2026-01-31
Blog Page 479

Arabako Aisialdi Hezitzaileko eta Animazio Soziokulturaleko bigarren hitzarmena sinatu dugu, hainbat hobekuntzekin

2018an amaitu egin zen lehengo hitzarmenaren iraunaldia eta 2019an hasi zen Arabako Aisialdiko Bigarren Hitzarmenaren negoziaketa. Eta 2020ko abenduaren 4an sinatu egin da hitzarmen berria.

Urtebeteko negoziaketa luze baten ostean, 2020ko martxoan hitzarmena sinatzear zegoela, COVID-19aren pandemia iritsi eta negoziaketa guztia gelditu egin zen. Pandemian zehar sektore honetako enpresetan egoera desberdinak bizi izan dira (Telelana, beste batzuk lanean jarraitu dute, zerbitzuen suspentsioa etab…), beti ere ziurgabetasun giro batean murgilduta; Kurtso honetan mantentzen den giroa, non ziurgabetasuna prekarietatean sakontzeko erabiltzen ari den.

Uztailean, hitzarmenaren negoziaketa berrasteko deia egin genuen LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok, adostutako guztia ixteko helburuarekin. Baina, bilera horretara patronalak ekarri zuen proposamen bakarra 2020rako adostutako soldata eta osagarrien igoerak, jardunaldi murrizketak eta kategoria aldaketetan izozketa egitea zen, eta urte horretarako adostutako hobekuntzak guztiak 2021ra pasatzea. Egoera horretan beste proposamen bat helarazi zitzaion patronalari, baina uztailean patronalak negoziaketak bertan behera uztea erabaki zuen.

Irailean, negoziaketak hasi ziren berriro, eta, negoziaketa gorabeheratsu baten ostean, hitzarmena azaroaren 23an sektoreko sindikatuak diren LAB, ELA, CCOO eta UGTek Arabako Aisialdi Hezitzaileko eta Animazio Soziokulturaleko bigarren hitzarmena sinatu dugu.

Hitzarmen honen iraunaldia 2022ko abendura arte izango da. Helburu nagusienetako bat zen aurreko hitzarmenean hutsune izandako kategorien egitura osatzea, eta lortu da, nahiz eta bere aplikazioa graduala izango den. Horrekin batera, soldata eta osagarrien igoera egongo da hurrengo urteetan, opor egunak ere luzatu dira, jardunaldi jaitsiera egongo da gaur egungo 1670 orduetatik 1650orduetara, eta ez ordaindutako baimena 20 egunetatik 24 egunetara handitu egin da, beste hobekuntza sozio-laboral batzuen artean.

Sindikatuoi eta langileoi Haurreskolak Partzuergoan greba dinamikarekin hastea baino ez zaigu geratzen

LAB, STEILAS eta ELA sindikatuon ohar bateratua:

Haurreskolak Partzuergoko gerenteak grebaren atarian, mahai negoziatzailearen bilera deialdia egin zigun atzorako, berriro ere berari interesatzen zitzaion gai ordenarekin, alde sozialaren eskaerei muzin eginez eta langileak sindikatuen kontra jartzeko jokoan sartuz.

Deiari kasu eginez, sindikatuok bertaratu egin ginen eta urtarriletik ikusi duguna topatu genuen, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza saileko ordezkaririk ez zen agertu, eta Haurreskolak partzuergoko gerentea den Zorione Etxezarragak honako hauek mahaigaineratu zituen:

–  Araututa dagoen mahai negoziatzailearen dinamika ezarri nahi du.

–  2020/2021 ikasturterako ordezkapenen inguruko proposamena ekarri zuen, lehenengo egunetik ezbetetzeko eta ordezkoen araudia ez errespetatzeko, hau da, akordioak ez betetzeko proposamena.

–  Kudeaketa arloko langileen egoera azaldu zigun.

LAB, STEILAS eta ELA sindikatuok Haurreskolak Partzuergoan indarrean dugun Lan Hitzarmena eta akordioak ez direla betetzen ari gogorarazi genion, Legebiltzarrean berak onartu zuen bezala, duen aurrekontua ez omen zaiolako heltzen. Ondorioz, hezitzaile eta kudeaketako langileen lan baldintzak okertu eta zerbitzuaren kalitatea kolokan jartzen ari dira, baita Hezkuntza saila ere.

– Akordioetatik abiatuko den lan-hitzarmen berriaren negoziazioa abiatzea eskatu genion, irakaskuntzako kolektibo guztietan hezkuntza saila egiten ari den bezala.

– Halaber, Irakaskuntza publikoan Osakidetzak egiten duen Covid 19arengatik norbera babesteko ekipamenduen horniketan ere Haurreskolak Partzuergoa sartzea.

LAB, STEILAS eta ELA sindikatuok Haurreskolak Partzuergoaren aurrekontua handitzea ezinbestekoa dela azpimarratu dugu. Baina berak horretan ez zuela eskumenik errepikatu zigun; beraz, Bildarratzek du giltza gatazka honetan. Ondorioz, Hezkuntza Sailburua eta Haurreskolak Partzuergoko lehendakaria den heinean dagokion erantzukizuna bete dezala exijitzen dugu.

0-3 hezkuntza-zikloaren garrantziaren aitortza aldarrikatzeaz gain, jaiotzatik hezkuntza-eskubidea aldarrikatzen dugu, eta, horregatik, Haurreskolak Partzuergoaren erabateko doakotasuna eta sarbide unibertsala bermatzea eskatzen dugu, baita Haurreskolak Partzuergoa Hezkuntza Sailean integratzea ere.

Egoeraren larritasuna eta Hezkuntza sailaren utzikeria kontuan hartuta, abenduaren 10 eta 16rako deitu ditugun greba deialdiekin bat egitea besterik ez zaigu geratzen Haurreskolak Partzuergoko langileoi, eta familia eta udalei zerbitzu publiko honen garapenerako aldarrikapenekin bat egitera animatzen ditugu.

Abenduaren 10ean hainbat herritan, Bilbo eta Donostiako Eusko Jaurlaritzako delegaritzen aurrean eta Gasteizko plaza berrian, goizeko 11:00etan burutuko diren kontzentrazioetan parte hartzera animatzen ditugu.

Abenduaren 13an EAEko hiriburuetako kaleak hartzeko deia luzatu dugu, bizitza erdigunean jarriko duten aurrekontuen defentsan

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta osatzen dugun eragileon dinamika mobilizatzaileak aurrera darrai, EAE eta Nafarroako aurrekontuen inguruan ditugun eskaeren berri emateko. Iruñean mobilizatu ginen joan den larunbatean, Donostian eta Gasteizen asteazkenean; bada, ostiralaren etorrerarekin, Bilbora ekarri ditugu ondasuna banatu, eskubideak bermatu eta zerbitzu publikoak lehenetsiko dituzten aurrekontu sozial, burujabe, parte-hartzaile, feminista eta ekologisten aldarria.

Hain zuzen ere, Bilboko Euskadi plazan egindako mobilizazioan berretsi dugu abenduaren 13ko deialdi nagusia. Egun horretan, aurrekontuen ildoan sustatutako dinamika biribiltzeko, Gasteiz, Bilbo eta Donostiako kaleak hartuko ditugu.

Hauek dira Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartako eragileon aldarriak:

1.Zerbitzu publikoak garatu. 

-Zaintza lanen, osasungintza publikorako lanean ari diren zerbitzuen, administrazio publikoek azpikontrataturiko zerbitzuen eta anbulantzia zerbitzuen berehalako publifikazioa, langile guztien subrogazioa eta finkatzeko salbuespenezko prozedura bat bermatuz. Esparru hauetako lan baldintzak langile publikoen lan baldintzekin parekatzea. Horretarako beharrezko partidak bideratzea.

-BPGaren %6 hezkuntzara bideratzea. Hezkuntza publiko, euskaldun, plural, laiko, doakoa eta aniztasuna integratuko dituena ardatz izango duen euskal hezkuntza sistema propio eta inklusibo bat berma dadin.

-BPGaren %7 osasungintzara bideratzea.

2. Zaintza eredua aldatu eta jaiotzatik heriotzara zaintza bermatuko duen kalitatezko zaintza sistema publiko, unibertsal eta doakoa bermatzeko administrazioek 10.000 lanpostu sortzea eta horretarako beharrezko partidak bideratzea.

3. Pobrezia eta bazterketa sozialaren kontrako Herri Ekimen Legegilean planteaturiko neurriak.

-DSBEa eta EBa gutxieneko soldataren %100a.

-Etxebizitza eskubidea.

4. 1.080 euroko gutxieneko diru-sarrera erretiroa hartua duten pertsonentzat.

-Pentsioak 1.080 arte osatzeko neurriak hartu/partidak bideratu.

5. 1.200 euroko gutxieneko soldata / 35 orduko gehienezko lanaldia sektore publikoko azpikontrata guztietan bermatzea.

6. Proposamen honek suposatzen duen gastu igoera guztia eta testuinguru honetan sortuko den zor publiko guztia errenta altu, kapital-errenta eta enpresen irabazien gaineko zergen kontura izatea.

7. Administrazio-egoera irregularrean eta ezkutuko ekonomian lanean ari diren pertsona guztien erregularizazioa bermatu.

Neurriak exijitu dizkiegu administrazioei aniztasun funtzionala duten langileen eskubideak bermatzeko

LABek mobilizazioak egin ditu Bilbo eta Donostian aniztasun funtzionala duten pertsonek ohiko lanpostu bat eskuratzeko dituzten zailtasunak eta Enplegu Zentro Berezietako prekarietatea salatzeko. Donostian, Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean elkartu dira eta Bilbon, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean, “Aniztasun funtzionala duten pertsonen insertzio sozial eta laborala edo esku-lan merkea eta enpresentzako negozioa?” lemarekin.

Adierazi dute Eusko Jaurlaritza eta Lanbide ez dira euren betebeharrak betetzen ari, eta honek, paper errea bihurtzen du Nazio Batuen Konbentzioa eta Desgaitasuna duten pertsonen eskubideen lege orokorra, aniztasun funtzionala duten pertsonak eskubide subjektu izatea eta eskubide hauen egikaritzea efektiboa izatea bermatuko beharko luketenak.

Enplegua eskuratzeari dagokionez, aniztasun funtzionala duten langileen bazterketa oso kezkagarria dela adierazi dute:

  • EAEn, kontratuen kopurua egindako kontratu guztien %1,70 da.
  • Langabeziak bi aldiz zigortzen ditu dibertsitate funtzionala duten pertsonak, eta are larriagoa da 45urtetik gorakoen artean eta emakumeen artean.
  • Enpresek ez dute betetzen langileen %2k gutxienez aniztasun funtzionala izatea.
  • Enplegu-zerbitzu publikoak ez dute bermatzen %2ko kuota betetzen dela, bitartekotza bidez eta dibertsitate funtzionala duten pertsonekin ibilbide indibidualizatuak eginez, bai eta neurri alternatiboak eskatzea ere.
  • Sektore Publikoko Kontratuen Legeak, Enplegu Zentro Bereziei kontratuak gordeta, aniztasun funtzionala duten pertsonak merkatu arruntean integratzea erraztu beharrean, gehiago sakontzen du EZBak betierekotzean. Are merkeagoak diren azpikontrata bezala erabiltzen ditu administrazio publikoak enplegu zentro bereziak.

Gainera, aniztasun funtzionala duten langileei, enplegua baldintza berdinetan izateko duten eskubidea urratzen zaie, nagusiki finalista (ez aldi baterakoa) den enplegu batestua eskuratzen dutelako eta nagusiki enplegu-zentro berezietan oinarritutakoa.

  • Enplegua sustatzeko aldi baterako kontratuak izaten dituzte. Kausarik gabeko, jarraitutasunik gabeko eta hobaridun aldi baterako kontratu mota bakarra da hau.
  • Errendimendu txikiko kontratuak ere izaten dituzte aniztasun funtzionala duten langileek, soldataren % 25eko murrizketa dakartenak, lanaldi osoan eta gainerako langileen baldintza berberetan lan eginez.
  • LGSrekin lotutako soldatak jasotzen dituzte, gure autonomia ekonomikoa onartzen ez dutenak.
  • Enplegu-zentro bereziek azpikontrata gisa funtzionatzen dute enpresa askorentzat eta administrazioarentzat berarentzat. Errendimendu handia eskulan merkearen eta lan-baldintza eskasen kontura.
  • Aniztasun funtzionala duten langileak beste enpresa batzuetako enplegu-zentro berezien kontura jartzea, %2ko erreserba-tasa betetzen ez dutelako.

Enplegu-politika aktiboak ezin dira mugatu Enplegu Zentro Berezietan enplegu babestura bideratutako diru- laguntzak eta zuzeneko finantzaketara. LABen iritziz beste neurri batzuk ere beharrezkoak dira.

Aniztasun Funtzionala duten pertsonek lan-ingurune ireki, inklusibo eta irisgarrian baldintza berdinetan eta diskriminaziorik gabe lan egiteko duten eskubidea aitortzeak behartu egiten ditu administrazioak neurri egokiak hartzera, horretarako araudi baten bidez.

Egoera horren aurrean, LABek konpromiso hauek hartu ditu:

  • Agente aktiboa izatea aniztasun funtzionala duten pertsonen eskubideen ez-betetzeak salatzeko.
  • Eskubideak eta lan-baldintzak hobetzen aurrera egitea, aniztasun funtzionala duten langileekin batera.
  • Aniztasun funtzionala duten langileen mugimendu bat antolatzea, Eusko Jaurlaritzari eska diezaion langile hauen eskubideak benetan eta eraginkortasunez arautu ditzala, EAErako lege propio bat egin eta onartuz.

Lan mundua euskalduntzeko konpromisoa berresten dugu, Euskaraldiatik harago

LAB eta ELA sindikatuok 50 langiletik gorako enpresetan Euskara Planak negoziatu daitezela eskatu genuen Euskaraldiaren atarian, eta eskaera hau berresten dugu euskararen erabilera sustatzeko dinamikaren amaieran ere, Nazioarteko Euskararen Egunarekin bat. Euskaraldiaren ondoren urrats berriak emango ditugu eskaera hau gauzatu dadin.

LAB, ELA eta Kontseiluak azaroaren 2an publiko egin genuen lan mundua euskalduntzeko proposamena. Proposamen umila eta ausarta, enpresetan euskararen egoera aztertzeko biltzea bakarrik eskatzen duena, baina egun euskaldunok lan munduan euskaraz lan egiteko eskubideari begira egoera irauli dezakeena.

Azken 40 urteetan euskaldunon hizkuntza eskubideak inon garatzerik izan ez bada, hori lan munduan izan da. Gaur egun enpresen %1ek ere ez du euskararen erabilera nolabait arautzeko neurriren bat adostuta. Lan munduan diharduten eragileek autokritika egin beharra dute, eta sindikatu zein euskalgintzak beren esku dagoen instrumentua mahaigaineratu dute erronka bideratzeari begira.

Oraindik ere sindikatuok ez dugu CONFEBASK, CEN, Eusko Jaurlaritza zein Nafarroako Gobernuen erantzunik jaso. Erantzun hori jaso ezean, eta euskararen gaia lantokietan negoziazio- gai bihurtu ezean, LAB eta ELAk urrats berriak emango ditugu eragile guztiek beren jarrera argitu dezaten.

Euskaraldia ezin da eragile bakoitza zuritzeko ariketa bihurtu, Euskaraldia bukatuta ere euskaldunok euskaraz bizitzeko eta lan egiteko eskubidea bermatuta izan ditzagun urratsak ematea ezinbestekoa da. Norbanakoek egin dute beraiei zegokien ariketa egun hauetan, orain eragile eta gobernuei dagokie beren esku dagoena egitea. Horren eskaera umila onartu eta bultzatu ezean gizarte guztiari iruzurrean ari zaizkiela ulertu beharko dugu.

Bizkaiko Foru Aldundiko garbiketa zerbitzuak kaleratutako 25 langileetatik 5ek lanpostua berreskuratu dute

Azaroaren 16an gutxienez 25 langile kaleratu izan ziren Bizkaiko Foru Aldundiaren menpeko garbiketa zerbitzuan. Aurrekaririk gabeko kaleratze kolektiboa administrazio honen menpeko garbiketa-kontratan. Gauetik goizera, eta inolako arrazoirik gabe, Gizarte Segurantzan baja eman zitzaien, zerbitzua Garbialditik Optima enpresak esleitzera pasa zeneko unea aprobetxatuz. Bada, mobilizazioa egin dugu Bilbon, Aldundiaren egoitzaren aurrean, falta direnek ere lanpostua berreskura dezaten.

Hain zuzen ere, azaroaren erdialdetik kaleratutako langileen lanpostuen defentsan astero mobilizatzen ari gara. Ez da alferrik izan. Badakigu 5 langile pertsona Garbialdikoak diren zentroetan kokatu dituztela; baina oraindik dozena bat langile baino gehiago daude irtenbide baten zain.

Langile horietako gehienek Covid-19agatiko errefortzu-kontratuak zituzten, eta desinfekzio-lanak egin behar zituzten langileen joan-etorri handieneko eremuetan edo jendearentzat zabalik dauden espazioetan. Aldundiak baieztatu zuen desinfekzio-beharrak berdinak direla oraindik ere, beraz, zergatik ez ziren subrogatuak izan?

Enpresa esleipendun berriak, Optima enpresak, pertsona horien kontratazioan irregulartasunak egin izanaren erantzukizuna Garbialdiri egotzi dio, baina haien kontratuak erregularizatu eta egindako akatsak konpondu beharrean, kaleratzeko bide erraza aukeratu dute. Garbialdik, berriz, beste alde batera begiratu du.

Bizkaiko Foru Aldundiak, bien bitartean, egoeraren ardura bere gain hartu gabe jarraitzen du: enpresa esleipendunarekin aztertu beharreko gaiak direla argudiatuz.

LABek enpresa pribatuak erantzule egiten ditu, bai, baina baita Aldundia bera ere, kanporatze-politikagatik egiten baitira horrelako kaleratzeak. Garbiketa-zerbitzua azpikontratatzeak eta eskaintzailerik onenaren esku uzteak, zerbitzu horren prestazioaren gaineko inolako zaintzarik eta kontrolik gabe, tamaina honetako bidegabekeriak dakartza ondorio gisa. Aldundiak kaleratze bakoitzaren erantzukizuna beren gain hartu behar luke. Ez dugu zurituko kaleratzearen kalte-ordainak diru publikoarekin finantzatzea.

LABek kaltetutako langile guztiak berriro hartzea eskatzen du, eta beren enpleguei eusteko borroka egingo dugula iragartzen dugu, bide juridikotik baina baita kaleetan ere. Mobilizatzen jarraituko dugu, astero, azken langilea berriro onartua izan arte.

Auzitegi Nazionalak arrazoia eman digu, eta Arcelor Mittalen espedientea baliogabetu du

Auzitegi Nazionalak 109/2020 epaiaren bidez baieztatu du langileok bagenekiena, alegia, ez zegoela Arcelor Mittalen ABEEErako arrazoirik, eta LABen eskaria osorik berretsi du.

Epaia oso gogorra izan da enpresarentzat; izan ere, langileen ordezkariei dokumentazioa eta informazioa falta zaizkiela, patronalaren fede txarra eta arrazoi horrengatik iruzurra gertatu dela frogatu du.

Zehazki, epaiak salatzen du enpresak ez duela enpresa guztiei buruzko informaziorik eman. Halaber, alde batera utzi du etekin gehien ematen zuten enpresen informazio ekonomikoa, eta hori fede txarraren adibide argia da auzitegiarentzat. Era berean, informazioaren zati bat ingelesez zegoen, eta gainera ez zuten ematen, interneteko esteka batera joateko agintzen zuten.

Halaber, negoziaziorik ez bilatzea leporatu dio auzitegiak enpresari, enpresak 50-100 kaleratze egiteko mehatxua egin baitzuen, eta beste aukerarik ez bilatzea, LABek salatu zuenez.

Azkenik, epaiak arrazoia eman dio berriro LABi, uste baitu enpresak ez duela alegatu ABEEE berri hori justifikatzen duen arrazoi berririk, eta gogorarazi dio enpresari 11 urte daramatzala ABEEE bat erabiltzen.

Zoritxarrez, bide judizialera jo behar izan dugu Arcelor Mittaleko langileen eskubideak berriro lortzeko. LAB poztu egin da epaiagatik, eta multinazionalari eskatu dio langileei urratutako eskubideak itzultzeko eta haien erantzukizuna eta ondorioak bere gain hartzeko.

LABen ustez, epai horrek argi utzi du, sindikatu batzuek orain arteko ABEEE guztiak sinatu izan ez balituzte, multinazionalak ezin izango zituela 11 urtez etengabe aplikatu.

Borrokak fruituak ematen ditu.

Langabeziaren jaitsiera, enplegurik sortu gabe

Covid-19ren krisiaren ondorio ekonomiko eta sozialek jendarte osoa kolpatzen jarraitzen dute, baina oso modu desberdinean. Izan ere, enpleguaren suntsiketa bereziki gogorra izaten ari da 16 eta 24 urte bitarteko gazteen artean. Hori ez da kasualitatea, kolektibo horrek prekarietate eta lan-ezegonkortasun handiagoko baldintzak baititu, bai krisi-garaian, bai oparoaldi ekonomikoan.

Badirudi azaroan langabeziak izan duen bilakaerak su-eten txiki bat eman duela, baina arretagunea zabaltzen badugu, lehen iritzi hori gezurtatzen duten beste aldagai batzuk topatuko ditugu.

Izan ere, azaroaren amaieran 5.416 langabe gutxiago zenbatu dituzte Hego Euskal Herrian. Hala ere, langabeziaren zifra ofizialen jaitsiera txiki horrek ez du eraginik izan enpleguan, ez behintzat Gizarte Segurantzaren sisteman, horrek 180 afiliazio garbiren igoera txikia adierazten baitu.

Bestalde, ez dugu ahaztu behar enplegu-erregulazioko egoeran dauden langileen kolektiboa, nahiz eta teknikoki pertsona landuntzat hartzen diren.

Pandemiaren bigarren olatuaren eta kutsatzeak geldiarazteko hartutako neurri murriztaileen ondorioz, ABEEE batek eragindako pertsonen kopurua % 60 igo da azaroan. Gaur egun, 41.704 pertsona daude ABEEE baten eraginpean, urrian 25.955 pertsona zeuden bitartean.

Halaber, 25.044 langile autonomok beren jarduera ekonomikoaren murrizketa administratiboarekin lotutako aparteko prestazioak eskatu dituzte azaroan.

Azkenik, gogoratu behar da aurreko urtearekin alderatuta, Hego Euskal Herrian 25.770 langabe gehiago erregistratu direla, hau da, kopuru erlatiboetan %17,6 gehiago. Bien bitartean, gazteen langabezia izugarri ugaritu da, urteko % 44,6ko erritmoan.

Koronabirusaren aurkako txertoa edukitzeak susperraldi ekonomikoa aurreratu dezake, baina egoera hori oraindik ez da iritsi eta ondorioak ez dira automatikoak edo miragarriak izango. Nolanahi ere, susperraldia inklusiboa izan dadin, gizarte-sektore guztiei egin beharko lieke mesede, eta, bereziki, gazteriaren berariazko arazoa agenda politikoan sartzea eskatzen du.

Guggenheim-eko areto zaintzaileek mobilizazioa egin dute enpresaren xantaiarik onartuko ez dutela adierazteko

ESCko langileak dira Guggenheim Museoko areto zaintzaileak. Gaur, mobilizazioa egin dute Bilbon enpresaren xantairik onartuko ez dutela adierazteko.

Azaroaren 20an, ESC enpresak 27 langileri gutuna bidali zien, aintzinatasun handiena zutenei hain zuzen ere, lan-baldintzen funtsezko aldaketa bat inposatuz, Langileen Estatutuko 41. artikuluaren bidez. Gutunean, abenduaren 7tik aurrera Guggenheimeko arte-lanak zaintzetik Eroski supermerkatu batean aforoen kontrola egitera pasatuko zirela esaten zen. Horrela, enpresarekin sinatutako itunean jasotako langileen eskubideak urratu egiten zirelarik.

Bilboko Guggenheim Museorako espezifikoa den zentroko itun honek klausula bat dauka zehazten duena langileak ezin dituztela museotik mugitu, museoari berari atxikitutako langileak direlako. Enpresak orduak berreskuratzera behartu nahi gaitu, martxoaren 14tik apirilaren 11ra arte, enpresak berak gaizki kudeatutako kontu batengatik, horrela ABEEE bat hilabete berandu inposatuz. Gainera, Madriletik kudeatuko dutena.

Langileek salatu dute ESC enpresa eurei xantaia egin nahian ari dela, inposatutako gutun horiek bertan behera uzteko 8 hilabeterako ABEEErako aurreakordioa sinatzearen truke. Gainera, ez dute enplegua bermatzen, legeak zehazten duenetik harago (6 hilabete) eta ez diete sindikatuei ABEEE horren arrazoi ekonomikoa justifikatzen duen dokumentazioa helarazi.

LABetik, ABEEEa arrazoitzen duen dokumentazioa eskatzen dugu eta enpresari ABEEEa %100ean osagarritzea eskatzen diogu, gutxienez bi urtetako enplegu bermea eta zehaztea ze portzentaian, ze ordenetan eta irizpiderekin aterako diren langileak ABEEEtik.