaila izan da ikasleentzat. Eta ezin dugu aipatu gabe utzi konfinamenduek eta haren ondorengo egoerak zein ondorio psiko-sozial izan dituen gugan: depresio eta suizidio tasek gora egin du, harremantzeko zailtasunak izaten ari gara…

Hala eta guztiz ere, gazteon egoera ez da ausazkoa: egiturazko errealitate bati erantzuten dio. Gazteok eskulan merkea gara, merkantzia erraza. Gazte langileon esplotazioa emankorra da: esperientzia ezaren izenean edo, praktika kontratu amaigabeei esker gure eskulanaz are gehiago aprobetxatzen dira. Ezin dugu beraz prekarietatea elementu koiuntural gisa kokatu, gazte-prekaritatea estrukturala da.

Hala, gazte prekaritatea agendan kokatzeko, eta gazteon interesak nahiz klase interesak borrokatzeko dugun beharrak Ernai eta LABen arteko aliantza birpentsatzera eta egokitzera eraman gaitu. Euskal langile klasea osatzen dugun gazte, jatorri anitzetako langile, langabetu, ikasle, emakumeok… denok gaude kapitalaren ofentsiba berri honen jopuntuan eta denok batera borrokatzeko tresnak behar ditugu.

Horietako tresna bat izan nahi du ondorengo gidak, baita Bizilan.eus atarian bildutako eduki lagungarriak ere. Gazteriak enpleguetarako sarbidean kontuan izan beharreko hainbat gako eta eduki azaltzen ditu gidak, baita ohikoak diren iruzurrak identifikatzen lagundu ere. Kapitalismoak Covid19ak eragindako krisi sozio-sanitarioa gazteon prekarizazioan sakontzeko nola baliatu duen ere azaltzen du eta azkenik, gazteek sindikatuarekin harremanetan jarri nahi izanez gero nora jo biltzen du gidak.

Hurrengo egunetan, gida hainbat herri eta hiritan aurkeztuko dugu. Hauexek dira hitzorduak:

NAFARROA

Lesaka, apirilak 30, 19:00etan, Arrano Elkartean

Altsasu, apirilak 30, 18:30ean, Gaztetxean

Leitza, maiatzak 5, 18:30ean, Herri Aretoan

ARABA

Gasteiz, maiatzak 14, 18:30ean, Gasteizeko Gaztetxean

Lautada, apirilak 30, 18:00etan, Aguraingo Gaztetxean

Aiaraldea, maiatzak 4, 18:00etan, Amurrioko Gaztetxean

BIZKAIA

Durango, maiatzak 1, 11:00etan, Andra Marin

GIPUZKOA

Orereta, apirilak 30, 18:30ean, Gaztañoko auzo elkartean

Hernani, maiatzak 21, 18:00etan, EHBilduren egoitzan

Lazkao, maiatzak 29, 11:00etan, Kulturetxeko erakusketa gelan

Plastiko beltzez estali ditugu Iruñeko komun publikoak, Udalak horiek itxi eta lanpostu guztiak ezabatu nahi baititu

LAB sindikatuko hainbat kidek sinbolikoki “estali” dituzte Iruñeko zenbait komun publiko, herritarrei ikusarazteko zer ekarriko lukeen horiek kentzeak. Izan ere, Iruñeko Udaleko Gobernu taldearen asmoa da komun publikoen zerbitzua automatizatzea eta, beraz, garbiketari lotutako lanpostuak desagerraraztea.

Dirudienez, kenduko duten lehen komuna Sarasate pasealekukoa izanen da -herritarren artean hagitz ezaguna dena- eta, ondorioz, bi lanpostu suntsituko dituzte. Baina Gobernu taldeak behin baino gehiagotan adierazi du denak kentzeko asmoa duela: 10 komun,  30 garbitzaile inguru dituztenak.

LAB sindikatuak ohartarazi nahi du, gainera, komun publikoetako langileek hilez hil nomina berandu kobratzen dutela; hilabete honetan, bertze behin ere, oraindik ez dute kobratu; eta egoera horren erantzule dira Iruñeko Udala eta egungo adjudikazioduna, Limpiezas Pilar Moreno.

Eusko Jaurlaritzak hiriburuetan egindako errekerimenduak arbuiatu eta Maiatzaren Lehenean mobilizatzeko deia egin dugu

Gainontzeko sindikatuek bezala, LABek ere Gasteiz, Bilbo eta Donostian aurreikusitako mobilizazioetan itxiera perimetralaren baldintzak bermatzeko eskaria jaso du Ertzaintzaren aldetik.

Aipatutako hiru mobilizazioak ez dira LABek EAEn egingo dituen mobilizazio bakarrak. Izan ere, gainontzeko sindikatuak ez bezala, Maiatzaren Leheneko mobilizazioak deszentralizatzearen alde egin du LABek, bai herritarren parte hartzea errazteko baita joan-etorriak murriztu eta jende pilaketak ekiditeko. Osotara 27 mobilizazio antolatu ditu Euskal Herri osoan zehar.

LABen iritziz, sindikatu deitzaileei ez dagokie itxiera perimetralaren baldintzak bermatzea eta horrela jakinarazi dio Ertzaintzari idazki baten bidez. Sindikatuon eginbeharra da mobilizazio horien segurtasun baldintzak bermatzea eta horrela egingo du LABek, azken hilabeteetan burututako hamaika mobilizazioetan egin bezala.

Gainera, oroitarazi nahi dugu jarduera sindikala badela itxiera perimetral kasuetan aurreikusten den salbuespenetako bat; alegia, lanera joateko itxitako herrietatik atera daitekeen bezala, Maiatzaren Lehenekoa bezalako jarduera sindikaletara joateko ere egin daiteke.

LABen iritziz, Ertzaintzaren jokabidean atzean klasismo nabarmena dago. Pandemia hasi denetik ez dago egon enpresetan segurtasun neurriak bermatzeko inolako ahaleginik Ertzaintzaren edota Eusko Jaurlaritzaren aldetik. Egunero-egunero, milaka langile goaz lanera, ez nahikoa den garraio publikoan pilatuta kasu askotan. Eta joan-etorri horietan baino, kalean eta segurtasun neurri guztiekin egingo diren mobilizazioetan jartzen du arreta Ertzaintzak.

Ematen du koronabirusak baino, mobilizazio sozialak kezkatzen duela Eusko Jaurlaritza. Bada, LABek mezu argia helarazi nahi dio Eusko Jaurlaritzari: langileok erabaki dugu ez dugula krisi honen faktura ordainduko eta ez dugula inor atzean utziko, erabaki dugu zaintza, enplegua edota pentsiorako eskubidearen alde borroka egingo dugula, erabaki dugu premiazkoa den trantsizio ekosozialista eta feminista baten alde mobilizatuko garela. Ildo honetan, Maiatzaren Leheneko mobilizazioetara bertaratzeko deia luzatzen diegu langileei.

[IRITZIA] “Euskararentzat jarrera larriak Osakidetzan”

Gotzone Amuriza, LAB Osakidetzako Euskara arduraduna

Idatzi honen bidez, euskararen inguruan Osakidetzaren erabakiek eta sindikatu batzuek —SATSEk bereziki— azken asteotan euskararekiko duten jarrerek sortu diguten kezkaren berri eman nahi dugu. Zehazki, kontratazio ebentualetan euskararen ezagutza eskatzearen inguruan azkenaldian eman diren zenbait erabaki eta jarrera.

Osakidetzan, EAEko enpresa publikorik handienean, 120.000 kontratazio inguru egiten dira urtero pertsonal finkoak betetzen ez dituen lanpostuak, lanak edo pertsonalaren hutsuneak betetzeko helburuarekin. Kontratazio zerrendak eta kontratazio sistema hau guztia arautzeko Kontratazio Akordioa dago, eta orain indarrean dagoena 2011koa da, garaiko Osakidetzako Zuzendaritzak inposatua eta babes sindikalik gabekoa.

Duela bi hilabete Osakidetzako Zuzendaritzak mahai sektorialean gauden sindikatuoi Kontratazio Akordio berri baterako proposamena helarazi zigun. Proposamen honek ez du euskara arloan aurrerapauso irmorik ematen, behin-behineko kontratazio gehienetan ez baitu euskararen ezagupena bermatzen.

Osakidetzan euskara eskakizunak egiturazko lanpostuei ezartzen zaizkie, eta behin-behineko kontratuak ez daudenez horiei lotuak, ez da euskararen ezagutzarik eskatu kontratu horiek betetzeko. Egoera horrek sekulako ondorio kaltegarriak sortu izan ditu euskarari dagokionez. Adibidez, euskara eskakizuna ezarria zuten lanpostuak bete izan dira euskaraz ez zekiten langileekin, edozein zelarik ere zerbitzua edo herria.

Azpimarratu behar da behin-behineko kontratu horiek, estrukturalak ez direnak, Osakidetzan urtean egiten diren 120.000 kontratu horien guztien erdiak izan daitezkeela, hau da, 60.000 kontratu inguru. Sarritan hilabete luzetako iraupena dute kontratu horiek, langile desberdinen bajak, oporraldiak… kubritzeko. Milaka kasutan, kontratazio ebentual horiek egiturazkoak izan beharko liratekeen lanpostuak betetzeko erabiltzen dira, modu iruzurtian, eta langile bera urte luzez egon daiteke lanpostu horretan, aldiro-aldiro luzatzen dioten kontratu ebentualen bidez. Ondorioz, zuzendaritzak Kontratazio Akordio berriaren bidez kontratazio horietan oro har euskararen ezagutza ez bermatzeak ondorio ezkorrak ditu Osakidetzako euskararen normalizazio prozesuan.

2011ko Kontratazio Akordioak zekartzan ondorioak zirela eta, egoera konpondu asmoz, 2013tik aurrera hainbat urrats eman dira Osakidetzan bertan eta baita Eusko Legebiltzarrean ere. Proposamen horiek medio, behin-behineko kontratuetan euskararen ezagutza beharrezkoa izateko gutxieneko irizpide batzuk ezarri dira. Adibidez, 2013. urtean Eusko Legebiltzarrak, EAJ eta EH Bildu alderdi politikoek adostutako proposamena medio, Osakidetzari eskatu zion euskarari dagokionez, lehentasunezkoak diren zerbitzuetako kontratazio ebentualetan oro har euskararen ezagutza lehenestea. Eta horrela jaso zen Osakidetzaren 2013ko II. Euskara Planean. Kontuan hartu behar dugu Euskara Planean jasotakoa bete beharrekoa dela.

Eta hara non, Kontratazio Akordio berria egiteko momentua heldu den honetan, inondik inora ez da bermatzen hori horrela izango denik. 

Honen harira, martxoaren 24ko mahai sektorialean, sindikatuok Osakidetzako zuzendaritzarekin gai hori eztabaidatu genuen. Sindikatuok kontratazio akordioaren inguruko ekarpenak egiteko txanda izan genuenean, bereziki deigarria eta larria iruditu zitzaizkigun SATSE sindikatuko ordezkariaren eskaerak. Osakidetzak planteatzen dituen aurrerapauso urrien aurka egin zuen, eta estrukturalak ez diren lanpostuetako behin-behineko ordezkapenetan eskatu zuen euskara inoiz ez izatea beharrezkoa, edozein delarik ere zerbitzu mota edota eremu linguistikoa.

SATSE sindikatuaren eskaera honek esan nahi du, besteak beste, erabat euskaldunak diren herrietako informazio guneetan, medikuntza, erizaintza, pediatria unitateetan ere, eta nahiz eta unitate horietako gehienetan lanpostuen %100ak euskara eskakizuna ezarria izan, euskararen ezagutza ez egotea bermatuta behin-behineko kontratazioetan.

Zoritxarrez, jakitun gara beste zenbait sindikatu ere, nahiz eta ez duten hain agerian adierazi, euskararen normalizazioa lortzeko neurriak ezartzearen aurkako presioa egiten aritzen direla. Bereziki deigarria da lanpostu mota zehatz bati lotuta dauden sindikatu korporatiboek euskararen gaian posizionamendu atzerakoiak izaten dituztela. Plazara begirako ekintzetan (Euskaraldia, Korrika…) euskararen bultzatzaile jartzen dute beraien burua, eta gero, benetan eragina izan behar duten guneetan, jarrera guztiz alderantzizkoak dituzte.

LAB sindikatuan kezkatuta gaude euskararen kontrako jarrera horiekin. Horregatik, Osakidetzako langileen defentsan dihardugun sindikatuak euskararekiko jarrera argi eta garbi adieraztea gonbidatzen ditugu. 

LABen ustez, bada garaia anbizioz jokatzeko, etorkizunari begira. Horregatik, guztiz euskalduna den Osakidetza aldarrikatzen dugu, ezin delako ulertu euskalduna ez den kalitatezko osasun sistema publikorik Euskal Herrian. Helburu horretarantz eman behar ditugu urratsak, ez kontrako norabidean.

Osakidetzako Giza Baliabideetako zuzendaritzari, Eusko Legebiltzarraren eskaera errespetatuz eta Euskara Planak agintzen duena betez, behin-behineko kontratuetan euskara bermatu dezala eskatzen diogu. Eta beste sindikatuei, zerbitzu publiko euskalduna lortzeko bidean behintzat inork ez dezala trabarik jarri.

Helduen euskalduntzerako euskaltegiek eta HABEk adostutako finantzazio sistema berria ez da nahikoa sektoreko langileentzat

LABek azkenengo urteetan ordezkariekin eta afiliazioarekin egindako sektorearen hausnarketaren ostean, helduen
euskalduntzea eta alfabetatzea unibertsala, doakoa, publikoa eta kalitateazkoa izan behar dela uste dugu:

• Unibertsala izan behar da: euskal herritar orok du euskara ezagutzeko eskubidea, eta botere publikoek hori bermatu
behar dute.

• Doakoa izan behar da: pertsona baten euskalduntze-prozesua noiz bukatzen den zaila bada ere zehazten, Europako
Hizkuntzen Erreferentzia Markoan oinarrituta, herritarrek euskalduntze-prozesu osoa amaituta izango dute erabiltzaile
gaitua direnean, hau da, C1 maila gutxienez lortzen dutenean. Euskara ikasteko gaur egungo subentzio-sistema gainditu
eta benetako doakotasuna bermatu behar zaie herritarrei.

• Publikoa izan behar da: Helduen euskalduntzea bermatzea botere publikoei dagokie; eta LABen iritziz, publikotasuna
bermatze aldera, helduen euskalduntzea Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailean kokatu behar da. Azken honi dagokio,
sistema antolatzea eta kudeatzea, finantzatzea, titulazioak kudeatzea, baliabide didaktikoak eta pedagogikoak bermatzea
eta sortzea, irakasleen etengabeko formazioaz arduratzea, langileak kudeatzea.

• Kalitatezkoa izan behar da: bai erabiltzaileentzat, zein langileentzat. Euskara ikasi nahi duten herritarrek instalazio
duinak, ratio egokiak, baliabide pedagogiko egokituak… eduki behar dituzte eta hori bermatu behar zaie. Sektoreko
langile guztiek lan-baldintza duinak, egonkortasuna, formazioa, errekonozimendua eta etorkizuneko aukerak eduki behar
dituzte.

Berriki prentsa bidez jakin izan dugu Euskaltegi pribatuetako titularrek eta HABEk finantziazio sistema berria adostu dutela
eta ordezkari sindikalak ez dituzte kontuan izan, negoziazioen berri ere ez die eman HABEk.

Akordio horrek langileen lan baldintzak hobetzeko helburu duela diote, baina langileak aldebiko –HABE eta Euskaltegi
pribatuetako titularrak- negoziaziotik kanpo utzi dituzte; langileen ordezkari legalei ez diete proposamena helarazi ezta
eztabaidatu ere egin. Formen aldetik oso larria. Batez ere LABek komunikazio kanal bat irekita izan duelako azken urtean
HABErekin, aspaldidanik eskatu zuelako eztabaidan parte hartzea langileen ordezkari legal garen heinean.

Administrazioak urte luzez abandonatuta izan duen helduen euskalduntzearen sektoreari finantzazioa hobetzea eta
egonkortzea positiboa da; proposatutako finantziazioa sasiegonkortze bat baino ez den arren. Baina, helduen
euskalduntzearen sektorea ez dute euskaltegi pribatuek bakarrik osatzen. Udal euskaltegiek ere errealitate bat dira eta
akordio honek sektorearen alde publikoa ez du kontuan hartzen, horrek pribatizazioa bultzatzen du eta publiko-pribatu
zatiketan sakontzen du.

Akordioak 2 arlotan indarra egiten du; soldatak eta ordu lektiboak. Bi alderdi hauetan aurrerapasu nabarmenak aitortzen
baditugu ere, euskaltegi bakoitzaren esku uzten du neurri hauek aplikatzea, administrazioak diru publikoaren
fiskalizaziorako bermerik gabe eta 4 urterako. Sektoreko langileentzat hori ez da nahikoa prekaritatetik irteteko.

Euskaltegi pribatuen arduradunek eta HABEk sinatutako akordioa LABek ez du nahikotzat jotzen eta oraindik ere hainbat
gai arautu gabe geratzen direla azpimarratu nahi dugu: urteko lanaldia, ratioak, ordutegiak, lizentziak eta baimenak…
Hori dela eta, LABek HABEri sektorearen ereduaren inguruan eztabaidarako marko bat zabaltzea exijitzen dio. Aldi berean
Euskaltegi pribatuen titularrei patronal bat osatzea eskatzen diegu, datozen asteetan LABek 1. helduen euskalduntzearen
sektoreko mahai negoziatzailea deituko baitu.

Sistema honek gaixotu eta hiltzen gaituela salatuko dugu Lan Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Egunean

Asteazkenean, apirilaren 28an, Lan Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Eguna da, hots, aldarrikapen, mobilizazio eta lan prekaritatearen ondorioz lanean beren lanpostuetan hil eta osasuna galdu duten pertsona guztiak omentzeko eguna.

Urtero legez, euskal gehiengo sindikalak deituta, Hego Euskal Herriko hiriburuetan mobilizatuko gara egun horren bueltan: Gasteizen, apirilaren 27an, 11:30ean, Lakuan; eta apirilaren 28an bertan, Bilbon, 11:30ean, Bizkaiko Aldunditik abiatuta; Donostian, 11:30ean, Lan Ikuskaritzatik; eta Iruñean, 11:30ean, CEN patronaletik.

Garbiñe Aranburu: “Ez gaituzte bidetik aterako; jarraituko dugu eredu sindikal feminista borrokalaria praktikara eramaten”

Iruñeko kaleak hartu ditugu, aste honetan izandako atxiloketak salatzeko, “Borroka sindikal feminista aurrera. El sindicalismo combativo no es delito” leloarekin. Gabiñe Aranburu idazkari nagusiak gogor salatu ditu egunotako gertakariak, asteartean atxilotuetako bi delegatu ondoan zituela: “Injustizia baten isla diren langileak delitu egile bezala tratatzen dituzte, eta, berriz, delitua egiten duen patronala, indarkeria aplikatzen duen patronala, zigor gabe geratzen da”.

Garbiñe Aranburun hitzetan, aste honetako polizia operazioa “eraso argi bat izan da kontrabotere sindikalgintzaren kontra; bereziki, eredu sindikal feminista praktikatzen duen LAB sindikatuaren aurka. Demokrazian ez garela bizi begibistan geratu da; sistema kapitalista demokratikoa ez dela, alegia. Gero eta botere gehiago pilatzen da esku gutxietan, gero eta irabazi gehiago, eta patronala harroputz agertzen zaigu, batez ere bere burua zigor gabe ikusten duelako. Estatuko aparatuak, izan legegile, judizial edo polizial, bere zerbitzura ditu, eta horrek zigorgabetasun hori ematen dio patronalari”.

Idazkari nagusiaren arabera, “bizitzen ari garena mundua aldrebes moduan ikusten dugu. Injustizia baten isla diren langileak delitu egile bezala tratatzen dituzte, eta, berriz, delitua egiten duen patronala, indarkeria aplikatzen duen patronala, zigor gabe geratzen da. Borroka sindikala ez da delitua, baina bai da delitua prebentzio neurriak ez betetzea, esaterako; honengatik, hainbat langile hil egin ohi dira lan istripuetan, eta horren aurrean inoiz ez dugu ikusi patronaleko kideren bat komisaldegian gaua pasa behar izan duenik”.

LABeko arduradunaren esanetan, “ez da kasualitatea ezta ere emakumeen egoera ikustarazteko eta prekaritate egoera horiek salatzeko eta borrokatzeko ekintza baten ondorioz izatea atxiloketak. Patronalak oso argi daki arazo larri baten aurrean egon daitekeela emakumeok ahalduntzen bagara, antolatzen bagara, gure eskubideen alde borrokara irtetzen bagara, eta horretan ari gara. Hori mozteko saiakera argi bat izan da aste honetakoa”.

Era berean, azpimarratu du atxiloketekin bidali nahi izan den mezua ez dela bakarrik LAB sindikatuari helarazitako mezu bat, “ezarritako eredu honen aurka doan edonoren kontrako mezu bat dela iritzi dugu; protesta sindikal eta sozialaren aurkako eskala errepresiboan urrats berri bat eman da. Ikusi dugu, azken egunetan, enpleguaren defentsan ari diren langileak nola jipoitzen dituen poliziak, euren eskubideen alde kalean diren ostalariak nola jipoitzen dituen. Mezu argi bat bidali nahi izan digute, baina guk oso argi dugu: ez gaituzte gure bidetik aterako, ez gaituzte kikilduko, ez dugu obedientziarik egingo. Jarraituko dugu LABen kontrabotere sindikalgintzarekin aurrera, jarraituko dugu eredu sindikal feminista borrokalaria praktikara eramaten”.