2026-11-05
HomeEkintza SindikalaSalatu egin nahi dugu Arabako kirol-jardueren enpresa handienetakoa den DISPORT EKIren administratzaileak...

Salatu egin nahi dugu Arabako kirol-jardueren enpresa handienetakoa den DISPORT EKIren administratzaileak eragindako indarkeria

Ez da berria enpresako arduradunak langileen, langileen ordezkarien edo aholkulari sindikalen aurrean erakutsi ohi duen jarrera eta jokabide arbuiagarria eta onartezina. Urteetan zehar, ezin konta ahala izan dira pertsona horrek botatako zitalkeriak, erantzun txarrak, tonu-irteerak eta mehatxuak.

Orain arte ez dugu pausorik eman DISPORT EKIko arduradunaren jokabidea publiko egiteko, baina joan den ekainaren 24an gertatu zen gertaera gure pazientziaren edalontzia gainezka egin duen tanta izan da; sorospen-zerbitzuko langile bat, eta, aldi berean, plantillaren ordezkari hautatua duela hiru aste egindako hauteskundeetan, enpresako lokaletara deitu zuten hurrengo ikasturteko lan-egutegia sinatzeko. Langileak, enpresak proposatutako egutegiarekin ados ez zegoenez, “Ados ez” gisa sinatu zuen egutegia. Une horretan, enpresako arduradunak egutegia kendu eta hautsi egin zuen. Langileari aurre egin eta bultzaka hasi zitzaion, irainka eta mehatxuka.

Langileen eskubideak urratzea arbuiagarria da, baina edozein pertsonaren aurkako erasoak onartezinak eta jasanezinak dira. EKI DISPORTeko arduradunak marra guztiak gainditu dituela uste dugu. ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuok diogu honaino iritsi garela, eta ez dugula beste eraso bakar bat ere onartuko, fisikoa edo ahozkoa izan.

Bestalde, DISPORT EKI zerbitzu publiko desberdinak kudeatzen dituen enpresa bat denez, herrialdeko administrazioetara jotzen dugu, edozein zerbitzu mota esleitu aurretik, enpresa lizitatzaileek lan-araudia eta bizikidetza-arau oinarrizkoenak errespetatzen dituztela eta enpresa esleipendunak lotzen dituzten kontratuak indarrean dauden bitartean hori betetzen dutela berma ditzaten. Eta Gasteizko Udalari, zehazki, gertakari larri horien aurrean jarrera har dezan.

ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuok euskal langileen eskubideak defendatzen jarraituko dugu, eta ez gara isilduko langileak menderatzeko modu eta jokabide mota horien aurrean. Langileak praktika horiek salatzera eta dagozkigun eskubideak defendatzera animatzen ditugu.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek ontzat jo du CAFek amiantoaren eraginpean langileak jartzeagatik egindako arau-hauste oso larria berresten duen ebazpena, eta enpresari erantzukizunak eskatu dizkio

Sindikatuak azpimarratu du gertakariak salatzeko eta langileen osasuna defendatzeko egindako lana, eta CAFri exijitu dio kaltetutako langileekin dituen erantzukizun guztiak bere gain har ditzala.

Bost langile hil dira lan istripuz azken 24 ordutan Euskal Herrian

Atzo, azaroak 3, bi heriotza gertatu ziren, Larrabetzun bata eta Laudion bestea, lehen ikerketen arabera biak istripu ez traumatikoak. Gaur, berriz, Nafarroa hegoaldean, Pitillasen, hiru langile hil dira gaur purina-gune itxi batean itota. Hala, 67 dira dagoeneko 2026an istripuz hildako langileak.

Calzadako maizterrek Farley funts putrearekin negoziazio kolektiboa abiatu nahi dute, eta Balmasedako Udalaren babesa eskatzen dute

Gaur, Farley funts putreari aurre egiten ari diren La Calzadako maizterrek hitza hartu dute Balmasedako udalbatzaren osoko bilkuran. Bi eskaera argi helarazi dituzte: Balmaseda behingoz tentsio handiko eremu gisa izendatzea, eta Farleyk negoziazio kolektiboa onar dezan eta alokairu-kontratu guztiak berritu ditzan lortzeko babesa ematea.