2026-01-25
Blog Page 451

Hemodialisia: prekaritatea handitzeko bateratze-proiektu bat

Hemodialisiaren arloko burutzak Unitateko arduradunen baldintzarik gabeko laguntzarekin egin nahi duen bateratze-proiektuak argi erakusten du zein den Nafarroako Ospitalegunean ezarrita dagoen jarduteko modua. Proiektu horrek ez du langileen babesik, nagusien inposaketatzat hartzen dutelako eta hobekuntzarik ekarriko ez duelako ez herritarren arretari begira, ezta langileen lan-baldintzetan ere. Nafarroako Ospitaleguneko Zuzendaritzaren oniritzia ere ez du, baina, hala ere, Zuzendaritzak onartzen du burutza batzuek erabakiak hartzea negoziazio guztien gainetik.

Zuzendaritzak ongi baino hobeki ezagutzen ditu Ospitalegunean bateratze-prozesuek edo bateratze-saioek izan dituzten ondorioak, kasu askotan kaltegarriak izan baitira. Adibidez: Larrialdien bateratze kaotikoa, bukatu gabe gelditu den Zainketa Intentsiboen proiektua, pediatria unitateena, eta abar luze bat.

Hemodialisi Zerbitzuko langileek adierazi digute oso kezkatuak daudela arlo horretako burutzak bere proiektu partikularra garatu nahi duelako, herritarren eta langileen premietatik oso urrun dagoena. Zalantza handiak dituzte proiektu horrek pazienteen asistentzia-kalitatea hobetuko ote duen. Gainera, argi dute erizaintzako lanaren ezegonkortasuna areagotuko lukeela; izan ere, langile horien txandak aldatu nahi dituzte, hobekuntza gisa aurkeztuz, baina, egiaz, lanaldi partzialen aldeko beste apustu bat baino ez da, eta ez da inoiz planteatzen plantilla egonkortzea.

LABek defendatzen du beharrezkoa dela plantillak behar bezala dimentsionatzea eta Bideko Ama Birjinaren Ospitalea egokitzea, azpiegitura batzuk egoera kaskarrean daudelako eta premiazko inbertsioak behar direlako baliabideetan, azpiegituretan eta langileen arloan. Arloko burutzari eta unitateko buruari eskatzen diegu “adabakiak” jartzeko politika alde batera utz dezatela eta behar bezala azter ditzatela, behingoz, plantillaren beharrak. Bada garaia plantillak egonkortzeko eta lanaldi partzialeko lanpostuak lanaldi osoko lanpostu bihurtzeko (lanaldi partzialeko lanpostu gehiegi daude, eta langile batzuek urteak daramatzate egoera horretan).

Era berean, pertsona bakarreko proiektu hori berehala geldiaraztea eskatzen dugu, langileengan babesgabetasun-sentimendu sakona eta erabateko desatxikimendu-sentsazioa sortzen ari baita, haien ekarpenak ez baitira kontuan hartu.

Horrekin batera, LABek proposatzen du bideragarritasun-azterketa bat egitea Lizarrako Garcia Orcoyen Ospitalean ere hemodialisi-zerbitzu bat instalatzeko. Horrela, egunero Iruñera joan behar duten pertsonek aukera izanen lukete zerbitzu hori eskualdean bertan jasotzeko, eta horrek Nafarroako Ospitaleguneko bi unitateen lan karga arintzen lagunduko luke.

Ez da LABek adostasunik gabeko proiektuak ezartzearen ondorioz sortzen den lan-prekarietatea salatzen duen lehen aldia: behin-behinekotasuna handitzea, langile finkoek ihes egitea… Gainera, kasu honetan, oso kontuan izan behar ditugu bai jasaten ari garen krisialdia, bai Ospitalegunean bertan izan ditugun esperientzia negatiboak.

Nagusi batzuen erabakiek –konparazio batera, pool-covid langileen hasiera bateko kudeaketa txarra, ama arloan dauden arazoak, Larrialdiko zainketen Zuzendariordetzaren kudeaketa penagarria – argi uzten dute Ospitaleguneko zuzendaritza berriari lan handia geratzen zaiola aspalditik datozen inposizio-jarrerak demokratizatu nahi baditu.

Egungo nagusiak, gainera, hilabete hauetan daukagun ziurgabetasun-egoera aprobetxatzen ari dira aldaketak egiteko, langileen akidura fisiko eta psikologikoaz baliatuz.

LAB sindikatutik uste dugu ez dela une egokia horrelako aldaketak egiteko, eta Ospitaleguneko Zuzendaritzak ez luke onartu behar langileen kalteberatasun-egoera hau  aprobetxatzea horrelako proiektuak gauzatzeko, ez baitute inolako adostasunik. Horregatik, LABek tinko jarraituko du langileentzat eta herritarrentzat hobekuntza argia eta adostua ekartzen ez duten jarrerak eta erabakiak salatzen, eta, aldi berean, burutzak demokratizatzearen alde eta langile guztiek unitateen funtzionamenduan parte hartzearen alde egiten jarraituko dugu.

Garbiñe Aranburu: “Tubacex-ek momentua baliatu nahi du enplegua suntsitzeko, eta horretan bidelagun du Jaurlaritza”

LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk Euskadi Irratiko “Faktoria” saioan elkarrizketatu dute, gaurkotasun gaiak hizpide. Tubacex-eko gatazkari buruz aritu da, eta enpresak enplegua suntsitzeko estrategian Eusko Jaurlaritzaren babes osoa duela salatu du. “Jaurlaritzak babesa ematen die Tubacex edo ITP bezalako enpresei, egoera koiuntural baten aurrean enplegua suntsitzeko. Eta enpresek, lan erreforma eskuetan, oso erraza eta oso merke suntsitu dezakete enplegua”, adierazi du, eta egoera koiuntural batean egiturazko neurriak hartzen ari direla deitoratu du.

Garbiñe Aranburuk nabarmendu du enpresak, hasieratik, ez duela akordiorik nahi izan. “Mehatxu baten gainean oinarritutako negoziazio prozesu bat inposatu nahi izan du, eta ez da ahaztu behar Tubacex taldea azken urteetan irabazi izugarri handiak izan dituela, dibidendu banaketa itzela izan duela eta enpresak diru publikoa jaso duela”.

Idazkari nagusiaren hitzetan, “Tubacex-ek momentua baliatu nahi du enplegua suntsitzeko, eta horretan bidelagun du Jaurlaritza”. Azpimarratu du ez dagoela bestelako ezerri buruz hitz egiteko aukerarik, kaleratzeen mehatxua mahai gainean egonez gero: “Bestelako neurrietaz, neurri koiunturalei buruz, etorkizun batean berreskuratzeko aukerekin, eta enpleguaren berme argi batekin, guztiari buruz hitz egin daiteke, baina ez dago enpresaren borondaterik horretarako, eta Jaurlaritzak ez ditu horrelako negoziazioak bilatzen”.

Martxoaren 8a, txertaketa kanpaina eta sektore publikoan apirilaren 22rako deitutako greba ere izan ditu hizpide, besteak beste. Aipatutako grebari dagokionez, ohartarazi du prekaritatea eta egonkortasun falta ez direla sektore publikotik kanpo geratzen diren kontuak: “Hainbat eta hainbat interino daude egoera ezengonkorrean, eta hori guztia erregularizatu behar da. Enplegua defendatu behar da sektore publikoan. Mobilizatzeko behar bat ikusi dugu, eta deialdia hor dago”.

Ostiralean izandako lan heriotza salatu dute Azpeitian, eta Nafarroan beste langile bat hil egin da lan istripuz

Bart, beste istripu hilgarri bat egon da Euskal Herrian. Garraiolari bat kamioi batek harrapatuta hil da Accionako Irunberriko lantegian. Antza denez, azpikontrata bateko langilea zen. Azken honekin, 2 garraiolari hil dira azken 5 egunetan. Bitartean, goizean, elkarretaratzea egin dute Azpeitiako Mendiaraiz enpresan, ostiralean bertan izandako lan heriotza salatzeko.

Irunberrikoa urte hasieratik Nafarroan hiltzen den bigarren langilea da eta Euskal Herrian hiltzen den hamargarrena. Gainera, Joaquin Beltranek desagertuta jarraitzen du Zaldibarreko zabortegian iazko otsailaren 6tik.

LAB sindikatutik, elkartasuna eta samina adierazi nahi diegu hildako langilearen senideei eta lankideei.

Berriro salatu behar dugu langileen heriotzak ez direla halabeharrez edo zorte txarrez gertatzen. Hainbat faktoreren ondorio dira, baina horien artean beti daude lan-baldintzak; enpresen irabaziak, presak, prekarizazioa, azpikontratazioa… lehenesten dituztenak. Noiz arte egon beharko dugu gaitz hori jasaten? Ez zaigu onargarria iruditzen.

Nafarroako Gobernuari eskatzen diogu lehentasunen artean jar dezala egoera honekin amaitzea, ekonomia langileen heriotzan oinarritzen duena. Baina hori ez da gertatuko eredua aldatu gabe. Langileen bizitza, segurtasuna eta osasuna erabaki guztien erdigunean egongo diren eredu berria behar dugu.

Hori dena ez da gertatuko borroka eta mobilizaziorik gabe. Eliteek ez digute emango, hartu egin beharko dugu!

Osakidetzak proposatutako Kontratazio Akordio berria atzerakada larria da euskararentzat EAEko enpresa publiko handienean

Osakidetzako Zuzendaritzak Osasuneko Mahai Sektorialean dauden sindikatuei helarazi digun Kontratazio Akordioaren zirriborroa, praktikan jarriz gero, atzerapauso larria izango litzateke euskararen erabileraren normalizazioan erakunde publikoan, hau da, EAEko enpresa publiko handienean.

Osakidetzaren proposamenak ez luke euskararen ezagutzarik eskatuko egiten diren egiturazkoak ez diren behin-behineko kontratu gehienetan. Ezagutza hori “1. lehentasuneko” lanpostuetarako kontratuetan baino ez litzateke eskatuko, hau da, pediatria-zerbitzuekin eta informazio-guneekin lotutako lanpostu batzuetan soilik, edo %70tik gorako populazio euskalduna daukaten herrietan.

Kontuan hartzen badugu Osakidetzan horrelako 60.000 kontratu inguru egiten direla urtero euskararen ezagutza kontuan hartu gabe, eta horietako askok hilabeteak edo denboraldi luzeak irauten dutela, erraz uler daiteke horrek Osakidetzan euskararen normalizazioari eragiten dion kalte larria, Osakidetza arreta euskaraz ez emateagatik kexa gehien jasotzen dituen euskal zerbitzu publikoetako bat izanik.

Osakidetzak hainbat urtez erabili izan ditu aldi baterako kontratu horiek egiturazko beharrak estaltzeko, euskararen ezagutzarik eskatu gabe, baita euskara-eskakizuna esleituta zuten lanpostuetan ere.

Azken urteotan, eta praktika horrek zekarren oztopoaren aurrean, bai Erakundearen Euskara Planak, bai Eusko Legebiltzarreko Akordio batek eta baita Osakidetzaren barne-jarraibideek ere neurriak jarri dituzte mahai gainean kontratazio guztietan, baita egiturazkoa ez den aldi baterako kontratazioetan ere, euskararen ezagutza eskatzea lortzeko.

Horregatik, ez dugu Osakidetzaren jarrera ulertzen, azken urteotan aurreratutakoari bizkarra eman eta euskara ahanztera kondenatuko lukeen Kontratazio Akordio berri bat planteatzen duenean. LABek kezkaz ikusten du Eusko Jaurlaritzak eta Osakidetzako zuzendaritzak euskarari buruz egiten duten diskurtso bikoitza: irudi-kanpainak eta hitz onak, baina praktikan, mespretxua eta ahanztura euskararentzat, ez dezagun ahaztu, gure herrialdean ofiziala den hizkuntza.

LABek urteak daramatza borrokan, gehienetan bakarka, osasuna bezalako zerbitzu publiko garrantzitsu eta sentibera batean euskarak merezi duen lekua izan dezan. Urteak daramatzagu Osakidetzako zuzendaritzari behin-behineko kontratazioetan ere euskara kontuan hartzeko eskatzen. Osakidetzak mahai gainean jarri duen Kontratazio Akordio proposamenak bizkarra ematen die herritarren, Arartekoaren eta Eusko Legebiltzarraren eskariei, ez du Euskara Plana betetzen, eta atzerapauso larria da aldi baterako kontrataziorako indarrean dauden irizpideetan.

Hori dela eta, LABek Osakidetzako Zuzendaritzari eta Osasun sailburuari eskatzen diegu atzera egin dezatela astakeria honetan, eta Kontratazio Akordio berria balia dezatela Osakidetzan euskararen erabileraren normalizazioan aurrera egiteko, euskal jendarteak eskatzen duen moduan.

Ez dugu ontzat emango Arkauten antolatuko litzatekeen suhiltzaileen EPE zein formakuntza bateratuen proposamenik

Gaur egun suhiltzaileen antolakuntzak Euskal Herrian bizi duen egoera gure herriak pairatzen duen zatiketa administratiboaren ispilua da. Bi Estatutan, bi autonomiatan eta azpi erregio batean zatitua dagoen herri bateko suhiltzaileak gara, horrek gure antolakuntzan, formakuntzan eta gure lanerako dugun marko legalean dituen ondorio guztiekin.

Iparraldeak eta Nafarroak bakoitzak bere errealitatea dute eta EAEko herrialde bakoitzean bina zerbitzu ditugu, hiriburukoa eta Aldundiarena. Gauzak horrela, EAEn sei zerbitzu ditugu, aireportuetakoez gain.

Jendartea babesteko orduan, adibidez, suhiltzaile zerbitzu bakoitzak bere taktikak dauzka eta lurralde eremu mugatuak ere. Oarso aldean sute bat badago, adibidez, Irundik joango dira suhiltzaileak, baina laguntza behar badute, Zarauzkoak joango zaizkie laguntzera eta ez Donostiakoak, azken hauek ez baitira Aldundikoak. Edo zer edo zer Mutrikun gertatzen bada, Eibartik joango dira suhiltzaileak eta baita Markinatik ere beharrezkoa bada. Baina kasu horretan, bi herrialde ezberdinetakoak izanik, bi protokolo ezberdinen arabera aritu behar dugu. Egoera honek, beraz, modu kaltegarrian eragiten dio suhiltzaileek euskal jendarteari eskaini behar diogun zerbitzuari.

Eta egoera honetan gero eta ozenago entzuten ari gara Arkauten egingo litzatekeen suhiltzaileen formakuntza bateratuaren inguruko informazioa.

LABen ustez Euskal Herrian larrialdi zerbitzu indartsu bakarra beharko genuke, egun ditugun zatiketa administratibo horiek guztiak gaindituz. Bertan larrialdi mota guztiak barne bilduko lirateke, hala nola, suhiltzaileak, basozainak, mendiko erreskateko taldeak, elikopteroa… Eta hori lortze bidean, LABek egun gure herriak bizi dituen esparru administratibo bakoitzean helburu horri begirako urratsak ematen hastea proposatzen du, Euskal Herriko suhiltzaile guztiak antolakuntza eredu bateratuan sartu arte, baita formakuntza eta lan eskaintza publiko alorrean ere.

Jokabide horren ikuspegitik, bai Enplegu Publikoaren Eskaintzak zein formakuntza bateratzea gure logika osoan sartzen da. Alde batetik, formakuntza alorrean suhiltzaile guztiek gai berdinak edukiko lituzketelako, eta ez orain bezala askotan desberdinak eta homologatu ezinezkoak zenbait kasutan. Bide beretik, Lan Poltsa bakarra izango litzateke suhiltzaile guztientzat.

Gauzak horrela, LABek ontzat joko luke EAEn suhiltzaileen formakuntza eta EPEak bateratzea, baina horretarako aurretik suhiltzaile zerbitzuaren antolakuntza, suhiltzailearen perfila, suhiltzailearen lanpostuaren ezaugarriak eta larrialdi zerbitzuaren batasuna nolakoa izan beharko lukeen adostu beharko genuke administrazio guztiekin. Hori gabe ez dugu bateratzearen aldeko inolako proposamenik bultzatuko.

Hori bai, horrekin guztiarekin batera, argi gera bedi suhiltzaileen batasun hori LABek ez duela inolaz ere onartuko Ertzaintzaren edo militarren menpe jartzea. Hori izango da euskal jendarteak merezi duen larrialdi zerbitzu publiko eta zibil integrala eta eraginkorra sortzeko modua eta baita eta suhiltzaileen lan baldintza egokiak bideratzeko aukera ere.

Horregatik guztiarengatik, gaia negoziatu gabe dagoela ikusita eta Aldundiak suhiltzaileen EPEa martxan jartzekotan dagoen honetan, LABek ez du ontzat emango Arkauten antolatuko liratekeen EPE zein formakuntza bateratuen proposamenik.

Gogor salatzen dugu pertsonen berdintasunaren aurkako erlijio-publizitatea jarri dela Metro Bilbaoren geltokietan eta kanpaina hori hortik berehala kentzeko exijitzen dugu

Metro Bilbaok baimendu du Asociación Católica de Propagandistas (ACdP) elkarte ultrakontserbadore baten kanpaina jartzea, non zalantzan jartzen baita emakumeen berdintasunaren aldarria, “konfrontazio faltsua” dela argudiatuz. 

LAB Metro Bilbaorentzat kanpaina horri oso eraso larria eta bortitza da, bete-betean, pertsona guztien berdintasunaren, kultu-askatasunaren eta ez-konfesionaltasunaren aurka, eta iragarki horiek Metro Bilbaoko publizitate-euskarri guztietatik berehala kentzeko exijitzen du.

Kanpaina hori ez da bateragarria Metro Bilbaok ustez aldarrikatu eta bere egiten dituen balioekin. Emakumeen eta gizonen artean izatezko berdintasuna sustatu eta lortzeko bidean erreferente izan nahi duen enpresa publikoak, horretarako IV. Plana garatzen ari den enpresak, ezin ditu horrelako mezuak onartu bere instalazioetan.

Borroka feminista zalantzan jartzen duen edozer Metro Bilbaotik kanpo geratu behar da. Gaur, martxoaren 8an, jarraituko dugu erakusten berdintasunaren aldeko borroka inoiz baino premiazkoagoa dela, eta egunero-egunero egin beharrekoa dela.

Garbiñe Aranburu: “Guztia ez da Madrilen erabakitzen; baditugu eskuduntzak zaintza sistema publiko baten norabidean urratsak emateko eta zaintzak negozio izateari uzteko”

Martxoaren 8aren etorrerarekin, Euskal Herriko kaleak hartu ditugu sektore feminizatuen duintasuna eta aitortza aldarrikatzeko. Ipar Euskal Herrian beste sindikatuekin batera mobilizatu gara; Hego Euskal Herrian, mugimendu feministarekin eta emakume* pentsiodunekin batera, besteak beste. LABek ere bere mobilizazio propioa egin du; Gasteizen, hain justu. Bertan, Europa Jauregian egindako emakumeen* batzarraren ostean, manifestazioa egin dugu Andra Mari Zuriaren plazaraino. Plazan bertan, EAJren egoitza aurrean, alderdi jeltzalea interpelatu du Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak, gobernu ardurak dituen neurrian: “Guztia ez da Madrilen erabakitzen. Baditugu eskuduntzak bestelako urrats batzuk emateko; baditugu eskuduntzak zerbitzu publikoak hobetzeko; baditugu eskuduntzak zaintza sistema publiko baten norabidean urratsak emateko eta zaintzak negozio izateari uzteko”.

LABeko idazkari nagusiaren hitzetan, “kasu askotan, EAJko kideei lotutako enpresa pribatuak dira zaintzarekin negozioa egiten ari direnak. Eusko Jaurlaritzak ere bultza ditzake akordio interprofesionalak prekarietatearekin amaitzeko, soldata arrakalarekin amaitzeko edo gutxieneko soldata ezartzeko, baina horretarako guztirako borondaterik ez dago eta nahiago dute sistemak egun dagoen bezala bizirauten jarraitzea”. 

Gaurko egunerako leloetan zaintzaren gaia aukeratu dutela ekarri du gogora Garbiñe Aranburuk, “baina guri propagandak ez digu balio, hitz hutsalek ez digute balio, ekintzak nahi ditugu eta hori salatzen ari gara, ekintza horiek eta erabaki politiko horiek ez direla iristen”.

Gaur egun, sistema kapitalistak bizirauteko ezinbestez zaintza lanak aitortu gabe eta berrantolatu gabe jarraitu behar du, eta emakumeon* lanak prekarizatzen jarraitu behar du: “Emakumeon* lana duindu eta zaintza lanak aitortuz gero, sistema kapitalistak ezingo luke biziraun. Eta hau erabaki politiko bat da”, erantsi du.

Odolusteak ez du etenik

Azpeitian, Bidean Garraioak enpresako langile bat hil da Mendiaraiz enpresan. Kamioi bat deskargatzen ari zela karga gainean erori zaio eta bertan hil da. Istripu hilgarria ikertzea eta erantzunkizunak argitzea eskatzen dugu. Egun berean, gainera, beste langile bat larri zauritu da Carcarren, Nafarroan, teilatu batetik erorita.

Aurten gutxienez 9 langile langile hil dira lanean Euskal Herrian eta Joaquin Beltranek desagertuta jarraitzen du Zaldibarreko zabortegian iazko otsailaren 6tik.

Lehenik eta behin, LAB sindikatutik, gure elkartasuna eta babesa adierazi nahi dizkiegu hildako langilearen familia eta gertukoei.
Gaur gertatutakoa ez da berria. Urtero, karga gainean erortzeagatik langile ugarik bizitza galtzen dute. Segurtasun neurriak hartuz ekidin zitezkeen istripuak dira, baina zoritxarrez errealitateak erakusten digu ez dituztela segurtasun neurriak hartzen honelako istripuak berriro gerta ez daitezen.

Istripuen erantzule nagusia patronala da, interes ekonomikoak lehenesten baititu langileen segurtasuna eta bizitzaren aurretik. Esku hartze publikoa inoiz baino beharrezkoa denean, Administrazio Publikoek beste alde batera begiratzen jarraitzen dute, ez dute patronalaren interesen kontra jarri nahi. Ez dute agenda politikoan lan istripuen arazo larria eta estrukturala jarri nahi.
Langileok bizi ahal izateko egiten dugu lan, eta ez ahalegin horretan bizia galtzeko. Langile bat hiltzea ez da lanaren ezaugarri bat. Lan istripuak patronalak lan egiteko orduan ezartzen dizkigun baldintza kaxkarrak, lan egiteko moduak eta prebentzio -neurri eskasen emaitza dira.

LABen argi dugu, bizi eta lan duinak behar ditugu, lanetik onik eta bizirik bueltatzeko eskubidea dugu. Badakigu norbanakoena, familiena eta gizarte osoarena den gaitz honekin bukatzeko bide bakarra borroka eta antolakuntza direla, lan harremanen eta joko arauen aldaketatik etorriko dela aldaketa. Eredu berri bat gauzatu behar dugu, langileon bizitza eta osasuna lehenetsiko dituena.

LAB sindikatutik lanean eta borrokan jarraituko dugu langileon eskubide, segurtasun eta osasunaren alde. Dei egiten diegu langile klaseari eta herritarrei antolatuko diren salatze mobilizazioetan parte hartzera.

Onartezina da sexuagatik segregatzen duten ikastetxeak finantzatzen jarraitzea

Nafarroako Parlamentuak sexuagatik segregatzen duten ikastetxeak diruz-laguntzeari uzteko mozioa onartu da NA+ren kontrako bozka bakarrarekin. Gasteizko Parlamentuan proposamen berdina eztabaidatu eta ez du aurrera egin, EAJ eta PSE-EEk baztertzaileak diren ikastetxeak finantziatzen jarraituko dutela adierazi ondoren.

Egun, Jaurlaritzak 13 miloi euroz laguntzen ditu EAEn dauden sei eskola segregatzaileak. Berdintasunaren alde daudela esan eta sexuagatik baztertzen duten ikastetxeak diruz laguntzen jarraitzea onartezina da. Are gehiago, Jaurlaritzako alderdi politikoek, EAJk eta PSE-EEk hori defendatzea. Gasteizeko eztabaidan EAJko parlamentariak ukatu egin du eskola horiek baztertzaileak direnik.
Oso agerian geratzen da EAJ eta PSE-EE ez daudela Euskal Herrian mugimendu feministatik aldarrikatu diren oinarrizko eskubide eta neurriak betetzeko prest. Sexu-genero zapalkuntzaren ikur diren ikastetxeak diru publikoarekin finantziatzen jarraitzearen alde agertu dira. Gaur diru publikoz ikastetxe horiek finantziatu eta astelehenean ekitaldi instituzionaletan berdintasunaren aldeko adierazpenak irakurriko dituzte, hezkidetzaren alde daudela esatera ausartuko dira, haien politika hutsalak justifikatzeko antzerkiak eginez.

Nafarroako Parlamentuak emandako urratsa txalotzearekin batera, EAEn politika matxista eta anti-feminista hauek tinko salatuko ditugula adierazi nahi dugu. Horrekin batera, pedagogia feministan urratsak emateko borrokarekin jarraituko dugu, sexuagatik segregatzen ez duten ikastetxeak izatetik harago, era integralean feminismoan hezten duten ikastetxeak nahi ditugulako Euskal Herrian. Aurrean izango gaituzue!