2026-01-25
Blog Page 460

Keinu eta jokabide euskarafobo guztiak bertan behera uzteko aldarria egin dugu IruƱean

Egun indarrean dagoen euskarafobia salatu dugu IruƱean, eta Administrazioan euskararen erabilera arautuko duen lege berri bat aldarrikatu dugu. Hain zuzen ere, batzar ibiltari bat egin dugu, Vinculo plazatik abiatu eta Nafarroako Jauregian bukatuta. Hitz hartzeak egin ditugu Geroa Bai-ren eta PSNren egoitzen aurrean, baita Parlamentuaren eta Nafarroako Jauregiaren aurrean ere. Azken honetan, Nafarroako LABeko ordezkari Imanol Karrerak hartu du hitza, eta keinu eta jokabide euskarafobo guztiak bertan behera uzteko aldarria egin du.

Aurretik, LAB Osasunbideko arduradun Dabid Mendazak, LAB Irakaskuntzako Saioa Tapiezek eta Nafarroako Administrazioko LABeko arduradun Isabel Artiedak hartu dute hitza, kokaleku desberdinetan. Hain justu, talde parlamentariei, PSN-ri eta Geroa Bai-ri zuzendu zatzaizkie, hurrenez hurren.

Mendazak salatu du legeak eta dekretuak langile euskaldunen eskubideak urratzen ari direla, baita euskaraz artaturik izateko eskubidea duten herritar guztiena ere. Zerrenda bakarra ez ezartzea, D ereduaren aldeko kanpainarik ez egitea, IruƱeko haur eskoletan euskara ia desagerraraztea… Finean, euskararen kontra Navarra Suma-rekin bat egitea leporatu dio Tapizek PSN-ri. Artiedak, berriz, Nafarroako Gobernuaren kide den heinean, euskara administrazioan ezartzeko dekretua martxan jar dezala eskatu dio Geroa Bai-ri.

Lan heriotzak salatu dituzte, Derioko Errekalde zentroan hildako sukaldaria gogoan

Lan heriotzen odolusteak ez du etenik, eta, joan den astean, lau eguneko epean, hiru langile hil ziren bihotzekoak jota; horietako bat Derion, Bizkaiko Foru Aldundiko Errekalde Laguntza Zentroan. Hain zuzen ere, bertako sukaldari bat hil egin zen, ondoezik sentitu eta gero. Bada, Derioko lan heriotza salatzeko, Bizkaiko Foru Aldundiko enpresa batzordeak elkarretaratzea egin du Foru Jauregiaren aurrean.

Larritzekoa da istripu hilgarri ez traumatikoen gorakada. Istripu guztien atzean lan eta bizi-baldintza kaxkarrak aurkitzen dira, hauetan ere. Istripu ez traumatikoak bilakatu dira laneko istripu hilgarrien lehen arrazoia. Halaxe salatu dugu azken egunotan, urtea hasi zenetik 5 langile hil direla kontutan hartuta.

Gipuzkoako eraikinen eta lokalen garbiketako langileak patronalaren aurrean mobilizatu dira, soldata arrakalaren aurka

Gipuzkoako eraikin eta lokaletako garbiketa zerbitzuko negoziazio mahaia dela-eta, elkarretaratzea egin dugu Donostian. Urtarrilaren 21 eta 22ko greben aldarriei jarraipena emateko, negoziazio zentroaren aurrean mobilizatu gara, Aspel patronala interpelatzeko.

Ipar Euskal Herrian erabakitzea inoiz baino beharrezkoagoa dela aldarrikatu dugu Baionan, lan eta bizitza duinaren defentsan

Greba eguna deituta dago Frantziako Estatuan, Macronen Gobernuak pandemia egoera dela-eta hartutako neurriek dituzten ondorioak salatzeko; enpleguan, soldatetan, babes sozialean zein lan eta bizi baldintzetan eragindakoak. Sistemaren eraso berri honen aurrean, LABek argi du inoiz baino beharrezkoagoa dela Ipar Euskal Herrian bertan erabakitzea; tokiko negoziazio mahai bat sortzea, lurraldeko eragileekin benetako tokiko alternatibak eraikitzeko. Halaxe aldarrikatu dugu Baionako kaleetan, Lapurdiko hiriburuan deitutako mobilizazio bateratuan, non hainbat sektoretako langileak bildu diren: osasungintza, irakaskuntza, kultura eta funtzio publikokoak, besteren artean.

Hain zuzen ere, manifestazioan berretsi dugu egiazko arazoa ez dela koronabirusa, baizik eta Gobernu desberdinen hautuek eta erreformek egun behar ditugun zerbitzu publikoak suntsitu dituztela. Zerbitzu publiko indartsuak behar ditugu.

Eredu sozial eta ekonomiko zuzenago bat birpentsatu behar dugu, aberastasuna eta lana partekatuz, denok duintasunez eta osasun onean bizi ahal izateko. Beraien krisia ez dugulako ordainduko, LABetik lege berri bat proposatzen dugu justizia sozialean oinarritua, gure bizitza erdigunean jarriz.

Hauek dira gure aldarriak:

-Ikasle-estatutu erreala, gazteenei beren ikasketak jarraitzeko aukera emango diena, haiek diruztatzeko lanik egin gabe.

-Aberastasunaren eta lanaren banatzea, enplegu duina eta guztientzako gutxieneko diru-sarrera bermatzeko.

-Ohe irekitzeak ospitale publikoetan, eta osasunaren Segur berri bat, medikuntzako eta sozial arloko soldatapekoak integratuz.

-Hezkuntzan aurreikusitako lanpostuen ezabaketen ezeztatzea, eta soldaten eta baliabide errealen balioa handitzea hezkuntzako langile guztientzat.

-Lan baldintza duinak eta bermeak sektore pribatuko enpresetako langile guztientzat, batez ere enpresa txikietako langileentzat.

Donostiako Udalean salaketa jarri dugu, Martutenen amiantoa duten hondakinak bide bazterrean daudela ohartarazteko

Joan den urtarrilaren 30ean, herritar batek salaketa publikoa egin zuen, Martuteneko LarraƱategi bidean amianto isuria dagoela ohartarazita. Bost egun igaro dira, eta bide bazterrean dauden fibrozementuzko plaka eta hodiak oraindik ez dituzte erretiratu, ezta babestu eta seinaleztatu ere. Hori dela eta, salaketa formala jarri dugu.

Hondakin horiek berehala kentzeko exijitu dugu, beti ere baimendutako enpresa baten bitartez eta hondakinen kudeaketa egokia eginez, babes neurri guztiekin. Era berean, isurketa horren arduradunak aurkitzeko egin beharrekoak egiteko eskatu dugu. Hau guztia ahalik eta lasterren egin ezean, Gipuzkoako Ingurumen Fiskaltzaren esku utziko dugu salaketa.

Hauxe da salaketa:

Deustuko Etengabeko Arreta Gunearen gaueko zerbitzuaren itxiera salatu dugu Gasteizko Legebiltzarrean, 18.000 sinaduren babesarekin

Sindikatuok, Deustuko Etengabeko Arreta Guneko (EAG) langileekin batera, elkarretaratzea egin dugu Gasteizen, Eusko Legebiltzarraren aurrean, Osakidetzak zerbitzuaren gaueko txanda behin betirako itxi duela salatzeko. Hain zuzen ere, zerbitzu publiko hori kentzearen aurka bildutako 18.000 sinadura baino gehiago entregatu ditugu.

LAB, SATSE, ELA, CCOO, UGT, ESK eta SME sindikatuok eta Deustuko EAGko langileek hilabeteak daramatzagu salatzen Osakidetza pandemiaz eta horren ondoriozko nahasmenaz baliatu dela, aitzakia gisa, ematen duen osasun-arretaren eskaintza murrizteko. Hain da horrela, ezen, gure aldetik egindako presioa eta guzti, azkenean itxi baitu Deustuko EAGko gaueko zerbitzua, 2021eko otsailaren 1era arte irekita egon dena.

Murrizketa hori aspalditik zegoen jasota Osasun Sailaren ibilbide orrian, baina orain pandemiak ekarri duen ekaitz perfektua aprobetxatuz aplikatu da. Aurrerantzean osasun-zerbitzu publiko hori ez zaie eskainiko herritarrei, oraingo honetan bilbotarrei; erabaki horrek, gainera, ondorio larriak eragingo dizkie bai gaixoei, eta baita osasun-sistema publikoari berari ere. Gogora ekarri behar dugu EAGak arreta-maila bat direla, hain premiatsuak ez diren (premiazkoak bilakatu litezkenak) baina arreta behar duten larrialdiak artatzeko, nahiz eta premia hori ez izan ospitaleko larrialdietan artatzeko bestekoa.

Horrela, neurri horrek ospitaleetako larrialdiak gehiago kargatzea dakar, Basurtuko Ospitalekoak kasu honetan. Zeren ospitaleko larrialdiei ez dagozkien patologiak eta egoerak hara bideratuko baitira, ospitaleetako larrialdi-zerbitzua kolapsatu arte. Izan ere, oso larriak ez diren patologiak EAGn artatu beharko lirateke. Horrek, gainera, ondorio logiko hauek ekarriko ditu:

– Herritar gehiago pilatuko dira ospitaleetako larrialdi-zerbitzuetako itxaron-geletan.

– Artatuak izateko itxaron-denbora luzatuko da, eta egoera saturatuz joango da.

– COVID-19arekiko esposizioa areagotuko da, osasun-gomendio guztien aurka.

Argi dago maniobra hori Osasun Sailaren eta Osakidetzaren estrategiaren barruan dagoela, EAGek ematen duten zerbitzua murrizteko edo are ezabatzeko. Izan ere, ez da gaueko ordutegian ixten duten lehen EAGa, eta ez da azkena izango, horrelakoak gertatzen uzten badugu.

Zerbitzu publiko horren itxiera saihesteko egindako dinamika guztien artean, urtarrilaren 28an hainbat eragilek, besteak beste, Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak, Osaldek eta Bilboko Elkartasun Sareak mozio bat aurkeztu zuten Bilboko Udaleko Osoko Bilkuran. Mozio horretan, Udalbatzari eskatu zioten Osakidetza eta Osasun Saila premiatu zitzan Deustuko EAGren aurrez aurreko larrialdien zerbitzuaren itxieran atzera egitera (00:00-08:00 bitarteko ordutegian). Baina mozio hori ez zen onartu; horren ordez, aurrera atera zen Udal Gobernuaren zuzenketa, EAJk eta PSEk prestatua. Horren bidez, Osakidetzari eskatu zitzaion xehe-xehe azter zezala lehen deskribatutako zerbitzua kentzearen ondoriozko eragina, eta baita zerbitzuaren balizko erabiltzaileei osasun-estaldura mantenduko zitzaielako bermea ere. Bitarteko irtenbidea, inon bada.

Bat egin dugu Zaldibar Argitu plataformak hondamendiaren urtemuga dela-eta deitutako mobilizazioekin

2020ko otsailaren 6an Zaldibarko Verter Recycling zabortegia hondoratu eta Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran desagertu ziren zabor artean. 6 hilabete eta 10 egun desagertua eman ondoren, Alberto Sololuzeren gorpuzkinak aurkitu zituzten. Zorritxarrez, urte bat eta gero, Joaquin Beltranek desagertu jarraitzen du zabortegian.

Hasieratik exijitu dugu langileak aurkitzea, baina afera hau ez da hor amaitzen. Izan ere, erantzukizun politikoak argitzea eta azken ondorioetaraino iristea ezinbestekoak dira, egia ezagutu dadin, justizia egon eta berriro gerta ez dadin bermeak ziurtatzeko.

Hondamendiak erantzule politiko argiak ditu

Zabortegiaren kudeaketa luizia gertatu zen momentuan, baina baita hondamendiaren aurretik zein ondoren salatu ditu LAB sindikatuak. Verter Recycling enpresaren jardueran, kontrol eta isun faltaz gain, amiantoaren arauz kanpoko pilaketak egon dira urteetan zehar, kasuz kasu kontrolatu behar zirenak. Jaurlaritzak eta Ingurumen sailak, orduan ere, ez zuten ezer egin.

Verter Recycling enpresak erantzunkizun zuzena du hildako langileen gainean eta urteetan zehar Zaldibarko zabortegian egon den jarduera klientelar, opako, ez jasangarri eta arriskutsuaren aurrean.

Kasu honetan, erantzukizuna ezin da eremu pribatura mugatu, eremu publikoak gertatzen ari zenaren gaineko erantzukizun politikoa izan duelako. Arduradun horiek izen abizenak eta ardura politikoak dituzte. IƱigo Urkulluk zuzenduriko Eusko Jaurlaritzak eta IƱaki Arriola sailburuak ardura politiko zuzena dute Zaldibarren gertatukoaren inguruan. Are gehiago, kontuan hartzen badugu enpresaren eta hainbat kargu politikoren artean dagoen harreman zuzena.

Erantzule nagusien artean, patronala ere badago zalantzarik gabe. Izan ere, indarrean dagoen legeria ez du betetzen. Langileon gaixotasun edota heriotzak merke ateratzen zaizkio eta horrela izaten den bitartean, joera ez da aldatuko. Zabor kudeaketa pribatizatu eta kontrol publikorik ez edukitzeak, egungo zabor eredua negozio bilakatu du eta patronalak horretan ere aurkitu du mozkina langile klasearen zein naturaren bizkar.

Egoera tragiko horren aurrean, patronala ez salatzeak, Administrazio publikoa bera konplize bilakatu du, egoera aldatzeko beharrezkoak diren zaintza, kontrol zein babes neurriak ez baititu hartzen, langileon bizitza zein osasuna bermatzeko edota zabor eredu iraunkor baterako trantsizioa egiteko.

Lanetik etxera bizirik bueltatzeko eskubidea dugu!

Euskal Herrian, 2020. urtean, gutxienez 75 langilek bizitza galdu dute lanean. Koronabirusaren testuinguruan azeleratu den krisialdi sozioekonomikoak ez du gelditu lanean hildakoen sarraskia. Kontrakoa, 2020an lan istripu hilgarriak %65 areagotu dira 2019 urtearekin alderatuta. Amiantoaren ondorioz, gutxienez, 28 pertsona hil dira. Koronabisurasen ondorioz hildako langileen kopurua, aldiz, ez dugu ezagutzen.

Lan istripuak ez dira bizitzako gertakari arruntak, ekonomia eredu zehatz batek ezartzen dizkigun ondorioa baizik. Zaldibarren gertatutakoa zabor bilketa eredu ez jasangarri batez elikatzen den sistema kapitalista ekozidaren erakusgarri garbia da. Horrela, berebiziko garrantzia du gertatutakoaren inguruan erantzunkizunak argitzeak. Era berean, zabor kudeaketari dagokionean administrazioek orain arte garatu duten pribatizazio politika salatu eta ekonomia jarduera estrategikoak publikoak izan behar dira.

Egoera hau jasaezina bihurtu da langile klasearentzat. Langileriak pairatzen duen lan indarkeria arazo sozial larria da, egiturazko arazo larria eta inposatzen dizkiguten politika neoliberalaren ondorio zuzena da. Lan istripuak enplegu eta lan-baldintza txarren ondorio dira, prekarietatearen (azpikontratazioa, behin-behikotasuna… etab.) eta benetako prebentzio eta babes neurri faltaren ondorio.

Politika publikoen lehentasuna, langileon bizitza erdigunean

Gaurkoan, Gasteizko Gobernuari exigitzen diogu langileon bizitza eta osasuna erdigunean jarriko dituen politika publikoak garatzea. Horretarako, egungo politiken norabidea da aldatu beharrekoa. Badaude alternatibak, eredu berriak, aldaketaren aldeko gehiengo herritarra, urgentzia kolektiboa… borondate politikoa da falta dena.

Pasa den urteko urtarrilaren 30ean bizitza, lan eta pentsio duinak aldarrikatuz greba orokorra egin genuen, milaka herritar, herri honetako gehiengo soziala mobilizatuz. Urtebete honetan zehar, osasun krisiarekin, aurretik zetorren krisi estrukturala azeleratu besterik ez da egin, eremu ezberdinetako krisiak bisibilizatuz (zaintza, hezkuntza eredua, lan harremanak, osasungintza…).

2020Ko otsailaren 6ko gertakariak, eredu ekonomiko kapitalista ekozida hau iraunkorra ez dela, heriotza-sufrimendua besterik ez duela ekartzen eta pertsonen bizitzaren aurkakoa dela agerian utzi du. Zaldibarko zaborraren atzean dagoen zabor kudeaketari kiratsa dario. Eremu honetan ere, garaia da eredu berri bateranzko urratsak emateko, trantsizioa egiteko.

Herri ekimenari esker, Zaldibar argitzen ari gara

Langileon eta herritarron erantzuna, txalotzekoa eta eskertzekoa izaten ari da: etengabe mobilizazioak, iniziatiba herritarrak, herri akusazioa aurkeztea, langileak antolatzea, proposamenak mahai gaineratzea… berriro gerta ez dadin, bermeak eta erantzunkizunak eskatuz.

LAB sindikatuan lanean eta borrokan jarraituko dugu langileen segurtasun, osasun eta bizitzen alde, guztiontzat osasuntsua eta bizigarria izango den eredu sozioekonomiko berri baten defentsan. Eta noski, Zaldibarren gertatutakoa argitzeko ere. Zentzu honetan, otsailaren 6ean Zaldibar Argituz plataformak deitu dituen mobilizazioekin bat egin eta langileria bertan parte hartzera gonbidatu nahi dugu.

–  Zallan. Plazan. 12:45ean lore-eskaintza eta 13:00etan manifestazioa.

–  Etxebarria. 13:00etan Olaia aurrean

–  Elgeta. 13:00etan plazan

–  Markina-Xemein. 13:00etan

–  Zaldibar. 13:15ean Udaletxeko Plazan.

–  Eibar. 17:00etan Untzagatik.

–  Ermua. 17:30ean Zubiaurretik.

GarbiƱe Aranburuk adierazi du mobilizazio orokorragoak beharrezkoak direla enpleguaren arazoari erantzuteko

Aktualitateko gaiak hizpide izan ditu GarbiƱe Aranburu idazkari nagusiak, Hamaika Telebistan egindako elkarrizketan. Hain zuzen ere, enpleguaren suntsiketaz, lan osasunaz, sistema publikoa indartzeko beharraz eta aurrekontuetaz aritu da, besteak beste. Gertatzen ari den enplegu galerari buruz, nabarmendu du beharrezkoa dela harresi sindikal eta sozial bat eraikitzea lanpostuen defentsan: “Enpleguaren arazoari, lekuz leku, enpresaz enpresa, erantzuteaz gain, mobilizazio orokorragoak eta zabalagoak beharrezkoak dira”, azaldu du, eta LAB sindikatua bide hori lantzen ari dela azaldu du, eragileekin egingo dugun erronda aipatuta.

Lan heriotzak eguneroko ogia bilakatu dira, eta horren aurrean ere gogoeta egin du GarbiƱe Aranburuk: “Heriotzen atzean prekarietatea dago, eta prebentzio neurriak ez betetzea. Lan heriotzak ekidin daitezke, indarkeria patronala da, eta instituzioen aldetik utzikeria dago, ez dutelako urratsik ematen istripu hauek saihesteko. Laneko gaixotasunak ez dituzte erregistratu ere egiten”. 

Zaintza sektorean eta Osakidetzan izandako grebak ardatz, zerbitzu publikoak indartzea ezinbestekoa dela azpimarratu du. Osasungintza publikoan agerian geratu da zein garrantzitsua den sistema publiko indartsu bat izatea. Osasungintzan murrizketak izan dira azken urteetan; osasun langileak egonkortasunik gabe daude lanean, lan karga handiarekin; babes neurriak borrokatu beharrean izan dira… Europako beste herrialdeekin alderatuz, inbertsio beretsua eskatzen dugu, eta EAErako aurkeztutako aurrekontuetan ez dugu ikusiā€.

Zaintza arloko gatazkari buruz, salatu du langile hauei ez zaiela behar eta merezi duten aitortzarik ematen, ez politikoki, ez ekonomikoki, ezta sozialki ere, lan hauek emakumeek betetzen dituztelako. Zaintza negozio izatea onartezina dela kritikatu du: “Zaintzak ezin du pribatizatuta egon, sistema publiko baten bidez bermatu behar da. Egungo egoerak nahiko agerian utzi du gogoeta sakon bat egin behar dela, eztabaida sakon bat ireki behar dela guztion artean, zein nolako zaintza eredua nahi dugun erabakitzeko”.