2026-01-26
Blog Page 476

Gipuzkoako egoitzetako langileek manifestazioa egin dute Donostian, hitzarmen duinaren alde, asteko bigarren greba egunaren harira

Ostegunean egindako mobilizazio eta greba egunarekin Gipuzkoako udal ezberdinak interpelatu ondoren, helduen egoitzetako langileek Donostiako kaleak hartu dituzte ostiralarekin, asteko bigarren greba eguna dela-eta, bezperan izandako helburu berarekin: Gipuzkoako diputatu nagusia den Markel Olanori bilera eskatzeko, 2017an hasitako gatazkaren eta azkeneko hilabeteetan langileak bizitzen ari diren egoera gogorraz hitz egiteko. Hala, Gipuzkoako Foru Aldunditik bertatik abiatu dugu manifestazioa, bilera eskaeraren erregistroa egin eta gero.

Urteak dira hitzarmenaren alde ekin genuela baina egoera okertu besterik ez da egin, herrialdeko hitzarmenik gabe, langileen osasuna bermatuko duen neurririk gabe eta oraingoan ere greba eskubiderik gabe.

LAB sindikatutik argi dugu, egoera bortitz hau iraultzeko helduen egoitzetako sistema guztia aldatu beharra dagoela, sektore publikoa izateaz gain, antolaketa eta helburuak aldatu behar dira, eta horretarako, sektoreko alderdi guztiek parte hartu behar dugu prozesu honetan.

Igorreko enpleguaren aldeko lanuztea eredugarritzat jotzen dugu eta bat egitera deitzen ditugu langile guztiak

Kelvion-eko langileek ordubeteko lanuztea deitu dute bihar Igorren, 11:00etatik 12:00etara, sektore guztietan.

Igorren dagoen Kelvion enpresa ixteko agindua eman zutenetik, langileak beraien enpleguaren alde borrokan daude. Ez dute eta ez dugu, noski, amore emateko asmorik. Alemaniako multinazional batek ezin du 100 langile kalean uzteko erabakia horren aise hartu, urte luzez beraien lanaz aberasten egon eta gero. Eta egoera honetan, industria 4.0. eza eta Jaurlaritzaren alternatiba eza guztiz kezkagarria da. Zer eskaintzen diote Arantza Tapiak eta bere Sailak langile guzti hauei?

Langile hauei ezer ere ez, baina ezta Igorre eta Arratiako herritarrei ere. Azken urteetan, Tarabusi, Negarra, Alfus, Incoesa edo Araluce enpresak itxi eta bestelako etorkizun eskaintza gabeko txikizioa besterik ez diote eskaini Arratiari.

Utzikeria eta arduragabekeria horren aurrean, Kelvioneko langileek, greba mugagabean egonda, urrats garrantzitsua eman dute; beraien enpleguaz eta Igorre eta Arratiaren etorkizun duinagatik borrokatzeko hautua egin eta beste herritar guztiak gonbidatu dituzte. Hori dela eta, bihar, abenduak 11, ordu beteko lan uztea egingo dute Igorren; herri babesa, herri elkartasuna, herri borroka izango dira bihar Arratiako ikur nagusi. Herri ardura baita, denon etorkizuna denon artean borrokatzea.

Sindikatuok ere badugu gure ardura eta gure zeregina egoera honetan, langile klasea batu, borroka eremuak eskaini eta eskubideak defendatzeko tresna kolektiboak eskaintzea. Horretan gaude eta horregatik, bihar Igorren egongo gara Kelvioneko langile eta Igorreko herritarrekin batera.

Ezin ditugu Kelvioneko langileak bertan behera utzi, ezin dezakegu eskualde oso bat abandonatu, Jaurlaritza egiten ari den bezala. Herri erantzuna eta herri harresia artikulatzeko ordua da. Igorren lan eta bizi, etorkizuna defendatu!

Osakidetzako zuzendaritzak negoziatzeko duen borondate ezaren aurrean, grebara deitzen dugu urtarrilaren 28rako

LAB, SATSE, ELA, CCOO, UGT eta ESK sindikatuon oharra:

Sektore Mahaiaren joan den 26ko bileran Osakidetzak erakutsi zuen arbuioaren eta jarrera onartezinaren aurrean, sindikatuok alde egin genuen bileratik. Gaur Mahaiaren beste bilera bat egin da, eta berriro agerian geratu da Osasun Sailak ez duela inolako borondaterik gure osasun publikoaren egiturazko arazo larriei behingoz heltzeko eta konpontzeko. Gabezia horiek askoz lehenagotik datoz, baina oraingo pandemiak areagotu egin ditu.

Aurreko bileran gertatu zen bezala, Osakidetzak ezarri dizkigu bileraren gai-zerrenda eta edukia. Ez du sartu Intersindikalaren gaietako bat ere, nahiz eta guk haiek sartzeko berariaz eskatu. Aipatu ditugun gai horiek ez dira nolanahikoak, mobilizazioen ardatza izan dira, lurralde bakoitzean greba-egun bat deitzera eraman gaituztenak baizik.

Gaurko bileran ez da aztertu proposamen edo neurri bakar bat Osakidetzaren egiturazko arazo sakonei heltzeko, azken urteotako murrizketen ondorioz arazoak larriagotuz joan dira-eta. Osakidetza berriro baliatu da Sektore Mahaiaz bere onerako, eta lantokietako errealitatearen aurrean ezikusiarena egin du. Berriz ere Osakidetzak nahi dituen gaiak jarri, eta nahi duenean aztertu ditu.

Areago, COVIDen lehen olatutik 8 hilabete igaro ostean, gaurko bileran pandemiari aurre egiteko proposatu den plan bakarra langileak estutzen jarraitzea da. Irizpide nagusia aurreztea da, bai giza baliabideetan, bai gauzazko baliabideetan. Eta aginduak martxoko berberak dira: ahiturik dauden osasun-langileak estutzen jarraitzea, lanaldiak sistematikoki luzatuz, atsedenaldiak eta oporrak ukatuz, txandak bikoiztuz, lan-karga jasanezinak egunero leporatuz, lantokia edo zerbitzua aldatuz, eta abar. Osakidetzak gaurko bilerara ekarri dituen bi jarraibide, hain zuzen, lan-eskubideak murriztea ahalbidetzeko dira.

Elkarrizketarako eta negoziaziorako borondate-itxurak egin nahian, Osakidetzak 8 puntu jarri ditu mahai gainean, alde bakarretik. Puntu horiek 2021. urtean zehar aurkeztuko dizkio Mahaiari, negoziatu ahal izateko. Horri dagokionez, esan behar da, adabaki bat edo beste gorabehera, ez direla kontuan hartu gure aldarrikapenen funtsezko puntuak, eta ez direla horrela konponduko urtetan salatu izan ditugun egiturazko arazoak.

Osakidetzak ez du adabakirik behar, ezta epe ertain edo luzeko neurririk ere, berehalako neurriak behar ditu, osasun-langileek egunero pairatzen duten egoera prekarioari aurre egiteko, egoera horren ondorioak azken batean herritarrek jasan behar dituzte-eta.

Osasun Sailak erakutsi duen borondaterik ezaren aurrean, lantokietan bizi den egoera kritikoa ikusita, eta berehalako konponbide sakonak behar-beharrezkoak direla kontuan harturik; SATSE, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuok mobilizazioei berrekingo diegula iragartzen dugu. Zehazkiago esateko, datorren asteazkenean, abenduaren 16an, dinamika bati ekingo diogu, eta abenduko asteazken guztietan eta urtarrileko ostegun guztietan luzatuko da. Gero, urtarrilaren 28an greba egingo dugu hiru lurraldeetan. Azpimarratu nahi dugu Osakidetzak ez digula beste aukerarik eman, mobilizazioen aukera baino.

Haurreskolak Partzuergoko greba deialdiak erabateko jarraipena izan du

Haurreskolak Partzuergoko langileek bat egin dute LAB, Steilas eta ELA sindikatuok egin dugun deialdiarekin, jarraipena %73koa izan da EAEko haurreskoleta. Lan Sailak ezarri dituen gehiegizko zerbitzu minimoak direla eta hainbat haurreskoletan plantila guztiari kendu zaio greba egiteko eskubidea, alegia bi hezitzaileko haurreskola guztiei, orotara 278 langileri. Gainera, Partzuergoko gerenteak, Zorione Etxezarragak, Dekretuak dioenatik haratago joan da gutxieneko zerbitzuen interpretazioarekin, greba desitxuratzeko helburuz. Oztopo guztiak gaindituta, hamarnaka kontzentrazio egin ditugu hiriburuetako deialdiez gain. Familia, herritar eta udal batzuen babesa ere jaso dugu hezkuntza zerbitzu publiko hau duina izan dadin.

Haurreskolak Partzuergoko langileoi greba dinamikarekin hastea baino ez zaigu geratu. Aipatu beharra daukagu eduki eta zentzurik gabeko bilera deialdiak egin dizkigula Zorione Etxezarragak. Gainera, greba bertan behera uztearen truke, mahai negoziatzaile bat deituko zuela esan zigun gerenteak, eta ostean abenduaren 22rako deitu du. Bertan, Jaurlaritzako ordezkariak egongo omen dira eta kudeaketako langileen aurreakordioa bakarrik lantzeko asmoa dute, sinatu zela ia urtebete igaro da eta hau ere ez dute bete.

LAB, Steilas eta ELA sindikatuok ez dugu mehatxurik ezta txantairik onartuko, eta Haurreskolak Partzuergoan indarrean dugun Lan Hitzarmena eta akordioak ez direla betetzen ari salatzen dugu. Gauzak honela, abenduaren 22ko iragarritako gai-ordenari aldarrikatzen ari garen puntuak gehitzea eskatu dugu, bertan landu daitezen. Honakoak dira:

– Ordezkapenak betetzea, hezitzaileen mugimenduekin eta aparteko orduen erabilera txarrarekin bukatzea.

– Sinatuta dauden akordioetatik abiatuko den lan-hitzarmen berriaren negoziazioa hastea, irakaskuntzako kolektibo guztietan Hezkuntza Saila egiten ari den bezala.

– Irakaskuntza publikoan Osakidetzak egiten duen Covid 19arengatik norbera babesteko ekipamenduen horniketan ere Haurreskolak Partzuergoa sartzea. Haurreskoletan eguneroko gastuari aurre egiteko eta jarduera pedagogikoa garatzeko dirurik gabe gaudelako.

Gerenteak berak onartu du duen aurrekontuarekin ez zaiola heltzen eskatutakoak betetzeko, eta. ondorioz, hezitzaile eta kudeaketako langileen lan-baldintzak okertu eta zerbitzuaren kalitatea kolokan jartzen ari dira. Gauzak horrela, LAB, Steilas eta ELA sindikatuok Haurreskolak Partzuergoaren aurrekontua handitzea ezinbestekoa dela azpimarratzen dugu. Jokin Bildarratzek du giltza gatazka honetan, horregatik, Hezkuntza Sailburua eta Haurreskolak Partzuergoko lehendakaria den heinean dagokion erantzukizuna bete dezala exijitzen diogu.

0-3 hezkuntza-zikloaren garrantziaren aitortza aldarrikatzeaz gain, jaiotzatik hezkuntza-eskubidea aldarrikatzen dugu, eta, horregatik, Haurreskolak Partzuergoaren erabateko doakotasuna eta sarbide unibertsala bermatzea eskatzen dugu, baita Haurreskolak Partzuergoa Hezkuntza Sailean integratzea ere.

Egoeraren larritasuna eta Hezkuntza Sailaren utzikeria kontuan hartuta, egoera aldatu ezean abenduaren 16rako deitu dugun greba deialdiarekin jarraitzea baino ez zaigu geratuko. Haurreskolak Partzuergoko langileoi, familiei eta udalei zerbitzu publiko honen garapenerako aldarrikapenekin bat egitera animatzen diegu.

Gipuzkoako hainbat herritan mobilizatu gara, helduen egoitzetako langileen eta egoiliarren eskubideen defentsan

Donostian, Irunen, Ordizian, Tolosan, Arrasaten, Oreretan, Bergaran, Zumarragan, Zarautzen, Lasarten… hainbat herritako udaletxe aurrean egin ditugu elkarretaratzeak, Gipuzkoako helduen egoitzetan egindako gaurko greba egunaren harira. Bihar berririo mobilizatu gara, deitutako bigarren greba eguna dela-eta. Kasu honetan, hitzordu nagusia Donostian, 11:00etan, egingo dugun manifestazioa izango da. Gipuzkoa plazatk irtengo da protesta.

LAB sindikatutik askotan aldarrikatu dugu, bizi dugun muturreko momentu honi aurre egiteko, bi lehentasun daudela sektorean: herrialdeko hitzarmena eta langileen kopurua zehazten duten katalogoa egungo egoerara egokitzea. Lehentasun horietaz aparte, porrot egin duen sistema goitik behera aldatu beharra dagoela argi dugu. Aski da enpresek diru publikorekin negozio egitea. Pribatizazioan oinarritutako sistema honek langileek bizi dugun prekarietatean areagotzen du eta modu zuzenean eragiten du egoiliarrek jasotzen duten arretan. Bitartean, Gipuzkoako Foru Aldundia non dago? Zer egiten ari da helduen egoitzetan egoera bortitz hau aldatzeko? Galdera hauek berriro luzatuko ditugu bihar, Donostiako manifestazioan.

Osakidetzan negoziazioa nahitaezkoa dela aldarrikatu dugu

LAB sindikatuko ordezkariak Gasteizko Parlamentuan egon dira gaur. Agerraldia egin dute Osasun Batzordean sindikatuak egiten duen Osakidetzaren gaurko egunaren egoeraren diagnostikoa egin eta mahai gainean ipintzeko zeintzuk diren Osakidetzako zuzendaritzak lehentasunez konpondu behar dituen arazoak. 

LAB sindikatuko ordezkariek argi utzi dute azken urteotan negoziazio kolektiboaren oinarrizko eskubidea urratu egiten duela enteko zuzendaritzak, eta gaur bizi dugun egoera kezkagarriari irtenbideak ematea negoziaziotik pasa behar dela. Inoiz baino beharrezkoaga da benetako mahai negoziatzaile baten inguruan aritzea, eta inposaketa, informazio eta gardentasun falta eta gezurretan oinarritutako propandaren aroari amaiera eman behar zaio.

Adierazi dugu pandemiak azaleratu egin duela EAJk urteetan eta hamakadetan aplikatu duten politika neoliberalaren eragina: sistemaren ahuldadea, behin behinekotasunean oinarritutakoa; Lehen Arretan eman den inbertsioen murrizketak eta etengabeko ahultze politika… Osakidetzak gainezka egin arte: interbetzio kirurgikoak etenda, anbulategietan aurrez-aurreko arreta bertan behera, EAGen itxierak eta abar luze bat.

Osakidetzako langileek oso baldintza txarretan egin diote aurre pandemiari eta Osakidetzako Zuzendaritzak orain arte ez du inongo autokritikarik egin, ez inongo ardurarik bere gain hartu, ezta ere langileekiko gutxienezko enpatia adierazi ere.

Osakidetzan heldu beharreko gaien artean, honakoak ipini ditugu mahai gainean: kontratazioa, berdintasuna, euskararen egoera, lan-baldintzen akordio berri baten beharra, pribatizazioarekin amaitzeko konpromisoa eta preso politiko gaixoen egoera eta Osakidetzaren ardura gai honetan.

Garbiketa zerbitzuan kaleratutako 25 langileak berronartzeko mobilizazioa egin dugu Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean

Bostek lanpostua berreskuratu dute honezkero, eta falta direnengatik mobilizatzen jarraituko du LABek. Kaleratutako langile gehienak Covid-agatiko errefortzu lanak egiten ari ziren, eta kontratuak egun batetik bestera amaitu zaizkie.

Azaroaren 16an, gutxienez 25 langile kaleratu izan ziren Bizkaiko Foru Aldundiaren menpeko garbiketa zerbitzuan. Aurrekaririk gabeko kaleratze kolektiboa administrazio honen menpeko garbiketa-kontratan. Gauetik goizera, eta inolako arrazoirik gabe, Gizarte Segurantzan baja eman zitzaien, zerbitzua Garbialditik Optima enpresak esleitzera pasa zeneko unea aprobetxatuz.

Hori dela eta, azaroaren erdialdetik haien lanpostuen defentsan astero mobilizatzen ari gara. Ez da alferrik izan. Badakigu 5 langile Garbialdikoak diren zentroetan kokatu dituztela; baina oraindik dozena bat langile baino gehiago daude irtenbide baten zain.

Langile horietako gehienek Covid-19agatiko errefortzu-kontratuak zituzten, eta desinfekzio-lanak egin behar zituzten langileen joan-etorri handieneko eremuetan edo jendearentzat zabalik dauden espazioetan. Aldundiak baieztatu zuen desinfekzio-beharrak berdinak direla oraindik ere, beraz, zergatik ez ziren subrogatuak izan?

Enpresa esleipendun berriak, Optimak, langile horien kontratazioan irregulartasunak egin izanaren erantzukizuna Garbialdiri egotzi dio, baina haien kontratuak erregularizatu eta egindako akatsak konpondu beharrean, kaleratzeko bide erraza aukeratu dute. Garbialdik, berriz, beste alde batera begiratu du.

Bizkaiko Foru Aldundiak, bien bitartean, egoeraren ardura bere gain hartu gabe jarraitzen du: enpresa esleipendunarekin aztertu beharreko gaiak direla argudiatuz.

LABek enpresa pribatuak erantzule egiten ditu, bai, baina baita Aldundia bera ere, kanporatze-politikagatik egiten baitira horrelako ekintza odoltsuak. Garbiketa-zerbitzua azpikontratatzeak eta eskaintzailerik onenaren esku uzteak, zerbitzu horren prestazioaren gaineko inolako zaintzarik eta kontrolik gabe, tamaina honetako bidegabekeriak dakartza ondorio gisa. Aldundiak kaleratze bakoitzaren erantzukizuna beren gain hartu behar luke. Ez dugu zurituko kaleratzearen kalte-ordainak diru publikoarekin finantzatzea.

LABek kaltetutako langile guztiak berriro hartzea eskatzen du, eta beren enpleguei bide juridikotik eusteko borroka egingo dugula iragartzen dugu, baina baita kaleetan ere. Mobilizatzen jarraituko dugu, orain eta astero, azken langilea berriro onartua izan arte.

Ez dugu onartzen Cofely enpresak aurkeztu duen Enplegua Erregulatzeko Espedientea, Nafarroan 13 langile utziko baititu kalean

Cofely enpresak Nafarroan dituen langileak mobilizatzen hasi dira gaur -lantokiaren ondoan eginiko elkarretaratze batekin– EEE enplegua erregulatzeko espedienteagatik protesta egiteko. Espediente horrek langabezian utziko ditu Nafarroan 16 langiletik 13. Azken hiru urteotan 660,42 milioi eurotik gorako diru-sarrerak izan dituen talde bateko kidea da Cofely. Eta, hala ere, EEE bati ekin dio, 583 langileren kontratuak iraungiko dituena, horietatik 13 Nafarroan.

Cofelyk EEE bat iragarri zuen joan den azaroaren 24an, denetara 583 langile kaleratzeko. Horietatik 13 Nafarroako Departamentuan eginen ditu, hemengo ia langile guztiak, 16 langile baititu. Cofelyk EEE iragarri du azken hiru urteotan taldeko enpresek 660,42 milioi eurotik gorako diru-sarrerak izan dituzten arren, eta erran du irabaziak ez direla haiek espero zituztenak, nahiz eta joerak kontrakoa dioen. Hau da, berriz ere argi gelditzen da kapitalak are gehiago irabazi nahi duela langileak sakrifikatzearen truke.

LAB sindikatuak uste du Cofely diru publikoaz eta I+G+Brako jasotzen dituen laguntzez baliatzen den multinazionala dela, bezeroekiko kontratuak aldebakartasunez deuseztatzea erabaki duela eta aukera bakarra langileak kaleratzea dela sinetsarazi nahi duela. Baina Nafarroan soberako marjina duen enpresa da, Zangozako paperontzia, Sneider, Volswagen… bezalako enpresetarako lan egiten baitu. Eta Nafarroan mozkinak dituen enpresa honek 13 familia kinka larrian uztea erabaki du.

LABek, langileekin batera, egoera hori guztia salatu nahi du eta mobilizazio batzuk eginen ditu enpresari exijitzeko EEE bertan behera utz dezan eta bidea ireki dezan langileekin batera konponbide bat bilatzeko, enplegu guztiei euste aldera.

Donostian, Bilbon eta Gasteizen mobilizatuko gara abenduaren 13an, aurrekontu sozial, parte hartzaile eta burujabeak eskatzeko

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartako eragileok deituta, manifestazioak egingo ditugu EAEko hiriburuetan. Hain zuzen ere, Gasteizko Gobernuak abenduaren 17an Parlamentura bidaliko du aurrekontu proiektua, eta, orain arte entzun ditugun adierazpenen arabera, ez da inongo borondaterik antzematen neurri sozialak bermatzeko aurrekontuetan dotazioak handitzeko.

Hauxe da Kartaren prentsa oharra, gaurko agerraldiaren harira:

Osasun krisiak lehendik zetorren sistemak ez duela funtzionatzen argi eta argi utzi du, estrukturala eta askotarikoa zen krisiak azeleratuz/bizkortuz: zaintza krisia, lan harremanen krisia, garapen ereduaren krisia, babes sozialaren krisia… Horregatik, normalitate berria aldarrikatzen dugu, herritar guztion eskubideak bermatuko dituen eredu berri bat.

Gobernuek osasun krisiari erantzuteko hartzen ari diren neurrien oinarrian, funtzionatzen ez duen sistemaren esentzia dago. Beraz, aurretik genituen gabeziak konpondu ez eta errepikatuko dira, larrialdi testuinguru honetan herritarrak babes gabe utziz.

Bihar, abenduaren 10a, Giza eskubideen nazioarteko eguna izango da eta ESKUBIDE GUZTIAK GUZTIONTZAT aldarrikatu nahi ditugu Euskal Herriko eskubide sozialen Kartatik. Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala eskuetan, EAE eta Nafarroako gobernuei hala nola Espainia zein Frantziakoari bi galdera zehatz egingo dizkiogu:

• bat, uste duzue Giza Eskubideen Nazioarteko Aldarrikapenean jasotakoa betetzen ari zaretela sustatzen dituzuen politika publikoen bidez?

• Bi, zer egingo duzue Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalean jasotakoa betetzeko?

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren konpromisoa da Giza Eskubieen Aldarrikapen Unibertsalean zein Kartan bertan jasotako eskubide zein askatasunak modu eraginkorrean garatzeko lan egitea, proposamenak eginez eta mobilizatuz, guztiontzat eskubide guztiak bermatuko dituen eredu berria eraiki arte.

Herritarron bizitza eta beharrak erdigunean jartzen dituen lehentasunezko 7 aldarrikapen mahai gaineratu ditugu (eranskina). Gure ustez, urgentea da EAE zein Nafarroako aurrekontuek lehentasuna hauek bermatzeko diru partida zehatzak, prozesuak edota errekurtsoak aurreikustea.

Nafarroan mobilizatu gara, onartuko den aurrekontuak ez dituelako jasotzen Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak aldaketa sozialaren norabidean egindako aldarrikapenak. Egoeraren larritasunari erantzuteko urrats sozialik ez, eta ezta urrats horiek ematea ahalbideratuko lukeen erreforma fiskalik ere ez.

EAE-ko Gobernuak abenduaren 17an Parlamentura bidaliko du aurrekontu proiektua eta izango dugu balorazio zehatzak egiteko tartea. Orain arte entzun ditugun adierazpenen arabera, ordea, ez dugu inongo borondaterik atzematen neurri sozialak bermatzeko aurrekontuetan dotazioak handitzeko. Aldiz, iragartzen dutena da, oraindik zehaztuta ez badago ere, 2021eko aurrekontuak 2020koaren oso antzekoak izango direla. Hau da aurrekontu kontinuistak izango direla, ezer gertatu ez balitz bezala. Gure ustez, eta zoritxarrez, aurrekontu hauek ez diote erantzungo herritarrontzat lehentasunezkoak diren beharrei: ez dituzte zerbitzu publikoak garatuko, ez dute babes soziala indartuko, ez dute kalitatezko enplegua bermatuko eta ez dute zaintza sistema publiko baterako urratsik emango.

Bidegurutze baten aurrean gaude. Elite politiko eta patronalaren artean erabakitzen ari dira datozen urteetako aurrekontu eta zerga politiken norabidea. Eta garbi dago egin duten hautua. Etekinak dituzten enpresek zerga gehiago ordaintzeko tarte handia dago, aberastasun hori jendartearen zerbitzura jarriz; borondate politikoa da falta dena.

Beraz, mobilizatzea eta aldaketa sozialaren alde dagoen herritarrei eskaintza zabalak egitea dagokigula uste dugu. Gaurkoan, mobilizatzeko zita hirukoitza egin nahi diogu euskal jendarteari: abenduaren 13an Donostia, Bilbo eta Gasteizen manifestazioak antolatu ditugu aurrekontu sozial, parte hartzaile eta burujabeak eskatzeko.

Abenduak 13an, eguerdiko 12:00tan, manifestazioak antolatu ditugu Donostia, Bilbo eta Gasteizen

• Donostia: Alderdi Ederretik
• Bilbo: Eusko Jaurlaritzatik
• Gasteiz: Andre Mari Zuriaren plazatik