2026-04-13
Blog Page 481

Greba egingo dugu, ostiralean, Iruñeko Udal Haur Eskoletan

Berriz ere, euskararen kontrako erabaki bidegabe batekin egin dugu topo, Iruñeko Udal Haur Eskoletan bete-betean eragiten diguna. Enrique Mayaren Gobernuak, Iruñeko PSNren burua den Maite Esporrinen babesarekin udal haur-eskoletan euskararen presentzia zokoratu nahian hainbat neurri hartu dituzte, besteak beste, enplegua egonkortzeko abian zen oposizio deialdia deuseztatu, plantilla organikoa aldatu euskarazko hizkuntza-eskakizuna duten plazak nabarmen murrizteko, aurreko gobernu-taldeak hizkuntza-eredua aldatu zien eskolak lehengoratu, eta azkenik euskara ingelesarekin nahasten duen eredu txapuza bat inposatu.

Ezer ez planifikatu gabe, adostasunik gabe eta inolako gogoeta pedagogikorik egin gabe inposatu nahi digute haien hizkuntza-eskaintza berria. Alde bakarreko erabaki honek gure eskoletan 40 urtez hainbeste mimoz eta kontuz landu dugun pedagogia suntsitzea ekarriko du ondorioz.

Nafarroako Gobernuarena da orain azken hitza, bidegabekeria hau gelditu eta benetako eztabaida prozesu bat abiaraztea exijitzen diogu:

– Murgiltze eredua defendatzen dugulako.
– Supremazismo linguistikoa delako.
– Proposamen honek langileen ezegonkortasuna oraindik gehiago areagotzen duelako.
– Inboluzioa bizitzen ari garelako.
– Hausnaketa pedagogikoa eskatzen dugulako.
– Aldebakarreko erabaki politikoa inposatu nahi digutelako.
– Planifikazio eza gaitzesten dugulako.
– Irizpide linguistikorik gabe egin delako.
– Kalitatezko hezkuntza nahi dugulako.
– Haurtzaroarekiko begiruneagatik.

Iruñeko Udal Haur Eskoletako Langileen Batzordean, aho-batez, desadostasuna adierazten dugu, eta grebara deitzen dugu ostiralerako, otsailak 12.

Aeronautika sektoreko Txoke Planak ez du enplegua bermatuko

Jakin dugunez, aeronautika sektoreko Txoke Plana sinatu berri dute Espainiako Gobernuak, CCOO eta UGT sindikatuek eta TEDAE patronalak. Plan horren oinarria, diru publikoarekin sektoreko enpresa nagusiak finantziatzea da. Patronalaren neurrira egindako Plan honek 700 milioi euroko finantziazioa izango luke, medio batzuk argitaratu dutenez.  

Finantziaketa publikoa beharrezkoa da estrategikotzat jotzen diren sektoreetan, baina beti ere jendartearen ongizatea lortzeari lotuta egon behar da. Kasu zehatz honetan, enplegu zuzen eta zeharkakoa sortzearekin edo mantentzearekin lotuta.  

Euskal Herrian dauden enpresetan. Enplegu suntsiketa basatia izaten ari da enpresa garrantzitsuenetan:  ITP, ITP-Aero Castings-PCB, Alestis, Aernnova, Fibertecnic, Burulan, Gmpasa, Feliu & Madinabeitia Servicios a la Industria, Egile, Metaltrec, Aciturri edo Mtorres enpresetan, esaterako. Bestelako alternatibak erabili beharrean,  kaleratzearen alde egin dute.

Egoera honetan, onartu duten Txoke Plana ez da enplegua deuseztu duten enpresentzako Finantziaketa Plan besterik ez, ez baitu enpleguarekiko konpromisorik hartzen, borondate adierazpen batzuk besterik ez. Herritarrek jakin behar dute kaleratzeak egin dituztenak sarituko dituztela diru publikoarekin euren irabaziak finantzatuz.  

Hortaz, LABek ondorengoa eskatzen du:

Pandemia egoera baliatuta kaleratzeak egin dituzten enpresariei kaleratutako langileak berhartzeko, eta egun indarrean dauden kaleratze prozedurak eteteko.  

Txoke Planaren ezarpena Euskal Herriko instituzioetan erabaki dadila.

Nafarroako Gobernuari zein Eusko Jaurlaritzari enpresen finantziaziorako baldintza moduan pandemia garaiko kaleratutako langileak berhartzea ezartzea eta dirua jasotzen duten enpresei enplegua mantentzeko bermeak exijitzea.

Keinu eta jokabide euskarafobo guztiak bertan behera uzteko aldarria egin dugu Iruñean

Egun indarrean dagoen euskarafobia salatu dugu Iruñean, eta Administrazioan euskararen erabilera arautuko duen lege berri bat aldarrikatu dugu. Hain zuzen ere, batzar ibiltari bat egin dugu, Vinculo plazatik abiatu eta Nafarroako Jauregian bukatuta. Hitz hartzeak egin ditugu Geroa Bai-ren eta PSNren egoitzen aurrean, baita Parlamentuaren eta Nafarroako Jauregiaren aurrean ere. Azken honetan, Nafarroako LABeko ordezkari Imanol Karrerak hartu du hitza, eta keinu eta jokabide euskarafobo guztiak bertan behera uzteko aldarria egin du.

Aurretik, LAB Osasunbideko arduradun Dabid Mendazak, LAB Irakaskuntzako Saioa Tapiezek eta Nafarroako Administrazioko LABeko arduradun Isabel Artiedak hartu dute hitza, kokaleku desberdinetan. Hain justu, talde parlamentariei, PSN-ri eta Geroa Bai-ri zuzendu zatzaizkie, hurrenez hurren.

Mendazak salatu du legeak eta dekretuak langile euskaldunen eskubideak urratzen ari direla, baita euskaraz artaturik izateko eskubidea duten herritar guztiena ere. Zerrenda bakarra ez ezartzea, D ereduaren aldeko kanpainarik ez egitea, Iruñeko haur eskoletan euskara ia desagerraraztea… Finean, euskararen kontra Navarra Suma-rekin bat egitea leporatu dio Tapizek PSN-ri. Artiedak, berriz, Nafarroako Gobernuaren kide den heinean, euskara administrazioan ezartzeko dekretua martxan jar dezala eskatu dio Geroa Bai-ri.

Lan heriotzak salatu dituzte, Derioko Errekalde zentroan hildako sukaldaria gogoan

Lan heriotzen odolusteak ez du etenik, eta, joan den astean, lau eguneko epean, hiru langile hil ziren bihotzekoak jota; horietako bat Derion, Bizkaiko Foru Aldundiko Errekalde Laguntza Zentroan. Hain zuzen ere, bertako sukaldari bat hil egin zen, ondoezik sentitu eta gero. Bada, Derioko lan heriotza salatzeko, Bizkaiko Foru Aldundiko enpresa batzordeak elkarretaratzea egin du Foru Jauregiaren aurrean.

Larritzekoa da istripu hilgarri ez traumatikoen gorakada. Istripu guztien atzean lan eta bizi-baldintza kaxkarrak aurkitzen dira, hauetan ere. Istripu ez traumatikoak bilakatu dira laneko istripu hilgarrien lehen arrazoia. Halaxe salatu dugu azken egunotan, urtea hasi zenetik 5 langile hil direla kontutan hartuta.

Gipuzkoako eraikinen eta lokalen garbiketako langileak patronalaren aurrean mobilizatu dira, soldata arrakalaren aurka

Gipuzkoako eraikin eta lokaletako garbiketa zerbitzuko negoziazio mahaia dela-eta, elkarretaratzea egin dugu Donostian. Urtarrilaren 21 eta 22ko greben aldarriei jarraipena emateko, negoziazio zentroaren aurrean mobilizatu gara, Aspel patronala interpelatzeko.

Ipar Euskal Herrian erabakitzea inoiz baino beharrezkoagoa dela aldarrikatu dugu Baionan, lan eta bizitza duinaren defentsan

Greba eguna deituta dago Frantziako Estatuan, Macronen Gobernuak pandemia egoera dela-eta hartutako neurriek dituzten ondorioak salatzeko; enpleguan, soldatetan, babes sozialean zein lan eta bizi baldintzetan eragindakoak. Sistemaren eraso berri honen aurrean, LABek argi du inoiz baino beharrezkoagoa dela Ipar Euskal Herrian bertan erabakitzea; tokiko negoziazio mahai bat sortzea, lurraldeko eragileekin benetako tokiko alternatibak eraikitzeko. Halaxe aldarrikatu dugu Baionako kaleetan, Lapurdiko hiriburuan deitutako mobilizazio bateratuan, non hainbat sektoretako langileak bildu diren: osasungintza, irakaskuntza, kultura eta funtzio publikokoak, besteren artean.

Hain zuzen ere, manifestazioan berretsi dugu egiazko arazoa ez dela koronabirusa, baizik eta Gobernu desberdinen hautuek eta erreformek egun behar ditugun zerbitzu publikoak suntsitu dituztela. Zerbitzu publiko indartsuak behar ditugu.

Eredu sozial eta ekonomiko zuzenago bat birpentsatu behar dugu, aberastasuna eta lana partekatuz, denok duintasunez eta osasun onean bizi ahal izateko. Beraien krisia ez dugulako ordainduko, LABetik lege berri bat proposatzen dugu justizia sozialean oinarritua, gure bizitza erdigunean jarriz.

Hauek dira gure aldarriak:

-Ikasle-estatutu erreala, gazteenei beren ikasketak jarraitzeko aukera emango diena, haiek diruztatzeko lanik egin gabe.

-Aberastasunaren eta lanaren banatzea, enplegu duina eta guztientzako gutxieneko diru-sarrera bermatzeko.

-Ohe irekitzeak ospitale publikoetan, eta osasunaren Segur berri bat, medikuntzako eta sozial arloko soldatapekoak integratuz.

-Hezkuntzan aurreikusitako lanpostuen ezabaketen ezeztatzea, eta soldaten eta baliabide errealen balioa handitzea hezkuntzako langile guztientzat.

-Lan baldintza duinak eta bermeak sektore pribatuko enpresetako langile guztientzat, batez ere enpresa txikietako langileentzat.

Donostiako Udalean salaketa jarri dugu, Martutenen amiantoa duten hondakinak bide bazterrean daudela ohartarazteko

Joan den urtarrilaren 30ean, herritar batek salaketa publikoa egin zuen, Martuteneko Larrañategi bidean amianto isuria dagoela ohartarazita. Bost egun igaro dira, eta bide bazterrean dauden fibrozementuzko plaka eta hodiak oraindik ez dituzte erretiratu, ezta babestu eta seinaleztatu ere. Hori dela eta, salaketa formala jarri dugu.

Hondakin horiek berehala kentzeko exijitu dugu, beti ere baimendutako enpresa baten bitartez eta hondakinen kudeaketa egokia eginez, babes neurri guztiekin. Era berean, isurketa horren arduradunak aurkitzeko egin beharrekoak egiteko eskatu dugu. Hau guztia ahalik eta lasterren egin ezean, Gipuzkoako Ingurumen Fiskaltzaren esku utziko dugu salaketa.

Hauxe da salaketa:

Deustuko Etengabeko Arreta Gunearen gaueko zerbitzuaren itxiera salatu dugu Gasteizko Legebiltzarrean, 18.000 sinaduren babesarekin

Sindikatuok, Deustuko Etengabeko Arreta Guneko (EAG) langileekin batera, elkarretaratzea egin dugu Gasteizen, Eusko Legebiltzarraren aurrean, Osakidetzak zerbitzuaren gaueko txanda behin betirako itxi duela salatzeko. Hain zuzen ere, zerbitzu publiko hori kentzearen aurka bildutako 18.000 sinadura baino gehiago entregatu ditugu.

LAB, SATSE, ELA, CCOO, UGT, ESK eta SME sindikatuok eta Deustuko EAGko langileek hilabeteak daramatzagu salatzen Osakidetza pandemiaz eta horren ondoriozko nahasmenaz baliatu dela, aitzakia gisa, ematen duen osasun-arretaren eskaintza murrizteko. Hain da horrela, ezen, gure aldetik egindako presioa eta guzti, azkenean itxi baitu Deustuko EAGko gaueko zerbitzua, 2021eko otsailaren 1era arte irekita egon dena.

Murrizketa hori aspalditik zegoen jasota Osasun Sailaren ibilbide orrian, baina orain pandemiak ekarri duen ekaitz perfektua aprobetxatuz aplikatu da. Aurrerantzean osasun-zerbitzu publiko hori ez zaie eskainiko herritarrei, oraingo honetan bilbotarrei; erabaki horrek, gainera, ondorio larriak eragingo dizkie bai gaixoei, eta baita osasun-sistema publikoari berari ere. Gogora ekarri behar dugu EAGak arreta-maila bat direla, hain premiatsuak ez diren (premiazkoak bilakatu litezkenak) baina arreta behar duten larrialdiak artatzeko, nahiz eta premia hori ez izan ospitaleko larrialdietan artatzeko bestekoa.

Horrela, neurri horrek ospitaleetako larrialdiak gehiago kargatzea dakar, Basurtuko Ospitalekoak kasu honetan. Zeren ospitaleko larrialdiei ez dagozkien patologiak eta egoerak hara bideratuko baitira, ospitaleetako larrialdi-zerbitzua kolapsatu arte. Izan ere, oso larriak ez diren patologiak EAGn artatu beharko lirateke. Horrek, gainera, ondorio logiko hauek ekarriko ditu:

– Herritar gehiago pilatuko dira ospitaleetako larrialdi-zerbitzuetako itxaron-geletan.

– Artatuak izateko itxaron-denbora luzatuko da, eta egoera saturatuz joango da.

– COVID-19arekiko esposizioa areagotuko da, osasun-gomendio guztien aurka.

Argi dago maniobra hori Osasun Sailaren eta Osakidetzaren estrategiaren barruan dagoela, EAGek ematen duten zerbitzua murrizteko edo are ezabatzeko. Izan ere, ez da gaueko ordutegian ixten duten lehen EAGa, eta ez da azkena izango, horrelakoak gertatzen uzten badugu.

Zerbitzu publiko horren itxiera saihesteko egindako dinamika guztien artean, urtarrilaren 28an hainbat eragilek, besteak beste, Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak, Osaldek eta Bilboko Elkartasun Sareak mozio bat aurkeztu zuten Bilboko Udaleko Osoko Bilkuran. Mozio horretan, Udalbatzari eskatu zioten Osakidetza eta Osasun Saila premiatu zitzan Deustuko EAGren aurrez aurreko larrialdien zerbitzuaren itxieran atzera egitera (00:00-08:00 bitarteko ordutegian). Baina mozio hori ez zen onartu; horren ordez, aurrera atera zen Udal Gobernuaren zuzenketa, EAJk eta PSEk prestatua. Horren bidez, Osakidetzari eskatu zitzaion xehe-xehe azter zezala lehen deskribatutako zerbitzua kentzearen ondoriozko eragina, eta baita zerbitzuaren balizko erabiltzaileei osasun-estaldura mantenduko zitzaielako bermea ere. Bitarteko irtenbidea, inon bada.