2026-10-27
Blog Page 4

Azken asteetan EAEko hainbat eskualdetan eskola garraioan izan diren murrizketak salatzen ditugu

2026-2027 ikasturte hasieran eskola garraioaren murrizketen inguruan hainbat eskola komunitatek egindako salaketa publikoek eta abiatutako mobilizazioek agerian utzi dute egiturazko arazoa. Oianguren ikastetxeko komunitateak eta Zaldibiko gurasoek abiatutako protestak edota Plentziako eskola publikoko guraso elkarteak plazaratutako salaketak dira horren adibide.

Biztanleria gutxiko eremuetan, Arabako Lautadan kasu, Eusko Jaurlaritza lineak bateratzen hasi da. Erabaki honek ibilbideak desagerrarazten ez dituen arren, bidaiak askoz luzeagoak eta nekagarriagoak egiten ditu, honek ikasleengan duen eraginarekin negatiboarekin; ikasleen ongizatean eta ikaskuntza prozesuan, besteak beste.

Alabaina, kezka hau ez da berria. Azken ikasturteetan hainbat izan baitira desagertutako ibilbide edota geralekuak, eta guzti honek lanpostuen galera ekarri du. Aldi berean, erabaki horiek eragin zuzena dute ikasle, familia eta hezkuntza zerbitzuaren kalitatean. Haur hezkuntzatik hasi eta batxilergora arteko ikasle eta familiak jotzen ditu bete betean honek, eta are gehiago kaltetzen ditu premia bereziak dituzten ikasleak. LAB sindikatuaren aburuz, Imanol Pradales buru duen gobernuak zerbitzu publikoen kudeaketa murriztailearen beste adibide baten aurrean gaude. Eskola-garraioa ez da bigarren mailako zerbitzua: hezkuntzarako sarbidea eta ikasleen eskubideak bermatzeko funtsezko tresna da, bereziki landa-eremuetan eta biztanleria sakabanatua duten udalerrietan.

Egiturazko arazo honek hainbat iturri ditu. Alde batetik 164/2023 Dekretuaren aplikazio zurruna dago. Dekretuak dio eskola garraio espezifikorako eskubidea izateko ikasleak ikastetxeetatik gutxienez 4 kilometrora bizi behar duela, kontuan izan gabe tokian tokiko ezaugarri edo bestelako aldagaiak. Beste kasu batzuetan, garraio publiko alternatiboa egotea jotzen du Eusko Jaurlaritzak eskola-garraio espezifikoa ez eskaintzeko argudio gisa, ibilbideen segurtasuna edota garraio publikoaren saturazioa kontuan izan gabe. Guzti horri, zerbitzuaren lizitazioetan egon diren arazoak gehitu behar zaizkio. Izan ere, hainbat ibilbide esleitu gabe geratu dira.

Zentzu honetan, LABentzat onartezina da Hezkuntza Sailak hain garrantzitsua den zerbitzu publiko bat beren onura besterik bilatzen ez duten enpresa pribatuen eskuetan uztea. Eskola-garraioa oso sektore feminizatua da, emakumeek* kontratu eta lanaldi partzialekin eta lan baldintza prekarioetan jarduten dute. Une honetan, euren lan baldintzak duintzeko borrokara loturik daude. Eskola garraioa defendatzea, lan baldintzak duintzeko borroka baino gehiago da, zerbitzu publikoak defendatzea da.

Guzti honen aurrean LAB sindikatuak Begoña Pedrosaren Hezkuntza Sailari lehenbailehen arazoari konponbidea eman diezaion eskatzen dio, betiere alde soziala zein hezkuntza komunitatea aintzat hartuta. Gainera, sindikatuak adierazi du azken urteetan arazo honi lotuta egin den enpleguaren suntsiketaren aurrean gogor erantzungo duela. Halaber, babes osoa adierazi nahi die kaltetutako hezkuntza komunitateei eta elkarrekin lan egiteko prestasuna adierazten die familia eta udalei.

Aldundiak Gipuzkoako baso-suhiltzaileen zaintzak, prestakuntza eta entrenamenduak eten ditu sute arrisku handiko garaia hasi denean

Uda historikoki bero eta oso tehor baten ondoren, eta iraila geroztik baso-suteen arrisku handiko garaian sarturik gaudela, hartua du erabakia Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendiak eta Ondare Naturaleko Zuzendariak.

Gipuzkoako baso-suteen prebentzioa eta itzalketa Aldundiko Baso Administrazioaren eskumenekoa da (7/2006 Gipuzkoako Mendien Foru Arauko 79. artikulua). Eskumen hori aurrera eramateko osatzen dugun Aldundiko baso-suhiltzaileok- baso ingeniari teknikoak, basozainak, irrati operadoreak – ohartarazten dugu erabaki hori suteei erantzuteko denbora luzatu eta herritarren nahiz langileen segurtasuna arriskuan jar ditzaketela.

2026ko irailaren 9an Mendiak eta Habitatak Kudeatzeko Zerbitzuburuak, Zuzendaritzaren erabakiz, Aldundiko baso-suhiltzaileekin batera lan egiten duten erretenei (boluntario nahiz profesionalak) eta zisterna-kamioi (lJraska) gidariei zaintzak ez egiteko eta, baso-suhiltzale talde osoari etengabeko prestakuntza-plana eta entrenamenduak eteteko agindua eman zigun aurrekonturik ez dagoela argudiatuz. Aldundiko baso-suhiltzaileok ONARTEZINTZAT iotzen ditugu neurri horiek, bereziki hartu diren uneagatik eta izan ditzaketen ondorioengatik. Baso-sute larrialdi batean baliabideak murriztea ARDURAGABEKERIA hutsa dela deritzogu.

Euskal Autonomia Erkidegoko o’Baso Suteetarako larrialdi plan bereziaren” arabera, Gipuzkoan irailaren lSean sartu ginen baso-suteen arrisku handiko garaian, hots, estatistikoki Gipuzkoak baso-sute handienak jasan dituenean. Aurten, gainera, uda bereziki bero eta lehor baten ondoren iritsi gara garai honetara. Euskalmeten arabera ,2026ko uda, Euskadin, datu-serietik beroena izan da, gutxienez 1970. urteaz geroztik, eta prezipitazioak oso urriak izan dira, oro har. Hori dela-eta, uda lehor éta beroak erabat baldintzatuko du udazken-neguko suteen ohiko jokabidea.

Zaintzak etenda
Zaintzarik gabe, baso-suhiltzaileetako erretenak eta lJraskak aktibatzeko eta sutearen lekura iristeko denbora luzatu egiten zaigu, eraginkortasuna eta efizientzia galduz. Hau da, sutea hasten denean, gure lankide diren parkeetako suhiltzaileekin elkarlanean aritzen gara, baina Baso Administrazioaren baliabideak berandu aktibatzeak suteak kontrolatzeko aukerak murrizten ditu. Baldintzak txarrak (hego
haize bortitzak, mendiko malda haundiak, landaretza oso lehorra eta abar) ematen badira, suak indarra hartu eta azkar hedatu daiteke, herritarrak, euren ondasunak eta natura ondarea arriskuan iarriaz’ Eta zer esanik ez, sutearen lehen lerroan gabiltzan giza baliabideak.

Prestakuntza eta entrenamenduak etenda

Prestakuntza eta entrenamenduak eteteak beste arrisku larri bat dakar. Baso-suteak itzaltzeko, baso- suhiltzaileok aldian-aldian trebatu behar dugu: lan-prozeduretan, tresnen erabileran, komunikazioen koordinazioa, suaren portaeraren azterketan eta egoera arriskutsuei eman beharreko erantzunean hobetzeko. Entrenamenduak eteteak zaildu egiten du trebetasun horiei eta talde-laneko ohiturei eustea, eta esku-hartzeetan akatsak edo istripuak izateko arriskua handitu egiten da. Baso-suteen itzaltze lanak berezko arrisku larriak ditu, eta akats batek ondorio oso larriak izan ditzake langileentzat eta herritarrentzat.

Horregatik, baso-suhiltzaileen zaintzak eta etengabeko prestakuntzako praktikak BEREHALA BERREZARTZEA eskatzen dugu. Ezin da herritarren eta langileen segurtasuna, ondasunak eta natura-ondarea babesteko ardura sute handirik gertatuko ez den itxaropenaren esku utzi.

Iberiar penintsulako estaturik gabeko nazioek orain arte nola iraun duten azaldu nahi duen ‘Enigma’ dokumentala egi bihurtzen lagundu

Euskal Herriak, Galiziak eta Herrialde Katalanek indarrak batu dituzte estaturik gabe nola bizirik iraun duten azaltzea. Horixe du helburu Enigma proiektuak. Dokumentala finantzaketa kolektibo baten bidez ordainduko da, eta 160.000 € bildu nahi ditu.

Nola liteke Galizia, Euskal Herria eta Herrialde Katalanak nazio bereizi gisa existitzen jarraitzea, estatu handiek barne-aniztasuna ito duten kontinente batean, eta inoiz babestuko zituen estaturik izan gabe? Horra hor Enigma dokumentalak erantzungo duen galdera. Zalantzarik gabe, jende antolatuari esker izan da, eta sindikatuek, kultur erakundeek, komunikabideek eta gizarte mugimenduek zeresan handia izan dute horretan. Mende erdi baino gehiagotik hiru nazio horiek biziraun egin dute aspektu nazionalari nahiz kulturalari dagokionez: diktadura bat igaro dute, globalizazioari aurre egin diote, eta orain eskuin muturraren gorakadari egin behar diote aurre.

Diru-bilketa abian

Proiektua istorioa kontatzen den moduan finantzatuko da: behetik gora eta autogestioz, euskal, katalan eta galiziar erakundeen finantzaketa kolektibo bateratu baten bidez. Verkamin martxan dago kanpaina, eta 160.000 € bildu nahi ditu. LAB sindikatua proiektuaren talde eragileko kide da, eta bere komunitateari dei egiten dio diru-bilketa honetan parte hartzera. Nahi duenak esteka honen bidez egin dezake bere ekarpena: https://www.verkami.com/projects/44126-el-gran-enigma

Dokumentalak ikerketa historiko eta akademikoko adituen begirada eta erresistentzia hori protagonizatu duen gizarte zibilaren ahotsak uztartuko ditu. Jaialdietara, areto komertzialetara, plataformetara, telebistetara eta sareetara iristeko pentsatuta dago, baina baita unibertsitateetan material hezigarri gisa eta komunikabideentzako erreferentziazko eduki gisa balio izateko ere.

Ospitaleetan mobilizatu gara Osakidetzari eskatzeko gure aldarrikapenei eta langileen beharrei erantzun diezaiela

Osakidetzak sindikatuei bidalitako akordioaren lehen zirriborroak ez du soldata-hobekuntzarik jasotzen, eta hori Eusko Jaurlaritzak 2027. urterako aurrekontuak ixten dagoen bitartean; azpimarratu behar da arau horrek osasun publikorako partidak zehaztuko dituela. LAB, SATSE, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok berresten dugu ezinbestekoa dela mobilizazio dinamikarekin jarraitzea.

Gaur, EAEko ospitale guztietan, elkarretaratze jendetsuak egin ditugu. Sindikatuok zuzendaritzari eskatu diogu langileen aldarrikapenei eta beharrei erantzungo dieten proposamenak aurkez ditzala, eta langileen haserrea plazaratu dugu, 17 urte igaro baitira akordioa berritu gabe.

Sindikatu deitzaileok, lehen ekarpenak bidali ostean, gogorarazi dugu negoziatzea proposamenak mahai gainean jartzea, ekarpenak jasotzea eta aldarrikapenei erantzungo dieten hobekuntzak proposatzea dela. Ez da onargarria Osakidetzak akordio berri baten zirriborroa aurkeztea, soldaten hobekuntzarik jasotzen ez duena, Eusko Jaurlaritzak 2027rako aurrekontuak ixten dagoen bitartean; aurrekontuak jasoko du osasun publikora bideratu nahi duen aurrekontu-partida. Ez dugu onartuko Osakidetzak orain zirriborro bat aurkeztea aldarrikatutako enborreko gaiei heltzen ez diena eta gero aurrekontuen mantra aitzakiatzat erabiltzea hobekuntzak ez egiteko. Aurrekontu horiek, esan bezala, orain prestatzen ari dira.

Hurrengo Mahai Sektoriala urriaren 19rako aurreikusita dago. Bilera horretan, gatazka bideratzeko benetako borondaterik dagoen ikusi ahal izango dugu; izan ere, zuzendaritzak aurreko bileran zirriborroa aurkeztu besterik ez zuen egin.

Osakidetzako kolektibo guztien lan-baldintzak hobetzea borondate politikoko kontua dela azpimarratzen dugu. Besteak beste, honako gai hauek jorratu behar dira: ordainsariak hobetzea; lanaldia murriztea eta antolatzea; lizentzien eta baimenen arloan benetako aurrerapenak egitea; enpleguaren egonkortasuna eta kalitatea bermatzea; plantillak indartzea; belaunaldi-erreleboari aurre egiteko neurriak hartzea; lan-kargak murriztea; lan-osasuna eta kontziliazioa hobetzea; berdintasun-neurri eraginkorrak ezartzea; eta euskaraz bizitzeko eta lan egiteko bermeak eskaintzea. Era berean, Lehen Mailako Arreta sendoa izatea eta pribatizazioari ateak ixtea eskatu dugu.

LAB, SATSE, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok langileei dei egin diegu urriaren 30eko lehen greba-egunarekin eta mobilizazio-dinamikarekin bat egin dezaten. Orain da unea Osakidetzako zuzendaritza presionatzeko, kategoria guztientzako benetako hobekuntzak abian jar daitezen; izan ere, kolektibo guztiak ezinbestekoak dira Osakidetzak egunero funtziona dezan.

Pilota zuzendaritzaren teilatuan dago: benetako negoziazioaren bidez erantzun behar du, kolektibo guztientzako hobekuntzak mahai gainean jarriz.

Maiatzetik gaur arte izan diren 14 lan heriotza berri azaleratu ditugu, datu ofizialetan ezkutatuta zeudenak

Azaleratutako datu berriek 60 hildakotan kokatu dute 2026ko kontagailua, eta, hala, azken urteetako datu lazgarriak berretsi dira.

Datu ofizialak oso urrun daude lantokietatako errealitatea islatzetik. Instituzioek altan emanda dauden langileen istripuak soilik hartzen dituzte aintzat, eta soilik enpresek eurek ofizialki komunikatzen badituzte. Hala, Hego Euskal Herrian gertatzen diren lan istripu asko ez dira txosten ofizialetan islatzen; horien artean, lan heriotzak.

2026an Osalanek laneko istripuek eragindako 25 heriotza aitortu ditu; aldiz, LAB sindikatuak, soilik EAEn, 45en berri izan du.

LABek bere afiliazio sare zabala erabiltzen du datuen ekoizpenerako. Osalanek berak istripu hilgarri jakin batzuen komunikazioa ere egin ohi du txosten xume baten bidez. Azkenik, hilabetez hilabete Osalanek eta NOPLOIk (Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak) istripuen zerrenda orokorrak argitaratzen dituzte. Horietan herrialdez herrialde eta jardueraren arabera ofizialki aintzat hartu dituzten istripuak argitaratzen dira. Azken horien konparaketak azaleratu ditu orain arte ezagutu gabeko istripu hilgarriak. Zerrenda horretatik kanpo geratzen diren heriotza guztiak, hala ere, ez dira ofizialtzat aitortzen.

Ez da onargarria errealitate hori ezkutatzea. Izan ere, prebentzio neurrien inplementazioan eta kontrolean ardura dute bertako instituzioek, eta bertan alta emanda duten langileen istripuak soilik aitortzean, muzin egiten diote langile guztien segurtasunaren bermatzaile izateari.

Agerian geratzen da, bada, instituzioen aldetik lan osasunarekiko dagoen utzikeria, eta patronalari bere inpunitatea betikotzen uzteko eginiko apustua. Soilik horrela ulertu liteke Hego Euskal Herrian, urtero, larritasun ezberdina duten 100.000 istripu traumatikoren markara iristea.

Ezin dugu ahaztu egoera hau gertatzen dela patronalak langileei absentismoa delakoa eta iruzurra egozten dien bitartean. Datuek argi uzten dute langileen osasuna urratzearen erantzukizuna patronalarena dela, betiere instituzioen utzikeriak lagunduta.

LABek egoera hau salatzen jarraituko du eta enpresaz enpresa prebentzioaren bermea exijitzen segiko du.

Enplegu Publikoko Zuzendaritzak bazter utzi du hitzarmenaren negoziazioa: 16 urte hitzarmenik gabe eta egutegirik ez

Gaur, urriak 13, Eusko Jaurlaritzako eta Organismo Autonomoetako langileen ordezkaritzaren eta Enplegu Publikoko Zuzendaritzaren arteko alorreko mahaia bildu da. LAB sindikatuan oso larritzat jotzen dugu Lan Harremanetako zuzendari berriak bertan azaldu duen jarrera.

Sindikatuok urteak daramatzagu lanean hitzarmen berri bat lortzeko. Hitzarmen osoa artikuluz artikulu jorratu dugu, eta gure aldarrikapenak ildo nagusi hauetan egituratu ditugu:

  • Lizentziak, baimenak eta kontziliazioa
  • Ordutegia eta lanaldiak
  • Soldatak eta eros-ahalmena
  • Adinagatiko neurriak: erretiroa eta aurre-erretiroa
  • Diskriminazioari aurre egiteko neurriak, bereziki emakumeen aurkako diskriminazioari aurre egitekoak
  • Euskara
  • Lan osasuna

Laburbilduz, langileengan eragina duten neurri guztien inguruko proposamenak helarazi dizkiogu Administrazioari. Aldiz, zuzendaritzak behin eta berriz bere hitza bete gabe utzi du: berak adierazitako epe guztiak urratu ditu, eta negoziaziorako dokumentazioa ez da sortu. Dokumentazio hori abuzturako zegoen iragarrita.

Egoera are larriagoa da orain: zuzendaritza berriak ez du negoziaziorako inolako egutegirik iragarri, eta ez da aurreikusten negoziazioari bide emateko aukerarik. Kontuan izan behar da beharginek 16 urte daramatzatela hitzarmenik gabe. Orduz geroztik, langileen lan-baldintzak eguneratu gabe daude, eta Administrazioak izandako jarrera ez dator bat negoziazio kolektiboaren eta fede onaren printzipioekin.

Gogorarazi behar da, gainera, uda aurretik LABek eta ELAk elkarrekin lanuztea deitu genuela, hain zuzen ere zuzendaritzaren jarrera hori salatzeko eta negoziazioari bultzada emateko. Zuzendaritza berriak, ordea, atzera egin du, eta ez du negoziaziorako aukerarik ere aurreikusten. Hori onartezina da.

Negoziazio kolektiboa langileen eskubidea da, eta Administrazioak negoziatzeko betebeharra du. LABen ez dugu onartuko prozesua alferrikako luzamenduekin blokeatzea, ezta urteetako lana alde batera uztea ere. Eskatzen dugu negoziazio-egutegi bat berehala finkatzeko eta behar den dokumentazioa mahaigaineratzeko.

Egoera jada jasanezina da. Horregatik, zuzendaritzari dei egiten diogu jarrera hori zuzentzera eta benetako negoziazioari berehala ekitera. Era berean, langile guztien arteko elkarlana bilatuko dugu LABetik, hitzarmenak guztiei eragiten dielako, eta langileen haserrea adierazteko bideak jorratuko ditugu. Ikasturte hau ezin da berriz emaitzarik gabe geratu.

LABeko kideok mobilizazioan jarraituko dugu, eta langileen eskubideak defendatzeko beharrezko ekintza guztiak (sindikalak eta, behar izanez gero, juridikoak) baliatuko ditugu.

Instalazioen narriadura larriaren eta segurtasun-bermerik ezaren ondorioz Arraizko TMB plantan beste istripu bat izan dela salatzen dugu

LABetik publikoki salatzen dugu Bilbon kokatutako Arraizko tratamendu mekaniko-biologikoko plantan (TMB) izandako gertakaria, enpresa kudeatzaileak ezkutatu egin nahi izan duena.

Asteburuan, pladurrezko sabai bat langile baten gainera erori zen, iragazitako uraren ondorioz pilatutako pisuagatik. Ordezkaritza sindikalak hilabeteak daramatza iragazpen horiek salatzen, baina gaur-gaurkoz ez da hartu arazoa konpontzeko eta langileen segurtasuna bermatzeko beharrezko neurririk.

Azken istripu hau ez da gertakari isolatu bat; aitzitik, LABen aspalditik ari gara salatzen instalazioen narriadura larria eta mantentze-lanen beharrizana, eta orain gertaturikoa beste adibide bat gehiago da. Azken bi urteetan hamar salaketa baino gehiago aurkeztu dira plantaren egoerarekin lotuta. Plantaren kudeaketaren ardura duen ABEEari (Aldi Baterako Enpresa Elkarteari) Lan Ikuskaritzak hainbat eskakizun egin dizkiogun arren, egiturazko gabeziek eta osasungarritasun faltak bere horretan jarraitzen dute, eta langileek etengabeko arrisku-egoeran segitzen dute.

Egoera muturreko larritasun-mailara iritsi da; izan ere, ez dago plantan sortutako kutsadura kanpora hedatuko ez dela bermatzeko beharrezko segurtasun-sistemarik. Babes-neurri horien faltak kezka handia sortzen du, bai langileek jasaten dituzten arriskuengatik, bai instalazioaren jarduerak ingurumenean eragin ditzakeen ondorioengatik.

Onartezina da halako planta batek lanean jarraitzea bertako langileen segurtasuna eta osasuna arriskuan jartzen dituzten baldintzetan. Gorabeherak bata bestearen atzetik datoz, ur-iragazpenek bere horretan segitzen dute eta konponbide eraginkorrik ez da hartzen. Horrenbestez, berehala esku-hartzea beharrezkoa dela argi dago.

Garbikerrek zein Bizkaiko Foru Aldundiak badute plantan bizi den egoeraren berri. Horregatik, salatutako arazoei irtenbiderik eman ez izanaren erantzukizuna, enpresarena ez ezik, aldundiarena ere bada, eta honek ezin du jarraitu entzungor egiten lan-segurtasunari, instalazioen osasun-baldintzei eta ingurumenaren babesari zuzenean eragiten dien egoera honen aurrean.

LABetik berehalako esku-hartzea eskatzen dugu lan-baldintza seguruak bermatzeko, egiturazko eta mantentze-lanekin loturiko arazoak konpontzeko eta instalaziotik kanpo edozein kutsadura-arrisku saihesteko beharrezko neurriak ezartzeko.

Ez da onargarria bi urte baino gehiagoz salaketak aurkeztu eta Lan Ikuskaritzak eskakizunak egin ondoren, langileek arriskuan jarraitzea, zer eta mantentze-lan egokien eta segurtasun-neurri eraginkorren bidez saihestu daitezkeen egoeren ondorioz.

Asteburu honetan gertatutako istripuaren inguruabarrak argitzea eskatzen du sindikatuak, dagozkion erantzukizunak argitzea eta, gehiago luzatu gabe, langileen segurtasuna eta osasuna nahiz ingurumenaren babesa bermatzeko beharrezko neurri guztiak hartzea.

Langileen segurtasuna eta ingurumenaren babesa ezin dira baldintzatu mantentze-lanak behar bezala egiten ez direlako edo plantaren kudeaketaren eta gainbegiratzearen erantzukizuna dutenek dagozkien neurriak hartzen ez dituztelako.

Greba Orokorraren erregistroa egin dugu gaur

Azaroaren 11ko greba orokorrak Euskal Herritik Euskal Herrirako deialdia izan behar duela sinetsita, gaur grebaren erregistroa egin dugun LAB, ELA, ESK, STEILAS ETXALDE, HIRU eta etxebizitza sindikatuak deialdi bateratua lantzen ari gara.

Azaroaren 11n, etxebizitza eskubidea bermatu dadin eta espekulazioari ezetz esateko eguna izan dadin deia egin dugu LAB, ELA, ESK, STEILAS ETXALDE, HIRU eta etxebizitza sindikatuek. Baita langileon pobretzearen aurka eta soldatak igotzearen alde, eta denon eskubideak bermatuko dituzten kalitatezko zerbitzu publiko unibertsalen defentsan. Izan ere, ez dira 8 hilabete 1.500 euroko gutxieneko soldata propioaren aldeko greba orokorra egin eta kaleak bete genituela. Egoera jasanezina da, langile klasea pobretzen ari da enpresariek eta espekulatzaileek irabaziak handitzen dituzten bitartean. Horregatik, kaleak hartu eta erroko eraldaketak bultzatzeko unea da.

Etxebizitza euskal langileria pobretzeko eta berau zeharkatzen duten arrakala matxista eta arrazistetan sakontzeko arrazoi nagusietako bat bihurtu da, eta baita euskal langileriaren kezka nagusia ere. Etxebizitzak bermatutako eskubidea izan beharko luke, publikoa, osasungintza eta hezkuntza diren neurri berean. Hori lortzeko oztopo nagusia da etxebizitzarekin egiten den espekulazioa, eta hori jarri nahi dute jomugan.

Guztiontzako kalitatezko etxebizitza bermatzea posible da, baina horretarako erroko hiru transformazio bultzatu behar ditugu: batetik, espekulatzaileen espropiazioa, bestetik, jardun espekulatiboaren debekua eta, azkenik, etxebizitza langileriaren beharretara antolatzea. Horrekin batera, badira euskal langileriak berehalakoan beharrezko dituen neurriak: etxegabetze guztien etetea, eta etxebizitzaren prezioen jaitsiera.

Bertako patronala eta instituzioak interpelatuko ditugu deialdiarekin bat egiten dugunok. Izan ere, Confebask eta CEN patronalak langileon prekarizazioa betikotzen jarraitzen dute, eta uko egiten diote hemengo errealitatera egokitutako gutxieneko soldata propioa ezartzeari. Eta, etxebizitzaren eremuan, langileon bizitzen kontura aberasten jarraitzen dute. Era berean, Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak zein askotariko udalek negozioa indartzen duten politikak egiten jarraitzen dute, nahiz eta instituzio hauek badituzten alor horretan eskumen zabalak. Errentisten aldeko politikak egiteari uzteko garaia dela uste dugu, baita Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparruan sakontzeko unea dela ere.

PIT-CNTren 60. urteurreneko ekitaldietan parte hartu du LABek

PIT-CNT AbyaYala/Latinoamerikako sindikatu ospetsuenetako bat da hainbat arrazoirengatik: batetik, sindikatu unitarioa delako (kasu nahiko arraroa kultura anglosaxoitik kanpo); bestetik, diktaduraren kontrako borrokan nahiz ondorengo demokratizazio prozesuan rol esanguratsua jokatu duelako; eta, azkenik, PIT-CNTren sorreraren ondotik eta paraleloan, maila politikoan ere batasun prozesu bat garatu delako (Frente Amplio), Uruguain ezkerreko gobernuak egotea ahalbidetu duena.

Gainera, PIT-CNT eta oro har Uruguaiko langileria (langile horietako asko, euskal jatorrikoak) oso solidarioa izan da Euskal Herriarekin: 1994an greba orokorra egin zuen, Filtro izenez ezaguna zen ospitalean gose greban zeuden euskal errefuxiatuak Espainiaratuak izan zitezen eragozteko. Poliziaren errepresioak dozenaka zauritu eta bi hildako eragin zituen.

Igor Arroyo LABeko koordinatzaile orokorrak parte hartu du PIT-CNTk antolatutako nazioarteko jardunaldietan. Jardunaldi horietan nabarmendu diren ideiak honako hauek dira:

  • Inperialismoaren eta eskuin muturraren oldarraldiari aurre egiteko beharra, sindikalismo soziopolitikoa garatuz.
  • Klase subjektua berrosatzeko premia, sindikatua sektore desberdinetara gerturatuz.
  • Agenda sindikalean feminismoa, ingurumenaren defentsa eta langile migratuen eskubideen defentsa kokatzeko beharra.
  • Latinoamerikan burujabetzaren defentsa eta, era berean, eskualdearen integrazioaren alde egiteko apustua.
  • Palestinarekiko eta Kubarekiko elkartasuna. LAB bezala, MFS Munduko Federazio Sindikaleko kide den Kubako zentral sindikaleko (CTC) Ernesto Freirek parte hartu du jardunaldietan. Kubako egoeraren berri modu zehatzean ematearekin batera, elkartasuna eskertu eta mezu argia helarazi du Freirek: “Ez dugu amore emango”.

Jardunaldiez gain, Solis antzokian egindako ekitaldian parte hartu eta PIT-CNTren egoitzara bisita egin du Arroyok. Montevideoren ostean, Buenos Airesera bidaiatu du Arroyok, MFSko kide den SAMC sindikatuak antolatutako jardunaldietan parte hartzeko.