2026-06-22
Blog Page 437

Preso, iheslari eta deportatuen etxeratzearen alde mobilizatzen jarraitu behar dugu

Aieteko Konferentziatik 10 urtera egindako aurrerapenak txalotu eta egiteko daudenak gogoratuz, preso, iheslari eta deportatuen etxeratzearen alde mobilizatzera deitzen du LABek.

Sarek manifestazioa deitu du urriaren 23rako Donostian. “Ibilian ibilian, etxerako bidean” lemarekin, mobilizazioa 17:00etan abiatuko da Antiguoko tuneletatik. LABek bat egiten du mobilizazio honekin eta bertan parte hartzeko deia egiten die langileei, herri aktibazioa eta kalera ateratzea garrantzitsua baita indarrean dagoen salbuespenezko kartzela politikarekin amaitzeko. Igor Arroyo idazkari nagusi ondokoa buru izango duen sindikatuko ordezkaritza zabalak parte hartuko du mobilizazioan.

Testuinguru oso berezian dator larunbateko manifestazioa, Aieteko Konferentziaren 10. urtemugarekin bat eginez. Garrantzia historiko handiko gertakaria, zalantzarik gabe. Aieteko konferentziak bake eta bizikidetza demokratikorako bideorria ezarri eta handik egun gutxira ETAk bere ekinbidearen amaiera iragarri zuen.

Nazioartekobestegatazkapolitiko-armatubatzurekinalderatuta,ezhoikoezaugarriakizandituEuskalHerrikoak. Ez zen bide erraza izan. Estatu espainiarrean, PPk Gobernua berreskuratuta, ez zen inolako borondate politikorik gatazkaren amaierarako bide adostu eta partekatua egiteko. Ezker Independentismoak alde bakarrez aurrera egin zuen, ausardiaz.

Aietera itzuliz, 10. urtemugaren karietara EH Bildu eta Sortutik adierazpen garrantzitsua egin zen joan den astelehenean. Berriro ezker independentismoaren eremutik Aietek markatutako bide orrian aurrera egiteko borondate eta konpromiso irmoa agerian geratzen dira.

Urte hauetan guztietan asko aurreratu da, baina asko dugu egiteko oraindik; eragile politiko sindikal eta sozial guztioi dagokiogu bake eta bizikidetzan aurrera egiteko konpromisoa geureganatzea; horrela egin du LABek, besteak beste, Foro Sozialaren ekinbideekin estuki engaiatuz eta gure ekarpenak eginez.

Urratsak ematen jarraitzeko beharra ikusten dugu, garaia da biktimen kategorizazioaren amaitu eta biktima guztien aitortza eta erreparazioa sustatzeko; premiazkoa da gatazka politikoari irtenbide demokratikoa ematea, tortura kasuak eta giza eskubide urraketak argitu, aitortu eta erreparatzea; urgentziazkoa da preso, iheslari eta deportatuak etxerako bidean jartzea.

Gai honen inguruan, salbuespen neurriak alde batera uzteko beharra aldarrikatzen dugu, eremu sindikal zabalak – gaur bertan Bilbon egingo dugu elkarretaratze sindikala horren adibide- eta gehiengo sozial eta politiko zabalak eskatu izan dugun moduan. Aurrera egin dugu azken hilabeteetan, ukaezina da presoen gerturatzeek ekarri dituzten aurrera urratsak, baina salbuespen legeriak eta eskubideen urraketak indarrean jarraitzen dute oraindik. Horrela, presoen afera konpontzeko helburuarekin, aktibazio soziala hauspotu eta ezberdinen arteko akordio zabalak sustatzen jarraitzeko konpromisoan berresten da LAB. Orain inoiz baino gehiago kalera ateratzeko garaia dugulako, bihar Donostiako manifestazioan izango gara.

Gipuzkoako egoitzetako egoera larria ezagutarazi eta lehenbailehen irtenbidea eman behar zaiola aldarrikatzeko grebarako deialdia egin dugu, urriaren 28 eta azaroaren 12rako

Gipuzkoako helduen egoitzetako egoera lotsagarria da, urteak daramazkigu sektoreko errealitateazein den salatzen, baina erakunde eta enpresen jarrera ikusita, badirudi gatazka langile, egoiliar eta hauen senideena dela soilik. Baina guk zerbait argi badugu honakoa da: egoera honek jendarte guztiari eragiten diola.  

Helduen egoitzetako sektorea zaintzan oinarrituta dago; jendarte honetako menpekotasuna duten pertsonei zuzenduta,   hain   justu.  Horretaz   gain,   diru  publikoarekin   finantzatzen   da.  Bada, pandemiaren eraginez bizi dugun krisiak modu gordinean utzi ditu agerian helduen egoitzetako gabeziak, berriak ez direnak. Langileak euren osasuna lanean uzten ari dira, modu prekarioan lan egiten dute, eta ordainetan, sektoreko arduradun Gipuzkoako Foru Aldundiak ez du egoera aldatzekoinongo asmorik erakutsi.

Langileek, berriro ere, euren profesionaltasuna erakutsi dute eta egoera gogor zein latz honetan duten onena ematen ari dira, egoiliarrak maite dituztelako eta euren eskubideen defentsan ere borrokan jarraituko dutelako.

Bitartean, Gipuzkoako Foru Aldundia non dago? Zer egiten ari da helduen egoitzetan egoera bortitz hau aldatzeko?

LAB   sindikatutik   askotan  aldarrikatu   dugu   gatazka  honi   behingoagatik   irtenbide  bat   emateko ezinbestekoa dela herrialdeko hitzarmenaz eta langileen kopurua zehazten duten ratioen katalogoaz hitz egitea. Lehentasun horietaz aparte, porrot egin duen sistema goitik behera aldatu beharra dagoela argi dugu. Aski da enpresek diru publikoarekin negozio egitea. Pribatizazioan oinarritutako sistema honek langileek bizi dugun prekaritatea areagotzen du eta modu zuzenean eragiten du egoiliarrek   jasotzen  duten   arretan.   LAB  sindikatutik   behin   eta  berriz   azpimarratu   dugu publifikazioaren aldeko apustua egiten dugula, eta egoera hau, zerbitzu publikoen pribatizazioaren, lan prekarizazioaren eta sektore feminizatuek duten errekonozimendu sozial eta ekonomiko ezaren ondorio dela.

Negoziazio   kolektiboa  berraktibatu   eta   gatazka  hau   desblokeatzeko   momentua   da, osasun larrialdian zehar langileek egindako esfortzu eta sakrifizioa mahai gainean jarri eta administrazio publikoari zein patronalari langileek   merezi duten errekonozimendu sozial eta ekonomikoa exijitzeko momentua da.

Honenbestez, langileen, egoiliarren eta jendartearen defentsan, LAB sindikatuak bi greba egun deitu ditu, urriaren 28a eta  azaroaren 12rako, azken hilabeteetan egindako mobilizazioen ildoan. Egun horietan antolatuko diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten dugu, ezinbestekoa baita denon inplikazioa egoera irauli nahi badugu.

Osasunbidea, Nafarroako ABLE handiena

Badakigu Osasunbidea aldi baterako laneko enpresarik handiena dela, duela urte askotatik; horretaz ederki jabetu gara hemen lan egiten dugun guztiok. 

Jakina da langile gehienek lan-bizitzan zehar dozenaka kontratu kateatu dituztela, kasurik onenean. 

Badakigu kontratuen kate horretan lan-baldintzak ez direla onenak, ezta hurrik eman ere, eta zenbait arduradunek eta zuzendarik egoera aprobetxatu dutela langileen lan-baldintzak prekarizatzeko. 

Jakina da zenbait arduradunek, batez ere unitatekoek, amore ematea erabaki dutela, eguneroko jarduera antolatzeko erreminta falta eta zailtasun ugari dagoelako.

Badakigu Osasunbidean ia % 60ko behin-behinekotasuna baliatzen dela plantillaren oinarrizko eskubideak ezabatzeko, hala nola urteko egutegia, oporretarako eskubidea, lan beragatik soldata bera jasotzeko eskubidea, edo kexarako eskubide soila (balizko ondorioengatik); horrek argi eta garbi adierazten du gauza asko oso gaizki egiten ari direla.

Jakina da Osasun Departamentuak duela zerbitzuen pribatizazioak edo interes pribatuak bultzatzeko urteetan langileen arloan ezarri den politika neoliberalen erantzukizuna; osasun publikoa defendatzen dugunok argi daukagu hori. 

Begibistakoa da kontratazioaren abusua eta iruzurra tsunami geldiezina dela eta ondorio kaltegarriak izan ditzakeela; hori nabarmen gelditzen ari da ebazten ari diren epai judizialetan.

Pandemiak argitara atera ditu Osasunbidearen muga guztiak: langile falta, batez ere fakultatiboak eta erizainak; kontratu prekarioak, lanaldi oso luzekoak eta atsedenik eta oporrik hartzeko aukerarik gabekoak; etengabeko kexak kontratuak esleitzea eta oinarrizko eskubideak errespetatuak izatea lortzeko; pertsona batzuek produktibitateak kobratzea eta beste batzuei ukatzea, lan bera eginagatik.

Agerian eta nabarmen dago, pandemiaren datuek hobera egin duten une hauetan, Nafarroako Osasun Zerbitzuari eta Nafarroako Gobernuari ez zaiela axola plantilla nola dagoen. Jauzi handi bat nozitzen ari gara, arduradunen txaloetatik eta politikarien esker oneko hitzetatik “gustatzen ez bazaizu, kanpora” diskurtsora igaro baikara. 

Hori nahikoa ez-eta, beste ABLE bat sortzen ari da Osasunbidea ABLE handiaren barruan, Pool izeneko azpikontrata hain zuzen, guztiok aspaldi ezagutzen dugun Pool bat. Zertan datza? Langile ia guztiak lanaldirik gabe, oporrik gabe eta zuzendaritzak erabakitako mugikortasunarekin erabili ahal izatean. Lanposturako gaitasunak eskuratzeko aitzakiarekin, Pool honen bitartez, are gehiago prekarizatzen dira plantillaren baldintzak, eta aukera zabaltzen da zenbait nagusik langile horiek modu arbitrario eta bidegabean erabil ditzaten. Kontratazio mota hori ospitaleetan eta Oinarrizko Osasun Laguntzan egiten da, eta ez dago horretatik libre dagoen lanbide-kategoriarik. 

Ahaztuxeak dira COVID heroiak. Heldu da langileen murrizketen garaia. Itzuliko dira produktibitateak, itxaron-zerrendak murrizteko; baina gutxi batzuentzat bakarrik izango dira. Itzuliko da langile eskasia, kontratazio faltagatik; itzuliko da gripea ere, baina eskubideen murrizketak jarraitu egingo du.

Dena ez da diru kontua, sindikatu korporatibistek etengabe eskatzen duten bezala. Langile askok atseden-denbora nahi dute, familia eta lana bateragarri egiteko aukera eta beren eskubideak errespetatuak izatea.

LAB sindikatuak aurrekontu bat eskatzen du Osasunbidearentzat, plantillak dimentsionatzeko eta material teknologikoa erosteko. Arazo handia dugu lanean ari diren pertsonen kopuruari, hurrengo erretiroei eta itxarote-zerrendei dagokienez, eta beldur gara Espainiako Estatuak enplegua egonkortzeko onartu duen lege-dekretuak ez ote duen, inondik ere, gure egoera konponduko.

Plantilla finkatzea eskatzen dugu, behin-behinekotasuna egiazko % 8ra murrizteko, kontuan hartuta, burutzetarako plazen erreserba guztiak eta egiturazko kontratuen plantilla paraleloa, behin-behinekotasunaren nitxo oso garrantzitsua baitira.

LABek errespetua eskatzen du fisikoki eta psikologikoki minimoen azpitik dauden langileekiko. Haien lan-baldintzak eta baldintza ekonomikoak nabarmen hobetzea eskatzen dugu, eta alderdi politikoek gai horiek kontuan hartzea Nafarroako aurrekontuen negoziazioan. Azkenik, berriz eskatzen dugu gutxienez 10.000 plaza deitzea foru-administrazio osorako.

Nafarroako beira biltzen duen Ascan Servicios Urbanos enpresan soldatak Arabarekin parekatzea lortu dugu #LortuDugu

LAB sindikatuak enpresa-akordioa sinatu du ASCAN SERVICIOS URBANOS S.L. enpresan. Ascan beirazko edukiontziak biltzeko, garbitzeko eta mantentzeko zerbitzuaren enpresa esleipenduna da Nafarroa Garaian. Ascanek Tafallan du basea, baina Nafarroa osoan egiten du lan.

Kantabriako enpresarekin egindako negoziazio berri baten bidez, enpresa-akordio berri bat lortu da, 2020an sinatutakoa hobetzen duena eta baldintzak Arabarekin parekatzen dituena, horrekin jada bete da helburu nagusia.

Gogoratu behar da estatu mailako hitzarmen bat dela, saneamendu publikoaren, bide-garbiketaren, hondakinen bilketa, tratamendu eta deuseztapenaren eta abarren sektorekoa. Joan den urtean nabarmen hobetu zen, eta orain lortu da behin betiko parekatzea, oinarrizko soldataren % 25eko soldata-igoera gordinari esker, bai gidari espezialisten kategorian, bai peoi espezialistaren kategorian.

Etorkizuneko kontraten aurrean subrogazioak edo beste enpresa batek zerbitzua aldatzeak, akordioa mugarik gabeko ultraktibitate gisa blindatzeak eta hemen itundutako baldintzetatik ez deskolgatzeak indarrean jarraitzen dute, aurreko negoziazioan adierazi zen bezala.

LAB sindikatuan beti uste izan dugu helburua lortzeko modukoa zela, nahiz eta jakin garai hartan zeuden baldintza prekarioak borroka eta negoziazio bidez soilik alda zitezkeela, eta zorionez hala izan da.

Ostalaritza sektoreko langileen prekaritate egoera salatu dugu, Donostiako taberna batean izandako lan istripu hilgarriaren harira

Donostiako Gros auzoan mobilizatu gara, Kursaal aurrean, euskal gehiengo sindikalak deituta, azken lan heriotza salatzeko. Hain zuzen ere, joan den igandean, Gure Txoko tabernako 36 urteko langile bat hil zen, sute baten ondorioz.

LAB sindikatuak langile horren heriotzaren arrazoiak ikertzea eskatzen du. Zer egiten zuen langilea goizeko 6etan tabernan? Zeintzuk ziren haren lan baldintzak eta lan erritmoak?

Donostian, eliteen turismora bideratutako hirian, gutxi batzuek negozioa egiten duten bitartean, ostalaritza-sektoreko langileek gaur egun jasaten duten prekaritate-egoera salatzen dugu; lan-erritmo jasanezinak eta lanaldi amaigabeak dira, eta laneko eta prebentzioko araudia ez da betetzen. Administrazioek, ordea, beste alde batera begiratzen dute behin eta berriz, sistematikoki.

Aurten, Euskal Herrian gutxienez 52 langile hil dira lanean edo lanaren ondorioz. Langile-klasearen segurtasunak eta osasunak zentraltasunik hartzen ez duten bitartean eta interes ekonomikoek gailentzen jarraitzen duten bitartean, ezinezkoa izango da lan istripuen gaitz horrekin amaitzea. LAB sindikatutik jarraituko dugu jendartearen mobilizazioa bultzatzen, hil eta gaixotzen gaituen sistema honn aurka eta bizitza  eta osasuna erdigunean jarriko duen eredu baten alde. 

Gasteizko Legebiltzarra interpelatu dugu bide orri bat eraikitzeko, burujabetzan aurrera egin eta egungo eskuduntzekin lan eta bizi baldintzak hobetzeko

Lan Kode eta Gizarte Segurantzako lege propiorako egitasmoa aurkeztuko diogu Gasteizko Parlamentuari, eta, ondoren, Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak hitza hartu du, LABeko Batzorde-Exekutiboko zenbait kidek lagunduta.

Euskal Herri osorako proiektua da aurkeztutakoa, eta erreformen errebertsioa aldarrikatu eta murrizketa berriei ateak ixtea defendatzen du. Horrez gain, euskal bideorria aurkeztu dugu; hots, lan eta bizi baldintzak aldatzeko neurri zehatzak jasotzen dituen bideorria, egungo eskuduntzetatik  egingarri diren neurri zehatz eta errealekin, eta, aldi berean, burujabetzaren bidean aurrera egiteko proposamenak egiten dituena, Euskal Herritik eta Euskal Herrirako.

Hauxe da Garbiñe Aranburuk Gasteizko Legebiltzarraren kanpoaldean egindako hitzartzea:

Gaur hemen gaude bi lege-proposamen erregistratzeko. LABek Euskal Herrirako Lan Kodea eta Gizarte Segurantzaren Legea proposatu ditu.

Euskal Herri osorako proposamenak dira. Gaur Gasteizen erregistratzen ditugun lege-proposamenak Nafarroara eta Ipar Euskal Herrira ere eramango ditugu. Euskal Herria hiru lurralde-eremutan banatuta dago, eta Euskal Herri bateratu baterako trantsizio horretan, eremu bakoitzak Euskal Lan Kodea eta Gizarte Segurantzaren lege propioa bermatu behar ditu.

Lan Kodean lan guztiak, zaintzakoak barne, aitortzeko eta berriz birbanatzeko beharra planteatzen dugu. Era berean, lanaren sexu-banaketarekin amaitzeko proposamenak eta soldatak eta enplegua duintzeko neurriak jasotzen dira. Enplegua, zaintza eta aberastasuna banatzeko proposamenak dira.

Gizarte Segurantzaren Legean pentsio publikoak eta gizarte-babes duina ziurtatzeko neurriak jasotzen dira.

Gaur hemen gaude Eusko Jaurlaritzari eta Legebiltzarra osatzen duten alderdi politikoei euskal ibilbide orria eraikitzeko eskatzeko. Lan-kode propioa eta Gizarte Segurantzaren lege propioa ezartzea helburu izan behar duen ibilbide-orri bat. Burujabetzan aurrera egiteko euskal ibilbide-orria, euskal ibilbide-orria egungo eskumenak langileen lan- eta bizi-baldintzak hobetzeko baliatzeko.

Gaurko interpelazioarekin hiru esparrutan jarduteko eskatzen dugu (hiru norabide):

1. Lehenengo urratsa azken urteetako erreformen eta murrizketen bidea iraultzea izan behar da. Eusko Jaurlaritzari exijitzen diogu Madrilgo Gobernuari eska diezaiola azken urteetako lan eta pentsio erreformak indargabetzeko. Eta alderdi politikoei exijitzen diegu beren indarra aprobetxa dezatela azken urteetako erreformak iraultzeko eta erreforma berriei ateak ixteko.

2. Bigarren arazoak subiranotasunarekin du zerikusia. Edozein gizarte-eredu eraikitzeko, ezinbestekoa da lan-arloan eta gizarte-babesean erabakitzeko gaitasuna izatea. Borondatea eta konpromisoa eskatzen diegu eredu autonomikoaren mugak gainditzeko eta estatus juridiko eta politiko berriak lortzeko, gai horietan erabakitzeko gaitasun osoa izan dezaten.

3. Hirugarrenik, eta egungo eskumenetatik abiatuta, premiazko izaeraz, langileen bizi-baldintzak hobetzeko neurriak har daitezke. Horregatik, Gobernua osatzen duten alderdiei eskatzen diegu honako neurri hauek har ditzatela:

• Patronalari Akordio Interprofesional bat adosteko eskatzea. Akordio Interprofesional bat, 1.400 euroko gutxieneko soldata bermatzeko; ezarritako soldata-arrakalari eta lanaldi partzialei amaiera emateko; 30 orduko lanaldia ezartzeko; edo behin-behinekotasunari amaiera emateko eta enplegua duintzeko.

• Negoziazio kolektiborako esparru propioa defendatzeko eskatzen diegu:

– Eremu pribatuan, negoziazio kolektiboaren estatalizazioa bultzatzen duen erreforma indargabetzea eskatuz

– Eremu publikoan, funtzio publikoko langileen soldata eta lan-baldintzak arautuko dituen esparru bat eginez.

• Zerbitzu publikoak indartu behar dira. Aurrekontuetan inbertsio handiagoa bideratu behar da osasunera, hezkuntzara edo gizarte-zerbitzuetara.

• Neurriak eskatzen ditugu pentsioak 1.080 euroan osatzeko eta pentsioen arrakalarekin amaitzeko.

• Laneko osasuna bermatzeko neurriak. Lan-istripuen eta lanbide-gaixotasunen kausak ezagunak dira eta saihestu egin daitezke; besteak beste, lan-prekaritatea eta prebentzio-neurriak ez betetzea. Horri aurre egiteko, ikuskatzaile eta bitarteko gehiago jartzeko eskatzen diegu.

• Pobreziari eta gizarte-bazterkeriari aurre egiteko neurriak: Pobreziaren eta gizarte-bazterkeriaren aurkako Herri Ekimen Legegilean jasotako neurriak onartzeko eskatzen dizuegu.

• Erreforma fiskala bultzatzea. Kapital-errentak eta enpresa-irabaziak gehiago zergapetzeko.

Gobernuan ez dauden alderdiei, proposamen horien aldeko ekimen instituzionalak egiteko eta horien alde lan egiteko eskatzen diegu.

Euskal Herrian mobilizazioen fase berri bat gorpuzteko lanean ari gara. LABek Euskal Bide Orria elikatzen jarraituko du. Egin dezagun posible Euskal Herrian langileok lan, pentsio eta bizitza duina izatea.

Salatu nahi dugu gutxienez Sabadell Bankuko 1.380 langile enplegu-erregulazioko espediente baten bidez kaleratzeko lortu duten akordioa

Hasieratik adierazi dugu ez dagoela Sabadell bezalako banku baten kaleratzea justifikatzen duen arrazoirik, urteko lehen seihilekoan 200 milioi eurotik gorako irabaziak izan baititu.

“SABADELL BANKETXEAN EZ DAGO INOR SOBERAN” lelopean, langileek mobilizazio ugari egin dituzte, baita ia plantilla osoak egindako 2 greba egun ere, Bankuak berak espero ez zuen indar-erakustaldia eginez, hau da, langileak duintasunez borrokatu dute Bankuak botatzen zien pultsuaren aurka, 1900 langile kaleratzea helburu zuen EEEa iragarriz.

Zoritxarrez, goian aipatutako sindikatuek entzungor egin diote Sabadelleko langilegoaren aldarrikapenari, eta saldu egin dituzte. Enplegu-erregulazioko espediente bat sinatu dute, 1380 eta 1605 pertsona artean kaleratzeaz gain, 100 kilometro baino gehiagoko mugikortasun geografikoa eta kaleratuak izango ez diren pertsonen lan-karga handitzea ekarriko duena.

Lotsagarria da duela gutxi diru publikoz erreskatatu duten banketxeari, itzuli ez duten eta itzuliko ez duten dirua, horrelako astakeriak egiten uztea. Zoritxarrez ez gaitu ustekabean harrapatzen, badakigu edozer egiteko gai direla etekin gehiago eta gehiago lortzeko. Goian aipatutako sindikatuen lotsagabekeriak ere ez gaitu ustekabean harrapatu, Sabadelleko langileak kaleratzeko beharrezko eragile izan baitira. Aspaldi utzi zioten langile-klasea defendatzeari, inoiz defendatu bazuten, eta kapitalaren tresna bihurtu dira, beren aberastasuna handitzen jarraitu ahal izateko. Salduak, horixe zarete, salduak.

Amaitzeko, eskerrak eman nahi dizkiegu Sabadell Bankuaren aurka duintasunez borrokatu diren eta egin dietena merezi ez duten langile guztiei. LABek Sabadell bankuko langileen interesak defendatzen jarraituko du, are gehiago horrelako bidegabekerien aurrean.

Arduraz jokatzeko unea da, orain arte ezinezkoa izan dena posible egiteko

LAB sindikatuko ordezkaritza zabal batek hartu du parte Donostian, Pasealeku Berriko Oteizaren eskulturaren ondoan, ezker abertzaleak deitutako agerraldian. ETA erakundeak borroka armatua behin betiko uzteko alde bakarrez hartutako erabaki historikoaren 10. urtemuga egunean egin dugu agerraldia, Aieteko Bake Konferentziaren 10. urteurrenaren testuinguruan.

Euskal gatazkari aterabide demokratikoa eman behar zaiola aldarrikatu dugu, eta arduraz jokatzeko unea dela azpimarratu, orain arte ezinezkoa izan dena posible egiteko. Aieteko Adierazpenaren atal guztiekiko konpromisoan berretsi gara, azken batean.

Hain justu, une erabakigarri honetan, Euskal Herriak dituen erronken aurrean, bakea eta elkarbizitzari dagokienez, ekarpen eraikitzailea egiten jarraituko dugula nabarmendu dugu, etorkizuneko belaunaldiei zor diegulako.

Osakidetzak epai-mahaien esku utzi du berriro azterketak prestatzea, pasa den EPEko filtrazioetan hauek izan zuten erantzukizuna ahaztuz

2016-2017ko LEParen kudeaketaren ondorioz milaka langileri iruzurra egin diote, lan-eskaintzarik ezta mugikortasun prozesurik ez duten 13 kategoria geldiarazita daude eta Osakidetzako lan eskaintza publikorako preozesuen izena guztiz galtzera eraman du.

Gaurko mahai sektorialean jakin dugu 2019-2019ko EPEak ez duela HAEEren parte hartzerik izango. Eman diguten azalpena izan da HAEEek ez duela aukera materialik. Txundituta geratzen gara baieztapen horrekin. Ez bakarrik HAEEek lan hori 2016-2017an egin zuelako, baizik eta egoera horren erantzukizuna HAEEren gain modu esklusiboan deskargatzeko moduagatik. Osakidetzak berak inposatutako EPE eredu berrian ezarritako neurrietako bat hain zuzen ere, HAEEren parte hartzea izan da.

Osakidetzak planteatzen duen aukera bakarra azterketa guztiak epaimahaiek bakarrik berriro egitea da. Osakidetzak bere gezurrak sinistuz jarduten du eta EPE eredu erabat akastun eta arbitrario bat planteatzen jarraitzen du, azterketaen filtrazioak existitu ez balira bezala. Epaimahai kalifikatzaileek azterketen idazketan izandako parte hartzeaizan da hogeina inputatu pilatzen dituen filtrazioen arrazoi nagusia, eta azken hamarkadetan EAEn enplegu publikora iristeko prozesuetan izan den deskrediturik handiena izan da.

Proposamen honekin, Osakidetzako indar sindikalen gardentasun eta berdintasun eskakizunen gainetik pasatzen da, legebiltzarraren eskakizunen gainetik, arartekoaren eskakizunen gainetik eta, nola ez, euskal gizartearen eskakizunen gainetik.

Osakidetzak filtrazioak bere gain hartu behar ditu, horiek eragotziko dituen EPE eredu bat garatzeko, baina gaur proposatutakoak berriro ere agerian uzten du Osakidetzak duen jarrera, kategoria medikoetako filtrazioei dagokienez. Osakidetzak gai horri buruz egiten duen errealitate historikoaren etengabeko ukatzearen ondorioa da.

Orain arte bezala jokatuz gero, ezin da emaitza berririk espero. Azterketak zuzenketa-prozesuan inplikatuta ez dauden pertsonek diseinatzea, betiere oposiziogilearen eta hura idazten dutenen anonimotasuna gordez, eskakizun komun eta minimoena da, eta ez dira ezta minimo horiek ere asetzen.

Zuzendaritzak 2018-19 EPErako planteatutako planak zulo beltz bat dira prozesu horretan berdintasun-printzipioa babesteari dagokionez, eta, beraz, LAB sindikatuak argi utzi nahi du Osakidetzak gaur planteatutakoa ez duela onartzen.