2026-06-18
Blog Page 398

Emakumeentzako kristaleko sabaiak bere horretan segitzen du Nafarroako Administrazioan

Emakumeok gizonek baino gutxiago irabazten dugu, eta burutzetatik eta erantzukizunezko karguetatik diskriminatzen gaituzte.

Foru Administrazioa ez da lan eremuan gertatzen den emakumeenganako diskriminaziotik kanpo gelditzen. Horrela jasotzen da “Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko analisi kuantitatiboa” izeneko agirian. Azterketa hori Nafarroako Gobernuak berak egin du, Administrazioko I. Berdintasun Planari ekiteko aurretiazko lan gisa. Txosten horren alderdi deigarrienak hauek dira: batetik, soldata-arrakala, % 6,65ekoa dena, eta bestetik, emakumeen diskriminazioa burutzetan eta erantzukizuneko karguetan.

Azterketa hori batzorde batek egin du, non Administrazioko ordezkariek eta Mahai Orokorrean dauden erakunde sindikalek parte hartu baitute. Azterketa sakona da, oso datu interesgarriak erakusten dituena, eta informazio guztia Nafarroako Foru Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen I. Berdintasun Planari ekiteko erabiliko da.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren plantillan 29.939 langile daude. Plantilla feminizatua da: langileen % 71,29 emakumeak dira, eta % 28,71 gizonak. Itxuraz, gizonezkoek eta emakumeek eskubide eta betebehar berberak dituzte beren lan-harremanetan, baina adierazle batzuek erakusten dute emakumeak oraindik ere diskriminatuak eta gutxietsiak daudela. Bi alderdi dira argigarrienak: soldata-arrakala (%6,65) eta burutzen banaketa, non emakumeek baztertuak jarraitzen baitute, batez ere eskalafoian gora egin ahala.

IMQ-ko 76 garbitzaileek epaiketa irabazi dute eta berriz onartu beharko dituzte haien lanpostuetan #LortuDugu

LABetik sententzia ospatzen dugu, bereziki beren lan-baldintzen aldeko borroka egiteagatik kaleratuak izandako 76 garbitzaileak haien lanpostuetara itzuliko direlako. Eta bigarrenik, sententzia ospatzen dugu, garbiketa sektorean mugarri bat ezartzen duelako. Enpleguen egonkortasuna nagusituko da, enpresen kodiziaren gainetik. Argi geratu da ezin izango dituztela garbitzaileen lanpostuak suntsitu soldatak handitzen direlako edota urteetan gora egiten dutelako.

Epaiaren arabera, IMQk 76 garbitzaileak kaleratzeko hartutako erabakiak elementu erreaktiboei erantzun zion, eta gainera, garbitzaile hauen izaera azpimarratzen du; “garbitzaileak osatzen dituen kolektiboaren ohiko sakabanatze eta zatikatzearen aurrean, langile hauek antolatzeko eta elkarrekin erantzuteko gaitasuna erakutsi zuten, baita mobilizazioak, kontzentrazioak eta greba mugagabe bat deitzeko gaitasuna ere”.

Ildo horretan, sententziak adierazi du ezin izan dela gezurtatu hori bera izan zela, eta ez beste ezer, IMQk garbitzaile horiek guztiak kaleratzearen arrazoia; “egiten zituzten erreklamazioek zerbitzu- kostua handitzea dakarte eta ondorioz enpresa-marjina murriztu (…) egoerak inbutu moduko bat sortu zuen”. 

IMQk lezio bat eman nahi izan zien: eskubideak erreklamatzea eta baliatzea langileentzako kaltegarria den emaitza batera eramaten duela, baina sententziak atzera bota du erabaki hori.

Gainera, garbitzaileak subrogatzera behartzen ditu, haien lana funtsezko zerbitzutzat jotzen duelako, eta ez hondar-jardueratzat. Izan ere, klinika bakoitzeko garbitzaileen kopurua klinika horietako langile guztien ehuneko handi bat da. 76ak itzuliko dira haien lanpostuera. Garbitzaile guztiak, gehienak emakumeak, lan-munduan bazterkeria eragiten duten adin-tarteetako emakumeak. Txalo bero bat haientzat. Zorionak!

Modu positiboan baloratzen dugu ISNko akordioa, aurreikusitako mobilizazioak bertan behera uztea ekarri duena #LortuDugu

Enpresa batzordeak eta ISN enpresak aurreakordioa lortu dute, eta, horren bidez, bertan behera utzi dituzte Volkswagen-eko Iruñeko lantegian martxoaren 2an hastekoak ziren mobilizazioak.

ISN Volkswagenen soldata igoerak ordaindu ez izanak egoera jasangaitzera eraman zuen plantilla. Hori dela eta, greba mugagabea deitu zuen enpresa batzordeak, hainbat mobilizaziorekin batera. LAB eta Solidari sindikatuek sinatutako aurreakordioarekin (enpresa-batzordean 9 ordezkaritik 7 dituzte), %5eko soldata-igoera bermatuko da, baita 3 atseden- egun ere.

Greba-deialdia aurtengo soldata-igoerak bermatzeko aurreikusita zegoen arren, datorren urterako %2ko soldata-igoera lortu da, 2022ko KPIaren igoeraren araberako soldata-igoera eta lanaldia hobetzeko egun bat, enpresak 15 egunetik gorako aldi baterako lan-erregulazioa aplikatzen badu.

LAB sindikatuak eskerrak eman nahi dizkie langileei mobilizazioarekin eta borrokarekin izan duten konpromisoagatik; izan ere, berriro ere erakutsi du bere fruituak ematen dituela, eta hori gabe ez zatekeela langileen lan-baldintzak hobetzeko akordio honetara iritsiko, soldaten eta lanaldiaren esparruan.

Horrekin batera, ELA sindikatuaren jarrera deitoratzen dugu, gainerako langileekin batera borrokatu beharrean, oporretan egotea nahiago izan duelako, eta, ondoren, akatsez betetako informazioa zabaltzeagatik, ez baitu negoziazioetan parte hartu aisialdian egoteagatik.

Basozainek Nafarroako Gobernuari exijitu diote 15 lanpostu berri sortzeko konpromisoa bete dezala

Nafarroako Basozainak taldeko hainbat kide Diputazioaren jauregiaren aurrean elkartu dira, Nafarroako Gobernuari eskatzeko bete dezala 2022an 15 lanpostu berri sortzeko hartu zuen konpromisoa, Basozainen Plan Zuzentzailean agertzen den bezala.

Kolektibo horrek bere harridura eta haserrea azaldu du Nafarroako Gobernuak orain esaten duelako lanpostu horiek ezin direla sortu, aurrekontu-esleipenik ez dagoelako. Basozainen iritziz, hori izugarrizko burugabekeria da, lanpostu horiek EH Bilduk eta PSNk sinatutako aurrekontu-akordioaren ondorioz sortu zirelako. 

Horregatik, Nafarroako Gobernuari exijitu diote sinatutako akordioak bete ditzala eta behar den guztia egin dezala 15 lanpostu horiek lehenbailehen sortzeko eta diruz hornitzeko.

Emakumeak, langabe zein enplegudunak, daude prekaritatearen erdigunean

Herrialdeen artean alde nabariak badaude ere, Hego Euskal Herrian 747 langabe gehiago daude urtarrilarekin alderatuta. Nafarroan eta Araban langabezia igo bada, Bizkaian eta Gipuzkoan urtarrilean baino langabe gutxiago daude gaur publikaturiko datuen arabera. Herrialdeen artean aldeak daude, baita adin tarte edo sexu generoari dagokionean ere. Izan ere, oraingoan gazteak eta emakumeak izan dira langabeziaren igoera pairatu dutenak oro har, zerbitzuen sektorean lanean dabiltzanak.

Langabeziaren datuek enplegu bila aktiboki dabiltzanetatik enplegurik ez duen lortzen langile kopurua neurtzen digute. Enpleguaren bilakaera aztertzeko informazio garrantzitsua eskaintzen digute datuok. Ez dute azpienpleguan lanean ari den langile kopurua neurtzen ordea, ez eta esperantza galdu dutelako edo beste arrazoi batengatik enplegua bilatzeari utzi dioten langabeena. Enplegu bila ez dabiltzan eta doan etxeko eta zaintza lanak burutzen dituzten langile horien datuak ere ez daude gaur publikatu dituztenetan, nagusiki emakumeak diren milaka horienak, 182.000 langile Hego Euskal Herrian. Langabezia datuek beraz izebergaren punta soilik erakusten digute, eta lan eta enpleguaren eremuan gertatzen diren hainbat eta hainbat errealitate isilpean geratzen dira.

Gaurkoan, aurreko hilarekin alderatuta, langabe gehiago daude Hego Euskal Herrian. Eta, gainera, enplegua duten langileen baldintzak okertuz doaz urtez urte. Gaurkoan emakume gehiago ditugu langabezian, eta enplegua dutenen emakumeen errealitatean ere arreta jarri beharrean gaude. Izan ere, sektore feminizatuen lan baldintzak hobetzeko gero eta zailtasun handiagoak ditugula salatu beharrean gaude. Borrokak piztu eta garatu arren, patronalak uko egiten dio akordioari, uko langileen lan baldintzak hobetzeari. Ez da kasualitatea Hego Euskal Herrian emakumeen soldatak gizonezkoenak baino %20 baxuagoak izatea. Sexu-generoaren araberako lan banaketak balio gutxieneko enpleguetan kokatu ditu nagusiki emakumeak, bizitza sostengatzeko balio handienetakoa dutenean oro har. Patronalari hori ez zaio gehiegi axola ordea, balio erantsi gutxiago dutela argudiatzen baitute soldata baxuagoak justifikatzeko.

LABek, sektore eta enpresetan lan baldintzak hobetzeko borrokan jarraitzeko konpromisoarekin jarraitzen du, eta ez hori bakarrik, beharrezkoa dugu langile guztiei gutxieneko zoru amankomun bat ezarriko dien akordioa, gutxieneko soldata, soldata arrakala, lanaldi partzial inposatu eta lanaldi murrizketaren ingurukoa hain zuzen ere.

Otsailaren 22a, soldata arrakalaren aurkako nazioarteko eguna, pasa berri denean, eta Martxoaren 8a ate joka dugun honetan, diskurtsoetatik harago konpromiso konkretuak hartzeko garaia da. Patronalei arduraz jokatzea exijitzen diegu eta instituzioei eta eurak kudeatzen dituzten alderdi politikoei, ez ikusiarena ez egiteko, eta errealitate honen aurrean busti daitezela, euren ardura ez baita soilik enplegua sortzea, baita enplegu hori kalitatezkoa izatea eta banaketa orekatua izatea ere.

Enpleguaren defentsan esku har dezatela eskatu diegu erakundeei, Alconzan aurreikusitako kaleratzeen aurrean

Greba mugagabean daude Berangoko Alconzan, Irizar Taldeko enpresan, 38 langile kaleratu nahi dituen EEEa dela-eta. Langileek erakundeei egin diete dei, enplegu suntsiketaren kontra egin eta lantegiaren etorkizuna berma dezaten.

Hala, Eusko Jaurlaritzaren aurrean mobilizatu dira gaur, bilera baitute. Atzo gauza bera egin zuten Berangon. Bertako Udalbatzarekin bildu ziren, kasu honetan.

LAB sindikatuak Alconzan inor ez dagoela soberan nabarmendu nahi dugu. Hala, erakundeei eskatu diegu enpleguaren defentsan esku har dezatela, eta Jaurlaritzari, konkretuki, diru laguntzarik eman ez ditzala kaleratzeak dauden bitartean.

Artiach-eko langileek ehun egun bete dituzte greban, lan baldintza duinen defentsan

Orozkon dagoen Artiach enpresako langileek ehun egun bete dituzte greban, eta, euren lan baldintzen alde borrokan sendo jarraituko dutela berresteko, mobilizazio eta aldarrikapen egun berezi bat egin dute. Bizikleta martxa, ekitaldia eta manifestazioa egin dituzte, besteak beste. Manifestazioari dagokionez, Deustuko Erriberatik Eusko Jaurlaritzaren Bilboko egoitzaraino joan dira.

Hitzarmen duin baten alde ari dira borrokatzen Artiach-en. Enpresak soldaten jaitsiera, lanaldiaren igoera eta osagarrietan murrizketak proposatu ditu. LAB lehen indarra da enpresa batzordean, eta sindikatutik berretsi nahi dugu, zuzendaritzaren jarrera ikusita, berriro agerian geratu dela antolakuntza, borroka eta mobilizazioa direla bidea langileen lan baldintzak defendatzeko. 

Langile guztiei etxebizitza eskuragarri eta duina bermatzeko aldarrikatu du Abiatuk, Ekintza Sozialeko komunitate berriak

LABeko kideok ekimenak egin ditugu Eusko Jaurlaritzak Bilbon duen ordezkaritzaren eta Gasteizko Udalaren aurrean, negozioa babesten duen egungo etxebizitza politika salatu eta langileoi etxebizitza eskuragarri eta duina bermatu behar zaigula aldarrikatzeko. Arrasaten ere mobilizatu ginen astelehenean, “etxebizitza duina langile guztientzat” leloarekin.

Ekimena Abiatu-ren, LABeko Ekintza Sozialeko komunitate berriaren, lehen kanpainaren baitan kokatu dugu; langile guztioi etxebizitza eskuragarri eta duina bermatzearen aldeko kanpaina, hain zuzen ere. Abiatu LABeko kideon espazio berria da, langileon bizi-baldintza duinen alde ekiteko. Prekarizazioa lantokietan bezala lantokietatik kanpo pairatzen dugu langileok, eta horregatik prekarizazio hau pairatzen dugun eremuetan borrokak abiatzea da gure apustua. Ez dugu onartuko lantokietan borrokatzen duguna hauetatik kanpo lapurtu diezaguten.

Etxebizitza eskubidea errealki bermatzea langileon oinarrizko bizi-baldintzak duintzeko ezinbestekoa da, baina jabetza pribatuan, merkantilizazioan eta espekulazioan oinarritzen den egungo ereduak ondorio sozial larriak eragiten ditu. Etxebizitza duin eta eskuragarri baterako sarbide eza langileon prekaritatearen elementu giltzarria da.

Datu batzuk aipatze aldera, 2019eko bataz besteko soldatarekin (23.183 euro) 19 urte behar dira Babes Ofizialeko etxebizitza bat ordaintzeko eta ia 42 urte merkatu librean etxebizitza jabetzan eskuratzeko, honek dakartzan baldintzapen guztiekin. EAEn 80m2-ko etxebizitzaren alokairua 986 eurokoa izan da bataz beste 2021ean eta langileok soldataren ia erdia bideratu behar dugu hau ordaintzera (bestelako gastuak kontuan hartu gabe). Etxebizitza babestuaren eskaria 2011-2019 tartean ia bikoiztu egin da; aldiz, eskari horri erantzuteko eskaintzaren ehunekoa gutxitu egin da.

Etxegabetzeei dagokienez, datuak bortitzak dira oso. 2020. urtean, 889 etxegabetze gertatu ziren Hego Euskal Herrian.

Erakundeei mezua

Horregatik guztiagatik, etxebizitza eskubide subjektibo bezala aitortu eta hau errealki bete dadin bermatzeko neurriak hartzea eskatu dugu Bilbon eta Gasteizen egindako mobilizazioekin, erakundeak interpelatzeko asmoz. Horrekin batera, herritarrekin eskuz eskuko harremana bilatu dugu ekimenetan, inkesta baten bidez eta gure aldarrikapenak partekatuz bizi dugun errealitatez hitz egin eta hausnartzeko, zein honen aurrean antolatzeko deia luzatuz.

LABen ustez, lehentasunezkoa da, etxebizitza eskubide subjektibo erreala izan dadin, neurri zehatzak hartu eta tresnak garatzea. Horretarako, espekulazioari ateak itxi eta alokairu sozial arautuari lehentasuna eman behar zaio, eta etxebizitzaren prezioa mugatu behar da etxebizitza gastuak diru-sarreren %30 izan daitezen gehienez (%15 egoera zaurgarrian dauden pertsonen kasuan eta etxebizitza publikoetan).

Gainera, parke publikoa handitzeko estrategiak beharrezkoak zaizkigu, lehentasunez jabego handiei eta funts putreei mugak jarriz. Azkenik, eta urgentziazko neurri gisa, alternatiba duinik ez duten etxegabetze guztiak eraginkorki debekatzeko eskatzen dugu.

Jarraipen zabala izan dute KPIaren araberako soldata-igoeraren alde Aludium-eko langileek egindako bi greba egunek

Zornotzako Aludium enpresan, beste askotan bezala, soldata-igoera KPIarekin baldintzatuta dago, langileek erosteko ahalmena gal ez zezaten. Azken urteetan, baldintza hori ez da arazo izan, ematen zuen igoera ez baitzen oso handia, eta enpresek onartzen dute KPIak igoera markatu behar duela.  

Aludiumen, 2018. urteaz geroztik, enpresa-hitzarmen bat dago, eta hitzarmen horretan ezartzen den igoera 2022. urterako KPI gehi %0,5 da. Jakina denez, Covid-19aren ondorioz, KPIa %6,5ekoa izan da eta horregatik egin beharreko soldata igoera  %7 izan behar da.         

Hala ere, igoera egiteko unea iritsi denean, enpresak uko egin dio eta zenbait bileratan ez du ezertara eraman %3,5 igotzea, %7 igo eta atzerapenak ordaindu behar zituenean. Arazoa eta eztabaida dagoen tokian, soldata-igoera finkatzeari uko egiten diola da, eta horrek esan nahi du datozen urteetarako soldatak bere horretan jarraitzen duela. Diru kopuru bakarra ordaintzen da, baina hurrengo urteetako nominetan ez da agertzen.            

LABentzat, sinatutakoa bete egin behar da. Aldeak ados jartzen direnean, hobea edo okerragoa izan adostutakoa, kontsekuentea izan behar da emandako hitzarekin. Hori dela eta, langile asanbladan galdetu ondoren, bi greba egun adostu eta egin dira otsailaren 24 eta 28an.            

Grebak %60ko jarraipena izan du bi egunetan. Gure ustez arrakasta handi bat lortu da, LAB sindikatuak bakarrik deitu ditu mobilizazioak eta. CCOOk eta UGTk, enpresa-batzordean gehiengoa izanik, ez dute deialdirik egin. Bainaa, sindikatu horietako afiliatu batzuek bai egin dituztela grebak.

Ez da aipatu gabe utzi behar enpresa hitzarmena 2021ean amaitu zela eta orain negoziatzea dagokiola. LABentzat ezinbestekoa da sinatutako %7ko igoera aplikatzea. Izan ere, sinatutakoa bete ezean, ezingo litzateke zuzendaritzarekin ezer adostu. Nola fidatu sinatutakoa betetzen ez duen enpresa batekin? Gainera, zuzendaritzak xantaia egiten du soldata-igoerarik ez aplikatzerakoan. %7a igotzea nahi baldin bada, hitzarmen prekario bat sinatzera bultzatzen da trukean.

LABek soldata-igoeraren alde borrokatuko du, eta, ondoren, Aludiumeko enpresa hitzarmenarengatik borrokatuko du. Langile guztiei egiten diren mobilizazio guztietan parte hartzeko deia egin diegu. Lortzen ez den bitartean, sindikatu honek borrokan jarraituko du. Era berean, orain arte bezala, CCOO eta UGT sindikatuei dei egiten diegu %7ko igoera alde batera ez usteko eta berarengatik borrokatzeko.