2026-07-18
Blog Page 400

Atariak eta bulegoak garbitzen dituzten langileak gogora ekarri ditu Gora Garbitzaileak kolektiboak

Martxoan astero egin ohi bezala, LABek sustatatutako Gora Garbitzaileak kolektiboak beste ekintza bat egin du, Bizkaiko garbitzaileek martxoaren 31rako deitutako grebari babesa emateko. Hain zuzen ere, erratzak hartu, patronaleko bulegora hurbildu eta mezuak utzi dituzten haien bulegoetan eta banketxe garrantzitsuetako beirateetan.

Orozkoko Madres Mercedarias egoitzak Elikagaien Bankua erabiltzen du bere sukaldeetarako, gastu horretarako diru publikoa jasotzen duen bitartean

Dibertsitate funtzionala duten pertsonentzako Orozkoko Ibarrako Madres Mercedariasen egoitza-zentroak 80 pertsona baino gehiagori eskaintzen dizkie zaintza zerbitzuak. 43 langilek lan egiten dute zentro horretan. Langileen ordezkaritza LAB-eko bi ordezkarik eta ESK-ko ordezkari batek osatzen dute.

Langileek hilabeteak eman dituzte mobilizatzen, enpresako zuzendaritzarekin negoziazioa ireki nahian eta hari gardentasuna eskatuz. Enpresak adierazitako negoziatzeko borondate eza dela medio, 9 greba egun egin dituzte orain arte, gaurkoa barne, eta beste bi greba egun gehiago dituzte iragarrita, martxoaren 23an eta 24an.

Langileen borrokak hitzarmen kolektibo bat du helburu:

– Soldaten igoera ziurtatuko duena, Euskal Autonomia Erkidegoko KPIaren arabera.

– Langileei urteko 1.648 orduko lanaldia itzuliko diena.

Langileekiko gardentasun eza praktika ez oso etikoetan ere ikusten da, jasotzen duen finantzaketa publikoari dagokionez. Horregatik, salaketa jarri dugu Bizkaiko Foru Aldundiko Ikuskaritzan, baina oraindik ez dugu horri buruzko erantzunik. Salaketa honetan Ikuskaritzari jakinarazten diogu familiei COVID-19az babesteko materiala kobratzen zaiela eta egoitzak Elikagaien Bankua erabiltzen duela, besteak beste, zaintza zerbitzua jasotzen dutenei jaten emateko, nahiz eta jasotzen duten diru publikoarekin bateraezina izan.

Gaur, martxoak 22, langileak greban daude eta bilera egin dute alderdi politikoekin Bilbon, Batzar Nagusien egoitzan, eta ondoren, mobilizazioa egin dute bertan.

Gipuzkoako Aldundiko garbitzaile azpikontratatuek mobilizazioekin jarraitzen dute

Otsailaren 22tik 25era greban egon ziren EULEN enpresako langileek KPIa ordaintzeko mobilizatzen jarraitzen dute. Kolektibo honetako garbitzaileen %90 emakumeak dira, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren eraikinak garbitzen dituzte. 2021eko maiatzetik ari dira hitzarmena negoziatzen, eta enpresak ez du inolako aurrerapenik egin nahi arlo ekonomikoan.

EULEN enpresak azpimarratu du ez duela KPIri lotutako planteamendu ekonomikorik egingo, eta zuzenean langile-klasearen pobretzera bideratuko duela. Horren aurrean, langileek lau eguneko greba egin dute, eta orain mobilizazioekin jarraitzea erabaki dute.

LAB, ELA eta ESK sindikatuotatik, EULEN enpresari erantzukizunak eskatzen dizkiogu. Enpresa horrek milioi askoko irabaziak ditu urtean, eta ez die KPIa bermatu nahi langileei. Enpresak KPIri lotutako planteamendu ekonomikoak egitea eskatzen dugu. Baina administrazio publikoari ere erantzukizunak eskatzen dizkiegu, Gipuzkoako Foru Aldundiari kasu honetan.

Langileen esanetan, “gu administrazioaren erabaki politiko eta ekonomiko batek azpikontratatutako langileak gara, eta haiek dira gure zerbitzuaren azken arduradunak. Horregatik, gatazka konpontzeko inplikazioa eskatzen diegu, haien esku baitago diru publikoa enpresa priobatuen edo garbikuntzako langileen mesedetan erabiltzeko erabakia. Eta argi diogu administrazioaren aurrean: greba garaian gutxieneko zerbitzuak eskatzeko funtsezkoak bagara, funtsezkoak gara lan eta bizi baldintza duinak izateko”.

Horregatik guztiagatik, mobilizazioen txanda berri honetan, elkarretaratzea egin dute Donostian, EULEN enpresaren atarian.

EAEko hezkuntza akordioak ezarri duen testuinguru berriaren aurrean, martxoaren 25eko greba bertan behera uztea erabaki dugu, edukiak sakontasunez aztertu eta langileekin partekatzeko

Langileon eskaerak jorratzeko prozesuak abian jarriko ditu LABek, aurkeztu genuen dekalogoaren baitan beharrezko diren mobilizazio-dinamikak bultzatuz

EAEko hezkuntza akordioari begira, euskal eskola publiko komunitarioa sortzeko konfluentzia ipar, LAB sindikatuak proposamen orokor nahiz laboralak biltzen dituen Dekalogoa aurkeztu zuen hala Legebiltzarrean nola ikastetxeetan.

Otsailaren 8an Ponentziako batzorde buruak aurkeztutako zirriborroak egindako proposamenak aintzat hartzen ez zituela ikusita, LAB gainontzeko sindikatuekin jarri zen harremanetan, elkarrekin partekatzen ditugun gutxienekoak jasotzen dituen aldarrikapen taula publiko eginez: “Publikoa, euskalduna eta propioa helburu. Hezkuntza Legea langileokin eraiki”. Lortutako adostasunak balioan jarri nahi ditugu, egun toki ezberdinetan gauden arren. Hala ere, Hezkuntza Legea idazteko bide luze honetan, intersindikalean lortutako aldarrikapenak oinarri, batasun sindikalaren alde egingo dugu.

Mobilizazio dinamika bateratua abian jartzea erabaki genuen, besteak beste, martxoaren 25erako hezkuntza sistema osoari begirako greba deialdia eginez. Gure helburua, aukera historiko baten aurrean gaudela jakitun, hezkuntza akordioa eta legea osatzeko prozesuan langileok aintzat hartu eta gure aldarrikapenak jasotzeko eragitea zen.

Aurreko astean alderdi politikoen artean hartu-eman andana izan zen eta, ostiralean, lau alderdik osatutako gehiengo zabal batek akordioa lortu zuen. Negoziazioen emaitzak sakon aztertu behar ditugu, testu berriak aurrera pausu batzuk eta gabeziak izan ditzakeelakoan. Eduki berriak eta horiekiko LABen ikuspegia langileekin ikastetxez-ikastetxe eta bihar eskualdeetan burutuko ditugun bileretan partekatuko ditugu.

Orain arte ez da ireki gai hauen inguruan sindikatuokin mintzatzeko biderik eta legearen erredakzioa egin aurretik, hezkuntza langileei begirako neurriak adosteko prozedura abian jartzea ezinbestekoa da LABentzat.

Gauzak horrela, hezkuntza akordioa zehaztasunez aztertu eta balorazio orokorragoa egingo du LAB sindikatuak. Langileekin bileretan landu eta gure aldarrikapenak lortzeko beharrezkoak izango diren borrokarako dinamika berriak planteatuz.

Lan osasunean ez dago administrazioaren kontrolik

Pasa den larunbat honetan beste lan heriotza baten berri izan dugu. Oraingoan, Zegamako Goi Laser enpresan izan da lan ezbeharra. Azken honekin, gutxienez 13 dira urte hasieratik Euskal Herrian hil diren langileak

Lehenik eta behin, une latz hauetan gure gertutasuna adierazi nahi genieke hildako langilearen senide, lagun eta lankideei.

57 urteko E.S. langilea pieza batek kolpatuta hil da, makinaren segurtasun sistemak ez duelako bere funtzioa bete. Istripuaren inguruko datuak ez daude batere argi, izan ere, Osalanek oraindik ez duelako inongo azalpenik eman. Dakiguna da langileak hilabete baino gutxiago zeramala lanean, eta lan prozesu arriskutsu batean ziharduela berak bakarrik, laguntzarik gabe.

LAB sindikatutik irmoki salatu nahi dugu hilabete baino gutxiago lanean dirauen langile batek, trebezia behar duten prozesu arriskutsuak bakarrik egin behar izatea. Tamalez ohikoa da, praktiketan dauden edo esperientzia gutxi duten langileei ezagutza handia dutenen gaitasun berdinak exijitzea. Oraingoan honek, langile baten heriotza eragin duelarik.

Hein honetan salatu nahi dugu, lan osasun neurrien kontrola eraman behar duen administrazioaren ageriko utzikeria. EAEn ez Osalanek eta ez laneko ikuskaritzak ez dituzte baliabideak enpresak ikuskatzeko. Milaka langileen lan osasuna ikuskatzeko inspektore kopurua ez da 40ra iristen. Baliabide kopuru murritz hau, Urkulluren gobernuak eta zehatzago Idoia Mendiaren departamenduak hartutako erabaki politikoa da, patronalak lan osasuneko araudia bete behar ez dezan. Honela bakarrik ulertu daiteke lan istripu, heriotz eta gaixotasun profesional kopuru izugarria.

Prekaritatean oinarrituriko lan harremanak ezin dira onartu. Bizitza galtzerainoko muturreko prekaritatea.

LAB sindikatutik deialdia zabaldu nahi dugu bihar asteartea, martxoaren 22an goizeko 12:00etan Zegaman,  Goi Laser enpresaren aurrean, gehiengo sindikalak deituriko mobilizaziora. 

Lehen greba eguna egin dute EAEko telelaguntza zerbitzuan, lan hitzarmen duin baten alde

Tunstall Televida-GSR-Grupo IMQ enpresak kudeatzen du Eusko Jaurlaritzaren Beti on telelaguntza zerbitzu publikoa. Honek, etekin handiak lortzen ditu Eusko Jaurlaritzak horren kudeaketarako bideratzen dituen 41 milioi euroetatik.

Une honetan, 120 langileek berriztu gabe daukate hitzarmen kolektiboa eta patronalak horren negoziazioa blokeatzen jarraitzen du. Negoziatzen hasi zirenetik orain arte ez du KPI errealari lotutako soldata-hobekuntzarik eskaini, ezta soldatak EAEko sektore soziosanitariokoekin (egoitzak, etxez etxeko laguntza eta esku-hartze soziala) parekatuko direla bermatzen duen eskaintzarik ere.

Egoeraren aurrean, 4 greba egun deitu dituzte martxoaren 21, 24, 28 eta 31rako. Lehena gaur izan da, beraz. Hala, Eusko Jaurlaritzaren aurrean mobilizatu dira langileak, beste alde batera begira ez dezan eskatzeko.

LAB, ELA, UGT eta ESK sindikatuon oharra, lehen greba egunaren harira:

Beti ON telelaguntza-zerbitzu publikoa UTE Tunstall Televida–GSR–IMQ enpresak kudeatzen du 2011tik. Horretarako, 41.000.00 euro bideratzen dira zergadunaren dirutik, eta titularrak, Eusko Jaurlaritzak, ez du mozkinen kontrolik egiten. Horrek eragina du zerbitzuaren kalitatean eta langileon lan-baldintzetan.

Langileok berriz ere mobilizazioei ekin behar diegu greba-egun batzuen deialdiarekin, enpresak uko egiten baitio gure soldatak hobetzeari KPI erreala oinarritzat hartuta, horrela aurrera egin ahal izateko Euskadiko sektore soziosanitarioarekin parekatzeko (adinekoen egoitzak, etxez etxeko laguntza eta esku-hartze soziala).

Horregatik, Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu gatazkan inplikatzeko, enpresarekin negoziazioei berriro ekin ahal izateko, eta, horrela, egoera horrekin amaitu eta aurrera egin ahal izateko. Egoera hau ez baita onuragarria zerbitzuko langileentzat, ezta erabiltzaileentzat ere!

ELA, UGT eta CCOOk Dornierreko langileak saldu dituzte grebaren bezperan ez-nahikoa den akordio batekin

Langileen erosteko ahalmena defendatzeko Enpresa Batzordeak eginiko greba-deialdia baino ordu batzuk lehenago, greba bertan behera uzteko akordio bat lortu dute enpresarekin ELA, UGT eta CCOO sindikatuek, 2022rako %2ko soldata igoera eta 2023rako %2,5eko soldata igoera jasotzen dituena eta, beraz, plantilla pobretzera kondenatzen duena. Dornier enpresako langileek, Iruñeko eremu urdineko kontrolatzaileek, 1.200 €-ko soldatak dituzte, eta, horregatik, KPIari erreferentziarik egiten ez dion soldata igoerak urtetik urtera pobreagoak izatera kondenatzen ditu.

LAB sindikatuak oso modu negatiboan baloratzen du Dornier enpresa eta Enpresa Batzordearen gehiengoaren artean lortutako akordioa (ELAko 3 ordezkarik, UGTko 3 ordezkarik, LABeko 2 ordezkarik eta CCOOko 1 ordezkarik osatzen dute), ez baitu lortu langileek hitzarmena negoziatzeko proposatutako helburuetako bat ere.

Salatzekoa da langileek ez dutela akordio hori berretsi, astelehenean gelditzeko eta mobilizazioekin hasteko prest baitzeuden. LAB sindikatuaren iritziz ulertezina da Dornierreko langile guztiak grebara deitzeko prest egon ondoren greba bertan behera geratzea, haiek kontuan hartu gabe. Gure ustez, zentzugabekeria da Enpresa Batzordearen gehiengoak plantillari bizkarra emateko erabili duen modua.

Langileek KPIa aintzat hartzen zuten soldata igoerak lortzea zuten helburu; izan ere, KPItik aldentzea eragiten du, 100 €-ko soldata igoera izan beharrean, 28 €-koa izatea, eta, aurreikuspenen arabera, gauza bera gertatuko da datorren urtean.

Eta LABetik desmuntatu egin nahi dugu ELA, UGT eta CCOO sindikatuak akordio hori onartzeko ematen ari diren argudio bakarra, hau da, hitzarmenak ultraktibitatea izatea lortu izana; izan ere, alde batetik, lan-erreformak hitzarmenetarako ultraktibitate mugagabea jasotzen du, eta ikusteko dago epaitegietan zer gertatzen den, baina, batez ere, ez delako egia hitzarmena ultraktibatuta ez egoteagatik langileen soldatak jaisteko arriskuan geratzen direla.

Azkenik, salatu nahi dugu akordio honetan bi aldeen konpromisoa jasotzen dela antzinatasunaren eta absentismoaren puntuak berrikusteko, eta horrela ate arriskutsu bat irekita uzten dela enpresak hasieratik izan duen baldintzak okertzeko asmoa lor dadin.

Dei egiten dugu istripu bat bestearen atzetik lotzen dituen katea etetera

Beste laneko heriotza biren berri izan dugu azken orduotan. Atzo, Lakuntzako Sakana kooperatiban langile bat hil zen. Eta gaur, beste langile bat hil da Zegamako Goilaser enpresan. Azken bi hauekin, 13 dira urte hasieratik Euskal Herrian hil diren langileak.

Lehenik eta behin, une latz hauetan gure gertutasuna adierazi nahi genieke hildakoen senide, lagun eta lankideei.

Sakana kooperatibako istripuari dagokionez, 39 urteko I.Z.S. langilea pieza batek ha- rrapatuta hil zen garabi batekin zama astunak mugitzen ari zirela. Azken urteetan en- presa honetan istripu hilgarri kopurua izugarria izan da, lau hildako 7 urtetan hain zu- zen. Ostegunean bertan, lan prozesu berberean istripu larri bat eman zen bertako lan- gile kooperatibista bat larriki zaurituz.

LAB sindikatutik irmoki salatu nahi dugu lan osasunarekiko enpresak duen utzikeria, argi adieraziz, istripu guztiak direla ekidingarriak.

Enpresari exijitzen diogu lan osasuna bermatzeko neurriak berehala integratu ditzala, bai segurtasun ikuspegitik eta bai gaixotasun profesionalak sortu ditzazketen gainantzeko faktoreak ere kontrolatuz. Nabarmena da enpresa honek urteetan utzikeria azal- du duela bere langileen osasunarekiko eta neurriak hartu behar dituela behingoz.

Hein honetan salatu nahi dugu, lan osasun neurrien kontrola eraman behar duen ad- ministrazioaren ageriko utzikeria. Ez Nafarroako Laneko Osasunerako Institutuak ez lan ikuskaritzak, ez dituzte beharrezko neurriak hartu ageriko arazoak dituen enpresa ho- nen inguruan. Honela, azken urteetako lan istripuaren eta hildako kasuen jarraipena eta prebentzio neurrien integrazioa kontrolatu behar luketenak ez dute euren lana egin. Administrazioaren utzikeria honek, patronalari eskuak aske uzten dizkio lan osa- sun araudia ez betetzeko honek dakarren emaitza beldurgarriarekin.

Prekarietatean oinarrituriko lan harremanak ezin dira onartu. Bizitza galtzerainoko mu- turreko prekarietatea.

LAB sindikatutik deialdia zabaldu nahi dugu datorren martxoaren 22an goizeko 11tan Sakana Koop. enpresaren aurrean, Lakuntzan, ordezkaritza osoa dugun enpresa batzordeak deituriko mobilizaziora.

Astearte arratsaldean 19:00tan hildako langilearen jaioterrian, Leitzan, herri eragile eta gehiengo sindikalak deituta egingo den ekimenean ere parte hartzeko deialdia zabaldu nahi genuke. Egun eta ordu berean, Berriozarrek ere mobilizatuko gara euslal gehiengo sindikaletik, bertan bizi baitzen hildako langilea.

Beste bi greba egun egingo ditugu Nafarroako adinekoen arretan, hitzarmenaren negoziazioan patronalaren blokeoagatik eta Gobernuaren pasibotasunagatik

LABek, ELAk, UGTk eta CCOOk grebara deitu dugu martxoaren 24an eta 31n, Nafarroako adinekoen arretarako lehen hitzarmenaren azken bilerek ez dutelako lan-baldintza duinak eta kalitatezko zerbitzua bermatzeko balio izan.

Sektorean ordezkaritza handiena dugun lau sindikatuok (LAB, ELA, UGT eta CCOO) beste bi greba deialdi iragarri ditugu martxoaren 24 eta 31rako adinekoen arretaren sektorean.

Sektore horretan 4.500 pertsonak baino gehiagok egiten dute lan, Nafarroako 70 zentro ingurutan banatuta. Mendekotasuna sektore estrategikoa da, gero eta garrantzitsuagoa. Horregatik, beharrezkoa da administrazio publikoek beren gain hartzea kalitatezko zerbitzuak emateko duten erantzukizuna, eta mendekotasunaren sektorea babestea, adinekoen eta mendeko pertsonen arretaren zerbitzuarekin bateraezinak diren enpresa-ereduen aurrean.

Negoziazio mahaiko lau sindikatuok argi dugu lan-baldintza duinek soilik ziurtatzen dituztela zerbitzu duinak eta kalitatezkoak, eta horregatik hasi ziren 2021eko maiatzean Nafarroako hirugarren adinekoen zentroen sektoreko lehen hitzarmena hitzartzeko negoziazioak.

Hirugarren adinekoei arreta emateko Nafarroako lehen hitzarmenaren inguruan izandako azken bilerak negoziazioa blokeatuta dagoela oraindik erakutsi zuen: patronala, negoziaketan jarrera aktibo bat izatetik urrun, ikusle soil gisa mantentzen da, eta Nafarroako Gobernuak ez du bere gain hartzen diru publikoarekin oinarritutako sektore batean duen erantzukizuna.

Egoera horren aurrean, LABek, ELAk, UGTk eta CCOOk borrokatzen eta presioa egiten jarraitzea erabaki dugu, hitzarmen duin bat lortu arte. Horregatik, beste bi greba egun deitu ditugu martxoaren 24 eta 31rako. Mobilizaziorik gabe ezingo da aurrera egin zaintza eredu publiko, duin, unibertsal eta doakorantz.