2026-01-24
Blog Page 443

Sestaoko kaleak hartuko ditugu larunbatean, Ezkerraldearen etorkizunaren defentsan

Hainbat enpresa batzordek, eragilek eta sindikatuk agerraldia egin dugu, larunbaterako deitutako manifestazioa iragartzeko. Sestaoko Kasko plazatik abiatuko da mobilizazioa, 12:00etan.

Hau da igorritako oharra, gaurko prentsaurrekoaren harira:

GAURKO BORROKA, EZKERRALDEAREN ETORKIZUNA

Ezkerraldeko zein Meatzaldeko hainbat enpresa-batzorde, herri-mugimendu eta sindikatuk kalera irteteko deia egin nahi dugu, eskualdean enplegu eta bizimodu duina izateko eskubidearen alde.

Modu bakarra dugu etengabe jasaten ari garen erasoei aurre egiteko: kalera irten eta erantzun kolektiboa ematea. Geuk pasa behar dugu erasora, politiken oinarria pertsonen bizitza izan dadin, eta ez kapitala esku gutxitan metatzea. Horregatik, ozen aldarrikatu nahi dugu gaurko borrokak Ezkerraldeko jendearen etorkizuna markatuko duela.

UNEAREN IRAKURKETA

Eskualdean desindustrializazio prozesu lazgarria ari gara pairatzen. Garai batean euskal industriaren aitzindari izan zena gaur langabezia eta prekarietate tasarik handienak dituen eskualdea dugu; merkataritzako multinazional erraldoiek hartu dute industriaren lekua, eta gure lan baldintzak prekarizatu dituzte. Gaur La Navaleko ateetan gaude; hemen ere badirudi ontziolaren ordez planta logistiko bat sortuko dela, enplegu gutxi sortuko duena, eta gainera oso kaskarra.

Azken hiletan sektore, enpresa eta kolektibo ugari atera gara kalera injustizia hauek salatzeko. Hainbat borrokaren lekuko izan gara: Erresidentziak, Osakidetza, ITP-PCB, San Juan de Dios, Petronor, Mediapost… Sektoreen borrokak, esaterako zaintzako langileena, etxegabetzeen kontrako mugimenduarena, mugimendu feministarena edota pentsiodunena; hauek pentsio duinak aldarrikatzen dituzte, gutxienez 1.080€koak; ostalaritzako langileen borroka ere hor dago: lehenago hila amaitzeko lanak zituzten, baina orain ezin dute hasi ere, erakundeek ahaztu egin baitituzte, albo- kalte gisa hartzen dituztelako.

Azpian sinatzen dugun kolektibo eta enpresa-batzordeek aldarrikatzen dugu kalitatezko gizarte- zerbitzuak behar ditugula, gertukoak eta ondo kudeatuak; gastu sozialera diru gehiago bideratu behar da, ez gastu militarrera, ez eta burdinbidearen hegoaldeko saihesbidera ere. Salatu beharra dago ere europar funtsak jasotzeko derrigorrezkoak izango direla murrizketa sozialak, eta lan erreforma edo pentsioen erreforma ez dituztela inola ere indargabetu nahi; azaleko aldaketa batzuk egin eta kitto, hori nahi dute.

MOBILIZAZIOA. APIRILAREN 17A. SESTAOKO KASKO PLAZA, EGUERDIKO 12AK

Asko dago jokoan. Unea oso larria da. Pandemiatik atera gaitezke justizia sozial handiagoa lortuz; baina, beti bezala, gure lepotik aberasten jarraitu nahi dute, eta ez gaude prest krisi hau ere ordaintzeko. Ezin dugu beste aldera begira geratu. Inor ez da salbu. Egoera hau ez da banakoen arazoa, enpresa edo sektore jakin batena. Inoiz baino areago mobilizatu beharra dago, enpleguaren alde, lan- eta gizarte-eskubideen alde, kalitatezko zerbitzu publikoak eta gizarte-gastu handiagoa aldarrikatzeko, zerga-erreforma egin dadin gehien dutenek gehiago ordain dezaten… Hots, enplegu eta bizimodu duinaren alde; gure eskualdearentzako etorkizunaren alde.

Horregatik, dei egiten dugu Sestaoko kaleak hartzera, datorren zapatuan, hilak 17, eguerdiko 12etan Kasko Plazatik hasita. Manifestazio plural honetan protagonismo berezia izango du ITP-PCB, San Juan de Dios, Petronor eta Mediaposten borrokak; indarrak bat egingo ditugu borrokatzeko, nork bere lan eremutik harago, azpian aipatzen diren kolektiboekin batera, Ezkerraldeak etorkizuna izan dezan.

Pentsio sistema publikoaren desegitea salatzen dugu

Escriva ministroak egindako proposamenaren aurrean, LABek adierazi nahi du pentsio sistema publikoaren desegitearen iragarpenaren aurrean gaudela, faszikuluka ematen ari dena eta sindikatuak kezkaz ikusten duena.

Bizitza osoa lanean aritu eta gero langileok erretiro duin baterako eskubidea dugu eta jubilazio adina atzeratzeko pizgarri ekonomikoak planteatzearen ideia erabat baztertzen dugu. Gainera, ministroak kontrakoa esan arrean, gazteen sarbidea lan merkatura zaildu egingo litzateke bere proposamenarekin, zentzugabekeria bat iruditzen zaiguna.

Egoera honen aurrean eta estatuko sistema publikoa deuseztatzen ari diren une honetan, LABek berriro ere aldarrikatzen du Euskal Herrirako pentsio sistema propioa. Premiazkoa iruditzen zaigu. Horretarako, enplegu eta soldata duinak beharko lirateke sistemak finantziazio duina izan dezan, zerga erreforma eta soldata altuen kotizazio topeak altxatzearekin batera. Honekin lotuta, hainbat proposamen jaso ditu LABek bere Programa Sozioekonomikoan, Gizarte Segurantzarako Legean.

Amaitzeko, LABek dei egiten du pentsionisten mugimenduarekin batera kalera ateratzera Toledoko Itunaren gomendioei eta Madriletik datozen erreformei aurre egiteko. Bide horretan sindikatuak bere ekarpena egiten jarraituko du, mobilizazioetan parte hartuz eta etor daitezkeen mugarri berriak ere sustatuz, Lan Harremanak eta Babes Sozialerako Esparru Propioa aldarrikatuz.

Bost eguneko greba Wärtsilän, lau kaleratu egon ostean

Enpresak bapateko 4 kaleratze egin zituen Bermeoko lan zentruan egiten diren lan batzuk deslokalizatzeko.

Kasuren batean 40 urte baino gehiagoko ibilbidea duten langileen kaleratzeak izan ziren. Enpresa Batzordearekin hitz egin gabe eta zuzenean kaltetuei inongo aukerarik eskeini gabe hartu zuen erabakia enpresak; eta batzordeak berak eskatu zion enpresari erabakia bertan behera uzteko eta mahai baten inguruan eztabaidatzeko hartu behar diren erabakiak.

Enpresak ez zuenez eskaera onartu, langileek greba abiatu dute, hasiera batean 5 egunetakoa (atzotik ostiralera), 4 lankideoak lanpostuak defendatzeko eta bide batez beraienak defendatzeko.

Wärstilä enpresan zehar hedatutako multinazional bat dela seinalatu behar da, itsasontzien motorren alorrean aritzen dena. Erabakia lana berrantolatzeko nahi baten ondorioa da, pertsonak kontuan izan gabe, eta ez da langile hauek enpresako beste lekuren baten kokatzeko aukera aztertu ere, nahiz eta ehundaka aparteko ordu egiten diren urtean.

Hau guztia dela eta LAB eta ELAko Batzordeak langilegoa grebara deitu zuen lanpostuen kontrako erasoari aurre egiteko, eta greba gehiengo zabal bat babesten ari da.

CCOO eta UGT sindikatuek Nafarroako Garbiketetako langileak saldu dituzte, greba bertan behera utzita eta 2019 eta 2020ko soldaten izoztea onartuta

Apirilaren 13tik 16ra Nafarroa osoan eginen zen Garbiketen sektoreko greba hasteko ordu gutxi falta zirela, CCOOk greba-batzordetik at deituriko hitzarmena negoziatzeko bilera batean, CCOO eta UGT sindikatuek akordioa lortu dute patronalarekin, dagoeneko mahai gainean zegoen patronalaren eskaintza oso modu txikian hobetzen duena.

LABen iritziz, akordio horrek ez du betetzen grebaren helburu bakar bat ere, soldata arrakala eta sektoreko prekaritatea betikotzen ditu, eta malgutasun handiagoa ematen du ordu osagarrien zabaltzea legeak markatzen duen goi gradura eramanez.

LAB, ELA eta Solidari sindikatuek dei egiten diete langileei apirilak 13, goizeko 11:00etan Iruñeko Gurutze plazara joateko, sektoreak markaturiko helburuak indar handiagoz erreklamatzen segitzeko, hala nola, soldata-arrakalaren bukaeran aurrera egitea eta sektorean partzialtasunak dakarren prekaritatea bukatzea.

Azkenik, LABek Garbiketen sektoreko langile guztiak animatu nahi ditu hilabete hauetan hasitako borrokaren kemen eta bultzadarekin jarraitzeko, eta gaur egun CCOOk eta UGTk dagoeneko ez duten gehiengo sindikala zabaltzen segitzeko.

Garbiketetako sindikatuok Nafarroako Gobernuak ezarritako gutxieneko zerbitzuak salatu ditugu, ia %100ekoak baitira

Bortz sindikatuetako Garbiketa ataleko arduradunak Nafarroako Parlamentuaren parean agertu gara, grebaren bezperan, Nafarroako Gobernuak ezarritako gutxieneko zerbitzuak salatzeko. Izan ere, zerbitzu horiek gehiegizkoak dira, kasu askotan ia %100koak baitira. Garbiketen greba apirilaren 13tik 16era eginen da, biak barne.

LAB, CCOO, ELA, UGT eta Solidari sindikatuok salatu dugu Nafarroako Gobernuak goitik behera aldatu dituela apirilaren 6ko 82/2021 Foru Aginduan argitaratuta zituen gutxieneko zerbitzuak, eta “akats” onartezinak aitzakiatzat hartuta. Orain, Gobernuak ia %100eko gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu Ekonomia eta Ogasunean, Hezkuntzan edo Osasun departamentuan, baita gaur egun garbitzen ez diren edo itxita dauden eraikinetan ere. Nola azaltzen da udal bateko garbitzaile batek greba egitea eta museo batekoak eskubide hori ez izatea? Sindikatuok oso larritzat jotzen ditugu azken inposizio horiek, Nafarroako Gobernuak azpikontrataturiko langileei grebarako oinarrizko eskubidea kentzen baitiete.

“Ezin da izan progresista eta berdintasunaren defendatzailea deitzen den Gobernuak gobernu horren bulegoetarako zerbitzuak ematen dituzten milaka langileren greba-eskubidea praktikan jartzea eragoztea”, adierazi dugu sindikatuon ordezkariok. “Sinbolismoetatik urruti, adierazpenetatik urruti, Nafarroako Gobernuak, ekintzen bidez, patronalaren alde jartzea erabaki du”.

Sindikatuon ordezkarion arabera, horrela ez da berdintasuna defendatzen. “Sektore feminizatua gara, lanaldi partzialekoa, eta, gainera, orain, Nafarroako Gobernuak grebarako dugun oinarrizko eskubidea erabiltzea galarazten digu, sindikatu guztiek deitutako greba eta gure hitzarmena eta lan-baldintzak hobetzeko helburu duen greba batean. Hori dela eta, bateraezinak iruditzen zaizkigu Gobernua berdintasunarekin konprometituta daudela dioten mezuak, eta grebarako eskubidea kentzea soldata arrakala eta genero-diskriminazioa bukatzea bilatzen duten langileei”.

“Garbitzaileak funtsezkoak gara”, berretsi dugu sindikalistok. “Eta gure hitzarmena funtsezkoa ere badenez, Nafarroako Gobernuari eskatzen diogu berehala zuzentzeko gehiegizko gutxieneko zerbitzu horiek, eta grebarako eskubidea erabiltzeko aukera emateko”.

Azkenik, LAB, CCOO, ELA, UGT eta Solidari sindikatuok jakinarazi nahi izan dugu sektoreko 62 enpresaren ordezkari sindikalek bat egin dutela bihar, apirilak 13, 11:00etan, Iruñeko Gurutze plazatik aterako den manifestazioarekin.

Enplegu publikoa sortzeko eta egonkortzeko aldarria kalera atera dugu, apirilaren 22ko greba ardatz

Sektore publikoko delegatuen batzarra egin dugu Donostiako Kursaalen, apirilaren 22rako EAEn deitutako greba lantzeko,  sektorearen behin-behinekotasun ikaragarria eta honen aurrean LABek egiten dituen proposamenetan sakonduz. Ondoren, mobilizazioa egin dugu Eusko Jaurlaritzaren egoitza nagusiaren atariraino.

Mobilizazioaren hasieran, Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak adierazpenak egin ditu hedabideen aurrean. Delegatuekin batzarrak egiten ari garela azaldu du, eta gaurkoa sektore publikoko delegatuena izan dela: “Testuinguruaren irakurketa konpartitu dugu eta apirilaren 22ko greba deialdia prestatzen aritu gara. Urteak daramatzagu zerbitzu publikoetan eman diren murrizketak, pribatizazio politikak, inbertsio falta eta enpleguaren kalitate eskasa salatzen”.

Garbiñe Aranbururen hitzetan, “azken hilabete hauetan hezkuntza, osasungintza eta zerbitzu sozialetako langileak kalera atera dira zerbitzu publikoen defentsan, eta, orain, apirilaren 22an, beste aurrera urrats bat ematera goaz, lan-baldintzak eta zerbitzuaren kalitatea guztiz lotuta daudela aldarrikatzeko”.

Grebara eta mobilizaziora aterako gara apirilaren 22an, eta beste horrenbeste egiteko deia egiten diegu zerbitzu publikoetako langileei bi aldarrikapen nagusirekin: “Lehenik eta behin, enplegu berria sortu behar da. Kontuan izan behar da EAEn 20.000 lanpostu daudela, egiturazkoak direnak eta inolako lanpostu zerrendatan aitortuak ez direnak, hau da, iruzurrean daudenak. Horrekin batera ere ratioak murriztea ere beharrezkoa dela iruditzen zaigu. Hortik ere lanpostuak sortzea beharrezkoa da, batez ere hainbat zerbitzu publikotan ematen diren gehiegizko lan zamei interbide bat jartzeko. Bigarren aldarrikapen nagusi batekin ere aterako gara kalera 22an, egonkortasuna eskatzera”.

Azken honi buruz, LABeko idazkari nagusiak jakinarazi du EAEko zerbitzu publikoetan 50.000 pertsona daudela behin-behineko egoeran lanean: “Europako epaitegiek ebatzi duten moduan, iruzurrezko egoera batean ari dira lanean, eta horri ere konponbidea ematea ezinbestekoa da. Horretarako eskatzen duguna da ez dela Madriletik etorriko denaren zain egon behar, ezta epaitegietatik etorriko denaren zain egon behar ere. Horretarako, Jaurlaritzari, lege propio bat eskatzen diogu, egonkortasun lege propio bat, lekuan leku, bertako errealitatea kontuan hartuta, egonkortasun prozesuak bultzatzeko eta negoziazio kolektiboan adostuak izateko”.

Prekaritateak, azpikontratazioak eta prebentzio neurri ezak hil egiten gaituzte

Odolusteak ez du etenik. Gaur goizean Abadiñoko Cosmos enpresan, Transportes Eguiara y San Juan enpresako langile bat oxigeno bonbonak manipulatzen zebilen garabi batekin, kargak harrapatuta geratu da eta bertan zendu da. Ezin dugu ahaztu atzo 57 urteko emakume bat hil zela Trapagaranen, prekarizazioa eta enpleguaren suntsiketa bizi dituen ostalaritza sektorean.

Azken hildako honekin eta urtea hasi zenetik, gutxienez 16 dira Euskal Herrian lanean hildakoak, eta Joaquin Beltranek desagertuta jarraitzen du Zaldibargo zabortegian iazko otsailaren 6tik.

Lehenik eta behin, LAB sindikatutik gure elkartasuna eta babesa adierazi nahi dizkiegu hildako langilearen senide eta gertukoei.

Langileriak pairatzen duen laneko biolentzia arazo sozial larria da, arazo estrukturala, inposatzen diguten politika neoliberalaren ondorio zuzena. Prekarietateak, azpikontratazioak eta prebentzio neurrien ezak hil egiten gaituzte.

Egoera horrek erantzuleak ditu, eta nagusia patronala da. Epe motzeko onura ekonomikoa hobesten du langileon osasunaren eta bizitzaren aurrean. Laneko arriskuen prebentzioa eta ondorioz, gure osasuna eta bizitza, negozio bihurtu dituzte.

Eta egoera honen aurrean, patronalaren ez betetzeen aurrean, langileria da osasuna eta bizitza bera galduz ordaintzen duena. Bitartean, administrazio publikoek ez dute langileon osasuna eta bizitza bermatzeko eginkizuna betetzen, ez baitute egoera hori aldatu ahal izateko zaintza, zaintza, kontrola eta zigor eredugarriak ezartzen.

Administrazio Publikoei, Eusko Jaurlaritzari galdetzen diogu: zein pauso emateko prest daude egoera eta eredu hau geldiarazteko? Noiz sartuko dituzte laneko heriotzak agenda politikoan?

Langileok bizi ahal izateko egiten dugu lan eta ez saiakeran bizia galtzeko. Lan istripuak ez dira bizitzako gertakari arruntak. Langile bat hiltzea ez da lanaren ezaugarri bat. Lan istripuak inposatzen dizkiguten lan harremanen emaitza dira, prekarizazioa, lan-araudia eta egungo lan merkatuarenak.

LAB sindikatutik argi dugu bizitza eta lan duinak behar ditugula, lanetik onik eta bizirik bueltatzeko eskubidea dugula. Sarraski honekin amaitzeko lan-harreman eta joku arauak aldatu behar ditugu. Eredu berri bat gauzatu behar dugu, interes ekonomikoen gainetik langileon bizitza eta osasuna lehenetsiko dituena.

Mobilizazioa eta borroka funtsezkoak dira istripuen aurrean. Horregatik, LAB sindikatutik dei egiten die langile klaseari eta herritarrei hurrengo egunetan antolatuko diren mobilizazioetan parte hartzera.

Nafarroako garbiketa sektoreko langileek hitzarmen duin bat aldarrikatu dute, datorren asteko grebaren atarian

Nafarroako garbiketa sektoreko sindikatuok grebara deitu dugu apirilaren 13, 14, 15 eta 16rako, hitzarmen duin bat aldarrikatzeko. Hainbat mobilizazio egin ditugu azken asteetan, eta orain, greba deialdi honen bitartez, borroka indartzea erabaki dugu LAB, CCOO, ELA, UGT eta Solidari sindikatuok.

Bada, grebaren atarian, garbiketetako bi langile ISNko kamioi batera igo dira goizean, 6:00etan, eta N-121 errepidea moztu dute, Beriainen. Hain zuzen ere, hitzarmena blokeatzen duen enpresa baten kamioia izanik, errepidea blokeatu dute.

Bestalde, sindikatuok agerraldia egin dugu ostegunean, garbiketako grebaren aurrean Hezkuntza Sailak ezarritako gutxieneko zerbitzuak salatzeko. Garbiketako langileek ikasle eta hezkuntza arloko ordezkari sindikalekin batera egin zuten agerraldia. Bertan, datorren asteartean hasiko den grebaren aurrean Hezkuntza Sailak ezarritako %100eko gutxieneko zerbitzuak salatu dituzte.

Osteguneko agerraldia.

Era berean, azaldu da Osasunbideak ikastetxeetakoak baino nabarmen apalagoak diren gutxieneko zerbitzuak ezarri dituela. Hortaz, ia ulertezina da Carlos Gimenoren sailak ezarritako hain neurri zorrotza, praktikan grebarako eskubidea murrizten duena. Horregatik eta ikastetxeen garbitasun erabatekoa bermatzeko, Carlos Gimenori aholkatu diogu bere sailak kontratatzen dituen enpresak presiona ditzala negoziazio mahaira buelta daitezen eta ez dezala garbiketa bermatu garbitzaileen grebarako eskubidea urratuz. Horregatik, inposatutako gutxieneko zerbitzuetan atzera egitea exijitu diogu.

Apirilaren 22rako EAEko sektore publikoan deitutako greba erregistratu dugu

Enplegu publikoa sortu eta milaka behin behineko langileren kontsolidazioa galdegiteko mobilizatuko gara LAB, ELA, CCOO, SATSE, STEILAS eta ESK sindikatuok.

Deitzaileon ohar bateratua:

EAEko zerbitzu publikoek bizi duten egoera larriaren aurrean, martxoaren 1ean, LAB, ELA, CCOO, SATSE, STEILAS eta ESK sindikatuok publiko egin genuen greba deialdia, sektore publiko osorako, datorren apirilaren 22rako.

Zoritxarrez, hilabete bat baino gehiago igaro denean, esan dezakegu ez Eusko Jaurlaritzak, ez gainerako instituzioek, ez alderdi politikoek, ez dutela urratsik eman sektore publiko osoak jasaten duen behin-behinekotasunaren eta enplegu publikoaren suntsipenaren arazo larriari konponbidea emateko. Argi dago, erakutsitako borondaterik ezaren aurrean, mobilizazioa beste biderik ez digutela utzi; horregatik, gaur goizean bertan, apirilaren 22rako greba-deialdiaren erregistro ofiziala egin dugu. Sektore publikoa osatzen duten eremu guztiak daude deituak: Udalak, Foru Aldundiak, Osakidetza, Hezkuntza, Administrazio Orokorra, Justizia, Garraio Publikoa, Hedabide publikoak eta gainerako sektoreak.

Enplegu publikoa sortzea eta sektore publikoko milaka behin-behinko langileen kontsolidazioa ezinbesteko aldarrikapena da azken urteetan martxan jarritako politikei aurre egiteko: murrizketak, austeritatea, pribatizazioak, lan-baldintzen prekarizazioa, enplegu suntsipena, eta gure sektore publikoaren etengabeko ahultzea, besteak beste. Izan ere, langile horiek urte luzez aldi baterakoak izan arren (behin-behinekotasun egoeran erretiratzera ere iristen dira), zerbitzu publikoak aurrera ateratzen dituzte egunero, eta horien ahalegina eta inplikazioa ezinbestekoa izan da egungo pandemiari aurre egiteko.

Administrazio guztietan daukagun behin-behinekotasun tasa onartezina da. Eusko Jaurlaritzak berak onartu du gure sektore publikoak Espainiako eta Europako behin-behinekotasun tasa handiena duela. Tasa %40tik gorakoa da, eta ez da salbuespena, administrazio, sektore eta eremu guztietan sistematikoki, modu orokorrean eta kasu askotan iruzurrez errepikatzen den errealitatea baizik.

Premiazkoa da egoera horri irtenbide egoki bat ematea; zalantzarik gabe, egun mahai gainean dauden lege proiektuak ez dira konponbide egokia, ez bait dira nahikoak. Gogoratu beharra dago, gainera, huts egin dutela, Auzitegi Konstituzionalak kontrako epaia eman baitu.

Erantzun egokirik jaso ez dugun heinean, aurrera jarraituko dugu datorren apirilaren 22rako deitutako grebarekin. Aldez aurretik, apirilaren 15ean, elkarretaratzeak egingo ditugu lan zentroetan.