2024-04-20
HomeEkintza PolitikoaBorroka ziklo berria abian dela hasi dugu Biltzar Nagusia

Borroka ziklo berria abian dela hasi dugu Biltzar Nagusia

Gure 10. Biltzar Nagusia egiten ari gara osteguna eta ostirala artean Miarritzeko Halle D´Iraty aretoan, “Bagara bagoaz” goiburuarekin. 500 ordezkariren parte-hartzearekin, datozen 5 urteotarako lan-ildoak onartuko ditugu eta zuzendaritza berria hautatuko dugu bertan.

Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak eta Argitxu Dufau Ipar Euskal Herriko bozeramaileak agerraldia egin dute Biltzar Nagusiaren nondik norakoak azalduz.

Dufauk eman du egunaren egitarauaren berri. Horrela, azaldu du sarrera ekitaldian zabalik diren borroka sindikalei aipamena egin diegula. Hainbat izan dira nazioartetik eta Euskal Herritik etorritako gonbidatuak, hala nola, alderdi politikoak, sindikatuak eta herri mugimenduetako ordezkariak. Nazioarteko ordezkaritziei dagokienez, 4 kontinentetako 28 herrialdetako 31 sindikatutako 48 ordezkari ere ari dira parte hartzen Biltzar Nagusian. Eta bezperan, ekainaren 15ean, Nazioarteko Konferentzia egin zuten Hendaian, “Klase sindikalismoaren erronkak egungo fase kapitalistan” izenburuarekin.

Biltzarraren lehen ariketa moduan, kudeaketa txostena aurkeztu du Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak, azken bost urteotako bilana jasotzen duena. Biltzarkideen %99,13ko babesarekin onartu da.

Ondoren, aurkeztu diren 203 zuzenketak eztabaidatzeari ekin diote biltzarkideek. Zuzenketa horietatik 102 izan dira zuzenean onartutakoak, 115 adostuak, 47 bertan behera geratu direnak eta 19 ez onartuak, aurkeztutakoen %6,7 besterik ez.

Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak Biltzar Nagusiaren aurretik egindako prozesuaren garrantzia nabarmendu du: “Ez ohikoa izan da prozedura. Entzuketa ariketak egin genituen militantziarekin hortik eta tesi nagusiak atera”. Aurrelan honetatik abiatuta idatzi da ponentzia, “sindikatu parte hartzaileagoa helburu. Goitik behera eraikitzen den sindikatua baino, zirkuluan eraikitzen dena. Guztion ekarpenak du balioa eta garrantzia eta zuzendaritza ardura ditugunok guztiak hartzen ditugu kontuan”, nabarmendu du Aranburuk.

Horren adibide, nazio komiteak aurkeztu dituen autozuzenketak aipatu ditu, eskualdeko batzarretan izan diren ekarpen eta gogoetak kontuan izan dituzte eta ponentzietan jasoak geratuko diren autozuzenketak egin dituzte. Lehenik eta behin, gazte prekaritatearen ingurukoa, LABek gazteen egoera iraultzeko duen borondatea indartuz. Bigarrenik, parte hartze instituzionalari dagokiona, interpelazio eta kritika politiko instituzionala indartzeko parte hartze ez normalizatuaz egiten dugun irakurketa zabalduz. Eta hirugarrenik, Nazio Biltzarra, Kongresutik kongresura zuzendaritza organo gorena izanik osaketarako irizpideak finkatuz.

Aurre prozesua desberdina izanik ere, egon da zuzenketak egiteko tartea. Jasotako zuzenketa kopuru altuak eta onartu gabe geratu diren apurrek agerian uzten dituzte hainbat elementu, Aranburuk zerrendatu dituenak. Lehenik, LABek datozen urteetan garatu beharreko ildo soziopolitikoaren gaineko eta planteatzen diren tesi nagusiekiko adostasun maila handia. Bigarrenik, “sindikatu bizia garela, jende militantea dugula eta LABeko komunitatearentzat kongresua ez dela tramite hutsa”. Eta hirugarrenik, “zuzendaritzak adostasunetara iristeko duen borondate eta gaitasuna oso handia dela”.

Azken bost urtetako lanaren balantzea egiten duen kudeaketa txostenak onarpen zabala izan du. “Bere momentuan hartu genituen erabakiak egokiak izan zirela eta hartu genituen erabakien gehiengoa praktikara eraman dela irudikatzen du honek”, idazkari nagusiaren hitzetan.

Berrikuntza ekarri dugu

Orain bost urteko kongresutik hona, LABek sindikalismora berrikuntza ekarri du. “Gure inguru hurbilean kapitalismoaren eta bizitzaren arteko talka sindikalismora ekartzen lehenak izan ginen. Birdefinitze honek, pentsatu eta aritzeko moduetan, paradigma aldaketa oso bat suposatu zuen”, adierazi du LABeko arduradun nagusiak.

“Sindikalismo feministan praktikara eramateko aurrera urrats handiak eman ditugu. Ari gara, langile migrante eta arrazializatuen esplotazio egoerak borrokatzen eta sindikatu antirazista bilakatzeko urrats berriak ematera goaz. Azken batean, sindikatua langile kolektibo guztiarentzat tresna eraginkor izatea dugu helburu”, zehaztu du.

LABen ararabera, bizitza da erdigunean jarri behar dena. Langileok errotiko aldaketak behar ditugu, aldaketa horiek borrokatu egin behar ditugu, eta hemen, Euskal Herrian, egin behar ditugu posible.

Mobilizazio ziklo berri bat martxan jartzea izan da sindikatuaren egiteko eta lehentasun azken hilabete hauetan eta Biltzar Nagusira helburu hori lortuta iritsi garela esan dezakegu, Aranbururen arabera. “Azken kurtsoan sektore edo enpresa desberdinetan, 100 grebatik gora izan dira Euskal Herrian. Borrokaren bidez, enplegu suntsiketa mugatzea eta langileen soldata eta lan baldintzak hobetzea lortu dugu hainbat eta hainbat eremutan”.

Horrela amaitu du agerraldia LABeko idazkari nagusiak: “Biltzar Nagusi hau puntu eta jarrai bat izango da. Aurrekoak ekarri zituen berrikuntza horietan sakondu eta norabide horretan erabaki berriak hartzera goaz”.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek ez du sinatu EAEko anbulantzietako aurreakordioa, hilabete luzetako borrokan planteatutako gutxieneko hobekuntzak ez baititu jasotzen

Anbulantzietako langileentzat Osakidetzako lankideekiko homologazioa eta soldataz haragoko bestelako hobekuntzak alde batera utzi dituzte azken asteetan LABi bizkar emanda aritu diren ELA, CCOO eta UGTk. LABek ez du sinatu aurreakordioa.

Patronalaren eta instituzioen utzikeriak dirauen bitartean prekaritateak hiltzen jarraitzen duela salatu dugu Gasteizen

Iragan asteburuan bi Euskal langileren heriotzen berri izan dugu, garraiolari bat Lleidan eta langile autonomo batena, Gasteizen. Gure elkartasuna eta besarkada beroena hurbilekoei.

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak iragarritako Herri Ekimen Legegileari babesa adierazi dio LABek, gutxieneko pentsioak 1080 eurotara premiaz osagarritu daitezen

Atzo, apirilak 19, milaka euskal pentsiodun atera ziren kalera. Gasteizen egindako mobilizazioan, 1080 eurotako gutxieneko pentsioa behingoz berma dadin 170 udaletan baino gehiagotan aurkeztutako mozioak izan zituzten hizpide, baita horren segida izango den lantzen dabiltzan Legez besteko Proposamena ere. LABek mugimenduaren aldarriekin bat egiten du eta ekimen berri hau babesten duela adierazi du.