2026-06-22
Blog Page 45

LABek Bizkaiko metalean eskubideak irabazteko plataforma aurkeztu du

LABek Bizkaiko metalaren hitzarmena negoziatzeko gure plataforma aurkeztu du. Hitzarmen horrek 59.000 langile baino gehiagori eragiten die eta Bizkaiko industriaren sektore garrantzitsuenetako baten gutxieneko baldintzak ezartzen ditu. LAB proposamen argi batekin aurkeztu da negoziazio honetara: soldatak hobetzea, lanaldia murriztea, lan-osasuna bermatzea, berdintasunean aurrera egitea eta prekarietatearekin amaitzea.

Hau guztia aurreko negoziazioetan eskubideak murrizteko saiakera egin duen patronalaren aurrean.
Plataformaren ardatz nagusien artean honako hauek daude:

  • KPItik gorako igoerak: tauletako soldatetan eta taulen gainetik dauden soldataretan, xurgapenik
    eta konpentsaziorik gabe, eta %100eko bajak lehen egunetik.
  • Lanaldi murriztua eta bateragarritasun handiagoa: urteko lanaldia murriztuta,
    malgutasunerako mugak eta lizentzien hobekuntzak.
  • Lan-osasuna lehentasun gisa: prebentzioa indartuz, langile zaharrenak bereziki babestuz eta
    prebentzioan genero-ikuspegia txertatuz.
  • Berdintasunean aurrerapenak: soldata-berdintasuna, jazarpenaren aurkako neurriak eta
    berdintasun-planak benetan betetzearekin.
  • Enplegu egonkorra: kontratazio finkoa bermatuz, behin-behinekotasuna eta ABLEen abusua
    mugatuz, subrogazioa eta erretiro partziala bermatuz.

Eskubideak dituen etorkizuna lortzea bilatzen dugu, erretiro aurreratua eta bidezko trantsizio ekosoziala jorratuz. LAB prest iristen da negoziaziora sektoreak eraikitako plataforma batekin, eta antolaketari eta borrokari esker 2019an eta 2022an hitzarmena defendatu izanaren esperientziarekin.

LABek argi dauka negoziazio honen indarra ez dela mahaian bakarrik egongo, lantokietan eta langileen inplikazioan baizik. Hitzarmen hau funtsezko tresna da baldintza txarrenak dituztenak babesteko eta eskubide-lurzoru komuna bermatzeko. Gaur aurkeztutako plataforma borrokarako tresna bat da. Orain negoziazioa hasi behar da, baina baita irabazteko antolatu ere.

Arabako Foru Aldundiak haurtzaroko eta emakumeentzako baliabideak narriatu ditu

LAB sindikatuak Gizarte Ongizaterako Foru Institutuaren (GOFE) erabakiek eragindako ziurgabetasuna, prekarizazioa eta aurreikuspen falta salatu ditu. Erabaki horiek Hazten eta Sortuleku baliabideei eragiten diete, funtsezkoak direnak haurtzaroarentzat eta egoera ahulean dauden seme-alabak dituzten emakumeentzat.

Lizitazio berri batek Hazten Babes Egoitza, 7 eta 14 urte bitarteko haurrentzako 7 plaza dituena, ordezkatuko du, eta horren ordez Abiatuz jarriko du martxan, 13 plazako emantzipazio-aurreko programa bat, adingabe askoren benetako beharrei erantzuten ez diena. Erabaki honek haurren egoitza-harrerako sarearen narriadura oso larria dakar; izan ere, jada saturatuta dauden beste egoitza batzuetara bideratzera behartzen du eta harrerako 6 plaza galtzea dakar.

Sortulekuri dagokionez, egoera ahulean dauden emakume eta haurrentzako baliabidea, GOFEren arabera desagertuko den proiektu bat da eta, horren ordez, Ondoan lizitatu du. Proiektu berri gisa aurkeztu dute, Euskal Autonomia Erkidegoan ezaugarri horiek dituen baliabide bakarrean esku hartzen duen lantalde espezializatua subrogatu gabe. GOFEk gezurra dio proiektu bat bestearen jarraipena ez dela adierazten duenean. Erabaki honek Arabako gizarte-zerbitzuen narriadura berri bat dakar, GOFEren asmoa proiektuarekin jarraitzea baita egungo hezitzaile lantaldea subrogatu gabe, zerbitzuaren kalitatea erabat kaltetuz. Gainera, erabaki hau euren lan-eskubideak defendatzeko prest dauden langileekin topo egin ondoren hartu dute.

Harrera-sarearen progresiboko narriadura salatzen dugu: plaza falta, informazio nahikorik gabeko premiazko bideratzeak, gainezka dauden egoitzak eta langileengan dagoen eragin emozional larria. 

Bi baliabideak behin-behinean lekuz aldatu dituzte, eta, berriki, espazio txikiago eta partekatu batera eraman dituzte, bide-orririk eta lan-bermerik gabe, esku-hartze, konfidentzialtasun eta segurtasun oinarrizko irizpideak urratuz. Beti Gizartean Fundazioak, entitate kudeatzaileak, Arabako Foru Aldundiaren erabakiak onartu eta aplikatzen ditu, erakunde arduragabe bati eusten lagunduz.

Carme baliabidearen aurrekaria gogorarazten dugu: orduan, mobilizazioak murrizketa bat atzera botatzea lortu zuen, presio sozialak funtzionatzen duela frogatuz.

Profesional konprometituak gara eta ez gara isilik geratuko. Pribatizatutako zaintza zerbitzuetako langile publikoak gara eta zerbitzuen publifikazioa exijitzen dugu. Bitartean, Gorka Urtaran Gizarte Politiketako Foru Diputatuari kalitatezko zerbitzu publikoak eta baliabide nahikoak eskatzen dizkiogu, baita azpikontratatutako zerbitzuetako langileen subrogazio-bermeak, gardentasuna erabakiak hartzerakoan eta harrera-sarea modu eraginkorrean zabaltzea ere.

Hiru lanuzte-egun eta ekintzak iragartzen ditugu, gaur bertan hasita, urtarrilaren 13an, eta hurrengo egunetan, urtarrilaren 20an eta 27an, jarraituz. Egoera hau salatzen jarraituko dugu gure lan-eskubideak eta zerbitzu egonkor, seguru eta duinak bermatu arte. 

Korrikarekin bat egitera eta lantokietan berau sustatzera dei egiten die LABek langileei

Erabateko inplikazioa izango du LABek Korrikan; besteak beste, herriz herri martxan jarritako Korrika batzordeetan, sail sindikalen kilometroen bidez eta hiriburuetako kilometro sindikaletan parte hartuz.

Ttipi-ttapa, badator 24. Korrika. AEK-ko eta LABeko ordezkariak bildu dira, aurten egingo den Korrika aurkezteko eta haren alde LABek hartuko dituen konpromisoez aritzeko.

Euskararen alde bi urtean behin egiten dugun hitzordu erraldoia bertan dugu eta AEK-k datorren Korrikaren nondik norakoen berri eman dio LABi. Sindikatuaren izenean, Arantxa Vazquez Batzorde Exekutiboko kideak eta Urko Aierbe Euskara idazkariak parte hartu dute bilkuran.

Duela lau hamarkada Korrikak lehenengo urratsak eman zituenetik edizioz edizio egin duen bezala, LABek bere atxikimendu eta laguntza osoa emango dio hurrengo Korrikari ere, bai aurreko antolaketan bai Korrika igaroko den unean; bai herriz herri antolatuz eta parte hartuz, bai Korrikaren berri enpresa eta lantokietara eramanez eta langileak Korrikan inplikatzera animatuz. Horrela, LABeko kideen inplikazioa erabatekoa izango da Korrikan, LABeko sail sindikalen bitartez herri askotan kilometroak hartuz eta gainontzeko sindikatu euskaltzaleekin batera egingo ditugun hiriburuetako kilometro intersindikaletan, besteak beste.

AEK-ko ordezkari eta Korrikako arduradunei Euskal Herri euskaldunarekin eta zehazki helduen euskalduntzearekin duen konpromisoa berretsi die LABek. Are, azkenaldian euskara eta euskaldunok pairatzen ari garen oldarraldiaren aurrean, euskararen berreskurapen eta normalizazio-prozesuak beharrezkoa duen pizkundea gainontzeko eragile euskaltzaleekin elkarlanean sustatzeko beharra eta LABen prestutasuna adierazi die sindikatuak. 

LABek Venezuelako kontsulatuarekin bilera egin du Donostian

LAB sindikatuak Venezuelaren aurkako eraso militarra, AEBen esku hartze inperialista eta Nicolas Maduroren bahiketa salatu ditu, eta Venezuelako herriarekiko elkartasuna berretsi du.

LAB sindikatuak bilera egin du gaur, Donostian, Venezuelak Bilbon duen kontsulatuarekin. Alde batetik, Glenna Cabello Bilboko Venezuelako kontsula eta Juan Borregales kontsulordea izan dira; bestetik, LABen izenean, Igor Arroyo koordinatzaile orokorra eta Koldo Saenz nazioarteko harremanetako arduraduna.

Bileran, LABek Venezuelako herriarekiko elkartasuna adierazi du, eta azken egunotan AEBak herrialdearen aurka egiten ari diren erasoen eta esku hartzeen aurrean bere salaketa plazaratu du. Zehazki, Venezuelaren aurkako eraso militarra eta bahiketak gaitzetsi ditu, eta Nicolas Maduroren itzulera eta Venezuelaren aurkako eraso guztiak berehala eteteko exijitu du.

Halaber, LABek berretsi du Venezuelako herriarekin eta bereziki CBST zentral sindikalarekin elkarlanean jarraituko duela, Venezuelaren zein munduko herri guztien burujabetzaren eta autodeterminazio eskubideen alde lanean, nazioarteko elkartasuna eta langileen arteko harremanak indartzen jarraitzeko konpromisoarekin.

Historiak behin eta berriz erakutsi du esku-hartze militarra ez dela konponbidea, baizik eta interes ekonomiko eta geopolitiko jakinen zerbitzura dagoen menderatze-tresna. Horregatik, LABek herrien burujabetzaren, autodeterminazioaren eta gatazken konponbide baketsuaren aldeko konpromisoa berretsi du.

Zubietako erraustegiko langileek mobilizazioak hasiko dituzte euren lan baldintzak duinduko dituen enpresa hitzarmena exijitzeko

Zubietako erraustegiko langileek mobilizazio egutegi bati ekingo diote, eta urtarrilaren 15ean errauste plantearen sarreran mobilizatuko dira, 13:00ean, euren lan baldintza eskasak aitortuko eta hobetuko dituen enpresa hitzarmena exijitzeko. 

Urtebete luzez EKOBAL enpresarekin negoziatzen aritu dira langileak, Gipuzkoako Kale Garbiketako Hitzarmenak jasotzen ez dituen erraustegiko langileen lan baldintza bereziak eta zehatzak arautzeko, baina, azkenean, hasierako egoerara itzuli dira langileak, jasan behar dituzten lan-baldintza penagarriak aitortzeko borondate ezagatik. GHK eta Ekondakinen borondate falta dago atzean, eta Gipuzkoako Foru Aldundia da arduradun nagusia. 

Erraustegiko langileek sektoreko hitzarmenean arautu gabeko txandatasun, arriskugarritasun eta toxikotasun handia daukan ingurune batean lan egiten dute, eta babestu eta ordaindu gabeko baldintzak dituzte. Enpresak 12 ordura arteko lanaldi jarraituak egitera behartzen ditu jada osasunerako kaltegarria den 24/7 txanda sistemako langileak, aurreko edo hurrengo txandako langileak lanera ezin badira joan. Hori gutxi balitz, mantentze lanetako langileak asteburuetan erreten-zerbitzua egitera ere behartzen ditu enpresak, arautu eta ordaindu gabeko zerbitzu eta prestasuna ezarriz.

Ekobal, GHK eta Ekondakin jakitun al dira arautu gabeko hainbeste lanordu metatu egiteak langileen osasunean daukan eraginaz? Gipuzkoako Foru Aldundiak ezagutzen al ditu erraustegiko langileen baldintzak? Zer esan behar du egoeraren azken arduradun eta onuradun gisa?

Erraustegiko langileei eskatzen zaien txandakotasuna eta etengabeko prestasuna aintzat hartuko eta arautuko dituen enpresa-hitzarmen bat aldarrikatzen dute langileek, zeinak egunero jasaten duten benetazko arriskugarritasuna eta toxikotasuna ere jasoko dituen. 

LAB, ELA, CCOO eta ESK-k aurrerapausoak eskatu dituzte Arabako esku-hartze sozialeko hitzarmenaren negoziazioan, eta grebak iragarri dituzte

Gaurko negoziazio mahaiaren bileran agerian geratu da patronalaren eta sindikatuen jarreren arteko aldean.

Gaur, urtarrilak 8, Arabako esku-hartze sozialaren sektoreko hitzarmen kolektibo berrirako negoziazio mahaiaren beste bilera bat egin da. Bilera 2025eko abenduan LAB, ELA, CCOO eta ESK sindikatuek proposamen bateratu bat aurkeztu ondoren egin da. Hala ere, proposamen horrek ez zuen erantzunik jaso bere garaian, eta gaur arte ez du erantzun AISA patronalak, negoziazio esparrua jada ez dela berdina helaraziz. Berriro ere, akordio batera hurbiltzeko proposamenen ordez, akordio hori urruntzen duten aitzakiak jartzen dituzue mahai gainean.

Sindikatuen proposamenak modu errealista baina irmoan aurrera egitea planteatzen du, sektore publikoarekin parekatze aldera, epe laburrean hobekuntza zehatzei uko egin gabe. Negoziazioak aurrera jarraitzea baloratzen badugu ere, bi aldeen arteko aldea AISA patronalak Arabako esku-hartze sozialeko langileen lan-baldintzak sektore publikoko baldintzekin parekatzeko prozesutik urrun dagoen jarrera bat edukitzearen ondorio da.

Esku-hartze sozialeko sektoreak 1.000 pertsona baino gehiago enplegatzen ditu Araban administrazio publikoko hainbat kontratatan, eta horrek enpresa desberdinekin azpikontratatzea erabaki du, egungo egoera eraginez. Egoera horren ezaugarria da soldata arrakala onartezina dagoela zuzenean sektore publikorako lan bera egiten duten lankideekin. Gero eta gehiago, azpikontratazioa erabiltzen da lan baldintzak prekarizatzeko eta zerbitzu publikoei eusten dietenei soldata okerragoak ordaintzeko. Horregatik, intersindikaletik parekatzearen helbururantz urrats sendoz aurrera egitea ahalbidetuko duen estrategia baten alde egin dugu, bitartean soldata igoera duinei eta gure lan baldintzak duinduko dituzten egiturazko hobekuntzei uko egin gabe.

Testuinguru horretan, LABek, ELAk, CCOOk eta ESK-k mobilizazio-egutegi bat iragarri dute urtarrilerako eta otsailerako. Datorren urtarrilaren 21ean txanda bakoitzeko hiru orduko lanuzteak egingo dira, eta otsailaren 4an eta 5ean greba deitu da egun osoan.

Gainera, urtarrilaren 14an, 12:00etan, prentsaurreko bat egingo da Arabako Foru Aldundiaren aurrean. Bertan, sindikatuen proposamenaren edukia, negoziazioaren egoera eta mobilizazioen egutegia azalduko dira. Sektoreko langileak animatzen ditugu aktiboki parte hartzera.

LABek dei egiten die euskal langileei larunbatean Sarek Bilbon egin duen manifestazioan parte hartzera

Sarek mobilizazioa egingo du Bilbon urtarrilaren 10ean, Ezin da gehiago luzatu. Konponbidea. Bakea. Elkarbizitza lemapean. LABek bat egiten du deialdiarekin eta dei egiten euskal langileei bertan parte hartzera. Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorra buru izango duen sindikatuaren ordezkaritza batek parte hartuko du manifestazioan.

Garaia da gatazkaren ondorioak eta presoek bizi duten salbuespen egoera gainditzeko. Horrekin lotuta, beharrezkoa da presoak etxeratzeko presio soziala egiten jarraitzea, egindako mobilizazioari esker lortu baita orain arte egin diren urratasak egitea.

15 urte betetzera doaz ETAk bere jarduera armatua utzi zuenetik eta garaiz kanpokoa eta anomalia demokratikoa da gaur egun oraindik presoek etxeratze bidean hainbat traba eta oztopo gainditu behar izatea. Euskal presoei ezartzen zaizkien salbuespen neurriekin amaitzeak eta haien etxeratzeak gatazkaren aroa ixten eta elkarbizitzarena sakontzen lagunduko nuke. Izan ere, espetxean eta erbestean dauden euskal herritarren etxeratzea eta herritar guztiak dagozkien eskubideen jabe izatea ezinbestekoa da elkarbizitzarako.

Urtarrilaren 10ean Sarek Bilbon egingo duen mobilizazioa agendan urte asko daramatzan eguna da, eta LABek, bertan parte hartzera animatu nahi ditu euskal langileak. Bilboko kaleak betetzeko indar berezia egin behar da.

Espainiako Auzitegi Gorenaren epaia elkarbizitza demokratikoaren kontrako erasoa da

Espainiako Auzitegi Gorenak 13/13 sumarioan epaitutako eta zigortutako herritarren kontrako epaia berretsi du gaur, eta, hala, bere egin du Espainiako Auzitegi Nazionalak 2022an emandako epaia. Zigortuen artean dago Arantza Zulueta LABeko kidea, euskal presoei laguntza juridikoa eta soziala ematen aritutako beste hiru kiderekin batera.

LABen ustez, erabat larria da gaur ezagututako epaia, eta elkarbizitza demokratikoa eraikitzeko euskal herritarren borondatearen kontrakoa da. Izan ere, elkarbizitza demokratikoa eraikitzeko ezinbestekoa da euskal herritar guztien eskubideak bermatzea, eta gisa honetako epaiek ahalegin hori oztopatzea baino ez dute helburu.

Horixe izan da, hain justu, 13/13 auzibidearen helburua, LABek hasieratik salatu zuenez. Elkarbizitza demokratikorako ezinbesteko baldintza da euskal presoen salbuespenezko egoerari amaiera ematea, eta helburu horren aldeko lanagatik izan ziren epaituak sumarioan auzipetutakoak. Horregatik, LABek hasieratik salatu zuen epaiketa bera ez zela egin behar. Ez da ahaztu behar, gainera, tortura salaketez eta irregulartasunez beteriko prozesua bizi izan dutela akusatuek, eta, are, epaiketan bertan ere salatu zituztela torturak zenbait akusatuk. Espainiako Auzitegi Gorenak, baina, zalantzan jarri ditu salaketa horiek.

Horrenbestez, LABek bere elkartasuna eta babesa adierazi nahi dizkie zigortuei. Era berean, dei egiten du epaia salatzeko mobilizazioetan parte hartzera, baita larunbatean presoen eskubideen eta behin betiko konponbidearen alde Bilbon egingo den manifestazio nazionalera batzera.

74 langile hil dira lanean 2025ean Euskal Herrian

Gaur bi lan-istripu hilgarriren berri izan dugu, biak abenduaren 29an gertatutakoak, bata, Laudioko Eroskin lan istripu ez traumatikoan non J.D.B 58 urteko garraiolari autonomoa hil zen, eta bestea istripu in misio batean, 59 urteko emakumea familiako langilea zen Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatean, eta Andosilla, Azagra, Carcar eta San Adrian artatzen zituen. Langilea Azagrako etxebizitza batera zihoanean gertatu zen ezbeharra.

Lehenik eta behin LAB sindikatutik helarazi nahi diogu senide famili eta lankideei gure elkartasuna eta babesa.

Beste egun beltza bat, beste bi tanta… horrela gure edalontzia erraz beteko da, horrela ia ia zaratarik egin gabe osasuna eta bizitza galtzen jarraitzen dugu, askotan salatu dugu prekarioak diren lan-baldintzek (lanaldi luzeak, estresa, presioak, lan zama…) eragina zuzena daukatela gure osasunean. Izan ere, gizarte-langilearen kasuan, bere baliabideak erabili behar ditu etxebizitzetara joateko, neurri gehigarririk gabe, etab. Eta lan istripu ez traumatikoetan (bihotzekoak, iktusak…) bilakatu dira heriotz lan istripuen lehenbiziko gauzatzaileak. Eta esan dugun bezala, lan zehatz batzuetan gertatzen direla, lanean jasotzen diren presioak, estresa bihotzekoak eta zirkulazio gaitzen ezinbesteko faktoreak direla eta gehienetan oinarrizko faktore gauzatzailenak direla. Bizi eta lan baldintzek eragindakoak ere dira.

Argi daukagu, lan istripuak, traumatiko, ez traumatiko eta joan etorrikoak ez direla zoriak edo kasualitateak sortuta, ematen diren lan harremanen, prekarizazioa, lan arautegia eta azpikontratazioaren emaitza dira. Horregatik diogu gertatzen diren lan-istripu gehienak guztiz ekidin daitezkeela, eta horretarako borondate politikoa baino ez dela behar, lan-eskubideak bermatzeko eta errespetatzeko neurriak jartzeko, baita erakunde publiko eta enpresa guztien inplikazioa ere.

Prekaritatearekin amaitu behar da. Patronalaren inpunitatearekin amaitu behar da. Erakundeek ezin dute jarraitu beste alde batera begiratzen, bestela gertatutakoaren konplize izango dira.

LAB sindikatutik argi dugu, bizi eta lan duinak behar ditugula, lanetik onik eta bizirik bueltatzeko eskubidea dugu, indibidual familiar eta gizarte osoarena den lakra honekin bukatzeko bide bakarra borroka eta antolakuntza direla, lan harremanen eta joku-arauen aldaketa batetik etorriko dela aldaketa, eredu berri bat gauzatu behar dugu, langileon bizitza eta osasuna lehenetsiko duen eredu batean.