2024-07-27
HomeEkintza SozialaAHTren aurka Atxondon egingo den akanpadan parte hartzeko deia luzatu nahi diogu...

AHTren aurka Atxondon egingo den akanpadan parte hartzeko deia luzatu nahi diogu Euskal Herriko langileriari

Pandemiak ez ditu Eusko Jaurlaritzaren, Nafarroako Gobernuaren eta Espainiako Estatuko Gobernuaren asmoak, proiektuak eta lehentasunak aldatu AHTarekiko. Trenaren obrekin jarraitu, gutxi batzuen neurrira diseinatutako mugikortasun eredua martxan jarri eta aterabiderik ez duen etorkizun batera kondenatu nahi gaituzte. AHTa, zentzu horretan, proiektu zentrala da EAJren garapen ereduan. Izan ere, lurralde desorekan, nazioarteko pertsona eta merkantzien fluxuan eta neurririk gabeko hazkunde infinituan dago txertatua.

AHTaren obrek eragindako kalte ekologiko eta sozialaz gain, lan baldintzen prekaritatea ere azpimarratzekoa da. Abiadura Handiko Trenaren obrak hasi zirenetik gutxienez 11 dira bizia galdu duten langileak. Ezin dugu ahaztu, zentzu horretan, pasa den astean Elorrion AHTaren obretan bere bizia galdu zuen langilea; argi dago AHTa ez dela soilik ingurumenaren eta mugikortasun jasangarriaren kontrako eraso bat, AHTa ere langile klasearen kontrako eraso zuzena da. Horietako batzuk langile migranteak izan dira, prekarizatutako postuetan eta baldintzetan lan egiten zutenak.

Ebidentziak argiak dira. Adibidez, azkeneko urte honetan Europako Kontu Ganberak egindako auditoriak Euskal Herriko agente sozial eta sindikalok urte hauetan zehar salatu duguna berretsi du:

–       Kostu-Onura txostenak inorako irizpide eta seriotasunik gabe egin ziren. Proiektuaren bideragarritasun ekonomiko eta soziala justifikatu gabe dago.

–       Euskal Y delakoa irla moduko bat izango da. Izan ere, Bordelerekin konektatzen duen zatia 2037ra arte ez da amaituko eta Burgosekiko lotura ere atzerapenak jasaten ari da. Euskal Y-a, teorian, 2023 urterako bukatuta egon beharko litzateke, baina, COVID19ak eragindako testuinguru sozioekonomikoa kontuan hartzen badugu, seguruenik asko atzeratuko da denboran. Honek erakusten du proiektuaren zentzurik eza.

–       Eusko Jaurlaritzak 2004tik EHUko akademikoek egindako txostenei muzin egin eta proiektuarekin aurrera jarraitu zuen.

–       Euskal Y-ak, momentuz, 1.825 milioi euroko gainkostua izan du. Hasierako proiektuan definitutakoa baino %39 gehiago.

Orain da momentua AHTaren kontrako borroka indartzeko eta gizarte bezala ditugun lehentasunak birdefinitzeko. Esaterako, Atxondoko trenbide-tartean xahutuko duten diruarekin ospitale bat eraikitzeko aukera egongo litzateke, baina Eusko Jaurlaritzaren lehentasunak beste batzuk dira.

LAB sindikatutik argi daukagu; berriki egin dugun programa sozioekonomikoan jasotzen dugun moduan, ezinbestekoa da pertsonen eta merkantzien mugikortasun eredu berri bat bermatuko duen azpiegitura jasangarriak proiektatzea, tren soziala indartzea kasu. AHTak, hain zuzen ere, jasangarria ez den mugikortasun ereduan sakontzen du.

COVID19ak agerian utzi du bizitza duina bermatzeko ezinbestekoak diren sektore produktibo eta erreproduktiboak indartu behar ditugula eta zerbitzu publikoetan inbertitu behar dugula. Pandemiaren aurretik AHTaren bideragarritasuna kolokan bazegoen, momentu honetan langileok ezin dugu onartu diru publikoa zentzurik gabeko proiektuetan xahutzea. Nahiz eta ofizialki Bizkaiko azpiegituraren %70a dagoela eraikita, soilik %30a dago guztiz amaituta eta operatibo egoteko moduan. Diru publikoa zerbitzu publikoetara eta behar sozial kolektiboetara bideratzea izango da berme bakarra langileon bizitza duina bermatzeko.

LAB sindikatuak uztailaren 30 eta 31 eta abuztuaren 1ean Atxondon egingo den AHTrik ez! Akanpadan parte hartzeko deia luzatu nahi dio Euskal Herriko langileriari. Denon artean geldituko dugu!

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

LAB sindikatuak Guggenheim Urdaibai proiektua bertan behera uzteko eskatzen die Eusko Jaurlaritzari eta Bizkaiko Foru Aldundiari, beste behin eta behingoz

Politika publikoen bultzadak balio behar du eskualderako etorkizun ekosozial justua bermatzeko, eta bertan bizi eta lan egiten duten langileentzat lan baldintza, bizi baldintza eta zerbitzu publiko duinak bermatzeko.

Eusko Jaurlaritzak onartutako langile publikoentzako soldataren igoerak erosahalmenaren galera eta Madrilekiko menpekotasuna dakar, beste behin ere

LABek Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak langile publikoentzat (*) onartu berri duen %2ko soldata igoera salatzen du. Ikasturte honetan hiru greba eta hainbat mobilizazio egin ditugu soldata eta enplegua hemen erabakitzeko, bertan negoziatu eta adosteko. Hauek dira Jaurlaritzak agindutako azken neurriaren aurka azaltzen ditugun argudioak:

Prekaritateak dakarren lan segurtasun ezak hil egiten du

Gipuzkoako Kale Garbiketa sektoreko alderdi sindikal guztiak, ELA sindikatua izan ezik, pasa den uztailarean 10ean, Iruñean, gaueko txandan bere lana egiten zuen bitartean, lan istripuan hildako FCC-ko (Iruñerriko Mankomunitateko azpikontrata) langilearen familia, lagun eta lankideei elkartasuna eta babesa helarazteko, gaur uztailak 24, elkarretaratzea egin dugu Gipuzkoako FCC-ko egoitza nagusiaren parean, Hernaniko Zubiondo poligonoan.