2026-09-20
HomeEkintza SindikalaNavarrabiomed kalera atera da bere lana ezagutarazteko eta Nafarroako Osasun Sistema Publikoaren...

Navarrabiomed kalera atera da bere lana ezagutarazteko eta Nafarroako Osasun Sistema Publikoaren ikerketa ahalmena indartuko duen hitzarmen duin bat exijitzeko


Fundazio publikoko Langileen Batzordeak borondatea eskatzen du hitzarmen propiorik gabeko 40 urte luzeko epealdiari amaiera emateko. Behin eta berriz aldarrikatu du ezinbestekoa dela ikerketa esparruaren berezitasunak jaso eta langile guztien lana duinduko dituen testua adostea.

Navarrabiomed – Miguel Servet Fundazioko Langileen Batzordea, LABeko bederatzi ordezkariz osatua, Iruñeko Gaztelu Plazara joan da gaur Nafarroako herritarrei zentroak egiten duen lanaren berri emateko eta langile guztientzako lan-baldintza duinak bermatu behar direla aldarrikatzeko.

Komiteko ordezkariek azaldu dutenez, nahiz eta Navarrabiomed – Miguel Servet Fundazioa 40 urteko ibilbidea duen fundazio publikoa izan, bere plantillak oraindik ere ez du lan hitzarmen propiorik. Salatu dutenez, hiru urte daramatzate ikerketa biomedikoaren sektorearen ezaugarri espezifikoak jasoko dituen eta erakundea osatzen duten langile guztien baldintzak duinduko dituen hitzarmen bat negoziatzen. Haien ustez, lan-baldintza egonkorrak, bidezkoak eta ikerketaren errealitatera egokituak izateak talentua atxikitzea eta erakartzea ahalbidetuko luke, bai eta kualifikazio handiko profesionalen ihesa saihestea eta fundazio publikoaren ikerketa-gaitasuna indartzea ere.

Era berean, ikerketa biomediko publiko sendo batek osasun sistemaren kalitatean eragin zuzena duela nabarmendu dute, gaixotasunen prebentzioan, diagnostikoan eta tratamenduan aurrerapenak bultzatzen dituelako, Nafarroako jendarte osoarentzat onura zuzenak ekarriz. Ildo horretan, adierazi dute ikertzaileentzako eta teknikarientzako lan-baldintza duinak bermatuz Nafarroako osasun-sistema publikoa eta gaitasun zientifikoa indartzen direla.

Gaur, Batzordeko kideek Navarrabiomed – Miguel Servet Fundazioak egiten duen lanaren berri eman diete Gaztelu Plazara hurbildu diren pertsonei, informazio-panelen eta dibulgazio-jardueren bidez. Gainera, haurrei zuzendutako jolasak ere antolatu dituzte, zientzia txikienei hurbiltzeko eta ikerketak herritarren osasuna eta ongizatea hobetzeko duen garrantzia erakusteko.

Ekimen horrekin, Batzordeak ikerketa biomedikoa herritarrei hurbildu nahi izan die. Era berean, dagoeneko 40 urte egin dituen egoerari amaiera emango dion lan-hitzarmena sinatzea eskatu du: sektorearen berezitasunak jasoko dituena, eta aldi berean, egunez egun zientzian aurrera egin eta osasun publikoa indartzeko lan egiten duten profesionalen kualifikazio altuarekin, erantzukizunarekin eta konpromisoarekin bat datozen lan-baldintzak bermatuko dituena.

Halaber, Batzordeak azpimarratu du ezinbestekoa dela etorkizuneko hitzarmen kolektiboa gauzatzeko beharrezkoa den dotazio ekonomikoa 2027rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan jasota gelditzea. Uste dute aurreikuspen hori ezinbesteko urratsa dela hitzarmena aplikatu ahal izateko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Sidenorren akordio markoaren negoziazioaren eratzea eten dadila eskatzen dugu, langileoi hitza emateko

Basauriko lan zentroan erreferenduma egitea eskatu dugu, marko horretan jarraitu beharko litzatekeen edo ez erabakitzeko.

Voestalpine Railway Systems JEZ-en langile baten diziplinazko kaleratzea salatzen dugu eta beldurra kudeaketa-tresna gisa erabiltzeaz ohartarazten dugu

Sindikatuaren ustez, erabakia justifikaziorik gabea eta neurriz kanpokoa da, eta ohartarazi du horrelako erabakiek presio giroa eta segurtasunik eza sortzen dutela langileen artean.

Ekialdebuseko lankide batek jasandako erasoa salatzen dugu

Ez da halako zerbait gertatzen den aldia, eta segurtasun arazoa salatu du Oarsoaldeko eta Bidasoaldeko autobus zerbitzuko LABek. Oraingoan E05 linean gertatu da, Errenteriako Beraungo anbulatorioaren parean.