2026-08-18
HomeEkintza SindikalaPrekaritateak, azpikontratazioak eta prebentzio neurri ezak hil egiten gaituzte

Prekaritateak, azpikontratazioak eta prebentzio neurri ezak hil egiten gaituzte

Odolusteak ez du etenik. Gaur goizean Abadiñoko Cosmos enpresan, Transportes Eguiara y San Juan enpresako langile bat oxigeno bonbonak manipulatzen zebilen garabi batekin, kargak harrapatuta geratu da eta bertan zendu da. Ezin dugu ahaztu atzo 57 urteko emakume bat hil zela Trapagaranen, prekarizazioa eta enpleguaren suntsiketa bizi dituen ostalaritza sektorean.

Azken hildako honekin eta urtea hasi zenetik, gutxienez 16 dira Euskal Herrian lanean hildakoak, eta Joaquin Beltranek desagertuta jarraitzen du Zaldibargo zabortegian iazko otsailaren 6tik.

Lehenik eta behin, LAB sindikatutik gure elkartasuna eta babesa adierazi nahi dizkiegu hildako langilearen senide eta gertukoei.

Langileriak pairatzen duen laneko biolentzia arazo sozial larria da, arazo estrukturala, inposatzen diguten politika neoliberalaren ondorio zuzena. Prekarietateak, azpikontratazioak eta prebentzio neurrien ezak hil egiten gaituzte.

Egoera horrek erantzuleak ditu, eta nagusia patronala da. Epe motzeko onura ekonomikoa hobesten du langileon osasunaren eta bizitzaren aurrean. Laneko arriskuen prebentzioa eta ondorioz, gure osasuna eta bizitza, negozio bihurtu dituzte.

Eta egoera honen aurrean, patronalaren ez betetzeen aurrean, langileria da osasuna eta bizitza bera galduz ordaintzen duena. Bitartean, administrazio publikoek ez dute langileon osasuna eta bizitza bermatzeko eginkizuna betetzen, ez baitute egoera hori aldatu ahal izateko zaintza, zaintza, kontrola eta zigor eredugarriak ezartzen.

Administrazio Publikoei, Eusko Jaurlaritzari galdetzen diogu: zein pauso emateko prest daude egoera eta eredu hau geldiarazteko? Noiz sartuko dituzte laneko heriotzak agenda politikoan?

Langileok bizi ahal izateko egiten dugu lan eta ez saiakeran bizia galtzeko. Lan istripuak ez dira bizitzako gertakari arruntak. Langile bat hiltzea ez da lanaren ezaugarri bat. Lan istripuak inposatzen dizkiguten lan harremanen emaitza dira, prekarizazioa, lan-araudia eta egungo lan merkatuarenak.

LAB sindikatutik argi dugu bizitza eta lan duinak behar ditugula, lanetik onik eta bizirik bueltatzeko eskubidea dugula. Sarraski honekin amaitzeko lan-harreman eta joku arauak aldatu behar ditugu. Eredu berri bat gauzatu behar dugu, interes ekonomikoen gainetik langileon bizitza eta osasuna lehenetsiko dituena.

Mobilizazioa eta borroka funtsezkoak dira istripuen aurrean. Horregatik, LAB sindikatutik dei egiten die langile klaseari eta herritarrei hurrengo egunetan antolatuko diren mobilizazioetan parte hartzera.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Elkartasun bidaia Kubara

LAB sindikatuaren ordezkaritza bat La Habanan izan da Fidel Castro Ruzen jaiotzaren 100. urteurreneko ekitaldietan. Iraultza kubatarraren buru izandakoari buruzko konferentziaren testuinguruan, gure elkartasuna...

Mugikortasun arriskuek eta prekaritateak lan koktel hilgarria osatzen dutela salatu dugu

LAB sindikatuak jakin duenez, Said El Hadi 42 urteko Funeseko bizilaguna hilaren 5ean hil zen Azkoienen, zirkulazio-istripu batean, eta, egiaz, in itinere lan-istripu baten...

Kaleratutako 13 lankideak berronartzea eskatu dute Konecta BTOko langileek

Lanuztea egin dute eta El Correo-ren Bilboko egoitzaren aurrean mobilizatu dira. Vocento da, Iberdrolarekin batera, Konecta BTOko bezero nagusia. Gaurkoa izan da langileek egin...