2026-06-26
Blog Page 469

Electroaceros enpresako grebalariek Nafarroako Gobernuari eskatu diote esku har dezala 37 lanpostuak babesteko

Electroaceros-eko Enpresa Batzordea, LABeko bi ordezkarik eta ELAko ordezkari batek osatua, gaur bildu da Iruñean Nafarroako Gobernuko Lan Zerbitzuko zuzendariarekin, langileek soldata ez kobratzearen eta enpresaren etorkizun ilunaren aurrean duten kezkaren berri emateko eta, ahal den neurrian, egoera hori lehenbailehen konpontzeko esku har dezan eskatzeko.

Enpresa Batzordeak, ia langile guztiek astebete greba mugagabean egon ondoren, Nafarroako Gobernuari eskatu dio egoera horretan esku har dezan, uste baitu ezin dela onartu hainbat hamarkadatan aberastu den Nafarroako enpresa batek 37 lanpostu suntsitzea, eta 50 urtetik gorako langileak egoera larrian uztea.

Electroaceros enpresa Astibia familia ezagunekoa da, azken urteotako kudeaketa negargarriaren zuzeneko arduraduna izan den familia. Enpresa Batzordeak behin eta berriz eskatu die jabeei bideragarritasun-plan bat egin dezatela enpresan dauden lanpostuak ziurtatzeko; baina beti erantzun izan diote plantillari egindako erasoen ondorioz, langileen lan-baldintzak nabarmen okertu nahi zituztenak. Gaur egungo egoerara iritsi arte, soldatak behin eta berriz atzeratzea, azken hilabetea ez ordaintzea eta enpresaren etorkizun ilunaren aurrean ziurgabetasuna izatea.

Bien bitartean, jabeek irabaziak izaten jarraitu dute, beren jabetzak bermatzen, bai ondasunen autoalokairuen bidez, bai urteko 80.000 eurotik gorako soldata estratosferikoen bidez, bai sozietate kooperatibo bat eratzetik sozietate mugatu batera pasatuz.

Puntu honetara iritsita, Enpresa Batzordeak Nafarroako Gobernuko Lan Zerbitzuko zuzendariarekin bilera egitea erabaki du, lantegiaren egoeraz duen kezka bertatik bertara azaltzeko eta esku har dezan eskatzeko, alde batetik, 37 lanpostu suntsitzeko mehatxua dela-eta, eta, bertzetik, kalteturiko langile askori, duten adinagatik, lan-merkatua itxi eta gizarte bazterketaren atarian jartzen direlako. Batzordeak positiboki baloratu du Lan zuzendariaren harmena, eta espero du jarrera on horrekin batera langileak babestuko dituzten neurriak hartzea.

Mobilizazioekin jarraituz, ekainaren 1ean abiatutako greba mugagabearekin jarraituko dute Electroaceros-eko langileek, eta kontzentrazioak eginen dituzte ekainaren 9, 10 eta 11n, 11:30ean, Agustindarren industrialdeko Soto de Ainzoain kalean, eta auto-karabana bat ekainaren 19an.

Salatzen dugu Bilbao-Basurto ESIko osasun etxeak 17:00etan itxiko dituztela uda osoan

Bilbo-Basurtu ESIko Zuzendaritzak erabaki duenez, ekainaren 28tik irailaren 17ra bitartean, Bilboko anbulatorioak arratsaldeko 5etan itxiko dituzte, 8etan beharrean. Soilik Etengabeko Arreta Gunea (EAG) duten lau anbulatorioak zabalik egongo dira arratsaldeko 8ak arte, hau da, Deustuko, Begoñako, Errekaldeko eta Indautxuko zentroak.

LABek Bilboko herritarrei eskainitako osasun-zerbitzuen murrizketa berri hau salatu nahi du, herritarrek osasun- zentroetarako duten irisgarritasuna murrizten baitu. Ikusten dugu, urtero bezala, Osakidetzak udako denboraldia baliatzen duela Lehen Arretaren murrizketan urratsak emateko, anbulatorioak arratsaldeko 5etan ixtea finkatu nahian, neurri hori urte osora aplikatu aurretik. Gainera, Osakidetzak sindikatuoi bere asmoen berri eman ez digun arren, beldur gara horrelako neurriak gainerako ESIetan ere aplikatuko ote diren.

Era berean, neurri honek langileen lan-baldintzetan ere eragin handia izango duela salatu nahi dugu, ordutegietan aldaketa nabarmenak egingo direlako, langileak beste lantoki batzuetara txandaka joango direlako. Laburbilduz, prekaritatea handiagoa izango da eta herritarrei osasun-arreta okerragoa emango zaie.

Beste behin ere, Osakidetzak profesional faltan oinarritu du bere erabakia, batez ere medikuen eta erizainenean. Langile fakultatiboen eta, batzuetan, erizainen eskasia dagoela egia bada ere, egoera horretan eragiten duten arrazoi anitzak aztertu behar dira. Profesionalek sektore pribatura edo beste autonomia-erkidego batzuetara ihes egiteko faktore erabakigarriak Osakidetzak ezartzen dituen baldintza prekarioak eta ezegonkorrak dira, dudarik gabe. LABek urteak daramatza enplegua egonkortzeko, prekarietatearekin amaitzeko eta plantilla handitzeko neurriak hartzea eskatzen. Horrek guztiak egonkortasuna sortuko luke eta Osakidetza uzten duten profesional asko atxikiko lituzke.

Horregatik guztiagatik, beste behin ere Enplegu Plana eskatzen diogu Osakidetzari, arazo horiei epe luzerako irtenbidea eman ahal izateko. Eta, era berean, Lehen Arretarako eredu berri bat eskatzen jarraitzen dugu, prebentzioan eta biztanleriaren osasunean oinarrituta, eta herritarren beharrak eta ondo hornitutako osasun-zerbitzuetara hurbileko sarbide unibertsala bermatuko lukeena.

Langile faltaren konponbidea ezin da bilatu anbulatorio eta osasun-zentroetan murrizketak egitean, ezta langileen lan- baldintzak prekarizatzean ere.

EAJ eta PSOE alderdiek Hijas de la Cruz eta Bilboko Alde Zaharreko hezkuntza-beharrei bizkarra eman diete berriz ere

Bilboko Hijas de la Cruz-en itxierari irtenbidea eman eta Alde Zaharreko euskarazko hezkuntza publikoa bermatzeko EH Bilduk eta Elkarrekin-Ahal Duguk Legebiltzarrean gaur aurkeztutako legez besteko proposamenaren aurrean, Hijas de la Cruzeko LABeko sail sindikalak honako hau adierazi nahi du:

Bilboko Hijas de la Cruz itunpeko ikastetxeko arduradunek urtarrilean iragarri zutenez, 2021eko abuztuaren 31n zentroa itxiko dute, 162 urteko jardueraren ondoren eta 41 langile kalean eta 204 familia ikastetxetik kanpo utzita.

Familiei, langileei eta Alde Zaharra eta Solokoetxe auzoetako beharrei konponbide osoa emateko benetako aukera bat bilatzeko asmoz, aurkeztutako proposamenak Hijas de la Cruz Ikastetxeko hezkuntza komunitateak eskatutakoari erantzuten diola adierazi nahi dugu.

EAJk eta PSEk, berriz, bizkarra eman diote EH Bilduk aurkeztuta eta Elkarrekin-Ahal Duguk babestutako proposamenari Bilboko Udaletxean hezkuntza komunitateak aukeztutako mozioari ezetza emateko erabili zuten formula bera erabiliz. Izan ere, azkenean onartutako testuan, Legebiltzarrak Hezkuntza Sailari eskatzen dio “azter dezala Hijas de la Cruz ikastetxea ixtearen eragina, eta har ditzala behar diren neurriak Alde Zaharreko eta Solokoetxeko ikasleen eskolatze egokia bermatzeko,” Hijas de la Cruz-eko familia eta langileei eta Alde Zaharreko eta Solokoetxeko auzoei inolako irtenbide eta alternatibarik eman gabe.

LAB sindikatuko Hijas de la Cruz-eko sekzio sindikaletik Eusko Jaurlaritzaren, eta batez ere gobernuan dauden EAJ eta PSOE alderdien, jarrera gogor kritikatu nahi dugu, izan ere, zentroa ixtea onartu eta nolabait babestu dutelako, familien eskaerei jaramonik egin gabe, enplegua suntsitzea onartuz eta Alde Zaharra eta Solokoetxe auzoetan beharrezkoak diren eskola plazak eta espazioak handitzeko eskaerari muzin eginez.

Sektore feminizatuetako langileen lana aitortzea, duintzea eta babestea aldarrikatu dugu Deustuko zubian

Sektore feminizatuetako langileek bizi duten prekaritatea eta enplegu galera borrokatzeko dinamika bat abiatu dugu LABetik. Aste honetan hainbat ekintza gauzatuko ditugu herrialde ezberdinetan, emakumeak* isilarazi eta ikusezin bilakatzeko asmoekin nazkatu garela salatzeko.

Hala, Deustuko zubia blokeatu dugu gaur, Bilbon, euskal gobernu eta patronalei mezua argi bat zabaltzeko: premiazkoa da emakumeen enplegua baloratzea eta duintzea. Ondoan dagoen Zubiarte merkataritza gunean ere egin dugu ekintza, “No sobra nadie. Lana banatu, kapitala banatu!” lelodun pankarta zintzilikatuta. Deustuko zubian ere zintzilikatu dugu pankarta bat, “Esto no es digitalizaciĂłn, es precarizaciĂłn” leloarekin, kasu honetan.

Zerbitzu Pribatuetako federazioko idazlari Maddalen Doradorrek azaldu bezala, “garbitzaileak gara, duintasunetik urrun dauden lan baldintzak ditugunak; ostalaritzako langileak gara, gure politikoek gu kontuan hartu gabe ireki eta ixten dituztenak; merkatariak gara, enpresen irabaziak hazten ikusten ditugun bitartean, murrizketa eta kaleratzeak sufritzen ari garenak… jarduera ezberdinetako langileak gara, egunero-egunero are gehiago prekarizatuak eta tantaka kaleratzen gaituztenak, eta gure kaleratzeak ez dira inon ageri”.

Onartezina da azken urte honetan egiten ari den inprobisazioa. Euskal Herriko enpleguak babestu behar dira. “Bizitzak sostengatzen ditugunak gara, Euskal Herriak martxan jarraitzea ahalbidetzen dugunak. Beharrezkoa da gure lana aitortzea, duintzea eta emakumeen enplegua babesteko politikak egitea”, adierazi du Doradorrek.

Azken mezu bat ere helarazi dugu gaurko ekintzarekin: hau hasi besterik ez da egin. Borrokak hauspotu eta indartzeko garaiak datoz Euskal Herrira.

Presoen eskubideen defentsan mobilizatu gara Donostian, Izan Bidea dinamikaren baitan

Euskal gehiengo sindikalak deituta (LAB, ELA, ESK, STEILAS, HIRU, EHNE, CNT eta CGT-LKN), Donostiako Sagues eta Bulebar artean mobilizatu gara, euskal presoen eskubideen defentsan, Sareren Izan Bidea dinamikaren baitan.

Izan Bidea dinamika martxan dagoenetik, hamaika ekimen egin dira Euskal Herri luze-zabalean, eta gaurkoan Donostiara ekarri dugu; sindikatuok, kasu honetan. Izan ere, denbora daramagu salbuespen legediak dakartzan urraketak salatu eta egungo espetxe politika aldatzearen beharra aldarrikatzen. Egun, bide bat hasia dagoela esan dezakegu, azken hilabeteetan ematen ari diren aldaketak direla eta. Aldaketa horiek, ordea, jendartearen aktibazioaren ondorioz etorri dira. Hortaz, uste dugu akordio eta aktibazioaren bidea garatzen jarraitzea ezinbestekoa dela, urrunketarekin eta gradu progresioaren blokeoarekin amaitzeko, besteak beste.

Zentzu honetan, sindikatuon ordezkariek gaurkoan nabarmendu bezala, “Euskal Herriko gehiengo sindikal, sozial eta politikoak euskal presoei ezarritako salbuespenezko espetxe politikaren amaiera eskatu du. Jendarte zibilaren mobilizazioari nahiz instituzioen interpelazioei esker, urratsak ematen hasiak dira norabide horretan; ez nahiko genukeen bezainbeste, ez nahiko genukeen bezain azkar, baina urratsak ematen ari dira, euskal presoen gerturatzeari edota gradu aldaketari dagokionez. Prozesu hori bururaino eramatea eskatzen dugu, berriro ere, euskal preso guztiak Euskal Herriratuz, preso gaixo guztiak kaleratuz nahiz salbuespenezko neurri oro indargabetuz. Horretarako herritarron aktibazioa eta baita langileriarena ezinbesteko elementuak dira”.

Pausoz pauso, ibilian-ibilian, etxerako prozesu hori azkartu nahi dugu, eta oraindik bide luzea dugu egiteko, “oraindik ere, preso eta senide gehiegi daudelako ehundaka kilometroek bereizita, baita 18 larriki gaixo diren preso ere. Graduen progresioa ematen hasi bada ere, hirugarren gradua gutxi batzuei soilik ezarri zaie eta asko dira 3/4 beteak izan arren, espetxean jarraitzen duten presoak edota Frantzian jada bete duten zigorra Espainian berriro betearazten zaien presoak ere… beraz, oraindik badugu lana eta  salbuespenezko neurri guztiak amaitzeko eskatzen jarraitu behar dugu”. 

Hala, langile eta herritarrei ondorengo asteetan sindikatuok deituko ditugun gainontzeko mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatu diegu, Izan Bidea dinamikak ez baitu etenik. Denok izan behar dugu bidearen parte, guztion bultzadaz hasitako urrats txiki horiek azken muturreraino eramateko. “Aldarrikatzen, mobilizatzen eta adostasunak bilatzen jarraituko dugu. Etxerako bidea egiteko bultzada izan gaitezen”, erantsi dugu mobilizazioaren amaieran. 

Sindikatuok bilera errondari ekin diogu alderdi politikoekin, EAEko sektore publikoaren egoera larriaren berri eman eta euren erantzukizuna aldarrikatzeko

LAB, ELA, CCOO, SATSE, STEILAS eta ESK sindikatuon oharra:

Apirilaren 22an sektore publikoan greba orokorra deitu genuen sindikatuok hala eskatuta, gaur, ekainaren 3an, ekin diogu bilera errondari Gasteizko Legebiltzarrean ordezkaritza duten honako talde politikoekin: EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin-Podemosekin. Bihar, berriz, PSE eta PP-Ciudadanos alderdietako ordezkariekin bilduko gara.

Batzarretan, sindikatuetako ordezkariok azaldu dugu zergatik bultzatu ditugun EAEko sektore publikoan mobilizazio eta greba-egunak, eta sektore publikoak bizi duen egoera larriaren berri eman diegu: sektore publikoan 120.000 langile baino gehiago daude azpikontratatuta, eta kontratatutako langileen % 40k behin-behinekotasunaren gaitza pairatzen du. Hori gure erakundeek sektore publikoa pribatizatzeko egindako apustuaren ondorio garbia dela adierazi diegu.  

Beharrezkoa da gure erakundeek eta alderdi politikoek behingoz irtenbide bat bilatzea, beren esku baitago konponbidea, eta hori lortzeko, behin-behinekotasuna pairatzen duten 60.000 langile publiko baino gehiago kontsolidatu behar dira, eta behingoz zerbitzu publikoen alde egin, enplegu publikoa sortuz eta pribatizazioari bidea moztuz.

Helburu hori lortzeko eta mobilizazioen dinamikaren barruan, LAB, ELA, CCOO, SATSE, STEILAS eta ESK sindikatuok manifestazioak deitu ditugu ekainaren 5ean EAEko hiru hiriburuetan. Manifestazioak 11:30ean izango dira; Gasteizen, Diputazio plazatik; Donostian, Boulevardetik; Bilbon, Arriagatik. Sindikatu deitzaileok langile publiko guztiak eta herritarrak animatzen ditugu bertan parte hartu dezaten; guztion artean lortuko dugu helburua.

Ekainaren 10 eta 12an egingo ditugu Ekintza Sozialeko Komunitatea elkarrekin eratzeko eta saretzeko topaketak

Ekainaren 10ean, Gasteizen egingo ditugu topaketak, eta, ekainaren 12an, Atarrabian, Basaurin eta Irunen. Izena eman behar da aldez aurretik, hemen, bertan parte hartzeko.

Ekintza Sozialeko Komunitateko kide izateko izen ematea zabaldu genuen duela aste batzuk, “Lantokitik herrira! eraldaketarako tresna” goiburupean. Zabaldu dugun ibilbide honen baitan lehen geltokia ekaineko topaketak izango dira. Topaketa hauek lehen elkargune bat izan nahi dute, komunitatea nolakoa izango den eta zertan jardungo duen definitzeko bide honetan.

Baina ez hori bakarrik, topaketa hauetan hausnarketa eta ekintza uztartuko ditugu eta horregatik herrialde bakoitzeko asanbladaren ostean mobilizazio eta ekintza ezberdinak egingo ditugu. Izan ere, Ekintza Sozialeko komunitatea praktikarako sortu dugu.

Hauek dira hitzorduak:

-Ekainak 10:

. Gasteiz, 17:00, Simon Bolivar plaza.

-Ekainak 12:

. Atarrabia, 10:00, Atargi ikastola.

. Basauri, 10:00, Pozokoetxe parkea.

. Irun, 10:00, Dunboa ikastetxea.

Arabako merkantzia garraioetako hitzarmenaren aktibazioaren alde mobilizatu gara

Mahai negoziatzailea osatzen dugun sindikatuok (LAB, ELA, UGT eta CCOO) elkarretaratzea egin dugu, Arabako Garraioaren Elkartearen egoitzaren aurrean, patronalari negoziaziora itzul dadin exijitzeko.

Manifestaziora deitu dugu Olaztin, Quesos La Vasco Navarran hitzarmen duin bat aldarrikatzeko

La Vasco Navarra enpresan gehiengo sindikala osatzen dugunok komunikabideak deitu nahi ditugu Olaztin larunbat honetan ekainak 5, eguerdiko 12:00etan, egingo dugun manifestaziora. Manifestazioa Olaztiko plazan hasi eta enpresaren aurrean bukatuko da.

Martxa honekin mobilizazio dinamika bati hemango diogu hasiera, larunbatean manifestazioa, eta datorren astean ekainaren 10ean bi orduko lanuzteekin hasiko gara arratsaldeko txandan, ondoren ekainaren 11ean bi orduko lanuztea egingo dugu goizeko eta gaueko txandan. Ekaina osoan zehar lanuzteak deitu ditugu astelehen eta ostegunetarako.

Dinamika honen arrazoia lan hitzarmen duin baten aldeko negoziaketen blokeoari aurre egitea da. La Vasco Navarra enpresa, enpresa errentagarria da, azken hamar urteak irabaziekin amaitu duen empresa alegia. Esate baterako 2019an, 950.000€ ko irabaziak izan zituen. 2019. eta 2018. urteetan 140.000 € -ko irabaziak banatu dituzte bazkideen artean. 2020Ko datuak oraindik ez ditugu, baina pandemia garai hauetan lan erritmoak kontutan izaten baditugu eta ABLE bidez eginiko kontratazioen igoera, argi geratzen zaigu egoerak obera egin duela.

Egoera honetan enpresak erabaki du gure aldarrikapenik ez onartzea, aldarrikapen hauek enpresa batzorde guztiak (LAB 2, CCOO 1, ELA 1 y UGT 1) aukeztu genituen langileen gehiengoak babestu ostean. Hala ere, ELA eta UGT dinamikatik jauzi izanak atsekabetzen gaitu, hala ere, borrokara gehitzeko ateak zabalik dituzte.

Enpresak azkeneko proposamen bat egin zigun, %1,75eko igoera proposatu zuen soilik nominan hitzarmen estatalari eragiten ziena. Beraz hitzarmen estatalean agertzen ez diren kontzeptuei ez die eragiten proposamenak, are gehiago, kontzeptu hauek absorbitzeko aukera aurreikusten zuen proposamenak. Aurkeztu zituzten beste hobekuntza batzuk, lotuak daude absentismoa edo produktibitatea bezalako kontzeptuei.

Egoera honek uzten duen errealitatea hau da: enpresako langile gehienek 1000€ inguruko soldata netoa dute eta 1770 ordu lan egiten dituzte urtean. Beste alde batetik, hizarmenaren gainetik kobratzen ari diren pertsonak euren komplementuak absorbitzen direla ikusten dute inongo obekuntza izango duten espektatibarik gabe.

Langileon eskaeren aurrea, enpresak, enpresa hitzarmenetik erortzea erabaki du eta lan hitzarmen estatala aplikatzen hasi da honek dakarren lan eskubideen kalte guztiarekin

Enpresak langileak erasotzea erabaki du bere posizioa mantendu asmoz, lan baldintzak kaxkartzen jarraitu nahi du, negozioa ahalik eta gehien esplotatzeko asmoz eta akziodunek euren irabaziak banatzen jarrai dezaten.

Prentsa ohar hau sinatzen dugun sindikatuentzat guztiz onartezina da, langileei eta zonaldeari esker irabaziak dituen empresa honek aberastasuna modu justuan banatu nahi ez izatea, langileentzat eta zonaldearentzat onuragarri izan daitekeen banaketa. Beraz ohar hau sinatzen dugun sindikatuok borrokarako hautua egiten dugu, enpresaren txantailari aurre egiteko eta langileen lan baldintzak hobetzeko asmoz. Horregatik, langileei ez ezik eskualde osoari dei egiten diegu helburu hauekin egingo diren mobilizazioetan parte hartzera.

Aldi berean UGT eta ELA sindikatuak euren posizioa berraztertzera eta dinamika honekin bat egitera deitzen ditugu. Batasuna baita langileok dugun tresna garrantzitsuena empresan bizi den egoerari buelta emateko.