Greba mugagabean daude Berangoko Alconzan, Irizar Taldeko enpresan, 38 langile kaleratu nahi dituen EEEa dela-eta. Langileek erakundeei egin diete dei, enplegu suntsiketaren kontra egin eta lantegiaren etorkizuna berma dezaten.
Hala, Eusko Jaurlaritzaren aurrean mobilizatu dira gaur, bilera baitute. Atzo gauza bera egin zuten Berangon. Bertako Udalbatzarekin bildu ziren, kasu honetan.
LAB sindikatuak Alconzan inor ez dagoela soberan nabarmendu nahi dugu. Hala, erakundeei eskatu diegu enpleguaren defentsan esku har dezatela, eta Jaurlaritzari, konkretuki, diru laguntzarik eman ez ditzala kaleratzeak dauden bitartean.
Orozkon dagoen Artiach enpresako langileek ehun egun bete dituzte greban, eta, euren lan baldintzen alde borrokan sendo jarraituko dutela berresteko, mobilizazio eta aldarrikapen egun berezi bat egin dute. Bizikleta martxa, ekitaldia eta manifestazioa egin dituzte, besteak beste. Manifestazioari dagokionez, Deustuko Erriberatik Eusko Jaurlaritzaren Bilboko egoitzaraino joan dira.
Hitzarmen duin baten alde ari dira borrokatzen Artiach-en. Enpresak soldaten jaitsiera, lanaldiaren igoera eta osagarrietan murrizketak proposatu ditu. LAB lehen indarra da enpresa batzordean, eta sindikatutik berretsi nahi dugu, zuzendaritzaren jarrera ikusita, berriro agerian geratu dela antolakuntza, borroka eta mobilizazioa direla bidea langileen lan baldintzak defendatzeko.
LABeko kideok ekimenak egin ditugu Eusko Jaurlaritzak Bilbon duen ordezkaritzaren eta Gasteizko Udalaren aurrean, negozioa babesten duen egungo etxebizitza politika salatu eta langileoi etxebizitza eskuragarri eta duina bermatu behar zaigula aldarrikatzeko. Arrasaten ere mobilizatu ginen astelehenean, “etxebizitza duina langile guztientzat” leloarekin.
Ekimena Abiatu-ren, LABeko Ekintza Sozialeko komunitate berriaren, lehen kanpainaren baitan kokatu dugu; langile guztioi etxebizitza eskuragarri eta duina bermatzearen aldeko kanpaina, hain zuzen ere. Abiatu LABeko kideon espazio berria da, langileon bizi-baldintza duinen alde ekiteko. Prekarizazioa lantokietan bezala lantokietatik kanpo pairatzen dugu langileok, eta horregatik prekarizazio hau pairatzen dugun eremuetan borrokak abiatzea da gure apustua. Ez dugu onartuko lantokietan borrokatzen duguna hauetatik kanpo lapurtu diezaguten.
Etxebizitza eskubidea errealki bermatzea langileon oinarrizko bizi-baldintzak duintzeko ezinbestekoa da, baina jabetza pribatuan, merkantilizazioan eta espekulazioan oinarritzen den egungo ereduak ondorio sozial larriak eragiten ditu. Etxebizitza duin eta eskuragarri baterako sarbide eza langileon prekaritatearen elementu giltzarria da.
Datu batzuk aipatze aldera, 2019eko bataz besteko soldatarekin (23.183 euro) 19 urte behar dira Babes Ofizialeko etxebizitza bat ordaintzeko eta ia 42 urte merkatu librean etxebizitza jabetzan eskuratzeko, honek dakartzan baldintzapen guztiekin. EAEn 80m2-ko etxebizitzaren alokairua 986 eurokoa izan da bataz beste 2021ean eta langileok soldataren ia erdia bideratu behar dugu hau ordaintzera (bestelako gastuak kontuan hartu gabe). Etxebizitza babestuaren eskaria 2011-2019 tartean ia bikoiztu egin da; aldiz, eskari horri erantzuteko eskaintzaren ehunekoa gutxitu egin da.
Etxegabetzeei dagokienez, datuak bortitzak dira oso. 2020. urtean, 889 etxegabetze gertatu ziren Hego Euskal Herrian.
Erakundeei mezua
Horregatik guztiagatik, etxebizitza eskubide subjektibo bezala aitortu eta hau errealki bete dadin bermatzeko neurriak hartzea eskatu dugu Bilbon eta Gasteizen egindako mobilizazioekin, erakundeak interpelatzeko asmoz. Horrekin batera, herritarrekin eskuz eskuko harremana bilatu dugu ekimenetan, inkesta baten bidez eta gure aldarrikapenak partekatuz bizi dugun errealitatez hitz egin eta hausnartzeko, zein honen aurrean antolatzeko deia luzatuz.
LABen ustez, lehentasunezkoa da, etxebizitza eskubide subjektibo erreala izan dadin, neurri zehatzak hartu eta tresnak garatzea. Horretarako, espekulazioari ateak itxi eta alokairu sozial arautuari lehentasuna eman behar zaio, eta etxebizitzaren prezioa mugatu behar da etxebizitza gastuak diru-sarreren %30 izan daitezen gehienez (%15 egoera zaurgarrian dauden pertsonen kasuan eta etxebizitza publikoetan).
Gainera, parke publikoa handitzeko estrategiak beharrezkoak zaizkigu, lehentasunez jabego handiei eta funts putreei mugak jarriz. Azkenik, eta urgentziazko neurri gisa, alternatiba duinik ez duten etxegabetze guztiak eraginkorki debekatzeko eskatzen dugu.
Zornotzako Aludium enpresan, beste askotan bezala, soldata-igoera KPIarekin baldintzatuta dago, langileek erosteko ahalmena gal ez zezaten. Azken urteetan, baldintza hori ez da arazo izan, ematen zuen igoera ez baitzen oso handia, eta enpresek onartzen dute KPIak igoera markatu behar duela.
Aludiumen, 2018. urteaz geroztik, enpresa-hitzarmen bat dago, eta hitzarmen horretan ezartzen den igoera 2022. urterako KPI gehi %0,5 da. Jakina denez, Covid-19aren ondorioz, KPIa %6,5ekoa izan da eta horregatik egin beharreko soldata igoera %7 izan behar da.
Hala ere, igoera egiteko unea iritsi denean, enpresak uko egin dio eta zenbait bileratan ez du ezertara eraman %3,5 igotzea, %7 igo eta atzerapenak ordaindu behar zituenean. Arazoa eta eztabaida dagoen tokian, soldata-igoera finkatzeari uko egiten diola da, eta horrek esan nahi du datozen urteetarako soldatak bere horretan jarraitzen duela. Diru kopuru bakarra ordaintzen da, baina hurrengo urteetako nominetan ez da agertzen.
LABentzat, sinatutakoa bete egin behar da. Aldeak ados jartzen direnean, hobea edo okerragoa izan adostutakoa, kontsekuentea izan behar da emandako hitzarekin. Hori dela eta, langile asanbladan galdetu ondoren, bi greba egun adostu eta egin dira otsailaren 24 eta 28an.
Grebak %60ko jarraipena izan du bi egunetan. Gure ustez arrakasta handi bat lortu da, LAB sindikatuak bakarrik deitu ditu mobilizazioak eta. CCOOk eta UGTk, enpresa-batzordean gehiengoa izanik, ez dute deialdirik egin. Bainaa, sindikatu horietako afiliatu batzuek bai egin dituztela grebak.
Ez da aipatu gabe utzi behar enpresa hitzarmena 2021ean amaitu zela eta orain negoziatzea dagokiola. LABentzat ezinbestekoa da sinatutako %7ko igoera aplikatzea. Izan ere, sinatutakoa bete ezean, ezingo litzateke zuzendaritzarekin ezer adostu. Nola fidatu sinatutakoa betetzen ez duen enpresa batekin? Gainera, zuzendaritzak xantaia egiten du soldata-igoerarik ez aplikatzerakoan. %7a igotzea nahi baldin bada, hitzarmen prekario bat sinatzera bultzatzen da trukean.
LABek soldata-igoeraren alde borrokatuko du, eta, ondoren, Aludiumeko enpresa hitzarmenarengatik borrokatuko du. Langile guztiei egiten diren mobilizazio guztietan parte hartzeko deia egin diegu. Lortzen ez den bitartean, sindikatu honek borrokan jarraituko du. Era berean, orain arte bezala, CCOO eta UGT sindikatuei dei egiten diegu %7ko igoera alde batera ez usteko eta berarengatik borrokatzeko.
Lehen Arretan greba egin genuen ostiralean eta hiriburuetan manifestazioak gauzatu genituen larunbatean. Bada, astelehenaren etorrerarekin, Osakidetza osoan egin dugu greba, LAB, SATSE, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok deituta, osasungintza publikoaren desegite politikei erantzuteko. Mobilizatzeko eta Osakidetza bere posizioak mugitzera behartzeko unea dela azpimarratu dugu, Osasungintza publikoaren egoera larriaren eta Jaurlaritzako Osasun Sailaren konponbiderik ezaren aurrean. “Osasun Sailak ez badu aurrerapausorik ematen Osakidetzaren egungo egoera larriari buelta emateko, mobilizazioekin jarraituko dugu”, ohartarazi dugu sindikatuok.
Hain zuzen ere, lan zentroetan bizi den egoera gero eta prekarioagoa den bitartean, Osakidetzaren erantzuna da propaganda egitea eta aitzakiak bilatzea, neurri bakar bat ere proposatu gabe eta aldarrikapen bakar bati ere erantzun gabe. Are gehiago, pandemia aitzakia ezin hobea bihurtu da murrizketa, prekarizazio, inbertsio falta, pribatizazio eta osasun publikoaren desegite politikekin aurrera jarraitzeko. Kolapso egoera eta osasun-arreta jasotzeko zailtasunak agerikoak dira herritarren artean; paraleloki langileen nekea argi eta garbi islatzen da, bai azken asteetan deitutako mobilizazioen jarraipen masiboan, baita irekita dauden hainbat gatazketan.
Sindikatuon iritziz, hauek dira Osakidetzak martxan jarri behar dituen aldarrikapenak:
-Osakidetzaren aurrekontua handitzea 2023. ekitaldirako, EBko batez bestekora iritsi arte (BPGren %7), horren %25 lehen arretara bideratuz.
-Plantillak egoki dimentsionatzea, milaka lanpostu sortuz, lan-kargak arrazionalizatzeko eta herritarrei kalitatezko arreta emateko.
-24.600 langilek baino gehiagok pairatzen duten behin-behinekotasunarekin amaitzea, %8ra jaitsi arte, plantillak kontsolidatuz.
-Galdutako erosteko ahalmena berreskuratzea eta murrizketa guztiak lehengoratzea, Garapen Profesionalean aplikatutakoa barne.
-EAGetan aplikatutako murrizketa guztien rebertsioa: berriro irekitzea edota arreta-ordutegiak berrezartzea.
-Kategoria guztietan, erretiroak, bakanteak, bajak eta bestelako absentziak berehala, osorik eta lehen egunetik betetzea.
-Arrisku psikosozialak ebaluatzea eta neurri zuzentzaileak aplikatzea, arreta berezia jarriz lan-kargetan eta pandemiaren ondorioetan.
-Malgutasunerako edota lana eta familia bateragarri egiteko neurri eraginkor eta errealak.
-Irekita dauden gatazkak konpontzea: txanda osagarria, %4ko osagarria; osagarri espezifikoa eta Santiago Ospitaleko larrialdien itxiera.
-Plantillaren aurretiazko erretiroa erraztuko duten neurriak.
ELA, LAB eta ESK sindikatuek, negoziazio mahaiaren gehiengoa ordezkatuz, Bizkaiko Garbikuntzan greba deitzen dute. Hilabeteak doaz negoziazioa hasi zenetik eta ordutik patronalak negoziazio mahaian apurrak besterik ez dizkigu eskaini. Egoerak hala eskatzen du. Greba hau historikoa da, ia 30 urte baitziren gehiengo sindikal batek Bizkaiko garbiketa-sektorean grebarik deitu ez duela.
Izatez, Bizkaiko langileen soldatak ez dira 16.000 eurotara iristen eta gainera, Bizkaiko garbikuntzaren hitzarmen pean lan egiten dugun langile gehienak lanaldi partzialeko langileak gara. Momentu honetara arte patronalak egin duen eskaintza bakarra hurrengo hau da:
-2021 %0,5
-2022 %2
-2023 %2
Testuinguru ekonomiko honetan, KPI-a maximo historikora iritsi dela, %6,5 an 18 zentimoko igoerak eskaintzen dizkigute. Bi urteko pandemiaren ondoren, gure soldatak izoztuta daude oraindik; izan ere, bizkarra tolestu behar izan dugu zentroak modu kontzientean desinfektatzeko eta higienizatzeko. Eraikinen garbitzaileek kale- garbiketako garbitzaileek baino % 45 gutxiago irabazten dutela salatu eta exijitu ondoren, oraindik ez dute onartzen generoko soldata- arrakala dagoenik. Hortaz, greba deitzen dugun hiru sindikatuok 1.200 euro x 15 – ko soldatak aldarrikatzen ditugu orain!
Gauzak horrela, pasadan azaroan kaleak hartzea erabaki genuen eta elkarretaratzeak eta manifestazioak egin genituen Bizkaia osoan zehar, Basauritik hasita, Getxon, Portugaleten Durangon eta Bilbon. Gure aldarrikapen nagusiak SOLDATA ARRAKALAREKIN amaitzea eta 1.200×15 euroko soldatak ziren. Baina mahaia mugitzen ez dela ikustean eta patronalak kea besterik ez duela eskaintzen ikusita, grebarajoatea erabaki dugu.
Pasadan urtean adierazi genuen bezala, agerian geratu da garbikuntzako sektoreak daukan antolatzeko ahalmena eta lan baldintzak hobetzeko beharra. Hortaz, egindako mobilizazioak abiapuntua besterik ez ziren izan eta jarraipena emateko asmo osoarekin amaitu genuen.
Greba egunak hurrengo hauek izango dira: martxoak 31, apirilak 26 eta 27 eta maiatzak 10, 11 eta 12. Grebak eragina izango du garbikuntzako hitzarmena aplikatzen den lan-zentruetan. Egun horietan, patronalari argi geratu behar zaio, bere eskaintza ez dela gure aldarrikapenetara hurbiltzen ere egiten eta horien alde borrokatzeko prest gaudela.
2013an, Sunsundeguiren egoera ekonomiko txarraren ondorioz, akzioen %51 egungo zuzendaritzaren esku geratu zen, eta %49 gainerako langileen esku geratu zen. Horrela atera ziren Sodena eta Nafarroako Gobernua enpresatik. Horren irakurketa kritikoa egin zuen LABek, neurri hark ez baitzuen enpresaren sakoneko arazoa konpontzen, errentagarritasunaren bila. Gaur egun arte inoiz iritsi ez den bazkide inbertitzaile baten bila ibili gara. Nafarroako Gobernuak berriro esku hartu behar izan du Sunsundeguin, eta enpresa hiru aldiz erreskatatu du:
2016/12/5 Lizentziak lortzeko, instalazioak hobetzeko eta enpresaren produktibitatea hobetzeko akordioa. Sodenak 1.700.000 € mailegatu zituen itzuli beharrik gabe, baldintza batzuk betez gero. 2019ko abenduaren 29an baieztatu zen Sunsundeguik ez zuela itzuli behar 1,7M €-ko mailegu hori.
2020/12/28 Industria plan bat zuen bazkide bat bilatzeko helburuarekin, 1,1 milioi euroko banku-mailegu baten ekarpena egin zen.
2021/01/28 Sunsundeguiren egoera ekonomikoa oso larria zenez, COVID-19aren eraginak konprometituta, Sunsundeguik 3,4 milioi euroko mailegua eskatu zion Sodenari enpresaren jarraipena ziurtatzeko.
Finantzaketa horri esker, 2020ko urteko kontuek hobera egin zuten; enpresak, 2016tik 2020ra, ozta-ozta lortu zituen irabaziak, salmentetan errekorra izan zuten arren.
Egoera horren zamalangileok hartu dugu guregain, 2020an adibide bat jartzeagatik: enpresak langileen gastuaren % 16 aurreztu du, gaur egun oraindik enpresan aplikatzen diren aldi baterako lan-erregulazioei esker.
Langileek soldata izoztuta dago inflazioa igo den arren, Nafarroan KPIa %6,6 positiboan geratu da. Esan dezakegu langileok, aldi baterako lan-erregulazioek eragindako kalteaz gain, %10eko soldata galdu dugula prozesu honetan.
Bitartean, goi-zuzendaritzako 9 kideek jasotako soldata 700.000 € ingurukoa da. Zuzendaritza horrek Sodenaren finantziazioa eta ahalegin ekonomikoa izan arren (%10eko soldata-galera), ez da gai izan egoera horri irtenbidea emateko.
Gaur egun ez dugu planik eta ez dugu inbertitzailerik, eta Sunsundeguiren etorkizuna dago jokoan, benetako inbertsio-plan bat falta da, azken hamarkadako murrizketek itotako langileek beregain ezin dutena. Nafarroako Gobernuak eta Sunsundeguiko zuzendaritzak, José Ignacio Murillorekin batera, langileek egindako ahalegina itzuli behar dute, inbertsio errealak eginez eta enpresak XXI. mendera ekarriko duen bideragarritasun plan eginez.
Osasungintza publikoaren egoera larria dela eta, eta Jaurlaritzako Osasun Sailaren inmobilismoa eta konponbiderik ezaren aurrean, Osakidetzako langileek eta sindikatuok mobilizazio olatu berri batekin emango diogu amaiera otsailari. Hala, azken asteotan gauzatutako dinamika mobilizatzaileari segida emateko, ostiralean, otsailak 25, greba egin dugu Lehen Arretan, Bilbon, Gasteizen eta Donostian deitutako manifestazioen bezperan. Astelehenean, otsailak 28, berriz, Osakidetzako esparru guztietan egingo dugu greba.
Lehen Arretan egindako grebari dagokionez, inoiz baino jarraipen zabalagoa izan du, gehiegizko gutxieneko zerbitzuak ezarri arren; azken hamarkadako jarraipenik zabalena, hain justu. zenbait kasutan %100ekoa izan da jarraipena.
Urtarrilaren 23an egindako manifestazio jendetsuen ondoren, LAB, SATSE, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok argi eta garbi esan dezakegu Osakidetzak eta Osasun Sailak ez dutela pauso bakar bat ere eman, eta ez dutela neurri bakar bat ere proposatu Osakidetzak dituen arazo larriak konpontzeko. Halaxe salatu dugu berriro, Lehen Arretan egindako greban.
Lan zentroetan bizi den egoera gero eta prekarioagoa den bitartean, Osakidetzaren erantzuna da propaganda egitea eta aitzakiak bilatzea, neurri bakar bat ere proposatu gabe eta aldarrikapen bakar bati ere erantzun gabe. Are gehiago, pandemia aitzakia ezin hobea bihurtu da murrizketa, prekarizazio, inbertsio falta, pribatizazio eta osasun publikoaren desegite politikekin aurrera jarraitzeko.
Kolapso egoera eta osasun-arreta jasotzeko zailtasunak agerikoak dira herritarren artean; paraleloki langileen nekea argi eta garbi islatzen da, bai azken asteetan deitutako mobilizazioen jarraipen masiboan, baita irekita dauden hainbat gatazketan.
Gure osasun-sistema publikoa etengabeko erasoa jasaten ari da, eta horrek aliantza bat eragin du Osakidetzako langileen eta herritarren artean, azken asteetan ikusi dugun bezala. Aliantza horrek jartzen ditu zalantzan EAJren gobernuaren osasun-politikak.
Hori gutxi balitz, Osasun Sailak Mahai Sektoriala edukirik gabe utzi egin du. Aspaldidanik, informazioa emateko esparrua da hori; bertan ez da ezer negoziatzen, eta Osakidetzak inposatu egiten ditu bai landu beharreko gaiak, baita horien edukia ere. Hain da okerra egoera, Osakidetzak ez dituela betetzen bertan hartutako akordioak. Sindikatuekiko elkarrizketa gutxiesten du, eta gure osasun sistema publikoaren kudeatzaileen izaera antidemokratikoa gero eta larriagoa da.
Mahai Sektoriala osatzen dugun sindikatuok Osakidetzari eskatzen diogu bere jarrera erabat aldatzeko eta langileen aldarrikapenei erantzuteko, gabezia horiek guztiak konpontzeko.
Aldarrikapenak
Hauek dira Osakidetzak martxan jarri behar dituen aldarrikapenak:
-Osakidetzaren aurrekontua handitzea 2023. ekitaldirako, EBko batez bestekora iritsi arte (BPGren %7), horren %25 lehen arretara bideratuz.
-Plantillak egoki dimentsionatzea, milaka lanpostu sortuz, lan-kargak arrazionalizatzeko eta herritarrei kalitatezko arreta emateko.
-24.600 langilek baino gehiagok pairatzen duten behin-behinekotasunarekin amaitzea, %8ra jaitsi arte, plantillak kontsolidatuz.
-Galdutako erosteko ahalmena berreskuratzea eta murrizketa guztiak lehengoratzea, Garapen Profesionalean aplikatutakoa barne.
-EAGetan aplikatutako murrizketa guztien rebertsioa: berriro irekitzea edota arreta-ordutegiak berrezartzea.
-Kategoria guztietan, erretiroak, bakanteak, bajak eta bestelako absentziak berehala, osorik eta lehen egunetik betetzea.
-Arrisku psikosozialak ebaluatzea eta neurri zuzentzaileak aplikatzea, arreta berezia jarriz lan-kargetan eta pandemiaren ondorioetan.
-Malgutasunerako edota lana eta familia bateragarri egiteko neurri eraginkor eta errealak.
-Irekita dauden gatazkak konpontzea: txanda osagarria, %4ko osagarria; osagarri espezifikoa eta Santiago Ospitaleko larrialdien itxiera.
-Plantillaren aurretiazko erretiroa erraztuko duten neurriak.
Iazko irailaren 23an, LAB sindikatuak elkarretaratzea egin zuen Lan Ikuskaritzaren egoitzaren aurrean, Zarrakaztelun 62 urteko langile migratzaile bat hil zela salatzeko. Era berean, hurrengo egunean, salaketa jarri zuen, istripuaren lan-izaera ikertzeko eskatuz. Azkenik, Ikuskaritzak berretsi egin du lan-istripu gisa, eta arau-haustearen akta egin dio enpresari, istripua garaiz eta behar bezala ez jakinarazteagatik.
Ez zen trafiko istripu hutsa izan, lan istripu “in itinere” bat baizik. Arturo Rojas Castaños langilearen heriotza ez zen zorte txarraren ondorio izan, pairatzen zuen esplotazio eta prekarietate egoeraren ondorioa baizik.
Lehenik eta behin, erabat higuingarria da enpresaren eta mutuaren jarduna. Horrela, Lan Ikuskaritzak berak egiaztatu duenez, istripu hori ez zen lanekotzat kalifikatu, ezta lan-agintaritzari jakinarazi ere. Azkenik, istripu-partea Ikuskaritzaren bulegoetan sartu zen 2022ko otsailaren 4an, hiru egun lehenago enpresako bazkide eta administratzailea agertzera zitatu ondoren. Hau da, arau-hauste bat egin zuten ezer gertatu ez balitz bezala jokatu zutelako, langileen bizitzak ezer axola ez balu bezala.Eta ez zuten ezer esango LABek salaketarik jarri izan ez balu.
Bigarrenik, prekarietatearen inguruabarrak ere berretsi ditu Ikuskaritzak. “Langilea Figarolen bizi zen, Zarrakaztelutik bederatzi bat kilometrora dagoen herrian, eta, handik, Zarrakaztelura joaten zen bizikletaz. Handik, Erriberrira joaten zen autoz, han baitago tomatea jasotzen zuen finka”.
Hori da Nafarroako landa eremuko lanak ezkutatzen duen benetako errealitatea. Bizitza eta lan baldintza prekarioak, askotan esplotazioan edo heriotzan amaitzen dutenak. Azken hori Arturo Rojasi gertatu zitzaion.
Lan Ikuskaritzak begibistakoena baieztatu du, baina argitu gabe utzi ditu istripuaren inguruko inguruabarrak, laneko arriskuen ebaluazioa bete den ala ez eta horren ondoriozko enpresa-erantzukizunak. Nafarroako Gobernuarekin batera, egoera horiei amaiera emateko neurri egokiak hartu gabe jarraitzen dute.
LABek bere ekintza sindikala egiten jarraituko du, langileen eskubideak defendatzeko modurik onena dela sinetsita.