2026-04-22
Blog Page 427

Carles Puigdemont berehala askatzea eskatzen dugu, errepresioaren aurrean autodeterminazioa aldarrikatuz

LABek bere elkartasuna guztia helarazi nahi dio Carles Puigdemont Kataluniako presidenteari eta bertako herriari. Langileon lan eta bizi baldintza duinak ezinezko egiten dituen sistema kapitalista atzean utzi eta bizitza erdigunean jarriko duen eredu ekonomiko eta sozial baterako trantsizio ekosozialista eta feminista borrokatzen ari gara. Hau langileok mundu mailan dugun erronka izanik ere, alternatiba hori eraikitzeko, eraldaketa sozialerako herri burujabetza prozesua sustatu behar dugu, Euskal Herrian zein Katalunian.

Espainiako Estatuak gure etorkizuna erabakitzeko dugun eskubidea aitortu eta egikaritzeko aukerarik eman gabe jarraitzen du Euskal Herrian zein Katalunian, ez hori bakarrik, errepresioak ez du etenik. Atzokoa izan da azken adibidea, Puigdemont-en atxiloketarekin.

Atzokoa Katalunian bizikidetza eta demokrazia oztopatzeko Estatuak emandako pausu bat gehiago da. Atxiloketa hau Kataluniako eta Madrilgo gobernuaren elkarrizketa mahaia ireki denean gertatu izana ez dugu uste kasualitatea denik. Kataluniako herriaren gehiengo zabal batek erreferendum adostu bat eta errepresioaren bukaera defendatzen duen bitartean, bakearen eta demokraziaren etsaiek bide hau zapuztu nahian jarraitzen dute.

Errepresioari amaiera jarri behar zaio eta ezinbestez heldu behar zaio auzi politikoaren mamiari. Gure herrietan gehiengo sozialak defendatzen du herrion erabakitzeko eskubidea. Indar horiek norabide berean askatzeko erronka dugu, herriaren borondatea izango delako Espainiako Konstituzioak ezartzen duen kortse estu hori apurtzea lortuko duena.

Nafarroako Gobernuak langileei entzun behar die eta atzera egin behar du pleguetako titulazioetan ezarritako aldaketa arbitrarioetan, dozenaka kaleratze saihesteko

Nafarroako Gobernuak, Adingabeen Zuzendariordetzaren bidez, aurrera jarraitzen du uztailaren 1ean argitaratutako adingabeen pleguetarako titulazioen eskakizunen aldaketa arbitrarioekin. Hasierako planteamenduari dagokionez, moldaketa batzuk egin zituzten arren, aldaketa horiek inflexio-puntu bat dira, inoiz ezagutu ez direnak. Aldaketa horiek dozenaka kaleratze eragin ditzake sektorean, guk saihesten ez badugu.

Guk berriz diogu titulazioetan ordena jarri behar dela, baina ez horrela. Ibilbide-orri bat negoziatu eta adostu behar da, aurrera egin ahal izateko. Ez dugu onartzen irizpide aldebakarrekoak, arbitrarioak, oinarri objektiborik eta egiaztaturik gabeak ezartzea, titulazio batzuei ateak irekiz eta beste batzuk kanpoan utziz, inolako arrazoirik gabe egiten bada. Sektorearen etorkizuna ezin da egon txandako zuzendariordearen esku.

Jokabide hori oso kezkagarria da. Aurrekari oso txarra sortzen du etorkizunerako, eta ezin dugu onartu irizpideetan aldaketa izatea Gobernua aldatzen den bakoitzean, ulertezina baita. Horrek arriskuan jartzen ditu, ez bakarrik titulazio-baldintza berriak betetzen ez dituzten langileak, baita plantilla guztiak ere; izan ere, modu horretan, zeinetan atzo balio zuenak bihar agian ez duen balioko, ziurgabetasuna eta segurtasun-falta nagusitzen dira. Gerta liteke bihar beste baldintza edo prestakuntza osagarri batzuk ezartzea, esate baterako, eta ez badituzu betetzen, zer gertatzen da? kalean eta aukerarik gabe?

Gure proposamena argia da:
• Administrazioaren, sindikatuen eta patronalaren artean hiru aldeko negoziazio sektorialeko mahaia sortzea, ibilbide-orri bat adosteko.
• Ibilbide-orria erabat ezarri arteko garai transitorioa.
• Ez kaleratzerik, ez pisuzko moldaketarik, aldaketak ezartzeagatik.
• Gaur egun lanean ari diren pertsonentzako bermeak.
• Gaur egun lanean ari diren pertsonentzako, irizpide berrien atzeraeraginik ez.
• Irizpide berriak aplikatzeko epea luzatzea, LAB sindikatuak Nafarroako Gobernuaren pleguen aurka jarritako gora jotzeko errekurtsoa ebatzi arte. Eta atzera egin eta epaitegira eramaten bada, epaia ebatzi arteko epea.
• Titulazioei buruzko eztabaida.

Lorpen bat irudikatzea zaila bada ere, ez da ezinezkoa, sektoreko plantillak antolatuz gero. Hurrengo mobilizazioairailaren 29an izanen dugu, asteazkenean, 12:15ean: Nafarroako Parlamentura joango gara Eskubide Sozialen Batzordearen lan-saiora, egoera azaltzera eta gure proposamenak aurkeztera; ordu erdi lehenago, 11:45ean, hemizikloaren aurrean kontzentratuko gara, ozen eta argi entzun gaitzaten.

Ez dugu beste munduko ezer eskatzen, lehen egin ez denik. Hirugarren adineko egoitzetan, bere garaian, gauza bera gertatu zen, eta ez zen inor kaleratu; langileei aukerak eman zitzaizkien. Borondate kontua da dena.

Osakidetzak Mahai Sektoriala itxura egiteko zirku batean bihurtu du

Kurtso berriko lehen Mahai Sektorialean, Osakidetzak planteatu duen gai ordenean ez dira jaso plantilak eskatzen dituen gatazka eta exigentzia garrantzitsuenak, eta, espero genuen bezala, oraingoan ere eduki aipagarririk gabeko bilera izan da.

Osakidetzak Mahai Sektoriala bere asmoak mahai gainean jartzeko erabili du, baina ez digu informazio garbia helarazi ez eta asmo horiek nola bideratuko dituen.

Baldintza hauetan ez dago langileontzat inolako negoziaketa aukerarik. Horrela helarazi diogu Osakidetzari.

Gauzak horrela, argi utzi nahi diogu Osakidetzari Mahai Sektoriala negoziazio kolektiborako marko inportanteena dela eta ez gaurkoan bilakatu duena: itxura garbitzeko eta espedientea kubritzeko zirku bat.

Mahai Sektorialeko funzionamenduaren aldaketa beharrezkoa da Osakidetzako langileek dituzten arazoei benetako konponbidea emateko; beraz, langileen ordezkaritza errespeta dezala eta negoziazio prozesuak berehala berraktibatzeko eskatzen diogu.

Langile migrante baten lan heriotza salatu eta Nafarroako landa eremuko esplotazioa amaitzeko neurriak exijitu ditugu

LAB sindikatuak elkarretaratzea egin du Iruñean, Lan Ikuskaritzaren egoitzaren aurrean, iragan irailaren 15ean Zarrakaztelun gertatu zen 62 urteko langile migratzailearen heriotza salatzeko eta Nafarroa Garaiko landa eremuan izaten diren esplotazio eta prekaritate egoerak buka daitezen berehalako neurriak jar ditzaten eskatzeko.

Lehenik eta behin LABek adierazi nahi du Zarrakaztelukoa ez zela trafiko istripu soil bat izan. Lan istripua izan zen, lan segurtasunerako araudiak berak in itinereistripuak lan istripu bezala katalogatzen baititu. Baina, gainera, sindikatu honek lortutako informazioaren arabera, hainbat itzal daude gertakari honen atzean, mahai gainean jarri nahi dituenak.

Hona hemen LABek bildu ahal izan duen informazioa:

  • Arturo Rojas Castaños 62 urteko langile migranteak egoera laboral ezegonkorra bizi zuen. Lau kontratu ezberdin izan zituen udan zehar, horietako bi erregimen orokorrean eta beste bi nekazaritza erregimen berezian.
  • Azken kontratuak Caparroson kokatzen du bere aktibitatea, baina ez dago argi nora zihoan lanera istripua izan zuen goiz hartan. Izan ere, abiatu zen Figarol herritik Caparrosoraino 30 kilometro daude.
  • Enpresarekin zuen harreman kontraktuala irailaren 12an agortutzat eman zen eta, ondoren, ezaguna ez den data batean, prorrogatua izan zen irailaren 15 arte; heriotzaren egunera arte, alegia.
  • Hildakoak, hegoamerikar jatorriko beste langile talde batekin batera, Zarrakaztelu inguruko mendialdeko txabola batean lo egin izan zuen, baldintza kaskarretan.
  • Bere bizitzaren azken egunetan Figarolen hartu zuen aterpe eta bertatik hainbat kilometro egiten zituen bizikletaz. Goizeko ibilbidearen zati bat ilunpetan egin behar izaten zuen, bere burua arriskuan jarriz; hain zuzen ere, istripua goizeko 6:48ean gertatu zen.

Aipatutako egitateak kontuan hartuta, LAB sindikatuak honako galdera hauek plazaratu nahi dizkio Lan Ikuskaritzari:

  • Zein zen langilearen kontratazio egoera?
  • Heriotzaren unean kontratupean zegoen? Noiz utzi zen bertan behera istripua izan baino hiru egun lehenago emandako baja agindua?
  • Nora zihoan lanera? Bazihoan leku horretan betetzen da prebentziorako legedia? Badaude jasoak arriskuak eta neurri prebentiboak ebaluazioan? Formakuntzarik jaso zuen? Osasun zaintzarik?
  • Nola da posible enpresak garraio modu segururik ez jartzea horrelako egoeran, jakinik arrisku ebaluazioan in itinerearriskuak eta dagozkien neurriak integratu behar direla?
  • Badago ordutegiaren inguruko kontrolik aktibitatean? Mugikortasunaren arriskua jasoa dago?

Galdera horiek guztiek ez dute erantzun argirik une hauetan, eta ikerketa bat abia dezan eskatzen diogu Lan Ikuskaritzari, lan istripu honen atzean dauden zalantzak argitu eta ardurak zehaztu daitezen.

Argi dago muturreko esplotazio eta prekaritate egoera bat bizi zuela Arturo Rojasek, eta egoera horrek zerikusi handia izan zuela bere heriotzan. Datu guztien arabera, noizbehinkako lanak eginez bizi zen eta enpresariak agindutako toki ezberdinetara joan behar izaten zuen goizeko ordu txikietan, 62 urterekin, bizikletaz distantzia handiak eginez. Zenbat langile daude Arturo Rojasen egoera berdinean Nafarroako landa eremuan?

Huerta de Peraltako borrokaren harira duela bi urte salatu genuen Nafarroako landa eremuan esplotazio eta prekaritate egoera ugari daudela; izan ere, besteak beste, Atzerritartasun Legeak sortzen duen ahuleziaz eta babesgabetasunaz baliatzen dira hainbat eta hainbat enpresari langile migratzaileak esplotatzeko, edo egoera oso prekarioan erabiltzeko. Ordutik hona ez da behar bezalako neurririk hartu ez Lan Ikuskaritzaren ez Nafarroako Gobernuaren aldetik. Gauzak horrela, LAB sindikatuak jarraituko du, migranteen kolektiboekin eta eremu honetako eragileekin elkarlanean, halako egoerak salatzen eta neurri zuzentzaileak exijitzen. Era berean, LAB sindikatuak jarraituko du bere ekintza sindikala ahalik eta lantoki gehienetara eramaten, uste osoa baitu langileen eskubideak defendatzeko modurik onena dela langileak antolatzea eta sindikatu borrokalari baten babesarekin borrokatzea.

Horixe erakutsi du, beste gauza askoren artean, Huerta de Peraltako esperientziak, zeinetan langileen antolakuntzak  eta ekintza sindikalak hobekuntza nabarmenak ekarri baititu langile horien lan baldintzetan. 


[ARGAZKI GALERIA] Gipuzkoako helduen egoitzetako gatazka desblokeatzeko garaia dela aldarrikatu dugu

Bi greba egun deitu ditugu Gipuzkoako helduen egoitzetan ostegun eta ostiralerako, lan baldintzak duindu eta zerbitzua hobetzea eskatzeko, joan den kurtsoan egindako mobilizazio eta greba egunei jarraipena emanez. 

Lehen greba egunean, manifestazioa egin dugu Donostian, Sagues eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Jauregiaren artean, Zinemaldiko egoitza nagusietatik igarota. Hala, helduen egoitzen gatazka eta langileen egoera larria are eta gehiago jendarteratu dugu.

Hain zuzen ere, langileen, egoiliarren eta interes kolektiboaren defentsan irten gara kalera, helduen egoitzetao gatazkari behin betiko amaiera jar diezaioten: “Negoziazio kolektiboa berraktibatu eta gatazka hau desblokeatzeko momentua da, Osasun Larrialdian zehar langileek egindako esfortzu eta sakrifizioa mahai gainean jarri eta Administrazio Publikoari zein patronalari langileek merezi duten aitortza sozial eta ekonomikoa exigitzeko momentua da”. 

Egungo sindemia eta krisi ekologiko testuinguruan ekosozialismoaren aldeko apustuan berresten gara, aldatzeko garaiz gaudela iritzita

Irailaren 24an klimaren aldeko ekintza globala dago deituta, eta, bizi dugun sindemia eta krisi ekologiko testuinguruan, trantsizio ekosozialista eta feministaren aldeko apustuan berretsi da LAB, Donostian elkartu den Nazio Biltzarrean. Norabide honetan mobilizazioetan parte hartzera dei egin du sindikatuak.

Klima larrialdiaren alarma guztiak piztuta abiatzen dugu ikasturtea, udan Kanadan egondako muturreko beroa eta Mediterraneoko suteak adierazle argiak dira. IPCCren txostenaren berri izan dugu gainera: Klima aldaketa errealitate bat dela eta jada atzera ezinezko aldaketak eman direla aipatu du. Datorren hamarkadan negutegi efektuko gasen erroko murrizketa bat ematen ez bada berotze globalak 1,5 edo 2 graduak gaindituko ditu. Hori gutxi balitz, planetaren muga biofisikoak gainditzen ari gara: erregai fosilen edota material kritikoen agortzea, ekosistemen degradazioa… larrialdi ekologikoa ertz askotakoa da.

Kapitalismo heteropatriarkal eta ekozidaren bilakaerak ekarri gaitu honaino, eta gainera, desberdintasun sozialak areagotzea ere badakar: migrazio behartuak eta pobrezia energetikoa dira bi adibide. Elite ekonomiko eta politikotik sustatzen ari diren berdez margoturiko proposamenak ez dira inolaz ere alternatiba, europar funtsekin ikusten ari garelarik nola kapitala erreproduzitzeko bide berriak diren helburua eta ez krisi ekologikoari aterabide sozial eta demokratiko bat ematea. Argindarraren prezioaren igoerarekin milaka langileren bizitzak estutzen ari direnei zuzenduriko funtsak ez dira alternatiba bat.

Argi diogu: egungo sistema ez da bateragarria ez planetaren muga biofisikoekin ez eta justizia sozialarekin. Aldaketak gertatu gertatuko dira, horiek zein norabidetan ez zeinen mesedetan emango diren da disputan dagoena. Gure iritziz beharrezkoa da langile klasea erdigunean jarriko duen trantsizio ekosozialista eta feminista bat bultzatzea. Erroko aldaketa bat beharrezkoa da, lan produktibo eta erreproduktibo guztiak berrikusiko dituena eta bizitza bizigarriak erdigunean jarriko dituena: Gutxiago lan egin, denok lan egin; beharrezkoa produzitu eta erreproduzitu energia kontsumo eta hondakin ahalik eta gutxienarekin; dena (lana, zaintza, ondasunak…) birbanatu. Trantsizio horri heltzeko sektore estrategikoen kontrol publikoa eta burujabetza ezinbesteko zutabeak dira. Euskal Herrian beharrezkoak ditugun energia eredua, elikadura sistema, zerbitzu publiko-komunitarioak, lan-harreman eredua, zaintza sistema… erabakitzeko tresnak behar ditugu. LABen Programa Sozioekonomikoan bide hori jorratzeko proposamenak jaso ditugu. 

Era berean, beharrezkoa ikusten dugu aldaketa horiek bultzatzeko agenda sozial bat eraikitzea Euskal Herriko mugimendu soziosindikal guztiarekin batera. Ez dago denborarik, eta Euskal Herritik ere orain ekin behar diogu. LABetik bide horretan jarraitzeko konpromisoan berresten gara. Aldatzeko garaiz gaude, langileok ekosozialismoa!

Osakidetzak azpikontratatutako garbitzaileek Gasteizko Legebiltzarrera eraman dituzte euren aldarriak

Osakidetzako garbitzaileen lan baldintzak jasanezinak dira. Aurreko kurtsoan egoera hau salatzeko hainbat mobilizazio eta greba deialdi egin genituen. Bada, gatazka honen berri emateko, Gasteizko Legebiltzarreko Osasun Batzordean agerraldi bat finkatu da gaurko.

Egoerak ez du hobera egin eta mobilizazioekin jarraitzeko hautua egin dugu sindikatuetatik. Horregatik, agerraldia baliatuz, elkarretaratzea egin dugu Legebiltzarraren kanpoaldean, eta azpikontratazioa eta praktika honen ondorioz baimentzen diren jarrera mafiosoak salatu ditugu.

Arabako helduen egoitzetako mahaia, osatzeko bidean

Bi urte eta erdiko borrokaren ostean, Arabako egoitza pribatuetako eta etxebizitza komunitarioetako langileen lan-baldintzak negoziatzeko mahaia osatzeko bidean dago. Hain zuzen ere, enpresaburuen elkarteek sindikatuok egindako deiari erantzun diote, eta PRECOn ezarritako bileran izan dira. Patronalak zein ordezkaritza izango duen zehazteko dago oraindik, baina enpresaburuen elkarteek jakinarazi dute hurrengo bileran mahaiaren osaketa finkatuko dutela. Urriaren 13an izango da bigarren bilera, herrialdeko hitzarmen duin bat helburu.

Huerta de Peralta: sindikalismo borrokalaria nagusi!

Hauteskunde sindikalak izan dituzte Huerta de Peraltan, eta langileek sindikatuarekiko konfiantza berretsi eta areagotu dute. Lehen indarra gara alde handiarekin berriro, ordezkari bat gehiago lortuta. Enpresaren jarrera oldarkorraren aurrean, sindikalismo borrokalaria garaile!