2026-08-04
HomeZerbitzu PublikoakNafarroako AdministrazioaIrabazitako hiru epairen arabera, Nafarroako Administrazioak milaka euro ordaindu beharko dizkie aldi...

Irabazitako hiru epairen arabera, Nafarroako Administrazioak milaka euro ordaindu beharko dizkie aldi baterako hiru langileri #LortuDugu

35.000 euro; 115.000 euro; eta 50.000 euro. Horiek dira lan arloko epaitegien azken hiru epaiek ezarri dituzten kalte-ordainak, eta foru-administrazioak aldi baterako hiru langile publikori ordaindu beharko dizkie bidegabeko kaleratzeagatik. LAB sindikatuko ordezkariek prentsaurrekoa eman dute gaur Iruñean eta bertan azaldu dute hiru epai horiek Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren azken doktrina jasotzen duten Nafarroako lehenak direla. Une honetan, aldi baterako langile publikoen 50 espediente baino gehiago ari da tramitatzen LAB. Hiru hauek bezalako sententziak izanez gero, Administrazioak milioika euro eman beharko ditu kalte-ordainetan.

“Langile asko dago hiru horien egoera berdintsuan”, adierazi du Ainara Elarrek LAB sindikatuaren izenean. Elarreren iritziz, egoera horretara iritsi dira administrazio publikoen “utzikeria, inakzioa eta kudeaketa txarra” direla-eta, ez baitute zerbitzu publikoen aldeko apustu irmorik egin. “Aldi baterako kontratua gehiegi erabiltzen ari dira, urteak daramatzate aldi baterako langile publikoei eskubideak murrizten, eta, epaitegiek erabakitzen ez duten bitartean, ez diete ordaintzen gradua, antzinatasuna, familia-laguntza eta/edo kaleratzeagatiko kalte-ordainak”.

Elarreren ustez, ekainean onartutako errege-dekretuak, lege-proposamen gisa negoziatuko denak, ez du plantillak egonkortzeko konponbiderik ematen, baizik eta epaitegien eskakizunei irtenbidea emateko adabakia baino ez da. “Zentzugabea da arlo publikoko kudeatzaileek onartzea beren langileen erdia baino gehiago aldi baterako izatea. LABen kalkulatu dugu LEPera foru administrazioko 10.000 plaza inguru eraman beharko liratekeela, behin-behinekotasuna salbuespenezkoa izan dadin —gehienez ere %8koa—. Administrazio publikoei plantillak behingoz egonkortzeko eta lan-baldintza duinak ziurtatzeko eskatzen diegu”.

Administrari bat, mediku bat eta garbitzaile bat

Juantxo Barkos LABeko aholkulari juridikoak azaldu duenez, hiru epai horiek Iruñeko lan arloko epaitegiek eman dituzte berriki, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan aldi baterako kontratuetan izaniko lege-iruzurraren inguruan. Epaiek Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren azken doktrina jasotzen dute. Doktrina hori 2021eko ekainaren 3ko epai batek jaso zuen eta, ondoren, Espainiako Auzitegi Gorenak ekainaren 28ko bertze epai batean jaso zuen. Doktrina horretan jasotzen da zein ondorio izan behar duen administrazio publikoko lanpostu hutsetan aldi baterako langileak denbora luzez eta arrazoirik gabe mantentzeak.

“Hiru kasuetan administrazioan lanean urte asko daramatzaten emakumeak dira”, gaineratu du Barkosek. “Eta deigarria da, halaber, administrazioko lanposturik altuenetan —A mailan, medikuen kasuan bezala— zein posturik baxuenean —ikastetxeen garbitzaileen garai bateko E mailan— gertatzen direla halakoak.

Lan arloko 3. epaitegiak emandako lehen epaia 2021eko uztailaren 9koa da, eta LABek uste du Auzitegi Gorenaren doktrina aplikatuta Nafarroan eman den lehenbizikoa dela. Kasu honetan, iruzurtzat jotzen da aldi baterako administrari laguntzaile bat 2008tik Osasunbideko lanpostu huts batean lanean egotea. Epaia irmoa da eta 35.800 euroko kalte-ordaina ezarri du; Osasunbideak dagoeneko ordaindu du.

Bigarren kasua larrialdi-zerbitzuko mediku bat da, 1990az geroztik 153 kontratu lotu dituena eta 2000. urteaz geroztik Osasunbideko kontratu bereziaren bidez kontratatua zegoena —“bertze langile-behar batzuengatik” erraten zaiona—; hau da, berariazko kontratu bat lanpostu jakin baterako langile finko egokirik ez dagoenerako. Gainera, 2016. urteaz geroztik, lanpostu hori lanpostu huts bihurtu zen, baina lanpostu hori betetzeko deialdi publikora atera gabe jarraitzen zuten. Epaiak 115.000 euroko kalte-ordaina ezarri du; Administrazioak iragarri du errekurtsoa jarriko duela.

Eta hirugarren epaia, irailaren 28koa, 1997. urteaz geroztik ikastetxeetan garbiketa lanetan ari zen langile batena da. 1999tik lanpostu huts bera betetzen ari zen, gainera. Hau da, 20 urte baino gehiago zeramatzan lanpostu berean, baina lanpostu hori ez zen sartu lan-eskaintza publikoan, eta, jakina, ez zuten bete. Epaiak 50.000 euroko kalte-ordaina ezarri du; Administrazioak iragarri du errekurtsoa jarriko duela.

Juantxo Barkos abokatuak argitu duenez, epaitegiek esan dute Administrazioak lege-iruzurra egin duela hiru kasu horietan, ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten administrazio-kontratuak erabili dituelako. Adibidez, epeei dagokienez, Auzitegi Gorenak hiru urteko epea ezarri du aldi baterako kontratu bat justifikaziorik gabe luzatzen ari dela adierazteko; hau da, ez dago arrazoirik administrazioak lanpostu huts hori hurrengo lan-eskaintza publikoan ez sartzeko, eta hiru urte nahikoa da behar hori ohikoa dela eta ez dela ohiz kanpokoa pentsatzeko. Beraz, halakoetan uste du lege-iruzurra dagoela.

“Baldintzak ez betetzearen eta, beraz, lege-iruzurra egitearen ondorioa da lan-harreman hori mugagabe ez finkotzat hartu behar dela”, erantsi du Barkosek. “Hiru kasu horietan, kaleratzeei buruz ari gara; izan ere, lan-kontratu mugagabe ez finkotzat jo ondoren, kaleratze objektiboa izan gabe gertatu da lanuztea —prozedura arautuen bidez bete dituztelako lanpostuak—. Eta auzitegiek bidegabeko kaleratzeen aurrean gaudela adierazi dute. Horren ondorioz, edo baldintza berdinetan berronartzen zaie beren lanpostuan, eta jaso ez dituzten soldatak ordaintzen zaizkie, edo dagokien kalte-ordaina ordaintzen zaie, araututako soldataren eta lanean daramaten denboraren arabera”.

Hiru kasuetan diru kopuruak handiak dira, aldi baterako langileek lanean denbora luzea eman dutelako. “Administrazioarentzako kostu handi batetaz ari gara, kudeaketa txarragatik hain zuzen ere kalte-ordain handiei aurre egin behar dielako”, bukatu du Barkosek. Une honetan LAB sindikatua horrelako 50 espediente baino gehiagotan ari da lanean.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

SOS Nafarroako langileek ohartarazten dute polizien deiak 112ra bideratzeak arriskuan jarriko duela larrialdien arreta

Informazio eta komunikazio falta langileei Lehenik eta behin, SOS Nafarroako langileen ordezkari den Langileen Batzordeak bere haserrea, kezka eta harridura adierazi nahi du komunikabideen bitartez...

Ikuskizun eta ekitaldietako teknikariek greba egingo dute Araban abuztuaren 5ean

Joan den ekainaren 21ean iragarri bezala, Ikuskizun eta Ekitaldien lehen Hitzarmena negoziatzen ari garen sindikatuok 3 greba-egun deitu ditugu EAEko hiru lurraldeetan, hiru hiriburuetako...

Gasteizko lan-arloko epaitegiak baliogabe jo du Casa Primicia upategian aurkeztutako Aldi Baterako Lan-Erregulazio Espedientea

Hala, arrazoi eman dio auzia epaitegietara eraman zuen LAB sindikatuari. Gasteizko epaitegiak argitaratutako epaia irmoa bihurtu da. Epai horren bidez, Casa Primician aurkeztutako Aldi Baterako...