LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok elkarretaratzea egin dugu Gasteizko Justizia Jauregiaren aurrean, DISPORT EKI kirol-jardueratan aritzen den enpresaren administratzaileak erabilitako indarkeria salatzeko, erasoa jasan zuen langile batek enpresaren aurka jarritako demandaren epaiketa eguna dela baliatuta.
COVID-19 bidezko kutsatzea lan-istriputzat hartu behar da osasun-sektoreetako eta sektore soziosanitarioetako langile guzti-guztien kasuan
Gizarte Segurantzak, 2020ko azaroan, osasun-sektoreetan eta sektore soziosanitarioetan paziente kutsatuei arreta ematen dieten osasun-langileei Covid-19agatik gaixotzea lan-istriputzat hartzea erabaki zuen, garbitzaileak, administrariak, mantentze-lanetako langileak eta abar alde batera utzita. LAB sindikatutik erabaki hori salatu genuen.
Jarraian, kanpaina bat abiarazi genuen, beren lanbidea zentro sanitario eta soziosanitarioetan garatzen duten COVID-19k kutsatutako langile guztien kutsatzea lan-istriputzat aitortzeko, ondorio guztietarako, aurreko Errege-Dekretuan jasota zegoen bezala (indargabetuak gero), bai eta langileen osasuna bermatzeko behar diren neurri guztiak hartzea eskatuz ere.
Hori dela eta, hilabete hauetan zehar INSSari, Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalari, Covid-19arekin kutsatutakoen kontingentziei buruzko zehaztapenetan aldaketak egiteko eskatu diogu; gaixotasun arruntatzat hartu beharrean lan-istriputzat hartzea, hain justu. Azkenean, arrazoia eman digu Gurutzetako mantentze-lanetako langile baten kasuan, LAB sindikatuak aurkeztutako errekurtsoari esker: lan-istriputzat jo du mantentze-lanetako lankide horrek izan zuen Covid-agatiko kutsatzea. Mutuak ez du errekurtsorik aurkeztu, eta INSSaren ebazpena onartu du.
Ebazpen honek erakusten du enpresetan oro har, eta Osakidetzan, bereziki, gertatzen diren kutsatzeak saihestu egin daitezkeela eta saihestu egin behar direla prebentzio eta babes neurrien bidez, eta hori gertatzen ez bada, enpresak erantzukizuna duela beharrezkoak diren neurriak ez hartzeagatik, eta, beraz, COVID-19 bidezko kutsatzea lan-istriputzat hartu behar dela. Gainera, Osakidetzaren kasuan, gaindituko litzateke lan kategoria desberdinen artean sortutako desberdinkeria, aitortuz osasun eta soziosanitario arloetan lan egiten duen langilegoaren zati honek ere egiten duen lan garrantzitsua.
Ekin diote Berriobeitiko Jealser enpresan deitutako astebeteko grebari
Berriobeitiko Jealser metalgintza sektoreko enpresako langileak greban dira gaurtik aurrera, aste honetan guztian. Enpresak hiru ordezkari sindikal ditu, hiruak LABeko kideak.
Langileek gutxieneko soldata bat eskatzen dute guztientzat eta bere garaian adostu zuten aldi baterako murrizketa bueltatzea. Enpresak ez du horretarako asmorik, urte osoa baitaramate negoziatzen inolako konponbiderik eskaini gabe. Enpresak ez du zor diena ordaindu nahi, eta, aldiz, beste inbertsio batzuk egiten ari da. Beraz, dirua ez da falta, borondatea besterik ez.
Hainbat lanuzte eta mobilizazio egin ondoren, aste honetan urrats bat gehiago eman behar izan dute: aste osoko greba egingo dute langileek.
Gaurko lehen greba eguna erabat arrakastatsua izan da, eta ekoizpena geldirik egon da. Egoera konpondu ezean, urrats gehiago emateko prest daude bidezkoak diren soldatak erdietsi arte.
[IRITZIA] “S.O.S. Nafarroako osasun publikoa”
Iritzi artikulu honetan, LAB Osasunbideko arduradun David Mendazak arduradun politikoei eta osasun kudeatzaileei exijitu die berehala erantzun diezaietela profesionalen eta herritarren beharrei. Era berean, osasun publikoaren defentsa aldarrikatu du:
Bosgarren olatuak soken kontra jarri ditu Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileak. Profesionalak falta dira, batez ere erizainak eta fakultatiboak, eta horrek garbi erakusten du gure komunitatea, 600.000 biztanle, bi medikuntza-fakultate eta bi erizaintza-eskola dituena, ez dela gai izaten ari osasunzerbitzu publikoari arreta egokia emateko behar adina profesional erakartzeko.
Azken asteotako presio asistentzialak gure mugak erakutsi dizkigu berriz ere, eta, horren ondorioz, profesional askoren oporrak eta atsedenaldiak kolokan daude, batez ere erizainenak eta, nola ez, pandemiak gehien zigortutako unitateetako langileenak. Urtebetetik gora dirauen pandemiaren ondorioz eta horrek dakarren guztiaren ondorioz (itxaron zerrendak handitzea, prozesu kronikoen segimendu falta, langileen desmotibazioa…), arreta-eskaera handia da, eta handiagoa ere izango da, eta gure sisteman ez dago horri aurre egiteko plangintza edo proiekturik.
Langileen arloan aspaldi hartu behar ziren neurriak hartu ez zirenez, orain, plantillaren egunerokotasunari eragiten dioten hainbat erabaki garrantzitsu nahitaez, presaka eta, kasu askotan, bidegabeki hartu behar izan dira. Horrek guztiak osasunzerbitzu publikoari ospea kendu eta sistema tentsionatu besterik ez du egiten. Gure osasun sistemairaganeko politika neoliberalek ezarritako murrizketak ordaintzen ari da oraindik, eta baliabide publikoen kontura kapital pribatuari mesede egitea bilatzen da uneoro.
Osasunbideko langile gehienek % 200 eman dute pandemiaren garaian, familia kontziliazioari, oporrei eta, askotan, norberaren osasunari ere uko eginez. Oinarrizko laguntzan eta arreta espezializatuan, plantillak, herritarrekin batera, hainbat gabezia jasaten ari dira,Chiviteren gobernuak osasun publikoarekin duen konpromiso faltaren ondorioz, zalantzarik gabe. Gaur den egunean, hiru ordu baino gutxiagoan pertsona gutxi batzuk Madrileraino eramango dituen tren bat eraikitzeko lanak finantzatzen jarraitzen dute, eta, bitartean, herritar gehienek egunak itxaron behar izaten dituzte etxetik metro gutxira daukaten osasun etxean artatuak izateko.
Kasu askotan, bai langileek, bai tarteko burutzek eskuak lotuak dituzte beren eginkizunak eraginkortasunez betetzeko, eta suminduta daude jasaten dituzten bidegabekeria soziolaboralen aurrean. Horregatik, ikusirik langileen lan-baldintzen bilakaera gaiztoa (prekarietatea, lan-gainkarga, gehiegizko ordutegiak) eta haien osasunbaldintzen degradazioa (arrisku psikosozialak, atsedenik eza, Covid-aren ondorioak), eta kontuan harturik epe laburrean osasun egoera hobetzeko itxaropenik ez dagoela, ezinbestekoa da Nafarroako osasun politika lehenbailehen aldatzea, egiturazko aldaketak ekarriko dituen estrategia batean oinarrituta.
Hori lortzeko, premiazkoa da oinarri batzuk ezartzea eragile politiko eta sozialak, osasunarloko profesionalak, hezkuntza- eta prestakuntza-zentroak, herritarren kolektiboak eta abar kontsentsu batera iristeko eta, denen artean, osasun publikoa blindatuko duen itun sozial bat lortzeko, osasun arloko profesionalek Nafarroako herritarrei estaldura ezin hobea eman ahal izateko.
LABek arduradun politikoei eta osasunkudeatzaileei exijitzen die berehala erantzun diezaietela profesionalen eta herritarren beharrei, eta gainerako eragile soziopolitikoei, Osasunbideko langileei eta herritarrei eskatzen diegu inplika daitezela osasun publikoaren defentsan, etengabe jasaten dituen erasoen aurrean.
AHTren aurka Atxondon egingo den akanpadan parte hartzeko deia luzatu nahi diogu Euskal Herriko langileriari
Pandemiak ez ditu Eusko Jaurlaritzaren, Nafarroako Gobernuaren eta Espainiako Estatuko Gobernuaren asmoak, proiektuak eta lehentasunak aldatu AHTarekiko. Trenaren obrekin jarraitu, gutxi batzuen neurrira diseinatutako mugikortasun eredua martxan jarri eta aterabiderik ez duen etorkizun batera kondenatu nahi gaituzte. AHTa, zentzu horretan, proiektu zentrala da EAJren garapen ereduan. Izan ere, lurralde desorekan, nazioarteko pertsona eta merkantzien fluxuan eta neurririk gabeko hazkunde infinituan dago txertatua.
AHTaren obrek eragindako kalte ekologiko eta sozialaz gain, lan baldintzen prekaritatea ere azpimarratzekoa da. Abiadura Handiko Trenaren obrak hasi zirenetik gutxienez 11 dira bizia galdu duten langileak. Ezin dugu ahaztu, zentzu horretan, pasa den astean Elorrion AHTaren obretan bere bizia galdu zuen langilea; argi dago AHTa ez dela soilik ingurumenaren eta mugikortasun jasangarriaren kontrako eraso bat, AHTa ere langile klasearen kontrako eraso zuzena da. Horietako batzuk langile migranteak izan dira, prekarizatutako postuetan eta baldintzetan lan egiten zutenak.
Ebidentziak argiak dira. Adibidez, azkeneko urte honetan Europako Kontu Ganberak egindako auditoriak Euskal Herriko agente sozial eta sindikalok urte hauetan zehar salatu duguna berretsi du:
– Kostu-Onura txostenak inorako irizpide eta seriotasunik gabe egin ziren. Proiektuaren bideragarritasun ekonomiko eta soziala justifikatu gabe dago.
– Euskal Y delakoa irla moduko bat izango da. Izan ere, Bordelerekin konektatzen duen zatia 2037ra arte ez da amaituko eta Burgosekiko lotura ere atzerapenak jasaten ari da. Euskal Y-a, teorian, 2023 urterako bukatuta egon beharko litzateke, baina, COVID19ak eragindako testuinguru sozioekonomikoa kontuan hartzen badugu, seguruenik asko atzeratuko da denboran. Honek erakusten du proiektuaren zentzurik eza.
– Eusko Jaurlaritzak 2004tik EHUko akademikoek egindako txostenei muzin egin eta proiektuarekin aurrera jarraitu zuen.
– Euskal Y-ak, momentuz, 1.825 milioi euroko gainkostua izan du. Hasierako proiektuan definitutakoa baino %39 gehiago.
Orain da momentua AHTaren kontrako borroka indartzeko eta gizarte bezala ditugun lehentasunak birdefinitzeko. Esaterako, Atxondoko trenbide-tartean xahutuko duten diruarekin ospitale bat eraikitzeko aukera egongo litzateke, baina Eusko Jaurlaritzaren lehentasunak beste batzuk dira.
LAB sindikatutik argi daukagu; berriki egin dugun programa sozioekonomikoan jasotzen dugun moduan, ezinbestekoa da pertsonen eta merkantzien mugikortasun eredu berri bat bermatuko duen azpiegitura jasangarriak proiektatzea, tren soziala indartzea kasu. AHTak, hain zuzen ere, jasangarria ez den mugikortasun ereduan sakontzen du.
COVID19ak agerian utzi du bizitza duina bermatzeko ezinbestekoak diren sektore produktibo eta erreproduktiboak indartu behar ditugula eta zerbitzu publikoetan inbertitu behar dugula. Pandemiaren aurretik AHTaren bideragarritasuna kolokan bazegoen, momentu honetan langileok ezin dugu onartu diru publikoa zentzurik gabeko proiektuetan xahutzea. Nahiz eta ofizialki Bizkaiko azpiegituraren %70a dagoela eraikita, soilik %30a dago guztiz amaituta eta operatibo egoteko moduan. Diru publikoa zerbitzu publikoetara eta behar sozial kolektiboetara bideratzea izango da berme bakarra langileon bizitza duina bermatzeko.
LAB sindikatuak uztailaren 30 eta 31 eta abuztuaren 1ean Atxondon egingo den AHTrik ez! Akanpadan parte hartzeko deia luzatu nahi dio Euskal Herriko langileriari. Denon artean geldituko dugu!
Astelehenetik aurrera greba mugagabea egingo dute Legorretako Prodema enpresan, lanaldi jaitsiera eskatzeko
Legorretako Maderas Mejoradas Industrial (Prodema) egurgintza sektoreko enpresako langileak greba mugagabean hasiko dira uztailaren 26tik aurrera, enpresako hitzarmena lortzeko helburuz. Enpresak hiru ordezkari sindikal ditu, eta hiruak LAB sindikatukoak dira.
Azken bi asteetan hainbat lanuztea egin dituzte Prodemako langileek, 2 eta 4 ordukoak, hitzarmenaren negoziaketan ez aurrera ez atzera zebiltzalako. Lanuzteak erabatekoak izan diren arren, enpresako zuzendaritzak ez ditu langileen aldarriak onartu. Gogoratu behar dugu negoziaketa hasi zenetik urte eta erdi igaro dela.
Langileek lanaldia 8 ordu jaistea eta gaur egun enpresak eguneko 9. lanordua inposatzeko duen malgutasuna arautzea eskatzen dute grebaren bidez. LABentzat lana eta bizitzaren uztartzea erraztea eta lanaren banaketa bidezkoagoa jendarte osoan ditugun lehentasunezko erronkak dira, eta txalogarria da langileak horretarako borrokatzeko prest egotea.
Egunero 6 orduko greba egingo dute langileek zuzendaritzak bere jarrera aldatu arte, hitzarmen duina lortu arte!
Urteko zortzigarren lan heriotz ez traumatikoa gertatu da Elorrion, AHTaren eraikuntza lanetan
- Ekintza Sindikala
- Hildakoak
- Lan istripuak
- Lan Osasuna Idazkaritza
- Prekarietatea Hiltzailea
- Uncategorized
Gaur, uztailak 23, beste lan istripu hilgarri baten berri izan dugu. Atzo, Elorrion, 52 urteko langile bat hil zen, Abiadura Handiko Trenaren eraikuntza lanetan zegoela, Iguria auzoan, bihotzekoak jota. Bertan hil zen. UTE SACYR-CAVOSA-MARIEZCURRENA enpresak azpikontratatutako Sondeos, Inyecciones y Trabajos Especiales enpresako (SITE) langilea zen. Joan den astelehenean, Bizkaian, beste lan heriotz ez traumatiko bat gertatu zen eraikuntza sektorean; Gernikak, kasu honetan.
Azken hildako honekin, gutxienez, 34 dira Euskal Herrian lanean edo lanaren ondorioz hil direnak 2021ean. LAB sindikatutik gure babesa helarazi nahi diegu hildako langilearen senide, lagun eta lankideei.
Bihotzekoak, zirkulazio gaitz baskular bat ematen denean lanean, ez dira kasualitatez gertatzen, ezta ausaz edo zorte txarragatik ere, patronalak dioen bezala. Jakina da horrelako gertaerak lan zehatz batzuetan gertatzen direla, baldintza zehatz batzuetanpean. Lanean jasotzen diren presioa, estresa eta nagusien autoritarismoa giltzarri dira. Bihotzekoak eta zirkulazio gaitzen ezinbesteko faktoreak dira aipatutakoak.
Dagoeneko istripu ez traumatikoak, bihotzekoak eta iktusak, besteak beste, bilakatu dira lan heriotzen lehen gauzatzaileak. 2020ean, heriotza guztien %25koak izan dira. Aurten, dagoeneko, 8 langile hil dira arrazoi honengatik.
Argi daukagu lan istripuak, traumatiko, ez traumatiko eta joan etorrikoak ere, ez direla zoriak edo kasualitateak sortuak. Ematen diren lan harremanen, prekarizazioaren, lan arautegiaren eta azpikontratazioaren emaitza dira.
LAB sindikatutik argi dugu bizi eta lan duinak behar ditugula. Lanetik onik eta bizirik bueltatzeko eskubidea dugu. Odoluste honekin bukatzeko bide bakarra borroka eta antolakuntza dira, lan harremanen eta joku arauen aldaketatik, eredu aldaketatik, etorriko baita konponbidea. Eredu berri bat gauzatu behar dugu, langileon bizitza eta osasuna lehenetsiko duena.
Azken lan istripu hau salatzeko deituko diren mobilizazioetara dei egiten ditugu langileak eta herritarrak LAB sindikatutik.
Euskal preso, iheslari eta deportatu politikoen eskubideen defentsan mobilizatu gara Gasteizen
Euskal preso, iheslari eta deportatu politikoen eskubideen defentsan mobilizatu gara Gasteizen, Andra Mari Zuriaren plazan. Â Azken hamar urteotan Euskal Herrian izan den aldaketaren araberako espetxe-politika berriak premiazkoak direla aldarrikatu dugu elkarretaratzean, eta hau ez dugu LABetik bakarrik esaten, sindikatu gehienek eta hainbat eragilek eta alderdi politikok ere espetxe-legea betetzeko eta aplikatzeko eskatu dute.
14/2021 Dekretuaren baliozkotzeak ez du suposatuko euskal administrazioetan behin-behinean diren milaka langileren lanpostuak kontsolidatzea
Espainiako Diputatuen Kongresuan onartu den araua Euskal Herrian zuzenean inposatuko da eta milaka langileen egoera kolokan jarriko du; urteetan zerbitzu publikoak aurrera atera dituzten langileen egoera, hain zuzen ere.
Hasiera batean dekretua bertan behera geldituko zela bazirudien ere, Gobernuak egindako azken orduko mugimendu batzuen ondorioz aurrera jarraitzen du administrazio publikoetan behin-behinekotasuna murrizteko gobernuaren egitasmoak. Jatorrizko proposamenean txertatuko diren berrikuntzak guztiz partzialak dira, eta ez dute inolaz ere bitarteko langileek bizi duten egoera sakonean aldatzen. Milaka langilerentzat berebiziko garrantzia duen gaia Kongresuko pasiloetan modu horretan amaitzea etsigarria da erabat. Gainera, lege prozedura batekin jarraitzea adostu da; horrek esan nahi du alderdien arteko negoziazioak ez direla gaur amaitu. Horren haritik, EAJren iritzi aldaketa onartezina dela uste dugu. Euskal gehiengo sindikal zabalak garbi adierazi du arau honekiko bere kontrakotasuna, eta, lehen esan bezala, adostu diren berrikuntzek ez dute egiturazko aldaketarik suposatzen. Era berean, EH Bilduri eskerrak eman nahi dizkiogu dekretu honen tramitazioan erakutsi duen koherentziarengatik.
LAB aspaldi esaten ari da bitarteko langileen egonkortasuna ez dela ez Madrilen ez epaitegietan lortuko. Helburu hori lortzeko mobilizazioetan tinko jarraitu behar dugu, baita negoziazio kolektiboa bultzatzen ere. Kontsolidazio prozesu hauek aurrera eramateko marko propio bat sortu egin behar dugu, eta proposamen horrekin aurrera jarraituko dugu. Ezinbestekoa da tresna legal ezberdinak arautzea, ondoren negoziazio kolektiboaren bidez eremu bakoitzean prozesu hauek adostu daitezen.
Espainiako Gobernuak eta CCOO, UGT eta CSIF sindikatuek ez zuten, akordioa erdietsi zutenean, euskal langile publikoen egoera kontutan hartu. Tamalez, Espainiako Diputatuen Kongresuko gehiengo batek bide berdina jarraitu du. Horren aurrean, LABek kontsolidazio prozesuak egiteko lege propioak aldarrikatzen jarraituko du, behin-behineko langile publikoen egonkortasuna gure lehentasuna delako. Zerbitzu publikoen defentsan eta pribatizazioaren aurrean tinko jarraitu behar dugulako, hain zuzen ere.


