2026-01-21
Blog Page 397

Delegatuen batzarrak egin ditugu eskualdez eskualde, Greba Orokorra ardatz

LAB sindikatuak delegatuen batzarrak egin ditu eskualdez eskualde, kurtso berrirako ditugun erronken berri emateko; Greba Orokorra, kasu. Batzar hauetan gure borroka ildoei buruz gogoetatzen ibili gara.

Gasteiz-Lautada-Errioxan, Durangaldean, Eskumaldean, Iruñerrian, Busturialdea-Lea Artibain, Oarso-Bidasoan, Bilbon, Ezkerraldean, Debaldean… batzarretan Greba Orokorrak hartu du gogoetaren tarte handiena, greba bera egiteko arrazoiak eta aldarriak hizpide.

Estaturik gabeko nazioetako klase sindikatuek jokatu beharreko paperaz hitz egin dugu Intersindical Catalunya-ko ordezkariekin

LAB sindikatua Intersindical Catalunya-ko ordezkaritza batekin elkartu da Bilbon. Kataluniako sindikatua ordezkatzen idazkari nagusia den Sergi Perelló eta Barne Koordinaziorako idazkaria den Núria Ferrandis-ek ordezkatu dute, eta LAB-en aldetik idazkari nagusi Garbiñe Aranburu, Antolakuntza idazkari Izaskun Garcia, Ekintza Sindikaleko idazkari Xabier Ugartemendia eta Nazioarteko harremanetarako idazkari Koldo Saenz egon dira.

Bilera bi sindikatuen elkarlanean sakontzeko eta fase kapitalista berrian estaturik gabeko nazioetako klase sindikatuek jokatu beharreko paperaren inguruan hausnartzeko baliatu dugu. Hortaz gain, prekaritatea gero eta gehiago zabaltzen ari den garai honetan, langile klasearen lan eta bizi baldintzak hobetzeko behar dugun sindikalgintza ereduaren inguruan ere sakondu dugu.

Irabazitako hiru epairen arabera, Nafarroako Administrazioak milaka euro ordaindu beharko dizkie aldi baterako hiru langileri #LortuDugu

35.000 euro; 115.000 euro; eta 50.000 euro. Horiek dira lan arloko epaitegien azken hiru epaiek ezarri dituzten kalte-ordainak, eta foru-administrazioak aldi baterako hiru langile publikori ordaindu beharko dizkie bidegabeko kaleratzeagatik. LAB sindikatuko ordezkariek prentsaurrekoa eman dute gaur Iruñean eta bertan azaldu dute hiru epai horiek Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren azken doktrina jasotzen duten Nafarroako lehenak direla. Une honetan, aldi baterako langile publikoen 50 espediente baino gehiago ari da tramitatzen LAB. Hiru hauek bezalako sententziak izanez gero, Administrazioak milioika euro eman beharko ditu kalte-ordainetan.

“Langile asko dago hiru horien egoera berdintsuan”, adierazi du Ainara Elarrek LAB sindikatuaren izenean. Elarreren iritziz, egoera horretara iritsi dira administrazio publikoen “utzikeria, inakzioa eta kudeaketa txarra” direla-eta, ez baitute zerbitzu publikoen aldeko apustu irmorik egin. “Aldi baterako kontratua gehiegi erabiltzen ari dira, urteak daramatzate aldi baterako langile publikoei eskubideak murrizten, eta, epaitegiek erabakitzen ez duten bitartean, ez diete ordaintzen gradua, antzinatasuna, familia-laguntza eta/edo kaleratzeagatiko kalte-ordainak”.

Elarreren ustez, ekainean onartutako errege-dekretuak, lege-proposamen gisa negoziatuko denak, ez du plantillak egonkortzeko konponbiderik ematen, baizik eta epaitegien eskakizunei irtenbidea emateko adabakia baino ez da. “Zentzugabea da arlo publikoko kudeatzaileek onartzea beren langileen erdia baino gehiago aldi baterako izatea. LABen kalkulatu dugu LEPera foru administrazioko 10.000 plaza inguru eraman beharko liratekeela, behin-behinekotasuna salbuespenezkoa izan dadin —gehienez ere %8koa—. Administrazio publikoei plantillak behingoz egonkortzeko eta lan-baldintza duinak ziurtatzeko eskatzen diegu”.

Administrari bat, mediku bat eta garbitzaile bat

Juantxo Barkos LABeko aholkulari juridikoak azaldu duenez, hiru epai horiek Iruñeko lan arloko epaitegiek eman dituzte berriki, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan aldi baterako kontratuetan izaniko lege-iruzurraren inguruan. Epaiek Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren azken doktrina jasotzen dute. Doktrina hori 2021eko ekainaren 3ko epai batek jaso zuen eta, ondoren, Espainiako Auzitegi Gorenak ekainaren 28ko bertze epai batean jaso zuen. Doktrina horretan jasotzen da zein ondorio izan behar duen administrazio publikoko lanpostu hutsetan aldi baterako langileak denbora luzez eta arrazoirik gabe mantentzeak.

“Hiru kasuetan administrazioan lanean urte asko daramatzaten emakumeak dira”, gaineratu du Barkosek. “Eta deigarria da, halaber, administrazioko lanposturik altuenetan —A mailan, medikuen kasuan bezala— zein posturik baxuenean —ikastetxeen garbitzaileen garai bateko E mailan— gertatzen direla halakoak.

Lan arloko 3. epaitegiak emandako lehen epaia 2021eko uztailaren 9koa da, eta LABek uste du Auzitegi Gorenaren doktrina aplikatuta Nafarroan eman den lehenbizikoa dela. Kasu honetan, iruzurtzat jotzen da aldi baterako administrari laguntzaile bat 2008tik Osasunbideko lanpostu huts batean lanean egotea. Epaia irmoa da eta 35.800 euroko kalte-ordaina ezarri du; Osasunbideak dagoeneko ordaindu du.

Bigarren kasua larrialdi-zerbitzuko mediku bat da, 1990az geroztik 153 kontratu lotu dituena eta 2000. urteaz geroztik Osasunbideko kontratu bereziaren bidez kontratatua zegoena —“bertze langile-behar batzuengatik” erraten zaiona—; hau da, berariazko kontratu bat lanpostu jakin baterako langile finko egokirik ez dagoenerako. Gainera, 2016. urteaz geroztik, lanpostu hori lanpostu huts bihurtu zen, baina lanpostu hori betetzeko deialdi publikora atera gabe jarraitzen zuten. Epaiak 115.000 euroko kalte-ordaina ezarri du; Administrazioak iragarri du errekurtsoa jarriko duela.

Eta hirugarren epaia, irailaren 28koa, 1997. urteaz geroztik ikastetxeetan garbiketa lanetan ari zen langile batena da. 1999tik lanpostu huts bera betetzen ari zen, gainera. Hau da, 20 urte baino gehiago zeramatzan lanpostu berean, baina lanpostu hori ez zen sartu lan-eskaintza publikoan, eta, jakina, ez zuten bete. Epaiak 50.000 euroko kalte-ordaina ezarri du; Administrazioak iragarri du errekurtsoa jarriko duela.

Juantxo Barkos abokatuak argitu duenez, epaitegiek esan dute Administrazioak lege-iruzurra egin duela hiru kasu horietan, ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten administrazio-kontratuak erabili dituelako. Adibidez, epeei dagokienez, Auzitegi Gorenak hiru urteko epea ezarri du aldi baterako kontratu bat justifikaziorik gabe luzatzen ari dela adierazteko; hau da, ez dago arrazoirik administrazioak lanpostu huts hori hurrengo lan-eskaintza publikoan ez sartzeko, eta hiru urte nahikoa da behar hori ohikoa dela eta ez dela ohiz kanpokoa pentsatzeko. Beraz, halakoetan uste du lege-iruzurra dagoela.

“Baldintzak ez betetzearen eta, beraz, lege-iruzurra egitearen ondorioa da lan-harreman hori mugagabe ez finkotzat hartu behar dela”, erantsi du Barkosek. “Hiru kasu horietan, kaleratzeei buruz ari gara; izan ere, lan-kontratu mugagabe ez finkotzat jo ondoren, kaleratze objektiboa izan gabe gertatu da lanuztea —prozedura arautuen bidez bete dituztelako lanpostuak—. Eta auzitegiek bidegabeko kaleratzeen aurrean gaudela adierazi dute. Horren ondorioz, edo baldintza berdinetan berronartzen zaie beren lanpostuan, eta jaso ez dituzten soldatak ordaintzen zaizkie, edo dagokien kalte-ordaina ordaintzen zaie, araututako soldataren eta lanean daramaten denboraren arabera”.

Hiru kasuetan diru kopuruak handiak dira, aldi baterako langileek lanean denbora luzea eman dutelako. “Administrazioarentzako kostu handi batetaz ari gara, kudeaketa txarragatik hain zuzen ere kalte-ordain handiei aurre egin behar dielako”, bukatu du Barkosek. Une honetan LAB sindikatua horrelako 50 espediente baino gehiagotan ari da lanean.

Herri batzarrak antolatu ditugu herrialdeka ekintza sozialeko komunitatearen sorreran eta saretzean sakontzeko

Ekintza Sozialeko Komunitateko kide izateko izen ematea zabaldu genuen joan den ikasturte amaieran, “Lantokitik herrira! eraldaketarako tresna” goiburupean. Ibilbide berri honen baitan lehen geltokia ekainean egindako topaketak izan ziren; hauek ere herrialde desberdinetan. Lehen elkargune bat izateko antolatu genituen, komunitatea nolakoa izango den eta zertan jardungo duen definitzeko bidean. Bada, ikasturte berriaren etorrerarekin, herri batzarrak antolatu ditugu komunitatearen sorreran eta saretzean sakontzeko.

Hitzordu guztiak LABen egoitzetan izango dira, 18:00etan:

Gasteizen, urriaren 20an; Iruñean, urriaren 21ean; eta Donostian eta Bilbon, urriaren 27an.

Urban Sons dendetako Enplegu Erregulazio Espedientea akordiorik gabe bukatu da: langileak kaleratu eta Fogasara bidaliko dituzte, soldatak eta kalte ordainak kobratu ahal izateko

Joan den urriaren 1ean, Urban Sonsek Iruñerriko bere hiru dendetarako kontratuak iraungitzeko EEE Enplegu Erregulazio Espedientea hasi zuen, eta, legeak ezartzen dituen nahitaezko hiru bileren ostean, akordiorik gabe bukatu da da; izan ere, enpresak ez du bere jarrera mugitu, ezta milimetro bat ere.

Pasa den astean salatu genuenez, Urban Sonsek bere dendak itxi ditu Karlos III.ean, Morean eta Itaroan, eta kaleratzeak negoziatzeko bilerak hasi zituzten egun berean, denda horiek beste izen batekin ireki zituzten; baina estetika bera mantendu arren, Urban Sonseko langileak kalean dira.

Lehen bileratik, langileek salatu dute Urban Sonsek dendetatik alde egin duela, den-dena zegoen bezalaxe utzita, eta Denim and Friends arropa-marka berriarekin inolako kontratu-harremanik ez dutela mantentzen jarraitzen dutela. Izan ere, gutxienez arraro samarra da denda barneko materialetik ezer jaso ez izana (manikiak, pertxak, kremailerak…).

Baina Urban Sonseko langileak gehien haserretu dituena zera da, kalean gelditzeaz gain, ez dutela azken nomina kobratu eta kalte-ordainak Fogasak hartu beharko dituela bere gain (guztiok geure gain hartzen dugun funts publikoa). Urban Sonsen jabea eraikuntza sektoreko beste bi enpresaren jabea da, Banur eta Polandriusena, hain zuzen ere.

Eta 2020an BANURek 301.077 euroko kreditua eman zion Urban Sonsi. Kaleraturiko langileen kalte ordaina 45.000 eurokoa izan daitekeela kalkulatzen dugu; hartara, bazuen Banurrek diru pixka bat gehiago mailegatzea kalte-ordainak ordaindu ahal izateko.

LAB sindikatuaren ustez, lotsagarria da legeak horrelako egoerak babestea, non emakumezko langileak zenbaki gisa (gaizki) tratatzen dituzten, kalera enpresariaren nahierara joaten diren, eta, gainera, dirua falta ez duen norbaitek ordaintzen ez dituen soldatak eta zorrak denon artean ordaindu behar ditugun. Enpresa-abusu bat gehiago, baina kalean eta auzitegietan salatuko dugu.

[IRITZIA] “Hezkuntza akordioa: balia dezagun aukera”

Sindikatuko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk eta Irakaskuntzako idazkari Irati Tobarrek aldarrikatu dute, egungo hezkuntza sistema agortua dagoen honetan,  hezkuntza komunitatearen parte garen eragileokin adostasunak erdiesteko garaia dela. Hona hemen iritzi artikulua osorik:

Hezkuntza ereduak berebiziko garrantzia du jendarte ereduaren definizioan, eta egungo hezkuntza sistemak asko du hobetzeko. Norabide honetan, EAEn, Hezkuntza Hitzarmen berri baten beharra agenda politikoan kokatu eta eztabaida ireki izana positibotzat jo dugu.

Garrantzi handia ematen diogu hezkuntza komunitateak eztabaida honetan izan behar duen rolari. Adostasuna hezkuntza eragile ezberdinon artean erdietsi behar dela berresten dugu. 2017-2018an EAEko Hezkuntza Sailak egindako Hezkuntza Itunak patronalaren nahiak asebete zituen langileon hitza guztiz baztertuz. Prozesu hartako akatsak ez errepikatzea nahiko genuke. Argi daukagu hezkuntza-eragile ezberdinon arteko adostasunetatik etorri behar dela EAEko Hezkuntza Hitzarmen berria.

Duela hiru urte Iruten gogoeta plazaratu genuen. Euskal Herriko Hezkuntza Sistema propio eta burujabea eraikitze bidean, inposatzen zaizkigun egungo hezkuntza sistema duala eta hizkuntza ereduak, biak ala biak, gainditu behar ditugula ulertuta. Sistema dualaren oinarrian dagoen kontzertazio unibertsala bukatzearen eta publikotasun berri baten alde egin genuen, herri- eta auzo-eskola komunitarioz osatutako sare bakarra, eta Euskal Eskola Publiko Komunitario izena eman genion. Diru publikoz osoki finantzatua, familia guztientzat, jaiotzetik hezkuntza-prozesu osoa bermatuko duena.

Ikastetxeak sare bakar horren parte izateko baldintza batzuk zehazten genituen: euskarazko murgiltze eredua, laikotasuna, inklusibotasuna (segregazioei aurre eginez), euskal curriculuma, pedagogia feminista, doakotasun erreal eta erabatekoa, berdintasun, meritu eta gaitasunean oinarritutako kontratazioa, eta kudeaketa-eredu garden eta parte-hartzailea, besteak beste. Antolaketari dagokionez, gurean 80ko hamarkadatik ezkerrak aldarrikaturiko egitura deszentralizatua defendatzen dugu. Udala edo mankomunitatea izanik 0-18 bitarteko hezkuntzaren kudeaketaren eskumena duena, ikastetxeen titularra; eta hezkuntza komunitatea, berriz, hezkuntza-egitasmoaren subjektua.

Hezkuntza Sistema propiorako bidean, lehentasunez segregazio oro (jatorri, klase, arraza, hizkuntza, genero, erlijio zein gaitasunengatik sortuak) amaitzeko neurriak hartu daitezkeela eta behar direla esaten genuen.

Orduan zirudien ez zela posible. Eta egun EAEko alderdi politikoak entzuten ditugu, ñabardura esanguratsuak izanik ere, antzeko kontzeptuen zein Hezkuntza Hitzarmen berri baten inguruan hitz egiten. Eztabaida ireki den honetan, 0-18 urte bitarteko hezkuntza sistemaren antolaketari dagokionez, LABen eskakizun nagusiak argiak dira, eta bi ideia nagusitan laburbiltzen dira:

1.- Kontzertazio unibertsala amaitu behar dela uste dugu. Doakotasun erreala bermatzeko eta segregazio oro ekiditeko, udal bakoitzeko hezkuntza komunitatea osatzen dutenekin, udal mailako plangintzak ezartzea beharrezkoa ikusten dugu. Era berean, finantzaketa publikoa duten eskola guztietan bete beharreko helburuak zehaztu eta bermatu behar dira. Sare bakarra ortzimugan, nortasun juridiko propioa duten eskolak, titularitate partekaturantz urratsak emanez.

2.- Inbertsioa handitu egin behar da (gutxienez BPGaren %6). Eskola publikoa baliabide nahikoz hornitu (pertsonalak, materialak, formaziorako zein azpiegiturari dagozkionak), langileak egonkortu eta kontsolidatu, eta eskolen antolaketan zein parte hartzean deszentralizazioa behar da. Eskola publikoak bigarren mailako izateari utzi behar dio.

Kalitateko hezkuntzarik ez dago kalitatezko lan baldintzarik gabe, eta hezkuntzako langileriari dagokionez berriz, LABentzat ezinbestekoa da:

1.- Hezkuntza lan guztien aitortza, bereziki feminizatuak eta, ondorioz, prekarizatuak direnak barne. Pribatizazio eta azpikontratazioak bukatu beharra dago.

2.- Langileon egonkortasun eta kontsolidazioa, etengabeko formazioa jasotzea (lehentasunez, euskalduntze eraginkorrerako estrategiak; ikasle etorkinak eskolan murgiltzeko programak; hezkidetza; eta berrikuntza pedagogikoak), langile guztion ratio eta lan-zamak jaistea eta kontziliaziorako neurriak.

3.- Langile kolektibo ezberdinetan beharrezkoak ditugun Lanpostu Zerrendak egokitzea, euskarazko profila dutela bermatzea, ezkutuan dauden lanpostuak ere azalaraziz, eta zaharkituta geratu diren lan hitzarmenak adostasunez berritzea.

4.- Hezkuntza langile guztientzat sarbide eta lan-baldintza berberak ortzimugan, aurrekoez gain:

4.1.- Eskola publikoetan, premiazkoa da behin-behinekotasuna amaitzea, kontsolidazio prozesuak burutzea, EPE ereduak guztiz aldatzea, gazteberritze planak, soldaten ekiparazioa (lan berdina, soldata bera) zein lan arriskuen ebaluazioak eta egokitzapenak gauzatzea.

4.2.- Itunpeko eskoletan, langileen lan-baldintzen homologazio eta ekiparazioa lortzeko neurriak. Horrekin batera, kontratazioetan gardentasuna, langileen prestakuntza, euskara gaitasuna eta erlijioarekiko jarrera dogmatikoak baztertzea.

Bukatzeko, azpimarratu nahiko genuke ez dela korrika hasteko unea. Konplizitate eta adostasun asko sortu behar dituen prozesuaren aurrean gaude, eta zoritxarrez traumatikoa izan zen kontrako prozesua bizi izan zuen Euskal Herriak. Beraz, EAJri argi esaten diogu, ez dezala legea helburu bilakatu. Orain urte gutxi erdietsi zuten Hezkuntza Itunak desoreketan eta bereizkerietan besterik ez du sakondu; akordioa soilik patronalarekin egiteak zer dakarren badakigu.

Egungo hezkuntza sistema agortua dagoen honetan, ez dadila 1993an gertaturikoa errepikatu. Balia ezazue aukera, hezkuntza komunitatearen parte garen eragileokin adostasunak erdiesteko. Langileok balia dezagun aukera herri honek behar duen hezkuntza ereduan aurrera urratsak emateko.

Hasi da Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren indartze eta saretze prozesua

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak 2014an eratutako herri mugimendua indartu eta saretzeko prozesuaren hasiera asanblada egin du Gasteizen. Testuingurua zeharo baldintzatu du pandemiak eta dagoeneko existitzen ziren gabezia estrukturalak agerikoagoak dira orain. Horregatik, egungo testuinguruaren inguruko azterketa gaurkotzeko beharra azpimarratu dute asanbladan parte hartu duten hamarnaka eragileek.

Asanbladak bi helburu nagusi izan ditu. Lehena eraldaketa soziala eta burujabetzaren alde dauden subjektuon artean adostasunak eraberritu eta agenda sozial partekatu eta burujabea eraikitzea; bigarrena lan lerro berriak martxan jartzea.

Testuinguru berezian etorri da asanblada. Ikasturte berezia izango da aurtengoa. Pandemiak eraginda baina ondorioak kudeatzen hasita, eskubideen murrizketa eta herritarron bizi baldintzei eraso berriak denok ditugu begi-bistan. Horregatik, gure aliantza eremuak indarberritzeko barne prozesu honez gain, testuinguruari erantzuteak ere garrantzia izango du. Bildutako eragileek azpimarratu dute Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartan parte hartzen duten eragileen adostasunak eraginkortzeko saretu eta antolatzeko era berriak behar direla.

Arcelor Mittal bezalako multinazionalen balizko erasoen aurrean enplegua eta lan-baldintzen defentsa irmoa egingo dugu lantokietan

Atzo komunikabideetatik jakin ahal izan genuen Arcelor Mittal argindarraren garestitzearen aurrean geldialdiak egiteko aukera aztertzen ari dela.

Lehenik eta behin, salatu nahi dugu orain arte ez dugula inolako jakinarazpenik enpresaren partertik. Halako neurririk hartu behar badu, lotsagarria da langileei ezer aurreratu aurretik komunikabideetara jotzea. Geldialdi patronal bat egin nahi badu, enpresak ordain dezala.

Arcelor Mittalen kasuan, erabakiak ez du inolako justifikazio ekonomikorik. Multinazional handiek abiatu duten txantaiaestrategiada: geldialdien mehatxua gobernuak argindarraren kostua jaisteko eta lan kostuak jaisteko erabili nahi dituzte. Familia asko larrialdi egoeran egondakoan alderdi politiko askok ez dute ezer esan, eta lotsagarria iruditzen zaigu multinazional batzuren mehatxuaren aurrean jarrera oldarkorra izatea, EAJk egin bezala. Multinazional handiek duten botere mailaren erakusle garbia da, atebirakarien kasuan era garbian erakusten dena. 2021urteko lehen sei hilabeteetan Arcelor Mittalek 5.322 milioi eurotako irabazi garbia izan du. Azken 13 urteetako emaitzarik onena izan du Arcelor Mittalek.

Sidenor izan zen bidea ireki zuena, jakinaraziz ekoizpena geldituko zuela. Azken 4 urteetan Sidenorrek 2016. urtetik hona 103.650.000 euro banatu ditu bere akziodunen artean. Argindarraren igoerak milaka familiak negua berogailua jarri ezinik igarotzea ekarriko duen honetan, benetan saldu nahi digute Sidenorreko jabeen egoeraz kezkatu behar garela? Sobera irabazi poltsikoratu dituzte urte hauetan, langileei ez ordainarazteko. Onartezina da LABentzat. Etxean eta lanean ordaindu behar dute langileek argindarraren garestitzea? Lehentasunezkoa pertsona ororen gutxieneko bizi baldintzak (energia kontsumoa barne) bermatzea da.

Euskal Herriaren burujabetza beharra nabarmen gelditu da berriro ere: lan erreformak enpresei ematen dien botere erabatekoak edozein arazoren aurrean (mikrotxipen afera, hornikuntza arazoen kudeaketa, argindarraren igoera) era automatikoan langileen bizkar jartzen ekartzen du. Kasu honetan pribatizatutako argindarraren negozioa.

LABek lantokietan enplegua eta lan baldintzen defentsa irmoa egingo du, multinazionalaren balizko erasoen aurrean.

Pobretzeak askotariko erantzuleak ditu

Urriaren 17a da Pobrezia Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna. Pobreziaren atzean egiturazko dinamikak eta logikak daude, ez da fenomeno naturala. Gero eta gehiago dira mehatxupean dauden bizitzaren dimentsioak. Pauperizazioa, bazterkeria, indarkeriak, oinarrizko eskubideen urraketa, merkantilizazioa, arpilatzea, espoliazioa eta prekarietatea dira pobretze horren ondorioetako batzuk, pobretzea gero eta handiagoa eta sakonagoa delarik euskal herri-sektore eta langile-klasearentzat.

Datu batzuek hau baieztatzen dute:

-Hego Euskal Herriko etxeen % 23,3 pobrezia energetikoko egoeran daude.

-Nafarroan, emakumeen* % 65ak eta gizonen %35ak adin txikikoak eta/edo mendetasun-egoeran daudenpertsonak zaintzen ditu beren etxeetan. Zainketen banaketa horrek desberdintasuna eta pobretzea eragitendie emakumeei*.

-Euskal Herrian langabezia-tasa orokorra %10,4ra igo da. Zehazki, Hego Euskal Herrian 22.500 lanpostusuntsitu dira 2020an.

-Guztira, 54.197 pertsonak ez dute gizarte-prestazioen sistema erabiltzen EAEn.

-EAEko soldata desberdintasunaren arrakala 1996tik izandako handienetakoa da. Egoera onenean daudenbiztanleen %20ak %20 behartsuenak baino 4,4 aldiz errenta altuagoa du.

Gasteiz eta Iruñeko gobernuek eta bertako patronalek gidatutako agenda neoliberalak dira pobretze-prozesu horren erantzule zuzenak. EAEko DSBEaren erreformak, zerbitzu publikoetan inbertsiorik ez egiteak edo eskubideen murrizketen eta pribatizazioen politika etengabeak sakontzen dute bizitzaren pobretze eta prekarizazio prozesuetan.

Dela Euskal Herria gobernatzen dutenen politikak, dela Madrilen pentsioen erreformari buruzko erabakiak, lan- erreforma ez indargabetzea, dela argiaren prezioaren igoera, gasolina eta, oro har, bizitzarako oinarrizko ondasunen igoerageldiaraztekoezintasunabesterenartean, gutxibatzuenonuraekonomikoaklangileengehiengoarengainetik jartzearen ondorio dira.

LAB sindikatutik eredu sozio-ekonomikoa aldatzearen aldeko apustua egiten dugu, trantsizio ekosozialista eta feminista baten aldeko apustua, non aberastasuna, lana eta zaintza banaketa hirukoitzaren bidez bere muinean pobretzea kapital metaketarako giltzarri duen sistema honen zutabeak errotik iraultzea proposatzen dugun. Ildo horretan, Euskal Lan Kodearen eta Euskal Gizarte Segurantzaren proposamen bat aurkeztu dugu.

Euskal langile-klasearen interesak, egoera ahulenean dauden sektoreen interesak erabaki politikoen erdigunean jarriko dituen agenda propioa defendatzeko unea da. Ezinbestekoa da gure bizitzak zehazten dituzten erabaki politikoetan eragitea, eta, horregatik, LABen ustez, inoiz baino beharrezkoagoa da greba orokorraren itxura hartuko duen mobilizazio sozial sendoa antolatzea, Euskal Herrian Madriletik etorriko ez diren neurri politikoak posible egiteko baldintzak sortu ditzagun.

Pobreziaren aurrean, aberastasuna, lana eta zaintzaren banaketa hirukoitza. Eredua aldatu eta sistema irauli.